- Esther Apraiz, Derioko alkatea, Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako ezohiko batzarrean izan da gaur goizean, Euskal Udalen ordezkari gisa. Gernikako Batzar Etxeko ekitaldian, Bilboko San Luis zentroaren lana goraipatu da, kontziliazio neurriak ezartzeko zereginean bultzatutako jardunbide egokiengatik.
- Aurreko edizioetan bezala, ekitaldi beraren barruan EUDELen Martxoaren 8ko Adierazpena irakurri dute sentsibilitate politiko berekoak ez diren lurraldeko bost hautetsik.
- Urteroko hitzorduan, euskal alderdi politiko guztietako emakumezko alkateak, zinegotziak, diputatuak, biltzarkideak, senatariak, europarlamentariak eta liderrak izan dira.
Gernika, 2024ko martxoaren 1a. Gernikako Batzar Etxean egin da, berriro ere, azken hamarkada honetan genero berdintasunaren aldeko borrokaren ikur den ekitaldia. Ekitaldi horretan, arlo horretan nabarmendu diren erakundeen edo emakumeen lana goraipatu ohi da.
Bizkaiko Emakume Hautetsien Ezohiko Batzarra zortzigarrenez bildu da foru hiribilduan, Martxoaren 8a dela-eta EUDELek osatu eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu duten Adierazpen Instituzionala irakurtzeko xedez. Ekitaldi berean, Bilboko San Luis LHko ikastetxearen lana goraipatu da, Kontzilia proiektuaren barruan hainbat kontziliazio neurri ezarri dituelako bertako langileentzat.
Jai giroan, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egiteko aldarrikapena oinarri, Gernikako Arbolaren ondoan ekin zaio Bizkaiko Legebiltzarrak eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) antolatutako batzar honi.
Ondoren, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Legebiltzarreko lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusia, Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko elkarteburua, Miren Elgarresta Larrabide Emakunderen zuzendaria, eta omendu diren eta hizlari jardun duten emakumeak sartu dira hemizikloan, askatasuna eta berdintasuna sinbolizatzen duten oroimenezko zapiez elkartuta.
Adarrarekin Batzarretarako egin ohi den ohiko deiarekin hasi da ezohiko bilkura, Gernikako Batzar Etxeko osoko bilkuren aretoan.
Bizkaiko herritarrek hautatutako emakumeez beteta zegoelarik hemizikloa, Foru Ganberako Lehendakaria aulkira abiatu da, ezohiko batzarrari hasiera emateko, Emakumearen Nazioarteko Eguna baino astebete lehenago.
Bizkaiko bost udalerritako emakume hautetsiek, pentsamolde politiko guztien ordezkari (Karmele Tubilla Artetxe, Santurtziko alkatea; Ima Garrastatxu Urbaneja, Durangoko zinegotzia; María Jose Blanco Gavieiro, Portugaleteko alkateordea; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia, eta Alba Gutiérrez Gómez, Amorebieta-Etxanoko zinegotzia), irakurri dute EUDELek egindako Martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala.
Batzar Nagusiek ere izenpetu dute Adierazpena, eta aurtengoan, emakumeek, gure adinekoengandik hasita, pairatu dituzten ahanztura historikoen erreparazioan jarri dute arreta. Udalen aukera eta ardura da “emakume belaunaldien historia berreskuratzea eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzea, gaur egun adineko direnen belaunalditik hasita”.
Ondoren, Maren bizkaitar abeslariak hartu du hitza, eta “kontziliazio erantzunkideak”, aurtengo topaketaren leit motiv-a izanik, bere belaunaldiarentzat adierazten duenari buruzko ikuspegia azaldu du. Gallartako artista gazteak eman dio amaiera ekitaldiari, “Gernikako Arbola” interpretatuz.
Aurretik, Batzarrak tarte bat utzi dio Tania Llasera Alberdi bilbotar komunikatzaile eta antzezleari, kontziliazio erantzunkideak zer esan nahi duen azal zezan, jarduera profesional biziko ama eta emakumearen ikuspegitik.
Aurtengo edizioan, Emakumeen Batzarrak San Luis Zentroa goraipatu du, berdintasunezko gizarte bat lortzen laguntzeko egindako lanagatik. Bilboko LHko ikastetxe horretako Berdintasun eta Kontziliazio Planaren arduradunak, Leire Ovejerok, jaso du saria, eta azaldu du zein izan diren ikastetxeko zuzendaritzak bertako langileen artean abian jarri dituen eta lan giroa hobetzeko balio izan duten familia kontziliazioaren aldeko ekimenak.
Batzarra amaitu eta gero, gonbidatu guztiek Gernikako Arbolaren ondoan egin dute erretratua, erakundeetako arduradunekin, alkateekin, zinegotziekin, batzarkideekin, euskal legebiltzarkideekin, biltzarkideekin, senatariekin, europarlamentariekin eta lurraldeko politikariekin batera.
Guztiek mezu bateratu bat zabaldu dute kontziliazio erantzunkidearen alde. Kontziliazio erantzunkidearen bitartez, etxeko zaintzan eta familian gizonen eta emakumeen erantzunkidetasuna bilatzen da, eta, era berean, erakundeen eta enpresen erantzukizun soziala eskatzen du zaintzaren gaiari dagokionez.