Eudel

“EUDEL berdinen arteko lan-mahaia da, alkateena, eta udalen zerbitzura dago, ez alderdien zerbitzura”

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Derioko alkatea elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan, Euskadiko Udalen Elkartearen gobernu berriaren lehen sei hilabeteen balantzea egiteko.

“Lehenengo egunetik ari gara lanean bete-betean; niretzat garrantzitsua izan zen erakundea eta Batzorde Eragileko kideak sakon ezagutzea”. Elkarteburuaren esanetan, “erakunde heldua eta eskarmentuduna” aurkitu du, eta profesional talde handi bat du udalei laguntzeko bokazioarekin, EUDELen akzio koordinatuaren bidez, “zorroztasun juridiko eta teknikotik, alkateok erabakirik onenak har ditzagun”.

Elkartearen zereginak azaltzeko, Esther Apraizek nabarmendu du EUDEL “udalerrien esku dagoen lan-mahaia dela, ez alderdi politikoen esku”, eta gaineratu du, bertan, udalek beraien politikak diseinatu ahal izateko oinarri komunak diseinatzen direla. “Lan-mahai bat izan behar du, eta, bertan, berdinen arteko akordioak, alkateen artekoak, lortu behar ditugu, udalerrien eta herritarren onerako izango direnak”, azpimarratu du.

Bere agintaldiko lehen aurrekontuak onartzeagatik pozik agertu ondoren, elkarteburuak aurrekontu horiek “proiektu estrategikoak eta lehentasunezkoak aurrera ateratzea ahalbidetuko” dutela nabarmendu du. Aurreikusitako ekintzen artean, aipatu du udalek “gehien eskatzen dutenetako bat” “Udalhitz hitzarmena berritzeari buruzko hausnarketari ekitea” dela. Hitzarmen horrek euskal toki-erakundeetako 27.000 langile publiko baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen ditu. Apraizek gaineratu du EUDELek udalei laguntzen jarraituko duela “egunerokotasunean eta sortuko den guztian, gure lana zerbitzua ematea eta udalerrien beharrizanei erantzutea baita”.

Udalen finantza-egoerari dagokionez, EUDELeko elkarteburuak positibotzat jo ditu Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan eta Lurralde Kontseiluetan otsailean egindako diru-bilketaren zifrak. Esther Apraizek argitu du 2023ko likidazioa ekitaldi horretako hasierako aurrekontua baino handiagoa izan zela, eta horrek udalen finantzaketa handitzea ekarri duela. “Diru hori oso ondo etorriko zaigu udal-agintaldiaren hasiera honetan gure proiektu estrategikoak garatzeko”. Aldi berean, elkarteburuak gogorarazi du euskal eredua arrisku partekatuko sistema batean oinarritzen dela, eta, ondorioz, baliabideen “kudeaketa zorrotza” egiten jarraitu behar dela, euskal erakundeek erabiltzen dituzten “zuhurtasun eta arreta” irizpideetan oinarrituta.

Berdintasunaren arloan, Berdinsarearen ekintza-ildo berriak onartu direla eta, Esther Apraizek indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko tokiko protokoloen hurrengo eguneratzea nabarmendu du. Elkarteburuak Emakunderen azken datuei buruz hitz egin du. Datu horien arabera, gora egin dute sexu-erasoen eta familia barruko indarkeriaren salaketek, eta “horrek erakunde guztien eta gizarte osoaren erantzun irmoak eskatzen ditu”; halaber, “berdintasuna lortzeak eta indarkeria matxista desagerrarazteak guztiok inplikatzen gaitu”, gaineratu du.

Tokiko aktualitateari dagokionez, Esther Apraizek Etxebizitzaren Legeari eta Emisio Txikiko Eremuei buruzko galderak erantzun ditu, bai eta eta euskal udalak Errege Kopako hurrengo finalerako nola prestatzen diren ere.

Etxebizitzaren Legea

“Tentsiopean dauden eremuetan alokairuen prezioa kontrolatzearen alde gaude, alkateen kezka bat da, herritarrak kezkatzen dituen gaia delako. Baina geure eskumenen bidez egin behar da. EUDELek udal-autonomia defendatzen duen bezala, Eusko Jaurlaritzak gure autogobernu-esparrua defendatu behar du “.

Kopako finalaren partidua

” Bilbon bezala, hogei bat udalerritan jarri dira pantailak. Udalok ahalegin guztiak egin ditugu herritarrek ilusio osoz goza dezaten”. “Aldi berean, tolerantzia eta errespetu giroa mantentzeko deia egin nahi dut, zalerik onenak, zale eredugarriak garela erakusteko “.