Eudel

Bilbon, 2024ko uztailaren 4an. EUDELeko elkarteburua den Derioko alkatea ACMko presidentea eta La Garrigako alkatea den Meritxell Budórekin bildu da gaur goizean. Bi erakundeen arteko lehenengo topaketa instituzionala da, iazko irailean Euskadiko eta Kataluniako bi elkarteen gobernu-organoak berritu zirenetik.

ACMk eskatutako bileraren arrazoia Euskadiko Udalen Elkartearen egitura eta funtzionamendua zuzenean ezagutzea izan da. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean oinarritutako euskal udalen eskumen-mailako eta udal-finantzaketako eredu propioarekiko interesa agertu du Kataluniako elkarteak.

Era berean, bi udal-erakundeek agintaldi honetako beren ekintza-ildoei buruzko informazioa trukatu dute, puntu komunak aztertzeko eta jardunbide egokiak ezagutzeko. Esther Apraizek bere homologoarekin partekatu ditu euskal udalek gizarte-zerbitzuen, berdintasunaren, jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren edo euskararen sustapenaren arloetan dituzten lan-ardatzak. Erakunde-osotasunari dagokionez, ACMk Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) proiektua hartu du erreferentziatzat eta, aurten, EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatzen duten zigilu horrek V. edizioa izango du euskal udalerrietan.