Eudel

2024ko uztailaren 5a. Gaur goizean, Ajuria Enean, Euskadiko Udalen Elkarteak lehen bilera instituzionala egin du Imanol Pradales lehendakariarekin. Bileran, Esther Apraiz elkarteburu eta Derioko alkateak, Nagore Alkorta elkarteburuorde eta Azpeitiko alkateak eta Cristina Laborda elkarteburuorde eta Irungo alkateak parte hartu dute.

EUDELeko arduradunek Eusko Jaurlaritzarekin dirauen elkarlanaren ibilbide historikoarekin jarraitzeko borondatea adierazi diote Lehendakariari. Politika publikoak gizartearekin lotzeko helburu komunetik, udal-ordezkariek “tokiko sentsibilitatea” Jaurlaritzako sail ezberdinetan txertatzea proposatu dute. Ildo horretan, herritarrengandik gertu daudenez eta udal-errealitate askotarikoa dutenez, hiru alkateek udalek Herriaren erronka handiei batera erantzuteko funtsezko zeregina dutela nabarmendu dute.

Azkenik, elkarteburuak eta elkarteburuordeek, legegintzaldi berrirako,  EUDELen lankidetzarako borondatea  helarazi diote Lehendakariari, Elkartearen eta udalen autonomia oinarri hartuta EAEko 252 udalen ahotsa eta ekintza koordinatzeko bere erakunde-eginkizunetik abiatuta.