Eudel

Topaketa egin dute asteazken honetan, Nafarroako Federazioaren egoitzan

Iruñean, 2024ko abenduaren 4an. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburu Esther Apraizek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) lehendakari Xabier Alcuazek bilera egin dute gaur goizean Nafarroako erakundearen egoitzan, udalen elkarte bakoitzaren lankidetza-eremuak eta hainbat gairi buruzko informazioa partekatzeko. Bileran, Nagore Alkorta EUDELeko elkarteburuordea, María del Mar Zabala Elkarteko zuzendari nagusia eta Berta Enrique NUKFeko idazkari nagusia ere izan dira.

Bi udal-erakundeek beren proiektuak eta ekintzak azaldu dizkiote elkarri, udalerrien erronka komunei erantzuteko, herritarren mesedetan. NUFKen eta EUDELen eginkizun nagusia tokiko autonomia eta nahikotasun finantzarioa defendatzea da, bi zutabe horien bidez tokiko erakundeak indartzeko eta pertsonengandik hurbilen dauden politikak eta zerbitzuak hobetzen jarraitzeko.

Hala, topaketan zehar, bakoitzaren egoeraz eta aurrera eramaten ari diren ekimenez aritu dira, bestek beste, ahultasun-egoeran dauden pertsonen erroldatze-protokoloak egiteaz, migratzaileak hartu eta integratzeaz edo berdintasun-politikak eta indarkeria matxistaren aurkako politikak sustatzeko udalerri-sareen ereduez. Azken gai horri buruz, EUDELeko ordezkariek Berdinsarearen ezaugarriak azaldu dituzte. EUDELek eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta, udalek gidatzen dute sarea da Berdinsarea.

Bi udal-ordezkaritzek gai hauek ere izan dituzte hizpide: udaletako idazkaritza eta kontu-hartzailetzako langileak hornitzeko zailtasunak, trantsizio ekosozialeko politikak eta euskararen normalizazio-politikak.

Elkarri azaldu dizkioten beste gai batzuk dira toki-erakundeetako langile politiko eta teknikoen prestakuntza eta administrazio elektronikoaren digitalizazio- eta ezarpen-prozesuak.

Azkenik, EUDELeko elkarteburuak NUKFeko lehendakaria gonbidatu du etorkizun hurbilean euskal elkartearen egoitza bisitatzera.