Eudel
  • Gaur lehiari eta toki-erakundeen jarduera ekonomikoari buruzko jardunaldi bat egin da Bilbon, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) antolatuta, EUDELekin lankidetzan.
  • Jardunaldia LEA/AVCk egindako ‘Toki-erakundeek jarduera ekonomikoan duten eragina’ txostenaren gainean oinarritu da. Foro honetan Bilbo, Donostia, Getxo, Erandio, Laudio eta Sopelako udal esperientziak aurkeztu dira.

Esther Apraiz elkarteburuak, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuarekin batera, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) antolatutako “Udalerriak eta lehia” jardunaldiari hasiera eman dio gaur, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) laguntzarekin.

Foroa EUDELen Bilboko egoitzan egin da, eta EAEko udalei LEAk egindako eta Ainara Herce presidenteak aurkeztutako ‘Tokiko erakundeen eragina jarduera ekonomikoan’ txostenaren berri emateko balio izan du. Cani Fernández CNMCko presidenteak, bere aldetik, ‘Udalerriak eta Lehia’ proiektuaren garrantzia azpimarratu du. Proiektu hori Batzordeak sustatu du, autonomia-erkidegoetako agintaritzekin batera, toki-erakundeek merkatuetan duten esku-hartzearen kalitatea hobetzeko eta ongizate orokorra murrizten duten jarduerak saihesteko.

Esther Apraizek, Derioko alkate ere badenak, Lehiaren arloko agintarien eta tokiko erakundeen arteko lankidetza estutzearen balioa eta premia azpimarratu du: “Gaurkoa bezalako jardunaldiek gure udalen artean jardunbide egokiak identifikatzen laguntzen digute; eta, EUDELen bitartez, partekatu egiten ditugu, elkarrekin ikasteko eta beste udalerri batzuetan funtzionatzen duena eredutzat hartzeko.”

“Sendatu beharrean, prebenitzea da helburua”, adierazi du Apraizek. “Lehia arautzeak lagundu egiten digu gure jarduera publikoan eta hainbat sektore ekonomikotan dituen eraginetan eraginkorragoak eta efizienteagoak izaten, jokabide okerrak edo arau-hausteak ekar ditzaketen desorekak saihestuz”. Elkarteburuak azpimarratu du garrantzitsua dela “tokiko erakundeok, ordenamendu juridikoak ematen dituen aukeren artean, aukera mesedegarrienak hartzea lehiari dagokionez. Horrek, gure udal-kudeaketaren kalitatean ez ezik, Euskadiko udalerrien ongizate orokorrean eta garapen ekonomikoan ere eragingo du”.

Nöel D’Anjou sailburuak azpimarratu du udalak funtsezkoak direla paper aktiboa eta kontzientea hartzeko, ez soilik garapenaren sustatzaile gisa, baita gizarteko sektore guztiei mesede egingo dieten bidezko baldintzen bermatzaile gisa ere.

Parte-hartze horiei esker, administrazioetako ordezkarien eta inplikatutako eragileen arteko eztabaida sortu da. Zehazki, udal esperientzien mahaian honako hauek dira parte hartu dutenak: Javier Garcinuño, Bilbao Ekintzako zuzendaria; Ander Larrinaga, Arabako Garapen Ekonomikoko zuzendaria eta Laudioko zinegotzia; Susana Bugallo; Olatz Elorza, Donostiako Kontratazio arduraduna; José Rica, Getxoko Sustapen Ekonomikoko teknikaria; eta Erandio eta Sopelako kontu-hartzaileak, Susana Bugallo eta María Cambeiro, hurrenez hurren.

‘Udalerriak eta Lehia’, lan bateratua

Irene Pinillak, MLBNko Laguntza Publikoen eta Arau Proiektuen Txostenen zuzendariordeak, lehiari eta interes ekonomiko orokorreko zerbitzuei dagokienez udal-jardueraren mugetara hurbilduz jarraitu du jardunaldia, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen tresna bat aurkeztu du, neutraltasun lehiakorra sustatzeko. Ildo horretan, MLBNren jarduerak eta materialak ere aurkeztu ditu, hala nola dekalogoak, gidak, prestakuntzak

Azkenik, udalerriek ere beren esperientziak eta praktika egokiak partekatu dituzte. Ander Larrinaga Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendari eta Laudioko Udaleko zinegotziak zenbait kasu praktiko azaldu ditu (euskaltegia, gimnasioa, zinema…), eta azpimarratu du, udal erakundeetatik zerbitzuak ematerakoan, “funtsezkoa testuingurua eta zer behar betetzen ari garen ulertzea dela, eta koordinazioa eta osagarritasuna kontuan hartzea”.

Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak adierazi duenez, hiriko garapen ekonomikorako sozietate publikoa “merkatuaren akats bat estaltzen saiatzen” ari da, “edo interes komunak ondasun edo zerbitzu jakin hori behar duela egiaztatzen, espazioen zuzeneko lagapenaren proportzionaltasuna eta alternatibak bilatuz”.

José Ricak, Getxoko Udaleko Ekonomi Sustapen Arloko teknikariak, Getxo Sormen Hub – Industria Sortzaileen Ekintzailetza Zentroaz hitz egin du. “Mikroenpresei espazio publikoak aldi baterako lagatzean datza, udalak sektorearen jarduera sustatzeko egindako apustu gisa”.

María Cambeiro Sopelako Udaleko kontu-hartzaileak itsaso eta lehorreko jabari publikoaren erabilerari heldu dio, eta kasu zehatz batean jarri du arreta: “Sopelako hondartzako surf klaseek diru-sarrera ekonomiko handia dakarte. Zerbitzu bat eskatzen ari ez garenez, nahiz eta kontratazio-arau bat aplikatu, udalerriak ez gara bezeroa, hesia jartzen dutenak baizik. Baimen bat da, eta gu gara lehiaren aldeko ikuspegia izan behar dugunak”.

Susana Bugallo Erandioko Udaleko kontu-hartzaileak adierazi duenez, “herritarrentzako premia edo onura handiagoa bada lehia askeari egiten zaion kaltea baino, toki-erakundeek ondasun edo zerbitzu jakin batzuk eskain ditzakete”.

Azkenik, Olatz Elorzak, Donostiako Udaleko kontratazio-arduradunak, lehen pertsonan bizitako kasu batzuk kontatu ditu, eta adierazi duenez, “lehia sustatzeko, oso gogoan izan behar dira kontratazioaren printzipioak, funtsean transferentzia eta publizitatearena, tratu-berdintasunarena eta diskriminaziorik ezarena, eta konkurrentziarena”.

Jardunaldia online emititu da eta berriro ikus daiteke esteka honetan.