- Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak Europako udalerriak ordezkatuko ditu balio demokratikoen sustapenean.
- Bozeramailetza Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriari lotuko zaio, eta abenduaren 11n aurkeztuko da ofizialki, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren Bruselako egoitzan.
- EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea eta Bilboko Udala “Tokiko Demokraziaren” bozeramaile hautatu dituzte Europako Udalerrien Kontseiluan.
Malta/ Bilbo, 2025eko abenduaren 4a. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren Biltzarra Maltan bildu da gaur eta gobernu-organoak berritu ditu 2026-2028 agintaldirako. Bozketan, Europako 41 herrialdetako 150 tokiko liderrek baino gehiagok parte hartu dute, horien artean EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek, eta kargua berritu du erakunde horretako zuzendaritza-batzordeko kide gisa. Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia aukeratu dute Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriaren bozeramaile. Behatoki hori datorren ostegunean, abenduak 11, aurkeztuko da ofizialki Bruselan.
CMREk tokiko gobernuen interes komunak defendatzen ditu EBko instituzioen aurrean. Eginkizun horrek udal-eskumeneko gai guztiak hartzen ditu barne (berdintasuna, inklusioa, klima, mugikortasuna, tokiko finantzak, etab.), eta bozeramaile hautetsiek betetzen dute sektore-mailako ordezkaritza. Maltako Batzarrean, Bilboko Udala aukeratu dute, EUDELeko kide den aldetik, “Tokiko Demokraziaren” defentsa Europan gidatzeko. Izendapenean, CMREko idazkari nagusi Fabrizio Rossik Bilbo izendatzeko arrazoiak azaldu ditu: batetik, konpromiso handia izatea Europako balioekin, berrikuntza demokratikoarekin eta kudeaketa publiko aurreratuarekin, eta, bestetik, Nazio Batuen 2030erako Tokiko Idazkaritzaren nazioarteko egoitza gisa.
Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia izango da bozeramailea. EUDELek Inunciagaren hautagaitza babestu zuen, bere esperientzia akademiko eta profesional zabalean oinarrituta, herritarren partaidetzan, funtsezko balioetan eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan ikuspegi sendoa baitu.
Bozeramailetza hori Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriari lotuta dago, eta abenduaren 11n, ostegunean, aurkeztuko da Bruselan. Ekitaldian parte hartuko dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, CMREko, Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko beste agintari batzuekin batera.
EUDELen eta Bilboko Udalaren balorazioak
EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz ilusioz gainezka agertu da, eta eskerrak eman dizkio CMREri, EAEko udal bat aukeratzeagatik erantzukizun horretarako: “Bozeramailetza honekin, aurrera egingo dugu Euskadiko udalen ahotsak eragin zuzena izan dezan Europaren eraikuntza demokratikoan”. Derioko alkate ere baden Apraizek adierazi duenez, “premiazkoa da gure tokiko komunitateak babestea olatu erreakzionariotik eta totalitarismotik, horiek mehatxu larria baitira sistema demokratikoen egonkortasunerako”.
Bestalde, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak adierazi du bere kargua “erantzukizunez eta konbentzimenduz” hartzen duela. “Tokiko demokrazia balioetan, gardentasunean eta pertsonen benetako parte-hartzean oinarrituta eraikitzen da. Udalak argi dauka, bere DNAren parte da, politika publikoak egiteko gure moduaren muina da, eta politika horiek, beti, herritarren interesen zerbitzura egon behar dute“.
CMREren gobernua berritzea
Maltako Goi Bilera honetan, Europako tokiko liderrek eta udalerrien elkarteek erabaki dute egungo presidentea eta presidenteordeak beste bi urtez berritzea, 2028ra arte.
- CMREko presidentea: Gunn Marit Helgesen, Telemark konderriko kidea eta Norvegiako udalerri eta eskualdeen elkarteko presidentea (SALAR).
- CMREko presidenteordeak: Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta CMREko (AFCCRE) Frantziako elkarteko presidentea; eta Christoph Schnaudigel, Karlsruhe konderriko presidentea eta CMREko (RGRE) Alemaniako sekzioko presidentea.