Eudel
  • Etengabeko judizializazioak blokeatu egiten du EAEko Toki Administrazioko plazen estaldura, hainbat urtez LEP, egonkortze-prozesu eta aldi baterako lan-poltsen aurkako errekurtsoen ondoren
  • Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako 400 postuen % 30a baino ez daude beteta eta egoera honek udalerri txikienei eragiten die bereziki, haien ohiko funtzionamendua arriskuan jartzen du
  • Egoera honi aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak prest ditu berme juridiko handiagoko aldi baterako lan-poltsak eratzeko oinarri berriak, eta aldundiek, berriz, laguntza ematen ari zaizkie beren udal-poltsak sortzea erabakitzen duten udalei

Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek, gaur eskainitako prentsaurrekoan, euskal toki-administrazioan Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lanpostuak betetzea bermatzeko bultzatzen ari diren neurriak aurkeztu dituzte, eta bereziki azpimarratu dute segurtasun juridikoa ematen duten aldi baterako lan-poltsa berriak sortuko direla. Testuinguru honetan, euskal eskumen-esparrua errespetatzeko eskatu dute, udalen ohiko funtzionamendurako funtsezko funtzionario hauek hautatzeko prozesuetan.

Gaur egun, Euskadiko toki-administrazioak egoera zailean daude Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen lanpostuak betetzeari dagokionez, figura hauek ezinbestekoak baitira udalek behar bezala funtzionatzeko. Erreserbatutako 400 lanpostuetatik % 30 inguru soilik betetzen dituzte langile titularrek, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu, batez ere udalerri txikietan.

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek, Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko diputatu Laura Pérezek, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ager Izagirrek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako diputatu Irune Berasaluzek berretsi egin dute udalen funtzionamendu ona bermatzeko konpromisoa, Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lanpostuak betetzeko gero eta zailtasun handiagoa dagoelako, eta arazo honen erroa lanpostu hauek betetzeko bultzatutako prozesuak sistematikoki blokeatzen edo geldiarazten dituen etengabeko judizializazioan dago, eta ez erakundeen jardunean.

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek azpimarratu du euskal udaletan Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako udal funtzionarioentzat gordetako plazen bi herenek baino gehiagok “ez dutela egiturazko egonkortasunik”. “Horrek ondorio zuzenak ditu, batez ere, lanpostu horiek modu egonkorrean beteta ez daudenean, espedienteak, kontratazioak, ordainketak eta dirulaguntzak atzeratzen direlako. Azken batean, udalaren ohiko funtzionamendua ahuldu egiten da, eta hori herritarrek jasaten dute “, argudiatu du.

Apraizek agerian utzi du errealitate hori “bereziki delikatua da udalerri txikietan”, tokiko administrazioaren % 80 baitira. Izan ere,” pertsona bakar batek, idazkari kontu-hartzaileak, funtsezko funtzioak hartzen ditu bere gain, hala nola legezkotasuna bermatzea “, edo lanpostuak” karrerako funtzionarioak diren administrariek” bete dituzte, “eta horrek nahiko egoera ilogikoa eta kezkagarria sortzen die alkateei”.

“Euskal udalentzako premiazko gai batez ari gara. Udal-funtzionario horien egonkortasuna ziurtatzea gure toki-erakundeen egonkortasuna ere bermatzea da. Udal funtzionario horiek udal oinarria dira, hau da, herritarrengandik, enpresa eta profesionalengandik eta kolektibo behartsuenengandik hurbilen dagoen zerbitzu publikoa eusten duten oinarria. Kalitate goreneko zerbitzu publikoa ematea ahalbidetzen duen motorra da, berme juridiko, zorroztasun eta gardentasun guztiekin”, amaitu du EUDELeko elkarteburuak.

Judizializazioaren kronologia

Euskadik eskumen-esparru sendoa eta aitortua du arlo horntan jarduteko, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian, Gernikako Estatutuan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean (TAOL) eta 128/2018 Errege Dekretuan oinarrituta. Gainera, 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak izapidetzean, TAOLen 92 bis artikuluan aurreikusitako ahalmen guztiak Euskadiri berariaz aitortzen zizkion xedapena sartu zen. Konstituzio Auzitegiak 2024ko apirilean deuseztatu zuen xedapen hori (Konstituzio Auzitegiaren 67/2024 Epaia), baina epaiak ez zuen zalantzan jarri eskumen-funtsa, baizik eta Aurrekontuen Legea ez zela behar bezala erabili arau-tresna gisa.

2024ko abenduan, Kongresuak Justizia Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Lege Organikoa onartu zuen. Lege honek behar bezala aldatu zuen TAOL, eta berriro aitortu zituen Euskadik arlo honetan dituen eskumenak, baita jada hasita dauden prozeduretarako ere. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak planteatutako konstituzio-kontrakotasuneko arazo berriek eta Alderdi Popularrak 1/2025 Lege Organikoaren aurka jarritako errekurtsoak (2025eko apirilean izapidetzeko onartu zen) berriro luzatu dute segurtasun juridikorik ezaren egoera.

Era berean, erakunde profesional korporatibistek euskal administrazioek sustatutako lan-eskaintza publiko, egonkortze-prozesu eta aldi baterako lan-poltsa guztien aurkako errekurtsoak aurkeztu dituzte, bereziki Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialak (COSITAL). Aurkaratze hauek kautelazko eteteak, deuseztatze judizialak eta konstituzio kontrakotasun-arazoak ekarri dituzte Konstituzio Auzitegira, eta ziurgabetasun juridiko luzea sortu dute toki-administrazioan.

Euskadiko erakundeen ekintzak

Azken urteotan, Euskadiko erakundeek, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek modu jarraitu eta koordinatuan jardun dute udal-jarduerari eusteko aldi baterako lan-poltsen bidez, eta behin-behineko izendapenak egin dira, udalek arretarik gabe gera ez daitezen.

Era berean, egonkortze-prozesua amaitu da: karrerako 50 funtzionario izendatu dira eta lehen destinoa esleitu zaie. Honi esker, Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lanpostuak hobeto bete ahal izango dira, eta Euskadiko toki-administrazioaren ohiko funtzionamendua indartu ahal izango da.

Martxoaren amaieran, aldi baterako lan-poltsak berme juridiko handiagoekin eratzeko oinarri berriak aurkeztuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Poltsak prestatzeko azterketak uda baino lehen egitea aurreikusten da, eta irailetik aurrera hauek egiteko aukera izango da.

Bestalde, aldundiek laguntza ematen ari zaizkie beren udal-poltsak sortzea erabakitzen duten udalei.

Epe ertaineko beste ekintza bat dekretu berria egitea izango da, erakunde-maila bakoitzak gaikuntza nazionaleko funtzionarioen kudeaketan dituen erantzukizunak argitu eta indartuko dituena, sistema egonkor, argi eta Euskadiko errealitate instituzionalera egokitua izateko.

Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak (EGTAF)

Izendapen honen barruan sartzen dira udal-erabakien legezkotasuna zaintzeaz arduratzen diren idazkariak; ekonomia-kontrolaren eta baliabide publikoen erabilera egokiaren arduratzen diren kontu-hartzaileak; eta udal-likidezia eta ordainketen garapen egokia bermatzen duten diruzainak.