- Gizonduz, berdintasunaren aldeko gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko zerbitzuaren eskutik, euskal udalerrietako teknikariei eta politikariei prestakuntza eman zaie
- Saio horiek Berdinsarearen gainerako sentsibilizazio-ekimenekin bat egiten dute, jai-gune seguruak eta eraso matxistarik gabeak lortzeko
Gasteiz, 2026/05/08
Emakundek eta EUDELek, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarearen bitartez – Berdinsarea-, Berdintasunezko Tokiko Jaien Laborategiaren bi saio bultzatu dituzte, euskal udalerrietako teknikarien eta politikarien prestakuntzan aurrera egiteko.
Oraingoan, gizonen erantzukizunean eta inplikazioan jarri da arreta. Gizonduz Berdintasunaren aldeko gizon eta maskulinitateen Euskal Zerbitzuaren laguntzarekin, bi tailer egin dira gizonek jai-guneetan nola parte hartzen duten eta ingurune horietan eraso matxisten prebentzioan duten zeregina aztertzeko.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gogorarazi du gizonen inplikazioa erabakigarria dela berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko, eta are gehiago tokiko jaien gai zehatzean. Adierazi duenez, “herri eta hiri gehienetan urrats nabarmenak eman dira eta guztiok dugu jaietan espazio libre eta seguruak eraikitzeko ardura “.
Elgarrestak azpimarratu duenez, ekimen horien azken helburua da “jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, beti gogoan izatea emakumeentzako espazio seguruak eta askatasunezkoak izan behar dutela, eraso matxistarik gabekoak”.
EUDELen ordezkari gisa, Nati López de Munain Burgeluko alkateak ere parte hartu du tailerretan. “Udalerriok aukera dugu praktika berdinzaleagoak entseatzeko, non pertsonek, gizonek eta emakumeek, beren aniztasun osoan, espazio guztiak partekatzen dituzten eta elkarrekin bizitzeko eta jaiez gozatzeko aukera duten, baldintza berdinetan: ikusgarritasunean, ospatzean eta parte-hartzean”.
Gizonduz-eko prestatzaile Josetxu Rivierek zuzendu ditu bi jardunaldiak, bata politikariei zuzendua eta bestea berdintasuneko teknikariei eta herriko jaien antolaketan inplikazioa duten beste udal-eremu batzuetako teknikariei. Maskulinitateei eta berdintasunari buruz hausnartzeaz gain, gizonak berdintasuna lortzera eta indarkeria matxistaren aurka egitera bideratutako esku-hartze metodologiak ere landu dira, bai eta gizonek jai-guneetan duten parte-hartzeari buruzko egoera praktikoak ere.
Aldi berean, Emakundek, urtero bezala, sentsibilizazio-materialak zabalduko ditu erakundeen artean, errespetuzko jaiak eta erasorik eta jarrera matxistarik gabekoen aldekoak.