1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundea-k (OME) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen. Mugarri garrantzitsua izan zen, izan ere, LGTBI pertsonen eskubideen aitortzan urrats erabakigarria ekarri zuen. 2005etik, egun hau LGTBIfobiaren aurkako borrokarako eguna bihurtu da. Urte hauetan, hainbat aurrerapen egin dira lege- eta gizarte-esparruetan, eta horren ondorioz, babes handiagoa eta aitortza handiagoa eman zaio sexu- eta genero-aniztasunak dakarren aberastasunari.
Ikuspegik argitaratutako azken inkestan (“Diskriminazioaren inguruko pertzepzioak eta jarrerak Euskadin (EPADE) 2025”) islatzen da euskal herritarrek aniztasunaren aldeko jarrera dutela gehienbat. Zehazki, EAEko pertsonen % 77,8k dio nahiago duela askotariko gizarte batean bizi. Hala ere, aurrerapen horiek oraindik ere kezkagarriak diren errealitateekin talka egiten dute. Azken datuek erakusten dute diskriminazioak bere horretan dirauela. Zehazki, Euskadin, biztanleen %15 inguruk adierazi du azken urtean diskriminazioren bat pairatu duela. Egoera horien %76 baino gehiago ez dira salatzen, eta horrek zuzenean eragiten die LGTBI pertsonei.
Zenbait kolektibok, hala nola trans pertsonek, lesbianek, adinekoek, pertsona arrazializatuek edo desgaituek, zailtasun handiagoak dituzte oraindik askatasunez eta berdintasunez bizitzeko. Kasu askotan, gainera, egoera horiek areagotu egiten dira diskriminazio-faktore desberdinen konbinazioaren ondorioz. Errealitate horien aurrean, erantzun espezifikoak eta egokituak eman behar dira. Azken urteotan gorroto-diskurtsoek eta espazio publikoetan gertatzen ari diren erasoek gora egin dute, eta horrek agerian uzten du, urratsak ematen ari diren arren, benetako berdintasuna oraindik ez dela lortu.
LGTBI pertsonen eskubideak defendatzea giza eskubideak defendatzea da. Aniztasuna bermatzea, diskriminazioari aurre egitea eta ingurune seguru eta errespetuzkoak eraikitzea da. Izan ere, gizarte bidezkoago, anitzago, inklusiboago eta berdinzaleago bat eraiki ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona oro askatasunez, ikusgarritasunez eta eskubide guztiekin bizitzea.
Eusko Jaurlaritzak beste behin berretsi du pertsona guztien eskubideen defentsarekiko duen konpromiso irmoa, salbuespenik gabe. Horretarako, politika publikoak garatzen eta ezartzen ari da; ERABEREAN Sarea sendotzen; eta Berdindu Zerbitzua bezalako zerbitzuak indartzen. Helburua da LGTBI-fobiari modu egituratuan aurre egitea.
Maiatzak 17
LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren
adierazpen instituzionala
1990eko maiatzaren 17an, OMEk,
Osasunaren Mundu Erakundeak,
homosexualitatea gaixotasun mentalen
zerrendatik atera zuen.
Oso urrats garrantzitsua izan zen
LGTBI pertsonen eskubideak aintzatesteko.
2005etik, egun honetan
LGTBIfobiaren aurka borrokatzen da,
hau da, LGTBI pertsonen aurkako
arbuioaren edo diskriminazioaren aurka.
Urte hauetan aurrerapausoak eman dira
legeetan eta gizartean.
Orain babes eta onarpen handiagoa dago
sexu- eta genero-aniztasunarekiko.
Ikuspegiren inkesta baten arabera,
Euskadiko pertsona askok positiboki baloratzen dute
gizarte anitz batean bizitzea.
Adibidez, 10 pertsonatik ia 8k
diote nahiago dutela
dibertsitatea duen gizarte batean bizi.
Baina oraindik arazoak daude.
Euskadin, biztanleriaren ia % 15ek dio
diskriminazioa jasan duela azken urtean.
Gainera, 10 kasutik 7 baino gehiago ez dira salatzen.
Horrek LGTBI pertsonei ere eragiten die.
Hainbat taldek zailtasun gehiago dituzte,
adibidez, trans pertsonek, lesbianek,
adinekoek, pertsona arrazionalizatuek
eta desgaitasunen bat duten pertsonek.
Batzuetan, pertsona horiek
hainbat diskriminazio mota jasaten dituzte aldi berean.
Leku publikoetako gorroto-diskurtsoak
eta erasoak ere ugaritu egin dira.
Horrek erakusten du oraindik
ez dela benetako berdintasuna lortu.
LGTBI pertsonen eskubideak defendatzeak
giza eskubideak defendatzea esan nahi du.
Horrek esan nahi du aniztasuna errespetatzea,
diskriminazioaren aurka borrokatzea
eta espazio seguruak eta errespetuzkoak sortzea.
Gizarte justu eta berdinzalea bakarrik da posible
guztiok aske, ikusgarri eta eskubide berberekin bizi bagaitezke.
Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien eskubideak
defendatzeko konpromisoari eusten dio.
Horretarako, ERABEREAN Sarea eta Berdindu bezalako
politika publikoak eta zerbitzuak bultzatzen jarraitzen du,
LGTBIfobiaren aurka borrokatzeko.
LGTBIfobia: LGTBI kolektiboko pertsonekiko
arbuioa, diskriminazioa edo gorrotoa.
LGTBI Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual
eta Intersexualen siglak dira.
Trans pertsonak: Transexual eta transgenero pertsonak.
Sexu- eta genero-aniztasuna: sexu- eta genero-identitate desberdinak,
hau da, pertsona batek bere burua, gorputza edo ezaugarriak
nola ikusten edo sentitzen dituen.
Pertsona batzuk gizon jaio eta emakume sentitzen dira,
beste batzuk emakume jaioeta gizon sentitzen dira,
eta beste batzuk ez dira ez gizon ez emakume sentitzen.