Eudel

Bilbon, 2014ko otsailaren 24an. EUDELek -Euskadiko Udalen Elkarteak- Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren saria jaso du, pribatutasuna kudeatzeari eta datu pertsonalak erabiltzeari dagokionez, euskal udalerrietan praktika onak zabaltzeagatik.

“Datu pertsonalak babesteari buruzko euskal udalerrientzako Praktika Onak Gidaliburua” prestatzeagatik jaso du EUDELek aitorpen hau. Halaber, material honek aipamen berezia jaso zuen Europako Herri Administrazioen Praktika Onen Sariaren V. edizioan (2009). Gidaliburu hau prestatzeko udal administrazioaren pertsona-talde bat ibili da elkarlanean, EUDELen eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren lidergopean. Taldean Basauri, Beasain, Eibar, Ermua, Getxo eta Vitoria-Gasteizko udaletako teknikariak egon ziren.

Gidaliburu hau Euskadiko herri-administrazioan lan egiten duten 20.000 pertsonarentzako lan- eta laguntza-tresna da, beren zereginak burutzeko dauzkaten datu pertsonalen isilpekotasuna bermatu ahal izateko.

Dokumentuak lau bolumen dauzka eta kudeatzeko prozedurak, eskabideak, dokumentu-ereduak eta ohiko galderetarako erantzunak dakartza. Gainera, eredu praktikoak eta balizko kasu zehatzak dauzka datuen babesari lotutako eguneroko egoerei erantzuna emateko, eta jarraitu beharreko prozeduren eskemak ere badakartza.

Araudia tokian tokiko errealitatearen arabera egokitzea

Honako gidaliburu honek prozeduren inguruko irizpide-sorta bat eskaintzen du datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko legeria udal erakundeen tokiko errealitateari behar den bezala egokitzeko. Horretarako, bere tamaina eta baliabideak kontuan hartzen ditu eta sentsibilizazioa, kontzientzia hartzea, prestatzea eta praktika onak bereganatzea sustatzen da.


Gidaliburua formatu bikoitzean eskaintzen da: inprimatuta eta bertsio digitalea. Udalek eta horri buruz zerbait jakin nahi duten herritarrek DPBB/AVPDren eta EUDELen webguneetan ere eskuratu dezakete.