Eudel

Gasteizen, 2014ko martxoak 7. EUDELek Lurralde Kontseiluaren akordioan oinarrituta, Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egitea eskatu du gaur, Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren operatibitate eta efikaziarik ezaren berri emateko asmoz.

EUDELen Arabako Lurralde Batzordeak, 2014ko martxoaren 7an Vitoria-Gasteizen egindako bileran, hartutako erabakiak hurrengoa esaten du hitzez hitz:

“29/1996 Foru Arauaren bitartez, tokiko administrazioko erakundeen eta Arabako Foru Aldundiaren arteko parte-hartze eta koordinaziorako organo gisa eratu da Arabako Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseilua. Izaera aholku-emailea eta eztabaida-xedea daukan arren, Kontseiluari funtzio garrantzitsuak esleitzen zaizkio lurraldeko tokiko erakunde guztiei eragiten dieten gai orotan.

Maila desberdineko erakundeen arteko topaketa eta akordio organoa izan beharko lukeen hau tresna formal eta eduki gabekoa bihurtu da; izan ere, Foru Aldundiaren ordezkariek bete beharreko izapide soiltzat hartzen dute.

Kontseiluaren funtzioak tratatzeko era horren ondorioz, ez dauka eraginkortasunik, eta hori agerian geratzen da Lurraldeko tokiko erakundeek informazioa lortzeko duten zailtasunean; hain zuzen ere, informazio hori banan-banan eman beharko litzaieke Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren bileren ondoren.

Egoera hori, gainera, larriagotu egiten da Arabako Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren bileretan tokiko interesak defendatzeko izendatutako hautetsiei ematen zaien tratuagatik; izan ere, egoera hori jasanezin bihurtu zen Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak joan den martxoaren 3an egindako bileran.

Azaldutakoari buruzko informazioa emateko eta gaiari buruzko irtenbideak proposatzeko asmoz, EUDELek uste du komenigarria dela Arabako Batzar Nagusien agerraldia eskatzea, eta honen bitartez hori egiten du.”