Europako Hiri eta Herri jasangarrien 8. Konferentzia
“Ekintza eraldatzailea: Europarentzako potentziala”
Aurten Euskadiko hiru hiriburuetan egingo dute Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia, Europako toki-garapen jasangarriari buruzkoa; hain zuzen, 2016ko apirilaren 27tik 29rako bitartean izango da.
ICLEIk (Jasangarritasunaren aldeko Toki Gobernuak), Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatua, Udalsarea 21–Jasangarritasunaren aldeko Udal Sarearen parte-hartzearekin, aurtengo konferentziak hainbat ordezkari bilduko ditu Euskadira: tokiko nahiz eskualdeko gobernutakoak, Europako nahiz nazioarteko erakundeetakoak, erakunde aldeanitzetakoak, komunitate zientifikokoak, enpresariak eta gizarte zibilekoak.
Tokiko gobernuek, Europako etorkizuna taxutzeko, ekiteko duten premia urgenteari erantzuten dio konferentziak, eta hiriak eraldatu eta gune benetan jasangarri bihurtzeko bultzada onuragarria baliatzeko aukera emango die parte-hartzaileei. Eztabaidagai izango dira garapen jasangarriko helburuak eta Parisko COP 21 goi-bileraren emaitzak, bai eta Europarako Hiri Agenda sortuberria eta datorren HABITAT III – Nazio Batuen konferentzia, Etxebizitza eta Hiri Garapen Jasangarriaren gainekoa.
Informazio gehiago nahi baduzu, Twitterrera jo dezakezu: basque2016@iclei.org eta #Basque2016
Web ofiziala (izen-ematea): http://conferences.sustainablecities.eu/basquecountry2016/eu/
EUDELen eta Europar Udalen Martxoaren 8ko Adierazpena
https://noticias.eudel.eus/eu/noticia/declaracion-institucional-de-los-municipios-europeos/
Iruñan, 2016ko otsailaren 26an.
Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) elkarteburuak, Imanol Landak, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) buruak, Pablo Azconak, arlo instituzionalean zein teknikoan bi erakundeen arteko lankidetza-harremanak indartzeko erabakia hartu dute gaur goizean FNMCko Iruñako egoitzan egin duten bileran. Bertan, hain zuzen ere, EUDELeko zuzendari nagusia, Mª del Mar Zabala, eta FNMCko idazkari nagusia, Berta Enrique, egon dira haiekin.
Bi elkarteburuek adierazi dutenez, interes bateratuko arlo zabalak dituzte. Horrela, bada, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrean ari dira Udalei buruzko Legea izapidetzen, eta, aldi berean, helburu bera daukan prozesua ere abian jarri dute Nafarroan.
Alde horretatik, era guztietako lanak partekatzea erabaki dute, bi elkarteentzat nahiz Euskadiko zein Nafarroako tokiko erakundeentzat onuragarriak izan daitezkeelako.
Bileraren esparruan, EUDELeko ordezkariek nafarrei aurkeztu dizkiete Euskadiko Udalei buruzko Legearen funtsezko ardatzak. Bestetik, eurak ere tokiko mapa berrantolatzeko prozesupean daudela azaldu dute ordezkari nafarrek. Bi erakundeak bat datoz bi proiektuak legealdi honetako oinarrizko erronkak direla adieraztean.
![]()
EUDEL Asociación de Municipios Vascos www.eudel.eus
FNMC Federación Navarra de Municipios y Concejos www.fnmc.es