Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Erakundeek Kontseiluan dituzten ordezkari berriak bat datoz arreta integralagoa eta kalitate handiagokoa sustatzeko finkatutako helburuak lortu behar diren ustean.

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak 2016ko lehen bilera egin du gaur Lakuan. Bertan, Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteko, hiru foru-aldundietako, eta Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetako ordezkariek sakonki aztertu dute zer aurrerabide egin den 2013ko uztailean onartutako ildo estrategiko soziosanitarioen esparruan ezarritako helburuak betetzen, autonomia-erkidego osoan zerbitzuok erabiltzen dituzten pertsonei emandako arreta hobetzeko, hartara.

Gaurko hitzorduan, halaber, kide berriak sartu dira Kontseiluan, iazko udal- eta foru-hauteskundeen ostean euskal erakundeetan izandako aldaketak direla medio. Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ere lehen aldiz izan da bilera-buru. Honako kide berri hauek sartu dira kontseiluan, bakoitza bere erakundearen ordezkari gisa: Iñigo Pombo, Bilboko zinegotzia eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkaria, Beatriz Artozabal Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako foru-diputatua, Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru-diputatua eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako foru-diputatua. Ekitaldiaren ostean eta karguaren urteko txandakatzeari jarraikiz, Ángel Toñak Osasuneko sailburu Jon Darpóni laga dio kontseilu-burutza. Hark ere gaurko mahaian parte hartu du, Gobernuko beste zenbait goi-kargurekin batera: besteak beste, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriarekin.

Horrez gain, hiru foru-aldundiek eta Osasun Sailak lankidetza-hitzarmen bana sinatzeko baliatu dute bilera: hain zuzen, Pazienteen Historia Klinikoaren erabilera partekatu eta Euskadiko laguntza-zerbitzuen prestazioa hobetzeko. Era berean, hiru foru-aldundiek eta aipatutako bi gobernu-sailek etorkizunean Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea adostu dute, Euskadin adinduenganako tratu txar fisiko eta ekonomikoak prebenitzeko eta hautemateko prozeduraren ezarpena sustatzeko.

Historia klinikoak

Osasun Sailak eta Osakidetzak lankidetza-hitzarmen bana sinatu dute hiru diputazioekin, Pazienteen Historia Klinikoen (OSABIDE) erabilera partekatzeko eta Euskadin laguntza-zerbitzuetako prestazioa hobetzeko. Hala, bi erakundeetako profesional baimenduak berehala sartu ahalko dira osasun-zerbitzuetako pazienteen Historia Klinikoan eta datu berriak txertatu ahalko dituzte, betiere, isilpekotasuna bermatuta eta pazienteak aurrez baimen idatzia eman badu.

Horrez gain, Gobernuak beste erakundeei dekretu bat aurkez diezaien ere baliatu dute bilera: premia bereziak dituzten haurrentzako arreta integratuaren prozesuaren bidez EAEn arreta goiztiarra erregulatzeko dekretu bat da, hain zuzen, eta datozen egunotan helaraziko zaio gobernu-kontseiluari, haren onarpena azter dezan.

BIZKAIA-INFORMAZIO BILERA: PRESTAZIOEN ETA ZERBITZUEN ZORROARI BURUZKO DEKRETUA ETA GIZARTE ZERBITZUEN MAPA

Prozesu horri buruzko informazioa emateko bilera bat egingo da alkateekin. Bilera horretan, EUDELeko presidenteaz gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru diputatuak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikoetako sailburuordeak hitz egingo dute.

EGUNA: 2016eko urtarrilaren 26a.

ORDUA: 12:00etan

TOKIA: EUDELen ekitaldi-aretoa (Erzilla kalea 13, Bilbo)

GAI-ZERRENDA:

1.- Udal eskumeneko prestazioen eta gizarte zerbitzuen zorroari buruzko dekretua

2.- Gizarte zerbitzuen mapa.

– Zonifikazioa

– Plangintza

3.- Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaia

Deialdia

HAKOBAko kide diren Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak eta EUDEL-ek euskararen txantxangorria aurkeztu dute gaur Donostiako San Telmo museoan. Aurkezpen ekitaldian ere, arlo publiko zein pribatuko eragile ugarik (EAEko unibertsitateetako ordezkariak, kirolariak eta kirol taldeetako ordezkariak, kultur eragileak, enpresariak, finantza entitateetako ordezkariak…) parte hartu dute. Aipatzekoa da ordezkari hauek guztiek bere egiten dutela txantxangorriaren ekimena.

Mikel Pagolak (Urnietako alkatea), EUDEL-en izenean hitz egin du: “Udaletatik gonbidapena egin nahi diegu herritar guztiei euskara erabil dezaten: nork bere mailan; naturaltasunez eta konplexurik gabe; edozein esparru eta egoeratan”.

Beste alde batetik, Alkate Pagolak honakoa adierazi nahi izan du: “etxe barruan hartu behar ditugu konpromezuak, garrantzitsua da udaleko langileen arteko erabilera sendotzea eta lan-hizkuntza izatea. Era berean, jarraitu behar dugu ahalegina egiten herritarrekiko harremanetan ere euskara ohikoa izan dadin. Bide horretan, helburua hori izanik, gure ardura da, ipini beharreko baliabideak ipintzea.”

Gaur Donostian aurkeztu den ekimena ez da Eusko Jaurlaritzaren ekimena soilik. Ezta guxiago ere. HAKOBAk bideratutako ekimena da. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek, eta EUDELek bat eginda sustatutako ekimena da txantxangorriarena, hain zuzen ere. Hori bai, nahiz eta erakunde hauek ekimena bultzatu duten, txantxangorria gizarte guztiarena da. Gu guztiona, alegia.

Txantxangorriaren irudi atsegin eta maitagarri honen bitartez herritarrei gonbidapen bat egin nahi zaie: euskara erabiltzeko gonbidapena. Herritar guztientzako gonbidapena: euskaraz ondo dakitenentzat, euskaraz neurri batean edo bestean dakitenentzat, eta euskaraz ulertu bakarrik egiten dutenentzat. Denen ekarpena baita baliagarria.

Euskaraz dakitenek, euskaraz lasai eginez, euskarari bizia ematen diote. Zertxobait dakitenek, beren neurrian euskara erabiliz, euskaraz egiteko aukerak eta egoerak biderkatzen dituzte. Eta ulertzera mugatzen direnek ere, beren inguruko lagunak, etxekoak, lankideak… euskaraz egitera animatuz, berebiziko ekarpena egiten diote euskarari. Eta elkartasun txalogarria erakusten dute, euskaraz ez jakinda ere euskararen erabilerari atea zabaltzen dioten herritarrek.

Herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio zerbitzuetan, osasun zerbitzuetan, ikastetxeetan, enpresetan, finantza entitateetan, merkatal guneetan, hedabideetan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan… ikusgai egotea da helburua. Baita norberak bere arropan itsatsia eramatea ere.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek honakoa adierazi du prentsaurrekoan: “batetik, zin-zinez eskertu nahi dizuet elkarlanerako jarrera eta borondatea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalei eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteari. Euskara sustatzeko eginkizunean adostasunez eta batasunez jokatzea baita aurrera egiteko modurik eragingarriena. Jarrera eredugarria erakutsi duzue denek. Bestetik, benetan eskertu nahi dizuet, nola ez, ekimen honekin bat egin nahi izan duzuen gizarte-eragile guztioi”.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honakoa adierazi nahi izan du: “irudi berria aurkeztera etorri gara gaur. Euskararekin, euskararen erabilerarekin, euskararen aldeko jarrerarekin lotuko gaituen irudi berri eta freskoa. Txantxangorria beti izan dugu maite. Betidanik izan da gure paisaiaren parte, bere irudi arin, atsegin, jostari eta airosarekin. Maitea dugu, kuttuna, baina txikia eta hauskorra da. Erakargarri gertatzen zaigu, geure sentitzen dugu, ahula dirudi baina bizia da. Euskara bezala”.

“Gonbidapena da irudi hau: borondateaz ari gara. Herritarren borondatean sinesten dugu. Herritarren gogoaren indarrean sinesten dugu. Ez dugu inor behartu nahi. Ez dugu nahi inor inoren gainetik egotea. Alderantziz, denok eroso egongo garen gizartea osatu nahi dugu”, bukatu du Baztarrikak.

Donostiako Udalaren izenean, Miren Azkaratek, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak, hitz egin du: “Europako ahotsen itsasargian indartsu entzungo da gaur hemen bildu den txantxangorri aldraren txioa eta kantua”.

Igone Martinez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua Arabako Foru Aldundian: “Euskararen arloan, Arabako gaurko erronkak dira euskara maila guztietan sustatzea eta haren erabilera areagotzea”.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Lorea Bilbaok (Euskara eta Kultura saileko foru diputatuak) hitz egin du: “Erabileran jokatzen dugu euskararen partida. Erabiltzea da euskara indartzeko errezetarik eraginkorrena. Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuetan eta Bizkaian zehar ahaleginak eta bi egingo ditugu txantxangorria bideratzen: hasi gara. Eta ahaleginak eta bi euskararen hegaldia hauspotzen”.