Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • 2026an, tokiko hautetsien funtsezko lana defendatzeko gomendioei eta mehatxuei buruzko lehen txostena argitaratuko da.
  • Proiektuak euskal estrategia propioa izango du, Lehendakaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzaren laguntzarekin.

2025eko abenduaren 10a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, eta Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak parte hartuko dute bihar Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokiaren (ODELL) aurkezpen ofizialean. Ekimen aitzindari honen helburua da Europan demokrazia oinarritik babestea, tokiko ordezkari hautetsien funtsezko lana aitortuz eta babestuz  (alkateak eta zinegotziak). Aurkezpen-ekitaldia Bruselan izango da, 15:30etik aurrera, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da: https://www.youtube.com/live/GWKkg-1shjs.

Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) adierazi duenez, gero eta gehiago dira kargua uztea erabakitzen duten tokiko hautetsiak, lan politikoaren tentsioengatik, bizitza pribatuaren inbasioagatik, eta desatxikipen-garai honetan denen ordezkari izateak dakarren higadura emozionalagatik. Zerbitzu publikoarekin duten eguneroko konpromisoak aintzatespena, laguntza eta babesa merezi ditu. Behatokia, hain zuzen ere, komunitateen ahotsa ordezkatzen duten pertsonei prestigioa emateko sortu zen, erakundeen babesa eta laguntza eskaintzeko, eta oztopoei eta mehatxuei aurre egiteko tresnak emateko.

Ekimenak premia gero eta handiago bati erantzuten dio: tokiko liderrek kontinente osoko mehatxu berrien aurrean (ziberjazarpena, desinformazioa, larderia- eta gorroto-kanpainak, etab.) dituzten arriskuak hobeto ulertzea, dokumentatzea eta jorratzea.

Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokiak Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE), EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen eta Bilboko Udalaren arteko maila anitzeko aliantza du oinarri, Eusko Jaurlaritzaren kolaborazio instituzionalarekin eta Milango Bocconi Unibertsitatearen babes zientifikoarekin.

Polarizazioko testuinguru geopolitiko global batean, totalitarismoen eta gorroto-diskurtsoen gorakadaren erdian, Europak gero eta sarriago ikusten ditu demokraziari lehen lerrotik eusten dioten pertsonen aurkako mehatxuak. Alkate eta zinegotziek jazarpenari, desinformazioari, larderia-kanpainei edo beren izen ona zikintzeko kanpainei egin behar diete aurre, batez ere sare sozialetan. Fenomenoak lurralde guztiei eragiten die. Ebidentzian oinarritutako erantzun koordinatu bat emateko, bihar Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokia (ODELL) aurkeztuko da Bruselan. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) ekimen hau demokrazia babesteko eta indartzeko sortu zen, pertsonengandik eta komunitatearengandik hurbilen dagoen espaziotik abiatuta: udalerrietatik, hain zuzen ere.

ODELL bihar aurkeztuko zaie Europako estamentu guztiei (Europako Batzordea, Parlamentua, Kontseilua), CMREren Bruselako egoitzan egingo den ekitaldi publiko batean. Bertan parte hartuko dute Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Michael McGrath Europako Demokraziako komisarioak, eta Gunn Marit Helgesen CMREko presidenteak, beste ordezkari batzuekin batera.  

Euskadi aukeratu da ekimen horren lurralde lider. Ekimena zenbait mailatako aliantza baten bidez artikulatzen da: EUDEL, Euskadiko udalerrien ordezkari gisa; Bilboko Udala, proiektuaren itsasargi-hiri gisa, eta Eusko Jaurlaritza, lankidetza-gobernantzan duen posizio aurreratuagatik, Europari erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza demokratikorako erreferentziazko eredu bat emateko helburuz. Euskadi ekarpenak egiten dituen lurralde gisa ageri da, gobernantza demokratikoko, toki-autonomiako, partaidetzako eta maila anitzeko lankidetzako eredu aurreratuak eskaintzeko gai dena.

ODELL-EN FUNTZIOAK

Behatokiak konfiantza publikoa, bizikidetza eta tokiko bizitza politikoaren osotasuna indartu nahi ditu Europa osoan.  Horretarako, bere gain hartzen du mehatxuak monitorizatzea eta aztertzea, datu zorrotzak sortzea, jardunbide egokiak partekatzea eta tokiko lidergoaren osotasuna babestea, herritarrengandik hurbilen dagoen gobernu-maila baita.  Horretarako, Milango Bocconi Unibertsitatearen laguntza zientifikoa jasoko du, gaian ikerketa-ibilbidea du-eta.  Bocconik sortzen ari diren joerak (ziberjazarpena, fake news, gorroto-kanpainak, etab.) eta mehatxu horiek larriagotzen dituzten funtsezko kausak aztertuko ditu.

Urtero, Behatokiak estatus-txosten bat egingo du. Bertan, jardunbide egokiak, analisiak eta datuetan oinarritutako gomendioak azalduko ditu, politika eta erantzun instituzionalak maila guztietan nola bideratu orientatzeko.

ERANTZUN EUROPARRA, EUSKAL DNA-REKIN

Euskaditik, Behatokia ikuspegi propioarekin hedatuko da, Eusko Jaurlaritzak demokrazia indartzeko gidatzen duen esparru estrategikoarekin bat etorriz. Esparru horretan, 2026an zehar, ekintza-ildo berriak integratuko dira, bai EUDELen, bai Bilboko Udalean abian dauden proiektuetan oinarrituta.

Etika publikoan, lankidetza instituzionalean, gobernantza aurreratuan eta kalitate demokratikoan egindako ibilbideagatik hautatu dute Euskadi. Behatoki honetan hartzen duen abangoardiako posizioa euskal ibilbidearen aintzatespena da, ekimen aitzindariz inguratuta baitago.

Alde batetik, CMREk EUDEL aukeratu zuen tokiko gobernu onaren bikaintasunaren ELoGE zigilua ezartzeko lehen plataforma gisa. EUDEL, gainera, emakumezko alkate eta zinegotzien aurkako indarkeria sexistari aurre egiteko lehen neurriak ezartzen ari da.

Bestalde, Nazio Batuen 2030 Toki Idazkaritzaren egoitza eta Bilbao Balioen Hiria proiektuaren sustatzailea da Bilbo. Hori guztia, partekatutako ekimenen babesean, hala nola Demokrazia Indartzeko Esparru Estrategikoa, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duena eta defentsa hori 2030 Agendako 16 eta 17. GJHekin lerrokatzeko aukera ematen duena.

Behatokia euskal eragileen lidergoarekin abiarazita, Euskadi lankidetzako eta kalitate demokratikoko Europako eredu gisa kokatzen da, ebidentzia, pedagogia eta parte-hartzea uztartuz.

Bestalde, Esther Apraiz Derioko alkate eta EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, “Euskadin, tokiko demokraziak aurpegi eta izen propioak ditu: udalerriekiko konpromisotik abiatuta, herritarrei zerbitzua emateko egunero lan egiten eta kolaboratzen duten 2.600 hautetsi baino gehiago dira. ODELLen erronka demokraziaren oinarriei eusten dietenak babestea da, talentua tokiko politikara erakartzeko eta atxikitzeko. Pertsonarik onenak behar ditugu gure komunitateak baliotan batzeko. Izan ere, alkate edo zinegotzi batek bere ardura uzten duenean, demokrazia ahuldu egiten da. ODELLen euskal egoitza aukera bat da gure udalek tokiko gobernantza aurreratu eta kolaboratiboan duten esperientzia nazioartean proiektatzeko”.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak harrotasunez hartu du bere gain erantzukizun handi hau.“Bilbo balio-hiria da gaur egun, kolektiboki erabaki baitu hala. ODELLen “itsasargi-hiri” izateak Europarekin sinismen bat partekatzen dugula esan nahi du: demokrazia ez da legeekin bakarrik defendatzen, baizik eta kultura zibikotik, errespetutik eta entzutetik. Demokrazia defendatzea auzoetako eguneroko bizikidetza zaintzea ere bada, aniztasuna aberastasuna baita, eta ez mehatxua”.

Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak ere uste osoa du “Euskadin, urratsez urrats eta egunez egun, abangoardiako demokrazia daukan herrialde bat eraikitzen jarraitu nahi dugula.    Hori da herritarren konfiantza eta gogobetetasuna indartzeko bidea, politikan parte hartzeko motibazioa eta ilusioa berraktibatzeko modua. Eta horrelaxe indartuko ditugu gure etxe komunaren hormak, demokrazia ahuldu edo hautsi nahi dutenen aurrean. Aurrera egiteko tresna bat dugu: gobernantza kolaboratiboa. Behatokiak lagundu eta indartu egiten du horizonte hori, tokiko erakundeen arteko lankidetza bultzatuz –Euskadin eta Europan–, funtsezkoa baita bizitza demokratikoa babesteko eta biziberritzeko”.

  • Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak Europako udalerriak ordezkatuko ditu balio demokratikoen sustapenean.
  • Bozeramailetza Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriari lotuko zaio, eta abenduaren 11n aurkeztuko da ofizialki, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren Bruselako egoitzan.
  • EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea eta Bilboko Udala “Tokiko Demokraziaren” bozeramaile hautatu dituzte Europako Udalerrien Kontseiluan.

Malta/ Bilbo, 2025eko abenduaren 4a. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren Biltzarra Maltan bildu da gaur eta gobernu-organoak berritu ditu 2026-2028 agintaldirako. Bozketan, Europako 41 herrialdetako 150 tokiko liderrek baino gehiagok parte hartu dute, horien artean EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek, eta kargua berritu du erakunde horretako zuzendaritza-batzordeko kide gisa. Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia aukeratu dute Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriaren bozeramaile. Behatoki hori datorren ostegunean, abenduak 11, aurkeztuko da ofizialki Bruselan.

CMREk tokiko gobernuen interes komunak defendatzen ditu EBko instituzioen aurrean. Eginkizun horrek udal-eskumeneko gai guztiak hartzen ditu barne (berdintasuna, inklusioa, klima, mugikortasuna, tokiko finantzak, etab.), eta bozeramaile hautetsiek betetzen dute sektore-mailako ordezkaritza. Maltako Batzarrean, Bilboko Udala aukeratu dute, EUDELeko kide den aldetik, “Tokiko Demokraziaren” defentsa Europan gidatzeko. Izendapenean, CMREko idazkari nagusi Fabrizio Rossik Bilbo izendatzeko arrazoiak azaldu ditu: batetik, konpromiso handia izatea Europako balioekin, berrikuntza demokratikoarekin eta kudeaketa publiko aurreratuarekin, eta, bestetik, Nazio Batuen 2030erako Tokiko Idazkaritzaren nazioarteko egoitza gisa.

Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia izango da bozeramailea. EUDELek Inunciagaren hautagaitza babestu zuen, bere esperientzia akademiko eta profesional zabalean oinarrituta, herritarren partaidetzan, funtsezko balioetan eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan ikuspegi sendoa baitu.

Bozeramailetza hori  Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriari lotuta dago, eta abenduaren 11n, ostegunean, aurkeztuko da Bruselan. Ekitaldian parte hartuko dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, CMREko, Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko beste agintari batzuekin batera.

EUDELen eta Bilboko Udalaren balorazioak

EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz ilusioz gainezka agertu da, eta eskerrak eman dizkio CMREri, EAEko udal bat aukeratzeagatik erantzukizun horretarako: “Bozeramailetza honekin, aurrera egingo dugu Euskadiko udalen ahotsak eragin zuzena izan dezan Europaren eraikuntza demokratikoan”. Derioko alkate ere baden Apraizek adierazi duenez, “premiazkoa da gure tokiko komunitateak babestea olatu erreakzionariotik eta totalitarismotik, horiek mehatxu larria baitira sistema demokratikoen egonkortasunerako”.

Bestalde, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak adierazi du bere kargua “erantzukizunez eta konbentzimenduz” hartzen duela.  “Tokiko demokrazia balioetan, gardentasunean eta pertsonen benetako parte-hartzean oinarrituta eraikitzen da. Udalak argi dauka, bere DNAren parte da, politika publikoak egiteko gure moduaren muina da, eta politika horiek, beti, herritarren interesen zerbitzura egon behar dute“.

CMREren gobernua berritzea

Maltako Goi Bilera honetan, Europako tokiko liderrek eta udalerrien elkarteek erabaki dute egungo presidentea eta presidenteordeak beste bi urtez berritzea, 2028ra arte.

  • CMREko presidentea: Gunn Marit Helgesen, Telemark konderriko kidea eta Norvegiako udalerri eta eskualdeen elkarteko presidentea (SALAR).
  • CMREko presidenteordeak: Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta CMREko (AFCCRE) Frantziako elkarteko presidentea; eta Christoph Schnaudigel, Karlsruhe konderriko presidentea eta CMREko (RGRE) Alemaniako sekzioko presidentea.

Euskarak bide luzea egin du.

Luzeena, agian, Europa zaharrean.

Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.

 

Zein da sekretua?

Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena?

Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin.

Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.

 

Debekuen aurrean, eutsi genuen.

Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.

Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da.

 

Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.

Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.

Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.

 

Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua.

Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.

Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.

 

Horregatik, unea da.

Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.

Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea.

Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.

Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.

Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak  irabazteko unea.

Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko  eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.

 

Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.

Eta prest gaude!

Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.

Elkarrekin egiteko.

 

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei.

Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du.

Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko,

Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.

Euskara da!

Guztiontzat da.

Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.

Batzen gaituen hizkuntza bat.

Elkar ulertzeko gonbidapen bat.

 

Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari.

Eta euskararekin, edonori.

Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko  ditugu, denon artean.

Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.

 

Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.

Norberetik hasita egingo dugu bidea.

Guztion baitan baitago euskararen jauzia.

Zugan, nigan, gugan .

2025eko abenduaren 2an.- EUDELeko elkarteburua, Esther Apraiz, Euskadiko udalen ordezkaria izango da abenduaren 4an eta 5ean, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Tokiko eta Eskualdeko Liderren Goi Bileran. Euskadiko Udalen Elkartea Europako erakunde horretako kidea da, eta Maltan bilduko da “Europako testuinguruan iragaitza demografikoak, tentsio geopolitikoak eta udalerrietan zein lurraldeen inbertitzeko aukera berriak nagusi direnean”, CEMRk azaldu duenez.

Goi Bilerako mugarri nagusia 2026-2028ko agintaldirako CEMRko lidergo politikoa berritzea izango da (presidentea, presidenteordeak eta bozeramaile sektorialak barne), eta Apraizek prozesu horretan parte hartuko du botoarekin, erakundeko zuzendaritza-batzordeko kidea baita.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, udalek herritarrek instituzioetan duten konfiantza indartzeko “funtsezko zeregina” daukate, totalitarismoaren, polarizazioaren eta desinformazioaren gorakadaren aurrean. “Europako demokraziak udalak ditu oinarri. Eraldaketa sozial handiak egiteko, tokiko gobernuek indarra izan behar dute, baita erabakitzeko eta herritarrei bete-betean entzuteko gaitasuna ere”. Horrez gain, Euskadiko udalek gobernu onaren, kohesio sozialaren eta partaidetza komunitarioaren arloan duten esperientzia CEMRa eramateko aukera ere badela azpimarratu du.

Goi Bileran, ia-ia 150 ordezkari hautetsi elkartuko dira, hirientzako premiazko eta antzeko erronkak arakatzeko asmoz: tokian tokiko demokraziaren defentsa, udalek Europako aurrekontuko etorkizuneko lehentasunen diseinuan duten zeregina, iragaitza demografikoa zein migrazioaren kudeaketa, administrazioetan arintasuna nahiz eraginkortasuna bultzatzeko prozesua edo Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna, besteak beste.

Gai horiek eztabaidarako panelen eta “laborategi” berriaren bidez egituratuko dira, gune berri horren helburua Europako hirien arteko lankidetzarako proposamenak eta proiektuak sustatzea dela kontuan hartuta.

Udalek Europan duten ahotsa

Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseilua (CEMR) udalerriak eta eskualdeak ordezkatzen dituen erakunde europar handiena da, 41 herrialdetako 130.000 toki-erakunde baino gehiago elkartzen baititu. Hain zuzen ere, tokian tokiko autonomia defendatzea eta Europan kohesioa nahiz demokrazia sustatzea dauka xede.

Goi Bilerako programa: https://ccre-cemr.org/leaders-summit

  • Bi erakundeek prestakuntza emateko azken ibilbideak prestatu dituzte udaleko talde teknikoentzat, lege berria modu homogeneo eta eraginkorrean ezarriko dela bermatzeko.
  • Era berean, neurrien aplikazio praktikoa probatzeko eta doitzeko proiektu pilotuak jarriko dira martxan hainbat udalerritan.
  • Bi alderdiek erakundeen arteko koordinazioa indartu dute, Legebiltzarrak laster onartuko baitu Legea, eta berehala hedatuko baita toki eremuan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 1a. EUDELek eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lan-bilera egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza Arloko Premiazko Neurrien Legea berehala hedatzeko prestaketei buruzkoa. Eusko Legebiltzarrak abenduaren 11n onartuko du lege hori. Topaketa, nagusiki, ezarpenaren hasierako faserako funtsezkoak diren bi elementuren inguruan egin da: udal-talde teknikoak prestatzea eta proiektu pilotuak sustatzea. Hala, Legearen aplikazio praktikoa tokiko hainbat errealitatetan aurreikusteko eta baliozkotzeko aukera emango dute.

Topaketan, Denis Itxaso sailburua eta Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Derioko alkatea buru zirela, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta elkarteburuordea, Cristina Laborda Irungo alkatea eta elkarteburuordea, Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria eta Patxi Arratibel Saileko Kabineteko burua ere izan dira.

Bi erakundeak bat etorri dira Lege hau martxan jartzeko udalekin koordinazio estua beharko dela,
hirigintza- eta bizitegi-politiken kudeaketan zeregin nagusia baitu. EUDELek bereziki baloratu du Sailak, ezarpenaren lehen urratsetatik, prestakuntza, tresna operatiboak eta laguntza teknikoa emateko duen prestutasuna.

Testuinguru horretan, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, bileraren hasieran,
azpimarratu du “garrantzitsua dela udalerriak lehenbailehen prestatzea arau-esparru berrirako trantsizio arin eta ordenatua egin dezaten”, eta nabarmendu duenez, “trebakuntza eta laguntza teknikoa erabakigarriak izango dira lehenengo egunetik eraginkortasunez aplikatuko direla bermatzeko”.

Halaber, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua Itxaso sailburuari jakinarazi dio Euskadiko udalek prestutasun osoa dutela landutako gai guztietan laguntzeko. Lehentasun gisa, azpimarratu du “beharrezkoa dela arduradun politikoei zuzendutako berariazko saioak antolatzea, udal-teknikariek jasoko duten prestakuntza espezializatuaren erabaki estrategiko eta berezituetara bideratuta, Legeari lotutako prozedura berriak aplikatzeko funtsezkoa baita”.

Bileran, bi aldeek proiektu pilotuak garatzeko konpromisoa berretsi dute. Proiektu horien helburua da
Legearen neurrien benetako aplikazioa ebaluatzea eta Euskadiko udalerri guztietara transferi daitezkeen ikasketak sortzea.

Esther Apraizen hitzetan: “Alkate eta zinegotziok herritarren eskaeren lehen lerroan gaude, eta
etxebizitza-beharrari erantzuteko erronka desberdina da udalerriaren arabera, baita auzo edo barruti bakoitzean ere. Alde horretatik, Udalak beharrezko eragileak gara erantzun zehatzak emateko”. Era berean, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: “Ahaleginak eta baliabideak batu behar ditugu legearen potentzialaz baliatzeko”.

Bestalde, Denis Itxasok berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela araudi berria modu eraginkor eta koordinatuan hedatzeko: “Bete-betean sinesten dugu Lege honek dakarren aurrerapenean, eta erabat garatu eta eraginkorra izango dela bermatzeko, beharrezkoa da erakunde guztiek, maila guztietakoek, gure onena ematea. Horrela bakarrik lortuko dugu tresna horiek herritarrentzat benetako hobekuntza bihurtzea”.

Sailak EUDELekin eta udalekin batera lanean jarraituko du prestakuntza-ibilbideak, aplikazio-gidak, arau-laguntza eta proiektu pilotuak abian jartzeko. Horien guztien bidez, Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzaren Arloko Presazko Neurrien Legea modu ordenatu, zorrotz eta kooperatiboan ezarriko da lurralde osoan.

  • Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta Eudelek batera aurkeztu dute Administrazioa Arintzeko eta Sinplifikatzeko Legearen lehen testua. Orain, barne-prozesuari eta herritarren parte-hartzeari hasiera emango zaio
  • Arauak “paper gutxiago eta zerbitzu gehiagoren” alde egiten du, behin bakarrik ematen diren datuekin, izapide azkarragoekin, Euskadiko Herritarren Karpeta berriarekin, espazio digital bakar gisa, eta administrazio-eredu moderno, hurbil eta Europako estandarrekin lerrokatuta

Euskadiko Administrazio Publikoak urrats erabakigarria eman du pertsonak ardatz dituen kudeaketa arinago eta modernoago batekin duen konpromisoan, Arintze eta Sinplifikazio Legearen arau-testua aurkeztuz. Arau honek EAEko sektore publikoaren eraldaketa digitalean eta modernizazioan sakontzen du, beharrezkoak ez diren kargak murriztuz eta herritarren eta Administrazioaren arteko harreman-esperientzia nabarmen hobetuz.

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburu Maria Ubarretxenak, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatu Iñaki Gurtubai, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ager Izagirre, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako diputatu Irune Berasaluze eta Eudeleko ordezkari Erlantz Urrestirekin batera, Administrazioa Arintzeko eta Sinplifikatzeko Legearen aurrerapenak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan. Lege honek barne-prozesua hasi du, eta herritarrek parte hartzeko prozesu bat ere ireki da, gardentasunaren eta erantzukidetasunaren balioak indartzeko. Araua garatzeko, Gobernu Kontseiluak lege-aurreproiektua onartu beharko du, eta, ondoren, Eusko Legebiltzarrera bidaliko da.

Lehenengo testu hau Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta EUDELek egin dute elkarrekin, eta honi esker, zirriborroak irmotasun eta sendotasun tekniko handiagoa du. Eusko Jaurlaritzari dagokio araua aplikatzea. Bestalde, foru-aldundiek eta udalek, bere espirituarekin bat datozenak, beren eredu propioak garatuko dituzte, eremu honetan dituzten politiken eta estrategien arabera.

Legeak atariko titulua eta hiru titulu gehigarri ditu. Atariko tituluak legearen xedea, helburuak, printzipioak eta aplikazio-eremua zehazten ditu. I. tituluak herritarrentzako arreta, kanal anitzeko harremana eta Herritarren Karpeta bezalako tresnak arautzen ditu; II. tituluak administrazioa sinplifikatzeko, kargak murrizteko, prozedurak arintzeko eta ebaluazio-zikloa egiteko neurriak garatzen ditu; eta III. tituluak zehapen-araubidea ezartzen du, bereziki erantzukizunpeko adierazpenei eta aurretiazko komunikazioei dagokienez. Testua osatzeko, zenbait xedapen gehigarri, iragankor eta azken xedapen daude, ezarpen-plana eta hura indarrean jartzeko behar diren arau-egokitzapenak finkatzen dituztenak.

Paper gutxiago eta zerbitzu gehiago

Lege berria funtsezko ideia batetik abiatzen da: paper gutxiago eta zerbitzu gehiago. Arauak bermatuko du herritarrek behin bakarrik aurkeztu behar dituztela datuak edo dokumentuak; izan ere, Administrazioak bere esku duen edo elektronikoki lor dezakeen informazioa berrerabiliko du, betiere baimenarekin eta datuen erabateko babesarekin. Gainera, “bata bestetik” arau berritzailea txertatuko du, eta, horren arabera, administrazio-karga berri oro konpentsatu beharko da, beste baliokide bat ezabatuz, enplegatu publikoen artean burokrazia metatzea saihesteko.

Berritasun nagusien artean, nabarmentzekoa da Euskadiko Herritarren Karpeta. Gune digital bakarra da espedienteak kontsultatzeko, dokumentuak aurkezteko, baimenak kudeatzeko eta abisuak jasotzeko, eta, gainera, bizitzako uneen eta erabiltzaile-profilen arabera antolatuta dago. Administrazioak zerbitzu proaktiboak eskaini ahal izango ditu, eta herritarrek alerta pertsonalizatuak aktibatu ahal izango dituzte, eperik ez galtzeko.

Era berean, arauak izapide azkarragoak bultzatuko ditu, eta, horretarako, lehentasuna emango die erantzukizunpeko adierazpenei lizentziei baino; inprimaki sinpleagoak eta aldez aurretikoak erabiltzea sustatuko du; karga administratibo handia duten kolektiboek eskaerak masiboki aurkezteko aukera emango du, eta, ahal denean, erantzun automatizatuak gaituko ditu, gainbegiratuta. Prozedurek gehienez ere hiru hilabeteko epea izango dute, eta epea luzatu ahal izango da soilik legez eta interes orokorragatik, eta administrazio-isiltasuna positiboa izango da interesdunak hasitako prozeduretan, legezko salbuespenetan izan ezik.

Halaber, araudiaren sinpletasuna eta argitasuna indartuko dira, egungo esparrua eguneratuz eta Euskadi Europako estandar aurreratuenen ildoan kokatuz, ELGAren gobernu digitalaren ereduaren sei dimentsioak integratuz. Gainera, Legeak hobekuntzak egingo ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, hiperestekak eta zuzeneko sarbideak barne, eta barne-koordinazioa indartuko du, bikoiztasunak ezabatzeko eta izapideak bizkortzeko.

Hori guztia euskarazko eta gaztelaniazko kanal anitzeko arreta-ereduan sartzen da, aurretiko hitzorduarekin edo hitzordurik gabe. Eredu honek harreman digitala sustatzen du, pertsona bakoitzak Administrazioarekiko harremanak aukeratzeko duen eskubideari uko egin gabe. Horrela, Euskadik gobernantza publikoaren eredua sendotzen du, eta aurrera egiten du administrazio moderno, ulergarri eta pertsonengan zentratu baterantz, zeinak herritarren egunerokotasuna errazten baitu, ahaleginak murrizten baititu eta nabarmen hobetzen dituen zerbitzu publikoaren kalitatea eta eraginkortasuna.

  • 300 bideo baino gehiago aurkeztuta, edizio hau orain arte egindako arrakastatsuenetako bat da
  • Derioko Kultur Birikak Beldur Barik 2025 topaketa hartuko du ostiral honetan, hilak 28, tailer, musika eta sari banaketarekin

Derio, 2025/11/24

Beldur Barik 2025. edizioko topaketa gaur goizean aurkeztu da Derioko Kultur Birikan. Bertan, Beldur Barik topaketaren urteroko topaketa egingo da azaroaren 28an, ostiralean. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen hau Emakundek bultzatzen du eta EUDELen eta hiru foru aldundien eta babesa du.

Aurkezpenean parte hartu dute Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Derioko alkate eta EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek, Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Joana del Hoyok, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Trinidad L. Vicentek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik.

Gainera, Amaia Lekue Larrabetxuko alkatea, Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkate eta Txorierriko Mankomunitateko presidentea, Josu Andoni Begoña Loiuko alkatea, Naia Landa Sondikako alkatea eta Lander Aretxabaleta Zamudioko alkatea ere izan dira.

Emakundeko zuzendariak ekimen horren helburuak gogorarazi ditu: “Neskak ahalduntzen laguntzea, mutilak berdintasunarekin inplikatzea eta elkarrekin gizarte berdinzaleagoa eraikitzea”. “Gazteen hizkuntza eta baliabideak erabiliz egiten dugu”, nabarmendu du, eta Beldur Barik lehiaketa “aukera paregabea da berdintasunari eta indarkeria matxistari buruz esan nahi digutena entzuteko”.

Gazteen kezkak

Beldur Barik bideo-lehiaketa da Beldur Barik proiektuaren ekintza nagusia. Lehiaketak egoera matxista edo diskriminatzaile baten aurrean Beldur Barik jarrera islatzen duten ikus-entzunezko proiektu onenak saritzen ditu, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek eginak. Aurten 311 lan aurkeztu dira lehiaketara, azken urteetako parte-hartzerik handiena. Guztira 1.740 gaztek hartu dute parte, % 61 neskak, % 37 mutilak eta % 1 beste identitate batzuekin identifikatzen direnak.

Emakundeko zuzendariak parte-hartze handi hori nabarmendu du, eta, batez ere, taldean egindako lanak izatea. “Garrantzitsua da sormen-prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruz gazteek elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzea”.

Lan gehien jaso dituen kategoria 12 eta 16 urte artekoa izan da. Bizkaia izan da aurkeztutako proposamen gehien izan dituen lurraldea, ondoren Gipuzkoa eta Araba. Lanen gai nagusiak sexismoa (% 42), estereotipoak (% 26), kontrola (% 17), onespena eta baimena (% 11) eta gorputzen sexualizazioa (% 11) izan dira. Bestalde, egoera horien aurrean proposatutako Beldur Barik jarrerak honakoak izan dira: erantzun kolektiboa (% 28), ahalduntzea (% 27), laguntza-eskaera (% 17), anaitasuna (% 14) eta eguneroko erantzunak eta estrategiak (% 9).

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek, aurten Beldur Barik topaketa hartuko duen udalerriko alkateak, lehiaketako parte-hartzaileak zoriondu ditu, “gazteak aldaketaren buru izateko prest ez ezik, aldaketa bultzatzen ari direla erakusten duelako. Sorkuntza, jarrera eta tokiko ekimen bakoitzak balio partekatuen sare bat indartzen du: berdintasuna, errespetua eta ausardia. Erakunde gisa, energia eraldatzaile horri entzuteko, laguntzeko eta lekua emateko ardura dugu, sare sozialen erabilera positiboa eta arduratsua sustatuz “.

Bestalde, Arabako Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Joana del Hoyok gazteen inplikazioaren garrantzia azpimarratu du: “Gazteria ez da berdintasun-politiken hartzaile pasiboa, eraldaketarako eragile aktiboa baizik. Bere ahotsak eta sorkuntzak matxismorik gabeko etorkizun baterako zubia dira”.

Bizkaiko Berdintasun zuzendari Trinidad L. Vicenteren ustez, “Beldur Barik ekimenak Euskadiko gazteen artean kezka bat dagoela eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko aktibismoa ere badagoela adierazten digu”. “Erakundeek ekimen gazte horiei eman behar diegu bozgorailua”, gaineratu du.

BBJ topaketa

Azaroaren 28an, ostirala, Derioko Kultur Birika indarkeria sexista eta matxistaren aurka borrokatzen duten gazteen topagune bihurtuko da. Topaketa 16:00etan hasiko da eta 16:30etatik 17:30etara bertaratzen direnek hainbat tailer egin ahal izango dituzte: Patata Tropikala antzerki laborategiko “Eta hala ez bazan?” antzerki tailerra; “Ez da txantxa” maskulinitate berrien tailerra Jon López Corcheroren eskutik; eta #BBJ jabekuntza tailerra Kabia eta Parean elkarteen eskutik. Ondoren, trikitixaren eta elektronikaren doinuak uztartuko ditu Sünek. 18:00etatik aurrera, aurtengo lan sarituen berri emango da. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak eta Estibaliz Pescador idazle deriotarrak aurkeztuko dute sari banaketa. Topaketara joatea doakoa da, www.beldurbarik.eus web orrian izena eman ondoren, eta autobus zerbitzua eskainiko da Deriora Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik.

Urtero bezala, Euskadiko Udalen Elkarteak azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionalaren proposamena egin eta zabaldu die udalerriei, EAEko udalei emakumeen aurkako indarkeriarekiko konpromisoa hartzeko eta ekiteko esparru komun bat eskaintzeko.

Emakunderen eta erakundeen kanpainaren ildoan, EUDELek Adierazpenean azpimarratu du indarkeria matxistak “beldurra eta lotsa inguru bat” eragiten jarraitzen duela, “joera duena emakume biktimak isolatzeko eta isilarazteko, biktimarioen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen duena”. Eta gogorarazi du ondorio horiek larriago bizi dituztela emakume zaurgarrienek, hala nola adinekoek, landa-eremu sakabanatuetan bizi direnek, desgaitasuna dutenek, emakume atzerritarrek edo/eta komunitatean gutxien errotuta daudenek.

Aurtengoan, Adierazpenak komunitatea azpimarratu du, prebentzioa, detekzio goiztiarra eta erreparazioa gauzatzeko funtsezko elementu moduan. EUDELek azpimarratu du lotura komunitarioek —auzoak, lagunek, kuadrillak— goiz ohartarazi dezaketela indarkeria-seinaleez jabetzean, eta sororitatea zein hurbileko laguntza funtsezkoak direla indarkeria matxista jasaten duten emakumeei laguntzeko.

Halaber, Euskadiko Udalen Elkarteak tokiko komunitateek kaltea konpontzean duten funtsezko egitekoa azpimarratu du, sustatuz aitortza publikoa, indarkeriaren salaketa soziala eta biktimekiko elkartasuna.

EUDELek gonbita egin die udalei herritarrak mobilizatzera bultza ditzaten, indarkeria publikoki salatzeko eta biktimekiko elkartasunerako. Erakundeen konpromisoa onartzeaz gain, Adierazpenak jarduera-ildo zehatzetan aurrera egitea proposatu die tokiko gobernuei, besteak beste, honako hauetan:

  • Hurbiltasun-sareak eta komunitate-espazioak indartzea, bereziki zaurgarritasun-egoeran dauden emakume eta neskentzat.
  • Tokiko komunitatera iritsi berriak diren emakumeak komunitatean txertatzea errazteko harrera- eta integrazio-programak bultzatzea.
  • Zerbitzu publikoen eta tokiko elkarteen arteko laguntza-sareak ehuntzea, batez ere hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi esparruetan.
  • Indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten arrazoibideak zalantzan jartzen dituzten sentsibilizazio-kanpainak garatzea.
  • Tokiko emakumeen mugimendu feminista babestea eta koordinatzea.

Azkenik, EUDELek, Adierazpen honekin, udalerriei laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko komunitate seguruagoak eta berdinzaleagoak eraiki ditzagun.