Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Gobernantza demokratikoa tokiko mailan indartzeko moduari buruzko eztabaida politikoan parte hartuko du gaur Esther Apraiz elkarteburuak

Rovaniemi (Finlandia), 2026ko ekainaren 4a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak CEMR-Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko liderren goi-bileran parte hartuko du gaur eta bihar, ehun arduradun politiko inguru Rovaniemi hirian elkartuta, erakunde demokratikoek Europan dituzten erronka handiei aurre egitea helburu dutela. Bihar, ostirala, Bilboko Udaleko zinegotzi Eider Inuntziagak CGLU-Hirien eta Tokiko Gobernuen munduko sarearen panelean parte hartuko du, CEMRko Tokiko Demokraziaren bozeramaile moduan.

EUDELek eta Bilboko Udalak goi-bilera honetan parte hartzearekin, indartu egingo da EAEko udalerriek Europaren eraikuntzarekin eta tokiko gobernantza sendo, berritzaile eta hurbilekoarekin duten konpromisoa; izan ere, aktiboki esku hartuko du tokiko politiken etorkizuna Europan eta nazioartean markatuko duten eztabaidetan.

CEMRren 75. urteurrenaren baitan, goi-bileran, bi jardunalditan zehar, ziurgabetasuna, gizarte-eraldaketak, klima-erronkak eta herritarrek erakunde demokratikoeekiko konfiantza indartzeko beharrak eragindako testuinguruan, tokiko gobernuek duten zeregina aztertuko dute.

Gaurko saio nagusia arratsaldean izango da, izenburutzat hartuta “Prospektiba eta prestakuntza: gobernantza demokratikoa indartzea”. Eztabaida politikoaren ardatza izango da tokiko gobernuek arriskuei aurrea nola hartu, erakundeen arteko koordinazioa nola indartu eta herritarrekiko hurbil dauden zerbitzu publiko sendoak izatea nola bermatu.

CEMRko batzorde politikoko kidea den EUDELeko elkarteburuak Suediako, Portugalgo edo/eta Estoniako udal-ordezkariekin parte hartuko du eztabaida horretan. Saioari hasiera emateko hitza hartuko du Finlandiako lehen ministrordea izandako Katri Kulmuni eurodiputatuak, eta, besteak beste, gai hauek jorratuko ditu: krisien aurreko prestakuntza, udal-politiken plangintza, zibersegurtasuna, gizarte-kohesioa eta herritarren parte-hartzea.

Esther Apraizen esanetan, “egungo erronkak aintzat hartuta, hala nola etxebizitzaren krisia, aldaketa demografikoa, larrialdi klimatikoa edo desinformazioa, hobeto prestatutako tokiko erakundeak behar dira, herritarrekin elkartuagoak eta elkarlanean aritzeko gai direnak. Etorkizuneko gobernantza demokratikoa gure hiri eta udalerrietan eraikitzen da orain”.

Beste hainbestean, EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “Europak udalak behar ditu bazkide estrategiko moduan. Gu gara politika publikoak pertsonentzako emaitza jakin bihurtzen ditugunak, eta konfiantza demokratikoari hurbiletik sostengatzen diogunak”.

Bilbo, CGLUn

Goi-bileraren bigarren egunean ere protagonista izango da euskal ordezkaritza. Bilboko Udaleko zinegotzi Eider Inuntziagak, CEMRko Tokiko Demokraziaren egungo bozeramailea den heinean, CGLU-Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen etorkizunari buruzko eztabaida politikoan parte hartuko du ostiralean. Europako, Afrikako, Asia-Pazifikoko eta Ekialde Ertaineko udal-arduradunak izango dira bilkuran, eta ikuspuntuak trukatuko dituzte tokiko gobernantza globalaren erronkak eta erakundearen lehentasunak jorratzeko, Tangerren izango den hurrengo Mundu Batzarrari begira. Parte-hartzaileen artean honakoak izango dira: Emilia Saiz, CGLUko idazkari nagusia; Jan van Zanen, Hagako alkatea; Fatiha El Moudni,  Rabateko alkatea; Wang Xiankun, Shijiazhuangeko alkatea, eta Ibrahim Ugur Altay, Konyako alkatea. 

CEMRko Liderren Goi Bilerari buruz

Udalerrien eta eskualdeen ordezkaritzako Europako erakunde handiena da Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseilua, 41 herrialdetako 130.000 toki-erakundetik gora biltzen baititu. Tokiko autonomia defendatzea eta Europan kohesioa eta demokrazia sustatzea du eginkizun.

Tokiko Liderren Goi Bileran, CEMRko gobernu organu gorena den Batzorde Politikoko 150 kideak elkartuko dira ekainaren 4an eta 5ean, Rovaniemin. Prestakuntza, erresilientzia eta indartze demokratikoa goiburu izanda, Europako tokiko gobernuen etorkizunerako gai estrategikoak jorratuko dituzte topaketan, bai eta Europar Batasunaren hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparrua eta hirien eta eskualdeen arteko nazioarteko lankidetza ere.

  • Negoziazio Mahaia akordio berriarekin (2026-2032) ari da lanean, eta Euskadiko toki-esparruko 23.000 langile publikoen lan-baldintzak arautuko ditu.
  • Proposamen instituzionalak 90 neurri ditu, arau- eta gizarte-aldaketekin bat datozenak. Hobekuntzak ditu ordainsarietan, lanaldi-murrizketan, kontziliazioan, edo soldata-estaldura bajetan; eta berrikuntzak, berriz, telelanean, deskonexio digitalean, mugikortasun jasangarrian, euskara, berdintasunean, aniztasunean eta belaunaldi-erreleboan.

Bilbo, 2026ko maiatzaren 29a. Gaur, maiatzaren 29an (ostirala), EUDELen egoitzan, negoziazio-mahai berri bat bildu da, Udalhitz Akordio Arautzailea eguneratzen aurrera egiteko, hala udal-funtzionarioei, nola lan-kontratudunei dagokienez. Euskadiko udalen ordezkaritza instituzionalak proposamen integral bat aurkeztu die ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei, toki erakundeetako langileen lan-baldintzak hobetzeko. EUDELek espero du dokumentu hori oinarria izatea akordio bat lortzeko, eta, horrela, hurrengo agintaldiari begira, EAEko 23.000 udal-langile publikoren baino gehiagoren erreferentziazko hitzarmena berritu ahal izateko.

Udalen ordezkariek egindako proposamena urte eta erdi baino gehiagoko lanaren eta 12 negoziazio-mahairen emaitza da. Dokumentuak proposatzen du 2008-2010etik indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa sakon eguneratzea, tokiko administrazioak gizarte-, lan- eta antolaketa-arloko erronka berrietara egokitzeko.

Testuak 90 hobekuntza-neurri inguru ditu, bost eremu handitan banatuta: soldatak eta ordainsariak, lizentziak eta kontziliazioa, berdintasuna eta telelana, lan-osasuna, karrera profesionala eta lanaldia, eta plantillak gaztetzea. Gainera, proposamenak planteatzen du hitzarmeneko hogei bat artikulu eguneratzea, gizarte-, familia- eta lan-errealitate berrietara egokitzeko.

EUDELek nabarmendu du bere proposamena elkarrizketa sozialaren eta “entzuketa aktiboko” prozesu baten emaitza dela. Egungo udal-agintaldiaren hasieratik udalekin eta beste instituzio batzuekin egin du entzuketa. Helburua hirukoitza da: langile publikoen lan-baldintzak hobetzea, tokiko erakundeen eraginkortasuna indartzea eta aurrera egitea herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatean.

Era berean, EUDELek proposatzen du Udalhitz berriaren indarraldia 2026-2032 aldirako luzatzea. Horrela, egonkortasuna eta segurtasun juridikoa bermatu, eta behar adina denbora utzi nahi du neurri berriak EAEko 252 udaletan eta gainerako toki-entitateetan ezartzeko.

Soldatak eta ordainsariak

Soldatei dagokienez, proposamenak 2025eko apirilean EUDELek eta sindikatuek sinatutako Protokolo Eratzailean lortutako konpromisoa jasotzen du. Zehazki, aurreikuspena dago hurrengo bost urteetan urtean %1eko funts gehigarri bat sortzeko –%5eko gehieneko metatura arte–, erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko. Funts horrek balioko du Estatuko oinarrizko araudiaren ondoriozko igoerak osatzeko, 2026an %1,5ekoa izan baita.

Udal-gobernuek formula desberdinak erabili ahal izango dituzte funtsa aplikatzeko, adibidez, lanpostuen balorazioen, karrera profesionaleko planen eta/edo jardunaren ebaluazioen bidez.

Lanaldiaren murrizketa, kontziliazioa eta estaldura osoa laneko bajagatik

EUDELen proposamenak hobekuntza garrantzitsuak ditu lanaldiari eta kontziliazioari dagokienez ere. Lanaldiaren arloan, proposamenak urteko benetako presentziaren 45 orduko murrizketa jasotzen du, eta urteko 1.547 orduko gehieneko lanaldia finkatzen du.

Lan-osasunaren arloan, ordainsarien %100eko estaldura sartzen da aldi baterako ezintasun aldi osoan, bai eta plan espezifikoak arrisku psikosozialak eta ergonomikoak prebenitzeko.

Gainera, EUDELek proposatzen du hobekuntzak egitea Udalhitz akordioaren Lizentzia eta Baimenen kapituluko 20 artikulutan, lana eta familia bateragarri egiteko, artikuluetan jasotako kasuetan.

Telelana, deskonexio digitala eta modernizazioa bultzatzea

EUDELen proposamenak indarrean dagoen hitzarmenean orain arte jaso ez diren neurriak sartzen ditu, hala nola telelana arautzea eta deskonexio digitalerako eskubidea onartzea.

Trantsizio ekosozialari eta mugikortasun jasangarriari lotutako ekimenak sartzen dira, baita ingurumeneko ordezkari sindikalaren figura sortzea ere. Antolaketaren arloan, programak jaso dira plantillak gaztetzeko eta ezagutza transferitzeko belaunaldien arteko erreleborako, hainbat formularekin. Era berean, apustu handiagoa egiten da zerbitzu publikoen kudeaketa zuzenaren alde eta behin-behinekotasuna murrizteko bermeak indartzeko.

Euskara, berdintasuna eta aniztasuna

Era berean, proposamenak berdintasun-politikak bultzatzen ditu, neurri zehatz eta ebaluagarriekin, eta berariaz onartzen dira LGTBI eta trans kolektiboaren eskubideak.

Negoziazio-prozesu honek balio izan du, halaber, Euskadiko tokiko administrazioetako hizkuntza-ereduari eta euskararen presentziari eta erabilerari buruzko eztabaida sakona abiarazteko, eta, horretarako, egungo errealitatea gainditzen saiatzen diren hainbat alternatiba planteatu dira.

  • Akordioak udal euskaltegien finantzazio-sistema eguneratu, egonkortasuna indartu eta udalei plangintza egiteko gaitasun handiagoa emango die
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordea: “Euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, doakotasun-politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere behar dugu”
  • EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz: “Akordio honek milaka herritarrentzat funtsezkoa eta hurbila den zerbitzu baten finantzaketa blindatzea ahalbidetzen du”.

Vitoria-Gasteiz 2026-05-25

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udal euskaltegien finantzazio-sistema berria adostu dute. Bi erakundeek lehen aldiz lortu dute udal euskaltegien finantzazioari egonkortasuna eta epe luzerako ikuspegia emango dion akordioa, Udal Legean jatorria duena. Sistema berriak orain arte indarrean egon den eredua eguneratuko du, kudeaketa administratiboa sinplifikatuko du eta udalen zein euskaltegien plangintza-gaitasuna indartuko du.

Akordioaren aurkezpena gaur goizean egin da Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Bertan parte hartu dute Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Derioko alkateak; Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak (EAJ/PNV); Iñaki Olalde Oñatiko zinegotziak (EH BILDU); eta Jon Ugarte Irungo alkateordeak (PSE-EE). Halaber, bertan izan dira HABEko zuzendaria, Jokin Azkue, eta EUDELeko zuzendaria, Joseba Intxausti ere. Agerraldian azpimarratu da akordioak duen balioa eta euskararen inguruan lankidetza instituzionalerako eta herri ikuspegia partekatzeko dagoen gaitasuna.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu du gaur aurkeztutako akordioa “ez dela neurri isolatu bat”, baizik eta Eusko Jaurlaritzak JAUZIA GARA estrategiaren barruan helduen euskalduntzearen sisteman bultzatzen ari den eraldaketa zabalago baten parte dela. “Euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa eman nahi dugu eta, horretarako, lehentasunezko esparru bat dago: ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna”, adierazi du. Ildo horretan, azpimarratu du “euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, doakotasun-politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere behar dugula”.

EUDELeko elkarteburuak, Esther Apraizek, euskal udalen aldarrikapen historiko bati erantzuteko erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du eta udal sentsibilitate ezberdinen artean lortutako adostasunari balioa eman dio: “Gaur funtsezko urratsa ematen dugu udal euskaltegien finantziazioa blindatzeko eta milaka herritarrentzat funtsezko eta hurbileko zerbitzu publiko gisa sendotzeko”. Era berean, azpimarratu du akordioak hizkuntza eskubideak, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna indartzen dituela euskal udalerrietan.
Udal-ordezkariak bat etorri dira udalen eta ikastetxeen finantza-egonkortasunerako eta plangintza-gaitasunerako konpromiso bateratuan. Euskaltegi publikoek komunitatearen bizitzan duten garrantzia ere defendatu dute, baita udalerri guztietan euskararako sarbidea bermatzeko ere.

Aurkezpenean parte hartu duten udal ordezkariek akordioak udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko, epe luzerako plangintza errazteko eta milaka herritarrentzat gertukoa eta funtsezkoa den zerbitzua sendotzeko duen garrantzia azpimarratu dute

Finantzazio-sistema berria udal euskaltegientzat

HABEren eta EUDELen arteko akordioak udal euskaltegien finantzazio-sistema berria ezarriko du 2026-2027 ikasturtetik aurrera, eta hasiera batean lau ikasturterako indarraldia izango du. Sistema berriak irakasleen kostuetan eta antzinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko du, jarduera-unitateetan eta emandako eskolorduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez.

Helburua udal euskaltegien finantza-egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta sistema euskaltegien gaur egungo errealitatera egokitzea da. Gainera, akordioak trantsizio-neurriak aurreikusten ditu, sistema-aldaketaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen euskaltegiek galerarik izan ez dezaten.

Eusko Jaurlaritzak handitu egingo du udal euskaltegietara bideratutako finantzazioa: 2025-2026 ikasturteko 14,1 milioi euroetatik 2026-2027 ikasturtean 15,1 milioi eurora igaroko da. Horrek %7tik gorako igoera ekarriko du.

Gaur egun, 38 udal euskaltegiek ia 9.000 ikasleri ematen diete zerbitzua, eta bostehun bat profesionalek egiten dute lan sare honetan. Guztira, euskaltegi publiko eta pribatuen sareak 35.000 ikasletik gora biltzen ditu Euskadin.

Akordioak, gainera, matrikulazio-kanpaina bateratuak egitea eta HABEren eta EUDELen arteko jarraipen-batzorde bat sortzea aurreikusten du, udal euskaltegien etorkizuneko beharrei erantzuteko eta bi erakundeen arteko koordinazioa indartzen jarraitzeko.

JAUZIA GARA eta ezagutzaren esparrua

Gaur aurkeztutako akordioa Eusko Jaurlaritzak bultzatutako JAUZIA GARA estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategiaren helburua euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa sustatzea da.

Estrategia horren barruan, lehentasunezko esparruetako bat ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna dira. Eusko Jaurlaritzaren helburua da gero eta pertsona gehiagok euskara ikastea eta, batez ere, gero eta pertsona gehiago euskaraz moldatzeko gai izatea eguneroko bizitzan.

Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak hainbat doakotasun-politika bultzatu ditu euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murrizteko. Eta datuek erakusten dute politika horiek emaitzak ematen ari direla. Horren adibide da A1 mailaren doakotasuna: neurri hori martxan jarri ondoren, A1 maila gainditu dutenen kopurua 1.963tik 2.831ra igo zen ikasturte bakarrean. Hau da, %44ko hazkundea eta ia 900 ikasle gehiago euskararen lehen mailara hurbilduta.

Testuinguru berean kokatzen da Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu duen Euskara Bonua ekimena ere. Proposamen horren bidez, euskaltegietara gerturatzea ez ezik, ikasketa-prozesuan jarraitzea eta erabilerarako benetako gaitasuna eskuratzea ere sustatu nahi da.

Era berean, Eusko Jaurlaritza euskaltegi pribatuen etorkizuneko ituntze-sistema prestatzen ari da dagoeneko, helduen euskalduntzearen sare osoari egonkortasun handiagoa emateko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko helburuarekin.

  • Gaur aurkeztutako gidak bide-orri praktiko, ireki eta malgu bat eskaintzen die udalerriei, tokiko zainketa-politikak erantzukidetasunetik, komunitatetik eta feminismotik sustatzeko.
  • Esther Apraiz: “Zainketen erronka globala eguneroko errealitate bat da gure udalerrietan, eta udalok eraldaketaren buru izan nahi dugu”
  • Zaintzaren arloari lotutako tokiko 153 erakunderekin eta profesionalekin egindako hiru urteko talde-lanaren emaitza da proiektua.

Bilbon, 2026ko maiatzaren 20an. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak “Tokiko erakundeetan zaintza-lanak feminismotik demokratizatzeko gida” aurkeztu du gaur. Tresna estrategiko horrek indartu egiten du udalek herritarrengandik hurbilen dagoen esparrutik zainketen erronkari erantzuteko duten funtsezko zeregina.

Zainketen antolaketa sozial justuago, erantzukideago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea planteatzen du gidak, ikuspegi feministarekin eta komunitatearen inplikazio aktiboarekin, auzolanaren balioa indartuz.

Dokumentuak ikuspegien eta araudien lehen zati kontzeptual bat jasotzen du, baita egungo zaintza-erregimenaren eta haren egiturazko arazoen azterketa kritiko bat ere. Bigarren zatian, udalerrietarako ibilbide-orria proposatzen da: bost fase toki-eraldaketako prozesuak hasteko, eta benetako jardunbide egokien 35 adibide.

Ekimen honen helburua udalak zainketen gizarte antolaketa berri batean orientatzea da, hiru gakotatik abiatuta: ikuspegi feminista, tokian tokiko errotzea, eta zerbitzu publikoen eta zainketen sare komunitarioen artikulazioa.

Esther Apraiz elkarteburu eta Derioko alkateak udalek premiazko erronka honen aurrean duten funtsezko zeregina azpimarratu du: “Zainketen krisia jada ez da eztabaida teoriko bat; eguneroko errealitate bat da gure udalerrietan. Gida honekin, udalek iparrorratz bat dugu historikoki emakumeek mantendu duten eredu ikusezin batetik erantzukidetasunean oinarritutako beste eredu batera igarotzeko, non zaintzea erantzukizun kolektibo bat izango den eta ez zama indibidual bat”.

Gidako esperientzia aintzidarien artean, Amurrioko, Hernaniko eta Portugaleteko udalak daude, zeinak erreferenteak baitira zaintzaren arloan politika berritzaileak sustatzen dituztelako. Maria Jose Blanco Portugaleteko alkateak, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Itsaso Lekuona Hernaniko alkateordeak euren esperientziak eta ikaskuntzak aurkeztu dituzte.

Hiru urteko elkarlana

2022an, EUDELek Emagin elkartearen laguntza adituarekin abiatu zuen proiektu aitzindari hori. Hiru urtez, udalekin eta eragile espezializatuekin partekatutako diagnostiko-, kontraste- eta eraikuntza-prozesu bat garatu da.

Lan horretan parte hartu dute berdintasuneko eta gizarte-zerbitzuetako udal teknikariek, etxeko langileen kooperatibek, sindikatuek, hirugarren sektoreko erakundeek eta adinekoen elkarte komunitarioek, desgaitasunak dituzten pertsonek, bai eta gai horretan adituak diren eta zainketen gizarte-antolaketarako modu berriekin konprometituta dauden pertsonek ere.

2023tik 2025era bitartean, proiektuak, gainera, Euskadiko 153 toki-erakunderen —udalak, mankomunitateak eta kuadrillak— errealitatea mapatzeko aukera eman du, eta lehendik zeuden baliabideak eta dagoeneko bidea markatzen ari diren esperientzia eraldatzaileak identifikatu dira.

Bost ekintza-lerro eta 35 praktika jarduteko

“Errealitate honek gizarte osoa interpelatzen du”, adierazi du Esther Apraizek. “Udalok gure gain hartzen dugu zainketen antolaketa sozial eraginkorrago, iraunkorrago eta gure garaiari egokituago baten buru izateko erronka”.

EUDELek bide horri herritarrekin eta ehun sozial eta asoziatiboarekin batera ausardiaz ekitera animatzen ditu udalerriak. Konpromiso politikoaz gain (osoko bilkuren akordioak, ordenantzak, aurrekontuak…), udal arlo guztien arteko koordinazioaren eta udalaren eta eragile instituzional eta sozialen arteko lankidetzaren beharra nabarmentzen da.

Gidak ibilbide-orri malgu bat proposatzen du, udalerri bakoitzak bere errealitatera egokitu ahal izateko, bost jarduketa-ildo nagusiren bidez:

  1. Zaintzarako egitura publikoak-komunitarioak sustatu

Zainketetarako tokiko mahaiak sortzea, lehen mailako arreta indartzea (“leihatila bakarra”) eta zainketen zeharkakotasuna udal-politiketan.

  1. Zaintzaren balio soziala aitortzeko sentsibilizatu eta trebatu

Arduradun politikoei, teknikariei, zaintzaileei, gazteei eta gizonei zuzendutako prestakuntza, erantzunkidetasuna sustatzeko.

  1. Sare komunitarioak aktibatu, zainketak birbanatzeko

Belaunaldien arteko ekipamenduak, “saltoki zaintzaileen” sarea beharren antena gisa, auzo-sareak, denbora-bankuak eta auzolana.

  1. Zaintzen dutenen bizi eta lan baldintzak hobetu

Zaintzarako kooperatibak, laguntza publikoak eta baliabideak handitu, migratzaileei harrera egin eta familia-erantzunkidetasunerako bitartekotza-programak.

  1. Arreta pertsonalizatu eta baliabideak eskuratzea erraztu

Arreta-baliabideen koordinazioa, autonomia pertsonalerako zerbitzuak, garraio publiko irisgarria, irakurketa erraza eta sinplifikazio administratiboa.

EUDELek horiek udalerrietan ezartzen lagunduko du, sarean lan eginez, prestakuntza espezifikoa emanez eta herritarrekin, elkarteekin eta hirugarren sektorearekin batera gogoeta egiteko eta parte hartzeko tokiko guneak sortzen lagunduz.

“Eraldaketa orok denbora, konpromisoa eta borondate partekatua behar ditu. Baina aldaketa lehen urrats batekin hasten da beti”, esan du Esther Apraiz elkarteburuak.

Erronka sozial atzeraezina

Zaintzak birpentsatu beharra funtsezkoa izan da mugimendu feministaren agendan 2018ko grebez eta mobilizazioez geroztik. Pandemiaren ondoren, zainketen krisiak are garrantzi publiko handiagoa hartu zuen, agerian geratu baitzen egungo eredua akituta dagoela biztanleen zaintza-beharren hazkundeari eta konplexutasunari erantzuteko.

Horri errealitate iraunkor bat gehitzen zaio: zainketen “hiperfeminizazioa” eta “arrazializazioa”. Gidak adierazten duenez, Euskadin, zaintzagatiko eszedentzien % 84 eta etxeko zerbitzuko enpleguaren % 90 baino gehiago emakumeenak dira; horietako asko migratuak dira, eta, kasu askotan, zaurgarritasun-egoeran daude.

Gainera, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, azken hiru urteetan, emakumeen % 7,3k lana eten du familia eta lana uztartzeko arrazoiak direla-eta, eta gizonen kasuan, berriz, % 1,5ek. Horrek erakusten du zaintza-arduren banaketa ez dela orekatua.

Honekin batera bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko Sailburuaren Agindua, 2026ko apirilaren 23rako, maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako deitutako grebetan EAEko Udaletxeetan gizarteari eman behar zaizkion funtsezko zerbitzuak mantenduko direla bermatzen duena, jakinaren gainean egon zaitezen eta dagozkion ondorioak izan ditzan.

ZERBITZU MINIMOEN AGINDUA

Ezohiko erregularizazio-prozesuari buruzko informazio eta baliabide guztiak webgune hauetan daude eskuragarri:

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundea-k (OME) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen. Mugarri garrantzitsua izan zen, izan ere, LGTBI pertsonen eskubideen aitortzan urrats erabakigarria ekarri zuen. 2005etik, egun hau LGTBIfobiaren aurkako borrokarako eguna bihurtu da. Urte hauetan, hainbat aurrerapen egin dira lege- eta gizarte-esparruetan, eta horren ondorioz, babes handiagoa eta aitortza handiagoa eman zaio sexu- eta genero-aniztasunak dakarren aberastasunari.

Ikuspegik argitaratutako azken inkestan (“Diskriminazioaren inguruko pertzepzioak eta jarrerak Euskadin (EPADE) 2025”) islatzen da euskal herritarrek aniztasunaren aldeko jarrera dutela gehienbat. Zehazki, EAEko pertsonen % 77,8k dio nahiago duela askotariko gizarte batean bizi. Hala ere, aurrerapen horiek oraindik ere kezkagarriak diren errealitateekin talka egiten dute. Azken datuek erakusten dute diskriminazioak bere horretan dirauela. Zehazki, Euskadin, biztanleen %15 inguruk adierazi du azken urtean diskriminazioren bat pairatu duela. Egoera horien %76 baino gehiago ez dira salatzen, eta horrek zuzenean eragiten die LGTBI pertsonei.

Zenbait kolektibok, hala nola trans pertsonek, lesbianek, adinekoek, pertsona arrazializatuek edo desgaituek, zailtasun handiagoak dituzte oraindik askatasunez eta berdintasunez bizitzeko. Kasu askotan, gainera, egoera horiek areagotu egiten dira diskriminazio-faktore desberdinen konbinazioaren ondorioz. Errealitate horien aurrean, erantzun espezifikoak eta egokituak eman behar dira. Azken urteotan gorroto-diskurtsoek eta espazio publikoetan gertatzen ari diren erasoek gora egin dute, eta horrek agerian uzten du, urratsak ematen ari diren arren, benetako berdintasuna oraindik ez dela lortu.

LGTBI pertsonen eskubideak defendatzea giza eskubideak defendatzea da. Aniztasuna bermatzea, diskriminazioari aurre egitea eta ingurune seguru eta errespetuzkoak eraikitzea da. Izan ere, gizarte bidezkoago, anitzago, inklusiboago eta berdinzaleago bat eraiki ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona oro askatasunez, ikusgarritasunez eta eskubide guztiekin bizitzea.

Eusko Jaurlaritzak beste behin berretsi du pertsona guztien eskubideen defentsarekiko duen konpromiso irmoa, salbuespenik gabe. Horretarako, politika publikoak garatzen eta ezartzen ari da; ERABEREAN Sarea sendotzen; eta Berdindu Zerbitzua bezalako zerbitzuak indartzen. Helburua da LGTBI-fobiari modu egituratuan aurre egitea.

 Maiatzak 17

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren
adierazpen instituzionala

1990eko maiatzaren 17an, OMEk,
Osasunaren Mundu Erakundeak,
homosexualitatea gaixotasun mentalen
zerrendatik atera zuen.
Oso urrats garrantzitsua izan zen
LGTBI pertsonen eskubideak aintzatesteko.

2005etik, egun honetan
LGTBIfobiaren aurka borrokatzen da,
hau da, LGTBI pertsonen aurkako
arbuioaren edo diskriminazioaren aurka.

Urte hauetan aurrerapausoak eman dira
legeetan eta gizartean.
Orain babes eta onarpen handiagoa dago
sexu- eta genero-aniztasunarekiko.

Ikuspegiren inkesta baten arabera,
Euskadiko pertsona askok positiboki baloratzen dute
gizarte anitz batean bizitzea.
Adibidez, 10 pertsonatik ia 8k
diote nahiago dutela
dibertsitatea duen gizarte batean bizi.

Baina oraindik arazoak daude.
Euskadin, biztanleriaren ia % 15ek dio
diskriminazioa jasan duela azken urtean.
Gainera, 10 kasutik 7 baino gehiago ez dira salatzen.
Horrek LGTBI pertsonei ere eragiten die.

Hainbat taldek zailtasun gehiago dituzte,
adibidez, trans pertsonek, lesbianek,
adinekoek, pertsona arrazionalizatuek
eta desgaitasunen bat duten pertsonek.

Batzuetan, pertsona horiek
hainbat diskriminazio mota jasaten dituzte aldi berean.
Leku publikoetako gorroto-diskurtsoak
eta erasoak ere ugaritu egin dira.

Horrek erakusten du oraindik
ez dela benetako berdintasuna lortu.

LGTBI pertsonen eskubideak defendatzeak
giza eskubideak defendatzea esan nahi du.
Horrek esan nahi du aniztasuna errespetatzea,
diskriminazioaren aurka borrokatzea
eta espazio seguruak eta errespetuzkoak sortzea.

Gizarte justu eta berdinzalea bakarrik da posible
guztiok aske, ikusgarri eta eskubide berberekin bizi bagaitezke.

Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien eskubideak
defendatzeko konpromisoari eusten dio.
Horretarako, ERABEREAN Sarea eta Berdindu bezalako
politika publikoak eta zerbitzuak bultzatzen jarraitzen du,
LGTBIfobiaren aurka borrokatzeko.

LGTBIfobia: LGTBI kolektiboko pertsonekiko
arbuioa, diskriminazioa edo gorrotoa.

LGTBI Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual

eta Intersexualen siglak dira.

Trans pertsonak: Transexual eta transgenero pertsonak.

Sexu- eta genero-aniztasuna: sexu- eta genero-identitate desberdinak,
hau da, pertsona batek bere burua, gorputza edo ezaugarriak
nola ikusten edo sentitzen dituen.
Pertsona batzuk gizon jaio eta emakume sentitzen dira,
beste batzuk emakume jaioeta gizon sentitzen dira,
eta beste batzuk ez dira ez gizon ez emakume sentitzen.

  • Gida tresna baliagarria da udalek eta erakundeek egunero, eta harreman-gune guztietan, hala nola aisialdian, kirolean eta kulturan, hizkuntzaren erabilera sustatzeko.

EUDELek euskal udalen esku jarri du “Euskaraz eskaintzetik, erabilera sustatzera” Gida. Tresna praktiko berri honen helburua da udalerriei beren tokiko estrategiak diseinatzen eta garatzen laguntzea, haurrek eta nerabeek eskolatik kanpo euskaraz hitz egin dezaten, sozializazio-gune desberdinetan, hala nola aisialdian, kirolean edo kulturan.

Euskararen sustapenean jauzi kualitatiboa eman nahi dute euskal udalek: haurrek eta nerabeek egunero hizkuntza modu aktiboan erabiltzea lortu nahi dute. Eta, horretarako, ez da nahikoa euskarazko jarduerak programatzea; erabilera erreal eta esanguratsu baterako diseinatu behar dira. Hori da EUDELek aurkeztutako gida berriaren helburua; izan ere, gomendio eta estrategia erabilgarriak eskaintzen dizkie udal-teknikariei eta jarduera kudeatzen duten erakundeei eta elkarteei. Hainbat testuingurutara (kanpamentuak, ludotekak, kirol- edo kultura-jarduerak) egokitutako adibideak ditu.

Ekimen horien eragina, neurri handi batean, udaletako teknikarien, erakunde kudeatzaileen eta hezitzaileen arteko lankidetzaren mende dago. Hori dela eta, gidak prozesu egituratu bat proposatzen du, hasierako diagnostikotik amaierako ebaluaziora, helburuen definiziotik eta estrategiaren aplikaziotik pasatuz.

Jarduerak hasieratik diseinatu behar dira helburu horrekin, kontratazio-orrietan, familientzako komunikazioetan eta enpresekin edo/eta elkarteekin eduki beharreko koordinazioan ere txertatuz. Berritasun gisa, gidak tresna telematiko bat du, euskararen erabilerak jardueretan duen bilakaeraren jarraipen erraza egiteko, erabakiak hartzea eta etengabe hobetzea erraztuz.

Informazio gehiago:

Gida osoa eta segimendua egiteko tresna hemen daude:

GIDA-WEBGUNEKO BALIABIDEAK

Udalentzako gidaren aurkezpenaren bideoa (2026/05/11 webinarra)