Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Gizonduz, berdintasunaren aldeko gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko zerbitzuaren eskutik, euskal udalerrietako teknikariei eta politikariei prestakuntza eman zaie
  • Saio horiek Berdinsarearen gainerako sentsibilizazio-ekimenekin bat egiten dute, jai-gune seguruak eta eraso matxistarik gabeak lortzeko

Gasteiz, 2026/05/08

Emakundek eta EUDELek, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarearen bitartez – Berdinsarea-, Berdintasunezko Tokiko Jaien Laborategiaren bi saio bultzatu dituzte, euskal udalerrietako teknikarien eta politikarien prestakuntzan aurrera egiteko.

Oraingoan, gizonen erantzukizunean eta inplikazioan jarri da arreta. Gizonduz Berdintasunaren aldeko gizon eta maskulinitateen Euskal Zerbitzuaren laguntzarekin, bi tailer egin dira gizonek jai-guneetan nola parte hartzen duten eta ingurune horietan eraso matxisten prebentzioan duten zeregina aztertzeko.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gogorarazi du gizonen inplikazioa erabakigarria dela berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko, eta are gehiago tokiko jaien gai zehatzean. Adierazi duenez, “herri eta hiri gehienetan urrats nabarmenak eman dira eta guztiok dugu jaietan espazio libre eta seguruak eraikitzeko ardura “.

Elgarrestak azpimarratu duenez, ekimen horien azken helburua da “jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, beti gogoan izatea emakumeentzako espazio seguruak eta askatasunezkoak izan behar dutela, eraso matxistarik gabekoak”.

EUDELen ordezkari gisa, Nati López de Munain Burgeluko alkateak ere parte hartu du tailerretan. “Udalerriok aukera dugu praktika berdinzaleagoak entseatzeko, non pertsonek, gizonek eta emakumeek, beren aniztasun osoan, espazio guztiak partekatzen dituzten eta elkarrekin bizitzeko eta jaiez gozatzeko aukera duten, baldintza berdinetan: ikusgarritasunean, ospatzean eta parte-hartzean”.

Gizonduz-eko prestatzaile Josetxu Rivierek zuzendu ditu bi jardunaldiak, bata politikariei zuzendua eta bestea berdintasuneko teknikariei eta herriko jaien antolaketan inplikazioa duten beste udal-eremu batzuetako teknikariei. Maskulinitateei eta berdintasunari buruz hausnartzeaz gain, gizonak berdintasuna lortzera eta indarkeria matxistaren aurka egitera bideratutako esku-hartze metodologiak ere landu dira, bai eta gizonek jai-guneetan duten parte-hartzeari buruzko egoera praktikoak ere.

Aldi berean, Emakundek, urtero bezala, sentsibilizazio-materialak zabalduko ditu erakundeen artean, errespetuzko jaiak eta erasorik eta jarrera matxistarik gabekoen aldekoak.

  • Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren 18. edizioa maiatzaren 21ean eta 22an egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean
  • Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera eta maiatzaren 13ra arte luzatuko da  

Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa, maiatzaren 21ean eta 22an egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Justizia linguistikoa izango da aurtengo edizioan hizpide, eta, bi egunetan, justizia linguistikoa ikuspegi filosofiko eta politikotik lantzeko ahalegina egiteaz gaiz, hizkuntza gutxituak indarberritzeko oinarriez hitz egingo da.  

Justizia linguistikoa: diskurtsoak, praktikak eta oinarriak berdintasuna helburu izenburupean, justizia linguistikoa izango da aurtengo jardunaldian ardatz. Bi egunetan zehar, justizia linguistikoa ikuspegi filosofiko eta politikotik lantzeko ahalegina egingo da, eta, besteak beste, hizkuntza gutxituak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azalduko dira; oinarri horiek hizkuntza-politiken marko teoriko eta praktikoetara nola ekarri; araubideetan nola islatu…

Hitzaldi sorta zabaltzeko, Vicenta Tasa Fuster (Oliva, 1974) gonbidatu dugu, berea izango da XVIII. edizioa zabaltzeko ardura. Valentziarra Konstituzio Zuzenbideko irakaslea da Valentziako Unibertsitatean eta bere hitzartzean, justizia linguistikoaren ikuspegi filosofiko eta politikoa eskainiko du eta egoera minorizatuan dauden hizkuntzak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azaltzen ahaleginduko da.

Gainerako gonbidatuen artean, besteak beste, Xabier Arzoz Santesteban, UNEDeko Zuzenbide Administratiboko katedraduna; Iñigo Urrutia Libarona, EHUko Justizia Soziolinguistikoaren Katedrako zuzendaria; edota, berdintasun soziolinguistikorako Equiling izeneko ekintza-ikerketan aritu den Soziolinguistika Klusterreko Miren Otxotorena Aranguren.

Egitarauak badu berrikuntza nagusi bat. Izan ere, aurten ez da ohiko talde-lanik egingo. Bere ordez, Gure plaza, lekukotasunak eta eztabaidak izeneko dinamika egingo da bigarren egunean, ostiralean. Justizia linguistikoarekin lotura duten lau errealitate azalduko dira, euskararen lurralde guztiak ordezkatuz (Nafarroa, Iparraldea, Araba eta Bizkaia-Gipuzkoa). Eta jarraian, eztabaida-plaza sustatuko da. Bertan, dinamika ezberdinak baliatuz, parte-hartzaileek beren iritziak plazaratzeko aukera izango dute.

Izen-ematea, zabalik

Maiatzaren 21ean eta 22an egingo den topaketarako izen-ematea zabalik da, maiatzaren 13ra arte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da; bi aukera izango dira jardunaldia jarraitzeko, aurrez aurre edo online. Prezioa, berriz, aukeratutako formatuaren araberakoa izango da: aurrez aurre, 70 €, eta, online, 30 €.  Lehenengo aukerak osteguneko bazkaria, bi egunetako hamaiketakoa eta Udaltopen materiala barneratzen ditu. Online aukeratzen dutenek jardunaldia jarraitzeko lotura jasoko dute jardunaldia hasi baino aste bete lehenago.

Antolatzaile lanetan euskararen lurralde guztietako erakundeak ariko dira: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala. Laguntzaile gisa, berriz, EUDEL, UEMA eta Kataluniako Consorci per a la Normalització Lingüística (CPLN) erakundea bidelagun izango dira.

Informazio gehiago: https://www.udaltop.eus/eu/

Apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, oraindik ere beharrezkoa da lesbianen ikusgarritasunaren aldeko adierazpen argia egitea: gaur egun oraindik ere, lesbiana asko ez dira ausartzen beren bizitzaren esparru guztietan lesbiana direla esatera.

Familia, lana, lagunartea edo aisialdirako guneak oraindik ere ez dira beti espazio seguruak lesbiana askorentzat. Sarritan, aurreiritziak edo ondorio negatiboak agertzen dira haien bizitzetan. Ikusezintasunak, gainera, kostu handia du: askotan, eskubideak modu libre eta berdinean baliatzea eragozten du.

Zertarako balio du eskubideak izateak, eskubide horiek baliatzeko baldintzak betetzen ez badira? Zergatik dirudi oraindik ere LGTBIQ+ pertsonek eta, kasu honetan, emakume lesbianek dutela agerian jarri beharraren garrantzia?

Herritar guztien eskubideen aldeko borroka erantzukizun kolektiboa da. Gizarte anitza eta irekia eraikitzea dagokigu, sexu- eta genero-aniztasuna errespetatuko duen gizartea. Pertsona guztiek eskubide berak aitortuta izan behar dituzte, eta, gainera, eskubide horiek askatasunez eta beldurrik gabe baliatzeko aukera erreala izan behar dute. Hori guztion ardura da.

Gizarte osoari dagokio, halaber, lesbofobiari eta lesbianek jasaten dituzten diskriminazio- eta indarkeria-mota guztiei aurre egitea. Adinekoek, gazteek, migratuek, aniztasun psikikoa dutenek, kalteberatasun-egoeran daudenek eta abarrek oso zaila izango dute beren eskubideez baldintza berdinetan gozatzea, beharrezko baldintzak betetzen ez badira.

Gaur, lesbiana guztiak aldarrikatu nahi ditugu, bai ikusgarri direnak bai ez direnak. Era berean, euskal gizarte osoari —pertsonei, elkarteei, kolektiboei, erakundeei eta organismoei— dei egiten diegu elkarrekin lan egin dezagun, lesbiana bakar batek ere ikusgarri izateak merezi ez duela pentsa ez dezan.

Apirilaren 26a. Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguneko manifestua

Gaur, apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna da.
Egun hau garrantzitsua da, emakume lesbiana askok oraindik ez dutelako esan hala direnik, eta beren bizitzako espazio batzuetan beldurra dutelako.

Emakume lesbiana batzuek arbuioa sentitzen dute familiaren, lanaren, lagunen edo aisialdiaren esparruan. Hori gertatzen da aurreiritzi edo ondorio negatiboen beldurragatik.

Ikusgai ez izateak, hau da, bat den bezala ez agertzeak ondorioak izan ditzake. Esan nahi du eskubideak ezin erabiltzea edo beldurrez edo segurtasunik gabe bizitzea. Eskubideak izatea ez da nahikoa ezin badira erabili.

Ikusgarritasun lesbikoa ez da soilik LGTBIQ+ pertsonen erantzukizuna. Gizarte osoak errespetatu behar du aniztasunaeta pertsona guztiei  erakutsi behar die babesa.

Helburua da gizarte irekia, errespetuzkoa eta beldurrik gabea lortzea. Horregatik da garrantzitsua lesbofobiaren, diskriminazioaren eta indarkeriaren aurka borrokatzea.

Emakume lesbiana guztiek berdintasunez bizitzeko aukera izan behar dute: gazteek, adinekoek, migratzaileek, gaitasun desberdinak dituztenek, edo kalteberatasun-egoeran daudenek.

Gaur lesbiana guztiak babestu nahi ditugu. Aho betean esan dutenei. Eta esaten ez dutenei. Euskal gizarte osoa gonbidatzen dugu:
pertsonak, elkarteak, kolektiboak, erakundeak eta organismoak, emakume lesbiana bakar batek ere pentsa ez dezan ikusteak ez duela merezi.

Lesbiana: Emakume homosexuala, emakumeenganako
erakarpen sexual, fisiko eta sentimentala sentitzen duena.

Aurreiritzia: ezagutu aurretik pertsona bati
edo gai bati buruz izaten den ideia da.

LGTBIQ+: Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual,
Intersexual, Queer eta beste batzuen siglak dira (+).

Lesbofobia: emakume lesbianen aurkako
arbuioa, diskriminazioa edo gorrotoa.

Kalteberatasuna: pertsonak bizitzan
zailtasun gehien dituen egoera
(ekonomikoak, osasunekoak, familiakoak, etab.)
eta babes eta laguntza handiagoa behar duena.

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Basaurin izan zen emakumearen  erailketaren aurrean,  Ertzaintzak kasua genero indarkeriaren eremuan dagoela iritzi ondoren. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta  hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

2026eko apirilaren 3an.

Martxoaren 31n Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Egun hori funtsezkoa da trans pertsonen errealitatea, duintasuna eta eskubideak aitortzeko, bai eta gizartea sexu eta/edo genero-identitateagatiko edozein diskriminazio-moduren aurrean sentsibilizatzen jarraitzeko ere.

Azken urteotan aurrerapen nabarmenak egin dira transen eskubideen aitorpen juridikoan, bai nazioartean, bai estatuan eta autonomian. Alde batetik, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI eskubideak bermatzeko Legea, eta, bestetik, genero-identitateagatik ez baztertzeari eta Euskadin trans pertsonen eskubideak aitortzeari buruzko 4/2024 Legea onartzea urrats sendoa izan da legezko berdintasuna sendotzeko bidean.

Hala ere, arau-esparru bermatzaile bat egotearekin batera, hura modu eraginkorrean aplikatu behar da, eta trans pertsona guztien eta haien inguruneen ongizatea sustatuko duen gizarte-konpromiso iraunkor bat izan behar da. Ikusgarritasuna ez da soilik gai sinboliko bat: babesteko, aitortzeko eta gizartea eraldatzeko tresna bat da. Trans errealitateak ikusaraztea lagungarria da aurreiritziei aurre egiteko, estereotipoak desmuntatzeko eta bizitzako esparru guztietan ingurune seguruak sortzeko. Ikusgarritasun horrek belaunaldi guztiak hartu behar ditu barne, trans txikien, helduen eta adinekoen esperientziak aitortuz, eta horietako bakoitzak babesa, errespetua eta laguntza egokia izatea bermatuz.

Berdindu LGTBI Euskal Zerbitzutik, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, trans pertsonen eskubideak defendatu eta sustatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, baita behar dutenei laguntza eta babesa ematekoa ere. Euskal gizarte osoa animatzen dugu komunitate inklusibo bat eraikitzen jarraitzera, aniztasuna balio demokratiko gisa eta erabateko bizikidetzaren oinarri gisa uler dadin.

Aniztasunak gizarte gisa indartzen gaitu. Pertsona guztien eskubideak bermatzea ez da aukera bat, erantzukizun kolektibo bat baizik.

  • Lantalde horren 70. bilera EUDELen egoitzan egin da, eta 2026 hausnarketa estrategikoko urtea izango dela azpimarratu du, non klima eta energia sarearen lehentasun nagusiak izango diren.

Udalsarea 2030ek Batzorde Teknikoaren 70. bilera egin du astearte honetan. Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDELen) egoitzan, jasangarritasunaren alorreko tokiko erronkei batera heltzeko hitzordua izan da, eta berrogeita hamar bat toki-erakundek hartu dute parte, horietatik hamar bat eskualdeko erakunde izanik.

Joseba Intxausti Iztuetak, EUDELeko jarduneko zuzendariak, jardunaldia ireki du “alkatetzak trantsizio energetiko eta klimatikoari aurre egiten ari direla” baieztatuz, eta gai horiek izan dira hizpide bileran. “Erronka globala eta zeharkakoa da, eta tokiko gobernuek funtsezko rola dute klima-aldaketaren ondorioak geldiarazteko. Asmo handiko lan partekatua da”.

Alexander Boto Bastegietak, Ihobeko zuzendari nagusiak, sareak biziko duen etapa berria aipatzen jarraitu du: “2026 hau hausnarketa estrategikoko urtea izango da, non helburuak eta lan ildoak birdefinituko ditugun hitzarmen berri baten bidez, klima eta energia ardatz hartuta. Era berean, proiektu zehatzak ekarriko dituen ekintza bat bultzatu nahi dugu”.

Izan ere, 2026an amaituko da sarearen Plan Estrategikoa. Bileran, joan den urtera arte egin den ebaluazioa partekatu da. Bertan, sarearekiko atxikimendu handia (260 erakunde, Euskadiko udalen % 90) edo gero eta udalerri gehiagok garatu dituzten Klima eta Energia Planen onarpena nabarmentzen dira.

Euskadiko Emisio Gutxiko Eremuen ikaskuntzak

Batzorde Teknikoaren bilerak balio izan du Udalsarea 2030eko Emisio Gutxiko Eremuen (EGE) lantaldearen ondorioen dokumentua aurkezteko. Lantalde hori, 2023tik 2025era bitartean, EGE bat ezartzeko legezko betebeharra duten euskal udalerriek (Barakaldo, Bilbo, Donostia, Getxo, Irun eta Vitoria-Gasteiz) osatu zuten, eta erronkak, arazoak eta konponbideak bateratzeko balio izan zuen, ezarpenean arrakastaz aurrera egiteko. Gainera, arlo juridikoan aditua den laguntza tekniko baten laguntza izan zen.

Hainbat bilera egin ondoren, taldeak bere ikaskuntzak bildu ditu aurkeztutako dokumentuan. “50.000 biztanletik gorako udalerriez gain, airearen kalitateari buruzko araudian araututako muga-balioak gainditzen dituzten 20.000 biztanletik gorako udalerriek ere EGE bat ezarri behar dute. Gaur egun, Euskadin ez dago bakar bat ere, baina ezarriko den EBko zuzentarau berriarekin baliteke baietz. Beste lurralde batzuetan judizializatutako EGEen ikaskuntzen artean, ikusi genuen ez zela behar bezala justifikatzen EGEaren ezartzea”, adierazi du Sofia Aranak, Ekoiure laguntza teknikoko arduradunak.

Etorkizuneko ezarpenak errazteko, dokumentuak EGEen oinarrizko ezaugarriak, bermatu behar dituen printzipioak, taldearen ikaskuntzak (judizializazioari dagokionez) eta bestelako informazio interesgarria biltzen ditu. Ezarpen-prozesua irudikatzeko, Virginia Fernández Escuderok, Bilboko Udaleko Mugikortasun Proiektuen Bulegoko buruak, eta Ana Juaristik, Donostiako Udaleko Ingurumen Osasun eta Jasangarritasun Zerbitzuko buruak, beren udalerrietako esperientziak partekatu dituzte.

Klima eta energia, Udalsarea 2030en oraingo eta etorkizuneko ardatzak

Bilerak sarearen lanaren ardatz izango diren bi gai nagusiekin jarraitu du: klima eta energia. Ildo horretan, Izaskun de Allendek, Ihobeko Ekintza Klimatikoaren arlokoak, arlo horretako tokiko plangintzari eta Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari heldu die: “Azken bileratik aurrerapauso handiak eman dira, eta beste 30 bat Klima eta Energia Plan (KEP) ditugu. Guztira, 130 udalerrik badute edo egiteko bidean daude”.

Horrela izan da Alkateen Itunari emandako atxikimenduekin ere: “Handituz joan gara, nahiz eta atxikimendu horri etekina ateratzeko hainbat modu aurkitu ditugun”, adierazi du de Allendek. Beste ideia bat ere indartu du: Udalsarea 2030 laguntza-sare bat da, eta hainbat baliabide, tresna, aholkularitza eta abar eskaintzen ditu, hala KEPak ezartzeko, nola horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko: KEPetarako gida eguneratua, horiek kontratatzeko giltzarriak, Euskadin ezarritako NOKen arrakasta-kasuei buruzko argitalpena

Mari Mar Alonsok, Ihobeko Ekintza Klimatikoaren arloko zuzendariak, LIFE 2026 deialdiak Naturan Oinarritutako Konponbideen proiektu bat aurkezteko duen aukera azaltzen jarraitu du. Proiektu horrek erakundeen laguntza behar du: “Planak edo proiektuak garatu zituztela bagenekien eskualde-erakundeekin harremanetan jarri gara, eta LIFE proiektu bat abiaraziko dugu eskualde-ikuspegi horrekin. Horrek balio bereizgarria emango duela deritzogu. Proiektuak edo esparruak ezarrita badituzue, esan iezaguzue eta ikusiko dugu nola eratu proiektu hau proposamen indartsu bat osatzeko eta deialdira aurkezteko”.

Tokiko ekintzarako agertokia

Bi udalerrik tokiko ekimenak aurkeztu dituzte bileran. Lehenengoa Trapagarango Birnaturalizazio Plana izan da: “Gure egunerokotasunean azpiegitura berdea eta NOKak txertatuz hasi ginen. Ez ginen proiektu handi batekin hasi, egunerokotasuna naturalizatuz baizik: plangintza, diseinua, exekuzioa…”, kontatu du Mikel Garcia Aguado Udaleko arkitekto teknikoak. Lehenengo pausuak landaredian aldaketak egitea izan zen, bai eta ibaiertzetan eta ibai-espazioetan ere, zuhaitzen hautaketan eta inausketan, HDSJak ezartzea… 2022tik aurrera hasitako ekintzek Plan Zuzentzaile Berde bat eman zuten ondorio, “ezagutzaren oinarri ordenatua”, espazio horien erabilera soziala ere barnean hartzen duena. Birnaturalizazio Planak ikuspegi hori handitu du, eta estrategia zabalagoa eta egituratuagoa eman du. Nabarmentzekoa da talde teknikoaren, lorezaintza-zerbitzuaren eta udal-brigadaren etengabeko lanaren garrantzia.

Pilar Azurmendi Etxegarai Orioko Udaleko arkitektoak udalerriko Klima Aldaketara Egokitzeko Plana partekatu du. “Klima aldaketa hemen da. Arazoak gero eta kritikoagoak dira eta gero eta presio handiagoa dago”, adierazi du Azurmendik. Uholdeak, ekaitzak eta haizeteak, luiziak, suteak eta abar izateko arriskua gero eta handiagoa da udalerrian. Horiei aurre egiteko, Planak hondartzan duna bat, urmael bat, zona antropizatuak edo hezeguneak berreskuratzea, babesleku klimatikoen mapa bat sortzea… bezalako NOKak aurreikusi ditu.

Aitor Senar Enekotegi Arabako Errioxako Ingurumen teknikariak ere Lezon egindako proiektu txiki bat aurkeztu du: “Gure arbasoen ezagutza kopiatuz, ardoaren tenperatura mantentzeko moduetan oinarritzen gara, pertsonei aplikatzeko. Hiri-baso bat hobetzea eta haren balioa nabarmentzea planteatu da, beroaren aurrean espazio egokituak sortzeko, hiri- espazioen arteko lotura izango direnak. Proiektu pilotu bat egin nahi da, beste udalerri batzuetan errepikatu ahal izateko”.

  • Lantalde honen hurrengo bilera martxoaren 24an izango da, Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan.
  • Batzorde Teknikoa berriro ere udalerrien esperientziak partekatzeko agertoki bat izango da.

Udalsarea 2030ek Batzorde Teknikoaren hurrengo bilera egingo du EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan, tokiko erakundeei modu koordinatuan jasangarritasunaren, klimaren eta energiaren arloan babesa ematen laguntzeko aukera bat.

Hitzordua martxoaren 24an izango da, Bilbon, eta lehentasunezko hainbat ildo izango ditu ardatz. Ekitaldia Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusiak eta Joseba Intxausti Iztueta EUDELeko jarduneko zuzendariak irekiko dute.

Udalsarea 2030en jardueraren errepaso orokorra hiru ardatzetan oinarrituko da: lehenik eta behin, sarearen 2022-2026 Plan Estrategikoaren jarraipena eta ebaluazioa partekatuko da, aurten amaituko dena; ondoren, hurrengo eskualde-topaketak iragarriko dira, sarearen lana hurbiltzea eta eskualde bakoitzeko erronkak hurbiletik ezagutzea helburu dutenak; eta, azkenik, Udalsarea 2030ek bultzatutako Emisio Gutxiko Eremuen lantaldearen emaitza aurkeztuko da. Azken puntu horretan, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun arloko Virginia Fernández Escuderok hartuko du parte, eta hiriko EGEaren gaurkotasunari helduko dio.

Bileraren hurrengo puntua klimaren eta energiaren arloko tokiko plangintzari eta Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari buruzkoa izango da. Zehazki, Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Euskal Itun Soziala, Klima eta Energia Planak eta Alkateen Ituna eta LIFE 2026 deialdiaren Naturan Oinarritutako Irtenbideei buruzko eskualdeko proiektuaren hautagaitza aztertuko dira.

Batzorde Teknikoa berriro ere udalerrien esperientziak partekatzeko agertoki bat izango da. Zehazki, lurzoruen eta klima-egokitzapenaren arloko tokiko bi ekintza partekatuko dira: Trapagaran birnaturalizatzeko plana, Mikel García Aguado udaleko arkitekto teknikoaren eskutik; eta Orioko Klima Aldaketara Egokitzeko Plana, Pilar Azurmendi Etxegarai udal-arkitektoaren eskutik.

Bileraren azken zatia Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 2050erako Euskadiko Ibilbide Orriari heltzeko izango da. Tokiko erakundeekin alderatzeko dinamika baten bidez egingo da, eta aurkezpenaren ondoren ekarpenak egin ahal izango dituzte. Eta, amaitzeko, landu beharreko gaien artean hondakinak (amianto erroldak, ordenantza eta udal tasa) eta sareko hurrengo ekitaldi eta mugarriak daude.

  • Berdinsareak 20 urte daramatza sareko udal-lana garatzen, eta euskal herritar guztiei estaldura ematen die hiru lurraldeetako tokian tokiko 89 erakunderen bidez.
  • 2026ko Ekintza Planak honakoa sendotuko du: indarkeria matxistaren prebentzioa, tokian tokiko protokoloen eguneraketa, genero-ikuspegiaren ezarpena tokian tokiko politika guztietan eta udal txikientzako programak.

Bilbon, 2026ko martxoaren 16an. Gaur, Euskadiko udaletako hainbat alkate eta zinegotzi bildu dira Bilbon Berdinsareako urteko osoko bilkuran. Udalen sarea EUDELek eta Emakundek bultzatu dute, eta berdintasunerako tokian tokiko politikak sendotzea eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea dauka helburu.

Topaketa EUDELeko egoitza nagusian egin da, eta, bertan, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak parte hartu dute, baita beste udal-ordezkari batzuek ere. Gaur egun, Berdinsareak tokian tokiko 89 erakunde ditu kide: Arabako 20 udal eta 2 kuadrilla; Bizkaiko 43 udal; eta Gipuzkoako 24. Sarea EAEko berdintasunerako tokian tokiko politiken “aitzindari-taldea” da, baita Euskadiko udal guztiei partekatzen zaizkien jarduera egokien eta esperientzia berritzaileen sustatzailea ere.

Berdintasunaren aurkako mezuak (gazteentzako eta arlo digitaleko mezuak, batez ere) eta emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko negazionismoa ugaldu egin direnez, instituzioek gogorarazi dute zeinen garrantzitsua den “berdintasuna giza harremanen eremu guztietan areagotzea politika eta baliabide publikoen bitartez”.

Euskadiko udalek elkartasuna areagotu dute, berdintasuna funtsezko giza eskubidea eta “demokraziaren zutabe negoziaezina” dela defendatzeko. Horrez gain, azpimarratu dute berdintasunezko balioetan oinarritutako hezkuntzak funtsezko zeregina duela belaunaldi berrien artean.

2026. urte hau une gogoangarria izango da Berdinsarearentzat. Estatuko lehenengo udal-sareak 20 urte beteko ditu orain, eta, ibilbide horretan, Euskadiko gainerako instituzioekin nahiz Europakobeste sare batzuekin lan egin du. 20. urteurrena ospatzeko asmoz, jardunaldi berezia egingo da urriaren 8an, eta, bertan, aitortu egingo da berdintasunerako udal-teknikariek zereginaitzindaria izan dutela euskal gizartearen eraldaketan.

“Berdintasunerako politikak beharrezkoak dira”

Udaletako ordezkariekin egindako topaketan, bi instituzioek baterako mezu irmoa igorri dute:

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “berdintasunerako politikak ezin dira alde batera utzi”, eta feminismoaren lorpenak gaitzesten edo kolokan jartzen dituztenek “honakoa dute helburu: berdintasunezkoagoa, askeagoa eta demokratikoagoa den gizarte bihurtu gaituen indarra banatzea”. Testuinguru horretan, Derioko alkatea ere badenaren esanetan, udalen eta sareko lanaren arteko lankidetza indartu beharra dago hurbil-hurbiletik. “Gaur egun, Berdinsareako udalen bultzada inoiz baino beharrezkoagoa da, berdintasunaren erronkan aurrera egiten jarraitzeko”.

Halaber, Apraizek azpimarratu duenez, bide horretan funtsezkoa da “gizonen konpromiso aktiboa” edukitzea, berdintasunezkoagoak eta erantzukideagoak diren harremanetarantz aurrera egiteko.

Bestetik, Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak, martxoaren 8ko azken kanpainaren “Eman tokia berdintasunari” leloa gogorarazi du, eta, zentzu horretan, honakoa nabarmendu du: “azken hamarkadotan, aurrerapauso handiak eman dira berdintasunaren aurrerakuntzan, baina, hala ere, ez da bermatutako lorpena, zaindu, babestu eta egunez egun zabaldu behar dugun eremua baizik”.

Era berean, gogora ekarri du Berdinsarea orain dela 20 urte sortu zela EUDELen eta Emakunderen arteko lankidetzaren esparruan. Gainera, orain, “20 urte geroago, Berdinsarean sinesten jarraitzen dugu, oso tresna garrantzitsua delako emakumeen eta gizonen berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria udal-arloan eta herritarrekiko hurbiltasunaren arloan lantzeko”. Horrez gain, jakin badakite gaur egun Berdinsarea erreferentea dela politika publikoak eta berdintasunerako politikak egiteko moduetan, baita nazioarteko mailan bertan ere.

2026ko ibilbide-orria: indarkeriaren prebentzioa eta landa-ingurunerako laguntza

Osoko bilkuran bertan, aurten tokian tokiko ekintza gidatuko duten lerro estrategikoak aurkeztu dira, eta zeharkakotasunari nahiz udalentzako laguntzari eman zaie lehentasun berezia:

  • BERDINSARE(H)ABIAN programa: berdintasunerako politikak sustatzea ahalmen ekonomiko eta kudeaketa-ahalmen txikiagoa duten udalentzat.
  • Indarkeria matxista: erantzun instituzionalerako protokoloak eguneratzea eta prebentziorako gidalerro berriak ezartzea.
  • Praktikarako komunitateak: hirigintzan, udal-aurrekontuetan edo/eta zainketetarako politiketan, genero-ikuspegia kontuan hartzea.
  • Berdintasunezko jaiak: arduradun politiko eta udal-teknikarientzako prestakuntza-tailerrak egitea.