Eudel

Author

eudel

Azken berriak

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Barakaldon izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta  hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek no8la euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egin du Barakaldoko Udalak deitutako elkarretaratzearekin, bihar, asteartea, 12:00etan, Herriko plazan; eta bat egiten du euskal udalerrietan antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2025eko abenduaren 22an.

Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea onartu dela-eta, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak prestakuntza-plan bat elkarrekin garatuko dute, lege-testu berri horren helburuak eta abantailak jakinarazteko eta lege-testu horren aplikazioaren inguruko zalantzak argitzeko. Helburu horrekin, aurreikusi da udal-kargu publikoentzako aurkezpen-saio bat egitea eta etxebizitza eta hirigintzaren arloko teknikarientzako lan-jardunaldi bat egitea lurralde bakoitzean.

Arduradun politikoak aurkezteko saioa urtarrilaren 14an izango da, 10:00etatik 12:30era, Lakua-Eusko Jaurlaritzako auditorioan (Gasteiz).

Izena emateko esteka: https://www.eudel.eus/destacados/inscripcion/eu/etxebizitza-legea/

Topaketa Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak zuzenduko dute, eta beraiekin izango dira analisi-lana egin duen eta lege-testua prestatzeko lanak egin dituen taldeko kideak. Lan-saio horretan, Legearen eduki nagusiak azaltzeaz gain, onartutako neurrien zentzu estrategikoan eta abian jartzearekin lortu nahi diren helburuetan sakonduko da. Era berean, araudi berria hedatu eta aplikatze aldera, Etxebizitza Sailak udalerrietan proiektu pilotuak garatzeko dituen planen berri emango du.

Etxebizitza eta hirigintza arloko teknikarientzako lan-jardunaldiak IVAPekin elkarlanean egingo dira, 09:30etik 13:30era, hiru lurraldeetan:

  • Urtarrilaren 21ean, Gasteizen (Lakua auditorioa)
  • Urtarrilaren 27an, Bilbon (Bizkaia Aretoa-EHU)
  • Otsailaren 6an, Donostian (Kursaal)

IVAPen bidez izena ematea

Joan den abenduaren 16an, EUDELek jardunaldi bat antolatu zuen udalentzat eta tokiko erakundeentzat, Giza Baliabideen Plangintza Estrategikoari eta horrek belaunaldi erreleborako eta ezagutzaren transferentziarako udal-plan espezifikoak egiteko duen garrantziari buruz. Saioa aurrez aurre eta online egin zen, eta administrazio publikoetako ehun bat ordezkari tekniko eta politiko bertaratu ziren.

Txosten nagusia Javier Cuencak aurkeztu zuen. Javier Cuenca Valentziako Herri Administrazioaren Institutuko (IVAP) zuzendariorde nagusi arduraduna da, aditua sektore publikoko giza baliabideen kudeaketan, eta irakasle eta ikertzailea Valentziako Unibertsitatean. Harekin batera, Haizea Corpa Consultores de Gestión Públicako bazkideak parte hartu zuen.

DESKARGATU DOKUMENTAZIOA

Egitaraua

– 1. HITZALDIA. GIZA BALIABIDEEN PLANGINTZA ESTRATEGIKOAREN ZEREGINA BELAUNALDIEN ARTEKO ERRELEBORAKO PROZESUETAN

  • Javier Cuenca Cervera. Valentziako Herri Administrazioaren Institutuko (IVAP) zuzendariorde nagusi arduraduna, Sektore Publikoko Giza Baliabideen kudeaketan aditua eta Valentziako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea.

GALDERAK EGITEKO ETA ESPERIENTZIAK TRUKATZEKO TXANDA

ETENALDIA

– 2. HITZALDIA. NOLA EGIN ZURE ERAKUNDEAREN BELAUNALDI-ERRELEBOKO ETA EZAGUTZA-TRANSFERITZEKO PLANA

  • Haizea Corpa Burguillo. CGPko bazkide-aholkularia

GALDERAK EGITEKO ETA ESPERIENTZIAK TRUKATZEKO TXANDA

JARDUNALDIAREN AMAIERA

  • 2026an, tokiko hautetsien funtsezko lana defendatzeko gomendioei eta mehatxuei buruzko lehen txostena argitaratuko da.
  • Proiektuak euskal estrategia propioa izango du, Lehendakaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzaren laguntzarekin.

2025eko abenduaren 10a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, eta Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak parte hartuko dute bihar Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokiaren (ODELL) aurkezpen ofizialean. Ekimen aitzindari honen helburua da Europan demokrazia oinarritik babestea, tokiko ordezkari hautetsien funtsezko lana aitortuz eta babestuz  (alkateak eta zinegotziak). Aurkezpen-ekitaldia Bruselan izango da, 15:30etik aurrera, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da: https://www.youtube.com/live/GWKkg-1shjs.

Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) adierazi duenez, gero eta gehiago dira kargua uztea erabakitzen duten tokiko hautetsiak, lan politikoaren tentsioengatik, bizitza pribatuaren inbasioagatik, eta desatxikipen-garai honetan denen ordezkari izateak dakarren higadura emozionalagatik. Zerbitzu publikoarekin duten eguneroko konpromisoak aintzatespena, laguntza eta babesa merezi ditu. Behatokia, hain zuzen ere, komunitateen ahotsa ordezkatzen duten pertsonei prestigioa emateko sortu zen, erakundeen babesa eta laguntza eskaintzeko, eta oztopoei eta mehatxuei aurre egiteko tresnak emateko.

Ekimenak premia gero eta handiago bati erantzuten dio: tokiko liderrek kontinente osoko mehatxu berrien aurrean (ziberjazarpena, desinformazioa, larderia- eta gorroto-kanpainak, etab.) dituzten arriskuak hobeto ulertzea, dokumentatzea eta jorratzea.

Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokiak Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE), EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen eta Bilboko Udalaren arteko maila anitzeko aliantza du oinarri, Eusko Jaurlaritzaren kolaborazio instituzionalarekin eta Milango Bocconi Unibertsitatearen babes zientifikoarekin.

Polarizazioko testuinguru geopolitiko global batean, totalitarismoen eta gorroto-diskurtsoen gorakadaren erdian, Europak gero eta sarriago ikusten ditu demokraziari lehen lerrotik eusten dioten pertsonen aurkako mehatxuak. Alkate eta zinegotziek jazarpenari, desinformazioari, larderia-kanpainei edo beren izen ona zikintzeko kanpainei egin behar diete aurre, batez ere sare sozialetan. Fenomenoak lurralde guztiei eragiten die. Ebidentzian oinarritutako erantzun koordinatu bat emateko, bihar Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokia (ODELL) aurkeztuko da Bruselan. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) ekimen hau demokrazia babesteko eta indartzeko sortu zen, pertsonengandik eta komunitatearengandik hurbilen dagoen espaziotik abiatuta: udalerrietatik, hain zuzen ere.

ODELL bihar aurkeztuko zaie Europako estamentu guztiei (Europako Batzordea, Parlamentua, Kontseilua), CMREren Bruselako egoitzan egingo den ekitaldi publiko batean. Bertan parte hartuko dute Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Michael McGrath Europako Demokraziako komisarioak, eta Gunn Marit Helgesen CMREko presidenteak, beste ordezkari batzuekin batera.  

Euskadi aukeratu da ekimen horren lurralde lider. Ekimena zenbait mailatako aliantza baten bidez artikulatzen da: EUDEL, Euskadiko udalerrien ordezkari gisa; Bilboko Udala, proiektuaren itsasargi-hiri gisa, eta Eusko Jaurlaritza, lankidetza-gobernantzan duen posizio aurreratuagatik, Europari erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza demokratikorako erreferentziazko eredu bat emateko helburuz. Euskadi ekarpenak egiten dituen lurralde gisa ageri da, gobernantza demokratikoko, toki-autonomiako, partaidetzako eta maila anitzeko lankidetzako eredu aurreratuak eskaintzeko gai dena.

ODELL-EN FUNTZIOAK

Behatokiak konfiantza publikoa, bizikidetza eta tokiko bizitza politikoaren osotasuna indartu nahi ditu Europa osoan.  Horretarako, bere gain hartzen du mehatxuak monitorizatzea eta aztertzea, datu zorrotzak sortzea, jardunbide egokiak partekatzea eta tokiko lidergoaren osotasuna babestea, herritarrengandik hurbilen dagoen gobernu-maila baita.  Horretarako, Milango Bocconi Unibertsitatearen laguntza zientifikoa jasoko du, gaian ikerketa-ibilbidea du-eta.  Bocconik sortzen ari diren joerak (ziberjazarpena, fake news, gorroto-kanpainak, etab.) eta mehatxu horiek larriagotzen dituzten funtsezko kausak aztertuko ditu.

Urtero, Behatokiak estatus-txosten bat egingo du. Bertan, jardunbide egokiak, analisiak eta datuetan oinarritutako gomendioak azalduko ditu, politika eta erantzun instituzionalak maila guztietan nola bideratu orientatzeko.

ERANTZUN EUROPARRA, EUSKAL DNA-REKIN

Euskaditik, Behatokia ikuspegi propioarekin hedatuko da, Eusko Jaurlaritzak demokrazia indartzeko gidatzen duen esparru estrategikoarekin bat etorriz. Esparru horretan, 2026an zehar, ekintza-ildo berriak integratuko dira, bai EUDELen, bai Bilboko Udalean abian dauden proiektuetan oinarrituta.

Etika publikoan, lankidetza instituzionalean, gobernantza aurreratuan eta kalitate demokratikoan egindako ibilbideagatik hautatu dute Euskadi. Behatoki honetan hartzen duen abangoardiako posizioa euskal ibilbidearen aintzatespena da, ekimen aitzindariz inguratuta baitago.

Alde batetik, CMREk EUDEL aukeratu zuen tokiko gobernu onaren bikaintasunaren ELoGE zigilua ezartzeko lehen plataforma gisa. EUDEL, gainera, emakumezko alkate eta zinegotzien aurkako indarkeria sexistari aurre egiteko lehen neurriak ezartzen ari da.

Bestalde, Nazio Batuen 2030 Toki Idazkaritzaren egoitza eta Bilbao Balioen Hiria proiektuaren sustatzailea da Bilbo. Hori guztia, partekatutako ekimenen babesean, hala nola Demokrazia Indartzeko Esparru Estrategikoa, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duena eta defentsa hori 2030 Agendako 16 eta 17. GJHekin lerrokatzeko aukera ematen duena.

Behatokia euskal eragileen lidergoarekin abiarazita, Euskadi lankidetzako eta kalitate demokratikoko Europako eredu gisa kokatzen da, ebidentzia, pedagogia eta parte-hartzea uztartuz.

Bestalde, Esther Apraiz Derioko alkate eta EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, “Euskadin, tokiko demokraziak aurpegi eta izen propioak ditu: udalerriekiko konpromisotik abiatuta, herritarrei zerbitzua emateko egunero lan egiten eta kolaboratzen duten 2.600 hautetsi baino gehiago dira. ODELLen erronka demokraziaren oinarriei eusten dietenak babestea da, talentua tokiko politikara erakartzeko eta atxikitzeko. Pertsonarik onenak behar ditugu gure komunitateak baliotan batzeko. Izan ere, alkate edo zinegotzi batek bere ardura uzten duenean, demokrazia ahuldu egiten da. ODELLen euskal egoitza aukera bat da gure udalek tokiko gobernantza aurreratu eta kolaboratiboan duten esperientzia nazioartean proiektatzeko”.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak harrotasunez hartu du bere gain erantzukizun handi hau.“Bilbo balio-hiria da gaur egun, kolektiboki erabaki baitu hala. ODELLen “itsasargi-hiri” izateak Europarekin sinismen bat partekatzen dugula esan nahi du: demokrazia ez da legeekin bakarrik defendatzen, baizik eta kultura zibikotik, errespetutik eta entzutetik. Demokrazia defendatzea auzoetako eguneroko bizikidetza zaintzea ere bada, aniztasuna aberastasuna baita, eta ez mehatxua”.

Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak ere uste osoa du “Euskadin, urratsez urrats eta egunez egun, abangoardiako demokrazia daukan herrialde bat eraikitzen jarraitu nahi dugula.    Hori da herritarren konfiantza eta gogobetetasuna indartzeko bidea, politikan parte hartzeko motibazioa eta ilusioa berraktibatzeko modua. Eta horrelaxe indartuko ditugu gure etxe komunaren hormak, demokrazia ahuldu edo hautsi nahi dutenen aurrean. Aurrera egiteko tresna bat dugu: gobernantza kolaboratiboa. Behatokiak lagundu eta indartu egiten du horizonte hori, tokiko erakundeen arteko lankidetza bultzatuz –Euskadin eta Europan–, funtsezkoa baita bizitza demokratikoa babesteko eta biziberritzeko”.

  • Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak Europako udalerriak ordezkatuko ditu balio demokratikoen sustapenean.
  • Bozeramailetza Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriari lotuko zaio, eta abenduaren 11n aurkeztuko da ofizialki, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren Bruselako egoitzan.
  • EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea eta Bilboko Udala “Tokiko Demokraziaren” bozeramaile hautatu dituzte Europako Udalerrien Kontseiluan.

Malta/ Bilbo, 2025eko abenduaren 4a. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren Biltzarra Maltan bildu da gaur eta gobernu-organoak berritu ditu 2026-2028 agintaldirako. Bozketan, Europako 41 herrialdetako 150 tokiko liderrek baino gehiagok parte hartu dute, horien artean EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek, eta kargua berritu du erakunde horretako zuzendaritza-batzordeko kide gisa. Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia aukeratu dute Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriaren bozeramaile. Behatoki hori datorren ostegunean, abenduak 11, aurkeztuko da ofizialki Bruselan.

CMREk tokiko gobernuen interes komunak defendatzen ditu EBko instituzioen aurrean. Eginkizun horrek udal-eskumeneko gai guztiak hartzen ditu barne (berdintasuna, inklusioa, klima, mugikortasuna, tokiko finantzak, etab.), eta bozeramaile hautetsiek betetzen dute sektore-mailako ordezkaritza. Maltako Batzarrean, Bilboko Udala aukeratu dute, EUDELeko kide den aldetik, “Tokiko Demokraziaren” defentsa Europan gidatzeko. Izendapenean, CMREko idazkari nagusi Fabrizio Rossik Bilbo izendatzeko arrazoiak azaldu ditu: batetik, konpromiso handia izatea Europako balioekin, berrikuntza demokratikoarekin eta kudeaketa publiko aurreratuarekin, eta, bestetik, Nazio Batuen 2030erako Tokiko Idazkaritzaren nazioarteko egoitza gisa.

Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia izango da bozeramailea. EUDELek Inunciagaren hautagaitza babestu zuen, bere esperientzia akademiko eta profesional zabalean oinarrituta, herritarren partaidetzan, funtsezko balioetan eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan ikuspegi sendoa baitu.

Bozeramailetza hori  Demokraziaren Defentsarako Europako Behatoki berriari lotuta dago, eta abenduaren 11n, ostegunean, aurkeztuko da Bruselan. Ekitaldian parte hartuko dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, CMREko, Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko beste agintari batzuekin batera.

EUDELen eta Bilboko Udalaren balorazioak

EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz ilusioz gainezka agertu da, eta eskerrak eman dizkio CMREri, EAEko udal bat aukeratzeagatik erantzukizun horretarako: “Bozeramailetza honekin, aurrera egingo dugu Euskadiko udalen ahotsak eragin zuzena izan dezan Europaren eraikuntza demokratikoan”. Derioko alkate ere baden Apraizek adierazi duenez, “premiazkoa da gure tokiko komunitateak babestea olatu erreakzionariotik eta totalitarismotik, horiek mehatxu larria baitira sistema demokratikoen egonkortasunerako”.

Bestalde, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak adierazi du bere kargua “erantzukizunez eta konbentzimenduz” hartzen duela.  “Tokiko demokrazia balioetan, gardentasunean eta pertsonen benetako parte-hartzean oinarrituta eraikitzen da. Udalak argi dauka, bere DNAren parte da, politika publikoak egiteko gure moduaren muina da, eta politika horiek, beti, herritarren interesen zerbitzura egon behar dute“.

CMREren gobernua berritzea

Maltako Goi Bilera honetan, Europako tokiko liderrek eta udalerrien elkarteek erabaki dute egungo presidentea eta presidenteordeak beste bi urtez berritzea, 2028ra arte.

  • CMREko presidentea: Gunn Marit Helgesen, Telemark konderriko kidea eta Norvegiako udalerri eta eskualdeen elkarteko presidentea (SALAR).
  • CMREko presidenteordeak: Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta CMREko (AFCCRE) Frantziako elkarteko presidentea; eta Christoph Schnaudigel, Karlsruhe konderriko presidentea eta CMREko (RGRE) Alemaniako sekzioko presidentea.

Euskarak bide luzea egin du.

Luzeena, agian, Europa zaharrean.

Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.

 

Zein da sekretua?

Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena?

Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin.

Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.

 

Debekuen aurrean, eutsi genuen.

Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.

Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da.

 

Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.

Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.

Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.

 

Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua.

Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.

Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.

 

Horregatik, unea da.

Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.

Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea.

Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.

Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.

Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak  irabazteko unea.

Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko  eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.

 

Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.

Eta prest gaude!

Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.

Elkarrekin egiteko.

 

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei.

Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du.

Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko,

Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.

Euskara da!

Guztiontzat da.

Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.

Batzen gaituen hizkuntza bat.

Elkar ulertzeko gonbidapen bat.

 

Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari.

Eta euskararekin, edonori.

Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko  ditugu, denon artean.

Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.

 

Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.

Norberetik hasita egingo dugu bidea.

Guztion baitan baitago euskararen jauzia.

Zugan, nigan, gugan .

2025eko abenduaren 2an.- EUDELeko elkarteburua, Esther Apraiz, Euskadiko udalen ordezkaria izango da abenduaren 4an eta 5ean, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Tokiko eta Eskualdeko Liderren Goi Bileran. Euskadiko Udalen Elkartea Europako erakunde horretako kidea da, eta Maltan bilduko da “Europako testuinguruan iragaitza demografikoak, tentsio geopolitikoak eta udalerrietan zein lurraldeen inbertitzeko aukera berriak nagusi direnean”, CEMRk azaldu duenez.

Goi Bilerako mugarri nagusia 2026-2028ko agintaldirako CEMRko lidergo politikoa berritzea izango da (presidentea, presidenteordeak eta bozeramaile sektorialak barne), eta Apraizek prozesu horretan parte hartuko du botoarekin, erakundeko zuzendaritza-batzordeko kidea baita.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, udalek herritarrek instituzioetan duten konfiantza indartzeko “funtsezko zeregina” daukate, totalitarismoaren, polarizazioaren eta desinformazioaren gorakadaren aurrean. “Europako demokraziak udalak ditu oinarri. Eraldaketa sozial handiak egiteko, tokiko gobernuek indarra izan behar dute, baita erabakitzeko eta herritarrei bete-betean entzuteko gaitasuna ere”. Horrez gain, Euskadiko udalek gobernu onaren, kohesio sozialaren eta partaidetza komunitarioaren arloan duten esperientzia CEMRa eramateko aukera ere badela azpimarratu du.

Goi Bileran, ia-ia 150 ordezkari hautetsi elkartuko dira, hirientzako premiazko eta antzeko erronkak arakatzeko asmoz: tokian tokiko demokraziaren defentsa, udalek Europako aurrekontuko etorkizuneko lehentasunen diseinuan duten zeregina, iragaitza demografikoa zein migrazioaren kudeaketa, administrazioetan arintasuna nahiz eraginkortasuna bultzatzeko prozesua edo Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna, besteak beste.

Gai horiek eztabaidarako panelen eta “laborategi” berriaren bidez egituratuko dira, gune berri horren helburua Europako hirien arteko lankidetzarako proposamenak eta proiektuak sustatzea dela kontuan hartuta.

Udalek Europan duten ahotsa

Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseilua (CEMR) udalerriak eta eskualdeak ordezkatzen dituen erakunde europar handiena da, 41 herrialdetako 130.000 toki-erakunde baino gehiago elkartzen baititu. Hain zuzen ere, tokian tokiko autonomia defendatzea eta Europan kohesioa nahiz demokrazia sustatzea dauka xede.

Goi Bilerako programa: https://ccre-cemr.org/leaders-summit

  • Bi erakundeek prestakuntza emateko azken ibilbideak prestatu dituzte udaleko talde teknikoentzat, lege berria modu homogeneo eta eraginkorrean ezarriko dela bermatzeko.
  • Era berean, neurrien aplikazio praktikoa probatzeko eta doitzeko proiektu pilotuak jarriko dira martxan hainbat udalerritan.
  • Bi alderdiek erakundeen arteko koordinazioa indartu dute, Legebiltzarrak laster onartuko baitu Legea, eta berehala hedatuko baita toki eremuan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 1a. EUDELek eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lan-bilera egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza Arloko Premiazko Neurrien Legea berehala hedatzeko prestaketei buruzkoa. Eusko Legebiltzarrak abenduaren 11n onartuko du lege hori. Topaketa, nagusiki, ezarpenaren hasierako faserako funtsezkoak diren bi elementuren inguruan egin da: udal-talde teknikoak prestatzea eta proiektu pilotuak sustatzea. Hala, Legearen aplikazio praktikoa tokiko hainbat errealitatetan aurreikusteko eta baliozkotzeko aukera emango dute.

Topaketan, Denis Itxaso sailburua eta Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Derioko alkatea buru zirela, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta elkarteburuordea, Cristina Laborda Irungo alkatea eta elkarteburuordea, Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria eta Patxi Arratibel Saileko Kabineteko burua ere izan dira.

Bi erakundeak bat etorri dira Lege hau martxan jartzeko udalekin koordinazio estua beharko dela,
hirigintza- eta bizitegi-politiken kudeaketan zeregin nagusia baitu. EUDELek bereziki baloratu du Sailak, ezarpenaren lehen urratsetatik, prestakuntza, tresna operatiboak eta laguntza teknikoa emateko duen prestutasuna.

Testuinguru horretan, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, bileraren hasieran,
azpimarratu du “garrantzitsua dela udalerriak lehenbailehen prestatzea arau-esparru berrirako trantsizio arin eta ordenatua egin dezaten”, eta nabarmendu duenez, “trebakuntza eta laguntza teknikoa erabakigarriak izango dira lehenengo egunetik eraginkortasunez aplikatuko direla bermatzeko”.

Halaber, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua Itxaso sailburuari jakinarazi dio Euskadiko udalek prestutasun osoa dutela landutako gai guztietan laguntzeko. Lehentasun gisa, azpimarratu du “beharrezkoa dela arduradun politikoei zuzendutako berariazko saioak antolatzea, udal-teknikariek jasoko duten prestakuntza espezializatuaren erabaki estrategiko eta berezituetara bideratuta, Legeari lotutako prozedura berriak aplikatzeko funtsezkoa baita”.

Bileran, bi aldeek proiektu pilotuak garatzeko konpromisoa berretsi dute. Proiektu horien helburua da
Legearen neurrien benetako aplikazioa ebaluatzea eta Euskadiko udalerri guztietara transferi daitezkeen ikasketak sortzea.

Esther Apraizen hitzetan: “Alkate eta zinegotziok herritarren eskaeren lehen lerroan gaude, eta
etxebizitza-beharrari erantzuteko erronka desberdina da udalerriaren arabera, baita auzo edo barruti bakoitzean ere. Alde horretatik, Udalak beharrezko eragileak gara erantzun zehatzak emateko”. Era berean, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: “Ahaleginak eta baliabideak batu behar ditugu legearen potentzialaz baliatzeko”.

Bestalde, Denis Itxasok berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela araudi berria modu eraginkor eta koordinatuan hedatzeko: “Bete-betean sinesten dugu Lege honek dakarren aurrerapenean, eta erabat garatu eta eraginkorra izango dela bermatzeko, beharrezkoa da erakunde guztiek, maila guztietakoek, gure onena ematea. Horrela bakarrik lortuko dugu tresna horiek herritarrentzat benetako hobekuntza bihurtzea”.

Sailak EUDELekin eta udalekin batera lanean jarraituko du prestakuntza-ibilbideak, aplikazio-gidak, arau-laguntza eta proiektu pilotuak abian jartzeko. Horien guztien bidez, Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzaren Arloko Presazko Neurrien Legea modu ordenatu, zorrotz eta kooperatiboan ezarriko da lurralde osoan.