Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako mekanismo nagusiak, 553 milioi euroko zuzkidura izango du 2021 urtean, aurreikusitakoa baino 55 milioi euro gehiago, betiere urte amaierako aurreikuspenak betetzen badira. Honela, funts honek inoiz baliabide kopururik handiena izango da.

Datu horien berri eman zitzaien EUDELeko ordezkariei elkartu ziren urriaren 18an egin zen Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan. Bertan izan ziren, lurraldeko udalen ordezkariak: Ane Beitia Elgoibarko alkatea; Izaro Elorza Oñatiko alkatea; Jon Iraola Eibarko alkateak; Gurutze Etxezabal Orexako zinegotzia; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkaria.

Topaketan parte hartu zuten, Foru Aldundia ordezkatzen, Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Ingurumeneko foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.

Ondorioz, UFFFak 553 milioi euro izango ditu 2021ean, eta 568 milioi euro 2022an. Azkenik, bileran Aldundiak udalei jakinarazi die beraiekin partekatuko duela 2022 urterako Gipuzkoari dagokion defizit muga. Hau da, Gipuzkoak erabilgarri dituen 53 milioi horietatik, %40 udalei utziko zaizkie (21 milioi).

 

Datuak udalen arabera (2021ko foru funtsaren aurrelikidazioa)

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru aldundiek eta Udalek 2021eko ekitaldirako zerga itunduen ondoriozko diru-bilketaren likidazioaren aurreikuspenak onartu dute, 15.580 milioi euro, hau da, 2021eko aurrekontuan aurreikusitakoa baino % 9,3 gehiago.

Espero da zerga itunduen ondoriozko diru-bilketa bat etortzea 2022rako aurreikusitako susperraldi ekonomikoarekin. Hartara, zenbatetsi da Foru Aldundiek zerga itunduen ondorioz guztira 16.290 milioi euro biltzea 2022an, hau da, 2021erako aurreikusitako itxierako diru-bilketa baino % 4,6 gehiago.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazio osoa ikusi

Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, datorren astean.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, tokiko erakundeek baliabide gehiago izango dituzte datorren urtean, eta “hori albiste ona da udalerrientzat”.

Gorka Urtaranek baloratu duenez, egungo egoera, hein handi batean, Euskadiko Udalen kudeaketa eraginkorraren ondorio da; “sentsibilitate handiz eta, aldi berean, zorroztasun handiz jokatu dugu, eta horrek aukera emango digu funts hauen erabileran eragile aktibo izateko, gainerako erakundeekiko lankidetzatik, herrialdearen erronka handiei erantzuteko.

Elkarteburuak gaineratu duenez, zorroztasunaz gain, “oso garrantzitsua da herritarren beharrekin enpatia izatea, eta hori da gure zeregin garrantzitsua gizartetik hurbilen dauden erakundeak garen heinean”.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Udalerrien ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)
  • ‘Jaso nahiko genukeena eskaintzea’ kanpainak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte, eta, kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldia egingo da

2021/10/15

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak bere ekintza-eremua zabaldu eta toki-mailara hedatu da, udaletara. Eusko Jaurlaritza atxikipen-kanpainarekin hasi da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean, “Euskadin demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko”, esan du Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak.

Legarretak berak sinatu duen gutun bat bidali zaie Euskadiko alkate guztiei eta, haren bidez, udalak Migraziorako Euskadiko Itun Sozialari atxikitzeko gonbita egiten die. Proposamena da dokumentua dagokion udalaren osoko bilkuran aurkeztu eta onartzea.

BIDEO/AUDIO Adierazpenak (Artolazabal, Urtaran)

Proposatutako dokumentuak honako hau dakar: “Xenofobiaren edozein erabilera populistaren aurrean, konpromisoa hartzen dugu gehiengo demokratikoaren pisua eraginkorra izateko batasunari eusteko”.

Atxikipen-kanpainaren lema Jaso nahiko genukeena eskaintzea da, eta kanpainak berak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte. Kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldi bat izango da eta, hartan, atxikitzen diren gobernu guztiei egingo zaie aintzatespena. Era berean, toki-ordezkariei zenbait ekimen eta  jardunbide egokien gida bat emango zaizkie, 2022an zehar Migraziorako Euskadiko Itun Sozialaren edukia beren elkarte eta erakundeen eta egokitzat jotzen dituzten toki-taldeen artean zabaldu ahal izateko.

Elkarlana EUDELekin

Lan-lerro horretan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, asteon, Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuarekin eta Vitoria-Gasteizko alkatearekin izan du topaketa bat, eta udalei bidalitako gutuna eman dio, eskura.

Artolazabalek Urtarani azaldu dio bere Sailaren helburua honako hau dela: “itun hau Euskadiko udalerri guztietara iristea, haien udalen atxikipenaren bidez, Euskadi solidarioagoa eta erosoagoa izateko urratsak ematen jarraitzeko”. Sailburuak, era berean, honako hau esan du: “Migratzaileek Euskadin beren bizi-proiektuak errealitate egin ahal izatea nahi dugu”. Eta, gogorarazi duenez: “milaka euskal herritarrek ere babesa eskatu behar izan zuten beste nazio batzuetan, 1936ko Gerra Zibilaren ondoren, eta Euskadik, gaur egun, asilorako eta harrerarako lurralde solidarioa izan nahi du”.

Bestalde, Urtaranek ekimen horri ahalik eta udalerri gehien atxikitzeko erakunde-elkarlanaren balioa nabarmendu du: “EUDELetik euskal udal guztiak animatzen ditugu Migraziorako Itun Sozial hau sinatzera”. Gorka Urtaranek nabarmendu du “Euskadiko gizartea plurala eta askotarikoa” dela, eta, beraz, “aniztasuna zentzuz kudeatu” behar dugula, “aniztasunaren kulturatik abiatuta, gure gizarte-kohesioa eta ongizatea bermatzeko, eta garapen ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua egiteko”.

Migraziorako Euskadiko Itun Soziala

Xabier Legarretaren gutunean jasotzen den bezala, Migraziorako Euskadiko Itun Soziala aurreko legegintzaldietan eginiko parte hartzeko lanaz elikatu da. Iñigo Urkullu Lehendakariak berak aurkeztu zuen dokumentua 2019ko azaroaren 30ean, Euskadiko gizarteko instituzio- eta erakunde-ordezkaritza zabalarekin.

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana ditu abiapuntu, migratzaileen prebentziozko arreta humanitarioan konpromisoa hartzeko, nagusiki kalteberatasun-egoeran daudenen kasuan, besteak beste bakarrik dauden emakumeen edo ardurapean adingabeak dituztenen eta giza eskubideen indarkeriaren biktima direnen kasuan.

Ituna sei hizkuntzatara dago itzulita (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera eta errumaniera), eta Eusko Jaurlaritzaren https://labur.eus/5iLS7 webgunean dago eskuragarri, pertsona eta erakundeen atxikipenak lortzeko.

Ostiral honetan (urriak 15), EUDELek eta Emakundek sustatutako berdintasunaren aldeko udalerrien Berdinsarearen beste topaketa bat hartuko du Elgoibarko udalerriak

Beasain, Amurrio eta Elgoibarko udalek arlo horretan izan dituzten esperientziak eta praktikak kontatuko dituzte

Silvia Piris Lekuona soziologoak hitzaldi hau emango du: “Zaintzaren eskubide kolektiborantz: toki-mailatik ekiteko giltzarriak”

2021eko urriaren 14an. Zein dira udal praktikarik onenak ikuspegi feminista duen herritarren zainketen kudeaketako eredu bat lortzeko? Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalerrien sareak, Berdinsareak –EUDELek eta Emakundek sustatua–, truke-tailer bat antolatu du urriaren 15erako (ostirala). Esparru horretan dauden estrategia onak trukatzeko tailerra izango da, EAEko udaletako Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuen arloei zuzendua.

Hiru lurraldeetako udal ordezkarien arteko topaketa hori Elgoibarko Emakumeen Etxean egingo da, 10: 00etatik 13: 00etara. Tailer honen bitartez, euskal udalek, ikuspegi feminista batetik, zainketen kudeaketa-ereduak abiatu dituzten prozesuen eta estrategien inguruan aurrera egiten jarraitu nahi da, horiek lehentasun izan daitezen tokiko agendan.

Saioari ekiteko, Silvia Piris Lekuonaren, Berdintasunean eta Lankidetzan espezializatutako soziologoaren,  hitzaldia izango dugu: “Zaintzaren eskubide kolektiborantz: toki-mailatik ekiteko giltzarriak”. Piris Lekuona soziologoa da, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragilea izeneko master ikasketak eta Nazioarteko Lankidetzako master ikasketak ditu. Colectiva XXK plataforma feministako kide da, eta bertatik prestakuntza eta ikerketa arloetan egiten du lan, tresna analitikoak, metodologikoak eta eragiteko, jarduteko eta esku-hartze politikorako tresnak sortzeko.

Ondoren, Beasain, Amurrio eta Elgoibarko udalek beren esperientzien berri emango dute, herritarren zainketen kudeaketan ikuspegi feministarekin aurrera egiteko hainbat ekimen abian jartzeko.

  • Beasain: Herrilab- Kontziliazio Erantzunkiderako Tokiko Laborategia

Ekintza-plan aitzindari bat garatzen ari da, udalerria kontziliazio erantzukiderako laborategi bihurtu nahi duena; erakundeek, tokiko elkarteek eta enpresek parte hartzen dute, Beasaingo Udalaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaz gainera.

-Amurrio: Zaintzaren zeharkakotasunerako lantaldea.

Alkatetzak koordinatutako sailen arteko lantaldea jarri du martxan, udal politika eta zerbitzuetan zainketen ikuspegia zeharka txertatzeko.

Kideek aztertu eta baloratu egiten dituzte Udalak zainketei beste ikuspegi bat emateko abiatzen dituen proiektuak, “bizitza erdigunean jartzearen” perspektibatik.

  • Elgoibar: udalerrian zaintzaren ardatz bat egituratzea

Azken urteetan, Elgoibarko Gizarte Zerbitzuek eta Berdintasun Arloak lankidetzan dihardute ikuspegi komunitarioa duen zaintzara bideratutako ardatz bat sortzeko. Udal zainketen kudeaketaren azterketan oinarritzen da, bai eta herritarren eta zaintzaileen premien azterketan, eta komunitatearen erantzunetan ere, xede izanik erantzun komunitarioak egituratzea.

Amaitzeko, galderen txanda egongo da, eta bertaratutako udalerrien artean eztabaida sustatuko da, alor horretako ideiak truka ditzaten eta beren tokiko prozesuetan txerta ditzaten.

Berdinsarea: laborategia eta behatokia

Berdinsarea “laborategi” edo behatoki gisa dago eratuta, euskal udalerri guztietan errepikatu daitezkeen edo haientzat inspiratzaile izan daitezkeen toki-mailako esperientziak partekatzeko. Sareak hainbat tamainatako udalen arteko elkarlana eta koordinazioa errazten du, gainerako euskal erakundeekin lankidetzan.

Berdinsareak 15 urteko ibilbidea egin du 2021ean, berdintasun arloko tokiko politiken buruan, eta euskal biztanleen % 80 baino gehiago ordezkatzen ditu. Sare aitzindaria da, Berdintasunaren Europako Gutunarekin batera jaio zena, eta abangoardiako europar politikekin lerrokatuta jarraitzen du. Udalerri berdinzale, inklusibo eta libreak eta, era berean, osasungarriago eta iraunkorragoak lortzeko bidean praktika berritzaileenak dituzten eta berdintasunaren arloan eta emakumeenganako indarkeriaren aurka aurrerapausoak emateko estrategia eta ekintza komunak lantzen dituzten udalak dira sarearen buru.

Informazio gehiago: https://berdinsarea.eus/eu/sarea

 

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Vitoria-Gasteizen gertatutako  emakumearen hilketa matxistaren aurrean. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta  hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria, era guztietan  (psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du Emakundek eta Vitoria-Gasteizko Udalak deitu duten gaitzesteko elkarretaratzearekin. Elkarretaratzea urriaren 13an izango dela, 12:00etan, Udaletxearen aurreko plazan, baita ere antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

Gorka Urtaran elkarteburuak esan du euskal udalerriek “Europako aitzindaritzan” egon nahi dutela “mugikortasunaren erronkari irtenbideak emateko”.

Gorka Urtaranek EUDELeko elkarte-buru  gisa eta Gasteizko alkate gisa parte hartu du Bilboko SUM Mugikortasun Jasangarriari buruzko Nazioarteko Biltzarraren amaierako saioan. Ekitaldia urriaren 6an eta 7an egin da Euskalduna Jauregian, eta 35 erakunde publiko eta pribatuk ‘Bilboko Adierazpena’ sinatu dute.

12:30ean, sinatu aurretik, itxiera-ekitaldia egin da, “Berrikuntza eta neutraltasun teknologikoa, mugikortasun jasangarriaren gakoa” izenburupean burutu den mahai-inguruaren bidez, eta biltzarreko funtsezko gaien azken laburpena izan da. Amaierako foro horretan, Gorka Urtaranekin batera, honako ordezkari hauek ere egon dira:  Alfonso Gil Bilboko mugikortasuneko zinegotzi eta Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioko (FEMP) Garraio, Mugikortasun Jasangarri eta Bide Segurtasuneko Batzordeko presidentea, Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidentea eta Ramón Valdivia Palma Errepideko Garraioaren Nazioarteko Elkarteko (ASTIC) Zuzendari Nagusia.

Gorka Urtarani “emisio baxuko eremuez”‘galdetu diote eta berak “etorkizunerako leiho bat” direla esan du, “planetak jasaten dituen mehatxuei erantzuna emango dien” hiri-garapen baterantz ahalik eta modu ordenatuenean joateko. Gainera, ibilgailu pribatuak “hirietan protagonismoa galtzen jarraitu behar du”, garraio publiko jasangarriaren alde egingo duen trantsizioaren barruan. “Espazio publikoa pertsonentzat izan behar da, bizitzeko eta gozatzeko gunea, ez bakarrik leku batetik bestera mugitzeko”, esan du Urtaranek.

Gainera, “Giza eskalako hiriak, trinkoak eta erabilera mistoak dituztenak” eratu behar direla esan du, joan-etorri gehienak oinez edo bizikletaz egin ahal izateko. Gorka Urtaranek jasangarritasuna defendatu du, eta horretarako “garraio publikoaren alde egin behar dugula: eraginkorra,  gaitasun handikoa, elektrikoa edo  etorkizunean hidrogekoanoa”.

EUDELeko buruak Klima Aldaketaren Legea izan du hizpide; izan ere, 50.000 biztanletik gorako 149 hiriek 2023a baino lehen emisio baxuko eremuak sortu behar dituzte.

Urtaranen hitzetan, euskal udalerriek “Europako aitzindaritzan egon nahi dute, Mugikortasunaren erronkari irtenbideak emateko”.

Irtenbide horien artean, “Garraio publikoa ibilgailu pribatua ordezkatzen joatea” aipatu du. Gorka Urtaranek adierazi duenez, garraioak “segurua” izan behar du, “haur bat zein 80 urteko pertsona bat hirian arriskurik gabe mugitu ahal izateko”.

Bilboko Adierazpena

Gaur, 35 erakunde publikok eta pribatuk Bilboko Adierazpena sinatu dute, eta konpromisoa hartu dute Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta 2030 Agendarekin bat datozen mugikortasun-ereduak lantzeko.

Sinadura-ekitaldiak amaiera eman dio SUM Bilbao 21 nazioarteko biltzarraren bigarren edizioari, izan ere, atzotik hiri mugikortasun jasangarriaren munduko hiriburu bihurtu da.

Gaur egin da bost kontinenteetako 90 aditu baino gehiago bildu dituen topaketaren bigarren eta azken jardunaldia, hiri-mugikortasunarekin lotutako gai garrantzitsuenak eta gaurkotuenak jorratzeko, hiriek mugikortasun jasangarriagoa sendotzeko dituzten erronkak eta aukerak aztertzeko eta mundu osoko hirietako kasu arrakastatsuak ezagutarazteko.

Gorka Urtaran elkarteburuak “globalki  pentsatu tokian-tokian jarduteko” behar dela defendatu du

2021eko irailaren 30ean. EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CEMR) ikasturteko lehen bileran hartu zuen parte atzo arratsaldean. Telematikoki egin zen saioan, CEMR-eko 14 elkarte nagusien presidenteek hartu zuten parte. Erakundeak 100.000 tokiko gobernu inguru ordezkatzen ditu.

CEMR-eko presidente eta Italiako Emilia-Romagna eskualdeko kide Stefano Bonaccinik egin zuen bilerarako deia. Harekin batera egon zen Věra Jourová Balioen eta Gardentasunaren Europako komisarioa. Alkateen eta tokiko agintarien topaketak balio izan du pandemiaren azken txanpa honetan batera lan egiteko konpromisoa berresteko, bai eta herri, hiri eta herrialdeen leheneratze jasangarri eta erresilientean aurrera egiteko konpromisoa berresteko ere.

Euskal udalen ordezkari gisa, Gorka Urtaranek bere ideiak eta hausnarketak partekatu ahal izan zituen Frantzia, Eskozia, Italia, Alemania, Suedia, Austria, Grezia, Errumania eta Bulgariako kideekin, eraldaketa berde, sozial eta digitalaren aurrean beharrezko diren aliantzak sortzeko une erabakigarrian, gainera. EUDELen elkarteburuak udalerrien eta beste erakunde batzuen arteko lankidetza estutzearen alde egin zuen. “Gobalki pentsatu behar dugu, tokian-tokian jarduteko. Elkartasuna eta kooperazioa inoiz baino garrantzitsuagoak dira orain, gure gizarteak eraldatzeko, eta inklusiboago, kohesionatuago, lehiakorrago eta karbono-isurietan neutroago egiteko” nabarmendu zuen Gorka Urtaranek.

CEMR-eko zuzendaritzak elkarteei 2022ko Ekintza Planerako lehentasunen proposamen bat aurkeztu zien. Lehentasun horien artean, nabarmentzen denetako bat da europar udalerriek posizionamendu komun bat hartzea hurrengo COP26 Klimaren Goi Bilerarako, zeina Glasgown izango den, azaroko lehen astean. Dokumentu horretan jasotzen da tokiko erakundeen konpromisoa ekintza zehatzekin laguntzeko deskarbonizazioan eta klimaren egokitzapenean, besteak beste, 2030erako berotegi gasen efektuak % 55 murriztea.

Mintzaldi guztietan eskatu zen tokiko gobernuek izan dezatela erabaki-ahalmena Europako suspertze- eta erresilientzia-mekanismoaren bidez sustatutako planetan. Gorka Urtaranek berriro aldarrikatu zuen Europako funtsak gauzatzean udalek “paper aktibo eta protagonista” izatea, “Europako finantzaketa Europako edozein txokotako udalerririk txikienera ere irits dadin”. Alkateek bat egin zuten esatean Next Generation funtsak galdu ezinezko aukera bat direla.

CEMR-ek eramaten du tokiko gobernuen “hitza” Europako erakundeetara, herrialde bakoitzean udalerrien elkarteek egiten duten lobby- eta koordinazio-zeregina baitu. Europako arauen % 60 baino gehiago pertsona eta lurraldeetan eragina duen politika eta zerbitzu publiko bihurtzen dira. CEMR-ek tokiko gobernuei laguntzen die, herritarrak sentsibilizatzen eta gizarte osoaren lankidetza lortzen lagun dezaten erronka handien aurrean, besteak beste, hauek: aldaketa klimatiko eta demografikoa, gizarteratzea, berdintasuna eta genero indarkeriaren aurkako borroka.

  • Virginia Woolf BASQUESKOLA sareko emakumezko alkate eta zinegotziek lan-jardunaldi batean parte hartu dute gaur, Beijingo Emakumeen Biltzarretik hogeita bost urte igaro diren honetan.
  • EUDELek eta Emakundek udaletako emakumezko hautetsiekin sustatutako prozesuaren barruan dago Donostian egindako topaketa. Helburua haien gaur egungo egoeraren diagnostikoa egitea eta Basqueskolaren Ekintza Planean 2023ra bitarteko erronka berriak ezartzea izan da.

2021eko irailaren 25ean. Euskal udalerrietako emakume hautetsiek gidatzen duten eta EUDELek eta Emakundek sustatzen duten BASQUESKOLA sareak “Emakumeak eta lidergoak” jardunaldia egin du gaur, Donostiako Udaletxeko bilkura-aretoan. Bertan, aztertu egin dute zer-nolako presentzia duten emakumeek tokiko erakundeetan, zein baldintzatan gauzatzen duten lidergoa eta zein berdintasun faltarekin egiten duten topo politikara iristeko bidean. “Gehiago gara eta elkarrekin egiten dugu lan, gure ahotsa ozen entzun dadin, euskal udaletatik, gizarte osoan. Gaur egun, oraindik ere, emakumeen parte-hartze politikoak berdintasunezko baldintzetan aurrera egin dezan dauden oztopoak identifikatu nahi ditugu, eta politikan aldatu beharrekoa aldatu nahi dugu eremu dibertsoagoa izan dadin, eta emakume belaunaldi berriak erakar ditzan, berdintasuna eraikitzen jarraitzeko”, azpimarratu du Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak (EUDEL) eta Basqueskola sarearen ordezkaria.

Saioan emakumezko alkate eta zinegotziek bakarrik hartu dute parte, eta abiapuntua izango da Basqueskolak euskal tokiko politikan diharduten emakumeen lidergo eta aliantza berrien bide-orria diseina dezan. Topaketa munizipalista hau urtea bukatu bitartean egingo den hausnarketa- eta partaidetza-prozesu handinahi baten barruan dago, NBE Emakumeak-en Generation Equality Beijing +25 nazioarteko proiektuaren esparruan. Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hauspotzen eta koordinatzen du ekimena, Emakumearen Euskal Erakundearen bidez. Beste urrats bat izango da udal-politikaren eremuan 2026ari begirako zenbait konpromiso eraldatzaile ezartzeko, Beijing +25 Berdintasunaren aldeko Euskal Konpromisoaren testuinguruan.

Ildo horretan, Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, adierazi du Generation Equality ekimenaren bidez “gure herrialdearen eta hura osatzen duten eragile sozial, politiko eta ekonomikoen konpromisoa berpiztu nahi dugula berdintasunaren alde, eta, horretarako, Emakundek zuen esku jarriko du urratsez urrats egiteko ibilbide bat, gure herriaren errealitatera egokitutako bide-orri bat”. Landaidak zorionak eman dizkio emakumezko hautetsien sareari, ekimenarekin bat egiteagatik, eta gogorarazi du “berdintasuna talde-lana dela eta inork ezin duela konpromiso horretatik kanpo gelditu”.  Haren iritziz, Generation Equalityrekin hasitako prozesu honen azken helburua “Euskadin gizartearen eta herritarren itun bat lortzea da, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka; itun hori eraldatzailea izatea eta berdintasunaren eta gizarte bidezkoago baten aldeko sinergia geldiezinak eratzea nahi dugu”.

Jardunaldiko une garrantzitsuenetako bat Marina Subirats Martori soziologo eta filosofo feministaren hitzaldia izan da. Gaur egungo testuingurua aztertzeko zenbait gako eman ditu Subiratsek: “Helburua ez da gizonek egin dutena ezabatzea, hura osatzea eta hobetzea baizik, partekatu ahal izateko. Soziologo eta feministak nabarmendu duenez, “bi premia daude: zer aldatu nahi dugun eta nolakoak izan behar duten eskaintzen ditugun irtenbideek. Nola antolatuko garen politikaren mundu androzentrikoan, eta nola eraikiko ditugun emakumezkoen lidergoak, ezagutzen ditugun lidergo maskulinoen bestelakoak”, adierazi du Subiratsek.

Euskal emakumezko hautetsien lidergoaren egoera

Subiratsen hitzaldiaren ondoren, toki-hautetsien arteko truke-dinamika bat egin da, Beijingetik bi hamarkada igaro diren honetan Emakumeen Lidergoa udal-politikan zein egoeratan dagoen aztertzeko. Era berean, hurrengo urteetan garatu daitezkeen ekintzen aipamen bat egin da. Hori guztia Basqueskola sarearen ekintza-planean (2021-2023) jasoko da, haren lan-batzordeen bitartez: trebakuntza eta coaching-a, laguntza, emakumezko hautetsi berrien transferentzia eta harrera hurrengo udal-hauteskundeen ondoren.

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (EUEK) ordezkaritza politikoari buruz egindako azken txostenak dioenez, euskal udalak emakume eta gizonen arteko oreka handiena duten toki-gobernuen artean daude, emakume hautetsiak % 46 baitira; aurretik, Islandia baino ez dago, (% 47), eta oso atzetik datoz Europako % 29ko batez bestekoa eta Espainiako Estatuko % 36koa.

Alkateei dagokienez ere europar batez bestekoa gainditzen du Euskadik, % 30 baitira emakumeak (76 emakumezko alkate, 251 udaletan); Europan, berriz, % 15ekoa da portzentajea. Horrenbestez, Euskadi emakumezko alkateen ehuneko handiena duten herrialdeen artean dago, Islandia, Suedia, Finlandia, Norvegia eta Suitzarekin batera.

Informazio gehiago: www.virginiawoolfbasqueskola.eus https://www.emakunde.euskadi.eus/sensibilizacion/-/beijing-igualdad/