Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • 2005az geroztik, EUDELek adierazpen instituzionalaren eredu bat prestatzen du Euskadiko udalentzat urtero, azaroaren 25aren harira.
  • 2021ean, emakumeen aurka haien seme-alaben edo inguru hurbileko beste pertsona batzuen bidez gauzatzen den indarkeria bistaratu eta salatzea da helburua.

2021eko azaroaren 22an. EUDELen Berdintasun batzordearen proposamenez sortu zen adierazpen hau, eta Batzorde Eragileko alkateek onetsi zuten, azaroaren 11ko bileran. Egun horretan bertan –Elkartearen Batzar Orokorraren eguna ere izan zen–, testua 251 euskal udalei bidali zitzaien, haien osoko bilkuretan edo bozeramaileen batzordeetan aurkez zezaten. Adierazpen-eredua egitea udalerriek eurek –udalerri txikiek batez ere– egindako eskariaren erantzuna da; hala, eredu ireki bat bidaltzen zaie udalei, bakoitzak bere errealitatearen arabera egokitu dezan, udalen autonomia aintzat hartuta.

2021. urteko adierazpenaren ardatz nagusia emakumeen aurkako indarkeria matxista jasaten duten biktima adingabeak errekonozitzea eta bistaratzea da. Amaren aurkako indarkeria baliatzen den testuinguru batean bizitzeagatik seme-alabek jasaten duten min eta sufrimenduan jartzen du arreta adierazpenak, Istanbulgo Hitzarmenak (2011) aitortzen duenez. Era berean, indarkeria bikarioa ere salatzen du adierazpenak, alegia, seme-alabei edo pertsona maiteei egindako minaren bidez emakumearen aurka gauzatutako indarkeria; hori ere emakumeen aurkako genero-indarkeriaren beste forma bat da. Azaroaren 25eko Adierazpenak honako hau adierazten du, estatistiken arabera: “bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira”.

Adierazpenaren testua Emakunderi eta BERDINSAREAri ere helarazi zaie; hain zuzen, BERDINSAREA berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako sarea da, EUDELek koordinatua eta Emakundek bultzatua.

>ADIERAZPENA deskargatu

Osasuneko sailburuaren Agindua. Agindu horrek azaroaren 17tik aurrera izango ditu ondorioak EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera.

AGINDUA, 2021eko azaroaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2021eko urriaren 6ko Aginduan jasotako neurriak ezartzen eta modulatzen baitira COVID-19 kutsatzeetan 14 eguneko tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa den udalerrietan -2021eko urriaren 6ko Agindua, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa-.

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa bildu da gaur, modu koordinatuan aztertzeko nola egokitu behar zaizkion Konstituzio Auzitegiaren azken epaiari Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duten foru-xedapenak. Izatez, Konstituzio Auzitegiaren epaiak deusez deklaratzen ditu udal-gainbalio deituriko zerga hori arautzen duen Estatuko legearen artikulu jakin batzuk.

EUDELeko elkarteburuak eskerrak eman dizkie foru aldundiei erantzun azkarra emateagatik Konstituzio auzitagiaren epaiaren ondoren indarrean dagoen araudia egokitzeko: « Udal-gainbalioa ahalik eta galera ekonomiko txikienarekin aplikatzen jarraitzeko, zergadunentzat bidezkoagoa izateko eta udalei segurtasun juridiko handiagoa emateko. »

Gorka Urtaran, EUDELen Elkarteburuaren  BALORAZIOA

 

Organo hori osatzen dute Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarik, foru-aldundietako hiru ordezkarik —Foru Aldundi bakoitzeko bat— eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako hiru ordezkarik —tokiko zergei buruzko gaiak jorratzen direnean sartzen direnak Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan—. Organo horren helburua nagusia da foru-aldundien arteko harmonizazioa, koordinazioa eta lankidetza sustatzea haien zerga-eskumenen barruan, betiere zerga-kudeaketan efikazia handiagoa lortze aldera.

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan ordezkatuta dauden erakundeen iritziz, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazteko erregulazioa oso antzekoa da foru-araudian eta Konstituzioaren aurkakotzat jo den Estatuko araudian; hori dela eta, hiru foru-aldundiek, segurtasun juridikoagatik eta premiaz, egin dituzte zergaren erregulazioa Konstituzio Auzitegiaren epaian adierazitakora egokitzen duten arau-xedapenak, eta gaur egin den Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren bilerara bidali dituzte xedapen horiek.

2017. urteaz geroztik, eta Konstituzio Auzitegiaren beste epai baten ondoren, hiri-lurren balio gehikuntza eragiten ez duten egoerak ez dira zergapetzen; hartara, balio-gehikuntzarik gertatu ez dela egiaztatzen bada, ez da zergapetuko, interesdunak hala eskatuta.
Orain, zerga-oinarriaren zehaztapena aldatu, eta higiezinen merkatuaren errealitatera hurbiltzen da. Onartzen da udalek lurzoruaren katastro-balioak beherantz zuzentzeko aukera izatea, eguneratze-mailaren arabera. Halaber, gehieneko koefiziente batzuk ezartzen dira, lursaila erosi zenetik igarotako urte kopuruaren arabera. Koefiziente horiek urtero eguneratuko dira, egindako salerosketek izan duten prezioaren bilakaera kontuan hartuta, betiere zergapekoari aitortzen zaion zerga-karga benetan lortutako balio gehikuntzara egokitzeko ahalmena alde batera utzi gabe.

Hartara, foru-arauak Konstituzio Auzitegiaren epaiak ezarritakora egokituko dira, eta zerga-oinarria zehazteko metodo objektiboa ez da legez onartutako metodo bakarra izango. Horrez gain, balio-gehikuntzaren zuzeneko zenbatespenak ere onartuko dira, zergapekoak hala eskatzen duen kasuetan.

Zergapekoen zein zerga likidatzen duten udalen segurtasun juridikoa babestu ondoren, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan ordezkatuta dauden erakundeek adostu dute erakunde arteko lan-talde tekniko bat eratzea. Talde horretan hiru erakunde-mailak egongo dira ordezkatuta, eta taldearen helburua izango da Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren erreforma harmonizaturako proposamen bat prestatzea, ahalmen ekonomikoaren printzipioa beteko duena eta Udalen finantza-nahikotasuna ziurtatuko duena.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 15a. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburua eta Gasteizko alkateak topaketa institucional bat egin du gaur eguerdian Valentziako Udalerrien eta Probintzien Federazioko (FVMP) ordezkaritza batekin, Ruben Alfaro Eldako (Alikante) alkatea buru zela.

Bi elkarteetako presidenteek agerian utzi dute erronka partekatuak daudela,  udalerri bezala eta interes komuneko eremu zabalak, bi elkarteek egiten duten lanean. Bilera horretan, Gorka Urtaran presidenteak EUDELen agintaldiaren erdialde honetako ekintza estrategikoaren ildoak partekatu ditu Valentziako federazioko bere homologoarekin. Ildo horiek azaroaren 11ko Batzar Nagusian jorratu ziren: toki-autonomiaren defentsa eta udalen finantza-nahikotasuna, Europako udalerrien sareekiko aliantzak eta Euskadiko udalek Euskadiko 2030 Agendari egiten dioten ekarpena eta garapen jasangarriaren helburuak.

Topaketa Federazioak berak eta Gasteizko Udalak antolatutako bisitaren barruan kokatzen da. Bisita horrek Valentziako udalerriek hiriak oinezkoentzako, mugikortasunaren eta hiri-jasangarritasunaren arloan dituen konponbideak ezagutzeko duten interesari erantzuten dio.

  • Gorka Urtaran elkarteburuak udalerriek 2030 Agendari egindako ekarpena aurkeztu du. EUDELek udalen aurrerabide koordinatua gidatuko du GJHen alorreko 15 proiektu traktoreren bitartez, garapen jasangarriko konpromisoak “gauzatzeko”.
  • Udalerrietatik helburu klimatikoak bizkortzeko, Gorka Urtaranek hiru konpromisoen proposamen egin dizkie alkateei: 1) EUDELek metodologia komun bat prestatzea udal-aurrekontuak GJHekin lerrokatzeko; 2) udal-eraikinetako energia-kontsumoa % 35 murriztea 3) hiriko garraio publikoa deskarbonizatzea 2030erako
  • Elkarteburuak “tokiko ekintzaren batasunera” deitu du, susperraldia udalerri guztietan pertsona guztiengana irits dadin.

Liburua: “Euskal Udalerrien ekarpena 2030 Agendari”

Aurkezpena (ppt): ekintza lerroa ‘Udalerriak 2030’

Mungian, 2021eko azaroaren 11n. Gaur goizean egin da EUDELen Batzar Orokorra, Mungiako Olalde Aretoan, eta bertan bildu dira hiru lurralde historikoetako alkateak, Euskadiko udal-gobernuetan dauden sentsibilitate guztien ordezkari. Euskal udalgintza irrikan zegoen berriz ere elkartzeko; izan ere, pandemiaren ondorioz, 2019ko martxotik telematikoki egin behar izan dira gobernu-bilera guztiak (Batzorde Eragilea, Lurralde Batzordeak, Batzar Orokorra).

2021eko Ohiko Batzarra 11:30ean hasi da, Ager Izagirre Mungiako alkatearen agurraz. Gai-zerrendako lehen puntuan, Gorka Urtaran elkarteburuak EUDELen lehentasunezko ekintza-ildoak aurkeztu dizkie udalerriei. Horiek gauzatzeko aurrekontu berria 3.000.843 eurokoa izango da. Nagore Alkortak eta Jose Antonio Santanok, bi elkarteburuordeek, 2019ko kontuak eta 2022ko aurrekontua aurkeztu dituzte, hurrenez hurren.

Pandemian ikasitakoak

Elkarteburuaren hitzaldia (PDF)

Batzarrean emandako lehenengo mezuan, EUDELen elkarteburuak aitortza egin dio alkate eta haien taldeei konpromisoari: “COVID-19a etsai ezezaguna izan da, eta, gaixotasunaz gain, ziurgabetasun handia ekarri digu. Oso proba zaila izan da guretzat, baina, beste behin ere, udalerriok egoerak eskatzen duen moduan jardun dugu, gure eskumenak ziren edo ez galdetu gabe, gure herritarren beharrei lehen lerroan erantzuteko”.

Erakundeen eta eragile guztien arteko lankidetzaren balioa azpimarratu du, eta adierazi du hori izan dela lorpenik handienetako bat Euskadin osasun-larrialdia kudeatzeari dagokionez.

2021eko BATZARREKO LABURPEN BIDEOA

Gorka Urtaranek ohartarazi du kutsatze-kopuruak gora egin duela zenbait udalerritan, eta, udalen izenean, erne jarraitzeko eta prebentzio-neurriei eusteko eskatu du, “ezin gara lasaitu”. Urtaranek esan du txertaketa dela lanabesik onena, lankidetzarekin eta gizarte osoaren erantzukidetasunezko jarrerarekin batera, normaltasun osorantz aurrera egiteko, “atzerapausorik gabe”.

Barne-mezu batean, Urtaran elkarteburuak eskatu du euskal udalek batuta egin dezatela lan, udalerrien interes komunen alde, eta gainerako erakundeekin lankidetzan jardun dezatela, herrialdeari “egonkortasuna” emango dioten akordioak lortzeko. Ildo berean, “erakunde guztiek batera” jarraitzearen alde azaldu da, gizarte-eraldaketa azkartu eta ekonomia berpizteko, eta, era berean, konfiantzazko eta itxaropenezko mezu bat helarazteko gizarteari, “onena oraindik etortzeko dago eta”.

EUDELen lehentasunak 2022an

Udal-agintaldiaren erdian egindako 2021eko batzar hau inflexio-puntua da EUDELentzat. Hori dela eta, Euskadiko Udalen Elkarteak bere lehentasunezko hiru lan-ildoak zehaztu ditu epe luzeko ikuspegi estrategikoarekin:

  • Udal autonomia eta finantza-nahikotasuna
  • Aliantzak Europan
  • Tokiko ekintza 2030

“Tokiko ekintza bateratzeko” deia egin du Gorka Urtaranek, “gizartearentzat baliagarriak izateko, suspertzea pertsona eta udalerri guztietara iristeko, eta inor atzean ez gelditzeko”.

Tokiko ekintza erronka globalen aurrean

“Estatuek hiriei eta herriei entzun behar diete. Udalerriok planeta salbatzeko politika eraginkorrenak bultzatzen dituen akuilua izan behar dugu”.

Glasgowko COP-26 goi-bilera amaitzeko jardunaldi baten faltan, Gorka Urtaran presidenteak hiru konpromiso zehatzen proposamena egin du, euskal udalerri gisa partekatutako ibilbide-orri bat bideratzeko, berotze globala geldiarazten laguntzeko. Konpromiso horiek proposamen gisa formulatzen dira, eta udal bakoitzak eman nahi dion ibilbidea izango dute, udal-autonomia errespetatuz. Eudelek bere lantaldeetan eta lan-batzordeetan elkarrekin lan egiteko aukera eman dio bere buruari.

1.- EUDELen konpromisoa: 2023rako metodologia komun bat lantzea, toki erakundeek beren udal-aurrekontuak Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarrituta lerrokatu ahal izan ditzaten.

EUDELen lehen konpromisoarekin batera, lehendakariak beste bi ekimen proposatu ditu alkate gisa:

2.- 2022tik aurrera udaletan energia-auditoretzak bultzatzea, 2030ean udal-instalazioen energia-kontsumoa % 35 murrizteko eta, data horretarako, kontsumo horren % 32 hornitzeko adina energia berriztagarri instalatzeko.

“ Energia gutxiago kontsumitu behar dugu, eta energia horrek, neurri handiagoan, berriztagarria izan behar du.”

Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, helburu hori lortzeko tresna egokia da Gauzatu Energiaren 100 milioi euroko laguntza-programa, Eusko Jaurlaritzak, EUDELekin lankidetzan, abian jarri duena. Auditoretza energetikoak egiteko itzuli beharrik gabeko 10 milioiak eskuragarri daude.

3.- Hiri-garraioko zerbitzua duten udalerriei zuzenduta dago hirugarren proposamena, 2030erako deskarbonizatzeko konpromiso sendoa hartzeko. Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, mugikortasun iraunkor eta osasungarri baten alde apustu egiteak, neutraltasun klimatikoaren alde egiteak, Udalek eskaintzen dugun hiri-garraioko zerbitzuaren deskarbonizazioaren aldeko apustu irmoa eskatzen du.

15 proiektu 2030eko udalerrientzat

Euskadiko 2030 Agenda toki-mailan modu koordinatuan hedatzea, Elkartearen lan-ildoen ekintzarik berritzaileena 2022an, eta ardatz estrategiko bat agintaldiaren amaierara arte. EUDELek euskal udalerrien ordezkari gisa Lehendakaritzak bultzatutako Foro Multiagente berrian parte hartzearen barruan kokatzen da.

Gaurko batzarrean aurkeztu den “Euskal Udalerriek Euskadiko 2030 Agendari egindako Ekarpena” dokumentua izango da alkateentzako bide-orria. Dokumentu horretan jasota daude GJHen alorrean udalerrien aurrerabide bateratua koordinatzeko EUDELek erabiliko dituen metodologia eta 15 proiektu eraldatzaileen deskribapena.

Tokiko bultzadaz abiarazitako proiektuak dira, udalerri-sareen bidez garatuak, herri eta hirietatik helburu globalak “errealitate bihurtzeko” asmoz.

Gorka Urtaran elkarteburuak tokiko ekimen bateratu horrekin bat egitera dei egin die udalei: “Ahalik eta udalerri gehienek parte hartzea nahi dugu, txikienek batez ere, eta proiektuen arteko sinergiak aprobetxa daitezela, gizarteari dakarzkieten onurak biderkatzeko”. Batzarrean aurkeztea lehen urratsa besterik ez da izan. Era berean, gobernantza-eredu bat zehaztu da, EUDELek proiektu horiek monitoriza ditzan, benetan garatzen direla bermatzeko.

Sareak eta Arloak

Euskal gizarte osorengana helduko dira, hiru lurraldeetan errotuen dauden zortzi udalerri-sareen bitartez (Udalsarea, Berdinsarea, Basqueskola, Euskadi Lagunkoia, Euskal Fondoa, Garapen, Mugiment). Sare horietan udal askok hartzen dute parte, eta pertsona askori ematen diete onura (batez besteko estaldura EAEko biztanleen % 50ekoa da); 2030 Agendaren “aterkiari” esker, garrantzi eta bultzada handiagoa edukiko dute.

Hautatuko ekimenak jasangarritasunaren lau dimentsioei dagozkie: gizarte-garapena, garapen ekonomikoa, ingurumena eta gobernantza. Proiektu horien bitartez erronka globalei tokiko erantzunak ematea da asmoa, hainbat esparrutan: osasuna, gizarteratzea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, adinekoen parte-hartzea, klima eta energia, ekonomia zirkularra, enplegua eta ekintzailetza, digitalizazioa, eta tokiko gobernuen ebaluazioa eta bikaintasuna, besteak beste.

Lan-prozesuak zazpi hilabete iraun du, apiriletik azarora, eta Batzorde Eragilea eta lau udalek eta mankomunitate batek osatutako gidaritza-batzorde bat arduratu dira bideratzeaz.

Tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna

EUDELen elkarteburuak udalen finantza-egoerari buruz hitz egin du, baikortasunez eta, era berean, zuhurtziaz. Gogorarazi du euskal udalen egoera ona, hein handi batean, finantza-jasangarritasuna lortzeko egin den kudeaketa zorrotzaren emaitza dela.

Gorka Urtaranek adierazi du 2022ko aurrekontuak bereziki garrantzitsuak direla gizartearen erronka berriei erantzuteko, eta hurrengo urteetan hazkunde jasangarriari eustea ahalbidetuko duten inbertsioei eusteko. Helburu horien sostengua izango dira Europako funtsetatik euskal udalerrietara iritsiko diren laguntza ekonomikoak. EUDEL finantziazio-aukera guztiei buruzko informazioa ematen ari zaie udalei.

Atal horretan, Ekarpen Legea onartzeko akordio instituzionalaren balioa azpimarratu du elkarteburuak. Akordio hori lortzeko “prozesu osoan zehar parte hartu du EUDELek”, gogorarazi du. Gorka Urtaranek azpimarratu du lege berriak aurrerapauso garrantzitsuak ekarri dituela udalentzat. Esate baterako, udal-finantziaziorako derrigorrezko gutxieneko portzentaje bat (% 39,23) –aurreko legearena baino handiagoa– bermatzea, foru-ogasunek bildutako zergetatik.

Oso garrantzitsua da, era berean, Gizarte Zerbitzuen ezohiko Funtsa 20 milioitik 35era handitzea. Horrek baliabide gehiago ekarriko ditu, udalek gizartearen premia berriei erantzun ahal izateko. Legearen hirugarren hobekuntza euskararen arloko udal-eskumenak garatzeko finantziazioa aurreikustea da.

Europako beste udalerri batzuekiko aliantzak

EUDELek Europako beste elkarteekin egindako lanari esker, euskal udalak udalerrietako Green Deal bezalako tokiko politika berritzaileenen ildoan jarduteko aukera izango dute: “Europako agenda ere gure agenda da, eta euskal udalerriok, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseilu Europarraren eta Tokiko Botereen Biltzarraren bitartez, eragile proaktiboa izan nahi dugu Europako etorkizuna definitzeko”.

Erakundeen eta gizarte-eragileen artean 2030 Agendaren gobernantza partekatua bultzatuko duen foroa eratu da.

Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak euskal udalerri guztiak ordezkatuko ditu Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroan. Bilera gaur arratsaldean egin da, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, Miñaon, Arabako Parke Teknologikoaren eraikin nagusian.

Lehendakariaz gain, honako hauek ere organo horretako kideak dira: Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak; hiru foru-aldundiak; EUDEL eta hiriburuetako udalak; hiru euskal unibertsitateetako errektoreak; Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeen ordezkaritza bat Sareen Sarearen bitartez; bai eta lankidetza publiko-pribatuko ordezkariak ere, Basque Center for Climate Change (BC3), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergo zientifiko-teknologikoa edo ACLIMA Basque Environment Cluster direlakoen bitartez.

Lehenengo bilera horretan, “Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren egitura, lehentasunak eta laneko lehen agenda” izeneko dokumentua onartu da. Edukiaren arabera, Foroak organo hauek izango ditu: Osoko Bilkura, Batzorde Iraunkorra eta bost lantalde –Gobernantza; Euskadi Bultzatu 2050 Hiri Agenda; Eraldaketa Soziala; Eraldaketa Energetiko-klimatikoa; eta Eraldaketa Ekonomiko-digitala.

Bost lantalde horietako bakoitzak lehentasunen panel bat eta horien inguruko agenda bat ditu lotuta. Talde horien osaerak aukera emango du parte hartzeko aukerak eremu bakoitzeko gizarte-eragile kopuru handi batera zabaltzeko.

Lehendakariak azpimarratu du foro hori bateratze-espazio bat dela, erakundeen arteko baterako gobernantza-eremu bat eta erakundeen eta gizarte-eragileen arteko elkarlaneko gobernantza-esparru bat. 2030 Agenda partekatzeko borondatea adierazten du, herrialdearen lehentasun gisa”. Haren lehen helburua da “koordinazioa eta ituna optimizatzea 2030 Agendaren gobernantza-jardunbide egokia eraikitzeko eta eskaintzeko”.

2030 Agendaren Foroaren lehen bilera hau 17. GJHri buruzkoa izan da, eta aliantza-metodologia bat eskatzen du. Ildo horretan adierazi duenez, “foro hori eratzeak berariaz erantzuten dio 17. helburuari. Lankidetza ezinbestekoa da. Aurrera egin ahal izango dugu, errealitatea hobetu eta eraldatu ahal izango dugu, lankidetzan aritzeko eta aliantzak egiteko gai bagara”.

Lehendakariak adierazi duenez, “2030 Agendak mundu osoan adostasun handia lortu duen neurrian, Euskadin ere adostasun handia lortu behar du. GJHek gizarte-kontratu berri bat eskaintzen dute, ikuspegi global eta lokala, dimentsio politiko eta pertsonala eta gizarte-justiziarako bokazio inklusiboa jasota.

Bileran zehar, Lehendakariak Foroaren Lehendakaritzaren Lehen Adierazpena aurkeztu du, “Agenda 2030: beharra eta aukera. Euskadiren konpromisoa” izenburupean . Diagnosian adierazi duenez, “munduak aurrez aurre du zalantzazko bidegurutze berri bat”, eta horri erantsi behar zaio “pandemia bat, zeinak globalizatu baitu bere eragin sanitario, ekonomiko eta sozial larria”. 2030 Agenda “erantzun egokia da gure errealitate globala eta tokikoa eraldatzeko beharrari eta aukerari begira”.

Gogorarazi du nazioartean Euskadi herrialde aitzindaria eta erreferentea izan dela Garapen Jasangarriko Helburuen konpromisoan eta garapenean. “2030 Agendaren sustapenean nazioarteko lidergoaren parte izaten jarraitzeko erabakia hartu dugu. Agenda horrek erakunde, eragile sozial eta ekonomiko guztiak eta gizarte osoa interpelatzen ditu, eta justiziaren, iraunkortasunaren, elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren ikuspegi globala eta tokikoa eskatzen du”.

Lau erronkak

Lehendakariak aurkeztutako Adierazpenaren edukiak foro honen lau erronkak zehaztu ditu:

Lehenengoa. Klima-aldaketari buruzko nazioarteko akordioei balio erantsia ematea. Glasgowko COP 26ren akordioak gutxienekotzat hartu ditugu eta Euskadik anbizioa gehitu nahi du helburu hauetan: deskarbonizazioan, berotegi-efektuko gasak ezabatzean, karbono-neutraltasunean, energia berriztagarrietan eta biodibertsitatean.

Bigarrena. Hiri Agenda bat koordinatzea eta sustatzea, hiria, mugikortasuna eta hirigintza berdea eta inklusiboa bultzatzeko.

Hirugarrena. Ekitatean oinarritutako trantsizio ekonomiko digital inklusiboaren erronkei irtenbidea emango dieten proiektu eta ekimen teknologikoak identifikatzea, partekatzea eta bultzatzea.

Laugarrena. Elkarlanean aritzea giza duintasuna eta giza eskubideak defendatzeko, pobreziarekin eta bazterkeriarekin amaitzeko, genero-berdintasuna bermatzeko eta erronka demografikoari elkarrekin erantzuteko.

Adierazpenaren amaieran, Lehendakariak premiaren eta aukeraren kontzeptu bikoitza azpimarratu du: “Mundua krisian dago. Behar bat eta aukera bat ditugu. 2030 Agenda Nazio Batuen akordio bat da, mundu bidezkoagoa, ekologikoagoa, oparoagoa eta baketsuagoa lortzeko nazioarteko ahaleginik onenak batzen dituena. Premia eta aukera planetarentzat eta pertsonentzat. 2030 Agenda Euskadiren konpromisoa da”.

Foro horren hurrengo osoko bilkura martxoaren 29an izango da. Bereziki 11. helburuari begira egongo da: hiri eta komunitate jasangarriei; horregatik, gai-zerrendako puntu bat eskainiko dio hiri-agendari.

Gaurko osoko bilkuraren eta datorren martxoan egingo denaren artean, Batzorde Iraunkorraren eta Foroko bost lantaldeen bilerak deituko dira. Horrela, beren zereginak hasiko dituzte, eta Osoko Bilkurari horien berri emango diote, gaur onartutako gobernantza-ereduaren arabera.

 

 

  • EAEko Udalen Elkarteak EAEko alkate guztiak bilduko ditu, pandemia hasi zenetik egingo duten aurrez aurreko lehen topaketan.
  • Gorka Urtaran elkarteburuak EUDELek Euskadiko 2030 Agendari egindako ekarpena aurkeztuko du Batzarrean: udalen arteko eta toki-ekintzako proiektuen panel bat, Garapen Jasangarrirako Helburuak udalerrietan modu koordinatuan aplikatzeko.

2021eko azaroaren 5a. EUDELek berriz bilduko ditu udalen ordezkari nagusiak 2021eko ohiko batzar nagusian. EAEko Udalen Elkartearen Batzarra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alkateen urteko bilerarik garrantzitsuena da. Euskal udalentzat garrantzi handiko foroa da, eta aurten aurrez aurre egingo da berriro ere, pandemiaren ondoren normaltasunera pixkanaka itzultzearekin bat.

Batzarra azaroaren 11n egingo da, ostegunean, Mungiako Olalde Aretoan, 11:30ean hasita. Alkateak 11:00etatik aurrera hasiko dira iristen, akreditazioa jasotzeko, eta, ekitaldia hasi baino lehen, Batzorde Eragileak hileko bilera egingo du toki berean.

Batzarra EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gidatuko du, Azpeitiko alkatea den Nagore Alkorta eta Irungo alkatea den Jose Antonio Santano elkarteburuordeekin batera. Elkarteburuaren mahaiarekin batera, Batzorde Eragileko beste hamabi kideak egongo dira, hiru lurralde historikoetako udalerrien ordezkari gisa.

Ager Izagirre Mungiako alkatearen ongietorriaren ondoren, Elkarteburuak bilkurako gai-zerrenda aurkeztuko du. Gai-zerrendak lau puntu ditu: EUDELen 2022ko jardueraren aurkezpena, aurreko bilkuraren akta, 2020ko ekitaldiaren itxierako urteko kontuak eta 2022ko ekitaldiko aurrekontua.

Batzarra urriaren 8an deitu zen, Batzorde Eragileak hala erabakita, eta urriaren 11n, hilabete lehenago, EUDELek gai bakoitzari dagokion dokumentazioa bidali zien udalei.

Paperezko dokumentazioa euskarri digitalarekin ordeztu ondoren, EUDELek aurrera jarraitzen du Batzarraren berrikuntzarekin, eta aurten bozketa elektronikoa egingo da. Batzarraren mekanika EUDELen Estatutuek eta Antolakuntza eta Jarduera Erregelamenduak arautzen dute.

Lehentasunezko ekintza-ildoak

EUDELen Batzar hau bereziki garrantzitsua da udalentzat, bat baitator udal-agintaldiaren erdialdearekin (2019-2023), eta 2022ko ekitaldia une erabakigarria izango baita gizartearen eta ekonomiaren susperraldia finkatzeko.

Udalerriak ere eraldaketa iraunkorraren agertoki izango dira, eta, erronka handi horiei erantzuteko, EUDELek udalei laguntzeko ildoak indartuko ditu, lehentasunezko bi frontetan: lehenengoa, toki-autonomia eta finantza-nahikotasuna indartzea, udal-politikak eta -zerbitzuak hobetzen jarraitzeko; bigarren ardatza, hau ere behar-beharrezkoa, tokiko gobernuen funtsezko eginkizuna finkatzea, Euskadi udalerrietatik kohesionatzeko eta gainerako instituzioekin lankidetzan aritzeko “Herrialdeak” dituen erronken aurrean.

Helburu horiekin bat etorrita, Gorka Urtaran elkarteburuak ekintza-ildo estrategiko berri bat aurkeztuko dio alkateen Batzarrari: Tokiko ekintza koordinatzea Euskadiko 2030 Agendan, udalek sarean eta beste instituzio batzuekin lankidetzan bultzatutako GJHen trakzio-proiektuen bidez. Ekimen horrekin, EUDELek udalen parte-hartze proaktiboa bideratuko du 2030 Agendaren eragile anitzeko foroan.