Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Aurtengo edizioaren leloa honakoa izango da: «Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko!»

Iturria Gogora: https://www.gogora.euskadi.eus/albisteak/-/albistea/2021/memoriaren-eguna-2021-bakearekin-konprometitutako/

Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Egunaren harira ekitaldia egingo du, datorren azaroaren 10ean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Donostian, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko.

Aurtengo edizioaren leloa «Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko! | A todas las personas que os comprometisteis con la paz, ¡gracias!» izango da, bakearen alde egin zuten pertsona, elkarte eta mugimenduei eskerrak emateko. Egoera txarrenetan ere, bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen eta bakearen defentsan oinarritutako gizartea eraikitzen eta defendatzen ahalegindu diren pertsonen konpromiso zibikoa nabarmendu nahi da.

Memoriaren Eguna – kartela  (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

Era berean, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu nahi du, urteen poderioz, gizarte-mobilizazioaren goranzko bilakaera eta terrorismoaren aurkako jarrera erabakigarria izan zirela terrorismoaren eta indarkeriaren amaieran. Ekitaldia 11: 00etan izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jargi Aretoan, Donostian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren parte-hartzearekin. Ekitaldi hau batera antolatu dute Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gaur arratsaldean, Finantzen Lurralde Kontseiluan Udalkutxa udal finantzaketaren foru funtserako aurreikuspena onartu da, 937,4 milioi euroan. Hala, % 13ko igoera egon da aurten jasotako zenbatekoaren aldean, eta % 4,8koa 2021eko ekitaldiko likidazioaren aurreikuspenen aldean.

Horrez gain, Bizkaiko udalek 8,8 milioi euro jasoko dituzte Gizarte Zerbitzuen Funts berritik, aurrekontuei buruzko Foru Arauan ezarriko den bezala.  

Otsailean izango dugu 2021eko ekitaldiaren itxieraren berri, baina, aurreikuspenen arabera, likidazioa positiboa izango da, 65,2 milioi euroan.

Bilbon, 2021eko urriaren 22an. Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak gaur arratsaldean egindako bileran, 2022. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua egin da, eta, zenbaki orokorretan, 946,2 milioi euro izango dira: 937,4 milioi euro Udalkutxatik eta 8,8 milioi euro Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bidez.

Hala, Udalkutxa Foru Funtsa % 13 igo da 2021eko ekitaldiko aurrekontuan balioetsitakoaren aldean, eta % 4,8, aldiz, 2021. urteko likidazioaren aurreikuspenaren aldean (azken datu hori datorren urteko otsailean jakingo da).

Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtsa arduratuko da kopuru hori Bizkaiko udalerrien artean proportzionalki banatzeaz. Gainera, datu erabakigarria dugu udalek datorren urteko ekitaldirako aurrekontuak prestatu ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle kopurua, langabezia tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.

Bilera horretan bertan, Udalkutxa funtsaren 2021eko ekitaldi honetarako likidazioaren aurreikuspenak ere egin dira. Nahiz eta behin betiko datuak Finantzen Lurralde Kontseiluaren otsaileko bileran ezagutuko diren, itxura guztien arabera likidazioa berriz ere izango da positiboa, 65,2 milioi euroan. Zenbateko hori udalen artean banatuko da, 2022ko otsaileko behin betiko likidazioaren ostean.

Foru finantzaketaren arau testuinguru berrira egokitzea

Iragan urriaren 7an, Ekarpenen Lege berria onartu zen. Horren arabera, udalaren gutxieneko partaidetza % 54,70etik % 39,23ra pasatu da. Hala, eszenatoki berri bat zabaldu da, eta, beraz, foru erakundeak tokiko finantzaketaren araudia egokitu beharko du. 2022an banaketa neutraltasun egoeran egiten dela bermatu ahal izateko, behin-behinean ezarri da, aurrekontuen Foru Arauaren bidez, lehen eskuragarri zeuden baliabideen % 56 ordez orain udalerrietan eskuragarri egongo diren baliabide berriak % 39,66 izango direla, bi funtsen bidez: Udalkutxan eskuragarri dauden baliabideak % 56tik % 39,29ra pasatuko dira eta Gizarte Zerbitzuen Funtsean % 0,37ra. Hartara, 2022an Bizkaiko udalek 937,4 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik eta 8,8 milioi euro Gizarte Zerbitzuen Funtsetatik.

Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren arloan, 2022ko ekitaldirako zerga arauek etenda jarraituko dute, 2020ko eta 2021eko ekitaldietan bezala. Halaber, Foru Aldundiko eta Bizkaiko udalerrietako ordezkariak bat etorri dira orain eta etorkizunean egin beharreko gastuetan zuhurrak eta arduratsuak izaten jarraitu beharrarekin, eta finantza jasangarritasunaren printzipioa zorrotz bete beharrarekin.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia eta finantza jarduera eta aurrekontu jarduera zaindu ere. Hamar kide daude: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta gainerako bostak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak dira (Bilboko Udala, Fruizko Udala, Larrabetzuko Udala, Plentziako Udala eta Portugaleteko Udala).

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseilua urtean bi aldiz biltzen da gutxienez,  Finantzen Euskal Kontseiluaren ostean, eta Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Udal finantzaketa Bizkaiko Lurralde Historikoan modu egokian banatzen dela bermatzen du.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzak udalen rol aktiboa indartu du, garapen jasangarriaren barruko euskal erakundeen arteko aliantzaren barruan.

2021eko urriaren 20an. Lehendakaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzak esparru-akordio bat sinatu du EUDELekin, euskal udalek Euskadiko 2030 Agendari ekarpena egitea bermatzeko. Maila anitzeko gobernantza eta tartean diren eragile guztien elkarlana abiapuntutzat hartuta heldu behar zaio erronka global horri.

Akordioak udalen lankidetza bideratzen du EUDELen bitartez, eta Agenda Euskadin ezartzeko prozesuan tokiko gobernuek duten koordinazio- eta partaidetza-mekanismoak jartzen ditu. Helburua udalen rol aktiboa ikusarazi eta sendotzea da. 2030 Agendako Lehentasunen Euskal Programa indartzen dute udalek, udalerrietan sustatutako proiektuak gehituz, eta erakundeen arteko lankidetzaren bitartez.

Horretarako, oinarria udalerrietan duten proiektuen multzo bat proposatuko du EUDELek. Proiektu horiek, Agendarekiko tokiko konpromisoa ez ezik, agerian utziko dituzte Garapen Jasangarriko Helburuen alde lanean ari diren euskal udalen ibilbidea eta esperientzia ere. ‘Euskal Udalerriek Euskadiko 2030 Agendari egindako Ekarpena’ behin betiko dokumentua alkate guztiei erakutsiko zaie EUDELen Batzar Orokorrean, azaroaren 11n.

Era berean, Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako Eragile Anitzeko Foroan EUDELek izandako parte-hartzea jaso da. Organo hori 166/2021 Dekretuaren bidez eratu eta arautu da, maila anitzeko gobernantza-mekanismoa izan dadin eta GJHak sustatzen diharduten erakunde eta entitate guztien arteko bateratze operatiboa ahalbidetu dezan.

Akordioan aurreikusita dago Jarraipen Batzorde bat sortzea, erakunde bakoitzaren bi ordezkarik osatua, eta planifikazio-, jarraipen-, interpretazio- eta ebazpen-funtzioekin.

Hitzarmena bi urtez egongo da indarrean, eta denbora hori gehienez lau urtera arte luza daiteke, ezarritako helburuak bete arte.

Euskal udalerrien ekarpena

EUDELen Batzorde Eragileak eta Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onetsi dute akordioa. Aldi berean, Euskadiko Udalen Elkartea lankidetza-prozesu bat gauzatzen ari da udal-sareekin, Euskadiko 2030 Agendari gehituko zaizkion proiektuen zerrenda osatzeko.

Euskadiko Udalen Elkarteak aztertu ditu dagoeneko sareotan martxan dauden ekimenak, Agendaren helburuei hoberen egokitzen zaizkienak aukeratzeko. Hain zuzen ere, jasangarritasunaren eta gizarte-kohesioaren esparruko proiektu erakarleak behar dira; besteak beste, gizarteratzearen, berdintasunaren, enpleguaren eta tokiko garaipen ekonomikoaren, ingurumenaren, lankidetzaren eta gobernantza onaren alorretakoak.

Konpromisoak

Esparru-akordioa oinarri hartuta, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak adierazten dute konpromisoa dutela elkarrekin lan egiteko, helburu hauek lortzeko:

  1. Koordinazioaren eta lankidetzazko gobernantzaren alde egitea, Euskadiko 2030 Agendaren testuinguruan, nazioarteko konpromisoaren ondorioz sortutako garapen jasangarriko helburuak (GJH) tokiko ekintzaren adibide praktikoetan gauzatu daitezen Euskadin.
  2. Maila anitzeko gobernantzako guneak eta mekanismoak sustatzea proiektu honetan, erakundeen arteko lankidetza eta kooperazio eraginkorra errazteko, Euskadiko 2030 Agendaren ezaugarri gisa.
  3. Babesa eta laguntza ematea, prozesu osoan zehar Euskadiko udalen presentzia aktibo, koordinatua eta adierazgarria antolatzeko.
  4. GJHak lortzeko, tokiko eremuak duen funtsezko rola ikusaraztea, eta Euskadiko 2030 Agendaren printzipioak politika publiko guztietan zehar-lerro bilaka daitezela sustatzea.
  5. Tokiko ekintzak zehazten laguntzea, eta bermatzea Euskadiko udalak Eragile Anitzeko Foroan egongo direla, baita Foroko Lantaldeetan eta Idazkaritzaren iritziz beharrezkoak diren beste arloetan ere.
  6. Aliantzak sustatzea beste erakunde, organismo publiko eta eragile batzuekin, zeinak, Euskadiko udalekin egindako lanaren erakusgarri diren heinean, tokiko gobernuak EUDELen bitartez koordinatzen eta ordezkatzen lagundu dezaketen.
  7. Akordio honetan azaldutako elkarlana zabaltzea, bata bestearekiko lankidetzan.

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako mekanismo nagusiak, 553 milioi euroko zuzkidura izango du 2021 urtean, aurreikusitakoa baino 55 milioi euro gehiago, betiere urte amaierako aurreikuspenak betetzen badira. Honela, funts honek inoiz baliabide kopururik handiena izango da.

Datu horien berri eman zitzaien EUDELeko ordezkariei elkartu ziren urriaren 18an egin zen Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan. Bertan izan ziren, lurraldeko udalen ordezkariak: Ane Beitia Elgoibarko alkatea; Izaro Elorza Oñatiko alkatea; Jon Iraola Eibarko alkateak; Gurutze Etxezabal Orexako zinegotzia; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkaria.

Topaketan parte hartu zuten, Foru Aldundia ordezkatzen, Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Ingurumeneko foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.

Ondorioz, UFFFak 553 milioi euro izango ditu 2021ean, eta 568 milioi euro 2022an. Azkenik, bileran Aldundiak udalei jakinarazi die beraiekin partekatuko duela 2022 urterako Gipuzkoari dagokion defizit muga. Hau da, Gipuzkoak erabilgarri dituen 53 milioi horietatik, %40 udalei utziko zaizkie (21 milioi).

 

Datuak udalen arabera (2021ko foru funtsaren aurrelikidazioa)

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru aldundiek eta Udalek 2021eko ekitaldirako zerga itunduen ondoriozko diru-bilketaren likidazioaren aurreikuspenak onartu dute, 15.580 milioi euro, hau da, 2021eko aurrekontuan aurreikusitakoa baino % 9,3 gehiago.

Espero da zerga itunduen ondoriozko diru-bilketa bat etortzea 2022rako aurreikusitako susperraldi ekonomikoarekin. Hartara, zenbatetsi da Foru Aldundiek zerga itunduen ondorioz guztira 16.290 milioi euro biltzea 2022an, hau da, 2021erako aurreikusitako itxierako diru-bilketa baino % 4,6 gehiago.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazio osoa ikusi

Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, datorren astean.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, tokiko erakundeek baliabide gehiago izango dituzte datorren urtean, eta “hori albiste ona da udalerrientzat”.

Gorka Urtaranek baloratu duenez, egungo egoera, hein handi batean, Euskadiko Udalen kudeaketa eraginkorraren ondorio da; “sentsibilitate handiz eta, aldi berean, zorroztasun handiz jokatu dugu, eta horrek aukera emango digu funts hauen erabileran eragile aktibo izateko, gainerako erakundeekiko lankidetzatik, herrialdearen erronka handiei erantzuteko.

Elkarteburuak gaineratu duenez, zorroztasunaz gain, “oso garrantzitsua da herritarren beharrekin enpatia izatea, eta hori da gure zeregin garrantzitsua gizartetik hurbilen dauden erakundeak garen heinean”.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Udalerrien ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)
  • ‘Jaso nahiko genukeena eskaintzea’ kanpainak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte, eta, kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldia egingo da

2021/10/15

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak bere ekintza-eremua zabaldu eta toki-mailara hedatu da, udaletara. Eusko Jaurlaritza atxikipen-kanpainarekin hasi da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean, “Euskadin demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko”, esan du Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak.

Legarretak berak sinatu duen gutun bat bidali zaie Euskadiko alkate guztiei eta, haren bidez, udalak Migraziorako Euskadiko Itun Sozialari atxikitzeko gonbita egiten die. Proposamena da dokumentua dagokion udalaren osoko bilkuran aurkeztu eta onartzea.

BIDEO/AUDIO Adierazpenak (Artolazabal, Urtaran)

Proposatutako dokumentuak honako hau dakar: “Xenofobiaren edozein erabilera populistaren aurrean, konpromisoa hartzen dugu gehiengo demokratikoaren pisua eraginkorra izateko batasunari eusteko”.

Atxikipen-kanpainaren lema Jaso nahiko genukeena eskaintzea da, eta kanpainak berak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte. Kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldi bat izango da eta, hartan, atxikitzen diren gobernu guztiei egingo zaie aintzatespena. Era berean, toki-ordezkariei zenbait ekimen eta  jardunbide egokien gida bat emango zaizkie, 2022an zehar Migraziorako Euskadiko Itun Sozialaren edukia beren elkarte eta erakundeen eta egokitzat jotzen dituzten toki-taldeen artean zabaldu ahal izateko.

Elkarlana EUDELekin

Lan-lerro horretan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, asteon, Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuarekin eta Vitoria-Gasteizko alkatearekin izan du topaketa bat, eta udalei bidalitako gutuna eman dio, eskura.

Artolazabalek Urtarani azaldu dio bere Sailaren helburua honako hau dela: “itun hau Euskadiko udalerri guztietara iristea, haien udalen atxikipenaren bidez, Euskadi solidarioagoa eta erosoagoa izateko urratsak ematen jarraitzeko”. Sailburuak, era berean, honako hau esan du: “Migratzaileek Euskadin beren bizi-proiektuak errealitate egin ahal izatea nahi dugu”. Eta, gogorarazi duenez: “milaka euskal herritarrek ere babesa eskatu behar izan zuten beste nazio batzuetan, 1936ko Gerra Zibilaren ondoren, eta Euskadik, gaur egun, asilorako eta harrerarako lurralde solidarioa izan nahi du”.

Bestalde, Urtaranek ekimen horri ahalik eta udalerri gehien atxikitzeko erakunde-elkarlanaren balioa nabarmendu du: “EUDELetik euskal udal guztiak animatzen ditugu Migraziorako Itun Sozial hau sinatzera”. Gorka Urtaranek nabarmendu du “Euskadiko gizartea plurala eta askotarikoa” dela, eta, beraz, “aniztasuna zentzuz kudeatu” behar dugula, “aniztasunaren kulturatik abiatuta, gure gizarte-kohesioa eta ongizatea bermatzeko, eta garapen ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua egiteko”.

Migraziorako Euskadiko Itun Soziala

Xabier Legarretaren gutunean jasotzen den bezala, Migraziorako Euskadiko Itun Soziala aurreko legegintzaldietan eginiko parte hartzeko lanaz elikatu da. Iñigo Urkullu Lehendakariak berak aurkeztu zuen dokumentua 2019ko azaroaren 30ean, Euskadiko gizarteko instituzio- eta erakunde-ordezkaritza zabalarekin.

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana ditu abiapuntu, migratzaileen prebentziozko arreta humanitarioan konpromisoa hartzeko, nagusiki kalteberatasun-egoeran daudenen kasuan, besteak beste bakarrik dauden emakumeen edo ardurapean adingabeak dituztenen eta giza eskubideen indarkeriaren biktima direnen kasuan.

Ituna sei hizkuntzatara dago itzulita (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera eta errumaniera), eta Eusko Jaurlaritzaren https://labur.eus/5iLS7 webgunean dago eskuragarri, pertsona eta erakundeen atxikipenak lortzeko.

Ostiral honetan (urriak 15), EUDELek eta Emakundek sustatutako berdintasunaren aldeko udalerrien Berdinsarearen beste topaketa bat hartuko du Elgoibarko udalerriak

Beasain, Amurrio eta Elgoibarko udalek arlo horretan izan dituzten esperientziak eta praktikak kontatuko dituzte

Silvia Piris Lekuona soziologoak hitzaldi hau emango du: “Zaintzaren eskubide kolektiborantz: toki-mailatik ekiteko giltzarriak”

2021eko urriaren 14an. Zein dira udal praktikarik onenak ikuspegi feminista duen herritarren zainketen kudeaketako eredu bat lortzeko? Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalerrien sareak, Berdinsareak –EUDELek eta Emakundek sustatua–, truke-tailer bat antolatu du urriaren 15erako (ostirala). Esparru horretan dauden estrategia onak trukatzeko tailerra izango da, EAEko udaletako Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuen arloei zuzendua.

Hiru lurraldeetako udal ordezkarien arteko topaketa hori Elgoibarko Emakumeen Etxean egingo da, 10: 00etatik 13: 00etara. Tailer honen bitartez, euskal udalek, ikuspegi feminista batetik, zainketen kudeaketa-ereduak abiatu dituzten prozesuen eta estrategien inguruan aurrera egiten jarraitu nahi da, horiek lehentasun izan daitezen tokiko agendan.

Saioari ekiteko, Silvia Piris Lekuonaren, Berdintasunean eta Lankidetzan espezializatutako soziologoaren,  hitzaldia izango dugu: “Zaintzaren eskubide kolektiborantz: toki-mailatik ekiteko giltzarriak”. Piris Lekuona soziologoa da, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragilea izeneko master ikasketak eta Nazioarteko Lankidetzako master ikasketak ditu. Colectiva XXK plataforma feministako kide da, eta bertatik prestakuntza eta ikerketa arloetan egiten du lan, tresna analitikoak, metodologikoak eta eragiteko, jarduteko eta esku-hartze politikorako tresnak sortzeko.

Ondoren, Beasain, Amurrio eta Elgoibarko udalek beren esperientzien berri emango dute, herritarren zainketen kudeaketan ikuspegi feministarekin aurrera egiteko hainbat ekimen abian jartzeko.

  • Beasain: Herrilab- Kontziliazio Erantzunkiderako Tokiko Laborategia

Ekintza-plan aitzindari bat garatzen ari da, udalerria kontziliazio erantzukiderako laborategi bihurtu nahi duena; erakundeek, tokiko elkarteek eta enpresek parte hartzen dute, Beasaingo Udalaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaz gainera.

-Amurrio: Zaintzaren zeharkakotasunerako lantaldea.

Alkatetzak koordinatutako sailen arteko lantaldea jarri du martxan, udal politika eta zerbitzuetan zainketen ikuspegia zeharka txertatzeko.

Kideek aztertu eta baloratu egiten dituzte Udalak zainketei beste ikuspegi bat emateko abiatzen dituen proiektuak, “bizitza erdigunean jartzearen” perspektibatik.

  • Elgoibar: udalerrian zaintzaren ardatz bat egituratzea

Azken urteetan, Elgoibarko Gizarte Zerbitzuek eta Berdintasun Arloak lankidetzan dihardute ikuspegi komunitarioa duen zaintzara bideratutako ardatz bat sortzeko. Udal zainketen kudeaketaren azterketan oinarritzen da, bai eta herritarren eta zaintzaileen premien azterketan, eta komunitatearen erantzunetan ere, xede izanik erantzun komunitarioak egituratzea.

Amaitzeko, galderen txanda egongo da, eta bertaratutako udalerrien artean eztabaida sustatuko da, alor horretako ideiak truka ditzaten eta beren tokiko prozesuetan txerta ditzaten.

Berdinsarea: laborategia eta behatokia

Berdinsarea “laborategi” edo behatoki gisa dago eratuta, euskal udalerri guztietan errepikatu daitezkeen edo haientzat inspiratzaile izan daitezkeen toki-mailako esperientziak partekatzeko. Sareak hainbat tamainatako udalen arteko elkarlana eta koordinazioa errazten du, gainerako euskal erakundeekin lankidetzan.

Berdinsareak 15 urteko ibilbidea egin du 2021ean, berdintasun arloko tokiko politiken buruan, eta euskal biztanleen % 80 baino gehiago ordezkatzen ditu. Sare aitzindaria da, Berdintasunaren Europako Gutunarekin batera jaio zena, eta abangoardiako europar politikekin lerrokatuta jarraitzen du. Udalerri berdinzale, inklusibo eta libreak eta, era berean, osasungarriago eta iraunkorragoak lortzeko bidean praktika berritzaileenak dituzten eta berdintasunaren arloan eta emakumeenganako indarkeriaren aurka aurrerapausoak emateko estrategia eta ekintza komunak lantzen dituzten udalak dira sarearen buru.

Informazio gehiago: https://berdinsarea.eus/eu/sarea

 

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Vitoria-Gasteizen gertatutako  emakumearen hilketa matxistaren aurrean. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta  hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria, era guztietan  (psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du Emakundek eta Vitoria-Gasteizko Udalak deitu duten gaitzesteko elkarretaratzearekin. Elkarretaratzea urriaren 13an izango dela, 12:00etan, Udaletxearen aurreko plazan, baita ere antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.