Eudel

Author

eudel

Azken berriak

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak irmoki gaitzetsi eta arbuiatzen ditu Berrizen emakume batek bikotekidearen eskutik jasandako erasoa eta Xixonen bi emakumek (bat, Bergarakoa) jasandako sexu-erasoa. EUDELek elkartasuna helarazi nahi die biktimei, haien familiei eta inguruko pertsonei.

EUDELek gogorarazten du erasoek eta heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria era guztietan   (psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek babestu egiten ditu Berriz eta Bergarako udalek egin dituzten gaitzespen-adierazpenak, eta eraso horiek gaitzesteko antolatuko diren ekitaldi guztiekin bat egingo du, esate baterako, gaur arratsalderako Berrizko Udalak deitu duen kontzentrazioarekin. 19:00etan izango da, Urtiaga plazan.

2021eko uztailak 27.

  • Metodologia berriak legez ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23 izatea tributu itunduetan, eta gomendio izatetik betebehar izatera igaro da. Gainera, gaur egungo ehunekoaren aldean igoera dakar (% 54,70; % 37,64ren parekoa).
  • Gorka Urtaran elkarteburuaren arabera, “mugarririk garrantzitsuena da, ETELen ondoren. Lege berri honek gainerako erakundeen maila berean jartzen gaitu, eta udalen funtsezko zeregina finkatzen du, herrialdearen egonkortasunean eta erronketan laguntzeko”.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 15ean. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren gaur arratsaldeko bileran, indarrean dagoen Ekarpenen Legearen metodologia berritzeko erabakia berretsi dute Udalek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek; orain, Eusko Legebiltzarrak onetsi beharko du, indarrean sar dadin. Lege berriak erakunde desberdinen eskaerak eta, bereziki, euskal udalgintzaren ikuspegia jasotzen ditu, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen (ETEL) aginduak barnean baititu. Zehazki, lehen aldiz, udal-finantziazioari buruzko berariazko kapitulu bat sartu da.

Bileraren ondorengo prentsaurrekoan, erkidegoko erakunde guztien artean erdietsitako akordioaren garrantzia nabarmendu du EUDELen elkarteburuak, Ekarpenen Legean udalerrien finantziazioa “hobetu eta blindatzeko”. Hain zuzen, Gorka Urtaranek “mugarririk garrantzitsuentzat” jo du akordio hau, ETELen ondoren, “udalak erakunde gisa herrialdearen arkitekturan kontsolidatuko baititu, beste bi mailetako erakundeen pareko”.

Elkarteburuak azaldu du Ekarpenen Legearen zein hiru aurrerapen diren garrantzitsuenak euskal udalgintza indartzeko, eta horiek aurrerapauso handia dira Euskadiko Toki Erakundeen Legea praktikan jartzeko. ETELen garapena lehentasuna da udalentzat; horregatik, EUDELen zeregin nagusia lege horrek agindutakoa benetan gauzatzen dela zaintzea da.

Hiru aurrerapen udalerrientzat, Ekarpenen Legean

1.- Toki-erakundeen finantziazioa hobetu eta blindatzen du: gutxieneko partaidetza-ehuneko handiagoa, eta finantziazio handiagoa gizarte-zerbitzuentzat eta euskararentzat.

20.2 artikuluak % 39,23 ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekotzat, lurralde historikoaren baliabide erabilgarriei dagokienez. Indarrean dagoen 2/2007 Legearen aldean, tributu itunduetan, toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa handitu egiten da, bai eta legez kontsolidatu ere, hau da, lehen gomendio zena, orain nahitaez bete beharrekoa da. Gainera, ehuneko hori indarrean dagoen legeak gomendatutako % 54,70ko ehunekotik gora dago (% 37,64ren baliokidea).

EUDELen elkarteburuak balioa eman dio “aurrerapauso garrantzitsu” horri, udalerrien finantziaziorako bermea areagotzen baitu, Batzar Nagusiek ezin izango dutelako ezarri foru-arauetan ehuneko hori baino finantziazio txikiagorik. Halaber, Gorka Urtaranek esan duenez, “ezkutu gisa balioko du, gure finantziazioa babesteko eta gure herritarrek hurbilen dituzten erakundeengandik behar eta espero duten une nahiz egoera bakoitzari erantzun ahal izateko”.

Bestalde, baliabideak banatzeko ereduan sartu da Gobernuak Lurralde Historikoei ematen dien finantziazioa, gizarte-zerbitzuen politikak finantzatzeko (24.514.000 euro), eta euskara sustatzeko tokiko politikak eta udal-mailako normalizazio-planak egiteko (900.000 euro).

2.- Udalerriak Euskadiko arkitekturako gainerako bi erakundeen maila bereko toki-erakundetzat finkatzen ditu.

Lehen aldiz, udal-finantziazioak kapitulu propio bat (V) du Legearen barruan. Bertan, herrialdeko baliabide ekonomikoen banaketa-egiturako partaidetza ezartzen eta aitortzen zaio.

Udalek Egokitzapenerako Funts Orokorrean ere parte hartuko dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin batera, koefiziente bertikal eta horizontalen arabera. Funts horren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45era igotzen da, egungo legeak finkatutako % 1aren aldean.

3.- Udalen funtsezko zeregina indartzen du gainerako euskal erakundeekin erabaki eta kolaboratzeko herrialdearen egonkortasunaz den bezainbatean, eta gizarte gisa ditugun erronkei elkarrekin erantzuteko.

Gorka Urtaranek baieztatu du Euskadiren erakunde- eta finantza-egonkortasuna “erabakigarria” dela erantzun koordinatu, efiziente eta efikazak emateko suspertze- eta eraldaketa-erronkei, garapen jasangarriari dagokionez. “Eraldaketa lankidetzazko gobernantzaren bitartez egin behar da, behetik gora, udalerri eta lurraldeetatik”, gaineratu du elkarteburuak.

LHEKren bilerari buruzko informazioa (oharra, argazkiak, bideo/audioa) hemen dago eskuragarri: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/departments/105-ekonomia-eta-ogasuna/news#middle

HAEE-EUDEL prestakuntza-planaren esparruan, Osalanek antolatutako ikastaro hau udal edo udalaz gaindiko teknikariei zuzenduta dago, batez ere Hirigintza, Mantentze eta Laneko Arriskuen Prebentzio arloetakoei eta zeharkako beste arlo batzuetakoei.

EGITARAUA

Hiru ikastaro ematen dira, lurralde historiko bakoitzeko bat, honako xehetasunen arabera:

Donostia (irailak 16, 23 eta 29)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_1/eu_def/index.shtml

Bilbo (irailak 16, 22 eta 30)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_2/eu_def/index.shtml

Vitoria-Gasteiz (irailak 16 eta 24 eta urriak 1)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_3/eu_def/index.shtml

Ikastaroaren helburu nagusiak parte-hartzaileak kontzientziatzea eta jarraibideak ematea dira:

  • Amiantoaren udal-inbentarioak egitea.
  • Amiantoa kentzeko administrazio-izapideak.

Ikasleentzako helburuak honako hauek izango dira:

  • Amiantoaren ezaugarriak ezagutzea

o  Identifikazioa, kokapena eta erabilera nagusiak;

o  Amiantoa kentzeko administrazio-izapideak.

o  Obra-proiektuen ezaugarriak.

  • Udal inbentarioak egiteko GIS tresnak erabiltzeko jarraibideak izatea.

Amaitu ondoren, ikasleek honako ezagutza hauek eskuratuko dituzte:

  • Amiantoa duten materialen aurretiazko identifikazioa egitea.
  • Bere eskumen-eremuan edo erantzukizun-eremuan amianto-arriskua duten jarduerak identifikatzea.
  • Amiantoaren udal-inbentarioaren ezaugarriak definitzea.
  • Geoeuskadi amiantoaren inbentarioa aztertzeko eta bistaratzeko tresna gisa erabiltzea eta horretan laguntzea.

Donostian, 2021eko uztailaren 9an. Mar Zabala EUDELeko zuzendari nagusiak gaur goizean hartu du parte EUROBASQUEk antolatutako UPV/EHUren udako ikastaroaren amaierako hitzaldi saioan “Europar Batasunaren etorkizuna: ikuspegi bat Euskaditik. Konferentziari egindako ekarpenak”. Bi eguneko topaketa izan da, uztailaren 8an eta 9an egin baita Donostiako Miramar Jauregian, eta hamar adituk baino gehiagok Europar Batasunaren orainari eta etorkizunari buruz dituzten ikuspegien berri eman dute.

Ikastaroaren amaierako blokearen izenburua “Euskadi Batasun Federalean txertatzea” izan da. Mar Zabala arduratu da sarrera egiteaz eta saioa moderatzeaz, eta bertan izan dira, besteak beste, Arola Urdangarin, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko zuzendaria, eta Alberto López Basaguren, UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna.

Saio horretan, EUDELeko zuzendariak ekarpenak egin dizkie hizlariei bere ikuspegiaren eta Euskadiko Udalen Elkartean metatutako esperientziaren bidez. EUDELek 40. urteurrena ospatuko du datorren urtean, lau hamarkada Euskadiko tokiko gobernuetan espiritu europarra sustatuz; eta, era berean, Euskal Herriko tokiko boterearen “ahotsa” proiektatuz Europan, hainbat erakundetan parte hartuz, hala nola Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluan (CEMR) eta Europako Kontseiluko Toki eta Eskualde Botereen Kongresuan.

Misio europazale hau Elkartearen 1982ko estatutuetan jasota dago, eta gaur egun ere erabat indarrean daude. EUDELen eginkizun nagusia udalen eskumen propioak eta finantza-nahikotasuna defendatzea da; izan ere, bi horiek dira euskal udalen bi zutabeak eta Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean biltzen dira. Eta Euskal Autonomia Erkidegoak Gutun hori hartu du inspirazio-iturri gure Toki Erakundeei buruzko Legea Europako arau aurreratuenarekin lerrokatzeko.

Tokiko boterearen indarguneak eta zeregina Europan

“Euskadiko tokiko boterea Europan” izenburupean, Mar Zabalaren hitzaldiak tokiko gobernuen funtsezko zeregina nabarmendu du pandemia osteko gizartearen erronka handiei “irtenbide bizkor, eraginkor eta hurbilak” emateko: gizartea eta ekonomia suspertzea, eraldaketa eta garapen jasangarria 2030 Agendaren barruan.

Erronka horiei erantzuteko, EUDELeko zuzendariak bi indargune aipatu ditu: “Lankidetzako gobernantza“, gobernu-maila desberdinen arteko koordinazio eraginkorrerako, eta “tokiko gobernantza ona“, Europako printzipio eta balio demokratikoak, pertsonengandik hurbilen dauden erakundeen indarra baitira.

Zuzendariak azaldu duenez, tokiko eremuan kezka agertu da birzentralizatzeko ahaleginak daudelako eta egungo pandemiaren krisi-garaian areagotu egin daitezkeelako ahaleginok. Zabalak azpimarratu du beharrezkoa dela “tokiko gobernu indartsuak eta erresilienteak” izatea, “udal-autonomiaren eta erantzukizunak eraginkortasunez eta efizientziaz gauzatzeko finantziazio nahikoaren bidez. Gertueneko gobernu-maila indartzea da helburua, gizarte-premiei hobeto erantzuteko eta pertsonak politika publikoen erdigunean jartzen laguntzeko“.

Europan tokiko boterea indartzen jarraitzeko, EUDELeko zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela udalerrien arteko itunak egitea eta sarean lan egitea, Europako gainerako erakundeei mezu bateratua eta koordinatua helarazteko. Mar Zabalak azaldu duenez, Eskualdeetako Komitearen ardura da tokiko eta eskualdeko gobernuen ekarpenak Europaren etorkizunari buruzko Biltzarrera eramatea, eta, horretarako, ezinbestekoa da EUDELen eta gisa bereko udalerrien elkarteen lankidetza eta lana.

Ondorio gisa, Mar Zabalak mezu hau helarazi du euskal udalerrien izenean: “Subsidiariotasuna, tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna, lankidetzako gobernantza eta gobernu ona dira EAEko tokiko boterearen indarguneak, Europatik datozen indarguneak dira eta horiek kokatuko gaituzte Europan. Indargune horiek lantzen eta garatzen jarraitu behar dugu, atsedenik hartu gabe. Horretan ari gara, kezkatuta eta lanpetuta, eta horregatik ari gara elkarlanean udalerri gisa, EUDELek itunak egiten ditu Europako tokiko gobernuen elkarteekin, eta horiek osatzen dugu CEMR.”

Euskal ekarpena, EuroBasque bidez

Maiatzaren 9an Estrasburgon inauguratu eta EB osoan 12 hilabetez luzatuko den Europako Biltzarrerako euskal ekarpenaren oinarria Eusko Jaurlaritzak eta EuroBasquek bideratzen dute. EuroBasquek, halaber, Bilbon duela bi aste hasitako Bost Erronka, Europa bat hitzaldi-zikloa antolatu du.

Udako ikastaro hau Irune Zuluaga EuroBasqueko presidenteak aurkeztu du, eta Eva Ferreira EHUko errektorearen eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen babesa izan du. Ikastaroaren inaugurazio-blokeak, Europako Biltzarra EBren hausnarketa eta bultzada prozesu gisa izenekoak, Biltzar honen ezaugarriak jorratu ditu, eta ekimenak Europako herritarrei dei egiten die Europaren etorkizunari buruzko eztabaidetan parte har dezaten.

Bi jardunaldietan hainbat erakundek hartu dute parte EUDELez gain, hala nola Europako Parlamentuak, Diputatuen Kongresuak, Espainiako Europako Mugimendu Federalak, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak eta Eusko Ikaskuntzak.

EuroBasque, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua, gizarte zibileko elkartea da eta 40ko hamarkadan sortu zen. Hirurogeita hamar urte geroago, lehengo helburu bera du: Euskadik EBn izango duen etorkizunari buruzko eztabaida bultzatzea. Bere zuzendaritza batzordean EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-PSOE, PP+Cs eta Elkarrekin-Podemos legebiltzar-taldeen ordezkariak ditu.

Bost Erronka, Europa bat hitzaldi-zikloak euskal partaidetza bultzatzen du Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia ekimenean eta ekainaren 22an hasi zen Bilboko Euskalduna Jauregian, ekonomia ardatz duen jardunaldi batekin. “Europa geopolitikoa: mendekotasunetik autonomia estrategikora” izango da hurrengo jardunaldia eta azaroaren 5ean egingo da Donostian.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago https://eurobasque.eus/curso-verano-futuro-la-union-europea-una-vision-desde-euskadi-aportaciones-la-conferencia/

Programa osoa: https://www.uik.eus/es/el-futuro-de-la-union-europea-una-vision-desde-euskadi-aportaciones-la-conferencia

Eurobasqueri buruz: https://eurobasque.eus/

2021eko uztailaren 8a. Lehendakariaren Dekretu berria indarrean sartu eta EUDELen Batzorde Eragilea bildu den honetan, Gorka Urtaran alkateak eta LABIko kideak honako mezu hauek helarazi dizkie gaur goizean, Gasteizko bileraren ondoren, komunikabideei:

Gorka Urtaran, EUDELeko Elkarteburuaren adierazpena

 

  • “Euskal alkate guztiok oso kezkatuta gaude kutsatze kopuruak gora egiten duelako. Udalek neurriak hartuko ditugu orain arte hartu izan ditugun bezala; baina, alkateek ezin dugu herritar bakoitzaren atzetik udaltzain bat jarri. Horregatik diogu neurririk eraginkorrena erantzukizun kolektiboa eta indibiduala bermatzea dela; eta horixe da euskal alkateok herritar guztiei helarazi nahi diegun mezua.
  • Udalek helarazi nahi dugun mezua honakoa da: pixka bat gehiago behar dugu, Euskadi; pixka bat gehiago! Ia-ia egina dugu, helmuga ikusten dugu, hor dago, oso gertu. Eta, beraz, ez dezagun hutsik egin helmuga zeharkatu aurretik. Erantzukizuna behar dugu, maskara erabiltzeko, pilaketak saihesteko, ospakizun masiboak ekiditeko… oso gutxi falta zaigulako.
  • Deia egiten dugu erantzukizun indibiduala eta kolektiboa Talde immunitatea oso gertu dago, itxaron dezagun talde immunitate hori lortzeko eta gero izango dugu aukera ospakizun masiboak eta beste gauza batzuk egiteko.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Nafarroako Murchante udalerrian gertatutako Gasteizko emakumeren hilketa matxistaren aurrean. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du Vitoria-Gasteizko Udalak deitu duen gaitzesteko elkarretaratzearekin. Elkarretaratzea gaur izango dela, 12:00etan, Udaletxearen aurreko plazan. Gorka Urtaranek, Gasteizko alkatea eta EUDELeko elkarteburua, parte hartuko du elkarretaratzean.

2021eko uztailak 8.

Beste urte batez, urrian hasi eta 2022ko martxora bitartean, EUDELek eta IVAPek tokiko euskal erakundeetako langileak prestatzeko eta gaitzeko programa antolatu dute, elkarlanean. Tokiko Zuzendaritza Publikoaren egitaraua udaletako langile laguntzaileen gaitasunak indartzeko da, izan zuzendaritza-gaitasun teknikoak nahiz, hala badagokio, gaitasun politikoak. Horretarako, beharrezko hainbat tresna eskainiko dira, bai eta ezagutzak eta esperientziak ere (praktika onak), tokiko euskal erakunde publikoak garatzeari ekiteko XXI. mendearen hirugarren hamarkadan.

“Euskadiko udalak 2030: garapen jasangarria, leheneratzea eta eraldatzea” izeneko aurtengo programaren xedea da tokiko erakundeek aurrean dituzten erronka berriei ekitea, pandemia osteko errealitatera egokitzeari dagokionez. Saio gehienak Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) zer diren ezagutu eta lantzeko izango dira, jarduera praktikoak eginez, bai eta horiek, zer inplikazio eta aukera dituzten ezagutzeko ere. Halaber, Europako funtsen kontratazio eta kudeaketa publikorako mekanismoak  ere gai nagusi izango dira, leheneratzeko eta eraldatzeko finantza-tresna baitira. Hiru bloke nagusi egongo dira: Agenda 2030; Leheneratze-programa eta Europako funtsen kudeaketa; eta Eraldaketa-neurriak, horien artean daude berrikuntza digitala eta antolamendukoa edo herritarren parte-hartzea.

Ikusi PROGRAMA

Saioen formatua

Osasun-protokolo guztiak betez, eta, betiere, egoerak uzten badu, edizio honetan ikastaroak aurrez aurrekoak izango dira berriz ere, EUDELen Bilboko egoitzan. Guztira, 10 saio eskainiko dira, bakoitza bost ordukoa.

Irakasleei dagokienez, profil akademikokoak daude, eta, era berean, esperientzia praktiko egiaztatua duten bestelako hizlariak.

Programa-amaierako lan gisa, ikasleek Txosten edo Hobekuntza edo Berrikuntza Proiektu bat aurkeztu beharko dute; haien udalak edo tokiko erakundeak sustatzea aurreikusita duen arazo, proiektu edo erreformaren baten eta erakundearen onura ekar dezakeen konponbidea edo aplikazio praktikoa izango litzateke.

Tokiko gobernantzaren zeregin giltzarria

Prestakuntza-ibilbide honetan parte hartzen dutenek oinarrizko tresna kontzeptual eta aplikaziokoak jasoko dituzte, ezegonkortasuna ezaugarri duen helburu berehalako eta epe ertaineko bati aurre egiteko. Programak krisitik ateratzeko tokiko gobernuen zeregin nagusian jartzen du azpimarra, bai eta Agenda 2030aren bidez eraldaketa eta garapen jasangarriari ekarpena egitean ere, hiru dimentsiotan: ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala.

Halaber, Gobernantzako tokiko sistema bat eraikitzea proposatuko da, eraldaketa edo egokitzeko prozesuan pixkanaka laguntzeko, eta, aldi berean, erakunde publikoak gobernatu, kudeatu eta artikulatzeko moduan. Hori guztia, herritarrek zerbitzu hobeak eta garapen jasangarrirako helburuekin eta leheneratze, erresilientzia eta eraldaketako aurrekontuekin konpromiso erabatekoa dutenak izan ditzaten bermatzeko.

 

 

Ekainaren 28an, aurten ere, eskubideak eta bizikidetza aldarrikatzen ditugu euskal gizartearen aurrean, aniztasunetik abiatuta. 1969ko ekainaren 28an – Iaz 50. urteurrena ospatzen ari ginen – Stonewallen matxinada gertatu zenetik New Yorken, data hori egun bihurtu da lortutako lorpen guztiak aldarrikatzeko eta ikusarazteko, eta, ezinbestean, oraindik lortzeko dugun guztia nabarmentzeko izan behar du.

Berdindu zerbitzu publikoak, Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboari informazioa eta laguntza ematekoak, eskerrak eman nahi dizkie sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei, gaur egun ere antolatzen eta gizartea sentsibilizatu, kontzientziatu eta eraldatzeko lana egiten jarraitzen baitute. Era berean, gure mugetatik kanpo eta hemen isilik jasaten duten pertsona guztiak aitortu eta ahaldundu nahi ditu. Eta hori egin nahi du, bereziki, 2021ean, hain ohikoa ez den egoera bizi behar baitugu.

Berdindun argi daukagu erne ibili behar dela sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako sektore eta alderdi politiko jakin batzuen diskurtso eta planteamenduen gorakadaren aurrean, eta horrek ondorio zuzenak ditu: alde batetik, trans kolektiboaren eskubideak onartzearen aurkako oposizio zuzena; eta, bestetik, erasoen gorakada, duela egun gutxi gure herri batean ikusi ahal izan dugun bezala. Horregatik, oraindik ere beharrezkoa da LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikusarazten jarraitzea.

Horregatik, beharrezkoa da LGTBI pertsonen bizitzak eta eskubideak babesten dituzten lege-esparruak egotea. Halaber, oso garrantzitsua da LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, hiriko zurrumurru eta legendak harago, egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin.

Ikusgarritasun lesbikoa, trans, bi, trans despatologizazioaren aurkako egunak, LGTBIfobiaren aurkakoak… bat egiten dute, gaur, izateko eta desiratzeko harrotasunaren aldarrikapenean, bakoitzak bere erara, den-denek.

Horregatik guztiagatik, Berdindun, egun hau sexu-askapenaren alde lortzen ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko aprobetxatzera animatzen dugu euskal gizartea, ahaztu gabe gizarte osoaren lana dela erne ibiltzea, horren alde borrokatzen jarraitzea eta pertsona guztiak askatasunean bizi eta adierazi ahal izatea bermatzea.

Herritarrak animatzen ditugu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egin dezaten, foro publikoek, hedabideek eta sare sozialek agerian utz dezaten gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela.