Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Gernikak, Berrizek, Tolosak eta Gasteizek beren jardunbide egokiak elkarbanatuko dituzte EAEko gainerako udalekin, gaur goizean EUDELen egoitzan Berdinsarearen esparruan egingo den truke-tailer batean.
  • Saioa zuzenean ikus daiteke YouTubeko esteka honetan: https://www.youtube.com/watch?v=tBQCyJlTXXg

2021eko ekainaren 23a. Pandemiaren ondorioz herriko jaiak bertan behera geratu diren arren, “Berdinsarea” Euskal udalerrien sareak, EUDELek eta Emakundek bultzatuta, beharrezkotzat jo du trantsizio-unea baliatzea, jai-eredua gaur egungo gizartearen errealitatera egokitzeko.

Goiz osoan zehar, EUDELek euskal udalen jardunbide egokien tailerra antolatu du Bilboko egoitzan. Bertan, azken urteotan emakumeek eta gizonek herriko jaietan berdintasunez parte hartzeko egindako aurrerapenak erakutsi nahi dira. Adibide inspiratzaile gisa aurkeztuko diren jarduera batzuk udal-akordioak eta berdintasunerako toki-plan eta -ordenantzetako erreferentziak dira, edo jaien inguruko diagnostikoak eta parte-hartze prozesuak.

Gernikako, Berrizko, Tolosako eta Gasteizko udalek jai libre eta berdinzaleen ereduak erakutsiko dituzte tailerraren erdialdean, 12:30etik aurrera. Besteak beste, lau udalerri horien esperientziak izan dira Emakunderen azterlan honen oinarri: “Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak”. Txostenak zenbait euskal herritan eta Estatuan garatu diren ideia eta estrategia sorta bat eskaintzen du, emakumeek tokiko jaietan parte har dezaten sustatzeko, eta, besteak beste, erritu eta ekitaldi nagusietan rolak banatu daitezen, emakumeak sozializazio-espazioetara sartu daitezen edo jaietako erabaki- edo ardura-postuetan egon daitezen.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, “berdintasunari dagokionez jaiak gaurkotzea saihestezina da justizia sozialaren ikuspuntutik, emakumeek beraiek, mugimendu feministak eta, oro har, gizarteak eskatzen duten bezala”. Landaidak espero du “udalerri horietako esperientziek adorea emango dietela beste herri batzuei, beren jaiak gure garaiko errealitate sozialera egokitzeko, eta era horretan, gainera, aberasteko”.

Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak nabarmendu du euskal udalek berdintasunarekiko konpromiso irmoa dutela, politika eta zerbitzu publikoen bitartez gauzatzen dena. “Azken hamarkadetan, berdintasunaren arloko tokiko politikek jaiak ulertzeko eta bizitzeko modua eraldatzea ere bultzatu dute”. Gorka Urtaranen arabera, erakundeen esku-hartzea gizarte osoaren inplikazioan oinarritu behar da, eta jaiak genero-ikuspegia txertatzeko “funtsezko eremua” dira. “Lehen mailako adierazpen kultural eta sinbolikoak dira, eta horien bidez desberdintasunei aurre egin behar diegu, eta balio, tradizio eta festa-ohituren transmisioan estereotipo misoginoak errepikatzea saihestu“, azaldu du EUDELen elkarteburuak. Gaineratu duenez, “jardunbide egokiak udalerriz udalerri hedatu behar dira, gizonen eta emakumeen berdintasunezko parte-hartzea zabaltzeko, askatasunean eta aniztasunean irabazteko, diskriminaziorik eta bazterketarik gabe”

Margaret Bullenek, tailerraren hizlari nagusi gisa, Emakunderentzat egindako azterlanaren hausnarketa nagusiak aurkeztu ditu. Txostenak ondorioztatu duenaren arabera, aztertutako udalerrietan ez dago berdintasunezko jaiak lortu dituen «formula edo errezeta magikorik»: «prozesu bereziak, askotarikoak eta jaien tipologia bakoitzari, herri bakoitzaren ezaugarriei eta gizarte-osaerari lotutakoak» izan dira.

Saio honen antolatzailea Berdinsarea da (Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerriak). EUDELek eta Emakundek koordinatzen dute, eta gainerako erakundeek laguntza ematen dute. 2021ean, Berdinsareak 15 urte bete ditu udal politika eta zerbitzuetan aurrerapausoak ematen, udalerri inklusiboak, askotarikoak, berdintasunezkoak eta libreak eraikitzeko.

Jai berdinzaleen lau eredu

BERRIZ “Dantzari Dantza”

2017an, akordioen dokumentu baten bidez, emakumeak Dantzari-dantza izeneko dantza-multzoan sartu ziren. Horren aurretik, gizonez soilik osatuta zegoen.

2014an, Udalak parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian, jaietan, dantza-taldeetan eta jai batzordean parte hartzen zuten politikari eta teknikariekin.

GERNIKA “Marijesiak”

Jatorrian, emakumeek ezin zuten kantatu Gabonak baino lehen udalerriko kaleetan egiten den bederatziurren honetan. Gaur egun, laurogei eta ehun pertsona artean daude taldean; adin guztietako gizon eta emakumeak. Azken berrogeita hamar urteetan gora egin du kopuruak, eta emakumeak eta gero eta neska gazte gehiago integratu dira.

TOLOSA “Tolosako sanjoanetako inauteri eta jaiak: Behatokia”

Tolosako danborrada XIX. mendearen bukaeran hasi zen ospatzen inauterietako larunbatean, eta elkarte gastronomiko eta kulturalek antolatutako ekitaldia zen (kide gehienak gizonak ziren). Emakumeek emakumeen danborrada bat sortzea erabaki zuten, eta 1982an lehen aldiz desfilatu zuen. Urrats garrantzitsu horrek aldaketa eragin zuen jaian, harrezkeroztik.

Elkarte gastronomikoek antolatutako Tolosako alardearen kasuan, gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte eskopetari gisa, eta protagonisten rolak ere betetzen dituzte, nahiz eta oraindik zaila den emakumeak kapitain gisa ikustea.

Tolosako jaien Behatokia 2017an sortu zen, jaietan emakumeen parte-hartzea modu integralagoan eta iraunkorragoan lantzeko gune gisa. Egun, Berdintasuneko eta Kultura eta Jaietako Sailek gidatzen dute. Gainera, kirol, komunikazio, gazteria, ogasun eta alkatetza arloek parte hartzen dute.

VITORIA-GASTEIZ “Gasteizko Andre Maria Zuriaren inguruko jaiak”

Blusen eta Nesken Eguna 1945etik aurrera hiriko kuadrillek bultzatutako jaia da. Uztailaren 25ean ospatzen da, Andre Maria Zuriaren omenezko jaien sarrera gisa. Hasieran, kuadrillak gizonez soilik osatuta zeuden, eta pixkanaka kuadrilla mistoak edo emakumez soilik osatutakoak sortzen joan ziren.

Jaietan emakumeen parte-hartzeak izan duen aurrerapenaren beste datu adierazgarri bat da batzordeko eta elkarte edo kuadrilla bakoitzeko zuzendaritza-batzordeetan karguak hartzea.

Halaber, berezko protokoloa du eraso sexisten aurka.

  • Datorren asteazkenean, ekainaren 23an., EUDELek eta Emakundek elkarlanean sustatzen duten sareak tailer bat antolatu du berdintasuneko eta indarkeria matxistarik gabeko festen arloko jardunbide egokiak trukatzeko

2021eko ekainaren 21a. EUDELek eta Emakundek elkarlanean sustatzen duten Berdinsareak berdintasuneko eta indarkeria matxistarik gabeko festen arloko jardunbide egokiak trukatzeko tailerra antolatu du datorren asteazkenean, ekainaren 23an. Saioa EAEko udaletako berdintasun, kultura eta jai arloetara zuzenduta badago.

Asteazkenekoa Berdinsarearen 2021-2022 ekintza plan berriko “Berdintruke” hartu-eman zikloko lehen saioa izango da. Berdintruke horren bitartez, aurrera egiten jarraitu nahi da tokiko festetan esku hartzeko abiarazitako prozesu eta estrategien inguruan, emakumeak festaren hainbat esparrutan sar daitezen sustatuz, eta, aldi berean, jaien fenomenoaren inguruan sentsibilizatzeko eta genero-ikuspegia zabaltzeko.

Tailerra EUDELek Bilbon duen egoitzan bertatik bertara egingo da, eta Gernikako, Berrizko, Tolosako eta Vitoria-Gasteizko udaletako esperientzia-panel bat izango du (12:30etik aurrera). Lau horiek dira “Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak”  Emakunderen azterlanerako oinarritzat erabili dituzten tamaina guztietako bederatzi udalerrietako batzuk, hainbat tamainatakoak. Azterlan hori Eusko Legebiltzarraren enkarguz egin da, eta tokiko festetako kasuak aztertzean oinarritu da. Lurralde bakoitzeko hiru udalerri daude, eta egokitzapen-prozesu bat egin dute, emakumeen eta gizonen berdintasuneko parte-hartzea ahalbidetzeko.

Azterlanaren egileetako bat izan den Margaret Bullenek, antropologa feminista eta EHUko irakasalea, gidatuko du tailerra. Bullenek txostenean gai hauei buruz ateratako ondorioak azalduko ditu: emakumeek ekitaldi nagusietan duten parte hartzea, erritualak, sozializazio-guneetara sartzea, edo festetako erabaki nahiz erantzukizun postuetan duten presentzia.

Pandemiaren ondorioz herriko jaiak etenda daude, baina horiek antolatzea epe luzeko prozesuak izaten dira, eta Berdinsareak egokitzat jo du trantsizio garaia aprobetxatzea jai eredua gizartearen errealitatera egokitzeko. Sareko indarkeriaren batzordeak bultzatzen du lan hori, eta EAEko herri askok jaietan emakumeen eta gizonen berdintasuneko parte hartzean egindako aurrerapenak ikusaraztea du helburu. Jardunbide egokiak erreferentzia izango dira ekinbide horretan lan egin edo lanean jarraitu nahi duten udalerri guztientzat.

Berdinsarea “laborategi” edo behatzeko gune gisa eratu da, errepikagarriak edo inspiratzaileak izan daitezkeen tokiko esperientziak eta jardunbide egokiak identifikatzeko eta partekatzeko. Sarea udalen arteko koordinazio eta lan-esparru bateratua da, bai eta gainerako euskal erakundeekin ere.

Berdinsareak berdintasunerako tokiko politiken buru izan den 15 urteko ibilbidea ospatuko du aurtengo 2021 honetan, EAEko biztanleen % 80 baino gehiago ordezkatuz. Sare aitzindaria da, Berdintasunerako Europako Gutunarekin batera sortu zena, eta abangoardiako Europako politiken ildo berean jarraitzen du. Sarea jardunbide berritzaileenak dituzten udalek gidatzen dute, eta estrategia eta ekintza komunak lantzen dituzte, aurrerapausoak bultzatuz lor ditzagun udalerri berdintasunekoak, inklusiboak eta askeak, eta, aldi berean, osasungarriagoak eta jasangarriagoak izango direnak.

  • Emakundek, foru-aldundien eta EUDELen laguntzarekin, bultzatzen duen programak uda garaian errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak bultzatzeko kanpaina abiatu du
  • Kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida jarri da udalen eskuetan
  • Neskei zuzendutako autodefentsa ziber-feministari buruzko tailer bat eta mutilei zuzendutako ligoteo sanoari buruzko beste bat jarri dira martxan

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan, gazteen arteko indarkeria sexista prebenitzeko sustatutako Beldur Barik erakunde arteko programaren barruan, udalen artean “Eraso sexistarik gabeko uda” izeneko materialak zabaldu dira, udan errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzeko.

Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, “eraso sexistak prebenitzea guztion kezka da: herritarrena eta erakundeena, bereziki tokiko eremuko erakundeentzat, hiritarrengandik gertuen daudelako. Helburua da jarrera aktiboa sustatzea gazteen artean emakumeak errespetatzen ez dituen edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra eta errespetua, berdintasuna eta autonomian oinarritutako jarreren alde. Hiritar guztiei ere egiten zaie deia euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin, udan jarrera sexistarik gabeko espazioak sortarazten laguntzeko”.

Materialen artean, kartel bat, “Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak” izeneko gida eta udako kanpaina honen barruan antolatu diren bi tailerren inguruko informazioa eta kartelak bidali zaizkie: mutilei zuzendutako ligoteo sanoari buruzko tailerra, Peio Saez de Lafuentesek eta Javi Molinak eskainiko dutena ekainaren 30ean 12:00etatik 13:30ak bitartean (Izen-ematea doakoa da eta honako esteka honetan egin ahal izango da ekainaren 25era arte: bit.ly/LigoteoTailerra), eta neskei zuzendutako ‘Autodefentsa Ziberfeminista’ tailerra, Emoki elkarteak eskainiko duena uztailaren 1ean 12:00etatik 13:30ak bitartean zoom plataformaren bidez (Izen-ematea doakoa da eta honako esteka honetan egin ahal izango da ekainaren 25era arte bit.ly/AutodefentsaZiberFeminista). Honekin batera, Beldur Bariken irudiarekin musukoak, txapak eta telazko poltsak egiteko proposamenak ere bidali zaizkie eta baita spotifyko kantuen zerrenda bat.

Udalei bidalitako material hauekin, indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain,  lortu nahi  da herrietan lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea,  gazteekin,  aisialdi-giroetan eman daitekeen indarkeria sexuala antzemateko, prebenitzeko eta hari aurre egiteko banakako zein taldeko erantzunak garatzeko.

 

  • Laguntza-puntuak eskaintzea (Euskarri) zeharkako ardatza duten 12 lehentasun definitzen ditu; eta, helburu nagusi batekin, bizitza autonomoko proiektuak bultzatzea.
  • Tutoretzapeko adingabeen kasuan, laguntza-puntu estrategikoak hiru kontzeptutan definituta daude: Etxea, Orientazioa eta Prestakuntza.
  • Tutoretzapean dauden gazteen kasuan, honako hauek dira laguntza-puntu horiek: Gizarteratzea eta Laneratzea, Etxebizitza eta Bizi-sostengua.
  • Erakundeei dagokie laguntza-puntu horien alde egitea, eta adingabeei eta gazteei dagokie, “kontratu” baten bidez, eskubideen eta betebeharren konpromisoa hartzea.
  • Gaur eratu da Lehendakaritzan bere aurreikuspenen sustapena eta kudeaketa koordinatuko duen Erakunde arteko Lan Mahaia.

 

Gaur aurkeztu da “Erakundeen arteko Euskarri adierazpena. Egoera ahulean dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko estrategia partekatua”. Joan den ostegunean EUDELeko zuzendaritzak onartu zuen eta gaur goizean Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluek berretsi dute. Ane Beitia EUDELeko ordezkari eta Elgoibarko alkateak Euskarri estrategia bultzatzen duen erakunde arteko mahaiaren bileran parte hartu du.

Hitzarmena sinatu duten erakundeek adierazi dute beren 12 lehentasunetan aurrera egiteko erabakia hartu dutela, eta erakunde arteko lantalde bat sortu dute hori garatzeko. Talde hori gaur arratsaldean eratu da Lehendakaritzan, EUDELen, hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin, eta bere lehen Lan Agenda onartu du.

Honako ezaugarri hauek dituen ibilbide-orria da Euskarri Estrategia:

  • Adingabeen eta 21 urtera arteko gazteen problematikari heltzen dio, baldin eta egoera ahulean badaude continuum gisa eta osotasunean eta etenik gabe heltzen badiote. Era berean, bertakoentzat eta atzerritarrentzat proiektatzen da.
  • Eskubide eta betebeharren filosofia bat pertsonalizatzean oinarritzen da. Erantzukizun-kontratu baten bidez; aurrekontratu bat adingabeen kasuan eta kontratu bat gazteen kasuan. Hitzarmen bat alde bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak ezarriko dituena. Adingabeek eta gazteek bizitza aurrera ateratzeko arduraz borrokatzeko konpromisoa hartzen dute; erakundeek hori posible egiteko sostengu-puntuak eskaintzeko konpromisoa hartzen dute.
  • Tutoretzapeko adingabeen kasuan, sostengu-puntu horiek hiru dira: Etxea, Orientazioa eta Prestakuntza. Tutoretzapean egondako gazteen kasuan: Gizarteratzea eta Laneratzea, Etxebizitza eta Bizi-laguntza. Helburua bizitza-autonomo proiektu baten alde egitea da.
  • Estrategia hori begirada paternalistatik zein edozein espiritu biktimistatik urruntzen da. Mezu hezitzailea da: bizitzan aurrera ateratzeko, gogor lan egin behar dela; eta hori egin ahal izateko, beharrezkoa dela sostengu-puntuak izatea. Tresnak eskaintzea eta erresilientzia bultzatzea eta pertsona bakoitzak egoera traumatikoak gainditzeko duen gaitasuna.

Tutoretzapeko adingabeen eta tutoretzapeko gazte ohien arazoak erronka etiko bat dira. Adinagatik helduaroaren berezko autonomia baliabiderik ez duten pertsonei eragiten die. Berdintasun-erronka bat ere bada, eta, pertsona horien kasuan, gizarteratzeko eta laneratzeko baldintzak sortzearen parekoa da. Azken batean, herrialde-erronka bat da, adingabeei eta gazteei eragiten diena, bai eta gizarte osoari eta haien aurrerabideari ere.

COVID-19k zailtasunak areagotu ditu eta egoera ahulenean daudenentzako desberdintasun-arrailak handitu ditu. Eragin handiagoa du pertsona, familia eta talde ahulenetan. Seguru asko, zaurgarritasun handieneko testuinguruetako bat familiarik gabeko haurrei eta bakarrik dauden gazte migratzaileei eragiten diena da. Azken batean, giza duintasuna eta bizikidetza bezalako gizarte demokratiko baterako hain estrategikoak diren balioak defendatu eta sustatu nahian gabiltza.

Kontzeptuzko esparru horretan, Euskarri Estrategiak jarraian laburbiltzen diren 12 lehentasun definitzen ditu.

  1. Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen arloko lehentasunak

 

Sostengu-puntu estrategikoa Lehentasuna
·I. Etxerako Sostengu-puntua. ·Share Proposamena sustatzea, erantzukidetasun-printzipioaren aplikazioa sustatzeko.
·Etxe-ereduak dibertsifikatzeko pilotajeen bultzada progresiboa.
·II. Orientaziorako Sostengu-puntua. ·Erakunde-tutoretza optimizatzeko lantaldea sortzea.
·Mentoria motako ereduen hedapen sozialerako erakunde bat sortzea.
·III. Prestakuntzarako Sostengu-puntua. ·Tokiko hizkuntzak ikasteko ibilbide espezifiko eta trinkoa antolatzea.
·Laneratzea dakarten lanbideei lotutako lanbide-orientazioa eta ziurtagiri profesional aitortuarekin amaitzen diren prestakuntza-prozesuak antolatzea.
·Enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza-eredu dualak garatzeko.
  1. Tutoretzapean egondako gazteen eremuko lehentasunak

 

Sostengu-puntu estrategikoa Lehentasuna
·Gizarteratzeko eta laneratzeko Sostengu-puntua. ·Gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua sortzea.
·Etxebizitzarako Sostengu-puntua. ·Etxebizitza partekatuetan alokatzeko edo etxeetan harrera egiteko laguntza, Betebeharren eta Eskubideen Kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat.
·Bizi-sostengurako Sostengu-puntua. ·Enplegurako prestakuntzari laguntzeko beka, betebeharren eta eskubideen kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat eta harrera-egoeran dauden gazteentzat.

 

III. Beste lehentasun osagarri batzuk

 

Helburua Lehentasuna
·Hezkuntza-egiturak eta lanbide-heziketakoak indartzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan. ·Hezkuntza-prestakuntzako eta lanbide-gaikuntzako proiektuak bultzatzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan.
·Jatorrizko herrialdeetan aukerak sortzea, haien giza kapitala indartuz. ·Adingabeko migratzaileen jatorrizko eskualdeetan ezarritako euskal enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza eta enplegua emateko jatorrian.

Lehendakaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzak dinamizatutako hainbat urtetako lanaren emaitza da Euskarri. 2019an zehar, erakunde sinatzaileek hausnarketa-prozesu bat garatu zuten, Euskarri dokumentua sortu zuena. 2020ko otsailean dokumentua prest egon zen aurkezteko. Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeen iragarpenak atzeratu egin zuen aurreikuspen hura. Hala ere, pandemiak geldiarazi zuen lan-plana.

Orain, prozesu horretan parte hartzen duten erakunde guztiek erabaki dute berriz heltzea gaiari, uste baitute haren aurreikuspen guztiek indarrean jarraitzen dutela, eta baliagarriak izaten jarraitzen dutela, baita beharrezkoagoak ere, egungo testuinguruan.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak Anna eta Olivia txikien gertaera krudela kondenatu eta gaitzesten du. EUDELek elkartasuna adierazi die familiari eta hurbileko pertsonei, bai eta indarkeria matxistaren biktima guztiei ere, eta estatuko ekimenarekin bat egiteko gonbita egin die EAEko udalei, gaur astelehena, ekainaren 14an, 12:00etan edo beste ordu batean, udalerri bakoitzeko ohituraren arabera.

EUDEL gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Plan horri buruzko hurrengo informazio-saiorako deia egingo zaie EAEko udalei, Europako funtsak abian jartzearekin batera

EUDELeko elkarteburuak, Gorka Urtaranek, hiru mezu helarazi ditu bileraren osteko agerraldian:

Lehenengoa, erakunde guztien arteko lankidetzaren garrantzia, politika koherente eta koordinatuak bultzatzeko, euskal estrategia partekatu baten esparruan.

Bigarrenik, Gorka Urtaranek azpimarratu du Europako Funtsak beharrezkoak direla Euskadiren eraldaketa azkar, eraginkortasunez eta efizientziaz garatzeko. Urtaranen hitzetan, “Krisi honetatik lehenago eta hobeto ateratzeko elkarrekin eta koordinatuta lan egin behar dugu”. Eta aldaketa hori iraunkortasun sozial, ekonomiko eta ekologikotik bideratu behar dela gaineratu du, “Planetak ezin duelako itxaron”, esan du Gorka Urtaranek.

Hirugarrenik, presidenteak azpimarratu du EUDEL eta euskal udalak “adi eta prest” daudela Europako Funtsak jasotzeko, “Ezohiko finantziazio horrek gure ekonomia, gure osasuna eta planetarena bultzatzeko aukera emango digu”, esan du. “Prest gaude eraldaketaren erronkari erantzuteko, udalerri moderno, iraunkor eta osasungarriak eraikitzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadi Next 2021-2026 Programa garatzeko informazio- eta lankidetza-bide bat ezarri dute. Ekimena, gaur,  Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua eta EUDELen ordezkaritzaren artean, Gorka Urtaran elkarteburua buru dela, izandako bileraren ostean dator.

Bilera honek EUDELen Batzorde Eragileak egindako eskaerari erantzuten dio, zeinak, Europako funtsen egoera zein den jakiteko eta Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18an onartu zuen Euskadi Next Programaren eguneraketa ezagutzeko nahia agertu zuen. EUDELen aldetik, Nagore Alkorta (EUDELeko elkarteburuordea eta Azpeitiko alkatea), Jose Antonio Santano (EUDELeko elkarteburuordea eta Irungo alkatea) eta Mar Zabala (EUDELeko zuzendaria) ere izan dira bileran. Ekonomia eta Ogasun Sailaren aldetik, Jordi Campas (Europako Ekonomia eta Funtsen sailburuordea) eta Yurdana Burgoa (Kabineteko zuzendaria) ere izan dira.

Bi erakundeek azpimarratu dute udalen funtsezko ekarpena Europako Funtsak Euskadi suspertzeko eta eraldatzeko tresna izan daitezen; hain zuzen, pertsonak eta haien beharrak proiektu eta plan estrategikoen erdigunean jartzeko.

Gainera, bat etorri dira biak komunikazio-bide egonkor bat ezarri beharrarekin, horrek erraztuko lukeelako funts horietara sartzeko deialdiak aktibatzen direnean udalak prest egotea. Sailak lehen eskuko informazioa izango du, EUDELek euskal udal guztiei helarazi nahi diena, Europako Funtsei buruzko komunikazio-zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori martxotik dago indarrean.

Funtsak udaletan gauzatzea

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek azpimarratu dute erronka dela funts horien gauzapena arintzea. Horrek eskatuko du, araudian eta kudeaketa publikoko prozeduretan eta tresnetan dauden oztopoak zein itoguneak berrikustea, beti ere, kontrol-betebeharrak murriztu gabe.

Bi erakundeek adostu dute datozen egunetan informazio-saio bat (webinarra) antolatzea, MRRaren aktibazio-erritmoen arabera, udal-arduradunei Funtsak martxan jarri direla jakinarazteko. Informazioa udalek Europako finantzaketa eskuratu ahal izateko dituzten bide espezifikoetan zentratuko da, bai eta funts horiek garaiz eta behar bezala gauzatzeko administrazio-mekanismoetan ere.

Aurretiazko informazio horrek udalei lagunduko die beren inbertsioak planifikatzen eta banakako eta lankidetzako proiektu zehatzetan egituratzen, etorkizuneko norgehiagoka-deialdietarako. Maila anitzeko lankidetza funtsezkoa da estrategia partekatu eta lerrokatu bat finkatzeko, Euskadira funtsak hornitzeko kanalean “ihesak” saihesteko. Funtsen ehuneko handiena lortu eta gauzatu nahi da, inbertsioen errentagarritasun handienarekin.

Transferentziak toki-erakundeei

2021ean aurrekontuetan jasotako Superraldirako eta Erresilientziarako Mekanismoko 24.198 M€-tik, 1.483 M€ toki-erakundeei transferituko zaizkie, kudea ditzaten. Hori hala gertatuko da, esaterako, eraikin publikoak birgaitzeko eremuan. Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko Programaren esparruan abiarazitako intereseko adierazpena toki-erakundeei zabalik zegoen. Hala, plan horri esleitutako 1.080M€-en zati bat toki-erakundeetarako izango da. Gauza bera gertatuko da etxebizitzak eta bizitegi-inguruneak birgaitzeko programara bideratutako 2.420M€-ekin.

Toki-erakundeek zuzenean kudea dezaketenaz gainera, autonomia-erkidegoek kudeatuko dituzten 10.793M€-en zati bat toki-erakundeetara bideratuko da:

  • dela udalerrietako zuzeneko esku-hartzeen bidez, URAren inbertsioen kasua udalerrietan
  • dela zenbait programaren bidez, besteak beste: Opengela, auzo kalteberen biziberritze integralerako
  • dela administrazio publikoen artean politika publikoak zabaltzeko dagoen eskumenen banaketaren bidez

Azkenik, Estatuko gobernuko ministerioek argitaratutako 23 intereseko adierazpenetatik, toki-erakundeek 8tan aurkez zitzaketen proiektuak.

Batzuetan, intereseko adierazpen horiek deialdi publikoak ekarriko dituzte, norgehiagoka-araubidean, eta Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta foru-aldundiek deitu ahal izango dituzte. Horien onuradunak toki-erakundeak izan ahalko dira.

Honako hau da toki-erakundeen proiektuetara zabalik egon diren intereseko adierazpenen zerrenda:

  1. Udaletarako intereseko adierazpenak: mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua hiriguneetan eta ingurune metropolitarretan
  2. Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko Programa
  3. Auzo mailan birgaitzeko jarduketa-programa
  4. Autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei zuzendutako intereseko adierazpena, eraldaketa digitalerako eta administrazio publikoen modernizaziorako jarduketak zehazteko
  5. Erronka demografikoa eta despopulazioaren aurkako borroka
  6. Mugikortasun elektrikoa: parke mugikorra berritzeko eta elektrifikatzeko azpiegitura
  7. Tokiko energia-komunitateak
  8. Helmugako jasangarritasun turistikoko lurralde-planak.  Epea ekainaren 15etik uztailaren 5era dago zabalik.

Madriletik toki-erakundeetarako kudeatutako deialdien adibide gisa Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren merkataritzako Estatuko Idazkaritzaren honako hauek ditugu:

  • Merkatu jasangarrien programetarako laguntza-lerroak
  • Landa-guneetan merkataritza-jarduera sustatzeko laguntza-lerroak
  • Turismo-guneetan merkataritza-jarduera sendotzeko laguntza-lerroak
  • Merkataritza modernizatzeko programa baterako laguntza-lerroak: funts teknologikoa

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 10a

 

 

 

Aldundiak eta EUDELek hitzarmena berritu dute, udalei eta lurraldeko gainerako entitate lokalei informatika zerbitzua ematen jarraitzeko

Audioa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak udalei eta gainerako toki-erakundeei zerbitzu informatikoak emateko hitzarmena berritu dute gaur. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak eta Gorka Urtaran EUDELeko presidenteak hitzarmena berritzeko ekitaldia egin dute Arrasaten, eta bertan Maria Ubarretxena alkateak ere parte hartu du. Erakundeetako hiru arduradunak bat etorri dira informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak herritarrekin harremana izateko moduak aldatzen ari direla esatean. Honela, Aldundiaren eta EUDELen arteko hitzarmena oso mugarri garrantzitsua da norabide horretan.

Akordio horri esker, Foru Aldundiak, IZFE zerbitzu informatikoen foru sozietatearen bitartez, “punta-puntakoa” eta “Estatuan bakarra” den zerbitzua eskainiko die udalerriei, Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak azaldu duenez. “Hitzarmen honi esker, Gipuzkoako udalerriek abangoardia izaten jarraituko dute digitalizazioaren esparruan, eta Estatuko administrazio probintzial batzuen gainetik ere egongo dira”, azpimarratu du.

EUDELeko presidenteak azaldu duenez, eraldaketa digitala administrazio publikoak datozen urteetan izango duen erronka handienetako bat da, “gardenagoak, eraginkorragoak, efizienteagoak eta lehiakorragoak izateko premia eta aukera bat baita”. Horren harira, Gorka Urtaranek azpimarratu du “teknologia bera bakarrik ez dela nahikoa”, eta tokiko erakundeen barruan “aldaketa kulturalarekin” jarraitzean jarri du azpimarra. EUDELek “udal digitalak” bultzatzeko lan egiten duela azpimarratu du Urtaranek, eraldaketa “alkateen lidergoari esker” egingo delako, “erabaki ausartak hartu, euren erakundeak inplikatu eta udalerriko gizarte osoarekin aliantzak sortuko dituztenak”.

Bestalde, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak adierazi duenez, “Gipuzkoako udal aurreratu eta bateratuek lurralde osoan ditugun zerbitzu informatikoek elkarren artean konektatzea errazten dute eta, ondorioz, administrazioaren lana arintzen dute. Aldi berean, herritarrengandik gertuago gaude online administrazioaren bidez, gero eta ohituago baikaude izapideak telematikoki egiten. Aurrera egiten ari gara herritarren beharrei erantzuten, egokitzen eta administrazio moderno baterantz aurrera egiten, eta horretarako, gainera, funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetza, eta bereziki, tokiko administrazioena”, azpimarratu du.

Gipuzkoa, lankidetzan erreferentea

Foru Aldundiaren eta EUDELen arteko hitzarmen berriak hiru berrikuntza garrantzitsu dakartza udalerrientzat: udalen ekarpen ekonomikoa, kudeaketa-gastuen kontzeptuan, ez da aplikazioen erabileraren araberakoa, baizik eta biztanleriaren tamainaren arabera kalkulatuko da; Batzorde Exekutibo bat eta Batzorde Tekniko bat eratzen dira EUDELen eta IZFEren udal-ordezkarien artean; eta, era berean, lantaldeak sortu ahal izango dira Gipuzkoako udalen erronka komunei irtenbide bateratuak bilatzeko.

Mendozak azpimarratu duenez, Gipuzkoa “kasu bakarra” da Estatu mailan, Foru Aldundiak, IZFE foru elkartearen bitartez, lurralde osoan zerbitzu teknologiko integrala ematea ahalbidetzen duelako. Ernst & Young aholkularitza-enpresa britainiarraren arabera, lurralde-lankidetza horri esker, Gipuzkoako Foru Aldundia da administrazio digitalaren ezarpenari dagokionez legez ezarritako baldintzak gehien betetzen dituen Estatuko erakundea, % 96,5eko betetze-mailarekin, gainerako lurraldeen oso aurretik. “Aldundiak berak, Batzar Nagusiek, foru erakundeek, udalek eta mankomunitateek, lurraldeko administrazio guztiek azken finean, elkarlanean dihardugu, eta Gipuzkoako eraldaketa teknologikoaren prozesuan erabat inplikatuta gaude”, azpimarratu du.

Bestalde, Gorka Urtaranek gaineratu du lurralde mailako lankidetza horrek aukera ematen diela udalerriei konektatuta egoteko eta administrazio ezberdinetako zerbitzu publikoak hobeto koordinatzeko. “Gure datu-baseak edo espedienteak partekatzeak mesede egiten die herritarrei eta enpresei. Elkarreragingarritasuna funtsezkoa da gizarte zerbitzuetan, udaltzaingoetan, ogasun eta finantzetan, hirigintzan, mugikortasunean eta ingurumenean”, adierazi du Eudeleko presidenteak.

Foru diputatuak gogorarazi du digitalizazioa dela Europar Batasunak pandemia osteko berreraikuntzarako ezarritako erronketako bat. Ildo horretan, Gipuzkoak norabide horretan “pauso sendoak eta seguruak” ematen jarraitzen duela azpimarratu du. “Etorkizuna Eraikizen bidez, gizarte-berrikuntzako prozesu batean murgildu da gure lurraldea, epe ertain eta luzera ditugun erronkei irtenbideak eta erantzunak emateko. Prozesu horretan, gizarte antolatua eta Gipuzkoako herritarrak parte hartzen ari dira. Testuinguru horretan, digitalizazioa gure agendan gorriz markatutako erronketako bat da”, gogorarazi du.

Udalen ordezkariak zehaztu duenez, tokiko gobernuek erronka horietan parte hartuko dute. “Gero eta betebehar zorrotzagoak izango ditugu administrazio elektronikoaren, elkarreragingarritasunaren, Big Dataren edo adimen artifizialaren arloan. Erronka konplexuak dira, eta erantzun bateratu eta koordinatuak behar dituzte”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Zerbitzu integrala

Zehazki, akordio horri esker, Aldundiak, IZFEren bidez, honako zerbitzu hauek eskainiko dizkie udalei: informatika, teknologia eta telekomunikazio azpiegituren zerbitzuak; IKT proiektu komunen zuzendaritza, azpiegitura teknologikoena, informazio-sistemena, soluzio informatikoena eta aplikazioena; soluzio informatiko komunak aztertu, garatu, integratu, ezarri eta mantentzeko zerbitzuak; merkatuko lizentziak, aplikazioak edo soluzio informatikoak eskuratu eta kudeatzea, tokiko erakunde teknikoei eta laguntza orokorrari erantzuteko; asistentzia teknikoa; eta formakuntza. “Lurraldeko udalen beharrizan teknologiko guztiak asetzen dituen zerbitzu integral erabatekoaz ari gara”, azpimarratu du Mendozak. EUDELeko presidenteak adierazi duenez, “berdintasuna eta lurralde oreka udalerri handiek eta txikiek zerbitzu eta arreta kalitate bera eskaini ahal izatea da”.

Adibide gisa, Mendozak adierazi du akordioak aukera ematen duela urtero 40.000 informazio eskaera baino gehiago tramitatzeko Aldundiko Gizarte Politiken departamentuari zuzenduta, eta eskaera horiek udalen bidez egiten direla. Alderantziz, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren mendeko MUGI sistemak 100.000 kontsulta baino gehiago egiten ditu urtero udal erroldetan, erabiltzaileen onurarako deskontuak aplikatzeko; Bidegik, berriz, 36.000 egiaztapen egin zituen 2020an, xede berarekin, baina kasu honetan Abiatu sistemarekin erlazionatuta.