Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Bilboko Udalak eta Petronorrek Sum Bilbao 2021 Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarra egingo dute Bilbon, urriaren 6an eta 7an.

Bilbon, 2021eko otsailaren 23an. EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkateak parte hartu du, modu telematikoan, gaur goizean Azkuna Zentroan egindako ekitaldian. Aurkezpenaren buru Bilboko alkatea eta Petronorreko presidentea izan dira, Biltzarraren antolatzaile gisa. Gaurko ekitaldian ere izan dira BBKko zuzendari nagusia eta Rafael Sterling Irizarreko CEOa. Horiekin batera, modu telematikoan parte hartu dute Abel Caballero FEMPeko presidenteak, eta Francisco Iglesias Alsako CEOak.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, EUDEL Itun Berde handi bat bultzatzen ari da, “Euskal Udalen Green Deal” delakoa, hirien eta herrien eraldaketa iraunkorraren protagonista izan daitezen.

Urtaran elkarteburuak azpimarratu duenez, “Euskal Udalok planetaren erronka nagusiekin konprometituta gaude: klima-aldaketa eta trantsizio energetikoa, garraio publiko modernoa eta pertsonei lehentasuna emango dien hiri-mugikortasuna”. Adibide zehatzen artean, Gasteizko alkateak bere hiriko “superetxadien” proiektua nabarmendu du, eta proiektu horren ardatza “espazio publikoa pertsonei ematea” dela adierazi du.
Gorka Urtaranen hitzetan, EUDELen eta Euskal Udalerrien  konpromisoa haratago doa, “Gure gizartea bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta kohesionatuagoa izan dadin, baita ekonomiak gure ingurune naturala oso presente izan dezan ere.”esan du Urtaranek.

Bilboko Adierazpena

Petronorrek eta Bilboko Udalak Hiri-mugikortasun jasangarriagorantz deritzon Bilboko Adierazpenaren bigarren urteurrena ospatu dute gaur goizean, Azkuna Zentroan antolatutako ekitaldian.

Bilboko Adierazpena SUM Bilbao Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren barruan sinatu zen, eta horren edizio berri bat aurkeztu dute gaur,  urrian Bizkaiko hiriburuan antolatuko dena.

Bilboko Adierazpenean, garraio, automobilgintza zein energia arloetako enpresek beren gain hartu zuten diseinu eta ekoizpen-prozesuak pixkanaka-pixkanaka ingurumen-inpaktu txikieneko garraiobide jasangarri, seguru eta eraginkorretarantz bideratzeko konpromisoa. Halaber, tokiko gobernuek mugikortasun-eredu berriak garatzea ahalbidetuko duten arau-esparruak bultzatzeko konpromisoa hartu zuten, ingurumen-iraunkortasuna eta gizarte-ongizatea bermatzeko eta mugikortasun jasangarrian oinarritutako garapen sozioekonomikoa sustatzeko. Laburbilduz, trantsizio energetikoaren prozesua bultzatuko duen ibilbide-orria.

Bilboko Adierazpena SUM Bilbao mugikortasunaren nazioarteko lehen biltzarraren barruan sinatu zuten Bilboko Udalak, Petronorrek, FEMPek, EUDELek, Estrasburgoko Udalak, Mercedes-Benzek, BBKk, Ibilek, Alsak, Kapschek, Irizarrek, FCCk, Sacyrrek, Beazek, Red Eléctrica de Españak, AMETICek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EVE).

SUM Bilbao 2021 Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarra

Bilboko Udalak eta Petronorrek gaur iragarri dutenez, urriaren 6an eta 7an antolatuko da Bizkaiko hiriburuan Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren edizio berri bat, SUM Bilbao 2021. Biltzar honetan mugikortasunarekin zerikusia duten gaur egungo gairik garrantzitsuenak jorratuko dira, mugikortasun jasangarriaren arloko eragile nabarmenen partaidetzari esker.

SUM Bilbaoren edizio berriak ondorengo arlo tematikoak izango ditu ardatz: batetik, trantsizio energetikoa, hidrogenoari lotutako aukerak, energia garbiak eta energiaren deskarbonizazioa. Bigarren ardatz tematikoa gobernantza eta finantzaketari buruzkoa izango da, hau da, klima-aldaketa arintzeko arau-esparruak eta aliantza publiko-pribatuak. Eta hirugarren ardatz tematikoan mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza izango dira aztergai. Izan ere, mugikortasun berria konektatua, irisgarria, planifikatua eta garraio publikoaren bidezkoa izatearen aldeko ikuspegitik aztertuko da.

www.sumbilbao.com

Martxoaren 4an,osteguna, 09:00etatik 10:30era, EUDELek webinar bat antolatu du udal politikarientzat eta teknikarientzat. Hiru helburu ditu: Europako Funtsen egoera azaltzea, deialdietara sartzeko prozedurari buruzko zalantzak argitzea eta tokiko proiektuak finantzatzeko aukerei buruzko informazio egonkorraren zerbitzu berria udalei aurkeztea.

Online jardunaldia (Webinar), euskal udaletako politikarientzat eta teknikarientzat bakarrik.

Eguna: martxoak 4, osteguna

Ordua: 09:00etatik 10:30era

Formatua: Webinar ZOOM saioaren bidez (udalek bakarrik eman dezakete izena).

Hizlariak:

  • Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua.
  • Guillermo Dorronsoro, Management Board Advisor . Zabala Innovation Consulting.

Azalpena:

¿Nola lor dezake udal batek aukera hori bere proiektuak finantzatzeko? Izango al da deialdirik aurten? Nola antolatu, praktikan, aurrekontu osagarri horiek? Noiz jakingo da proiektu jakin bat NEXT GEN funtsen bidez finantzatu daitekeen?

 

Gaur egin da Finantzetako Lurralde Kontseilua, eta bertan jakitera eman da Bizkaiko udalek 2020ko ekitaldiari dagokionez zenbat zor dioten Udal Finantzaketarako Foru Funtsari, batez ere Covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren testuinguruagatik.

Udalek 2022an eta 2023an (% 50 urtero) itzuli ahal izango dute 2020an sortutako 45,9 milioi euroko likidazio negatiboa.

Bizkaian, 2021eko otsailaren 18an. Gaur Bilbon egindako Finantzetako Lurralde Kontseiluak jakitera eman du zein den Bizkaiko udalerriek Udalkutxari itzuli beharko dioten azken zenbatekoa, hau da, Bizkaiko udalek tributu itunduen bilketan parte hartzeko erabiltzen duten Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.

Azkenik, Bizkaiko Lurralde Historikoko udalek 45.965.138 euro itzuli beharko dituzte Udalkutxak iaz egindako likidazio negatiboagatik, diru-bilketaren jaitsieraren ondorioz. Joan den urrian Finantzetako Lurralde Kontseiluak aurreikusitakoa (59,9 milioi euro) baino 13.235.977 euro txikiagoa da kopuru hori.

Udalen finantza-egoera errazteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak erabaki zuen zenbateko horren itzulketa 2022 eta 2023 ekitaldietara geroratzeko aukera ematea, hau da, % 50 ordaintzea urtero. Gaurko Finantzetako Lurralde Kontseiluan, itzulketa modu horretan egiteko funtsezko alderdiak jorratu dira.

Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz

Hamar kide ditu Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak, eta haietatik bost EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak dira, alegia, eta agintaldi honetan udal hauetakoak dira ordezkariok: Bilbo, Fruiz, Larrabetzu, Plentzia eta Portugalete.

Beste bost kide ere baditu Kontseiluak, Bizkaiko Foru Aldundikoak dira; besteak beste, Kontseiluaren presidentea eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatua.

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseilua gutxienez urtean bitan biltzen da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileren ondoren. Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, eta udal finantzaketaren banaketa egokia bermatzen du Bizkaiko Lurralde Historikoan.

  • Aurreko hautaketa-prozesuan baino % 11,4 gehiagok.
  • Gora egin du Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeen kopuruak ere, % 21, hain zuzen ere
  • Enplegu publikoaren eskaintza 751 plazak osatzen dute: Ertzaintzako oinarrizko eskalako 700 agente plaza eta Euskadiko 18 udaletako udaltzaingoetako 51 plaza dira
  • Lehenengo probak udaberrian egingo dira Barakaldoko BECen

6.671 pertsonak eman dute izena Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako deialdi bateratuan, Euskadiko polizia-kidegoetarako iaz deitu zen hautaketa-prozesuan baino % 11,4 gehiagok. 6.671 pertsona horiek Ertzaintzako oinarrizko eskalako 700 plazetako bat edo Euskadiko 18 udalek euren udaltzaingoetarako eskainitako 51 plazetako bat lortzen saiatuko dira.

Datuen genero-ikuspegia kontuan izanda, hautaketa-prozesu honetan izena eman duten gehienak, % 70,3 (4.691) gizonezkoak dira, baina garrantzitsua da azpimarratzea % 21 egin duela gora emakumeen kopuruak aurreko deialdiarekin alderatuta: 344 emakume gehiago.

Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 59 (3.931), alegia; Gipuzkoakoak % 19,7 dira (1.311) eta, azkenik, Arabakoak % 13,1 (877). Gainerakoak, % 8,3 (552) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira, eta zifrak behera egiten jarraitzen du aurreko urteekin alderatuta.

Hautagai gehienak, ia % 60, 20 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 24, alegia, 30 urtetik 35 urtera bitartekoak ere. Hautaketa-prozesu honetan izena eman dutenen artean gutxienak dira 20 urtez azpikoak eta 35 urtetik gorakoak. Hala ere, ertzain edo udaltzain izan nahi dutenen artean, iazko datuekin alderatuta, 20 urtez azpikoen taldea da gehien igo dena.

751 PLAZA

Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, hautaprobak udaberrian egingo dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren. Hautagaiek, oraingoz, 751 plaza lortu ahal izango dituzte. Baina zifra hori oraindik behin-behinekoa da, hautaketa-prozesua zabaldu baitaiteke datozen hilabeteetan:

  • 700 plaza XXX. Promoziorako dira. Helburua da Legegintzaldi honetan zehar, 2021etik 2025era bitartean, 4 hautaketa-prozesu deitzea, urtean bat.
  • Udaltzaingoetako plazak 51 dira, eta honako udal hauetarako dira: Azkoitia, Basauri, Bermeo, Bilbo, Donostia, Durango, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Irun, Laudio, Lekeitio, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Vitoria-Gasteiz, Zarautz eta Zumaia.

HELBURU HIRUKOITZA

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek lehentasunezko hiru helburu ezarri dituzte Euskadiko polizia-kidegoetan sartzeko deialdi bateratu honetarako:

  • Euskadiko poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea. Deialdi honekin aurrera egingo da belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea bermatzeko konpromisoan.
  • Emakumeak deialdi honetara aurkez daitezen sustatzea, emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, esate baterako delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako.
  • Polizien erroldaren % 100 euskalduna izateko azken helburura iristeko bidean aurrera egitea, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.

DOKUMENTAZIO DESKARGATU

POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA

Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ari da prestatzen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri hau, eta gauzatu ere akademiak egingo du. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala izaten da, eta izena emateko epea irekitzen denean hasten da eta agente berriak behin betiko karrerako funtzionario izatera iristen direnean amaitzen da. Prozesuak pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da.
  • Praktikaldia: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskadiko Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.

Deialdi hau erronka berezia izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat, une hauetan dugun osasun-krisi globalaren ondorioz egoera zalantzazkoa baita. Pandemia-egoeraren eta birusa hedatzea geldiarazteko neurrien ondorioz, kutsatzea eragozteko protokolo zorrotzak sortu behar izan dira eta Akademiaren aurrekontua 3,2 milioian gehitu da prestakuntza-garaian lansariak ordaintzeko, obrak egiteko eta eremuak higienizatzeko beharrezko materiala erosteko, azpiegiturak distantzia berrietara egokitzeko, prestakuntza-gela birtualak abian jartzeko, eta abar.

 

  • Osasun Sailarekin koordinatuta, gaur arratsaldean bertan EUDELek idazki bat bidali die udalei laguntza eske, Osakidetzaren txertaketa-prozeduran sartuko diren funtsezko udal-zerbitzuetako bi kolektiboei buruzko datuak emateko.
  • Udalek otsailaren 22ra arteko epea dute 55 urte edo gutxiagoko profesionalei buruzko informazioa bidaltzeko; Astra Zenecaren lehen dosia jasoko dute horiek. 55 urtetik gorakoei Pfizer txertoa jarriko zaie beste prozesu paralelo batean, txertatze-protokoloei jarraikiz.
  • Osasun Sailak, txertoen eskuragarritasunaren arabera, zuzenean jakinaraziko die aipatutako kolektiboei, noiz hasiko den txertaketa Osakidetzako zerbitzuen bidez.

Bilbo, 2021eko otsailaren 16a. Aurreko kasuan bezala PCR testa egiteko, EUDELek lankidetza eta koordinazio egonkorrean jarraitzen du Osasun Sailarekin, birusaren aurrean lehen lerroan lan egiten duten udaletako funtsezko zerbitzuetako kolektiboen beharrei erantzuteko.

Gaur arratsaldean bertan, EUDELek Gorka Urtaran elkarteburuaren gutun bat bidali die Euskadiko udalerrietako alkate guztiei. Gutun horretan, haien laguntza eskatzen da Udaltzaingoko agenteen eta Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko (ELZ) langileen plantillei buruzko datuak biltzeko, baldin eta 55 urte baino gehiago ez badituzte, eta Astra Zenecaren txertoa jasotzeko hurrengo funtsezko zerbitzu-kolektibo izango direlako. 55 urtetik gorako profesionalei Pfizer txertoa jarriko zaie, dosi nahikoak daudenean.

Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordean egiten duen lanaren esparruan, EUDELek udalekiko solaskide gisa jarduten du. Udalerri bakoitzean datuak biltzea errazteko, bi Excel fitxategi bidali zaizkie, bata Udaltzaingoarentzat eta bestea ELZrentzat. Udalek fitxategi horiek bete eta Osasun Sailera bidali behar dituzte zuzenean. Udalerriek otsailaren 22ra arte (astelehena barne) izango dute eskatutako informazioa emateko aukera.

Jasotako datu guztiekin, Osakidetzak txertaketa-prozedura planifikatuko du. Osasun Saila jarriko da zuzenean kolektibo horretako kideekin harremanetan, egun zehatzak jakinarazteko, txertoen eskuragarritasunaren arabera eta Osakidetzako txertaketa-taldeek ezarritako prozedurari jarraikiz (gripearen prozesuaren oso antzekoa da).

Udal bakoitzak Excel fitxan bete beharreko informazioa pertsona bakoitzaren datu indibidualizatuak dira, udaltzainen nahiz ELZko langileen kasuan. Identifikazioa eta kontaktu pertsonala dira, baita, azken 6 hilabeteetan COVID-19a diagnostikatu ote dieten ere.

Bi kolektiboetako kideei Osakidetzako txertaketa-taldeetako kideek jarriko dizkiete txertoak udalerri guztietan, hiru hiriburuetan izan ezik; izan ere, udalen laneko prebentzio-zerbitzuko kideek txertatuko dituzte hiriburuetako udaltzainak eta suhiltzaileak.

Udaltzainen eta ELZko profesionalen datuak

Euskadiko Udaltzainen gaur egungo plantilla 3.300 agentek osatzen dute, gutxi gorabehera. Guztira, 81 euskal udalerrik dute Udaltzaingoa; gainera, beste 16 udalerritan, udaltzain-zerbitzua daukate.

ELZri dagokionez, kolektiboa 3.200 profesional ingurukoa da, eta hiru lurraldeetako udalerri guztiak hartzen ditu.

Osasun Sailaren txertaketa-irizpide orokorrak

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adierazi duenez, COVID-19ari aurre egiteko herritarrak txertatzeko erabilgarri dauden dosien eskasia dagoenez, lehentasuneko pertsonak eta taldeak ezarri dira. Lehentasun-irizpide orokorrak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseilutik datoz, eta hauek dira: zaurgarritasuna eta kutsatzeko arriskuaren aurreko esposizioa, betiere, ekitatearen zeharkako printzipioa errespetatuz. Udaltzainen eta ELZko profesionalen kolektiboei dagokienez, kontuan izan den funtsezko irizpidea hau da: kutsatzeko arriskuaren esposizioa eta txertoen erabilgarritasuna. Irizpide horiek direla-eta, Osasun Sailak lehentasuna eman dio Astra Zenecaren txertoak adierazitako kolektiboei (Udaltzaingoa eta ELZ) jartzen hasteari, bai eta multzo bereko beste batzuei ere (Ertzaintza, suhiltzaileak…).

Astra Zeneca txertoa bi ezaugarrik bereizten dute beste bi txertoengandik (Pfizer eta Moderna):

  • Oraingoz, ez dira erabili behar 55 urtetik gorako pertsonengan, ez adin horietarako seguruak ez direlako, baizik eta oraindik ez dagoelako ebidentzia zientifikorik eraginkortasun-maila bera dutela egiaztatzeko. Txertoa 55 urtera arteko pertsonei eman dakieke, baita 55 urtera artekoei ere.
  • eta 2. dosien arteko denbora (10-12 aste) askoz luzeagoa da beste bi txertoen aldean (3 aste Pfizer, eta 4 aste Moderna).

Osasun Sailaren informazio hori oinarri hartuta, Pfizer edo Moderna kolektibo horientzat erabiltzeak ekarriko luke asko atzeratzea lehen dosiaren inokulazioa; aitzitik, Astra Zenecaren eskuragarritasuna berehalakoa da. 55 urtetik gorako profesionalei Pfizer txertoa jarriko zaie, nahikoa dosi daudenean. Hala ere, Osasun Sailak aurreikusten du 55 urtetik gorakoen taldearen immunitate maximoa lortzea 55 urteko eta adin txikiko pertsonen denboran hurbilekoa izan daitekeela; izan ere, asmoa da Pfizerren lehen dosiak inokulatzea Astra Zenecaren bigarren dosiak inokulatu baino bizpahiru aste lehenago.

 

Lehendakariaren 7/2021 Dekretuak ezartzen dituen neurriei buruzko otsailaren 15ean eguneratutako dokumentua:Ohiko galderen erantzunak. Koronabirusari aurre egiteko neurri zehatzak”.

Herritarren zalantzak, orain arte egin den bezala, ZUZENEAN herritarrentzako zerbitzuaren bidez bideratuko dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/

Era berean, “Jarduera fisikorako eta kirolako jarraibideakargitzeko dokumentu eguneratua erantsi da. Kasu honetan, hau da Udalen kontsultak zuzentzeko helbide elektronikoa: kirolak@euskadi.eus

Gaur elkartu da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta bertan eman da 2020 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren berri

Gipuzkoako udalerriek 482.048.561 euro jasoko dituzte 2020 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), finantzaketarako duten diru iturri nagusia. Zenbatekoa aurrekontuetan jasotakoa baino txikiagoa da, COVID-19 gaitzaren pandemiak eragin duen krisiaren ondorioz, baina urriko aurre-likidazioan ezarritakoa baino 30,8 milioi euro handiagoa da. Ondorioz, zenbateko gehigarri hau UFFFaren hurrengo ordainketan jasoko dute lurraldeko udalerriek. Gipuzkoak espero baino emaitza hobeagoekin itxi zuen 2020 urtea zerga bilketari dagokionean eta, ondorioz, hobekuntza horrek udalen finantzaketari ere mesede egin dio.

Gaur arratsaldean Donostian egin da Gipuzkoako Finantza Kontseilua. Bileraren helburua pasa den ostiralean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri ematea izan da, tartean 2020 urteko UFFFaren likidazioa. Parte hartzaile gehienak modu telematikoan konektatu dira. Topaketan parte hartu dute, EUDELen aldetik, lurraldeko udalerrien ordezkatzen parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko alkateak; Izaro Elorza Oñatiko alkateak; Miguel De los Toyos Eibarko alkateak; Eneko Maioz Orexako alkateak; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak.

Foru Aldundia ordezkatzen parte hartu dute Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.

2020ko UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriaren banaketaren harira, lurraldeko udalerri nagusiak honako zenbateko hauek jasoko dituzte: Donostiak urrian aurreikusitako baino 8,4 milioi euro gehiago; Irunen kasuan, 2,6 milioi euro gehiago; Errenteriak, bere aldetik, 1,6 milioi euro gehiago; Eibarrek 1,1 milioi euro gehiago; Zarautzek ia milioi bat euro gehiago; Arrasatek 0,9 milioi gehiago; eta, azkenik, Hernanik eta Tolosak, bakoitzak 0,8 milioi euro gehigarri. Honekin batera, eta finantzaketa bideen esparruan baita ere, Ogasuneko diputatuak bileran gogoratu du udalek eskuragarri dutela baita ere 2021 urterako Gipuzkoako lurraldeak duen defizit gaitasunaren % 40, hau da, guztien artean 79 milioi euro inguru.

Foru Aldundiak duenez, eta UFFFaren zuzkidurak COVID-19aren krisiaren eraginez behera egin duen arren, 2020 urtekoa inoizko hirugarren funtsik handiena da, 2018 eta 2019 urteetakoek bakarrik gainditzen baitute.

 

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru aldundiek eta Udalek 2020ko ekitaldian zerga itunduen bilketa finkatua 13.949,3M/€ 2020an ezarri dute, hau da, 2019an baino 1.520,3 M/€ gutxiago, eta urte arteko beherakada % 9,8koa izan da. Horrela, izandako  diru-bilketak 537,7 M/€-tan gainditu du urriaren 15ean onartutako itxierako aurreikuspena.

Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, datorren astean.

EUDELen elkarteburuak azaldu duenez, Udalek ere zailtasunak izan dituzte urte honetan, esfortzu handia egin dute osasun krisiari aurre egiteko, eta gizarte eta ekonomia mailan sortuko diren inpaktuei aurre egiteko. EUDELeko buruak udalerrien lanaren hiru ezaugarri nagusi nabarmendu ditu:

  • Enpatia izatea euskal gizartearekin, bizilagunekin, gure osasuna babesteko, ongizatea bermatzeko eta tokiko ekonomiari laguntzeko.
  • Erakunde guztien arteko elkarlana eta lankidetza, denak lerrokatuta gizartearen erronkei erantzuteko
  • Zorroztasun ekonomikoa, efikazia eta efizientzia. “Udalek erakutsi dugu badakigula erantzukizun ekonomikoarekin kudeatzen” nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Gorka Urtaranek esan du urtea ez dela uste bezain gaizki amaituko, eta Udalek eta gainerako erakundeek baliabideak  izango ditugula pandemia gainditzeko, eta gizarte eta ekonomia krisiari aurre egiteko.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Udalerrien ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)

Ikus PRENTSA-OHARRA: 2021eko otsailaren 12ko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren akordioak.