Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Laster, katalogo bat egingo da: proiektu inspiratzaileei eta finantzaketa iturriei buruzkoa. Abenduaren 10ean (osteguna), bigarren foro bat egingo da, esparru teknologikoko eragile publiko-pribatuekin.

Bilbon, 2020ko abenduaren 3an. Bihar, ostirala, hiru lurralde historikoetako udaletako hogeita hamar arduradun tekniko nahiz politikok foro birtual batean parte hartuko dute; EUDELek eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute, Deusto Cities Lab Katedrarekin elkarlanean. Foroaren aurkezpena hauek egingo dute: Aitziber Oliban Erandioko alkate eta EUDELen Batzorde Eragileko ordezkariak eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzaren Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak.

PRENTSA OHARRA JAITSI

“Udalerri adimendunen” topaketa hau “Herrismartik” Gobernantza eta Udal Garapen Adimenduneko Estrategiaren testuinguruan kokatuta dago. Ekimen hori, 2017az geroztik, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen elkarlanak sustatzen du, tokiko esparruan Euskadiko 2020ko Agenda Digitala (AD@2020) ezartzeko xedez.

AD@2020ren bidez, Eusko Jaurlaritzak bere egin nahi du teknologia digitalek eskaintzen dituzten aukerak Euskadin errealitate bihurtzeko erronka, 2020ko Europan, Euskadi erreferentziazko lurraldea izan dadin lehiakortasunean, ongizatean, integrazio sozialean eta enpleguaren kalitatean.

Teknologia tokiko udalerrien eta haien eraldaketaren zerbitzura

Foroak lanerako hainbat espazio izango ditu online, eta horietan parte hartzen duten udaletako kideek elkarrizketa eta ideiak trukatzeko dinamikak egingo dituzte, IKTak tokiko bizitzako askotariko eremuetan txertatzeari dagozkien beren esperientziei buruz hitz egiteko.

Topaketaren helburua da Euskadin eta inguruan aitzindariak izan daitezkeen tokiko proiektu berritzaileak identifikatzea, udalerrien garapen iraunkorrari eta “adimendunari” dagokionez dauden erronkei aurre egiteko teknologia erabiltzeko. Saioaren dinamikak tokiko ekintzaren esparru guztietan sakonduko du erronka global handien aurrean (soziala, ekonomikoa, ingurumenari dagokiona, kulturala…).

Foro horretan identifikatutako proiektuak “esperientzia inspiratzaileak” eta tokiko proiektuetarako finantzaketa iturriak bilduko dituen katalogoan sartuko dira, eta EUDELek Euskadiko udalei bidaliko die; halaber, www.eudel.eus atarian eta www.herrismartik.eus programaren atarian argitaratuko da.

Tokiko erantzunak erronka globalei

Euskadiko proiektuen “erradiografia” egiteko, berreskuratze iraunkor, inklusibo eta erresilientearekin lotutako arloetan jarriko da ardatza, eta, besteak beste, hauek izan daitezke:

  • Ingurumena: efizientzia energetikoa, hondakinen kudeaketa, uraren kudeaketa, mugikortasuna, zarata, klima-aldaketa…
  • Gizartea: zahartze aktiboa, inklusioa, arreta soziosanitarioa, segurtasun urbanoa, pobrezia energetikoaren aurkako borroka…
  • Ekonomia: finantzaketa iturriak, udal zerbitzu adimendunak…
  • Kultura: hezkuntza digitala, gaitasun teknologikoak, herritar konprometituak eta ahaldunduak…

Ekimen berritzaileen trukeaz gainera, beste gai batzuk ere landuko dira: udalen eta gainerako erakundeen arteko kolaborazioa, aliantza publiko-pribatuak, eta halako proiektuak Euskadiko udalerrietan gauzatzeko behar diren gaitasun eta baliabideak.

Abenduak 10, osteguna. Marketplace foroa, udalen, teknologia-enpresen eta teknologia-eragileen artean

Ostiraleko saioa osatzeko, abenduaren 10ean (osteguna), bigarren foroa egingo da. Saio hori toki-erakundeen eta sektore pribatuaren artean harremanak sortzen laguntzeko izango da.

Azoka eta kongresuetako “Marketplace” erakusketa-formatua baliatuta, teknologia-sektoreko erreferentziazko enpresak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak gonbidatuko dira, merkatuan dauden soluzioak aurkez ditzaten. Udal-garapen iraunkorraren erronkei erantzuten lagundu dezaketen ekimenak bilatuko dira, eta udalekin eurekin kontrastatuko dira.

Euskara, aurrerabide

Gizartea euskaraz biziberritzea helburu

Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude.

ADIERAZPENA JAITSI

Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz. Bai baitakigu ez dagoela beste irtenbiderik. Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun.

Euskaldunok, baina, ezin dugu ahaztu badela funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin.

Horixe da euskaldunok –neurri batean edo bestean euskaraz bizi garen munduko herritarrok, alegia– euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz giza garapenari egiten diogun ekarria. Gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun balio erantsia.

Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari. Nahitaezko zutabea baita norberaren eginahal hori edozein aurrerabidetan, oso bereziki gizarte prozesu konplexuetan, eta horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere: gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena.

Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok.

Badakigu, besteak beste, euskaldunok euskararen hiztun elkartea osatzen dugula, eta Euskaraldian norberaren erabakimenetik abiatzen dela euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzerakoan inguruan hainbatetan sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko bulkada.

Baina badakigu, era berean, ezinbestekoa dugula elkarrengana biltzen gaituen bulkada ere. Norabide biko bektorea baita euskara eta euskaldunok lotzen gaituena: euskarak herri egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta etorkizunaren hizkuntza.

Bide horretatik heldu zaizkio beti euskarari aurrerapauso behinenak: norberaren eta gizartearen konpromisoak sendo uztartzetik; unean uneko beharrizanei euskaraz erantzuteko erabaki sendotik; etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik.

Euskaraldiak eskaintzen digu aurten berriz ere zailtasunak aukera bilakatzeko abagunea, krisia aukera bihurtzeko lanabesa. Ingurumari aldrebesean dator, ezbairik gabe, aurtengoa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren konpromisoaren balioa, administrazio eta erakunde publikoena barne.

Aurtengoan, balio berezi batez apainduko da ahoa bizi, belarria prest eta bihotza kartsu dugun guztion ekimena. Aurtengoan, inoiz baino erabakigarriagoa izango da euskararekiko gertutasunezko keinu praktiko oro, euskal hiztunongandik zein euskararen zabalkundean erdaretatik lagundu nahi dutenengandik datorrela ere.

Esanahi berezi batez jantziko da aurten, ezinbestez, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ahalegina: egokitu zaigun ataka larritik ateratzeko erabakiari, euskaraz ateratzearen ezinbestekotasuna erantsiko diogu euskal hiztun nahiz euskararen lagun orok.

Izan ere, bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa.

Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea.

Euskararen ahotsa zor diogulako munduari.

Euskaraz garelako munduko herritar.

Euskara aurrerabidea delako.

Lehenengo arretako gizarte-zerbitzuak pandemiaren aurrean: ikasteko eta berritzeko aukera

2020ko abenduaren 11a online (egitaraua | aldez aurreko zen-ematea)

Aurten ere, Eusko Jaurlaritzaren eta SIISen Berrituz ekimenak jardunaldi bat antolatu du udaletako politikarientzat eta teknikarientzat, esperientziak trukatzeko eta tokiko gizarte-zerbitzuen inguruko ikaskuntza kolektiboa bultzatzeko.

Lehen edizioa iaz izan zen Vitoria-Gasteizen, eta aurten era birtualean egingo da abenduaren 11n, ostiralarekin, 10:00etatik 13:30era.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria den Marian Olabarrietaren hitzaldi bat izango da jardualdian, ‘Inor Atzean Utzi Gabe’ funtsari buruzkoa.

Hiru jarduera egokiak ere aurkeztuko dira:

  • Lagunkate programa, nagusiengana telefono deien bidez hurbiltzen datzana (Donostiako Udala).
  • Covid-19ren aurka Lan Egiten Duten Profesionalentzako Laguntza Psikologiko Taldea (Gasteizko Udala).
  • Etxerik gabeko pertsonentzako arreta pandemia garaian (Bilboko Udala).

Gainera, mahai-inguru bat antolatu da, ondoko adituekin: Lucía Martínez Virto (Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea), Loreto Osa (Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintzaren zinegotzia), Maite Peña (Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua) eta Patricia Bezunartea (Espainiako Gobernuko Familia Aniztasunerako zuzendari orokorra). Joseba Zalakainek, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria denak, mahaia moderatuko du.

Ekitaldia doan da eta plazak, mugatuak. Parte hartzeko, nahikoa da izen-emateko formularioaren bidez erregistratzea.

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordean ordezkatuta dauden erakundeen arteko bilera dela-eta, horren buru lehendakaria dela, joan den ostegunean jendaurrean aurkeztu zen euskal gizartea sentsibilizatzeko kanpaina, birusaren hedapena geldiarazteko ahalegin bateratuari eusten jarraitzeko.

Kanpainak euskal erakunde guztien babesa du: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, hiriburuetako udalak eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea. EUDELen lankidetza markoan, hainbat material (kartelak eta bideoak) helarazten dizkie udalei, herritarren artean zabaldu ditzaten, udalerri bakoitzeko informazio- eta komunikazio-bideen bitartez.

Material guztiak Eusko Jaurlaritzaren webgunetik eta esteka hauetatik deskarga daitezke:

Kartelak (2, horizontala/berticala, pdf eta png)

Bideoak (2 bideo mp4)

*Kanpaina horrek isla izango du gizarte-komunikabideetan, eta erlaxazio-egoerari aurre egitea du helburu, gaixotasun horrek pertsonak ospitalera, ZIUra edo heriotzara eraman ditzakeela gogoraraziz.

ZIU baten hondoarekin, kanpainaren leloa agertzen da: “Eskuak, maskara, distantzia. Denok dakigu nola saihestu “.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ekimen horretan parte hartzeko deia egiten zaie euskal udalerriei

Bilbo, 2020ko azaroaren 20a. Euskaraldiaren bigarren edizio honetan, ekimenaren rolak herritarrekin harremana duten erakundeen artean ere egongo dira, eta EUDEL edizio berriak dakarren hirugarren rolaren parte izango da. Ariguneen helburua da euskararen erabilera indartzea eta ahozko presentzia areagotzea, horrela, hizkuntza ulertu eta hitz egiten duten pertsonen hizkuntza-ohiturak aldatzeko.

Ekimen horrekin bat eginda, EUDELek euskararekiko konpromisoa indartu du, eta konpromiso hori euskal udalekin egiten duen eguneroko lanean hezurmamitzen da, honako ekintza hauen bidez: informazioa eskatutako hizkuntzan bidaltzea, toki-administrazioan euskararen erabileraren normalizazioa sustatzea edo sustapen-plan eta -ekimen zehatzei, jardunaldiei, argitalpenei eta matrikulazio-kanpainei laguntzea.

EUDELek ere EUSKARALDIA koordinatzeko mahaian parte hartzen du, udalerriekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, Euskaltzaleen Topagunearekin eta UEMArekin batera.

Ahobizi eta Belarriprest kideen izen-ematea azaroaren 24ra arte luzatuko da     

Izen-ematea azaroaren 24aren gaueko 23:59ak arte egongo da zabalik izenematea.euskaraldia.eus helbidean, ekitaldiaren lehen egunetan ere izen-ematea formalizatu ahal izateko (URL propioa duten erakundeek aukera bera izango dute).

Ez da izen-ematea azken egunetara arte luzatu nahi, herritarrak ariketa egiteko lekurik gabe geratuko liratekeelako.Hala eta guztiz ere, lehenbailehen izena emateko deia egiten da, ahobiziek eta belarriprestek ahalik eta lasterren izan ditzaten txapa eta jarraibideak.

IKUSI BIDEOA https://drive.google.com/drive/folders/1XewmffyEvdrdVnk-_tAgjlIfSu9Edt1A

Informazio guztia Euskaraldiaren webgunean: https://euskaraldia.eus/meg-2/ (FAQ).

 

Urtero bezala, Azaroaren 25a “Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna” dela eta, EUDELek adierazpen instituzionalerako eredu bat prestatu du Euskadiko udal guztientzat.

EUDELeko Batzorde Eragileak, gaur goizean bideokonferentzia bidez egindako urriko bileran,  Adierazpenaren testua onartu du eta Euskadiko udal guztiei gaur bidaltzea erabaki du, aurkezteko nahikoa denbora izan dezaten Udalbatza, Bozeramaileen Batzar, Gobernu Batzar edo udalerri bakoitzean gaitutako partaidetza-organoan.

Tokiko autonomiari errespetua erakutsiz, Adierazpen eredutzat proposatutako testua eredu irekia da, udal bakoitzak adierazpen hori tokiko errealitatera egokitu dezan.

Adierazpena Emakunderekin eta Berdinsarearekin-Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea– adostua izan da.

EUDELen ADIERAZPENA eransten da: “indarkeria matxistari aurre egiten pandemia garaietan”

Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2020 – 2021 eta Covid-19ari aurre egiteko ezohiko neurriak

 

Euskadiko Udalen esku jartzen du EUDELek landutako ‘UDALA- Udal Finantzaketa’ buletin berria, “Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2020-2021 gaiari buruzkoa.

Argitalpen honen bidez, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko urriko informazioa ematen da, bai eta Finantzen Lurralde Kontseiluen azken bileretan lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datuak ere.

UDALAren zenbaki berezi honetan, Covid-19ari aurre egiteko Lurralde bakoitzean gauzatutako finantzaketa, aurrekontu- eta finantza-egonkortasuneko neurriei buruzko informazioa jasotzen da.

UDALA JAITSI

*Ikusi aurreko UDALAko monografikoak

  • COVID19-ak baldintzatutako urte honetan Beldur Barik lehiaketan izandako parte hartze handiak agerian utzi du gazteek erreferente dutela programa
  • 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek ikus-entzunezko 200 lan baino gehiago aurkeztu dituzte.
  • Aurten sari-banaketa Donostian egingo da eta streaming bidez jarraitu ahal izango da soilik.
  • Lehiaketan parte hartu duten lanetan gazteek honako gaiak jorratu dituzte: rolak eta estereotipoak, emakumeen ahalduntzea eta gorputzen aniztasuna.

 

Donostia, 2020ko azaroaren 18a. Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, Beldur Barik 2020 topaketa, gazteen artean indarkeria matxistaren prebentziorako aurtengo programako azken ekimena, Emakundek bultzatua, eta hiru lurraldeetako foru aldundien eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen babesa duena. Ekitaldian izan dira Emakundeko Zuzendaria, Izaskun Landaida; Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria, Miren Elgarresta; Bizkaiako Foru Aldundiko genero politiken Idazkari teknikoa, Cristina Sardui; Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaria, Nerea Melgosa eta EUDEL-eko ordezkaria eta Gordexolako alkatea den Angela Eguia Liñero.

Ángela Eguía Gordexolako alkateak hitza hartu du Batzorde Eragilearen izenean, eta nabarmendu du udalerriek Beldur Barik ekimenean izan duten partaidetza gogobetetzeko modukoa izan dela, pandemiak pandemia, eta tokiko erakundeek programarekin harturiko konpromisoari eutsi diotela aurten ere.

EUDELek Beldur Barik ekimenaren balioa azpimarratu du, “sentsibilizatzeko eta hezteko tresna gisa, gure udalerrietako bizimodua eraldatzeko eta aldatzeko orduan gure gazteak eragile izan daitezen”.

Alde horretatik, Ángela Eguíak jakinarazi du EUDELek Emakunderekin jardungo duela, programak nolako inpaktua izan duen ebaluatzeko hurrengo hilabeteetan egingo den ebaluazioan tokikoaren ikuspegia txertatzeko. Alkateak azaldu duenez, hamar urteko ibilbide honetan, “funtsezkoa zaigu Beldur Barik ekimenak udalerrietan izan duen eragina aztertzea”.

EUDELen ordezkariak, era berean, esan du balioestekoa dela erakunde eta eragile inplikatu guztiek elkarrekin nola jardun duten programan: “Guztiok elkarturik “BELDUR BARIK jarrera” hedatzen jarraitu behar dugu, erreferentzia eredugarria baita herritarrentzat; izan ere, eguneroko ohituretan agertu ohi diren jarrera sexistei, indarkeriari eta mikromatxismoei planto egiteko jokabide irmoa hartu dute”.

 

Beldur Barik  PRENTSAKO OHARRA

Informazio gehiago: www.beldurbarik.eus