Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • ‘Euskara ikasteko zure formula’ lelopean, Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu da, Gasteizko AEK Zadorra Euskaltegian
  • Covid-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoerari erantzuteko eta osasun neurriak kontuan hartuta, ikastaro ez-presentzialei eta mistoei leku handiagoa emango zaie ikasturte honetan 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du gaur, Gasteizko AEK Zadorra Euskaltegian. Sailburuarekin batera, aurkezpenean parte hartu dute AEKko ordezkari Iñaki Urkijok eta Ainhoa Zamarreño AEK Zadorra Euskaltegiko ikasleak. Halaber, ekitaldira bertaratu dira Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta hiriburuetako udaletako ordezkariak, zein EUDEL, UEMA eta euskaltegien ordezkariak ere.

‘Euskara ikasteko zure formula’ da aurtengo kanpainaren leloa, euskaltegiek ahalegin handia egin baitute ikasleei malgutasunik handiena eta eskaintzarik zabalena errazteko. Era berean, Euskadiko euskaltegien sarea koordinatzen duen HABE erakundeak eta euskaltegiek berek apustu sendoa egin dute osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko, ikasleak seguru senti daitezen ikasprozesuan.

“Ikaslea erdigunean jarri eta inoizko eskaintzarik malguena jarri da herritarren eskura. Helburua da ikasleak seguru sentitzea, eroso, eta erraztasun guztiak izatea euskara ikasteko prozesuan. Era berean, ikasleek doan ikasi ahal izango dute B2 mailara arte, asistentzia bermatzen badute eta maila gainditzen badute. Hortaz, euskara ikastea segurua, erosoa, malgua eta, kasurik gehienetan, doakoa izango da”, adierazi du Zupiriak.

Malgutasuna

Covid-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoerari erantzuteko eta osasun-neurriak kontuan hartuta, ikastaro ez-presentzialei  eta mistoei leku handiagoa emango zaie ikasturte honetan, era horretan errazago bete ahal izango direlako osasun eta segurtasun neurriak. Funtsean, lau eratako ikastaroak eskainiko dira, baina horien baitan malgutasun handia eskainiko da. Lehenik eta behin, ohi moduan, aurrez aurreko ikastaroak eskainiko dira, beti ere segurtasun baldintza guztiak bermatuz ikasgeletan. Era berean, jardun biko ikastaroak eskainiko dira, aurrez aurreko jarduna zein ez-presentziala uztartuz. Hirugarrenik, autoikaskuntzan oinarritutako ikastaroak eskainiko dira, inoiz baino aukera gehiago eskainiz norberaren ordenagailutik ikasteko. Azkenik, bideokonferentzia bidezko taldeak osatuko dira, ikasgela birtualen bitartez eta irakasleen laguntza eskainiz. Talde eta ordutegi finkoetan eskainiko dira.

Horrez gain, ohi moduan, barnetegiak eskainiko dira, bai eta talde eta enpresentzako ikastaro berezituak ere.

Osasun neurriak

Euskaltegi guztiek osasun neurriak bermatuko dituzte Covid-19ari aurre egiteko. Euskaltegi bakoitzak bere kontingentzia plana gauzatuko du, osasun arau guztiak betez. Helburua da ikasleak lasaitasunez joatea euskaltegietara eta, ahal delarik, ikastaro presentzialak egitea. Eskaintza malgua izango da, ikasleak dituen premien araberakoa, baina lehentasuna izango da irakaskuntza presentziala sustatzea, eraginkorrena delako.

Doakotasuna

Ikasleak euskara eraginkortasunez ikasten badu eta maila gainditzen badu, matrikularen diru-laguntza jasotzeko aukera izango du. Eusko Jaurlaritzak zein gainontzeko erakundeek egingo duten ekarpenari esker, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte, beti ere ikasleek bi baldintzak betetzen badituzte: % 75eko asistentzia bermatu eta B2 mailara arte dagokien maila gainditu (ikasprozesuan aurrera egin).

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek aspaldi zuten hartua konpromiso hori, eta azken urteotan elkarlanean aritu dira gauzatzeko. Urte hasieratik baldintzak betetzen dituzten ikasleek aukera dute euskara doan ikasteko B2 mailara arte. Doakotasun eredu hori lortu ahal izateko, erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu, guztira ia lau milioi euro jarriz (3.928.000 euro). Eusko Jaurlaritzak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten (iaz baino 525.000 euro gehiago; 2018an baino 1,2 milioi gehiago); Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 42.000 euro; eta, azkenik, udalek 221.000 euro. Ekarpen horiez gain, erakundeek bestelako diru-laguntzak emango dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Jaurlaritzaren kasuan, esate baterako, beste 150.000 euro), baina kasu horietan ezin izango da bermatu erabateko doakotasuna.

Ikasleen profila

Iragan 2019-2020 ikasturtean, 36.808 ikaslek eman zuten izena Euskadiko Autonomia Erkidegoko  101 euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 1.284 ikasle gehiago eta azken urteotako kopururik altuena. Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasleen % 66,13 emakumezkoak ziren, eta % 33,52 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko adina 38,77 izan zen. Ikasleen erditik gorak B2 eta C1 mailetan eman zuten izena. Hortaz, mantentzen da azken urteotako joera: denetarik dagoen arren, ikasle askok, batez ere gazteek, maila altua dute, eta beren helburua euskara hobetzea izaten da.

Euskaltegiak

Euskadiko Autonomia Erkidegoan 101 euskaltegi daude, 62 pribatuak dira eta 39 publikoak (udalen menpekoak). Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen HABE erakundea arduratzen da horiek guztiak koordinatzeaz. Era berean, ikasleei ez ezik, diru-laguntzak ematen dizkie euskaltegiei. Aurten 22.158.000 euro bideratuko ditu euskaltegi pribatuetara eta 12.810.000 euro publikoetara; guztira, 34.968.000 euro (iaz baino 1.594.000 euro gehiago).

Vitoria-Gasteizen, 2020ko irailaren 11n

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak bilera izan dute gaur arratsaldez Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen. Bilerak jarraipena eman dio Hezkuntza Sailak eta EUDELek izan duten elkarrizketa instituzionalari, zeina indartu egin baita Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordearen esparruan.

PRENTSA OHARRA JEITSI

Legegintzaldi berriko gobernua eratu ondoren egindako lehen topaketa honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko lankidetza eta koordinazioa indartzeko deia egin dute Bildarratzek eta Urtaranek, ikasturte honetan aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bermatzeko. Ildo horretan, biak bat etorri dira erakundeen lankidetza hori EAEko udalerri guztietarako irizpide eta jarduera-jarraibide komunetan oinarrituta garatu behar dela esatean.

Helburu partekatu horretatik abiatuta, bileran alkateen intereseko hainbat gai aztertu dira ikasturte hasiera honetan. EUDELek azaldutako gaietako batzuk honako hauek dira: ikastetxeetan garbiketa-zerbitzua emateari dagozkionak (udal-eskumena baita hori), Osasun eta Hezkuntza Sailen neurri eta protokolo berriak, edo udalek aparteko neurri horiek aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen gastuak.

Hezkuntza Sailak eta udalek kudeatuko dute udal-espazioen eskura jartzea, ikastetxeek Coviden eraginez une jakin batean beren hezkuntza-jarduera garatzeko behar dituzten beharrak aztertuz.

Jokin Bildarratz eta Gorka Urtaran bat etorri dira Hezkuntza Sailak egindako eskaerari Euskadiko udalek emandako aho bateko erantzuna eskertu eta balioetsi dutenean.

 

 

  • Emakundek bultzatuta eta euskal erakunde guztien laguntzarekin, 11 urtez gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzen daramatza Beldur Barik programak.
  • Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta programaren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezko lanak saritzen ditu.
  • Aurten sari-banaketa streaming bidez jarraitu ahal izango da beldurbarik.eus web gunean.

Gaur, irailak 11, Beldur Barik lehiaketaren 11. edizioari hasiera ematen zaio. Emakundek antolatzen du hamaika urtez martxan dagoen eta gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin egiten den lehiaketa hau, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta beste erakunde batzuen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailaren Gazteria zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean, alegia.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. Aurtengo edizioa berezia izango da, koronabirusak markatuta datorrelako. Ezohiko egoera honek gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jartzea ekarri du. Hala, inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik Jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela. Horregatik, aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”. Urte berezi honetan ematen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da lema hauen helburua.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

2020ko edizio honetan, iazkoarekin alderatuta, ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea irailaren 14tik azaroaren 5era bitartean zabalik egongo da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke (ikastetxe batek, gela batek, elkarte batek, eta abarrek izena eman dezake).

Beldur Barik 2020 Lehiaketako Sariak

Sariak honako hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio.

Aurten, lan sarituak 2020ko azaroaren 20an ezagutzera emango dira. Aurtengo sari-banaketara irabazleak eta sariak banatzeko ardura duten erakundeetako ordezkariak baino ez dira joango. Sari-banaketa www.beldurbarik.eus webgunean emango da zuzenean streaming bidez. Gainera, euskal artista ezberdinek sari-banaketa girotuko dute.

Ikus-entzunezko lan onenari saria Beldur Barik Jarrera! adierazteko kalitatezko komunikazio artistikoko baliabideak edota kodeak erabili dituen hiru kategorietako edozein lanari emango zaio. Parte-hartzeari saria, berriz, herri-bozketan boto gehien lortu dituen lanari emango zaio, Herri-bozketa azaroaren 11tik 13ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez.

Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik Lehiaketa ez da lehiaketa hutsa; izan ere, parte-hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute, kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatuz. Alde horretatik, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, bai eta hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna ere, nesken ahalduntzetik abiatuta, eta mutilek indarkeria matxista amaitzeko konpromisoa edo erantzukizuna hartzea.

Programari buruzko informazio guztia web gunean (www.beldurbarik.eus) zein sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram, Spotify eta Tiktok) aurki daiteke.

Kurtso honen hasieran euskal udalek jardunari berriro ekin diote testuinguru zail eta konplexuan, osasun-, gizarte-, eta ekonomia-erronka hirukoitzarekin. Covid-19k dena aldatu du. Birusa ez da betiko hemen egongo, baina aldi batez berarekin bizitzen ohitu beharko dugu, osasunean eta ekonomian ahalik eta inpaktu txikiena eragiten duela ziurtatuz.

Krisi honen irtenbideak konpromiso kolektiboa eskatzen du gizarte gisa; eta, berriro ere, euskal udalok urrats bat egiten dugu konponbidearen parte aktibo izateko. Pertsonengandik hurbilen baikaude, herri eta hirietako errealitatea eta aniztasunaren ezagutza pribilegiatua baitugu.

 

Gorka Urataran, EUDELen Elkarteburuaren audioa

Konpromiso partekatu honetatik, EUDELeko Batzorde Eragileko alkateok adierazpen hau sinatzen dugu mezu bikoitza helarazteko, lehena, gizartearentzat; bigarrena, gainerako erakundeentzat.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta erantzukizun soziala, indibiduala eta kolektiboa arren eskatzen ditugu.

Udalerria da elkarbizitza eta gizarte-harremanak ehuntzen diren espazioa. Gure herri eta hiriak dira “normaltasun berrira” iragateko eta pandemia elkarrekin gainditzeko lekua. Beraz, beharrezkoa da denok gure osasuna eta gainerakoena, gure seme-alabena eta gure adinekoena zaintzeko konpromisoa hartzea.

Osasun-larrialdi egoeran ezinbestekoa da arauak zorrotz betetzea eta arduratsuak izatea osasun-agintarien gomendioei jarraituta. Zuhurtzia eta arreta une oro eta leku guztietan, etxean, kalean, lanean, klasean, familia- eta lagun-topaketetan, merkataritza-, kultura-, kirol- eta aisialdi-jardueran…

Udal-eremuan eragile askok hartzen dute parte, eta orain, inoiz baino gehiago, horien guztien arteko elkarlana eta koordinazioa funtsezkoa da, tokiko engranajea, komunitatea, ibilarazteko.

Udal, elkarte, gizarte-erakunde, merkataritza eta ostalaritza, enpresa eta pertsona ekintzaile, familia… guztiok, gazte eta nagusi, lagundu dezakegu eta lagundu behar dugu gure udalerriak ingurune osasungarriak eta seguruak izan daitezen, batez ere pertsona eta kolektibo ahulenentzat.

Izan gaitezen solidarioak, zaindu dezagun gure eta ingurukoen osasuna. Babes ditzagun gure udalerriak, bizitzarako, ongizaterako eta oparotasunerako leku eta topaketa izaten jarrai dezaten.

Bigarrenik, udalak eragile giltzarri gara euskal erakunde-sisteman, eta, horrela izanik, Euskadiren susperraldian eta eraldaketan dugun parte-hartze aktiboa aintzat hartzea eskatzen dugu, betiere udal autonomia errespetatuz, eta Toki Erakundeen Legean aurreikusitakoaren arabera, finantza-nahikotasuna errespetatuz.

Gobernu-maila ezberdinen elkarlanean, osasuna babesteko, ongizatea bermatzeko eta familia- eta enpresa-ekonomia babesteko toki-erakundeek duten ezinbesteko eginkizuna balioestea eskatzen dugu.

Udalok ere bagara erakunde giltzarriak eraldaketa sozial, digital, energetiko eta ekologikoa gure herri eta hiri bakoitzean gerta dadin. Garapen Jasangarrirako Helburuetan edo Green Deal Europako itun berdean zehaztutako jomugen ildotik.

Horregatik guztiagatik, Euskadirentzat aurreikusitako ezohiko funtsak euskal udal guztietara irits daitezen eskatzen dugu.

Era berean, Euskadik duen foru-berezitasuna defendatzen dugu, udal-sistema eta -egitura bereizi baten bidez, Ekonomia Itunean oinarrituta. Marko propio honen defentsan, euskal udalok ezin dugu bereizkeriarik jasan gure finantzaketa indartzeko aukerei dagokienez.

Erakunde hurbilenak izanik, herritarrekin benetako konpromiso irmoa hartzen dugun garai honetan, gizartearen eta planetaren erronka berriei aurre egiteko baliabide egokiak behar ditugu.

Hauek dira EUDELeko Batzorde Eragiletik euskal alkateen izenean helarazten ditugun mezuak. Helburu partekatu batetik sortzen diren bi mezu, guztion onerako lan egiteko helburutik, herritar bakoitzaren onerako. Haren konfiantzak bultzatzen gaitu herrialdea aurrera eramateko atsedenik gabe lan egiteko konpromisoan. Udalok lehen lerroan jarraituko dugu, eragile guztiekin elkarlanean, elkar hartuta, gure lehen lorpena gizarte osoaren baterako ekintza izango baita.

Bilbon, 2020ko irailaren 10ean.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen (EELZ) erabiltzaileei gogorarazten zaie maskara erabili behar dutela laguntzaileek etxeetan zerbitzua ematen dieten bitartean, adierazitako egoeretan maskara erabiltzetik salbuetsita badaude izan ezik.

Osasun Sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduak ezartzen duenaren arabera, 6 urtetik gorakoek maskara erabili behar dute nahitaez, orokorrean; Aginduaren Eranskinaren 1.3.4. puntuan, zehazki, honakoa adierazten du: “Bizikideak ez diren pertsonen kasuan, espazio pribatu irekietan zein itxietan egindako bileretan edo sortutako taldeetan maskara erabiltzea gomendagarria izango da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsita ere”.

Jarraibide hori bera Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatutako agirian ere jasotzen da: Gomendioak. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak “Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI” izeneko Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatzen duten bi aginduak, Osasun sailburu Nekane Murgarena eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltran de Herediarena, eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren dekretua argitaratu ditu gaur, astelehena, abuztuak 17. Hala, Iñigo Urkullu Lehendakariak hartuko du bere gain “Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI” izeneko Euskadiko Babes Zibileko Planean jasotako larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, Covid-19ren hedapenaren ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean. Hauek dira hiru arauak:

Osasun Sailak hartutako erabakia jakinarazten zaizue non, Eudelen elkartebuari komunikatu ondoren, udalei eskatzen zaien udalekuak ixteko.

COVIDaren datuen bilakaeraren aurrean, hori da Osasun Sailak eta Osakidetzak gaur hartu dituzten prebentziozko eta behin-behineko neurrietako bat, hala nola eguneko zentroen aldi baterako itxiera, eta egoiliarren irteerak murrizketa eta bisitak mugatzea.

Atzoko egunean, Osakidetzak egindako 4.997 PCR probetan 115 kasu positibo detektatu ziren: 9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan.

Testuinguru horretan, berriz ere erantsi da udalentzako gomendioen dekalogoa, euskal udalerrietan komunitate-transmisioa prebenitzeko.

Osasun-agintariek bereziki azpimarratu dute, Udalen lankidetzarekin herritarrak eta tokiko kolektiboak kontzientziatzeko, maskara nahitaez erabili behar dela, eta zorrotz bete behar direla epidemiaren hedapenari eusteko ezarritako neurriak.