Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Honako udal hauek dira ELoGE 2020rako hautagaiak: LAUDIO, Araban; BERANGO, ERANDIO eta ERMUA, Bizkaian, eta ELGOIBAR eta IRUN,
  • ELoGE Zigilua (European Label for Governance Excellence) tokiko gobernuen bikaintasunaren eta kalitate demokratikoaren aintzatespenik handiena da Europan.
  • Udal bakoitzak bere egoera ebaluatu behar du gobernu onaren 12 printzipiori dagokienez, 97 adierazleko tresna baten bidez (benchmark). Gainera, gobernu-taldeari, oposizioari eta herritarrei inkestak egiten zaizkie emaitzak egiaztatzeko.
  • 2017an eta 2018an lehen bi edizioak egin ondoren, EUDELek berriro ekin dio proiektuari, udalei beren erakundeak indartzen laguntzeko, Covid osteko susperraldi sozial eta ekonomikoaren erronka berrien aurrean.

Bilbon, 2020ko urriaren 20an. 2020ko azken hiruhilekoan, EUDELek hiru lurraldeetako sei udali lagunduko die Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua (ELoGE) ebaluatzen. Zigiluaren hirugarren euskal edizioa da, EUDELek Europako Kontseiluaren babesarekin bultzatutako proiektua, eta orain arte 16 euskal udalek parte hartu dute.

Edizio honetako sei parte-hartzaileen artean, hiru udal daude lehen aldiz zigilua eskuratzeko hautagai (Berango, Erandio eta Laudio), bi jada zigilua dutenak eta berritzeko helburua dutenak (Ermua eta Irun), eta udal bat 2017an hautagai izan zena eta bigarrenez lortzeko asmoa duena (Elgoibar).

ELoGE zigilua ezartzeko, Europako adierazleen tresna (Benchmark) Euskadiko udalerrien araudi espezifikora eta errealitatera egokitu behar da. EUDEL da Europako Zigiluaren metodologia aplikatzeko estatuan egiaztatutako eskualde-plataforma bakarra. Azken helburua ez da aintzatespena lortzea, baizik eta udal-gobernuaren etengabeko hobekuntza sustatzea eta haren politika publikoak Europako kalitate demokratikoko estandar zorrotzenekin egokitzea.

2017ko eta 2018ko edizioen artean moldaketa txikiak egin ziren tresnan, eta bigarren edizioaren ostean, 2019an, adierazleen lehen eguneratzea egin zen. Azkenik, eta pandemiak sortutako egoera kontuan hartuta, doikuntza berriak egin dira tresnan, kasu guztietan Betean aholkularitza-enpresaren laguntzaz.

Aurten moldaketa berriak egin dira, tresna pandemiak ekarritako egoera berrira egokitzeko. ELoGE zigiluak gardentasuna eta kontuak ematea, parte-hartzea, plangintza eta aurreikuspena eta iraunkortasuna ditu ardatz.

Tresna egungo testuingurura azkar egokitu izanak agerian uzten du malgutasuna duela erronka berriei aurre egiteko, eta garrantzi berezia hartzen du Covid-19ak sortutako osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisiaren aurrean tokiko erakundeen indarguneak sendotzeko tresna gisa.

Tokiko gobernantzaren kalitate eta bikaintasun gorena aitortzeaz gain, ELoGE Zigilua prozesu ebolutiboa da. Behin hori lortuta, zigilua bi urtean behin berritu behar da, Udalak etengabe hobetzeko konpromisoa hartuta.

Europako abangoardian dauden euskal udalak

Europako Kontseiluaren Zigilua emateko irizpideak 2010ean jarri ziren lehen aldiz proban, Europako berrogei bat lurralde-erakundetan (Bulgaria, Norvegia, Ukraina, Belgika, Espainia eta Frantzia).

2017ko eta 2018ko edizioetan, zazpi Euskadiko udal sartu ziren ELoGE Zigiluaren bereizgarria duten Europako ehun udalerriren zerrenda esklusiboan: Basauri, Ermua, Irun, Leioa, Urnieta, Bermeo eta Legazpi.

Proiektua azaltzen duen bideoa:

Gobernantzaren 12 printzipio eta 97 adierazle

ELoGE “label” europarra Europako Kontseiluaren Ezagutza Zentroak (Centre of Expertisse) bultzatzen du, eta Gobernu Onaren 12 printzipioetan kalifikazio altua lortzen duten udalek Europa mailan duten aintzatespenik handiena da:

1) bidezko ordezkaritza eta parte-hartzea; 2) erreakzionatzeko gaitasuna; 3) eraginkortasuna eta efizientzia; 4) irekitasuna eta gardentasuna; 5) zuzenbide Estatua; 6) jokabide etikoa; 7) eskumenak eta gaitasunak 8) berrikuntza eta eraldaketa 9) epe luzeko iraunkortasuna; 10) finantza-kudeaketa ona; 11) giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa; 12) kontu-ematea.

Horretarako, udalek autoebaluazio bat (benchmark) egin behar dute, beren egoera neurtuz, hamabi printzipioetako bakoitzari lotutako 97 adierazleko tresna batekin.

EUDELek EAEko udalerrien errealitate espezifikora egokitu zuen tresna 2017ko eta 2018ko edizioetan; iaz ez zen egin adierazleak eguneratu ahal izateko deialdia.

Horren gehigarri moduan, inkestak egiten zaizkie herritarrei eta ordezkaritza politikoari (hautetsiak), emaitzak alderatzeko eta, horrela, erantzunetan egon daitezkeen aldeak murrizteko behar diren neurriei heltzeko.

Berrikuntzan, gardentasunean eta gobernu onean hainbat tamainatako eta ibilbide desberdinetako udaletan erreplikatzeko moduko proiektua da. Parte hartzen duten udal guztiek autoebaluaziorako tresna bera erabiltzen dute, baita kontrastatzeko material berberak ere. Horrela, erreplikatzeaz gain, udalerriak elkarrekin alderatzeko aukera ere ematen du, jardunbide egokiak eta esperientzia berritzaileak identifikatzeko.

©European Label for Governance Excelence :www.coe.int/good-governance

Bilbo, 2020ko urriak 13. EUDELeko Batzorde Eragileak Euskadiko udalen Batzar Orokorra azaroaren 12an egitea adostu du, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Joan den urteko irailaren 16an Elgoibarren Elkartearen gobernu-organoak berritu osteko lehen Batzarra izango da 2020koa, eta, gainera, Euskadiko alkateen lehen bilera izango da, pandemia hasi zenetik.

EUDELen Batzar Orokorra urtean behin biltzen da udalerri batean, eta beti txandaka hiru lurralde historikoetako bakoitzean. Datorren azaroan egingo den bileran, EUDELek 2021eko ekintza ildoak aurkeztuko ditu, bai eta 2019ko urteko kontuak, 2020ko aurrekontua eta hurrengo ekitaldirako aurrekontua ere.

Batzarrerako deialdia joan den ostiralean bidali zitzaien euskal udalei, hilabete lehenago, EUDELen Estatutuetan ezarritako epea betez. Bilerarako ezarri den ordutegia hauxe da: lehen deialdia 11:00etan, eta bigarren deialdia 11:30ean.

COVID-19aren protokoloa

2020ko Batzarra egiteko hautatu den lekua Vitoria-Gasteizko Europa Jauregiko Maria de Maeztu auditoriuma da. Esparruak mota honetako bilera bat egiteko bete beharreko betekizunak betetzen ditu, gaur egungo osasun zuzentarauak eta Covid-19aren arloan indarrean den arautegia aintzat hartuta. Auditoriumeko edukiera %50era mugatuta egongo da; dena dela, aukera ematen du Batzarreko kide diren tokiko ordezkari guztiak hartzeko, eskatutako segurtasun tartea errespetatuz, bai eserlekuen arteko espazioari dagokionez, bai esparruko eremu komunetan eta joan-etorrietako eremuetan.

EUDELen Batzarrean, pandemiak sortutako egoera honen aurrean ekitaldiak egin ahal izateko Europa Jauregiak berak ezarritako segurtasun- eta prebentzio-neurrien protokoloa aplikatuko da.

Europa Jauregiaren Covid-19aren aurkako kontingentzia-planak ohiko prebentzio-neurriak jasotzen ditu (markara eta gel desinfektatzailea erabiltzea, segurtasun-tartea), bai eta esparruko berariazko beste neurri batzuk ere (sarreran tenperatura kontrolatzea, auditoriumeko edukiera %50era murriztea, edukiera mugatua komunetan, hallean eta korridoeetan denbora gehiegi egoteko debekua, etab.).

Aurten, izena online emateko aukera gaitzeaz gain, EUDELek formatu digitalean baino ez du emango 2020ko Batzarrerako dokumentazioa, horretarako prestatu den eta bazkideek erabiltzeko baino ez den web atalaren bitartez (www.eudel.eus).

Gainera, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak erabaki du udalek urtarrilean jasoko dituztela 2019ko likidaziotik banatu gabe gelditu ziren 26 milioi euroak, eta 2022an eta 2023an itzuli ahal izango dituztela ( % 50 urtero) aurtengo likidazio negatiboko 59 milioi euro inguru.

Gaur arratsaldean Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak Udalkutxaren 2020ko eta 2021eko itxierako zuzkidura-aurreikuspenak onetsi ditu. Udalkutxa udalen finantzaketarako foru funtsa da. Horren bitartez Bizkaiko udalek itundutako zergetan duten partaidetzari dagokion dirua jasotzen dute.

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lurralde Historikoko udalen ordezkariak aritzen dira. Gaurko bileran erabaki hauek hartu ditu:

Udalkutxaren aurreikuspena 2020rako: 753 milioi euro.

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren aurreikuspenaren arabera Udalkutxaren zuzkidura 2020ko ekitaldiaren itxieran 753 milioi eurokoa izango da.

Hori udalek aurtengo ekitaldian benetan jasoko dutena baino % 7,3 gutxiago da, guztira 812 milioi euro jasoko dituzte eta.

Gainera, duela urtebete aurreikusi zena baino % 16,5 gutxiago da, orduko aurreikuspena izan baitzen Udalkutxaren zuzkidura 2020ko ekitaldirako 901,8 milioi eurokoa izango zela .

Udalkutxaren aurreikuspena 2021erako: 829,4 milioi euro.

Diru-bilketan aurreikusi den gehikuntza kontuan hartuta, 2021ean Udalkutxaren zuzkidura 829,4 milioi eurokoa izango da, hau da, 2020ko ekitaldiaren itxierarako aurreikusi dena baino % 10,14 gehiago.

Udalkutxaren 2019ko likidazioa

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak erabaki du 2021eko urtarrilean banatzea Udalkutxaren 2019ko likidaziotik banatu gabe egon diren 26 milioi euroak. Kopuru horren banaketa geroratu egin zen, finantza-zuhurtziak bultzatuta, diru-bilketan gertatu den jaitsierak asko urritu baitu Udalkutxaren zuzkidura.

Udalkutxaren 2020ko likidazioa

2021eko otsailean Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2020ko ekitaldiko likidazioa egingo du, eta Udalkutxaren zuzkiduraren eta udalei benetan ordaindutako kopuruaren arteko diferentzia zehaztuko du. Azken aurreikuspenak oinarritzat hartuta (Udalkutxaren zuzkidura 753 milioi euro eta udalei 812 milioi ordainduta), udalek 59 milioi euro itzuli beharko dituzte.

Udalen finantza-egoera indartu nahian, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak erabaki du kopuru horren itzulketa 2022 eta 2023 ekitaldietara atzeratzeko aukera, urtero % 50ean.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere. Hamar kide dira: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta beste bostak EUDELen bidez, Bizkaiko udalen ordezkaritzan ari dira:  Elixabete Uribarri Plentziako alkatea, Ane Legarretaetxebarria Fruizko alkatea, Marta Ajuria Bilboko zinegotzia, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea.

Gipuzkoako udalek 450,6 milioi euro jasoko dituzte aurten Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), lurraldeko udalen diru-sarrera nagusia dena. Ondorioz, udalerriek 22 milioi euro berreskuratu dituzte (+% 5,1) aurtengo maiatzean UFFFan egin zen doikuntzarekin alderatuta. Moldaketa haren arrazoia funtsaren zuzkidura COVID-19k eragindako zerga-bilketaren beherakadara egokitzea izan zen.

  • Gipuzkoako udalerriek UFFFaren laugarren hiruhilekoko ordainketan jasoko dute aparteko zenbateko hori,
  • 2019ko datuekin alderatuta, aldiz, funtsaren zuzkidura 78 milioi eurotan murriztu da (-% 14,8).
  • Datorren 2021ko ekitaldiari dagokionez, eta betiere aurreikuspenen arabera, 47 milioi euro (+% 10,3) gehiago izango dira 2020ko aurre-likidazioarekin alderatuta; beraz, UFFFaren zuzkidura 498 milioi eurokoa izango da.

2020 ETA 2021EKO UDAL FINANTZAKETARAKO FORU FUNTSA

(TAULA-Udalei emandako kopuruak)

(2020-10-19) Gipuzkoako Finantza Kontseiluari buruzko informazioaren laburpena:

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak (FPEK), 2020ko urriaren 15eko bileran, zerga itunduen bilketa aurreikuspenak onartu zituen 2020rako eta 2021erako. Era berean, FPEK-k onartu zituen diputazioek Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenen aurreikuspenak ere. Aurreikuspen horietan oinarrituta kalkulatu dira, behin behingoz, UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsarenak ere.

  • 2020ko UFFFaren itxiera aurreikuspena %15,9 txikiagoa da 2020ko aurrekontuarekin alderatuta.
  • 2021eko UFFFaren aurrekontua %10,3 handiagoa izango da 2020ko itxiera aurreikuspenarekin alderatuta.

Hala ere, gogorarazi nahi da datu horiek guztiak aurreikuspenak direla: 2020ko prelikidazioa 2021eko otsailean likidatu beharko dela, eta 2021eko aurrekontua 2022ko otsailean likidatu beharko dela, zerga-bilketaren eta ekarpenen datu errealak ezagutu eta UFFFaren behin betiko zenbatekoak finkatu eta gero.

Bestalde, Aldundiak Gipuzkoari esleitutako defizit muga udalekin partekatuko da. Zorpetzeko gaitasun hori Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren irailaren 30eko bileran lortutako akordioaren emaitza da. Itun horren arabera, hiru Aldundiek BPGren % 0,9ko defizita hartu dezake ekitaldi honetan, eta % 0,8koa 2021ean. Ehuneko horietatik, % 60 Aldundiarentzat izango da, eta gainerako % 40a udalentzat. Zorpetzeko gaitasun hori UFFFa arautzen duten ehunekoen arabera banatuko da.

Datu horien guztien berri eman zaie Gipuzkoako Finantza Kontseiluko kideei, 2020ko urriaren 19, astelehen honetan eginda egin duen bileran. Foro horrek aurten egin duen laugarren bilera da. Parte hartzaile gehienak modu telematikoan konektatu dira.

Topaketan parte hartu dute, EUDELen aldetik, bertan izan dira Ane Beitia Elgoibarko alkatea; Izaro Elorza Oñatiko alkatea; Miguel De los Toyos Eibarko alkateak; Eneko Maioz Orexako alkatea; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkaria.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urriaren 15ean. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta udalek 2020ko ekitaldian tributu itunduengatiko bilketaren itxiera-aurreikuspena 13.411.590.000 euroan ezarri dute. Kopuru absolutuetan, 2019an bildutakoa baino 2.058 milioi euro gutxiago dira, hau da, % 13,3ko jaitsiera.

Aurreikusten da tributu itunduengatiko bilketa 2021erako aurreikusitako hedatze ekonomikoaren ildoan haztea, eta, hala, uste da foru aldundiek guztira 14.250 milioi euro bilduko dituztela tributu itunduetatik; beraz, 2020. urterako aurreikusitako itxierako bilketa baino % 6,3 gehiago.

Halaber, eta Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan irailaren 30ean lortutako akordioaren ondoren, gaur goizean adostu da nola banatuko diren hiru foru aldundien artean defizitaren baterako helburuak, 2020ko (% -0,9 595 M€) eta 2021eko (% -0,8 588 M€) ekitaldietarako onetsitako ekarpen koefiziente horizontalen arabera.

Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, laster. Urtaranek adierazi duenez, “premiazkoa eta beharrezkoa” da, lurralde bakoitzaren defizitaren banaketan, udalek zer parte-hartze izango duten jakiteko formula zehaztea. “Zer baliabide izango dugun jakin behar dugu, datorren urteko aurrekontuak egiteko”, esan du.

Era berean, EUDELen elkarteburuak nabarmendu du leheneratze soziala udalerrien “funtsezko zeregina” dela. “Udalak gastu publikoaren % 20 gara eta funtsezko agentea gara krisi sozial eta ekonomikotik irteteko.“ esan du Gorka Urtaranek.  Zentzu horretan, elkarteburuak gogoratu du EUDEL euskal udalen elkartea dela eta “batasuna mantentzea“ oso inportantea dela: ”iritzi bakarra behar dugu udalen mezua helarazteko. Hortaz, Eudelen organoetan adostasun eta kontsentsurako deia egiten dut. Laguntza eskasa emango genieke ordezkatzen ditugun udalerriei Eudel barnean zatituko bagina.“ esan du Elkarteburuak.

Gorka Urtaranek nabarmendu du Euskadiko udalek duten borondatea eta prestutasuna herrialdearen baterako erronketan ekarpenak egiteko, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek sustatuko dituzten berraktibazio-planetan parte hartuz nahiz Euskadira Europatik eta Estatutik irits daitezkeen ezohiko funtsetan parte hartuz.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Udalerrien ordezkariak hauek dira:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)

 

Ikusi PRENTSA-OHARRA: Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren 2020ko urriaren 15eko akordioak

Uhinak, Klima aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugazgaindiko Kongresuaren IV. edizioa 2020ko azaroaren 4 eta 5ean ospatuko da.Kongresu hau Ficoba Fundazioak eta Aztik antolatzen dute.

Kongresuaren helburua da Itsasertza defendatzeko eta babesteko beharrezko diren neurriak hartzeko jardunbideak eta irtenbideak ezagutzea, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko.

Aurtengo Uhinak kongresua online izango da, baldintzarik onenetan egingo dela bermatzeko. Bi eguneko programa izango du, streaming bidez transmititua eta gonbidatutako hitzaldiak, ahozko komunikazioak, solasaldiak eta posterrak izango ditu.

Hemen consulta dezakezu egitarau osoa: http://www.uhinak.com/programa.asp?lng=eu

Izen-ematea zabalik dago : http://www.uhinak.com/inscripcion.asp?lng=eu

Informazio gehiago: www.uhinak.org

EUDELek EAEko udal guztiei bidali dizkie Osakidetzak eta Biltzen erakundeak egindako dokumentuak, herritar migratzaileei Covid19 pandemiari buruzko informazioa emateko, laburbilduta eta hainbat hizkuntzatara itzulita (ingelesa, frantsesa, arabiera, errumaniera, errusiera eta portugesa).

Horrekin, Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko auzokok ere informazio publikoa eskuratzeko aukera izatea lortu nahi dugu, aukerak berdinduz.

Dokumentu horiek Eusko Jaurlaritzaren ADICovid19 ekimenaren barruan daude.

Facebook bidez zabaldutako informazio-kanala da, etorkinen elkarteekin, hainbat udalerritako immigrazio-teknikariekin eta Harresiak Apurtuz bezalako sare esanguratsuekin elkarlanean egindakoa.

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan bateratutako komunikazio-kanalaren eta Biltzen erakundearen webgunearen bidez ere eskuratu daiteke.

Gehiago jakiteko: https://biltzen.org/nuevo-canal-informativo-adi-covid

Agiriak:

  • EUDELek eta gainerako herri-erakundeek sinatutako esparru-protokoloaren bidez, hala nahi duten euskal udal guztiek parte hartzeko aukera izango dute ekimen honetan, udalerri guztietara zabaldu ahal izateko.
  • EUDELek bonuen mekanika eta kudeaketari buruzko informazioa bidaliko die udalei, programari atxikitzeko inprimaki batez lagunduta.
  • Bonuen izenak “Euskadi Turismo Bonua” eta “Euskadi Bonodenda” dira, eta 5, 10 edo 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren modalitateetan.

EUDELen elkarteburua Gorka Urtaranek, Euskal  Udalen izenean, parte hartu du gaur Eusko Jaurlaritzako merkataritza eta turismo bonuen aurkezpenean, zeini horiei esker 8,7 milioi sartuko baitute merkatuan. Plana euskal erakundeen baterako lanaren emaitza izan da, eta 5, 10 eta 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte modalitate ezberdinen arabera; bonuak urriaren 28tik aurrera erosi ahal izango dira.

Gorka Urtaranek ekimenaren balioa azpimarratu du, “Herri gisa batasunaren eta lankidetzaren argazki bat delako, gure merkataritza, ostalaritza eta turismoari laguntzeko”.Sektore horiek gaizki pasatzen ari dira, eta erakunde gisa erantzun bateratua eta koordinatua eskatzen digute ” azaldu du elkarteburuak.

EUDELen elkarteburuak azpimarratu duenez, “Udalok funtsezko zeregina dugu susperraldi sozial eta ekonomikoan, gu baikara pertsonengandik, enpresetatik, saltokietatik eta tokiko negozioetatik hurbilen daudenak”.

Azkenean, Gorka Urtaranek gogorarazi du tokiko kontsumoaren aldeko herritarren konpromisoa oso garrantzitsua dela “Banako ekintza bakoitzak balio du eta inportantea da gure hiri eta herrietako ekonomia suspertzeko.” adierazi du.

 

EUDELek programa honen esparru-protokoloa sinatu du, interesa duten Euskadiko udalen balizko atxikipenak ahalbidetu xedez. Horretarako, laster atxikitzeko oinarriak eta formularioa bidaliko zaizkie, Merkataritza Ganberen on line plataformaren bidez kudeatuko diren bonuen operatibari buruzko xehetasunekin batera.

Bonu horien aginduak urriaren 5ean argitaratuko dira, eta hilaren 6tik aurrera egongo dira indarrean. Haien arabera, establezimenduek 3 asteko epea izango dute atxikitzeko. Epe horren ondoren, urriaren 28an, bonuak eskuragarri egongo dira herritarrentzat.

Bonuen modalitateak

Bonu horiek Euskadin bizi diren edota, turismoko bonuen kasuan, beste leku batzuetatik etorri diren 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte urriaren 28tik aurrera. Ez da bono fisikorik egongo; aitzitik, gastatu nahi diren establezimenduan bertan kudeatuko dira online plataformaren bitartez (plataforma hilaren 6tik aurrera egongo da abian).

Bonuak deskontu-balearen ereduan oinarrituta daude. Merkataritzaren kasuan, modalitate bakarra egongo da: 10 euroko deskontuak 30 eurotik gorako erosketetan. 4 bonu eskuratu ahal izango dira gehienez, eta, beraz, gehieneko deskontua 40 eurokoa izango da guztira. Merkataritzaren esparruko mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude.

Turismoan eta ostalaritzan, 3 modalitate daude. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzari, jatetxe-arloari eta turismo-intereseko jarduerei lotutako establezimendu eta enpresei zuzenduta daude, eta 5 edo 10 euroko deskontuak izango dira, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da 60 eurotik gorako erosketetan, turismoko ostatu-arloko establezimenduetan. 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta, beraz, pertsona bakoitzak gehienez ere 40 euroko deskontua baliatu ahal izango du guztira.

 “Euskadi Turismo Bonua” turismoari eta ostalaritzari lotutako Euskadiko mikroenpresei, enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta dago. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: ostatu-establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolaketako turismo-enpresak; jatetxe-arloko eta ostalaritzako establezimenduak, naturako kirol-jarduerei lotutako enpresak (hala nola turismo aktiboari eta abenturakoari lotutakoak); turismo-garraioko enpresak; kultura-ondarea, gastronomia-ondarea eta ondare naturala zabaltzen duten enpresak; eta jolas-zentroak.

Informazio gehiago:

www.euskadibonodenda.eus

www.euskaditurismobono.eus