Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Alkateak eta Europa osoko ordezkari hautetsiak telematikoki elkartuko dira irailaren 29tik urriaren 1era, Zuzendaritza Batzordearen bilerarako eta Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (EUEK) urteko erretirorako.
  • EUDELen elkarteburuak bihar, asteartea goi-bileran hartuko du parte goizeko 09:30etik aurrera, eta ondorengo eztabaida politikoan ere bai, tokiko buruzagiek udalerri eta eskualde guztientzako lehenengoratze jasangarria eta osasungarria nola gidatu eztabaidatuko baitute.
  • Lehentasunezko gaiez arituko dira Batzordean, esaterako, zerbitzu publikoak mantendu eta behar sozialak artatzeko tokiko finantzaketa indartzeaz. EUEKek bere tokiko ekintza-plana aurkeztuko du GJHen eta Green Deal edo Europako Itun Berdearen ildoan, datozen urteetarako ibilbide-orri politiko eta ekonomiko gisa.

Bilbon, 2020ko irailaren 28an.

EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek bihar, asteartea, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko Zuzendaritza Batzordearen urteko bigarren bileran hartuko du parte.

Udalerri eta eskualde erresilienteetarako bidea” izeneko EUEKen goi-bilera birtual hau pandemia hasi zenetik egingo den lehenengoa da. Helburu nagusia da udalerrien eta Europako gainerako erakundeen arteko elkarlanerako gobernantza indartzea, errekuperazio sozioekonomikoa, energetikoa, klimatikoa, inklusiboa eta bidezkoa sustatzeko.

Batzorde Gidatzailearen bilera goizeko 09:30ean hasiko da eta arratsaldeko lehen orduetan amaituko da, maila anitzeko eztabaida politikoarekin. Truke saio horretan, ordezkari hautetsiez gain, Europako Batzordeko eta EBko Parlamentuko arduradun politikoek eta teknikoek hartuko dute parte.

Biharko goi-bilerari dagokionez, Gorka Urtaranek aurreratu duenez, “EUDELek bat egingo du Europako udalerrien itunarekin, udalerrietako ekintza kokatzeko susperraldian eta pandemiak eragindako krisiaren irtenbidearen erdian”.

COVID-19ak herri eta hirietan eragindako ondorio ugari eta sakonei aurre egiteko dituzten estrategiak eta erantzunak partekatuko dituzte tokiko buruzagiek.

Europako udalerrien goi-bilera honetan tokiko eta eskualdeko agintari garrantzitsuak elkartuko dira, besteak beste, Stefano Bonaccini, Emilia-Romagna eskualdeko (Italia) eta EUEKeko presidentea; Bart Tommelein, Ostendeko (Belgika) alkatea; Phedon Phedonos, Pafoseko (Zipre) alkatea; André Sobczak, Nantesko (Frantzia) metropoliko presidenteordea edo Rui Jorge Cordeiro Gonçalves dos Santos, Vila Realeko (Portugal) alkatea.

Green Deal eta tokiko ekintzarako ezohiko funtsak

EUEKeko Batzordean mezuak eta baterako proposamenak aurkeztu ahal izango dizkiete udalerriek EBko erakundeetako ordezkariei. Zuzendaritza Batzordearen xedea da pandemiak eragindako krisiaren ondorioz lehengoratze sozial eta ekonomikorako tokiko gobernuen lehentasunei buruzko ekarpenak biltzea. EUEKek adostutako adierazpenak eta proposamenak baliagarriak izango dira Europako erakundeetan diseinatzen ari diren ekimen eta planetan “tokiko ikuspegia” izateko, esaterako, Next Generation EU finantza-tresnan edo ekonomia jasangarria, berdea eta zirkularra sustatzeko Energia eta Klima arloko planetan.

Tokiko finantzak, erakundeen arteko maila anitzeko lankidetzak eta GJHen kokapenak indartzeko mekanismoak aztertuko ditu Batzordeak. Arreta berezia eskainiko zaio Gren Deal edo Itun Berdeari, udalerriak ekonomia berdeagora, emankorragora, osasungarriagora eta jasangarriagora joateko ibilbide-orria izan dadin.

EUEKek dio “arrakasta izateko, tokiko gobernuak ahaldunduta egon behar direla. Azken urteetan udalerrien eta eskualdeen erantzukizuna handitu egin da, baina finantzaketarako bideak murriztu egin zaizkie. Hori dela eta, Europako Batzordeak EBko finantzaketarako sarbide zuzena eta soilagoa bermatu behar luke, eta tokiko enpresentzako laguntzen malgutasuna areagotu.”

Balorazio horrekin bat dator EUDELen elkarteburua eta Gasteizko alkatea. Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “tokiko gobernuok lagundu diezaiokegu eta lagundu egin behar diogu gure herri eta hirietako eraldaketa sozialari, ekologikoari, energetikoari eta digitalari”. Elkarteburuak, halaber, adierazi du “Europaren etorkizuna tokiko gizarte eta ekonomietan eraikiko dela, eta udalerri bat bera ere ezin dela atzean geratu”.

Hori dela eta, Euskadiko udalerrien ordezkariak beste kideekin partekatuko du EUDELen eskakizuna, hilabete honetako Batzorde Eragilearen akordioan oinarritua, hau da, “beste erakunde batzuek sustatuta Euskadira irits daitezkeen ezohiko funts guztiak, Europako funtsak barne, udalerrietara ere hel daitezela”.

EUEK 1951n sortu zen eta Europa osoko udalerrien eta federazioen elkarterik garrantzitsuena da, ezarpenari, kide kopuruari eta nazioarteko aintzatespenari dagokionez. Europako 41 herrialdetako udalerrien 60 elkarte daude; tokiko 150.000 gobernuren ordezkariak dira elkarte horiek.

  • Ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunetan ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek
  • Izen-ematea euskaraldia.eus webgunean egin daiteke
  • Rol bakoitzak ariketa egiteko modua adieraziko du, ez hizkuntza-gaitasuna, eta 16 urtetik gorako herritarrek har dezakete parte
  • Bigarren edizio honetan ere EUDEL sustatzaileetako bat da

Gasteiz, 2020/09/24. Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu da gaur. Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartuko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek. Koordinazio lanetan ari diren eragileek aurkeztu dute gaur Gasteizen Euskaraldiaren bigarren edizio hau eta parte hartzeko dei zabala egin diote gizarteari.

EUDELeko elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek aurkezpen honetan parte hartu du, Euskadiko Udalen Elkartea sustatzaile baita, eta gainera, erakundea “arigune” izango baita bigarren edizio honetan. Gorka Urtaranek Euskadiko udalek euskararekin duten konpromisoa balioetsi du eta Euskaraldiaren edizio berri honetan parte hartzera animatu ditu:

“Euskara da gure nortasunaren ikur nagusia. Euskal udalerriok arigune bilakatu nahi dugu datorren Euskaraldia ospatzeko. Udalok prest gaude, gainontzeko erakunde eta elkartekin, gure laguntza emateko”

Euskaraldiari “arigune” gisa atxikitzearekin batera, EUDELek bere euskararen aldeko konpromiso eta lana indartzen du, bai udal guztiei, bere helburuen barruan, informazioa eskatutako hizkuntzan igortzean, bai administrazioetan hizkuntzen erabilera normalizatzeko inplikazioan, aspalditik bultzatu baititu berariazko sustapen-ekimenak eta -planak, jardunaldiak, argitalpenak eta matrikulazio-kanpainak, besteak beste.

Gasteizen egindako agerraldian Euskaraldiaren koordinazioan ari diren eragileekin batera agertu dira zenbait erakundetako ordezkariak. Ekitaldian parte hartu dute, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin batera, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariak, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Zuriñe Gil Gasteizko GEU elkarteko kideak eta Maialen Sobrino Zaramaga auzo elkarteko kideak. Agerraldian egon ezin izan ez diren arren, Euskaraldiaren koordinazio eta antolaketan parte hartzen dute Euskararen Erakunde Publikoak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Euskal Konfederazioak.

Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogora ekarri dute antolatzaileek, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa. Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:

Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.

Lehen edizioko parte hartzaileen profila oso anitza izan zen. 16 urtez gorako adin guztietako emakume eta gizonek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest modura. Aurten ere aniztasun horri eustea izango da helburua, iaz gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakonduz: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta belarriprest jokabidea hartuko dutenak.

Parte hartzeko dei zabala egin dute Gasteizen egindako agerraldian egondako eragile eta ordezkari guztiek. Euskaraldiaren lehen edizioan ahobizi eta belarriprest rolak hartu zituzten herritarrak berriz ere izena ematera animatu dituzte bertaratuek, eta arrazoi ezberdinengatik 2018an parte hartu ez zutenek ere ateak zabalik dituztela adierazi dute. Orain arten ariguneetan parte hartzeko asmoa adierazi duten herritar guztiek ere izena eman beharko dute.

Izena emateko hiru bide egongo direla azaldu dute: euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioa azkenik.

Informazio gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/63355-falta-dos-meses-para-inicio-euskaraldia-hoy-abierto-plazo-inscripcion

Alkate eta EUDELeko elkarteburu Gorka Urtaranek gaur Vitoria-Gasteizen COVID biktimei egindako omenaldian parte hartu du euskal udalerri guztien izenean. Iñigo Urkullu lehendakariak Covid-19ko biktima guztiak gogoratzeko eta aitortzeko egin den ekitaldiaren buru izan da. Ekintza honen bidez, biktimak gogoratuko dira, familia guztiei eta maitatzen zituzten pertsonei agur esateko aukera izan ez zuten guztiei elkartasuna adieraziz.

Biktima guztien oroimenez landatu den sekuoia baten eta oroitzapenezko plaka baten inguruan egin da ekitaldia; eta musika pieza labur batek eta Lehendakariaren hitzaldiak osatu dute.  Ekitaldi hau udalek zuhaitzak landatzeko eta plakak jartzeko udal-ekitaldiak egin ditzaten egindako gonbidapenaren parte izan da, beren herrietako biktimekiko elkartasun-sentimenduaren oroimenez.

Lehendakaria hildakoen familiei zuzendu zaie, euskal gizartearen izenean, doluminak adierazteko eta haien familiartekoak oroitzeko borondatea helarazteko. “Gure dolumina adierazten dizuet. Zuen galera-sentimenduan lagundu nahi dizuegu. Ez zaudete bakarrik “, esan du. Halaber, esker oneko hitzak izan ditu oinarrizko zerbitzuetako profesionalentzat. “Bihotz bihotzez, eskerrik asko!”.

Lehendakariak Sempervirens Parkea inauguratzeko aprobetxatu du aukera. Gune hori, Covid 19aren biktimak omendu eta oroitzera, eta pandemia honetan arlo guztietako profesionalek egindako ahalegina gogoratu eta aitortzera bideratuko da. “Sempervirens Parke hau oroitzapenari eta elkartasun-espirituari bizirik eusteko dugun borondatearen adierazgarri da. Zentzu komunitario sakona duen gizartea gara eta izan nahi dugu “, adierazi du.

Hitzaldian, Urkullu lehendakariak aitortu du datozen urteetan ekonomiaren eta enpleguaren susperraldi gogor eta premiazkoari aurre egin beharko zaiola, bai eta bizikidetza sozialararen berreraikuntzari. “Berreraikitze zibikoa, eskua luzatuta, arlo guztietan elkarrizketa soziala bultzatuz”, azpimarratu du. Hala, berreraikitze horren abiapuntua biktimen eta sufrimenduaren oroimenean oinarritzen dela azpimarratu du, ahalegin kolektiboaren, konpromisoaren eta elkartasunaren balioekin batera.

Gasteizko Sempervirens Parkean egin den ekitaldian Eusko Jaurlaritzako sailburuez gain, Diputatu Nagusiak, hiru hiriburuetako alkateak eta euskal erakundeetako, Eudeleko, Arartekoko, alderdi politikoetako eta epailetzako ordezkari nagusiak izango dira bertan.

Pandemiak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz, oso formatu txikiko ekitaldia izango da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak biktimak omentzeko ekitaldi sozial zabalagoa sustatuko du, osasun-egoerak horretarako aukera ematen duenean eta aforo murrizketarik ez denean.

Sempervirens Parkea

Sequioa Parkea berriztu egin  da Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Zehazki, berdegunea, hiri-altzariak eta seinaleak birmoldatu dira. Gaur, Sempervirens Parkea izenarekin inauguratu da, oroitzapenaren, elkartasunaren eta itxaropenaren parkea.

EDuela gutxi, Sempervirens barietatearen Sequoia bat landatu da biktima guztien oroimenez. Zuhaitz gaztea da,  Lehendakariaren hitzetan, bizitza eta elkartasuna irudikatzen du. “Lankidetza eta guztion ongiaren espiritua sustatu duena. Itxaropena sinbolizatzen du”, adierazi du.

  • ‘Euskara ikasteko zure formula’ lelopean, Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu da, Gasteizko AEK Zadorra Euskaltegian
  • Covid-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoerari erantzuteko eta osasun neurriak kontuan hartuta, ikastaro ez-presentzialei eta mistoei leku handiagoa emango zaie ikasturte honetan 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du gaur, Gasteizko AEK Zadorra Euskaltegian. Sailburuarekin batera, aurkezpenean parte hartu dute AEKko ordezkari Iñaki Urkijok eta Ainhoa Zamarreño AEK Zadorra Euskaltegiko ikasleak. Halaber, ekitaldira bertaratu dira Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta hiriburuetako udaletako ordezkariak, zein EUDEL, UEMA eta euskaltegien ordezkariak ere.

‘Euskara ikasteko zure formula’ da aurtengo kanpainaren leloa, euskaltegiek ahalegin handia egin baitute ikasleei malgutasunik handiena eta eskaintzarik zabalena errazteko. Era berean, Euskadiko euskaltegien sarea koordinatzen duen HABE erakundeak eta euskaltegiek berek apustu sendoa egin dute osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko, ikasleak seguru senti daitezen ikasprozesuan.

“Ikaslea erdigunean jarri eta inoizko eskaintzarik malguena jarri da herritarren eskura. Helburua da ikasleak seguru sentitzea, eroso, eta erraztasun guztiak izatea euskara ikasteko prozesuan. Era berean, ikasleek doan ikasi ahal izango dute B2 mailara arte, asistentzia bermatzen badute eta maila gainditzen badute. Hortaz, euskara ikastea segurua, erosoa, malgua eta, kasurik gehienetan, doakoa izango da”, adierazi du Zupiriak.

Malgutasuna

Covid-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoerari erantzuteko eta osasun-neurriak kontuan hartuta, ikastaro ez-presentzialei  eta mistoei leku handiagoa emango zaie ikasturte honetan, era horretan errazago bete ahal izango direlako osasun eta segurtasun neurriak. Funtsean, lau eratako ikastaroak eskainiko dira, baina horien baitan malgutasun handia eskainiko da. Lehenik eta behin, ohi moduan, aurrez aurreko ikastaroak eskainiko dira, beti ere segurtasun baldintza guztiak bermatuz ikasgeletan. Era berean, jardun biko ikastaroak eskainiko dira, aurrez aurreko jarduna zein ez-presentziala uztartuz. Hirugarrenik, autoikaskuntzan oinarritutako ikastaroak eskainiko dira, inoiz baino aukera gehiago eskainiz norberaren ordenagailutik ikasteko. Azkenik, bideokonferentzia bidezko taldeak osatuko dira, ikasgela birtualen bitartez eta irakasleen laguntza eskainiz. Talde eta ordutegi finkoetan eskainiko dira.

Horrez gain, ohi moduan, barnetegiak eskainiko dira, bai eta talde eta enpresentzako ikastaro berezituak ere.

Osasun neurriak

Euskaltegi guztiek osasun neurriak bermatuko dituzte Covid-19ari aurre egiteko. Euskaltegi bakoitzak bere kontingentzia plana gauzatuko du, osasun arau guztiak betez. Helburua da ikasleak lasaitasunez joatea euskaltegietara eta, ahal delarik, ikastaro presentzialak egitea. Eskaintza malgua izango da, ikasleak dituen premien araberakoa, baina lehentasuna izango da irakaskuntza presentziala sustatzea, eraginkorrena delako.

Doakotasuna

Ikasleak euskara eraginkortasunez ikasten badu eta maila gainditzen badu, matrikularen diru-laguntza jasotzeko aukera izango du. Eusko Jaurlaritzak zein gainontzeko erakundeek egingo duten ekarpenari esker, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte, beti ere ikasleek bi baldintzak betetzen badituzte: % 75eko asistentzia bermatu eta B2 mailara arte dagokien maila gainditu (ikasprozesuan aurrera egin).

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek aspaldi zuten hartua konpromiso hori, eta azken urteotan elkarlanean aritu dira gauzatzeko. Urte hasieratik baldintzak betetzen dituzten ikasleek aukera dute euskara doan ikasteko B2 mailara arte. Doakotasun eredu hori lortu ahal izateko, erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu, guztira ia lau milioi euro jarriz (3.928.000 euro). Eusko Jaurlaritzak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten (iaz baino 525.000 euro gehiago; 2018an baino 1,2 milioi gehiago); Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 42.000 euro; eta, azkenik, udalek 221.000 euro. Ekarpen horiez gain, erakundeek bestelako diru-laguntzak emango dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Jaurlaritzaren kasuan, esate baterako, beste 150.000 euro), baina kasu horietan ezin izango da bermatu erabateko doakotasuna.

Ikasleen profila

Iragan 2019-2020 ikasturtean, 36.808 ikaslek eman zuten izena Euskadiko Autonomia Erkidegoko  101 euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 1.284 ikasle gehiago eta azken urteotako kopururik altuena. Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasleen % 66,13 emakumezkoak ziren, eta % 33,52 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko adina 38,77 izan zen. Ikasleen erditik gorak B2 eta C1 mailetan eman zuten izena. Hortaz, mantentzen da azken urteotako joera: denetarik dagoen arren, ikasle askok, batez ere gazteek, maila altua dute, eta beren helburua euskara hobetzea izaten da.

Euskaltegiak

Euskadiko Autonomia Erkidegoan 101 euskaltegi daude, 62 pribatuak dira eta 39 publikoak (udalen menpekoak). Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen HABE erakundea arduratzen da horiek guztiak koordinatzeaz. Era berean, ikasleei ez ezik, diru-laguntzak ematen dizkie euskaltegiei. Aurten 22.158.000 euro bideratuko ditu euskaltegi pribatuetara eta 12.810.000 euro publikoetara; guztira, 34.968.000 euro (iaz baino 1.594.000 euro gehiago).

Vitoria-Gasteizen, 2020ko irailaren 11n

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak bilera izan dute gaur arratsaldez Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen. Bilerak jarraipena eman dio Hezkuntza Sailak eta EUDELek izan duten elkarrizketa instituzionalari, zeina indartu egin baita Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku-batzordearen esparruan.

PRENTSA OHARRA JEITSI

Legegintzaldi berriko gobernua eratu ondoren egindako lehen topaketa honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko lankidetza eta koordinazioa indartzeko deia egin dute Bildarratzek eta Urtaranek, ikasturte honetan aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bermatzeko. Ildo horretan, biak bat etorri dira erakundeen lankidetza hori EAEko udalerri guztietarako irizpide eta jarduera-jarraibide komunetan oinarrituta garatu behar dela esatean.

Helburu partekatu horretatik abiatuta, bileran alkateen intereseko hainbat gai aztertu dira ikasturte hasiera honetan. EUDELek azaldutako gaietako batzuk honako hauek dira: ikastetxeetan garbiketa-zerbitzua emateari dagozkionak (udal-eskumena baita hori), Osasun eta Hezkuntza Sailen neurri eta protokolo berriak, edo udalek aparteko neurri horiek aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen gastuak.

Hezkuntza Sailak eta udalek kudeatuko dute udal-espazioen eskura jartzea, ikastetxeek Coviden eraginez une jakin batean beren hezkuntza-jarduera garatzeko behar dituzten beharrak aztertuz.

Jokin Bildarratz eta Gorka Urtaran bat etorri dira Hezkuntza Sailak egindako eskaerari Euskadiko udalek emandako aho bateko erantzuna eskertu eta balioetsi dutenean.

 

 

  • Emakundek bultzatuta eta euskal erakunde guztien laguntzarekin, 11 urtez gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzen daramatza Beldur Barik programak.
  • Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta programaren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezko lanak saritzen ditu.
  • Aurten sari-banaketa streaming bidez jarraitu ahal izango da beldurbarik.eus web gunean.

Gaur, irailak 11, Beldur Barik lehiaketaren 11. edizioari hasiera ematen zaio. Emakundek antolatzen du hamaika urtez martxan dagoen eta gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin egiten den lehiaketa hau, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta beste erakunde batzuen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailaren Gazteria zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean, alegia.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. Aurtengo edizioa berezia izango da, koronabirusak markatuta datorrelako. Ezohiko egoera honek gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jartzea ekarri du. Hala, inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik Jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela. Horregatik, aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”. Urte berezi honetan ematen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da lema hauen helburua.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

2020ko edizio honetan, iazkoarekin alderatuta, ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea irailaren 14tik azaroaren 5era bitartean zabalik egongo da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke (ikastetxe batek, gela batek, elkarte batek, eta abarrek izena eman dezake).

Beldur Barik 2020 Lehiaketako Sariak

Sariak honako hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio.

Aurten, lan sarituak 2020ko azaroaren 20an ezagutzera emango dira. Aurtengo sari-banaketara irabazleak eta sariak banatzeko ardura duten erakundeetako ordezkariak baino ez dira joango. Sari-banaketa www.beldurbarik.eus webgunean emango da zuzenean streaming bidez. Gainera, euskal artista ezberdinek sari-banaketa girotuko dute.

Ikus-entzunezko lan onenari saria Beldur Barik Jarrera! adierazteko kalitatezko komunikazio artistikoko baliabideak edota kodeak erabili dituen hiru kategorietako edozein lanari emango zaio. Parte-hartzeari saria, berriz, herri-bozketan boto gehien lortu dituen lanari emango zaio, Herri-bozketa azaroaren 11tik 13ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez.

Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik Lehiaketa ez da lehiaketa hutsa; izan ere, parte-hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute, kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatuz. Alde horretatik, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, bai eta hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna ere, nesken ahalduntzetik abiatuta, eta mutilek indarkeria matxista amaitzeko konpromisoa edo erantzukizuna hartzea.

Programari buruzko informazio guztia web gunean (www.beldurbarik.eus) zein sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram, Spotify eta Tiktok) aurki daiteke.

Kurtso honen hasieran euskal udalek jardunari berriro ekin diote testuinguru zail eta konplexuan, osasun-, gizarte-, eta ekonomia-erronka hirukoitzarekin. Covid-19k dena aldatu du. Birusa ez da betiko hemen egongo, baina aldi batez berarekin bizitzen ohitu beharko dugu, osasunean eta ekonomian ahalik eta inpaktu txikiena eragiten duela ziurtatuz.

Krisi honen irtenbideak konpromiso kolektiboa eskatzen du gizarte gisa; eta, berriro ere, euskal udalok urrats bat egiten dugu konponbidearen parte aktibo izateko. Pertsonengandik hurbilen baikaude, herri eta hirietako errealitatea eta aniztasunaren ezagutza pribilegiatua baitugu.

 

Gorka Urataran, EUDELen Elkarteburuaren audioa

Konpromiso partekatu honetatik, EUDELeko Batzorde Eragileko alkateok adierazpen hau sinatzen dugu mezu bikoitza helarazteko, lehena, gizartearentzat; bigarrena, gainerako erakundeentzat.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta erantzukizun soziala, indibiduala eta kolektiboa arren eskatzen ditugu.

Udalerria da elkarbizitza eta gizarte-harremanak ehuntzen diren espazioa. Gure herri eta hiriak dira “normaltasun berrira” iragateko eta pandemia elkarrekin gainditzeko lekua. Beraz, beharrezkoa da denok gure osasuna eta gainerakoena, gure seme-alabena eta gure adinekoena zaintzeko konpromisoa hartzea.

Osasun-larrialdi egoeran ezinbestekoa da arauak zorrotz betetzea eta arduratsuak izatea osasun-agintarien gomendioei jarraituta. Zuhurtzia eta arreta une oro eta leku guztietan, etxean, kalean, lanean, klasean, familia- eta lagun-topaketetan, merkataritza-, kultura-, kirol- eta aisialdi-jardueran…

Udal-eremuan eragile askok hartzen dute parte, eta orain, inoiz baino gehiago, horien guztien arteko elkarlana eta koordinazioa funtsezkoa da, tokiko engranajea, komunitatea, ibilarazteko.

Udal, elkarte, gizarte-erakunde, merkataritza eta ostalaritza, enpresa eta pertsona ekintzaile, familia… guztiok, gazte eta nagusi, lagundu dezakegu eta lagundu behar dugu gure udalerriak ingurune osasungarriak eta seguruak izan daitezen, batez ere pertsona eta kolektibo ahulenentzat.

Izan gaitezen solidarioak, zaindu dezagun gure eta ingurukoen osasuna. Babes ditzagun gure udalerriak, bizitzarako, ongizaterako eta oparotasunerako leku eta topaketa izaten jarrai dezaten.

Bigarrenik, udalak eragile giltzarri gara euskal erakunde-sisteman, eta, horrela izanik, Euskadiren susperraldian eta eraldaketan dugun parte-hartze aktiboa aintzat hartzea eskatzen dugu, betiere udal autonomia errespetatuz, eta Toki Erakundeen Legean aurreikusitakoaren arabera, finantza-nahikotasuna errespetatuz.

Gobernu-maila ezberdinen elkarlanean, osasuna babesteko, ongizatea bermatzeko eta familia- eta enpresa-ekonomia babesteko toki-erakundeek duten ezinbesteko eginkizuna balioestea eskatzen dugu.

Udalok ere bagara erakunde giltzarriak eraldaketa sozial, digital, energetiko eta ekologikoa gure herri eta hiri bakoitzean gerta dadin. Garapen Jasangarrirako Helburuetan edo Green Deal Europako itun berdean zehaztutako jomugen ildotik.

Horregatik guztiagatik, Euskadirentzat aurreikusitako ezohiko funtsak euskal udal guztietara irits daitezen eskatzen dugu.

Era berean, Euskadik duen foru-berezitasuna defendatzen dugu, udal-sistema eta -egitura bereizi baten bidez, Ekonomia Itunean oinarrituta. Marko propio honen defentsan, euskal udalok ezin dugu bereizkeriarik jasan gure finantzaketa indartzeko aukerei dagokienez.

Erakunde hurbilenak izanik, herritarrekin benetako konpromiso irmoa hartzen dugun garai honetan, gizartearen eta planetaren erronka berriei aurre egiteko baliabide egokiak behar ditugu.

Hauek dira EUDELeko Batzorde Eragiletik euskal alkateen izenean helarazten ditugun mezuak. Helburu partekatu batetik sortzen diren bi mezu, guztion onerako lan egiteko helburutik, herritar bakoitzaren onerako. Haren konfiantzak bultzatzen gaitu herrialdea aurrera eramateko atsedenik gabe lan egiteko konpromisoan. Udalok lehen lerroan jarraituko dugu, eragile guztiekin elkarlanean, elkar hartuta, gure lehen lorpena gizarte osoaren baterako ekintza izango baita.

Bilbon, 2020ko irailaren 10ean.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen (EELZ) erabiltzaileei gogorarazten zaie maskara erabili behar dutela laguntzaileek etxeetan zerbitzua ematen dieten bitartean, adierazitako egoeretan maskara erabiltzetik salbuetsita badaude izan ezik.

Osasun Sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduak ezartzen duenaren arabera, 6 urtetik gorakoek maskara erabili behar dute nahitaez, orokorrean; Aginduaren Eranskinaren 1.3.4. puntuan, zehazki, honakoa adierazten du: “Bizikideak ez diren pertsonen kasuan, espazio pribatu irekietan zein itxietan egindako bileretan edo sortutako taldeetan maskara erabiltzea gomendagarria izango da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsita ere”.

Jarraibide hori bera Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatutako agirian ere jasotzen da: Gomendioak. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua.