Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Udalsarea 2030-Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak landu du tresna, Lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen Legeak ezartzen du toki erakunde guztiek hondakinen tasa bat finkatu behar dutela, sortutako hondakinen arabera ordaindu beharrekoa, “nork kutsatu, hark ordaindu” printzipioaren arabera.
  • Gidak lan metodologia komun bat du, udalei laguntzeko zerbitzuaren kostuaren kalkulua egiten (dagoeneko ezin da defizitarioa izan) eta udal tasetarako irizpide propioak ezartzen, tokiko errealitate, zerbitzu eta kudeaketa programa bakoitzera egokituta.
  • Gidari lotutako kalkulu orri batek tasa bereiziak eta ez-defizitarioak diseinatzen laguntzen du. Gainera, ordenantza fiskalaren eredu bat eta legez bete beharreko txosten ekonomiko-finantzarioaren eredu bat sartzen dira.

Joan den apirilaren 10ean bete zen Lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legeak udalei ematen zien hiru urteko epea hondakin tasak ezartzeko, zehazki, tasa bereiziak, soberakinik sortu gabe eta ez-defizitarioak, tasen kalkuluak hondakinen kudeaketara eta sortutakoaren araberako ordainketara bideratutako kostu guztiak jaso behar dituelarik.

Toki erakundeentzat tasa horiek kalkulatzeak konplexutasun handia dakarrela ikusita, Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak “Udal hondakinen tasak lantzeko gida” argitaratu du. Gida EAEko toki erakundeei aurkeztu zaie, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen laguntzarekin antolatutako jardunaldi batean, eta hiru Lurralde Historikoetako hondakinen foru plangintza ere azaldu da.

Gida zergadunei hondakin tasak ezartzen dizkieten toki erakunde guztiei zuzenduta dago, eta egin ahal izateko askotariko errealitate, bilketa sistema eta kudeaketa eredu dituzten hainbat udal, mankomunitate eta kuadrillak parte hartu dute: atez ateko bilketatik hasi, eta bosgarren edukiontziko sistemetaraino. Aurrez aurreko saioen parte hartze prozesuari gidan jasotako metodologiaren pilotajea gehitu zaio, zeina hiru lurralde historikoetako lau toki erakundetan egin den: Arabako Aiarako Kuadrilla, Bizkaiko Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatea eta Gipuzkoako Hernani eta Usurbilgo udalak.

“Gida hau funtsezko baliabidea da udalerriek hondakin tasak definitzeko duten modua harmonizatzeko beharrari erantzuteko. Helburua da Euskadin herritarrei, saltokiei eta enpresei ezarritako tasetan ahalik eta desberdintasun gutxien egotea. Toki erakundeetako talde teknikoei tresna argi bat eman nahi zaie, indarrean dagoen araudira egokitua eta ingurumen fiskalitate eta ekonomia zirkularreko printzipioekin lerrokatua”, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, berriz, azpimarratu du udalei erronka konplexu horretan laguntzeko gida bat dela, betiere tokiko autonomiarekiko errespetutik. Tasa kalkulatzeko metodologia komun batekin, udalerri bakoitzak bere tokiko errealitatearen arabera landuko du gaia, baita hondakinak biltzeko eta kudeatzeko sistemen arabera ere”. Eta herritarren sentsibilizazioaren funtsezko zeregina nabarmendu du: “helburu handi bat pentsamoldea aldatzea sustatzea da, hondakin gutxiago sortzeko, berrerabiltzeko, behar bezala bereizteko eta gehiago birziklatzeko. Eguneroko ohiturak eta keinuak hobetzea da helburua, gure udalerrien eta planetaren mesedetan”.

Txosten ekonomiko-finantzarioen eta ordenantza fiskalaren ereduak

Gidak etxeko hondakinei eta hondakin komertzialei buruzko orientabide legal eta metodologikoak eskaintzen ditu, eta hiri hondakinen parekoak ere kontuan hartzen ditu, hau da, udalerrietan kokatutako industriek sortzen dituztenak baina udalaren bidez jasotzen direnak. Gainera, tresna indartsu bat du, Excel kalkulu orri bat, zeinak erabiltzaile mota bakoitzari egokitutako zenbatekoak kalkulatzeaz gain (etxebizitzak, industria, zerbitzuak), sorkuntzaren araberako ordainketa ere txertatzen duena, eta praktika onetarako pizgarriak txertatzea ere ahalbidetzen du, horien artean etxeko konpostajea edo hondakinak bereizita garbiguneetara eramatea.

Gidan txosten ekonomiko-finantzarioaren eredu bat ere jasotzen da, non udalerri bakoitzak tasa hori ezartzeko bere gain hartzen dituen alderdiak eta irizpideak azaldu beharko dituen. Txosten ekonomiko-finantzario hori tasaren kalkuluekin entregatu beharko zaie Eusko Jaurlaritzari eta dagokion foru aldundiari.

Azkenik, gidak ordenantza fiskalaren eredu bat jasotzen du, udalerri edo toki erakunde bakoitzak bere errealitatera egokitu dezan.

Material guztiak Udalsarea 2030en eta EUDELen webguneetan daude eskuragarri, baita Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren webgunean ere, entitate honek betetzen baitu Udalsarea 2030eko idazkaritza teknikoa.

GIDAREN ESTEKA

Eusko Jaurlaritzako BERDINDU zerbitzuak egindako adierazpena* SEXU-ASKAPENAREN ETA HARROTSUNAREN nazioarteko eguna dela eta ekainak 28rako.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: Ekainak 28, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo horren eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Jardunaldi hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogoraraztea ere bada.

Funtsezkoa da injustiziaren aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzea. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik egin ahal izango dugu aurrera aldaketa erreal, sakon eta iraunkor baterantz, norbanakoaren konpromisotik hasi eta politika publikoetaraino.

Badakigu azken urteotan sexu- eta genero-aniztasunaren onarpena handitu egin dela, eta aurrerapen hori hainbat pertsona, elkarte, erakunde, kolektibo eta erakunderen etengabeko lan konprometituari esker lortu dela, hainbat esparrutatik kontzientziak ikusarazten, sentsibilizatzen eta eraldatzen lagundu baitute. Prozesu horretan, euskal gizarteak erakutsi du gai dela aurrera egiteko, oztopoak hausteko eta guztiontzako askatasun-eremuak irekitzeko.

Gaur egun harrotasunez esan dezakegu gizarte bat eraikitzen laguntzen ari garela, non pertsona bakoitza izan daitekeen eta bizi daitekeen armairurik eta loturarik gabe, aurreiritzirik, estigmarik eta beldurrik gabe. Baina badakigu oraindik bide luzea dagoela egiteko. Babes-keinu bakoitza, ikusgarritasun-ekintza bakoitza, LGTBIQ+ eskubideen aldeko hitz bakoitza funtsezko urratsa da lortutako lorpenak sendotzeko eta aurrera egiten jarraitzeko.

Ekainaren 28a ez da oroitzapenezko data bat bakarrik, ekintzarako premiazko deia baizik. Berdindutik giza eskubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto- diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditugu. Berdintasuna eta askatasuna ezin dira negoziatu.

Horregatik guztiagatik, herritar guztiak sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldietara batzea gonbidatzen ditugu, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen defentsa eta sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko borroka euskal gizartearen identifikazio-elementu izan daitezen.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBIQ+ eskubideen aldeko borroka herritar guztien erantzukizuna dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, elkarrekin eraikiz eta lan eginez, etorkizunean pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen.

  • Atzo eta gaur, EUDELeko elkarteburuak Oslon parte hartu du CEMReko liderren goi-bileran, gaur egungo egoera geopolitiko zailean tokiko gobernuek dituzten erronka sozialak eta klimatikoak aztertzeko.
  • Esther Apraizek aliantza europar horretan hausnarketa irekitzea proposatu du, tokian tokiko hautetsien lana babesteko asmoz: “herritarrengandik hurbilen gaudenak gara, baita demokraziaren oinarria ere”.

2025eko ekainaren 24an. EUDELeko elkarteburua eta Derioko alkatea den Esther Apraizek ekainaren 23an eta 24an Oslo hirian egindako Europako udalen urteko batzarrean parte hartu du. Apraiz Euskadiko udalen ordezkaria da Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Batzorde Politikoan. Erakunde horretan, hain zuzen ere, kontinente osoko tokiko gobernuetako elkarteak biltzen dira. EUDELek bete-betean lan egiten du aliantza horren barruan, EBko instituzioen aurrean tokiko interesak defendatzeko, eta, batez ere, Euskadiko udalen ahotsa zein esperientzia Europara eramateko, haien bereizgarritasuna eta berariazko errealitatea kontuan hartuta.

Egunotan, Norvegiako hiriburuan, 41 herrialdetako 150 ordezkari hautetsi batzartu dira gutxi gorabehera, munduko gaur egungo testuinguru geopolitikoan premiazkoenak diren erronkak arakatzeko. Izan ere, honako hauexek dira, besteak beste: ordena globaleko aldaketen aurrean demokrazia bera tokian-tokian defendatzea, Europako funtsak lurraldeetako zein udalerrietako errealitatera egokitzea, iragaitza demografikoa nahiz migrazioaren kudeaketa sustatzea, administrazioak digitalizatzea, baliabideak eraginkortasunez zein jasangarritasunez kudeatzea edo/eta Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna bultzatzea.

Ekitaldia une erabakigarrian garatu da, Europako tokiko eta eskualdeko erakundeen zeregina sendotzeko, herritarrengandik hurbilen dauden gobernu-mailak direla kontuan hartuta. EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “EBko politikek udalerrietan eta lurraldeetan dute eragin zuzenena. Besteak beste, kohesioko, berdintasuneko eta bizitza osasungarriko eremuen sustapena, egokitzapen klimatikorako eta aurrezki energetikorako neurrien ezarpena, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua edo/eta ekonomia zirkularra kontuan hartuta, tokiko gobernuok lehenengo lerroan gaude erronka globalei erantzuteko orduan”.

Demokraziak jasandako mehatxuei buruzko eztabaida politikoa

Goi-bilerako buruak Osloko alkatea, Anne Lindboe, eta CEMReko presidentea, Gunn Marit Helgessen, izan dira, eta, eztabaida politiko nagusian, nazioarteko egoera geopolitiko zaila eta horrek munduko ordena berrian demokrazien egonkortasunerako eta Europako lehiakortasunerako dakartzan arriskuak aztertu dira.

CEMReko eztabaidan adierazi dutenez, desinformazioa eta polarizazioa areagotzean, instituzioen gaineko presioa larriagotzen ari da, baita tokian-tokian ere. Hori dela eta, gero eta zailagoa da udal-politikara lider berriak erakartzea. Apraiz elkarteburuak azaldu duenez, gai hori EUDELentzat ere bada kezkagarria, ”tokiko hautetsiok demokraziaren oinarria” garelako. Alde horretatik, Derioko alkatea ere badenak CEMRen bertan “hausnarketarako eremua” irekitzea proposatu die Europako kideei. Horrela, ustezko mehatxuak aztertuko dira, eta “instituzio demokratikoak indartuko dira, alkateen zein zinegotzien lana babesteko, eta, horrela, herritarren eskubideak ere babesteko, ziurgabetasuna nagusi denean, batez ere”.

Osloko goi-bileran, EBko finantzaketa-aukerak tokiko premietara egokitzea ere izan dute eztabaidagai. Bertan azaldu dutenez, ahalik eta onura handiena atera behar zaio eskualdeko gobernuek hiri-garapen jasangarria bultzatzeko duten ahalmenari. EUDELeko elkarteburuaren esanetan, “udalentzako agenda europar berrian, finantzaketa-aukerak erraztu eta tokiko premietara egokitu behar dira. Hori lortzeko, orientazioa argiagoa izan behar da, oztopo administratiboak murriztu behar dira eta babes-esparrua koherenteagoa eta asmo handikoagoa izan behar da, eskuratzeko aukera berdintasunezkoa dela bermatzeko, udal txikiagoentzat, batez ere”.

EUDELek eta Udalsarea 2030ek sustatutako jardunaldi honetan “Udal hondakinen tasak lantzeko gida” aurkeztuko da.  Tresna hau Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sareak garatu du, eta bere helburua da toki erakundeei laguntzea 7/2022 Legeak, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta bultzatzekoak, ezartzen dituen eskakizunetara egokitzen.

Topaketan, arauek ezarritako erronka nagusiak jorratuko dira, laguntza teknikorako baliabideak aurkeztuko dira eta tasak ezartzeko erreferentzia izango diren esperientzia praktikoen berri emango da.

Honako hauei zuzenduta dago: toki erakundeetako hautetsiak eta udaletako ingurumen arloko eta kontu hartzailetzako teknikariak.

  • Tokia: Plaza Bizkaia Eraikina. Urkixo zumarkalea, 36 – Bilbao eta online
  • Data: 03/07/2025
  • Ordua: 9:30 – 11:35

IZEN EMATEA

Egitaraua   2025/07/03

09:30 Ongietorria eta aurkezpena

  • Esther Apraiz Fernández la Peña. Derioko alkatea eta EUDELeko elkarteburua
  • Josu Bilbao Begoña. Ingurumen sailburuordea. Eusko Jaurlaritza
09:45 Hondakinen arloko plangintza, lurralde historikoaren arabera

  • Arabako Foru Aldundia: Ana Martinez de Antoñana Quintan Inguru Kalitatearen Zerbitzuko burua
  • Bizkaiko Foru Aldundia: Alex Pelaez Astorkia. Ingurumeneko zuzendari nagusia.
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: Mónica Pedreira Lanchas.  Trantsizio Ekologikoko zuzendari Nagusia
10:10 7/2022 Legea eta hondakinen tasetan inplikatzea
10:30 Udalei laguntzeko tresnak (gidaren edukiaren aurkezpena eta baliabideak)
10:50 Tasak egiteko gomendio eta oztopo nagusiak. Aplikazio praktikoaren adibideak

  • Ibon Goikoetxea, Usurbilgo Udaleko ingurumen teknikaria
  • Carmen Escobar, Vitoria-Gasteizko Udaleko Zerga Kudeaketarako Zerbitzuko burua 
11:30 Amaiera

Mª Mar Alonso. Ihobeko Klima-ekintzako zuzendaria – Udalsarea 2030en Idazkaritza Teknikoa

  • Beldur Barik Jaiak erakundeen arteko kanpaina jai-guneetan dauden gazteei zuzenduta dago, errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatzeko
  • Emakundek gida argitaratu du EUDELekin eta hiru foru-aldundiekin lankidetzan

Emakundek, EUDELek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gazteei zuzenduta dagoen Beldur Barik Jaiak kanpainaren berri eman dute gaur. Kanpaina horren helburua da gazteei baliabide praktikoak ematea indarkeria matxista identifikatzeko eta horri aurre egiteko, eta errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatzea jaietako eta gizarteko jarduera guztietan.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak;Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak; Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak; Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak; eta Óscar Seco Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarteratze zuzendariak parte hartu dute ekimenaren aurkezpenean.

Udaren hasierarekin batera hasten dira jaiak hainbat herrietan, eta testuinguru horretan, Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, “badakigu eraso sexisten prebentzioa herritarren kezka dela, oro har, eta administrazioena, bereziki, prebentzioan dugun erantzukizunagatik”.

Horregatik, Emakundek, hiru foru-aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan, Beldur Barik gida argitaratu du, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzeko. EAEko udaletan banatuko den argitalpen honetan, errespetu-eremuak sortzeko jarraibideak jasotzen dira, baita eraso baten aurrean nola jokatu behar den adierazten dutenak ere, bai biktimarentzat berarentzat edota erasoa baten testigu izan direnentzat. Elgarrestaren esanetan, “herri bakoitzean erasoak prebenitzeko dinamikak eta prozesuak sortzea edota indartzea bilatzen dugu, jaietan zerikusia duten eragile guztiak inplikatuz”.

Gidak dekalogo bat ere badu, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatu ahal izateko. “Azken helburua da pertsona guztiek jaiak beldurrik gabe eta askatasunean gozatu ahal izatea. Pertsona guztiekiko errespetua bermatzea, ezerk ez baitu justifikatzen eraso matxista bat “, azpimarratu du Miren Elgarrestak.

Konpromisoa eta erantzukizuna

EUDELeko presidente Esther Apraizek herritarren konplizitatea eskatu du erakundeekin elkarlanean aritzeko. “Gure jaietan poza nahi dugu, ez beldurra; errespetua eta berdintasuna nahi ditugu, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabe”. Eta gogorarazi duenez, gidak “kontzientziatzea bilatzen du, pertsona bakoitzak jakin dezan gorputzak ez direla baimenik gabe ukitzen. Ez dago festarik, ez dago dantzarik, ez dago balio duen topaketarik “bai” argi eta libre bat ez badago”.

Ildo horretan mintzatu da Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatua ere. “Pertsona bakoitzaren erantzukizun eta konpromiso indibiduala eskatu behar dugu berriro ere, gazte guztiek errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako jaiez gozatzeko aukera izan dezaten”. Eta indarkeria sexista detektatzeko eta horren aurrean jarduteko tresnak erabiltzera animatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik ere berretsi du “jaiek pertsona guztientzako gune seguruak izan behar dutela, bereziki emakumeentzat, eta ezin dela ospatu beldurra badago, askatasunik ez badago”. Isasik gazteen zeregina azpimarratu du: “Sarritan, neska gazteak dira eraso matxisten aurrean zaurgarrienak, baina, aldi berean, gazteek kultur aldaketa bultzatzeko gaitasun handia dute: haien begirada kritikoa eta konpromisoa ezinbestekoak dira errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai eredu bat eraikitzeko”.

Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailetik, Oscar Seco Zuzendariak azpimarratu du: “Plaza bakoitza, kale bakoitza, txosna bakoitza, emakume guztiek beldurrik gabe gozatzeko lekua izatea nahi dugu”. “Eta hori lortzeko, funtsezkoa da gure gazteek edozein indarkeria mota identifikatzeko eta geldiarazteko tresnak izatea”, gaineratu du.

Kanpainak presentzia izango du sare sozialetan eta irratietan, euskal gazterian zuzenean eragiteko. Materialak esteka honetatik deskarga daitezke.

  • EAEko udalerri guztietara bidali den agiriak “egoera berezi” hauek bereizten ditu: bizilekurik gabeko pertsonak; infraetxeetan bizi diren pertsonak; bizitoki kolektiboetan bizi direnak, gizarte-baliabideetan bizi direnak; indarkeria matxistaren biktimak eta bizi diren etxebizitza batean erroldatzeko zailtasuna duten pertsonak.

2025eko ekainaren 12an. EUDELen Batzorde Eragileak gaur onartu du Euskadiko udalerrietan egoera berezietako errolda homogeneizatzeko irizpideen dokumentua. Aipatutako kasuak udal-erroldari buruzko arau orokorren salbuespenak direnez, Euskadiko Udalen Elkarteak orientabide komun batzuk prestatu ditu, udaletan kudeaketa argitzeko eta errazteko.

Indarreko legeriari jarraikiz, Udalak eskumena du egoera berezi horiek egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak egin eta, salbuespen gisa, “fikziozko bizileku batean erroldatzeko” aukera emateko. Udal-erroldaren araudian, kasu hori egoera berezi jakin batzuetarako soilik jasotzen da (etxerik gabekoak, indarkeria matxistaren biktimak…). Berrikuntza gisa, EUDELen irizpideek barne hartu dute fikziozko bizileku batean erroldatzeko aukera, bizi diren etxebizitzan erroldatzeko zailtasuna duten pertsonentzat, eta Udalak aukeratuko du bizileku hori.

EUDELek 2025eko Ekintza Planean hartu zuen dokumentu hori garatzeko konpromisoa eta, horretarako, euskal udalekin osatutako lantalde bat sortu da,  errolda- eta gizarte-zerbitzuetako arloek osatua. Prozesua erroldaren arloko indarreko legeriatik abiatu da; hala, berriena udal-errolda kudeatzeko EINen instrukzio teknikoa da (2020ko apirilaren 29ko Ebazpena).

Lan hori hasi zenetik, EUDELen ordezkariek zenbait bilera egin dituzte “Erroldarik gabe izaterik ez” plataformarekin, eta haren eskaerak entzun ditu, irizpideen azken dokumentua kontrastatu arte.

EUDELen gomendio guztiak bezala, irizpideok orientagarriak dira soilik. Udal bakoitzak erabakiko du, toki-autonomian oinarrituta, horiek nola aplikatu, bere gizarte- eta udal-errealitatera, baliabideetara eta barne-antolaketara egokituta.

EUDELen elkarteburu Esther Apraizen hitzetan: “Baterako irizpide hauen xedea da kalteberatasun-egoeran edo gizarte- eta bizitegi-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak erroldatzeko prozesuaren arauketa erraztea, segurtasun juridikoa duen erantzun homogeneo eta eraginkorra emate aldera”. Elkarteburuak azaldu duenez, “errolda da bizilekua adierazten duen administrazio-egintza bat, zeinak ez baitu sortzen higiezinaren titulartasun- edo erabilera-eskubiderik. Udalentzat baliagarria da geure udalerrian bizi diren pertsonen irudi erreal bat izateko eta herritartasun osoaren eta gizarteratzearen eskubideak bermatzeko; izan ere, errolda da zenbait prestazio eskuratzeko giltza, esaterako, diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitza, etab. Helburua da gure udalerrien eguneroko bizitza beren presentziaz eta lanaz eraikitzen duten pertsona guztien errealitatea jasota uztea”.

Ildo horretan, EUDELen dokumentuaren sarreran nabarmentzen da erroldak garrantzi handia duela atzerritarrentzat: “funtsezko elementu bihurtzen da bizileku jarraitua egiaztatzeko, beharrezkoa baita salbuespenezko zirkunstantzien ondorioz bizileku- eta/edo lan-baimena eskatzeko prozedurak hasteko”.

Erroldatzera doan pertsonak ez badu baliozko identifikazio-agiririk, haren eskabidea erregistratu eta aurkeztutako eskabidearen ziurtagiri zigilatua entregatzeko irizpidea jasotzen da.

Egoera bereziak

Agiriak inguruabar berezi hauek jasotzen ditu:

  • Bizilekurik gabeko pertsonak.
  • Infraetxeetan dauden pertsonak.
  • Etxebizitza batean bizi eta erroldatzeko zailtasunak dituzten pertsonak. *Berrikuntza gisa, kasu hau gehitu da fikziozko bizilekuan erroldatzeko aukera ematen duten inguruabarren artean.
  • Bizitoki kolektiboetan bizi diren pertsonak.
  • Salbuespenezko beste egoera batzuk, esaterako, lehen edo bigarren mailako arretako gizarte-baliabideetan bizi diren pertsonak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta haien seme-alabak, etab.                                                                                                                     

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak “2025eko Beroaren aurkako Plana” aktibatzen du. Aurtengo planan, besteak beste, toki-erakundeentzako gomendio orokorrak eta neurri espezifikoak jasotzen dira, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako eta adinekoen egoitzetarako .

Beroaren aurkako Plana ekainaren 1ean, igandean, aktibatuko da eta, oro har, irailaren 30era arte indarrean egongo da.

Plana aurten berrikusi diren parametroekin eguneratu da, eta arreta berezia jarri da arrisku-populazioan: 4 urtetik beherakoak, adinekoak, haurdunak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta kanpoan jarduera fisikoa egiten duten pertsonak.

Aurreko urteetan bezala, Segurtasun Sailak aktiboki parte hartzen du planean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez. Planak beroak osasunean dituen ondorioei buruzko informazioa eta horiek prebenitzeko gomendioak biltzen ditu, bai herritarrentzat, bai inplikatutako beste erakunde batzuentzat.

Planaren eraginkortasunerako funtsezko puntu bat da, beroagatiko osasunerako arriskuagatiko abisuak aktibatzen direnean, gomendatutako prebentzio-neurriak abian jartzea, eta neurri horiek zaurgarritasun handieneko biztanleria-taldeetara iristea.

EUDELek irmoki gaitzesten du neskato baten hilketa, gaur goizaldean Bilbon bere aitak eraildua, agertutako zantzuen arabera indarkeria bikarioaren biktima izan daiteke. EUDELek babesa adierazi dio amari, biktima ere baita, eta elkartasuna helarazten die familiari eta haien gertuko pertsonei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologi-koa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek parte hartuko du Bilboko Udalak antolatutako elkarretaratzean.  Gaur, ostirala, 12:00etan izango da udaletxeko eskaileretan.   Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2025eko maiatzaren 30ean.