Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Koronabirusak eragindako larrialdiegoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak GUZTION ARTEAN plana jarri du abian, beren bizilekuan, bakarrik edo bikotekidearekin bizi diren eta familiaren laguntzarik ez duten 70 urtetik gorako pertsonen, mendeko pertsonen edo veste kalteberatasun-egoera batean daudenen (administrazioek deribatuta) oinarrizko premiei erantzungo dieten elkartasun antolatuko ekimenak sustatzeko eta babesteko.

GUZTION ARTEAN plana Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarraibideen arabera diseinatu da, eta erantzun egokia ziurtatzeko ezinbestez jarraitu beharreko hainbat irizpide biltzen ditu. GUZTION ARTEAN planari buruzko informazioa biltzen duen dokumentu bat eta laguntza behar duten pertsonei zein borondatezko laguntza eskaini nahi dutenei bidali beharreko triptikoa erantsi ditugu.

Informazio-dokumentua

Triptikoa

Funtsezkoa da mugikortasuna mugatzea, eta, horregatik, zerbitzuek beharbeharrezkoak izan behar dute eta familiaren laguntzarik ez duten pertsonarik kalteberenei zuzenduta egon behar dute. Gainera, pertsona horien, boluntarioen eta, oro har, komunitatearen osasuna zaintzeko, beharrezkoa da bizileku bakoitzera boluntario bat (edo, salbuespen gisa, bi) baino ez joatea, eta beti pertsona berak izatea.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, EUDELen bitartez, gutuna bidali die Euskadiko udalei; gutunak helburu bikoitza du eta bi ekintza bateragarri planteatzen ditu:

  • Zure laguntza eskatzea sareari buruzko informazioa (eta, zehazki, triptikoa) zabaltzeko, herritarrak beren premiak planteatzera bultzatzeko, voluntario gisa parte hartzeko aukerari eta baldintzei buruzko informazioa emateko eta, horretarako, Gurutze Gorriak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan kudeatzen duen call centerrarekin harremanetan jartzeko (945 22 22 22).
  • Udalek helburu horrekin dinamizatzen edo babesten dituzten esku-hartzeak GUZTION ARTEANen irizpide guztiekin (Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideen arabera ezarritakoak) eta boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 legearekin (eta, bereziki, 1.2 artikuluarekin, irabazi-asmorik gabeko erakunde baten bitartez bideratzeari dagokionez) bat datozela ziurtatzea.

Baldintzak

Boluntario izateko, beharrezkoa da patologia kronikorik ez izatea eta jarduera hasi aurreko 14 egunetan sintomarik agertu ez izana, ezta bizileku batera joan aurretik ere. Gainera, beharrezkoa da 18-64 urte izatea eta datorren hilabetean, astean bi edo hiru egunetan, gutxienez bi ordutan laguntzeko prest egotea. Gurutze Gorriak, 945-222.222 telefono-zenbakiaren bitartez, laguntza-eskaerak eta boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonen datuak jasotzen ditu, haien parte-hartzea bideratzen du eta parte hartzeko baldintzei buruzko informazio xehatuagoa ematen du. Cáritasek antzeko funtzioak betetzen ditu, eta, lagundu nahi diotenek, 688662773 telefono-zenbakira deitu dezakete zuzenean.

Sareak erakundeen, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko Sareen Sarearen, Gipuzkoako Gizalde, Arabako Sartu eta Bizkaiko Bolunta boluntariotza-agentzien, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren laguntza ere jasotzen du.

Plan berria, nolanahi ere, Osasun Sailaren jarraibideen arabera garatuko da beti.

BetiON

Bestalde, gogorarazi beharra dago betiON Telelaguntza Zerbitzuak, osasun-krisia hasi zenetik, areagotu egin duela erabiltzaileei (eta, bereziki, kalteberatasunik handiena jasaten dutenei) eskainitako arreta. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak 54.330 erabiltzaile ditu. Guztien % 77 emakumeak dira, % 23 gizonak, eta batez besteko profila bakarrik bizi den adineko emakume batena da. Kalkulatutakoaren arabera, 2.000 erabiltzaile inguru kalteberatasun handiko egoeran daude.

Egunero, betiON zerbitzuko langileek mila dei inguru jasotzen dituzte, eta, gainera, ia 3.000 dei egiten diete erabiltzaileei edo harremanetarako pertsonei, haien egoera pertsonala zein den jakiteko.

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa (OCTE) osatzen duten erakundeek, COVID19aren eragina arintzeko onartzen ari diren zerga arloko neurriei buruzko hausnarketa bateratua egin dute gaur. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek, EUDELen bidez, konpromisoa hartu dute erakunde-maila desberdinetan onartzen diren zerga arloko aldaketak partekatzeko, koordinatzeko eta jakinarazteko, eta zerga-bilketan duten eragin osoa ahalik eta lasterren neurtzeko.

Oinarrizko helburu partekatua, zergen ikuspegitik, kaltetutako pertsonei eta enpresei ahalik eta likidezia handiena ematea da, zergak geroratuz eta zatikatuz, baina, era berean, bat etorri dira esatean hori administrazio publiko guztiei baliabide nahikoak bermatzearekin bateragarria izan behar dela, osasun arloko larrialdi egoera gainditutakoan haien politika publikoak gauzatzen jarraitzeko.

“Argi dago COVID19ak eragin negatiboa izango duela diru-bilketan”, adierazi du Itziar Agirre Ogasun sailburuordeak. Ondorioz, Euskadiko hiru erakunde-mailen arteko baliabideen banaketan ere gauza bera gertatuko da.

Komunikaziorako eta koordinaziorako ildo egokiari eustea erabaki da, onartu diren edo onartuko diren neurriek ekonomian eta finantzetan izan dezaketen eragina partekatzeko, eta baliabideak banatzeko barne-sisteman duten eragina elkarrekin ebaluatzeko. “Gaur egun ezinezkoa da horien oihartzunaren kuantifikazio zehatza egitea”, ondorioztatu du Agirrek.

  • Lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendari bakar gisa laguntzen dion aholku-batzordearen bileraren buru izan da

Gaur, Lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakar gisa laguntzen duen aholku-batzordearen bilera egin da. Plan hori atzo onartu zen koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da bileraren buru, eta bertan izan dira Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka, Osasun sailburu Nekane Murga, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Gobernuaren Ordezkari Denis Itxaso, hiru lurralde historikoetako Ahaldun Nagusiak, Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano, eta Eudeleko Presidente Gorka Urtaran.

Bileraren helburua egoera aztertu eta koronabirusa geldiarazteko hartu beharreko neurri berriak adostea izan da.

Bileraren ondoren, Lehendakariak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, bide digitaletik, jakinarazteko, herritarren osasunerako berehalako eta ezohiko arriskuak jarraitzen duenez eta beste neurri gehigarri batzuk hartu behar direnez, Eusko Jaurlaritzak honako prebentzio-neurri hauek hartu dituela:

  1. Adinekoentzako eguneko zentroen itxiera.
  2. Adinekoei egoitza-zentro publikoetan edo pribatuetan egin beharreko bisiten murrizketak, eguneko/egoiliar bakoitzeko pertsona bakar batek egin ahal izango du bisita. Gainera bisitariei zentroaren sarreran tenperatura hartuko zaie eta 37,0ºC-tik gorako bisitariei sarrera mugatuko zaie.
  3. Edozein motatako jarduerak bertan behera uztea: Museo, Erakusketa-areto, Ostalaritza (etxeko zerbitzua izan ezik), Kirol instalazioak, Joko-lokal, Txoko, Elkarte gastronomiko edo Otoi egiteko zentroetan. Metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletan jarduera mugatzea. Metro eta erdiko gutxieneko distantzia hori edozein pertsona konzentrazioari aplika dakioke.

INDARRALDIA

Agindu honetan aurreikusitako prebentzio-neurriek hamabost egun naturaleko indarraldia izango dute, hurrenez hurren adosten diren luzapenak alde batera utzi gabe.

ARGITALPENA ETA ERAGINA

Neurri horiek bihar sartuko dira indarrean, gaur bertan argitaratuko baitira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Nolanahi ere, neurri hauek GAURTIK aurrera aplikatzea gomendatzen da.

“Turismo-sektorean COVID-19 kutsatzea txikiagotzeko jardun-protokoloa” (azken eguneraketa 2020/03/11)

Markoa: 20/03/12ko ezohiko Turismo Mahaia, koronabirusaren aurrean turismo eta ostalaritza sektorerako jardun-protokolo berezia aurkezteko.

Jardun-protokolo horrek Udalak interpelatzen ditu (2. atala ERANTZUKIZUNAK) establezimendu turistikoen erantzule edo turismoa sustatzeko erakundeen kide izan daitezkeen aldetik. Era horretan, turismo-eragileei eskatzen die “jardun-protokolo hau hedatzeko eta inplementatzeko” eta erakunde turistikoei “dokumentu hau beren langile eta bezeroen artean zabaltzeko, eta neurriak hartzen direla ziurtatzeko”

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Abanto Zierbenan gertatutako bi emakumeren hilketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die senideei eta biktimen hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du Abanto Zierbenako Udalak deitu duen gaitzesteko elkarretaratzearekin. Elkarretaratzea bihar izango dela, martxoak 12, 19:00etan, udaletxe aurrean. 

Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

Bilbon, 2020ko martxoak 11.

  • Giro nasaiak eta generoak eragindako bazterketarik bako gizarterako bidea alkarregaz egiteko konpromiso sendoak markau dabe aurtengo ospakizuna.
  • Batzarrak martiaren 8ko mobilizazinoetan parte hartzeko deia egin dau.

ARGAZKI GALERIARA ESTEKA

(Gernikan, 2020ko martiaren 6an). Gernikan gaur egin dan Bizkaiko Emakume Hautetsien IV. Batzarrak, ehun urte baino gehiago dituan Batzarretako egoitzako jarlekuak bete ditu barriro, alderdi politiko eta sentsibilidade guztietako 200 emakume baino gehiago helburu komunaren alde alkartuta: gizonen eta emakumeen arteko benetako bardintasunean aurrera egitea. Aurton, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzeak bere itxurarik onena erakutsi dau, demokraziako hamaika agintaldietan Bizkaiko Batzarretan noiz edo noiz jarlekua izan daben 116 emakumeei omenaldi berezia emoteko.

Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak haserako berbaldian adierazo dauenez, aintzatespen hori, Bizkaiko batzarretan “gizon baino emakume gehiago garan” unean heldu da (26 emakume eta 25 gizon). “Batzar honetatik igarota, emakumeek geure lidergoaren alde dagon eretxi publikoa sortzea bultzatu dogu, holan emakumeen gaitasun politikoaren inguruan egozan mitoak lurrera botaz eta lidergoko postuetan egotea ohikoa izatea be lortuz”, esan dau. Eta, horren ostean adierazo dau bardintasun horrek “ez dauela esan gura gizonak baino gehiago izan behar garanik, baldintza berberakaz lan egin behar dogula baino, alkarren ondoan, ezelango desbardintasun barik”. Bukatzeko, konbidauen harmailetan ikusten ziran gizonei eskerrak emon deutsee euren laguntzarengaitik eta “holango batzar berezian gugaz egoteagaitik”. Emakumearen Nazinoarteko Eguneko beste ekitaldi erreibindikatzailea da, eta ekitaldia “instituzionalizetea” gurako leukela esan dau.

Horren ostean, udalerrietako sentsibilitate politiko guztiak ordezten dituen sei emakumek (Ane Legarretaetxebarria, EAJ/PNV alderdiko Fruizko alkateak; Ima Garrastatxu, EH Bilduko Durangoko alkateak; Mª José Blanco, PSEko Portugaleteko alkateordeak; Laura Casado, Etxebarriko zinegotzi eta Herriaren Ahotsa taldeko kideak; Paula Amieva, Elkarrekin Podemoseko Getxoko zinegotziak; eta PPko Natalia Aranduyk, Martiaren 8ko, Emakumeen Nazinoarteko Eguneko, Erakundeen Arteko Adierazpena irakurri dabe. Adierazpena EUDELek (Euskal Udalerrien Alkartea) prestau dau, Emakundegaz lankidetzan (Izaskun Landaida zuzendaria ekitaldian egon da), eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu dabe. EUDELeko Batzorde Betearazleko Bardintasun ordezkari moduan Josune Irabien Amurrioko alkatea etorri da.

EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Emakumeen botereak mundua aldatzen du” izenburuagaz, udal guztiakaz adostutako Adierazpenak adierazoten dau bardintasuna “ez dala soilik oinarrizko giza eskubidea, baita mundu baketsua, oparoa eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria”, eta “konpromiso irmoa” adierazo dau “bardintasunezko gizarte inklusiboa eregiten laguntzeko, persona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituana tokiko bizitzan”. Adierazpenak, domeka honetarako, martiaren 8rako, antolatuta dagozan mobilizazinoetan modu aktiboan parte hartzeko dei egiten deutse herritarrei”.

Lurraldeko udal gobernuetako ordezkaritza zabala be egon da, horreen artean alkate honeek: Amaia del Campo (Barakaldo), Amaia Aguirre (Getxo),  Aintzane Urkijo (Santurtzi), Aitziber Oliban (Erandio), Elixabete Uribarri (Plentzia), Jone Antsotegi (Aulesti), Esther Apraiz (Derio), Mª Teresa Artetxe (Morga), Angela Eguía (Gordexola), Saioa Elejabarrieta (Lemoa), Begoña Enbeita (Muxika), Miren Karmele Enbeita (Kortezubi), Maite Etxebarria (Abanto-Zierbena), Irantzu Ibarrondo (Sopuerta), Ainara Otxotorena (Mañaria), Elixabete Uribarri (Plentzia) edo Garbiñe Saenz de Buruaga (Ispaster).

Gernikako ekitaldian ez dau hutsik egin Foru Gobernuko ordezkaritza zabalak, Elena Unzueta, Teresa Laespada, Lorea Bilbao eta Ainara Basurko diputatuek, hain zuzen be. Eurakaz batera, konbidauak eta omenduak egon dira jarrita, goraino beteta egon dan aretoan, kolore politiko guztietako legebiltzarkideak, kongresuko kideak edo batzarkideak, hain zuzen be.

OMENALDIA ETA AINTZATESPENA

Idazkia danen artean irakurri ostean, 1979tik, Demokrazia barriro ezarri zanetik Bizkaiko Batzar Nagusiak barriro beharrean hasi ziranetik, bertan jarlekua bete daben 116 emakumeei egin jaken omenaldia eta aintzatespenen banaketa hasi da. Datorren apirilean 41 urte beteko dira.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, bost batzarkide historikoren berbaldiei emon deutse bidea. Omenaldia jaso daben emakume guztien izenean, berba batzuk egin ditue. Ordena honetan, honeek igo dira Batzarretxeko atrilera: Gloria Ucar (PP), Ana Tellería (Elkarrekin Podemos), Janire Galarraga (PSE), Irune Soto (EH Bildu) eta Ana Madariaga (EAJ-PNV), Bizkaiko Batzar Nagusietako lehenengo emakume Lehendakaria izan zana.

Horren ostean, 116 batzarkideen izenak eukazan bideoa emon da, eta gero, Ana Otaduik eta gaur alderdi politiko guztietako emakumeek osotu daben Mahaiko kideek –Arantza Urkaregik (EH Bildu), Begoña Gilek (PSE-EE), Eneritz de Madariagak (Elkarrekin Podemos) eta Carmen Carrónek (PP)–, Otaduiren berbetan “gure historiaren, gure askatasunaren eta gura dogun bakearen ikurra dan haretx orria eukan orratz bat” emon deutse omendutakoei. Ohorezko aurreskuak, Miren de Miguel Bilboko sopranoak abestu dauen Iparragirreren, XIX. mendeko bardoaren, “Gernikako Arbola” ereserkiak, eta Gernikako Arbolaren azpian ateratako familiako argazkiak emon deutsie amaierea Bizkaiko Emakume Hautetsien IV. Batzarrari.

Alderdi politiko nagusien ordezkari gorenen artean, batzar berezian honeek hartu dabe parte: Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak (EAJ/PNV); Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaia; Sonia Pérez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merktaritza eta Kontsumo Sailburu eta PSE-EEko zuzendaritzako kideak; Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko Legebiltzarkideak; eta Amaya Fernández Euskadiko PPko jarduneko presidente eta alderdi horrek Bizkaiko Batzar Nagusietan dauen bozeroaleak.

Gernikako ekitaldian ez dau hutsik egin Foru Gobernuko ordezkaritza zabalak, Elena Unzueta, Teresa Laespada, Lorea Bilbao eta Ainara Basurko diputatuek, hain zuzen be. Eurakaz batera, konbidauak eta omenduak egon dira jarrita, goraino beteta egon dan aretoan, kolore politiko guztietako legebiltzarkideak, kongresuko kideak edo batzarkideak, hain zuzen be. Lurraldeko udal gobernuetako ordezkaritza zabala be egon da, horreen artean alkate honeek: Amaia del Campo (Barakaldo), Amaia Aguirre (Getxo),  Aintzane Urkijo (Santurtzi), Aitziber Oliban (Erandio), Jone Antsotegi (Aulesti), Esther Apraiz (Derio), Mª Teresa Artetxe (Morga), Angela Eguía (Gordexola), Saioa Elejabarrieta (Lemoa), Begoña Enbeita (Muxika), Miren Karmele Enbeita (Kortezubi), Maite Etxebarria (Abanto-Zierbena), Irantzu Ibarrondo (Sopuerta), Ainara Otxotorena (Mañaria), Elixabete Uribarri (Plentzia) edo Garbiñe Saenz de Buruaga (Ispaster).

Bigarren mailan, eta konbidauen tribunatik, hainbat gizonek jarraitu dabe Bizkaiko Emakume Hautetsien IV. Batzarra, Aitor Esteban Kongresuko diputatu eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari izandakoak, edo Jon Andoni Atutxa, Emilio Lobato, Oscar Arana, Zigor Isuskiza, Mikel Bagan edo Unai Lerma batzarkideek.