Eudel

Author

eudel

Azken berriak

EUDELek eta Emakundek 2006an sortutako BERDINSAREA sareak helburu hauek ditu: berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka tokiko gobernuek kudeatzen dituzten programak eta zerbitzuak bultzatzea, indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

ARGAZKI GALERIARA ESTEKA

Bilbo, 2020ko martxoaren 5a. Atzo arratsaldean, EUDELek Bilbon duen egoitzan, legegintzaldiko lehen batzarra egin zen, BERDINDAREA sarera atxikitako udalerrien ordezkaritza politikoarekin, EUDELek koordinatuta eta Emakunderen laguntzarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogeita hamar bat alkate eta zinegotzi izan ziren bileran. Gaur egun, hiru lurraldeetako 69 udalerrik osatzen dute sarea, eta EAEko biztanleriaren % 80ri baino gehiagori ematen dio estaldura.

Erakunde bultzatzaileen izenean, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak eta EUDELeko berdintasun-ordezkari eta Amurrioko alkate Josune Irabienek eman zioten hasiera Batzarrari; biek hartu zuten parte, eta ongietorria egin zieten sarea osatzen duten udal-arduradunei.

EUDELen izenean, Josune Irabienekbalio-sare” gisa aipatu zuen Berdinsarea, “berdintasunerako tokiko politiken abangoardian egon nahi duten udalen partaidetzarako sare gisa”. Irabienek azaldu duenez, beste abantaila batzuen artean, “sareak aukera ematen digu irizpide komunak eta ekintza bateratuak adosteko, tamaina desberdina eta berdintasunaren arloan ibilbide desberdina duten udalerrien artean. Berdinsarean, gure praktika onak eta baliabideak partekatzen ditugu; eta hori oso lagungarria da tamaina txikiagoko udalerrientzat, mankomunitatetan eta/edo koadriletan bildutako horientzat”.

Bestalde, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak nabarmendu zuenez, “Berdinsarea Berdintasunaren Aldeko Euskadiko Udalerrien Sarea adibide argia da erakusteko zer garrantzi duen erakundeen arteko elkarlanak, helburu baten alde lan egiten denean”. Landaidaren hitzetan, “Emakunderen eta udalen arteko elkarlana Berdinsarea baino urte batzuk lehenagokoa da; izan ere, Emakundek beti defendatu du denboran iraungo duten sareak ehuntzearen garrantzia“.

Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea egin, eta Europan praktika ontzat hartu ondoren (Berdintasunaren Europako Gutunaren Behatokia), BERDINSAREA tamaina eta sentsibilitate desberdinetako udalen arteko lankidetza-lanaren erreferente gisa finkatu da. Haren balio erantsi nagusia da udalek eurek diseinatutako eta zuzendutako sarea dela. Batzordeen eta lantaldeen bidez egiten du lan, eta, horri esker, politikarien eta teknikarien koordinazioa indartu daiteke, tokiko berdintasun-politikak eta zeharkakotasuna udaletan sustatzeko.

2020ko lehen batzarraren helburua hurrengo urteetarako lan-plana adostea izan zen. Berehalako ekintzen artean, bereziki nabarmentzen da barne-gogoetarako eta partaidetzarako prozesu baten hasiera, udalek elkarrekin definitzeko sarearen helburu berriak eta haren jarduera-eremu estrategikoak. Hori guztia, udalen beharrei hobeto erantzuteko, erronka global berrien aurrean sarea indartzeko eta berdintasun-arloko tokiko politiken etorkizuna bideratzeko. Zehazki, gai hauek landu behar dira, besteak beste: genero-ikuspegia duten jaiak, biktimen erreparazioa eta indarkeria matxistaren prebentzioa, genero-ikuspegia tokiko politiketan eta udaletako politikarien eta teknikarien prestakuntza.

>Informazio gehiago hemen: www.eudel.eus (Berdintasuna-BERDINSAREA)

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldea ostegun honetan bildu da Bizkaiko gizarte zerbitzuen alorrean datozen hilabeteetarako lan ildo bateratuak adosteko.

Bilbo, 2020ko martxoak 5. Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak bere jarduerari ekin dio berriro ostegun honetan, Lurraldeko Gizarte Zerbitzuetako koordinazio- eta lankidetza-mekanismoetan era bateratuan aurrera egiten jarraitzearen ondoreetarako. 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak finkatzen duen eskubide subjektiboa lurraldean era eragingarrian hedatzeko tresna da; Lantaldean  elkarrekin egiten dute lan Foru Aldundiak eta Lurralde Historikoko udalek.

Erakunde arteko lankidetza-organo honen, EUDELen aldetik udal ordezkaritza eratu dute Juan Ibarretxek, Bilboko zinegotziak; Amaia Agirrek, Getxoko alkateak; Imanol Zuloagak, Gueñesko alkateak; Elixabete Uribarrik, Plentziako alkateak; Aitor Lopezek, Zaldibarko zinegotziak; Mª Jose Blancok, Portugaleteko zinegotziak, eta Loren Olivak, Etxebarriko alkateak. Udaletako ordezkariekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailetako ordezkariek parte hartzen dute.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak erakundeen arteko adostasunetik eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarri diren administrazio-maila bakoitzarekiko errespetutik lan egiten du. Horiek horrela, aurretik egindako lana eta lortutako akordioak oinarri hartuta, gaurko bileran datozen hilabeteetarako lan ildoak zirriborratu dituzte.

Hala aldeek konpromisoa hartu dute lankidetza-mekanismoetan lan egiteko adinekoentzako ostatuen etengabeko arreta hobetzeko, EUDELen eta Foru Aldundiaren arteko esparru-akordio bat lortzea espero baitute. Ildo beretik, izaera orokorragoarekin, akordio bat lortu da foru eta toki administrazioen arteko informazio-trukeari bultzada emateko, gizarte zerbitzuen arloko elkarreragingarritasunari dagokionez. Azkenik, “Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako eta haien seme-alabentzako harrera-baliabideen sarea” proiektu pilotuan lan egitea adostu da.

Koronabirusari –COVID19– dagokionez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren UDAL ESPARRURAKO GOMENDIOAK EUDELek udalei bidali die.

EELZri dagokioenez (II Eranskina): Koordinazio eta horniduraren atalari dagokionez, Osasun Sailak komunikatu du laster jakinaraziko duela Osakidetzako erreferentziazko profesionala.

Dokumentuak:

UDAL ESPARRURAKO GOMENDIOAK

eranskina: Udal titulartasuneko egoitzetako eta eguneko zerbitzuetako artapen-langileentzako gomendioak.

eranskina: Inoren laguntza behar duten pertsonentzako etxez etxeko arreta zerbitzuko (EEAZ) artapen-langileentzako gomendioak.

Eskuak egoki garbitzeko prestakuntza (online eskuragarri, Osakidetzaren webgunean).

Eguneratutako kartelak:

Halaber, gogorarazten da koronabirusa prebenitzeko eta horretatik babesteko informazio eguneratua ematen duten kartel guztiak, modu orokorrean hedatu eta editatzeko sortutakoak, deskargatzeko moduan daudela Eusko Jaurlaritzaren webgunean (birusa geldirazteko indartze-neurriei buruzko informazioarekin): https://www.euskadi.eus/nuevo-coronavirus-covid-19/

 

OSASUN SAILAK ETA OSAKIDETZAK UDAL ESPARRURAKO EMANDAKO GOMENDIOAK. COVID-19

Euskadin gertatu diren Koronabirus –COVID19– infekzio-kasuen ondorioz eta infekzio-kopuruak gora egingo duela aurreikusita, Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendio hauek hedatu nahi ditu, udal esparruan abian jartzeko ekintzen proposamen modura.

ZERGATIK DIRA BEHARREZKOAK GOMENDIO HAUEK?

Udalerrien eta udal zerbitzuak artatzen dituzten pertsona eta profesionalen ekintza-espazioa hurbiltasunezko espaziotzat har daiteke, segurtasunari, gizarte-prestazioei, kulturari eta kirolari lotutako ekintzetan herritarrekiko duten hurbiltasunagatik. Ikuspuntu horretatik, alor horietan zerbitzua ematen duten profesionalek kutsadura-bektore izateko arriskua dute amankomunean, baita kutsatuak izateko arriskua ere bereziki. Ohar horietaz gain, kontuan izan behar ditugu udalerrien tamaina, aukerak eta baliabideak, horien kokapenaren –landa-eremua edo hiri-eremua– arabera eta dimentsio demografikoaren arabera.

Erantzunak ematen dituen ikuspegi baten beharra justifikatzen dute kontu horiek, udal esparruko kolektibo profesionalak eta, oro har, herritarrak babesteko xedez.

ZELAN ERAGITEN DU KORONABIRUSAK?

Koronabirusak gripearen birusen oso antzeko profila dauka alderdi askotan (transmisioa, gaixotze-heriotza). Erikortasuna duten adinekoak udaleko etxeko arreta-zerbitzuen edo kultur- eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileak dira askotan, eta haiek dute arriskurik handiena infektatzen badira. Hori dela eta, oso garrantzitsua da adinekoei babesa ematen dieten oinarrizko kolektiboak ere babestea.

UDALEKO ZEIN KOLEKTIBO PROFESIONAL HAR DAITEZKE ARRETA BEREZIKOTZAT?
  • Udaltzainak eta suhiltzaileak.
  • Udal titulartasuneko egoitzetako eta eguneko zerbitzuetako artapen-langileak.

(I. ERANSKINA)

  • Inoren laguntza behar duten pertsonentzako etxez etxeko arreta zerbitzuko (EEAZ) artapen-langileak. ( ERANSKINA)
  • Udaleko kirol instalazioetako langileak (begiraleak, etab.).
  • Udaleko kultur instalazioetako langileak (liburutegikoak, kultur taldeetakoak, erretiratuen elkarteetakoak…).
ARRETA BEREZIA BEHAR DUTEN KOLEKTIBOENTZAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZA ESPEZIFIKOAK

Herritarrei azaldutako prebentzio-neurriak abian jarriko dira, baina arreta berezia jarriko da udalerrietan adierazitako kolektiboentzako prestakuntza-ekintza espezifikoetan, bereziki nabarmenduta derrigorrezko alderdi hauek:

  • Eskuak maiz garbitu.
  • Ahoa eta sudurra estali ukondoaz edo zapi batez, eztul edo doministiku egitean. Zapia berehala bota eta eskuak alkoholezko oinarria duen desinfektatzaile batekin edo uraz eta xaboiaz garbitu.
  • Adinekoengandik edo gaixotzeko arriskua duen jendearengandik metro bateko distantzia mantendu, artapenak gehiago hurbiltzea eskatzen duen kasuetan izan ezik.
  • Ez kontaktatu adinekoekin, profesionalek sukarra edo arnas-sintoma arinak (sukarra, eztula) baldin badituzte.
  • Begiak, sudurra eta ahoa ukitzea saihestu.

Era berean, jokabide horien barruan, eskuak egoki garbitzen irakasteko aukera baloratu (online eskuragarri Osakidetzaren bitartez) eta lantokietan gel hidroalkoholikoko ontziak eskura jarri, eskuak uraz eta xaboiaz garbitzea egokiagoa bada ere.

AHOLKU OROKORRAK
  • Sukarra edo arnas-sintoma arinak dituzten profesionalak ez dira lantokira joango, eta lan-osasuneko medikuarekin harremanetan jarriko dira. Laneko baja telefono bidez eskatu behar zaio Osakidetzari.

Ahal den neurrian eta Udal bakoitzaren irizpideen arabera, ekintza hauek baloratuko dira:

  • Parte-hartzaile kopuru handia duten ekitaldiak mugatu edo debekatu.
  • Laneko eta artapeneko jarduerak dimentsionatu, pertsonen arteko kontakturako espazioa handitzeko aukeraren arabera, eta, beharrezkoa bada, jarduerak bertan behera utzi.
  • Kontaktutzat jo daitekeen distantzia (bi metro baino gutxiagoko distantzia eta 15 minutuz gutxienez) kontuan hartuta, lantokiko jardunean baldintza hori betetzen saiatu.
  • Txandakako lanak berrantolatu eta sektorizatu, plantilla osoaren artean kontaktua egon ez dadin. Alderdi hori garrantzitsua da ordezkatzea zaila den sektoreetako langileen kasuan, adibidez, udaltzainen eta suhiltzaileen kasuan.

Urtero bezala, martxoaren 8aren eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren aurrean, EUDELek adierazpen instituzionalaren eredu bat prestatu du EAEko udalentzat.

Aurtengo Adierazpenaren titulua da “EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Emakumeen botereak mundua aldatzen du”

Bilbon, 2020ko martxoak 4. EUDELek, Batzorde Eragileak otsailaren 13an hartutako erabakiaren bidez, martxoaren 8a ospatzeko egingo den adierazpen instituzionalaren eredua bidali zien Euskadiko udal guztiei. Testua otsailaren 13an bidali zitzaien toki-entitateei, behar adinako aurrerapenaz, Gobernu Batzordeak eta udaleko osoko bilkurak egin baino lehen. EUDELen ohikoa den bezala, udal autonomia errespetatuta, adierazpen hori erreferentziako eredu edo testu gisa proposatzen zaie udalei, tokiko errealitatera egokitu dezaten.

Azken urteotako mobilizazio feministak direla eta, aurtengo M8-ko Adierazpenaren titulua da “EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Emakumeen botereak mundua aldatzen du”. Beijingeko Ekintza Plataformaren 25. urteurrenaren esparruan, adierazpenak ekintza zehatzen proposamena jasotzen du, tokiko gobernuek abian jar ditzaten, tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen jarraitzeko. EAEko udalek ibilbide luzea dute egina berdintasunaren alde, eta, alde horretatik, EUDELen baterako lana erreferentzia-esparru komuna eta ibilbide-orria da, tokiko konpromiso horien jarraipena egiteko.

BERDINSAREA-Berdintasunaren aldeko EAEko udalerrien batzarra

Bihar, osteguna, martxoak 5, EAEko udaletako ordezkari politikoak EUDELen egoitzan elkartuko dira, Berdinsarearen urteko lehen batzarrean. Gaur egun, hiru lurraldeetako 69 udalerrik osatzen dute Berdinsarea, eta EAEko biztanleen % 80 inguru ordezkatzen dute.

BERDINSAREA udal-sarea 2006ean sortu zen, eta EUDELek eta Emakundek koordinatzen dute, tokiko gobernuek berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka kudeatzen dituzten programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Beste abantaila batzuen artean, sareak aukera ematen du irizpide komunak adosteko eta tamaina desberdinetako udalen artean baliabideak partekatzeko; era berean, laguntza berezia da udalerri txikienek mankomunitateetan eta kuadrilletan taldekatuta lan egiteko.

JAITSI ADIERAZPENA

Vitoria-Gasteizen, 2020 03 02

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren bilera egin da gaur goizean Lakuan, Beatriz Artolazabal sailburua buru izan dela. Organo horrek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren itun sozialerako erregimena eta hitzarmenak erregulatzen dituen dekretu-proiektuaren aldeko txostena eman du. EUDELeko ordezkariek Ane Beitia, Elgoibarko alkateak, Josu Bergara, Sestaoko alkateak eta Olaia Duarte, Donostiako zinegotziak, hartu dute parte bileran.

Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELek osatzen dute Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa.(2010)

Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak(ATAFLK) gaur aurkeztu du 2019ko likidazioa eta zer nolako eragina izango duen TEFFFen eta Obra eta Zerbitzuen Foru Planean

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 21a. Arabako toki erakundeek 1.658. euro gehiago izango dituzte 2020an, halaxe jakin dugu, Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluan (ATAFLK) emandako informazioaren arabera. Bilera horretan, zeina Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren ondoren egin baita, dirubilketaren inguruko xehetasunak jakinarazi eta toki erakundeentzat aurten eskuragarri egongo diren baliabideen 2019ko ekitaldiko likidazioa iragarri dira.

Horiek horrela, Aldundiak esan du baliabide horien TEFFFen likidazioa 235.316.195 254.034.529 euro izan direla, hasieran aurrekontuan jasorikoa baino 5,3 5,7 milioi gehiago, eta horietatik, Vitoria-Gasteizko udalaren likidazio positiboko 4,1 milioiak TEPEFeko konpentsaziora bideratuko dira.

Halaber,  Foru Planerako 2020an zenbat diru emango den adierazi zen. Hasieran, 16.489.961 euro emango dira, aurreikusitako diru kopurua baino ia 400.000 euro gehiago. eta horrek berriz ere eragina izango du lurraldeko herrietan eta administrazio batzarretan. Horietatik,

Udalentzat informazio gehiagorako: Laster informazio gehiago eskainiko da EUDELen ‘UDALA. Udal Finantzaketa’ aldizkariaren 2020ko otsailaren ale berriaren bidez (ikus aurreko edizioak)

Arabako Toki Administrazioko eta Finantzetako Lurralde Kontseiluan ORDEZKARIAK:

Añanako Kuadrilla: Juan Muñoz Bartolomé jn., Armiñongo alkatea.

Aiarako Kuadrilla: Josune Irabien Marigorta and., Amurrioko alkatea.

Kanpezu – Arabako Mendialdeko Kuadrilla: Rosa Mª Ibarrondo Manzanos and., Haranako alkatea.

Guardia – Arabako Errioxako Kuadrilla: Laura Pérez Borinaga and., Bastidako alkatea.

Arabako Lautadako Kuadrilla: Joseba Koldo Garitagoitia Odria jn., Alegria-Dulantziko alkatea.

Vitoria-Gasteizko Eskualdea: Iñaki Gurtubai Artetxe jn., Vitoria – Gasteizko zinegotzia.

Gorbeialdeko Kuadrilla: Unai Gutierrez Urkiza

Gaur arratsaldean Finantzen Lurralde Kontseiluaren bilera egin da. Bertan, 2019ko ekitaldiaren amaierako behin betiko datuak eman dira ezagutzera, eta berretsi egin dira likidazio positiboaren aurreikuspenak, urrian jada aurreratu zirenak

Finantzen Lurralde Kontseiluko udal-finantzaketarako funtsaren likidazioan 25,98 milioi euro ordaindu zaizkie udalei; 895,1 milioi eurora arte iritsi da kopurua, hots, aurrekontuan sartutakoa baino % 3 gehiago

Bilbo, 2020ko otsailaren 18a. Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2019ko ekitaldiko Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsa likidatu du, eta 895,1 milioi eurora arte igo da, ekitaldi horretarako aurreikusitakoa (869,1 milioi) baino 25,9 milioi euro gehiago. Azken zifra horrek Finantzen Lurralde Kontseiluaren urriko bileran zehar egin ziren ekitaldiko aurreikuspenak ere hobetzen ditu. Bilera horretan, hasierako aurreikuspenetik 18,7 milioi euroko hazkundea aurreikusi zen.

Horrela, Bizkaiko 112 udalerriek 2020. urterako aparteko 25.987.137 euro dituzte, eta kopuru hori ekitaldi honetarako aurrekontuan dagoeneko jaso diren 869.135.526 euroei gehitu behar zaie. Soberakin hori udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, langabezia-tasa, gela-kopurua edo biztanleen sakabanatzea. Udalek gastu eta inbertsioei aurre egiteko 2020an izango duten gaitasun handiago hori Bizkaian 2019. urtean zehar itundutako zergen bidez egindako diru-bilketaren datu onen ondorioa da. Datu horiek Finantzen Euskal Kontseiluaren azkenengo bileran egiaztatu ziren.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere.

Hamar kide ditu. Udalak ordezkatzen dituzten bost kideak (Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELen bidez) honako hauek dira: Elixabete Uribarri Plentziako alkatea, Ane Legarretaetxebarria Fruizko alkatea, Marta Ajuria Bilboko zinegotzia, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren bost kideak hauek dira: José María Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzen diputatua eta Kontseiluko burua gaurko saioan; Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako diputatua; Elena Unzueta, bozeramailea eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua; Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua, eta José Rubí, Osagun eta Finantza Saileko zuzendari nagusi teknikoa.

Udalentzat informazio gehiagorako: Laster informazio gehiago eskainiko da EUDELen ‘UDALA. Udal Finantzaketa’ aldizkariaren 2020ko otsailaren ale berriaren bidez (ikus aurreko edizioak)