Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Bilbon, 2025eko maiatzaren 16an. Esther Apraiz Derioko alkate eta EUDELeko elkarteburuak Sektore Publikoko Emakumeen Elkartearen VII. Biltzarrean parte hartu du gaur goizean. Aurten Bilbon egin da, “Emakume liderrak AAren aroan” lelopean. Dagoeneko 800 emakume langile publikok baino gehiagok osatzen dute administrazioetan emakumeen talentua bultzatzen duen sare hori.

Mezu nagusi gisa, EUDELeko elkarteburuak aurrea hartzeko dei zehatza egin die sektore publikoko emakumeei: “Emakumeok liderrak izan behar dugu AAren erabilera; izan ere, prozesu horretan parte hartzen ez duena kanpoan geratzen da. Adimen artifizial ez da neutrala, beraz, ez badugu genero ikuspegitik diseinatzen, gaur egun dauden desberdintasunak betirako izango dira”. Hori dela eta, langile publikoei gaitasun digitalen inguruko prestakuntza eskaintzearen alde egin du, bai eta “Zuzendaritza Publiko profesionalaren” aldeko apustua egitearen alde eta eskubideak babestu eta teknologiaren erabilera bidezko eta inklusiboa bermatuko duten marko etiko eta normatiboak eraikitzearen alde ere.

Bere hitzaldian, Esther Apraizek Euskadiko toki-erakundeetan, udal-administrazioa eta -kudeaketa modernizatzen lagunduz, aldaketan liderrak izan diren zuzendaritza-profiletako eta profil teknikoetako emakumeen zeregin historikoa aldarrikatu du. “Lideratzen dugun aldaketa ez da soilik teknikoa, baita etikoa, soziala eta feminista ere”, esan du Apraizek, eta “elkar babesteko gure sarea indartzearen garrantzia” azpimarratu du, “elkarlanean arituz, ezagutza, etika eta zerbitzu publikoarekiko konpromisotik liderrak izanez. Hurrengo eraldaketaren protagonista izatera animatzen zaituztet, gizartearekin hobeto konektatutako administrazio eraginkor eta efiziente baterantz aurrera egiten jarraitzeko”.

Ekitaldia

EUDEL Biltzarrean parte hartzera gonbidatu dute EAEko toki-erakundeen ordezkari gisa eta berdintasunarekin eta emakumeek sektore publikoaren etengabeko hobekuntzan eta modernizazioan duten rola bultzatzearekin duen konpromisoagatik.

Zehazki, EUDELeko elkarteburuak erakundeen panelean hitz egin du, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu María Ubarretxenarekin, Bizkaiko Administrazio Publikoko eta Harreman Instituzionaletako foru diputatu Ager Izagirrerekin eta Elkarte antolatzaileko presidente Concepción Camposekin batera.

Ekitaldiak, streaming bidez ere jarraitzeko moduan antolatua, adimen artifizialak lidergoan eta berdintasunean duen eragina du aztergai, hainbat ikuspegitatik: alborapen algoritmikoak, etika, emakumezko erreferenteak, legedia, sormena eta eskubide digitalak. Egitarauak gaikako panelak, sari-banaketa bat, TED hitzaldiak eta jarduera interaktiboak hartu ditu barnean.

Informazio gehiago: https://congresomsp.com/

EUDEL-ek eta Segurtasun sailak lehenengo lan bilera egin dute duela gutxi sinatutako lankidetza-hitzarmena lantzen hasteko. Batzarraren helburua ahaleginak koordinatzea, esperientziak partekatzea eta estrategia bateratuak diseinatzea da beti ere, akordioak biltzen dituen helburuak betetzeko bidean.

Otsailean Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arteko lankidetza-hitzarmen berria onartu zen polizien lankidetza eta koordinazioa indartzeko. Akordio horrek 2018an sinatutakoa ordezkatu du, eta elkarlanerako mekanismoak eguneratzeko beharrari erantzuten dio, arau-aldaketetara eta azken urteetan hartutako esperientziara egokituta.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua izan dira bileraren buru eta besteak beste EUDEL eta Udaltzaingoen ordezkariek parte hartu dute Segurtasun saileko Segurtasuna koordinatzeko zuzendaritzako kideekin batera. Bilera honekin EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak  berretsi dute, polizia-mailako lankidetza eta elkarlana etengabe hobetuz, segurtasun publikoa hobetzeko konpromisoa, euskal herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta koordinatuagoa eskaintzeko.

 

EUDELeko Batzorde Eragileko alkateak

Aurten ere, EUDELek Euskaraldiarekin bat egin du eta herritarrei, erakundeei eta tokiko eragileei euskararen erabilera sustatzeko deia egin die udalei, maiatzaren 15etik 25era egingo den edizio berri honetan erakunde gisa aktiboki parte har dezaten.

Euskararekin duen konpromiso sendotik, eta euskal udalerrietan “euskararen erabilera normalizatzeko eta sustatzeko” misioarekin bat etorriz, EUDELek bat egin du berriro Euskaraldiarekin, erakunde gisa izena emanez.

Gainera, ekimen hau Elkartearen aurtengo Ekintza Ardatzetan txertatzen da, eta EUDELeko Batzorde Eragileak bultzatutako Euskara Planarekin bat dator, erakundearen barnean eta bere jarduera guztietan hizkuntza-ohiturak eraldatu eta finkatzeko.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuaren mezua:

“Euskara euskal komunitatea biltzeko bide nagusietako bat da. Horrexegatik, EUDELen bat egiten dugu euskararekin; ondare linguistiko edo kulturala ezezik, gure gizarte- kohesiorako eta gure etorkizuna eraikitzeko tresna baliagarria ere badelako.

Euskararen erabilera sustatzeko ahalegina egingo dugu: herriz herri, udaletan, kaleetan, lanean, lagun artean…edonon.

Guztion ilusioa eta elkarlana izango du Euskaraldiak.”

  • Joan den maiatzean, eLankidetzako, Emakundeko, EUDELeko eta Baqueskolako, Euskadiko udal hautetsien sareko, ordezkariak El Salvadorren egon ziren
  • Misioa eLankidetzak babestutako NBE Emakumeak erakundeko lankidetza proiektu baten parte da

2025/05/12, Gasteiz

El Salvadorreko emakume politikarien ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du, egunotan, udal mailako kargu politikoekin eta liderrekin emakumeak ahalduntzeko esperientziak trukatzeko. Misioa truke teknikoko ekimen baten emaitza da, eta NBE Emakumeak, El Salvadorreko emakume erregidore, delegatu eta alkateen erakunde nazionalak (ANDRYSAS-ek) eta eLankidetzak sustatzen dute, Emakunderen eta EUDEL-en partaidetzarekin, Virginia Woolf Basqueskola Euskadiko tokiko hautetsien sarerekin batera.

Egun hauetan delegaritzak parte hartuko du Emakunde, eLankidetza eta Euskal Fondoak antolatutako lantegi batean. Gainera, Gasteizko, Tolosako, basauriko eta Portugaleteko emakumeen etxeak eta udal sailak ezagutuko dituzte.

Era berean, ordezkariek Berdintasuna sustatzeko esperientziak partekatuko dituzte Arabako eta Gipuzkoako udalerri txikietako eskualdeetan. Bisita Amurrion bukatuko da, Gizonduz egitasmoak gizonekin egiten duen lanari eta maskulinitate berriei buruzko topaketa batekin.

Misioaren helburu nagusiak dira, batez ere, Euskadiko udalerriak berdintasun-politiketan lantzen eta ezartzen ari diren esperientzia eta praktika aurreratuak ezagutzea; udal-mailako eragin politikoan lan egiten duten emakume-erakundeekin topaketak bultzatzea, eta “Virginia Woolf Basqueskola” tokiko hautetsien sarearen esparruan, emakumeen parte-hartze politikoa sustatzeko praktikak eta esperientziak partekatzea eta politikoki aktiboak diren emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea eta prebenitzea.

“Emakumeak, parte-hartze politikoa eta boterea. El Salvadorren udal mailako berdintasunerako ibilbide bat eraikiz” Euskadiko eta El Salvadorreko udalerrien jardunbide egokiak gizarteratzea bilatzen du honako arlo hauetan: emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko plangintzan, eragin politikoan eta emakume liderren eta emakume politikoen prestakuntza-prozesuetan.

Emakume politikarien arteko esperientzia-trukeak

eLankidetzak El Salvadorreko NBE Emakumeak-ekin harremana du 2012tik, erakundeari lehenengo dirulaguntza eman zionean. 2017an eta 2023an beste bi dirulaguntza eman zizkion, betiere udal-eremuan berdintasuna sustatzeko eta Eusko Jaurlaritzaren eta El Salvadorren arteko lankidetza teknikoa sustatzeko helburuarekin. Salvadorreko udalerrietan proiektu espezifikoak garatzeaz gain, diruz lagundutako ekimenek Emakunderen eta EUDELen lankidetza izan dute. Horren harira, hainbat bilera egin dira Euskadin eta Amerika Erdiko herrialdean bi lurraldeetako teknikariekin eta politikariekin.

Basqueskolako euskal hautetsiek, Emakunderen eta EUDELen bultzadarekin, El Salvadorrekin lanean ai dira 2019tik, emakume politikarien beste sare batzuekin nazioartea aliantzak egiteko estrategiaren baitan. Zehazki, alkateen eta zinegotzien ahalduntzea eta eragina sustatzen ari da udalen agenda publikoan. Helburua da, Berdintasuna zeharkako ardatz gisa kokatzea herritarrengandik hurbilen dauden politiketan, eta horrek udalerri berdintasunezkoagoetan eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoetan eragitea.

 

  • Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak (GSE) eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) gaur sinatu duten akordioaren ondoren, Lurraldeko 288 farmaziek udaletako Gizarte Zerbitzuek artatu ditzaketen balizko egoeren berri eman ahal izango dute. “Gipuzkoako udalerri guztiek farmazia bat dute, eta horrek radar gisa balioko du gure herri eta hirietako behar soziosanitarioak detektatzeko”, azpimarratu du EUDELeko elkarteburuak.
  • Erakundeen arteko akordioak, halaber, udaletako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuek eta Gizarte Zerbitzuek artatutako pertsonen medikazioaren erabilera hobetzeko programa ere jasotzen du.

Donostia, 2025eko maiatzaren 6a.- Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Miguel Ángel Gastelurrutia GSEko presidenteak lankidetza instituzionaleko esparru-hitzarmen bat sinatu dute gaur Donostian, udal-zerbitzuek artatu ditzaketen arazo soziosanitarioko egoerak Gipuzkoako farmazietatik detektatzeko programa bat martxan jartzeko. Era berean, udaletako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuek (ELZ) eta Gizarte Zerbitzuek artatutako pertsonen medikazioaren erabilera hobetzeko programa zabaltzea eta bultzatzea ere aurreikusten du akordioak. Programa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatua, Lurraldeko 56 udalerritan dago martxan.

Gaur sinatutako hitzarmena Gipuzkoako 88 udalerri bidaliko die EUDELek, hala badagokio eta tokiko autonomia errespetatuz, GSErekin hitzarmen espezifiko bat sina dezaten udal bakoitzerako, udalerri bakoitzaren gizarte-programen eta -zerbitzuen behar eta berezitasunei erantzuteko. Horrez gain, maiatzaren 19rako informazio-saio bat antolatu da Gipuzkoako farmazialarientzat eta udaletako gizarte-zerbitzuetako teknikarientzat, akordioaren eta programaren nondik norakoak azaltzeko, eta farmaziek gizarte-zerbitzuekin harremanetan jartzean jarraitu beharreko prozedura azaltzeko, detektatutako arazoen arabera.

Akordioak Lurraldeko farmazietatik detekta daitezkeen hainbat egoera jasotzen ditu, eta, horien aurrean, lehenik eta behin, farmazia komunitarioak informatuko eta animatuko ditu pertsonak dagozkien gizarte-zerbitzuetara joan daitezen; edo, bestela –eta, betiere, pertsona horren aldez aurreko baimenarekin–, farmaziatik udaleko gizarte-zerbitzuekin hitzordua eskatuko da edo zuzenean jarriko da pertsona haiekin harremanetan.

Programak egoera hauek aurreikusten ditu:

  • Bakardadea: edozein arrazoirengatik, gizarte- eta familia-sare urria edo batere ez duten pertsonak, eta gizarte-isolamenduko egoeran egon daitezkeenak.
  • Autonomia pertsonala galtzea edo mendekotasun-arriskua: narriadura kognitiboa, muga funtzionalak, elikadurarekin eta higienearekin lotutako arazoak dituzten edo oinarrizko beharrak behar bezala betetzen ez dituzten pertsonak.
  • Familia zaintzaileen gainkarga eta amore ematea: etxean dauden pertsonak zaintzen dituzten pertsona ez profesionalak; ematen zaizkien zainketen intentsitateak edo iraupenak gainkarga egoeran eta amore emateko arriskuan jartzen dituzte.
  • Indarkeria matxista edo familia barruko indarkeria: atzemandako arazoaren arabera, hainbat motatako esku-hartzeak ezartzen dira.
  • Tratu desegokia edo tratu txarra adinekoei.
  • Gizarte-zerbitzuek aztertu eta esku hartu beharrekotzat jotzen diren beste egoera batzuk: larritasun maila kontuan hartuta, udaleko gizarte-zerbitzuei jakinaraztea beharrezkotzat jotako egoerak.

Gaurko sinadura-ekitaldian, Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako Zuzendariarekin batera, EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordeko ordezkari hauek hartu dute parte: Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak, Tolosako alkate Andu Martínez de Rituertok, Donostiako zinegotzi ordezkari Ana Lópezek eta Zumarragako zinegotzi Iñaki Mendilucek.

Farmaziak, gizarte-zerbitzuen ‘aliatu’

EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz pozik agertu da Hitzarmen hau sinatu delako: “Ongi etorria ematen diogu Lurraldean dauden baliabide publikoen saretik gure laguntza behar duten pertsonengana gehiago eta hobeto iristeko koordinazio tresna berri bati”. Apraizek nabarmendu duenez, “farmazia komunitarioak udaletako Gizarte Zerbitzuen funtsezko aliatu bihurtzen dira, eta horiek dira baliabide eta prestazioen euskal sistemara sartzeko atea. Gipuzkoako udalerri guztiek farmazia bat dute, eta farmazia hori gure herri eta hirietako behar soziosanitarioak detektatzeko radarra izango da.”

Ildo horretan, EUDELeko elkarteburuak gogorarazi du udalen lana dela pertsona zerbitzu egokienera jotzeko orientatzea eta bideratzea; “baita arrisku-egoerei aurrea hartzea eta lan komunitarioa egitea ere, beste erakundeekin (Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza) koordinatuta, Hirugarren Sektorearekin lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan”.

Bere aldetik, GSEko presidente Miguel Ángel Gastelurrutiak azpimarratu du farmazia komunitarioa banaketa geografikodun osasun-establezimendua dela eta bereziki garrantzitsua dela, herritarrengandik hurbil dagoelako eta irisgarria delako, “batez ere kontuan hartzen badugu ez dela beharrezkoa aurretik hitzordua eskatzea eta ordutegi oso zabalak izatea”.

Hori guztia kontuan hartuta, “farmaziak oso zeregin garrantzitsua izan dezake gaur egun funtsezkoak diren gizarte-alderdi guztietan, eta, horregatik, gaur EUDELekin sinatutako akordioa aurrerapauso garrantzitsua da, Gipuzkoan, lanbidearentzat eta Elkargoarentzat. Abian jartzeak farmaziaren gizarte-rola indartzen du modu aitzindarian, ahultasun-egoeren eta behar soziosanitarioen radar gisa jardunez, udaletako gizarte-zerbitzuekin batera eta lankidetza estuan”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak nabarmendu du oso garrantzitsua dela udaletako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programa, GSEk eta EUDELek sinatutako akordioan sartua, medikamentua eskuratzea errazten duena eta tratamendua behar bezala betetzea bermatzen duena. “Beraz, paziente bakoitzaren osasuna hobetzen laguntzen du, eta familien eta zaintzaileen lana babesten du”. Betolazaren hitzetan, “sendagaiak erabiltzen dituzten pertsonen osasuna hobetzen lagunduko duten zerbitzuak ezartzearen aldeko apustua da, tratamenduaren helburua betetzen lagunduko dutenak, eta, gainera, osasun-sistemaren eraginkortasuna, segurtasuna eta efizientzia hobetuko dutenak”.

Halaber, Farmaziako zuzendariak farmaziek farmazia-arretan duten rol aktiboago baten aldeko apustua egin du, atxikidura terapeutikoan funtsezkoa den alderdia, eta farmaziekin lankidetzan jarraitzearen alde mintzatu da, herritarrei arreta pertsonalizatua eta eraginkorra eskaintzeko.

  • Udalhitz Akordio berriaren edukiak landuko dituen negoziazio-prozesuaren esparrua finkatu dute gaur Udalen eta sindikatu nagusien ordezkariek, enplegu publikoaren egonkortasuna eta sorrera lortzeko eta EAEko toki-erakundeetako langileen baldintzak hobetzeko.

Bilbon, 2025eko apirilaren 10ean. Gaur arratsaldean, EUDELen egoitzan, Udalen ordezkaritza politikoaren eta sindikatu nagusien arteko bilera egin da, EAEko toki-erakundeetako 20.000 langile publiko baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz akordio berriaren Negoziazio orokorrerako Mahaia eratzeko. Egungo akordioaren eguneraketarekin, Euskadiko udalen erronka berriei erantzun nahi zaie, herritarrentzako zerbitzu publiko hobea ekarriko duten lan-baldintza onuragarriagoen bidez.

Mahaiaren eraketan, alde batetik, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Talde Independenteen ordezkariek osatzen duten EUDELen Negoziazio Batzordeak eta, bestetik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek parte hartu dute.

Arratsaldeko bileran, eta Mahaia eratu baino lehen, udalek eta sindikatuek esparru-protokolo bat sinatu dute. Protokolo horretan, bi alderdiek egungo Udalhitz oinarri hartuta negoziazioari ekiteko konpromisoa jasotzen da, akordio berri bat lortzeko hobekuntzak sartzeko oinarrizko dokumentua baita. Era berean, alderdiek etorkizuneko akordioari ahalik eta atxikipen handiena aktiboki sustatzeko duten borondatea adierazi da.

EUDELek hemendik aurrera hasiko den negoziazio-prozesuari balioa eman nahi dio, Udalhitz berriaren edukiei helduko baitie. Horretarako, enplegu publikoaren egonkortasuna eta sorrera eta behin betiko estaldura lortzeko bideak aztertzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, bai eta ordainsari-masaren gehikuntzaren maximo globalak finkatzeko ere, izan ere, langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko eta dagokion aurrekontuaren oreka eta egonkortasuna bermatzeko.

EUDELeko Batzorde Eragile berria izendatu zenean, 2023ko irailean, Euskadiko Udalen Elkarteak ezarri zuen lehentasunezko proiektua egungo Udalhitz akordioa berrikustea izan zen. Akordio hori 2008. urtekoa da, eta, beraz, eguneratu egin behar da, eta urte horietatik hona garatutako araudi berrira egokitu. Horren haritik, Negoziazio Mahaia eratzeak berebiziko garrantzia du, tokiko agintaldi honen barruan, Akordioa berritu ahal izan dezaten udaletako eta mankomunitate eta sozietate publikoetako langileek. Udalhitzek lan-harreman aurreratuen esparru bat egituratzen du, euskal toki-erakundeen herritarrentzako zerbitzu publikoaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia garatzea ahalbidetuz.

 

  • EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek udalak beren ahalmenak ahalik eta gehien garatzera animatu ditu, Euskadiko udalerriak osasun- eta bizi-iturri osasungarri bihurtzeko; eta, bereziki, gaixotasunak prebenitzeko osasuna zaintzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko.
  • Alberto Martinez sailburuak azpimarratu du udalek funtsezko zeregina dutela herritarren osasuna sustatzeko eta hobetzeko “Salud y Municipios. Osasuna zure herrian” jardunaldian. Jardunaldi hori hausnartzeko eta udalerrietan osasuna prebenitzeari eta sustatzeari lotutako ekintzak partekatzeko gunea da. “Osasunak batzen gaitu”, adierazi du.

Bilbon, 2025eko apirilaren 9an. Gaur goizean Osasun Sailak eta EUDELek, Osakidetzarekin lankidetzan, antolatutako eta euskal udalei zuzendutako jardunaldi bat egin da.  Jardunaldiak udal-esperientziak partekatzeko eta hausnartzeko balio izan du. Topaketan hainbat tresna aurkeztu dira, hala nola, Euskadiko Osasunaren Behatokia eta Osasun Eskola+ plataforma digitala, baita udal-jardunbide onen arrakastaren hiru kasu ere: Durango, Zanbrana eta Soraluze.

EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek azpimarratu duenez, “osasun komunitarioa sustatzea udalen eskumena da, eta hori gauzatu behar dugu, Osakidetzarekin eta eskualde eta lurralde desberdinetako ESIekin batera lan eginez. EUDELek eta Sailak udalak beren ahalmenak ahalik eta gehien garatzera animatu dituzte, Euskadiko udalerriak osasun- eta bizi-iturri osasungarri bihurtzeko; eta, bereziki, gaixotasunak prebenitzeko osasuna zaintzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek nabarmendu du udalek funtsezko zeregina dutela herritarren osasuna sustatzeko eta hobetzeko, eta adierazi duenez, “Euskadi erreferente bihurtu behar dugu, baita osasuna prebenitzeko eta sustatzeko politikan ere. Osasun-baldintzatzaileek eragin handia dute udaletan, eta zuen beharra dugu”.

Gaur goizean Bilbon egin den foroan, Martinez sailburuak udalei eskatu die eragile aktiboak izan daitezen osasunaren prebentzioan eta sustapenean; izan ere, gure osasunaren kalitatearen % 10 gure osasun-sistemaren mende dago, % 20 gure genetikaren mende, % 20 ingurumenari, faktore sozioekonomikoei, herri eta hirien plangintzari, etxebizitzari, mugikortasunari eta abarri lotutako baldintzatzaileen mende, eta % 50 bizi-estiloaren eta ohitura osasungarrien mende.

Horren harira, Alberto Martinezek esan duenez “pedagogian eta sentsibilizazioan inoiz baino gehiago eragiteko unea da”. Guri dagokigu. Gauzak erraztea dagokizue. Prebentzioan eragina duten lankidetza-ekimenak bultzatzea”. Eta gaineratu du horretarako Osasun Saila eragile anitzeko eta maila anitzeko lankidetza bultzatzen ari dela osasun komunitarioaren inguruan. Lankidetza hori “erakusten ari da OSASUNA zatiketa-elementua baino gehiago lotura-elementua dela. Osasunaren prebentzio-ikuspegi horrek gizarte gisa eta, batez ere, pertsona gisa ahalduntzeko balio izatea nahi dugu. Osasunak batzen gaitu”.

Osasunaren prebentzioan eta sustapenean hobetzeko funtsezko tresnak

Hain zuzen ere, osasunaren prebentzioan eta sustapenean hobetzeko funtsezko bi tresna aurkeztu dituzte jardunaldian zehar.

Osasun Saileko Osasun Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendari Gontzal Tamayok Euskadiko Osasun Behatokia aurkeztu du. Behatoki hori azterketa-, komunikazio- eta ikerketa-tresna bat da, eta EAEko herritarren osasuna ekitatearen eta genero-ikuspegiaren arabera monitorizatu eta ebaluatzea du helburu. Hori berritasuna da estatu-mailan, horrelako tresnek normalean ez baitute genero-ikuspegia kontuan hartzen.

Tresna hori Osasun Sailari atxikita dago, eta Euskadiko 135 osasun-eremutan informazioa eta ebidentzia ematen die osasun-sistemari berari, udalei, aldundiei eta gainerako erakundeei, baita ikerketako langileei, profesionalei eta, oro har, gizarteari ere. Hori oso baliagarria da osasun-arloko ekintzak planifikatzeko eta lehenesteko. Zehazki, bizi-itxaropenarekin eta heriotza-tasarekin, osasun-egoerarekin, haurtzaroarekin, osasun-baldintzatzaileekin edo osasun-sistemaren erabilerarekin lotutako 23 adierazle biltzen ditu.

EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek nabarmendu duenez, “garrantzitsua da udal-arduradunok gure herri eta hirietan osasunaren egoerari eta haren bilakaerari buruzko informazioa izatea”, eta positibotzat jo du udalerri bakoitzerako datu espezifikoak izatea ahalbidetuko duen Behatokiaren tresna.

Bestalde, Begoña Belarrak —Osakidetzako erizaina Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzan— Osasun Eskola + plataforma digital berria aurkeztu du. Herritarrei zuzendutako osasun-eskola da, eta Osakidetzaren webgunetik sar gaitezke; bertan, pertsona bakoitzak bere osasunaren zaintzan inplikatzeko ahal izateko eta erabakiak hartzen parte hartu ahal izateko informazioa eta tresnak ditu. Belarrak azaldu duenez, atari horren bertsio berrituak, informazioa eta tresnak eskaintzeaz gain, osasuneko profesionalak kontsultan bertan zerbait agindu edo edukiren bat adierazteko (ikastaroak, tailerrak, multimedia-materiala…) aukera izango du, paziente eta familia zaintzaileek ezagutza zabalagoa izan dezaten eta, horrela, gaixotasuna hobeto kudeatu ahal izan dezaten.

Kasu arrakastatsuak: Osasuneko jardunbide egokiak udalerrietan

Topaketa horren baitan, Zanbranako, Durangoko eta Soraluzeko alkateek, Osakidetzako profesionalekin eta udaletako teknikariekin batera, beren udalerrietan herritarren osasuna eta ongizatea sustatzeko jardunbide egokien kasu arrakastatsuak azaldu dituzte.

Zanbranan duela urte batzuetatik hona adineko pertsonei zuzendutako proiektu kolaboratibo bat garatzen ari dira, biztanleria ahulen eta aurre-ahulen zahartzea lantzeko helburuarekin. Amaia Pikazak —Osakidetzako erizaina Zanbranako kontsultategian— eta María Trinidad Zarzak —Arabako Zanbrana udalerriko alkatea— azaldu dutenez, programan parte hartzen duten adinekoek jarduera fisikoa eta jarduera kognitiboa lantzen dute, Zanbranako kontsultategiak aldez aurretik balorazioa egin ondoren. Gainera, etengabeko komunikazioa dago Udalarekin programa eta inguru horretako osasun-beharrak baloratzeko.

Soraluzen, Osakidetzaren eta Gipuzkoako udalerri horretako udalaren eskutik, JendartEKIN proiektua abian da. Carlos Cangak —Lehen Mailako Arretako erizain albokoa eta Debabarrena ESIko Osasun Komunitarioko erreferentea— eta Unai Larreategik —Soraluzeko alkatea— zehaztu dutenez, 55 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ekimen hau bizitza osoko ikaskuntzan eta berdinen arteko prestakuntzan oinarrituta dago, prebentzioarekin lotutako hitzaldiak eta tailerrak eskainiz, adibidez, loaren higieneari edo udazkenarekin eta neguarekin lotutako gaixotasunei buruz.

Programa horretaz gain, jarduera fisikoa sustatzeari buruzko “Mugi Soraluze” proiektua ere martxan dago Soraluzen. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak kirola bultzatzeko duen programaren barruan kokatzen da. Azaldu dutenez, proiektu horren helburu nagusia da osasun-zerbitzuak orientazio-zerbitzura bideratzea edozein adinetako pertsona ez-aktiboak, pertsona horiek jarduera fisikoa egitera animatzeko eta beren egoera fisikoa eta ongizate orokorra hobetzeko.

Azkenik, Mireia Elkoroiribek —Durangoko alkatea— eta Izaskun Zeberiok —Donostiako Unibertsitate Ospitaleko hematologoa— EDONOLA ikerketa-proiektuaren berri eman dute. Ikerketa horrek linfoma duten eta immuno-kimioterapia jasotzen duten pertsonen artean ariketa fisikoak dituen onurak aztertzen ditu. Ekimen horrek —180 pertsonak parte hartzen dute eta Saileko Osasun Ikerketako Institutuek, udalek eta lanbide-heziketako ikastetxeek garatzen dute— tratamendu eraginkorra eman nahi du pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko, bihotz-biriketako gaitasunaren jaitsiera eta hauskortasunaren eta nekearen areagotzea saihestuz.

EUDELeko elkarteburua elkarrizketatu dute gaur Bizkaia Irratian (“Goizeko izarretan” programa), euskal udalen gaur egungo egoera errepasatzeko. Elkarrizketako gaiak udalerri txikien erronken azterketari; udal-finantzaketaren egoerari eta Euskadiko Udalen Elkartearen aurtengo ekintza-ardatzei buruzkoak izan dira. Proiektu nabarmenen artean, elkarteburuak EAEko udalerrietan etxebizitza eta logela turistikoak arautzeko EUDELek prestatu duen gidaren gainean eta udaletako langileen Udalhitz akordio arautzailearen hurrengo eguneraketaren gainean hitz egin du. Ondoren, tokiko berdintasun-politikak bultzatzeaz ere aritu da elkarrizketan, hain zuzen ere, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloak berrikusteaz. Era berean, udalek komunitatearen osasunaren prebentzioaren eta sustapenaren arloan duten eskumena garatzeko Eusko Jaurlaritzarekin egindako aliantza aipatu du.