Eudel

Author

eudel

Azken berriak

2019. urterako TEFFFren aurreikuspenak 13 milioi egingo du gora, iazko urtearekin konparatuz

Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak gaur, asteartean, 2018ko urriaren 16an, bilera egin du, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den astean (18-10-11) egindako bilkuraren ondoren, eguneratutako datuak ezagutarazteko. EUDELen eta Arabako Foru Aldundiaren ordezkariek, saioa amaitu ondoren, lurraldeko tokiko erakundeei zuzendutako ondoko informazioa helaraztea erabaki dute:

  • Arabako Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren (TEFFF) 2018ko ekitaldirako aurreikuspenak.
  • 2019ko ekitaldiari begira Funts horren kontura egingo diren emakidak.

Hurrengo dokumentuan dagoen informazioa:

Tokiko erakunde bakoitzarentzat banan-banako datuen TAULAK.

Oharra: hurrengo egunetan, EUDELek prestatutako informazio zabalagoa eskainiko da, “2018-2019, Itunpeko zergetako udal parte-hartzea” gaiari buruzko Txostenaren bidez (ikus aurreko txostenak), baita UDALA aldizkaria: Udal Finantzazioa izenburua duen hurrengo argitalpenaren bitartez ere.

Arabako tokiko erakundeek 13 milioi gehiago izango dituzte 2019an, Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak (ATAFLK) bere kideekin partekatu duen aurreikuspenaren arabera. Hiru foru aldundiek aurtengo urterako aurreikusi duten diru-bilketaren igoeraren ondorioetako bat da, eta joan den astean egindako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan egin zen publiko.

Kontseiluak, ahaldun nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatu Pilar García de Salazarrek zuzendutakoak, azaldu du aurrekontuari dagokionez diru-bilketaren %2,1eko hazkunde horrek Foru Aldundiari aurrez ikusarazten diola 2019an Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsak (TEFFF) 229.971.450 euro lortuko dituela, eta horrek, 2018ko aurreikuspenekin konparatzen badugu (216.930.000koa zen), %6ko igoera ekarriko du.

Kontseiluak egindako bileran, 2018. urte honetarako TEFFFren kitapenaren aurreikuspena ere iragarri da, eta aurrekontuan zehaztutako kopurura iritsi ez ezik, are gehiago bilduko du, 224.500.000 euro inguru, parametroek orain artean bezala jarraitzen badute. Beraz, udalerriek, kuadrillek eta administrazio batzarrek foru aldundiari dirurik ez emateaz gain, baliabide gehigarriak izango dituzte.

EUDELeko ordezkariak Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluan (ATAFLK):

Añanako Kuadrilla:

José Javier Martínez Garcia, IRUÑA OKAko alkatea

Aiarako Kuadrilla:

Josune Irabien Marigorta, AMURRIOko alkatea

Kanpezu – Arabako Mendialdeko Kuadrilla:

Pedro San Vicente Corres, HARANAko alkatea

Guardia – Arabako Errioxako Kuadrilla:

Borja Monje Frías, MAÑUETAko alkatea

Arabako Lautadako Kuadrilla:

Mª Natividad López de Munain Alzola, BURGUko alkatea

Gasteizko Kuadrilla:

Itziar Gonzalo de Zuazo, GASTEIZko alkateordea

Gorbeialdeako Kuadrilla:

Unai Gutierrez Urkiza, ZUIAko alkatea

Akordio marko horrek mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta integrala eta jarraitua erraztuko du, foru titulartasunekoak diren eguneko zentroetan nahiz udalarenak diren eguneko arreta zerbitzuetan. 2020. urtera arte egongo da indarrean.

Bilbo, 2018ko urriaren 12a. EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi erakundeen arteko lankidetzarako akordio markoa berretsi dute eguneko arreta zerbitzuan eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako xedaturiko eguneko zentroetan jarraitutasuna artikulatzeko xedearekin, eta, aldi berean, lurralde osoan koherentzia lortzeko helburuarekin, Euskadiko gizarte zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde-arteko Mahaiaren baitan sinatu den hitzarmena EUDELen Bizkaiko Lurralde Batzordeak (lurraldean erabakiak hartzeko eta tokiko ordezkaritzarako organoa) onartu du bere azkenengo ohiko bileran. Akordioak, orain, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren onespena jaso berri du urriaren 9ko bileran.

Hori dela bide, Gizarte Ekintzako foru sailak eta lurraldeko udalek, azterketa egin osteko balorazioan mendekotasun-maila aldatzen bada, arreta integrala eta jarraitua eskainiko diete adineko pertsonei.

Gizarte Zerbitzuen Legeak eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Zorroa arautzen duen 185/2015 Dekretuak lehen mailako arretako zerbitzu gisa –eta, beraz, udalek edo mankomunitateek hornitu beharrekoa- ezarri ditu I. graduko mendekotasun aitortua duten (25 eta 39 puntu) adineko pertsonentzako aldi baterakoak edo iraunkorrak diren eguneko arreta zerbitzuak. Era berean, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzu gisara eta ondorioz, zerbitzua hornitzeko, 39 puntu baino gehiagoko mendekotasun maila duten pertsona helduei zuzendutako zerbitzua edo eguneko zentroa finkatu du Foru Aldundiak.

Hala, mendekotasunaren balorazioa berrikusi ostean pertsona erabiltzaileek udalaren eskuduntzako eguneko arreta zerbitzua erabili ahal izateko baldintzak betetzeari utziko baliote, foru izaerako baliabide bat erabili ahal izateko aurrerapausoa emango dute; horrela, arretaren jarraitutasuna bermatuz.

Akordio marko hori 2020ko ekitaldira arte egongo da indarrean. Nolanahi ere, indarraldia bukatu aurretik bi aldeek indarraldia lau urte luzatzea adostu ahal izango dute.  Era berean, bi aldeen erakunde-arteko lankidetzarako tresna gisa, udal eta foru ordezkariek osatutako jarraipen batzorde bat ezarriko da, eta gutxienez, urtean behin bilduko da. Bizkaiko Lurralde Historikoko Zorroari buruzko Dekretua garatzearekin eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Mapa zabaltzearekin bat datorren metodologia baten bidez gauzatu da akordioa. Hori guztia, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDELen elkarlanari esker.

Bizkaiak 51 eguneko zentroz osatutako sarea du eta, guztira, foru erantzukizuneko 1.373 plaza eskaintzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 11an. Ostegun honetan Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urteko bigarren bilera egin da. Kontseiluan honakoek hartzen dute parte: Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta EUDELeko 3 kidek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kide banak hain zuzen ere.

Kontseiluko bilera amaitu ondoren prentsaurrekoan, Imanol Landak, EUDELen elkarteburua, datuak baikor hartu ditu, 2018ko ekitaldia ixtean dugun egoera ekonomiko-finantzieroa “aldeko agertoki baterantz” doala dirudielako. Hala ere, eta gainerako herri-erakundeek bezala, Imanol Landa elkarteburuak zera esan du: “zuhurtziaz jokatu behar dugu diru-bilketaren azken datuak jakin arte, ulalerriz udalerri eta lurralde bakoitzean”.

Euskal ogasunek aurten 14.706 milioi euro jasoko dituzte, hau da, errekor berria, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aurreikusi zuena baino 315 milioi gehiago (%2,2). Kontseiluak 2019an 15.265 milioi euro jasoko direla aurreikusi du. Aurreikuspenak gainditu badira ere, Kontseilua osatzen duten herri-erakundeek zuhurtziaz jokatzeko esan dute, munduko ekonomian dauden “mehatxuak” direla eta.

Kopuru hauek gaur ezagutu ditugu, Gasteizen Herri Dirubideen Euskal Konseiluak egin duen bileran. Diru bilketaren datuak aztertzeko eta herritarrentzat dauden baliabide ekonomikoak erabakitzeko erkidegoan dugun erakunde gorena da Kontseilua.

EUDELen elkarteburua Imanol Landak adierazi du “udaletako bilketaren inpaktua zein den benetan ezagutzeko, Finantzen Lurralde Kontseiluak beharrezkoak direla“. Hurrengo egunetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian deituta daude, eta udal bakoitzaren banakako datuak xehetasun handiagoz aztertuko dituzte udal eta foru arduradunek, Udal Finantzaketarako Foru Funtsei (TEFF, Araban, UFFF, Gipuzkoan, eta Udalkutxa, Bizkaian) 2018ko ekitaldirako dagokienean, eta tokiko mailan egoera zehatzago baloratzeko aukera emango dute. 2018ko ekitaldiaren itxierako behin betiko datuak datorren urteko otsailean ezagutuko dira.

2018/10/11ko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aztertu dituen puntuei buruzko informazio guztiaren PRENTSA OHARRA ikusi

Hiru lurraldeetako eta tamaina ezberdinetako udalak

HDEKn, udalek erakunde maila ezberdinekin batera parte hartzen dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru Foru Aldundiekin, alegia. Euskadiko Toki Erakundeen Legearen ostean, udalek aukeratutako hiru ordezkari dituzte Lurralde Historiko bakoitzeko, eta askotariko populazio-tamainako udalerrietakoak. Zehazki, hiru dira EUDELeko ordezkariak:

Imanol Landa, GETXOko alkatea (Bizkaia) eta EUDELen elkarteburua

Josune Irabien, AMURRIOko alkatea (Araba)

Eneko Maioz, OREXAko alkatea (Gipuzkoa)
HDEK-en hiru udal ordezkariak EUDELeko Batzorde Eragileen kideak dira (hamabost kidek osatzen dute EUDELeko organo eragile garrantzitsuena).

 

 

Administrazio Baldintzen EREDUZKO ORRIEN bilduma. Kontratu txikiak Sektore Publikoko Kontratuen Lege berrian

  • Eguna: urriak 22, astelehena
  • Ordutegia: 10:00-12:30.
  • Lekua: Bilbo. Bizkaia Aretoa (UPV-EHU eraikina, Abandoibarra etorb. 3). Auditoriuma, 0. solairua.
  • Hurbileko aparkalekua: Euskadi plaza. Ikusi kokalekua
  • Hartzaileak: toki erakundeetako langile politiko, tekniko-juridiko eta kontratazioaren alorrekoak.

Leku-kopurua ez dago mugatuta; plaza erreserbatzeko, urriaren 18a baino lehen eman behar da izena:

ON-LINE IZENA EMATEKO

JARDUNALDIKO EGITARAUA

EGITARAUA

09:30. Inskribatzea
10:00. Jardunaldiaren IREKIERA-EKITALDIA
Imanol Landaren ongietorria. Getxoko alkate eta EUDELeko elkarteburua.
Miguel García Rescalvoren hitzaldia. Abokatua eta aholkularia Administrazio Publikoetan. Kontratazio publikoan aditua.

1. zatia: Administrazio Baldintzen ereduzko orrien bilduma: EUDELen eskuliburuaren aurkezpena, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Lege berriaren arabera eguneratuta.

– Orrien bildumaren edukiak eta logika

2. zatia: Kontratu Txikiak. Tramitazioa eta aplikazio-kasuak. Esparru-hitzarmenen aukera, etengabeko prestazioak kontratatzeko.

– Zalantzak argitu eta gai osagarriak jorratzea.

12:30. Jardunaldiaren AMAIERA

Administrazio Kontrataziorako eskuliburu berri honekin, Euskadiko toki erakundeei tresna praktiko bat eman nahi die EUDELek, adierazitako kontratuetan administrazio baldintza berezien orriak egiteko orduan, kontratazio-prozeduretako zeregin juridiko eta administratiboak sinpletu eta arintzeko xedez.

JARDUNALDIKO BIDEOAK

JARDUNALDIKO ARGAZKIAK

  • EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari da ekintza estrategiko eta aholkularitza teknikoko plan batean, 2020ko Agenda Digitala EAEko tokiko administrazioetara helarazteko.
  • #HERRISMARTIK programaren helburua da “Lurralde Adimendunaren Euskal Estrategia” garatzea, tokiko erakundeei udal zerbitzu adimendunak (Smart Cities) pixkanaka ezartzen laguntzeko, Euskadiko udalen aldetik eta gainerako euskal administrazioekin izapideen sinplifikatzean, kudeaketa integral aurreratuan eta elkarreragingarritasunean egingo diren aurrerapenen inguruan.
Jardunaldiko laburpena
  • Etorkizuneko “smart” ekintzen estrategia ibilbide malgu batean egituratuko da udalerrietan, lurralde bakoitzean dauden bilakaera maila ezberdinak oinarri hartuta. Ahalik eta “erradiografia” zehatzena lortzeko, Euskadiko udal guztiekin diagnostikoa egingo da, urte honen azken hiruhilekoan zehar.
  • Estrategia orokorra eta lan proposamena gaur goizean zehar aurkeztu dira, tamaina ezberdinetako udaletako berrogeita hamar bat arduradun politiko eta teknikorekin antolatu den lan-saio batean. ELGOIBARko (Ane Beitia, alkatea), LARRABETZUko (Iñigo Gaztelu, alkatea) eta ERMUko udalak haien tokiko proiektu eta ekimenak aurkeztu ditu. Smart Cities-en arloan aditua den Igor Calzadak hartu-eman eta hausnarketa hizketaldia eduki du udal ordezkariekin, eta Europako beste herri batzuetan arrakastaz garatu diren ‘smart’ proiektu berritzaile eta ekimenen adibideak azaldu ditu.

Bilbon, 2018ko urriaren 5ean. Gaur goizean, EUDELek hausnarketa eta hartu-eman jardunaldia antolatu du Euskadiko udaletako politikari eta teknikariei zuzenduta, berrikuntza, modernizazio eta antolakuntza eraldaketa arlokoei bereziki. Berrogeita hamar bat udal ordezkarik parte hartu dute jardunaldian zehar, eta Europako Horizontea 2020 Testuinguruan “Lurralde Adimendunaren Euskal Estrategia” garatzeko ekintzen proposamen bat aurkeztu da: #Herrismartik 2020.

Estrategia tamaina guztietako udalek adostutako ekintzen proposamen batean datza, EUDELeko Berrikuntza Batzordearen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeetako  hiru azpibatzordeen (“Lurraldeak” deituak) barruan.

2018ko urrian abiaraziko den akzio planak 2020ko Euskadiko Agenda Digitalaren zabaltzearekin jarraitzea aurreikusten du, toki mailan. Horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ezartzen duen erronka da teknologia digitalek euskal administrazio multzoarentzat erakusten dituzten desafioei erantzutea, eta euren aukera guztiak garatzea. Hori guztia, Euskadi, 2020. urteko Europan, ongizate, gizarteratze, lehiakortasun, garapen eta enpleguaren kalitatean erreferente bihurtzeko helburu nagusiarekin.

Diagnostikoa eta akzio plana

Gaur goizeko lansaioan parte hartu duten udalerriekin “HERRISMARTIK” akzio IBILBIDE bat zehaztu da, 2019. urtera arte garatzeko. Abiapuntu gisa, galdetegi-diagnostiko eredu bat landu da udalei zuzenduta, tokiko berrikuntza mailan duten bilakaera maila zehazteko, azken urteotan aurreko hainbat programatan egin diren lanak, ‘Tokiko Berrikuntza Agendak’ esate baterako, oinarri gisa hartuta.

Galdetegia udal guztiei bidaliko zaie gaurtik aurrera, eta euren ondorioek epe ertain eta luzera begirako etorkizuneko akzioak diseinatzeko aukera emango dute, ahalik eta Euskadiko tokiko erakunde gehienetan udal zerbitzu adimendunak edo ‘Smart Cities’ direlakoak pixkanaka ezartzea lortzeko.

Egoeraren lehen diagnostiko horren bitartez, EUDELek udalerri bakoitzaren abiapuntuko egoeraren “erradiografia” eskuratzeko asmoa du, akzioen ibilbide orokorra maila ebolutibo ezberdinei egokitzeko xedearekin. Halaber, aurreratuen dauden udalen eta udal hasi berrien arteko sareko lana ere bultzatuko da.

Galdetegiaren ondorioetatik aurrera, udal adimendunaren alderako ibilbide edo “bidaia” hainbat epetan garatuko da, jada martxan dauden lan-lerroetatik abiatuta, eta euren artean lau hauek azpimarratzen dira:

  • Tamainaz txikienak diren udalei laguntza ematea, euren izapide administratiboen Eskuliburuak lantzeko.
  • Herritarren Arreta Zerbitzu integral eta kanal anitza ezartzea, eta laguntza berezia ematea 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.
  • Administrazio elektronikoa garatzea eta tamaina guztietako udal gehienak pixkanaka Elkarreragintasunerako eta Segurtasunerako Euskal Nodoa-NISAEra bertakotzea, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin elkarlan estuan. *Lehen proiektu pilotua 2018an 10-12 udal zerbitzuko oinarrizko paketea identifikatzeko.
  •  Udalaren Kudeaketa Integralaren programari lotua dagoen (UKI: datu fiskalak, biztanleen erroldaren datuak, zerga-datuak, dokumentuen sarrera eta irteera erregistroa) “Herritarraren Karpeta” bultzatzea.

Adituen aholkularitza

2018ko Lan Plangintza horrek Igor Calzada du aholkulari gisa, Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea eta Smart Cities-ean aditua; gainera, esperientzia handia dauka nazioarte mailako hainbat proiektutan.

Gaurko hizlari nagusi moduan, Calzadak Europako eta mundu mailako hainbat udalerriren zenbait praktika arrakastatsuren adibideak aurkeztu ditu, eta “Alkate adimendunek” lidergo politiko berritzailea hartzea defendatu du, gobernu irekiaren, gardentasunaren eta herritarraren parte hartzearen eredutik abiatuta, azken horiek agente aktiboak baitira (“maker”-“ekoizleak”) eta horiek ere ardura baitute.

Beste “HERRISMARTIK” berrikuntza batzuk, udaletarako:

  • LURRALDEAK – lurralde bakoitzeko beharrei erantzuna

#HERRISMARTIK, Lurralde Adimendunaren Euskal Estrategia ezartzeko, eta EUDELen Berrikuntza Batzordearen irizpideetan oinarrituz, ‘Lurraldeak’ sortu dira; arduradun politikoek (alkateak eta zinegotziak) eta teknikariek osatzen duten lurralde azpibatzorde sare bat, hain zuzen ere, lurralde bakoitzeko udalen aldetik dauden behar bereziak zeintzuk diren zehazteko eta bakoitzaren udal errealitate ezberdinean kokatzeko.

  • Praktika egokiak eta ‘Smart’ ekimenen bankua

Gaurkotasuneko informazio guztia, gidak eta argitalpenak, baita tokiko/Europako alorrean antzeman diren Praktika egokiak ere, www.herrismartik.eus web orrialdearen bitartez zabalduko dira. Webguneak Euskadiko udalek garatutako ‘Smart’ proiektuak partekatzeko sail berezi bat dauka: ‘TOKIKO ESPERIENTZIA BANKUA’ deitzen da.

 

www.herrismartik.eus  #Herrismartik2018

BFAk diru-laguntzen foru-dekretu bat jartzen du 5.000 biztanletik beherako Bizkaiko udalen esku —apirilaren 17ko Foru Dekretua, hain zuen—, udal horiek Europar Batasunaren programa eta ekimenetan parte har dezaten bultzatzeko.

2018. urtean Europar Batasunaren deialdi batera aurkeztu diren udalek 2018/12/31ra arte eskatu ahal izango dute beren proiektua aurkezteko egin dituzten kanpoko aholkularitza-gastuen % 50 finantzatzeko.

Eskaera BFAren egoitza elektronikoaren bidez egingo dute.

Beheko estekan sakatuta, dagoen informazio guztia aurkituko duzu, euskaraz zein gaztelaniaz

Harremanetarako datuak:

Email: orientacioneuropea@bizkaia.eus

Informazioa euskaraz

Fitxa 991. Udalek Europar Batasuneko programetan eta ekimenetan parte hartzeko diru-laguntza
http://www.bizkaia.eus/herri_administrazioa/laguntza/laguntzaile/mostrar_ficha.asp?idPregunta=991&idioma=EU

GSEF Bilbao 2018 foroari amaiera emateko ekitaldian Amaierako Adierazpena irakurri da, hain zuzen ere, hiru eztabaida-jardunaldietan parte hartu duten eragileen arteko adostasunaren ondorioz sortu den agiria. Itxiera-ekitaldian, GSEFren idazkari nagusiak Bilboko Foroa 2018 ekimenaren oroimenezko plaka bat eman die instituzioei eta hirugarren sektoreko erakundeei, Tokiko Batzorde Antolatzaileko kide izateagatik, munduko foro hau (Europako lehena) antolatu, sustatu eta Euskadi osoan hedatzeko egindako lanagatik eskerrak emateko. EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkateak, Imanol Landak, gaur jaso du adierazitako esker ona, Euskadiko udal guztien izenean.

  • GSEF (Global Social Economy Forum) gizarte-ekonomiaren alorrean mundu osoan antolatzen den fororik garrantzitsuena da, eta Europan egin da lehenengo aldiz. Horri esker, gizarte-ekonomiaren alorreko erreferentziazko sarearekin bat egin du Bilbok, Seul eta Montrealekin batera, aurreko edizioetako anfitrioiak izan zirenak. Hiru jardunaldi horien baitan bost osoko bilkura eta hogeita hamar tailer eta bisita tekniko inguru egin dituzte

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta GSEFeko Presidentekide berria den Joung Youl Kim-ek GSEF Bilbao 2018 foroaren amaiera-ekitaldia zuzendu dute gaur goizean. Amaiera-ekitaldian, gizarte-ekonomiari buruzko foroaren amaierako adierazpena irakurri dute, tokiko garapen inklusibo eta jasangarria lortzeko gizarte-ekonomiak duen garrantzian oinarritutakoa.

Horrez gain, Bilboko alkateak gizarte-ekonomiari buruzko nazioarteko foro handienaren anfitrioiaren lekukoa eman dio Mexikoi, GSEF 2020 foroaren hurrengo egoitza izango denari.

IKUSI GSEF BILBAO 2018ko ADIERAZPENA

84 HERRIALDETAKO 1.700 PERTSONA BAINO GEHIAGO ETORRI DIRA GSEF BILBAO 2018RA

Urriaren 1etik 3ra bitartean, 84 herrialdetako 1.700 pertsona baino gehiago etorri dira “Gizarte-ekonomia eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna” izenburua izan duen GSEF BILBAO 2018ra. Bertan bildu dira mundu osoko hiri handietako tokiko agintariak, administrazio zein erakunde publikoetako ordezkaritzak, gizarte-ekonomian adituak diren pertsonak eta hirugarren sektorea delakoaren barruan dauden erakundeetako ordezkariak. Nazioarteko foro hori aukera paregabea izan da ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko eta pertsonak helburu dituen berdintasunezko gizarte inklusibo baterantz aurrera egiteko, kalitate oneko enplegua sortuz eta bidezko hazkundearen zein garapen jasangarriaren bitartez. Horretarako, bost osoko bilkura eta hogeita hamar tailer eta bisita tekniko inguru egin dituzte.

BILBO, NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA GIZARTE-EKONOMIAREN ESPARRUAN

Bilbo GSEF 2018ko egoitza izendatu izanak gizarte-ekonomiaren esparruan munduko erreferente den sare batera gehitzea ahalbidetu dio Bizkaiko hiriburuari, azken hiru edizioak hartu dituzten Seulekin eta Montrealekin batera. Foroa Europan egiten den lehen aldia izan da, eta ekitaldiak berme handia eman dio gizarte-premiak aintzat hartzen dituen enpresa-ereduari lotutako politikak bultzatzeko udalaren konpromisoari.

Izan ere, Bizkaiko hiriburuaren lehentasunezko jarduketa-ardatzen artean dago gizarte-ekonomiako politiken lidergoa. Politikak hiri inklusibo eta integratzaile bat eraikitzera bideratuko dira, errotutako espiritu ekintzailearekin eta lan-esparrua demokratizatzearekiko, ardurarekiko, parte-hartzearekiko zein enpleguarekiko konpromiso zein tradizioarekin.

Bestetik, nazioarteko proiekzioa duten ekimen politikoak, kulturalak eta kirol-eremukoak hartzeko unean hiriak pizten duen interesa berresten du aipatutako ekitaldia bertan egiteak.

GIZARTE-EKONOMIAREN FORO GLOBALA

Global Social Economy Forum (GSEF) gizarte zibileko eragileak eta tokiko gobernuak biltzen dituen nazioarteko erakunde bat da, ekonomia sozial eta solidarioaren garapenarekin konprometituta dagoena. Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko erakundeen eta tokiko gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin sortu zen, kalitatezko enpleguaren sorrera, bidezko hazkundea, demokrazia parte-hartzailearen aurrerabidea eta garapen iraunkorra sustatzeko asmoz.

Ekonomia Sozialaren Foro Globaleko (GSEF2016) eskubide osoko kidea da Bilbo. Titulu hori ekonomia sozial eta solidarioaren sareko kideentzat eta tokiko gobernuentzat gordeta dago, eta biltzarrean bozkatzeko eskubidea ematen du. 2015eko abenduan Bizkaiko hiriburua sarean sartu zen ohorezko batzordeko kide gisa, eta, 2016tik aurrera, eskubide osoko kidea da.

  • Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformak laguntza, kontzientziazioa eta etengabe lanean aritzea eskatu du elikagaien xahuketa murrizteko.
  • Kalkulatzen da Euskadin 350.000 tona elikagai baino gehiago xahutzen dela urtean, eta helburua da kopuru hori erdira murriztea 2030. urterako.

Agente publikoek eta pribatuek, besteak beste,  hiru hiriburuko udalen ordezkariek eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen izenean, Josune Irabien, Amurrioko alkateak izenpetu dute gaur manifestua. Ekimen honen helburua da esfortzuak batzea 2030ean alferrik galtzen ditugun elikagaiak %50 gutxiago izan daitezen.

Gaur, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Elika Fundazioko zuzendari nagusi Arantza Madariagak Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma aurkeztu dute, eta erakundeen eta agente sektorialen 60 ordezkari inguruk bat egin dute “Elikagaien Xahuketarik ez Euskadin ” izeneko manifestuarekin.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila eta Elika Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa ez ezik, erakunde eta instituzio publiko eta pribatuek eta euskal elikagaien katea osatzen duten sektoreko hainbat agentek izenpetu dute manifestua, jakin badakite-eta elikagaien xahuketa murrizteko beharrezkoa dela elkarlanean aritzea, kontzientziatuta egotea eta lana etengabe egitea.

Manifestuarekin bat egin duten beste batzuk dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila; Osasun Saila; Bilboko, Donostia/San Sebastiango eta Gasteizko Udalak; Foru Aldundiak; Eudel; Kontsumobide; Ihobe, Euskadiko Kontsumitzaileen Federazioa; Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiba Kooperatiben Federazioa; Euskadiko Elikaduraren Klusterra; hainbat operadore, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako Ostalaritzako Elkartea, Mercabilbao, Eroski, UVESCO, Mercadona, Carrefour, Gastronomia Baska, Askora, Gasca Taldea, Lumagorri enpresa; ENBA eta UAGA sindikatuak; Azti zentro teknologikoa; hainbat prestakuntza zentro, hala nola Leioako Ostalaritza Eskola edo Basque Culinary Centre;  ENEEK kontseilu arautzailea; izaera sozialeko hainbat erakunde, hala nola Euskadiko Elikagaien Bankuen Federazioa, Nevera Solidaria, Aunar Elkartea, Lagun Artea eta beste agente gehiago.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, Elika Fundazioaren bitartez, Elikagaien Xahuketaren aurkako Ekintzen Plan Multidiziplinarra lantzea proposatu du, lantaldeak eratzeaz aparte

MANIFESTUA