Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkateak, Imanol Landak, FEKOORek gaur goizean Bilbon antolatutako ekitaldian hartu du parte, Abenduak 3–Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela-eta.
  • Urte bat gehiago, EUDELek bat egin du erakundeek eta gizarteak FEKOORi agertutako babesarekin; era horretan, desgaitasuna duten pertsona guztien inklusioaren eta bizi-kalitatea hobetzearen alde FEKOORek egindako lan arduratsu eta eraginkorra balioetsi nahi du EUDELek.

FEKOORek sentsibilizazio-ekitaldi bat antolatu du Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunerako, eta, horren bitartez, pertsona guztiek modu independentean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu du berriro. Ekitaldian EUDELen elkarteburu Imanol Landa izan da, baita Bilboko alkate Juan Mari Aburto ere, beste hainbat agintarirekin batera, adibidez, Gizarte Politiketako sailburuordea Lide Amelibia eta Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatu Isabel Sánchez Robles.

Bilboko Arriaga Antzokiko plazan jarritako karpan izan dira aldarrikapen-egun honetako ekitaldiak; bertan, Desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen Bizkaiko federazioak berriz ere azpimarratu du FEKOORek zuzendu duen Bizitza Independenterako Ereduak xede duen gizarte-eraldaketako proiektu hau hedatu eta gizarteratzeko garrantzia.

Aurten, modu independentean bizitzeko eskubidearen alde bideratu du FEKOORek abenduaren 3ko kanpaina, “Aldaketarako eragilea naiz. Bizitza independentearen alde” lelopean. Kanpainaren xedea da FEKOORek gizarteari proposatzen dion Bizitza Independenterako Eredua hedatu eta gizarteratzea. Metodologia berritzailea da, diskriminazioa saihesteko, mendekotasunari aurrea hartzeko eta gaitasunak, inklusioa eta parte-hartzea indartzeko.

Bizitza Independenterako Ereduari esker, pertsona guztiek, euren gaitasunak gorabehera, gizartean parte har dezakete, inolako bazterketarik gabe. EUDELek eta Euskadiko udalek babesa agertzen dute komunitatean erabateko inklusioa lortzearen alde, aukera-berdintasuna, irisgarritasun unibertsala eta diseinua eskainita pertsona guztientzat.

Informazio gehiago: www.fekoor.com @Fekoor #FEKOOR  #DesgaitasunaNazioartekoEguna #NiEragileBI

 

 

 

EUDELEN ELKARTEBURUA BISCAYTIK-EN X. URTEURRENEKO EKITALDIAN IZAN DA

Imanol Landa, EUDELen elkarteburua eta Getxoko alkatea, ostegunean BiscayTIK Fundazioaren X. urteurrena ospatzeko ekitaldien amaiera-galan izan da.

BiscayTIK Fundazioa 2008an sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko udalei modernizazio teknologikoren prozesuan laguntzeko.

Galan 400 pertsona baino gehiago izan dira, besteak beste, babesleak eta babesle ohiak, foru diputatuak, Bizkaiko udaletako alkateak eta bestelako udal ordezkariak, enpresak eta hornitzaileak eta BiscayTIKekin batera ibilbidea egin duten herritarrak.

Ekitaldian, bideo bidezko mezuak ikusi dira, BiscayTIKekin, hamar urte hauetan zehar, elkarlanean aritu diren erakunde eta eragileek bidalitakoak. Zoriontze-mezuen artean izan da EUDELen elkarteburuarena ere; lurralde osoko udalen izenean hitz egin du.

“ZORIONAK eta eskerrik asko teknologia modernizatzen eta modu eraginkorrean erabiltzen 10 urteotan udalei eman diezuen laguntzagatik. Benetan eskertzekoa da egin duzuen lana, herritar guztien zerbitzura delako. Datozen urteetan funtsezkoa izango da Aldundiarekiko elkarlana. Helburua da Bizkaiko udalerri guztiek ̶ gure tamaina alde batera utzirik ̶ elkarrekin aurrera egin ahal izatea, “lurralde adimenduna” bezala. Etorkizuneko erronka konplexu baina pozgarri honetarako, BiscayTIK fundazioaren laguntza eta aliantza izaten jarraituko dugu. Berriz ere ZORIONAK, eta izan gaitezen bidelagun beste 10 urtez!” Imanol Landa, EUDELen elkarteburua, Getxoko alkatea

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta (AZ25), Onda Vasca-ren “Euskadi fin de semana” programak EUDELeko berdintasun-sareetako bi ordezkari elkarrizketatu zituen: Josune Irabien, Amurrioko Alkate eta Basqueskola sarearen ordezkaria; eta Estibaliz Anitua, Uribe Kostako berdintasun-teknikari eta Berdinsarea-ko kidea. Bi sareak bultzatzea, EUDELen eta Emakunde-Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker gauzatzen da.

ENTZUN elkarrizketa osoa esteka honetan:

https://www.ondavasca.com/#/audios/declaracion-de-eudel-en-el-25n

Josune Irabien alkateak indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerrien konpromisoaz hitz egin zuen, EUDELeko AZ25eko Adierazpenean islatuta. Era berean, Irabienek azpimarratu zuen garrantzitsua dela emakume hautetsiek sareetan elkartzea, udaletatik politikan parte-hartze eta intzidentzia handiagoa lortzeko, eta, horrela, gizarte anitz, inklusibo eta berdintasunezkoen lorpen kolektiboari laguntzeko.

Bestalde, Estibaliz Anituak azaldu zuen nolako lana egiten duten udaletako berdintasun-teknikariek Berdinsarean, burutzen duten lan horrexen bitartez sortu baitira tokiko berdintasun-planak, indarkeria-protokoloak, genero-eraginari buruzko ebaluazioak edo kontzientziazio-kanpainak, hala nola AZ25ekoa eta  Martxoaren 8koa.

  • Emakundek bultzatutako , eta EUDEL-en eta hiru Foru Aldundien parte-hartzearekin Beldur Barik 2018 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen burutuko den Topaketan.
  • Beldur Barik programak 58 udalerritako 309 ikus-entzunezko lan jaso ditu. Lan horietan neska eta mutilek erakutsi dute nola egiten dieten aurre ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei, errespetuan, parekidetasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerekin.
  • Programak gazteei, indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.
  • Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeek puntu lila erabiltzera deitu dituzte herritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurka daudela erakusteko.

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

EUDELen aldetik Josune Irabienek hartu du hitza, Amurrioko Alkate eta Basqueskola Sareko ordezkariak. Josune Irabienek azpimarratu du Beldur Barik tresna eraginkorra dela, belaunaldi gazteenetatik hasita, emakumezkoak gero eta gehiago ahalduntzeko. “Programa honen baliorik handiena hauxe da: neska nerabe eta gazteen AHOTSA ENTZUNARAZTEA, euren duintasuna, segurtasuna eta errespetua eskatzen dute-eta.” -adierazi du.

Zentzu honetan, Amurrioko alkateak azaldu du Euskadiko udalerrietan egiten diren tokiko jarduerek “bozgorailu” gisa balio dutela, nesken mezua heda dadin. “Neska horiek, beraien kideekin batera, gizarte berdinzaleagoa aldarrikatzen dute; pertsona guztiak aintzat hartzen dituen gizartea”-esan du.

Azkenik, EUDELen ordezkariak Udalen konpromisoa eta zeregin garrantzitsua nabarmendu ditu, tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko orduan: “Udalek, hurbiltasuna dela-eta, lagundu dezakegu emakumezkoek nork bere ahotsez eta askatasunez hitz egin dezaten. Udalerrietan lan egiten dugu espazio eta komunitate berriak sortzeko; emakumezkoek indarkeria eta diskriminaziorik gabe bizitzeko duten eskubidea errespeta dadin.”

Josune Irabien

2018ko Beldur Barik Topaketa Gasteizen ospatuko da azaroaren 24an, larunbatean. Topaketaren jaian, urte osoan zehar, euskal geografia osoan gazteekin garatutako lanari amaiera eman ahal izango zaio. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Sari-banaketan, ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 300 lan baino gehiago aurkeztu dira eta 58 udalerrik parte-hartu dute. Horietatik %76a lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Eta lanen %24a bigarren kategoriari dagozkio, 18 eta 26 urte bitartekoena. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri bozkaketarekin, partaidetza saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla. (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: : http://beldurbarik.org/eu/2018-lehiaketa-lokalak/ .

 

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: egunerokotasunean bizitzen dituzten sexismoa eta diskriminazioa, kultura matxistan dauden edertasun kanonei egiten dieten kritika, maitasun erromantikoaren barnean sare sozialen bitartez bizi duten kontrola eta ahalduntze kolektiboaren barnean saretze feministaren garrantzia. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez indarkeria sexistari aurre egiteko moduak adierazi dituzte aurrekoetan baino modu sakonagoan.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei, indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna tresnak eskura jarriz. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatuz eta konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetako berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

Vitoria-Gasteiz, Beldur Barik Hiria

Azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen ospatuko den topaketan, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta ikuskizun ugari izango dira. Tailerrak El Pilar Gizarte Etxean izango dira eta sari-banaketa Europa Jauregian. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko da, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera El Pilar Gizarte Etxean.

Silvia Ayerra artistak sortutako Photo Call-a, Komando Clitorix DJekin batera.

  • 17:00-18:30 Tailerrak: Gorputzak eta mugimendua; Maskulinitatearen Tra(n)p-ak; Lodifobia lantzen duen Operación Bikini tailerra; Gorputzak astindu Hip Hoparen bitartez; No me la cuentes: medios, mujeres y música.
  • 18:35 – 19:10 Beldur Barik Kalejira! El Pilar Gizarte Etxetik Europa Jauregira arte. (Gazteei askaria banatuko zaie ibilbidea hasi baino lehen).
  • 19:15-21:15 Sari-banaketa, Zuriñe Hidalgo aurkezlearen eskutik.

Vitoria-Gasteizko Tokiko Lehiaketaren Sari Banaketa

Beldur Barik Lehiaketa Orokorreko Sari Banaketa

Musika emanaldiak: Ziztada &Rlantz

Annita Parker

  • 21:15 – 21:30 Autobusen irteera Europa Jauregitik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.eus

Puntu Lila

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

Urtero bezala, Azaroak 25 – Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Euskadiko udalerri guztietara bidali da adierazpen instituzionalaren eredua, EUDELek landua. Adierazpen hau adostua izan da Emakunderekin eta BERDINSAREArekin, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako  Euskadiko Udalen Sarea.

ADIERAZPENA IKUSI

Udal autonomiari errespetua erakutsiz, Adierazpen proposamena eredu irekia izan da, udal bakoitzak adierazpen hori tokiko errealitatera egokitu dezan, Osoko Bilkuran, Bozeramaileen Batzordean, Gobernu Batzordean edo udalak antolatutako dagokion parte hartzerako organuetan adostuak.

Azaroaren 29an, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian

Urriako azken 3an, EUDELek, beste Euskadiko erakundeek eta agente sektorialeek bat egin dute “Elikagaien Xahuketarik ez Euskadin” izeneko manifestuarekin.

Jardunaldi berri honen helburua da jakinaraztea zer jarduketa egiten ari diren esparru horretan, eta herritarrak sentsibilizatzea zer-nolako arazoa den elikagaiak xahutzea.

PROGRAMA IKUSI

IZENA-EMATEA

Ekitaldi hau Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak, ELIKA Fundazioaren bidez, egiten ari den Euskadin elikagaiak xahutzearen kontrako borrokan Jarduketa-Planaren barruan dago.

LEKUA:

Francisco de Vitoria auditorioa

Europa Kongresuen Jauregia
Gasteiz etorbidea 85,
01009 Vitoria-Gasteiz

EGUNA: 2018ko azaroaren 29a

ORDUA: 09:00 am

Doakoa da. Leku-kopurua mugatua da

Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2018-2019

Euskadiko Udalen esku jartzen du EUDELek landutako Udal Finantzazioari buruzko ‘UDALA-buletin monografikoa’ berria, “Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2018-2019” gaiari buruzkoa. Ohi bezala, argitalpen hau paperean bidaliko zaiei udalei datozen egunetan.

Edizio berri honetan, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren (18/10/11) eta Finantzen Lurralde Kontseiluen (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) bileren ondoren lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsei buruzko lurraldekako banantze-datuak daude bilduta.

UDALA 163 BULETINA JEITSI

UDALA 163 BULETINA IKUSI

*Ikusi aurreko UDALAko argitalpenak

*Harpide ezazu EUDEL Newsletter-a

·         EUDELek, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, eta UEMAk, non hiztunen aktibazioan inplikatzeko deia egin den

·         ‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ da gaur aurkeztu duten testuaren izenburua, eta Euskaraldiak ireki duen bidearen balioa nabarmendu dute.

Gasteiz, 2018/11/19

‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ izenburuaren pean, EUDELeko, Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako, eta UEMAko ordezkariek adierazpen instituzional bat sinatu dute gaur goizean, datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da ekitaldia, eta bertan, instituzio publikoek deia egin dute hiztunak aktibatzeko, egunero delako “euskararen aldia”. “Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu”, adierazi dute.

EUDEL ordekatuz eta Euskadiko Udalen izenean, ekitaldian parte hartu du Koldo Iturbek, Getxoko Udaleko Kulturako zinegotzia. Beste erakundeen ordezkariak honako hauek izan dira: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garatzeko eta Lurralde Orekarako diputatua Araban; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzia; Mari Jose Arrieta, Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariordea; Xabier Euzkitze, Donostiako Udala ordezkatuz; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea.

Aktibazioa eta adostasuna

Aurtengo adierazpena estu lotuta dago Euskaraldia ekimenarekin; ostiralean hasiko da eta luzatu egingo da, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte. “Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra”, irakurri du.

Hiztunen aktibazioaren aldeko apustu horretaz gain, euskararen inguruko adostasuna aldarrikatu du testuak. “Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa”, defendatu du.

ADIERAZPENA jeitsi