Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Euskadiko Udalen Elkarteak Administrazio Kontrataziorako Eskuliburuaren edizio eguneratua argitaratu du, Sektore Publikoko Kontratuen Lege berrira egokituta. Eskuliburua administrazio baldintzen ereduzko 22 orriren bilduma bat da, kontratazio-prozesuen segurtasun juridikoa handitzeko eta udalen izapide administratiboak arintzeko helburua duena.

ARGAZKI GALERIA IKUSI

  • Eskuliburua gaur goizean aurkeztu die EUDELen elkarteburu Imanol Landak udalei, Bilbon egindako informazio-saio batean; bertan, 250 kargudun baino gehiago egon dira: gehienbat, langile politiko eta teknikoak, kontratazio-zerbitzuetakoak nahiz zerbitzu juridikoetakoak, kontu-hartzaileak eta udal idazkariak.

Imanol Landa Elkarteburuaren Aurkezpen Bideoa

  • Orrien eskuliburua gaur bertan bidali zaie Euskadiko udal guztiei posta elektronikoaren bidez, eta webgunetik ere deskarga daiteke:

www.eudel.eus/web/pliegostipo2018/

Bilbon, 2018ko urriaren 22an. “EUDELek udalekin egiten du lan, udal kudeaketa berritzeko asmoz, hurbilagoa eta eraginkorragoa bilakatuta”. Orain, eskuragai jarri dugu administrazio-izapideak errazteko eta kontratazio-prozesuetan segurtasun juridiko handiagoa emateko tresna berria. Kontratazioa funtsezko gaia da udalen jardueran, eta ezinbestekoa da herritarrei kalitate goreneko zerbitzuak eman ahal izateko”. Horrela aurkeztu du gaur Imanol Landa elkarteburuak EUDELen Administrazio Kontrataziorako Eskuliburuaren 2018ko edizio gaurkotua, erreferentzia-materiala izan dena Euskadiko udalentzat duela 20 urte baino gehiago.

Indarrean jarri berri den Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legeak sartutako aldaketa garrantzitsuek beharrezkoa egin dute udaletan ohikoa den eskuliburu hau arautegi berrira egokitzea. Izan ere, EUDELek material hau eguneratu du pixkanaka-pixkanaka, kontratazio publikoaren arloko arautegia aldatu ahala.

Eskuliburua administrazio baldintza berezien ereduzko 22 orriren bilduma bat da, tokiko administrazioaren kontratu ohikoenei eta horien prozesuei buruzkoak: lanak, hornidurak, zerbitzuak eta zerbitzuak ematea.

Kontratu txikiei buruzko zalantzak argitzea

Kontratu txikiak behin eta berriro aplikatzeari buruzko 8/2017 Legearen arautegi murriztaileak eragiten dio gehien Herri Administrazioen funtzionamenduari. Udalentako langileen artean sortu diren zalantza horiei guztiei erantzuna emateko asmoz, EUDELek informazio-saio bat antolatu du gaur, 250 politikari eta teknikarirentzat baino gehiagorentzat. Saioa Miguel García Rescalvok bideratu du; Miguel García Rescalvo INAPeko irakaslea da, bai eta Herri Administrazioen aholkularia ere, Estatu mailan prestigio handikoa.

“Kontratu txikiak. Errepikatzen diren prestazioak kontratatzeko esparru-hitzarmenen alternatiba” hitzaldian, udalen galdera ohikoenei erantzuten saiatu da aditua. Gaur goizeko saioan, Rescalvoren hitzaldiak Kontratu Txikien konplexutasunari ekiteko irtenbide parktikoak proposatuko ditu. Legearekiko begirunez, eta, aldi berean, aplikazioarako eraginkortasunez jokatuta, betiere.

22 ereduzko orrien bilduma (kontratu eta prozesu ohikoenak)

  1. Lanak, Prozedura irekia
  2. Lanak, Prozedura ireki sinplifikatua
  3. Lanak, Prozedura ireki sinplifikatu laburtua
  4. Lanak, Prozedura murriztua
  5. Lanak, Lizitazioa negoziazioarekin
  6. Lanak, Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua
  7. Hornidurak, Prozedura irekia
  8. Hornidurak, Prozedura ireki sinplifikatua
  9. Hornidurak, Prozedura ireki sinplifikatu laburtua
  10. Hornidurak, Prozedura murriztua
  11. Hornidurak, Lizitazioa negoziazioarekin
  12. Hornidurak, Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua
  13. Zerbitzuak, Prozedura irekia
  14. Zerbitzuak, Prozedura ireki sinplifikatua
  15. Zerbitzuak, Prozedura ireki sinplifikatu laburtua
  16. Zerbitzuak, Prozedura murriztua
  17.  Zerbitzuak, Lizitazioa negoziazioarekin
  18. Zerbitzuak, Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua
  19. Zerbitzuen kontzesioa, Prozedura irekia
  20. Zerbitzuen kontzesioa, Prozedura murriztua
  21.  Zerbitzuen kontzesioa, Lizitazioa negoziazioarekin
  22. Zerbitzuen kontzesioa, Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua

Bizkaiko udalek 50 milioi euro gehiago izango dituzte 2019. Urtean

  • Bizkaiko udalek 869,1 milioi jasoko dituzte Udalkutxatik, hau da, % 6,1 gehiago aurtengo kopuruarekin alderatuta eta % 22 gehiago duela hamar urteko kopuruarekin alderatuz gero
  • Otsailean izango dugu 2018ko ekitaldiaren itxieraren berri, baina aurreikuspenen arabera, likidazioa positiboa izango da, iaz bezala

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluaren urriaren 17ko (arratsaldeko 16.30tan)  bilera egin eta gero, bidaltzen dizkizu:

  1. 2019ko Udalkutxaren konturako emateak
  2. 2018ko Udalkutxaren aurrelikidazioa

Bilbon, 2018ko urriaren 17an. Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak 2018-10-17ko arratsaldean egindako bileran, 2019. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua egin da, eta, zenbaki orokorretan, 869,1 milioi euro izango dira. Horrela, bada, Bizkaiak udalei ematen dien zerga-itundunen bilketaren zatia % 6,1 hazi da aurten banatutako funtsekin alderatuta, eta Udalkutxaren aurrekontua 819,3 milioi eurokoa da. Duela hamar urtetik egon den bilakaerari begiratuz gero, argi dago Udalkutxaren bitartez banatzen den diru-kopuruak hazkunde nabaria izan duela, % 22; izan ere, 2010eko ekitaldian 712,5 milioi euro eman ziren.

Udalkutxa-Udal Finantzaketarako Foru Funtsa arduratuko da kopuru hori Bizkaiko udalerrien artean proportzionalki banatzeaz. Gainera, datu erabakigarria dugu udalek datorren urteko ekitaldirako aurrekontuak prestatu ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.

Bileran, halaber, aurtengo ekitaldia ixteko aurreikuspenak jorratu dituzte. Behin betiko datuak otsailean egingo den Finantzetako Lurralde Kontseiluan emango dituzte ezagutzera, baina, hala ere, badirudi likidazioa positiboa izango dela berriz ere, 31 milioi euroko. Kopurua udalen artean banatuko dute 2019ko otsaileko behin betiko likidazioa egin ostean.

Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost Bizkaiko Foru Aldunditik datoz. Ibone Bengoetxea, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua, Kontseiluko burua da. Bestalde, gainerako bost kideek EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen izenean dihardute, eta Balmaseda, Bilbo, Portugalete, Larrabetzu eta Muskizeko udalak dira.

EUDELen ordezkariak Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluan:

Álvaro Parro, Balmasedako alkatea

Marta Ajuria, Bilboko zinegotzia

Borja Liaño, Muskizko alkatea

Mikel Torres, Portugaleteko alkatea

Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea

Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan udal ordezkariei emandako informazioa erantsi da. Kontseilua gaur goizean (2018ko urriaren 16a, asteartea) bildu da, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua joan den ostegunean, 18/10/11, egindako bileraren ondoren.

Informazio hori erantsitako dokumentuan dago jasota, eta, bertan, lurraldeko udalerri bakoitzeko banakako datuak eskaintzen dira, 2018ko ekitaldiko (UFFF) Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioaren aurreikuspenei dagokienez, bai halaber 2019ko ekitaldiko Funts horren konturako sarrerak.

*IKUSI TAULA: UDALERRI BAKOITZEKO DATUAK

500 milioitik gorako zuzkidura izango du lehen aldiz UFFFak, ekonomiaren momentu onak bultzatuta

Gaurko Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan, Foru Aldundiak eta Udalak bizi duen momentu onean jarri dute azpimarra, aurtengo Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak izango duen zuzkidura gehigarria azaltzerako orduan. Zehazki, 500 milioi euroen langa gaindituko da lehen aldiz, 504 milioi euro izango baititu, aurrekontuetan jasotakoak baino 18 gehiago. Udal ordezkariak Donostian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluan izan dira gaur, eta bertan jaso dute datuen xehetasunen eta azkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri.

Foru ordezkariekin batera, EUDELeko udal ordezkariek ere hartu dute parte bileran. Udalen ordezkaritza, bere aldetik, Elgoibarko alkate den Ane Beitiak; Azpeitiko alkateorde den Estitxu Elduaienek; Donostiako Ogasuneko zinegotzi den Jaime Dominguez-Macaya; eta Eudeleko zuzendari nagusi den Mar Zabalak osatu dute.

Datorren urteari begira, UFFFren zuzkidura hazi egingo da berriro ere, 14 milioi euro gehiago izango baititu. Horrela, guztira, 518 milioi eurora iritsiko da. Foru Alduendien eta Udalerrien ordezkariek nabarmendu dutenez, aurtengo eta datorren urteko aurreikuspenak “albiste onak” dira udalentzat, baina baliabideak zuhurtziaz kudeatzearen alde egin du. Lehenik eta behin, aipatutako zifrak oraindik ere aurreikuspenak bakarrik direlako. 2018ko ekitaldiaren itxierako behin betiko datuak datorren urteko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren otsaileko bileran ezagutuko dira.

2019. urterako TEFFFren aurreikuspenak 13 milioi egingo du gora, iazko urtearekin konparatuz

Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak gaur, asteartean, 2018ko urriaren 16an, bilera egin du, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den astean (18-10-11) egindako bilkuraren ondoren, eguneratutako datuak ezagutarazteko. EUDELen eta Arabako Foru Aldundiaren ordezkariek, saioa amaitu ondoren, lurraldeko tokiko erakundeei zuzendutako ondoko informazioa helaraztea erabaki dute:

  • Arabako Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren (TEFFF) 2018ko ekitaldirako aurreikuspenak.
  • 2019ko ekitaldiari begira Funts horren kontura egingo diren emakidak.

Hurrengo dokumentuan dagoen informazioa:

Tokiko erakunde bakoitzarentzat banan-banako datuen TAULAK.

Oharra: hurrengo egunetan, EUDELek prestatutako informazio zabalagoa eskainiko da, “2018-2019, Itunpeko zergetako udal parte-hartzea” gaiari buruzko Txostenaren bidez (ikus aurreko txostenak), baita UDALA aldizkaria: Udal Finantzazioa izenburua duen hurrengo argitalpenaren bitartez ere.

Arabako tokiko erakundeek 13 milioi gehiago izango dituzte 2019an, Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak (ATAFLK) bere kideekin partekatu duen aurreikuspenaren arabera. Hiru foru aldundiek aurtengo urterako aurreikusi duten diru-bilketaren igoeraren ondorioetako bat da, eta joan den astean egindako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan egin zen publiko.

Kontseiluak, ahaldun nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatu Pilar García de Salazarrek zuzendutakoak, azaldu du aurrekontuari dagokionez diru-bilketaren %2,1eko hazkunde horrek Foru Aldundiari aurrez ikusarazten diola 2019an Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsak (TEFFF) 229.971.450 euro lortuko dituela, eta horrek, 2018ko aurreikuspenekin konparatzen badugu (216.930.000koa zen), %6ko igoera ekarriko du.

Kontseiluak egindako bileran, 2018. urte honetarako TEFFFren kitapenaren aurreikuspena ere iragarri da, eta aurrekontuan zehaztutako kopurura iritsi ez ezik, are gehiago bilduko du, 224.500.000 euro inguru, parametroek orain artean bezala jarraitzen badute. Beraz, udalerriek, kuadrillek eta administrazio batzarrek foru aldundiari dirurik ez emateaz gain, baliabide gehigarriak izango dituzte.

EUDELeko ordezkariak Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluan (ATAFLK):

Añanako Kuadrilla:

José Javier Martínez Garcia, IRUÑA OKAko alkatea

Aiarako Kuadrilla:

Josune Irabien Marigorta, AMURRIOko alkatea

Kanpezu – Arabako Mendialdeko Kuadrilla:

Pedro San Vicente Corres, HARANAko alkatea

Guardia – Arabako Errioxako Kuadrilla:

Borja Monje Frías, MAÑUETAko alkatea

Arabako Lautadako Kuadrilla:

Mª Natividad López de Munain Alzola, BURGUko alkatea

Gasteizko Kuadrilla:

Itziar Gonzalo de Zuazo, GASTEIZko alkateordea

Gorbeialdeako Kuadrilla:

Unai Gutierrez Urkiza, ZUIAko alkatea

Akordio marko horrek mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta integrala eta jarraitua erraztuko du, foru titulartasunekoak diren eguneko zentroetan nahiz udalarenak diren eguneko arreta zerbitzuetan. 2020. urtera arte egongo da indarrean.

Bilbo, 2018ko urriaren 12a. EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi erakundeen arteko lankidetzarako akordio markoa berretsi dute eguneko arreta zerbitzuan eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako xedaturiko eguneko zentroetan jarraitutasuna artikulatzeko xedearekin, eta, aldi berean, lurralde osoan koherentzia lortzeko helburuarekin, Euskadiko gizarte zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde-arteko Mahaiaren baitan sinatu den hitzarmena EUDELen Bizkaiko Lurralde Batzordeak (lurraldean erabakiak hartzeko eta tokiko ordezkaritzarako organoa) onartu du bere azkenengo ohiko bileran. Akordioak, orain, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren onespena jaso berri du urriaren 9ko bileran.

Hori dela bide, Gizarte Ekintzako foru sailak eta lurraldeko udalek, azterketa egin osteko balorazioan mendekotasun-maila aldatzen bada, arreta integrala eta jarraitua eskainiko diete adineko pertsonei.

Gizarte Zerbitzuen Legeak eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Zorroa arautzen duen 185/2015 Dekretuak lehen mailako arretako zerbitzu gisa –eta, beraz, udalek edo mankomunitateek hornitu beharrekoa- ezarri ditu I. graduko mendekotasun aitortua duten (25 eta 39 puntu) adineko pertsonentzako aldi baterakoak edo iraunkorrak diren eguneko arreta zerbitzuak. Era berean, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzu gisara eta ondorioz, zerbitzua hornitzeko, 39 puntu baino gehiagoko mendekotasun maila duten pertsona helduei zuzendutako zerbitzua edo eguneko zentroa finkatu du Foru Aldundiak.

Hala, mendekotasunaren balorazioa berrikusi ostean pertsona erabiltzaileek udalaren eskuduntzako eguneko arreta zerbitzua erabili ahal izateko baldintzak betetzeari utziko baliote, foru izaerako baliabide bat erabili ahal izateko aurrerapausoa emango dute; horrela, arretaren jarraitutasuna bermatuz.

Akordio marko hori 2020ko ekitaldira arte egongo da indarrean. Nolanahi ere, indarraldia bukatu aurretik bi aldeek indarraldia lau urte luzatzea adostu ahal izango dute.  Era berean, bi aldeen erakunde-arteko lankidetzarako tresna gisa, udal eta foru ordezkariek osatutako jarraipen batzorde bat ezarriko da, eta gutxienez, urtean behin bilduko da. Bizkaiko Lurralde Historikoko Zorroari buruzko Dekretua garatzearekin eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Mapa zabaltzearekin bat datorren metodologia baten bidez gauzatu da akordioa. Hori guztia, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDELen elkarlanari esker.

Bizkaiak 51 eguneko zentroz osatutako sarea du eta, guztira, foru erantzukizuneko 1.373 plaza eskaintzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 11an. Ostegun honetan Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urteko bigarren bilera egin da. Kontseiluan honakoek hartzen dute parte: Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta EUDELeko 3 kidek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kide banak hain zuzen ere.

Kontseiluko bilera amaitu ondoren prentsaurrekoan, Imanol Landak, EUDELen elkarteburua, datuak baikor hartu ditu, 2018ko ekitaldia ixtean dugun egoera ekonomiko-finantzieroa “aldeko agertoki baterantz” doala dirudielako. Hala ere, eta gainerako herri-erakundeek bezala, Imanol Landa elkarteburuak zera esan du: “zuhurtziaz jokatu behar dugu diru-bilketaren azken datuak jakin arte, ulalerriz udalerri eta lurralde bakoitzean”.

Euskal ogasunek aurten 14.706 milioi euro jasoko dituzte, hau da, errekor berria, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aurreikusi zuena baino 315 milioi gehiago (%2,2). Kontseiluak 2019an 15.265 milioi euro jasoko direla aurreikusi du. Aurreikuspenak gainditu badira ere, Kontseilua osatzen duten herri-erakundeek zuhurtziaz jokatzeko esan dute, munduko ekonomian dauden “mehatxuak” direla eta.

Kopuru hauek gaur ezagutu ditugu, Gasteizen Herri Dirubideen Euskal Konseiluak egin duen bileran. Diru bilketaren datuak aztertzeko eta herritarrentzat dauden baliabide ekonomikoak erabakitzeko erkidegoan dugun erakunde gorena da Kontseilua.

EUDELen elkarteburua Imanol Landak adierazi du “udaletako bilketaren inpaktua zein den benetan ezagutzeko, Finantzen Lurralde Kontseiluak beharrezkoak direla“. Hurrengo egunetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian deituta daude, eta udal bakoitzaren banakako datuak xehetasun handiagoz aztertuko dituzte udal eta foru arduradunek, Udal Finantzaketarako Foru Funtsei (TEFF, Araban, UFFF, Gipuzkoan, eta Udalkutxa, Bizkaian) 2018ko ekitaldirako dagokienean, eta tokiko mailan egoera zehatzago baloratzeko aukera emango dute. 2018ko ekitaldiaren itxierako behin betiko datuak datorren urteko otsailean ezagutuko dira.

2018/10/11ko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aztertu dituen puntuei buruzko informazio guztiaren PRENTSA OHARRA ikusi

Hiru lurraldeetako eta tamaina ezberdinetako udalak

HDEKn, udalek erakunde maila ezberdinekin batera parte hartzen dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru Foru Aldundiekin, alegia. Euskadiko Toki Erakundeen Legearen ostean, udalek aukeratutako hiru ordezkari dituzte Lurralde Historiko bakoitzeko, eta askotariko populazio-tamainako udalerrietakoak. Zehazki, hiru dira EUDELeko ordezkariak:

Imanol Landa, GETXOko alkatea (Bizkaia) eta EUDELen elkarteburua

Josune Irabien, AMURRIOko alkatea (Araba)

Eneko Maioz, OREXAko alkatea (Gipuzkoa)
HDEK-en hiru udal ordezkariak EUDELeko Batzorde Eragileen kideak dira (hamabost kidek osatzen dute EUDELeko organo eragile garrantzitsuena).

 

 

Administrazio Baldintzen EREDUZKO ORRIEN bilduma. Kontratu txikiak Sektore Publikoko Kontratuen Lege berrian

  • Eguna: urriak 22, astelehena
  • Ordutegia: 10:00-12:30.
  • Lekua: Bilbo. Bizkaia Aretoa (UPV-EHU eraikina, Abandoibarra etorb. 3). Auditoriuma, 0. solairua.
  • Hurbileko aparkalekua: Euskadi plaza. Ikusi kokalekua
  • Hartzaileak: toki erakundeetako langile politiko, tekniko-juridiko eta kontratazioaren alorrekoak.

Leku-kopurua ez dago mugatuta; plaza erreserbatzeko, urriaren 18a baino lehen eman behar da izena:

ON-LINE IZENA EMATEKO

JARDUNALDIKO EGITARAUA

EGITARAUA

09:30. Inskribatzea
10:00. Jardunaldiaren IREKIERA-EKITALDIA
Imanol Landaren ongietorria. Getxoko alkate eta EUDELeko elkarteburua.
Miguel García Rescalvoren hitzaldia. Abokatua eta aholkularia Administrazio Publikoetan. Kontratazio publikoan aditua.

1. zatia: Administrazio Baldintzen ereduzko orrien bilduma: EUDELen eskuliburuaren aurkezpena, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Lege berriaren arabera eguneratuta.

– Orrien bildumaren edukiak eta logika

2. zatia: Kontratu Txikiak. Tramitazioa eta aplikazio-kasuak. Esparru-hitzarmenen aukera, etengabeko prestazioak kontratatzeko.

– Zalantzak argitu eta gai osagarriak jorratzea.

12:30. Jardunaldiaren AMAIERA

Administrazio Kontrataziorako eskuliburu berri honekin, Euskadiko toki erakundeei tresna praktiko bat eman nahi die EUDELek, adierazitako kontratuetan administrazio baldintza berezien orriak egiteko orduan, kontratazio-prozeduretako zeregin juridiko eta administratiboak sinpletu eta arintzeko xedez.

JARDUNALDIKO BIDEOAK

JARDUNALDIKO ARGAZKIAK

  • EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari da ekintza estrategiko eta aholkularitza teknikoko plan batean, 2020ko Agenda Digitala EAEko tokiko administrazioetara helarazteko.
  • #HERRISMARTIK programaren helburua da “Lurralde Adimendunaren Euskal Estrategia” garatzea, tokiko erakundeei udal zerbitzu adimendunak (Smart Cities) pixkanaka ezartzen laguntzeko, Euskadiko udalen aldetik eta gainerako euskal administrazioekin izapideen sinplifikatzean, kudeaketa integral aurreratuan eta elkarreragingarritasunean egingo diren aurrerapenen inguruan.
Jardunaldiko laburpena
  • Etorkizuneko “smart” ekintzen estrategia ibilbide malgu batean egituratuko da udalerrietan, lurralde bakoitzean dauden bilakaera maila ezberdinak oinarri hartuta. Ahalik eta “erradiografia” zehatzena lortzeko, Euskadiko udal guztiekin diagnostikoa egingo da, urte honen azken hiruhilekoan zehar.
  • Estrategia orokorra eta lan proposamena gaur goizean zehar aurkeztu dira, tamaina ezberdinetako udaletako berrogeita hamar bat arduradun politiko eta teknikorekin antolatu den lan-saio batean. ELGOIBARko (Ane Beitia, alkatea), LARRABETZUko (Iñigo Gaztelu, alkatea) eta ERMUko udalak haien tokiko proiektu eta ekimenak aurkeztu ditu. Smart Cities-en arloan aditua den Igor Calzadak hartu-eman eta hausnarketa hizketaldia eduki du udal ordezkariekin, eta Europako beste herri batzuetan arrakastaz garatu diren ‘smart’ proiektu berritzaile eta ekimenen adibideak azaldu ditu.

Bilbon, 2018ko urriaren 5ean. Gaur goizean, EUDELek hausnarketa eta hartu-eman jardunaldia antolatu du Euskadiko udaletako politikari eta teknikariei zuzenduta, berrikuntza, modernizazio eta antolakuntza eraldaketa arlokoei bereziki. Berrogeita hamar bat udal ordezkarik parte hartu dute jardunaldian zehar, eta Europako Horizontea 2020 Testuinguruan “Lurralde Adimendunaren Euskal Estrategia” garatzeko ekintzen proposamen bat aurkeztu da: #Herrismartik 2020.

Estrategia tamaina guztietako udalek adostutako ekintzen proposamen batean datza, EUDELeko Berrikuntza Batzordearen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeetako  hiru azpibatzordeen (“Lurraldeak” deituak) barruan.

2018ko urrian abiaraziko den akzio planak 2020ko Euskadiko Agenda Digitalaren zabaltzearekin jarraitzea aurreikusten du, toki mailan. Horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ezartzen duen erronka da teknologia digitalek euskal administrazio multzoarentzat erakusten dituzten desafioei erantzutea, eta euren aukera guztiak garatzea. Hori guztia, Euskadi, 2020. urteko Europan, ongizate, gizarteratze, lehiakortasun, garapen eta enpleguaren kalitatean erreferente bihurtzeko helburu nagusiarekin.

Diagnostikoa eta akzio plana

Gaur goizeko lansaioan parte hartu duten udalerriekin “HERRISMARTIK” akzio IBILBIDE bat zehaztu da, 2019. urtera arte garatzeko. Abiapuntu gisa, galdetegi-diagnostiko eredu bat landu da udalei zuzenduta, tokiko berrikuntza mailan duten bilakaera maila zehazteko, azken urteotan aurreko hainbat programatan egin diren lanak, ‘Tokiko Berrikuntza Agendak’ esate baterako, oinarri gisa hartuta.

Galdetegia udal guztiei bidaliko zaie gaurtik aurrera, eta euren ondorioek epe ertain eta luzera begirako etorkizuneko akzioak diseinatzeko aukera emango dute, ahalik eta Euskadiko tokiko erakunde gehienetan udal zerbitzu adimendunak edo ‘Smart Cities’ direlakoak pixkanaka ezartzea lortzeko.

Egoeraren lehen diagnostiko horren bitartez, EUDELek udalerri bakoitzaren abiapuntuko egoeraren “erradiografia” eskuratzeko asmoa du, akzioen ibilbide orokorra maila ebolutibo ezberdinei egokitzeko xedearekin. Halaber, aurreratuen dauden udalen eta udal hasi berrien arteko sareko lana ere bultzatuko da.

Galdetegiaren ondorioetatik aurrera, udal adimendunaren alderako ibilbide edo “bidaia” hainbat epetan garatuko da, jada martxan dauden lan-lerroetatik abiatuta, eta euren artean lau hauek azpimarratzen dira:

  • Tamainaz txikienak diren udalei laguntza ematea, euren izapide administratiboen Eskuliburuak lantzeko.
  • Herritarren Arreta Zerbitzu integral eta kanal anitza ezartzea, eta laguntza berezia ematea 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.
  • Administrazio elektronikoa garatzea eta tamaina guztietako udal gehienak pixkanaka Elkarreragintasunerako eta Segurtasunerako Euskal Nodoa-NISAEra bertakotzea, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin elkarlan estuan. *Lehen proiektu pilotua 2018an 10-12 udal zerbitzuko oinarrizko paketea identifikatzeko.
  •  Udalaren Kudeaketa Integralaren programari lotua dagoen (UKI: datu fiskalak, biztanleen erroldaren datuak, zerga-datuak, dokumentuen sarrera eta irteera erregistroa) “Herritarraren Karpeta” bultzatzea.

Adituen aholkularitza

2018ko Lan Plangintza horrek Igor Calzada du aholkulari gisa, Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea eta Smart Cities-ean aditua; gainera, esperientzia handia dauka nazioarte mailako hainbat proiektutan.

Gaurko hizlari nagusi moduan, Calzadak Europako eta mundu mailako hainbat udalerriren zenbait praktika arrakastatsuren adibideak aurkeztu ditu, eta “Alkate adimendunek” lidergo politiko berritzailea hartzea defendatu du, gobernu irekiaren, gardentasunaren eta herritarraren parte hartzearen eredutik abiatuta, azken horiek agente aktiboak baitira (“maker”-“ekoizleak”) eta horiek ere ardura baitute.

Beste “HERRISMARTIK” berrikuntza batzuk, udaletarako:

  • LURRALDEAK – lurralde bakoitzeko beharrei erantzuna

#HERRISMARTIK, Lurralde Adimendunaren Euskal Estrategia ezartzeko, eta EUDELen Berrikuntza Batzordearen irizpideetan oinarrituz, ‘Lurraldeak’ sortu dira; arduradun politikoek (alkateak eta zinegotziak) eta teknikariek osatzen duten lurralde azpibatzorde sare bat, hain zuzen ere, lurralde bakoitzeko udalen aldetik dauden behar bereziak zeintzuk diren zehazteko eta bakoitzaren udal errealitate ezberdinean kokatzeko.

  • Praktika egokiak eta ‘Smart’ ekimenen bankua

Gaurkotasuneko informazio guztia, gidak eta argitalpenak, baita tokiko/Europako alorrean antzeman diren Praktika egokiak ere, www.herrismartik.eus web orrialdearen bitartez zabalduko dira. Webguneak Euskadiko udalek garatutako ‘Smart’ proiektuak partekatzeko sail berezi bat dauka: ‘TOKIKO ESPERIENTZIA BANKUA’ deitzen da.

 

www.herrismartik.eus  #Herrismartik2018