Eudel

Author

eudel

Azken berriak

BFAk diru-laguntzen foru-dekretu bat jartzen du 5.000 biztanletik beherako Bizkaiko udalen esku —apirilaren 17ko Foru Dekretua, hain zuen—, udal horiek Europar Batasunaren programa eta ekimenetan parte har dezaten bultzatzeko.

2018. urtean Europar Batasunaren deialdi batera aurkeztu diren udalek 2018/12/31ra arte eskatu ahal izango dute beren proiektua aurkezteko egin dituzten kanpoko aholkularitza-gastuen % 50 finantzatzeko.

Eskaera BFAren egoitza elektronikoaren bidez egingo dute.

Beheko estekan sakatuta, dagoen informazio guztia aurkituko duzu, euskaraz zein gaztelaniaz

Harremanetarako datuak:

Email: orientacioneuropea@bizkaia.eus

Informazioa euskaraz

Fitxa 991. Udalek Europar Batasuneko programetan eta ekimenetan parte hartzeko diru-laguntza
http://www.bizkaia.eus/herri_administrazioa/laguntza/laguntzaile/mostrar_ficha.asp?idPregunta=991&idioma=EU

GSEF Bilbao 2018 foroari amaiera emateko ekitaldian Amaierako Adierazpena irakurri da, hain zuzen ere, hiru eztabaida-jardunaldietan parte hartu duten eragileen arteko adostasunaren ondorioz sortu den agiria. Itxiera-ekitaldian, GSEFren idazkari nagusiak Bilboko Foroa 2018 ekimenaren oroimenezko plaka bat eman die instituzioei eta hirugarren sektoreko erakundeei, Tokiko Batzorde Antolatzaileko kide izateagatik, munduko foro hau (Europako lehena) antolatu, sustatu eta Euskadi osoan hedatzeko egindako lanagatik eskerrak emateko. EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkateak, Imanol Landak, gaur jaso du adierazitako esker ona, Euskadiko udal guztien izenean.

  • GSEF (Global Social Economy Forum) gizarte-ekonomiaren alorrean mundu osoan antolatzen den fororik garrantzitsuena da, eta Europan egin da lehenengo aldiz. Horri esker, gizarte-ekonomiaren alorreko erreferentziazko sarearekin bat egin du Bilbok, Seul eta Montrealekin batera, aurreko edizioetako anfitrioiak izan zirenak. Hiru jardunaldi horien baitan bost osoko bilkura eta hogeita hamar tailer eta bisita tekniko inguru egin dituzte

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta GSEFeko Presidentekide berria den Joung Youl Kim-ek GSEF Bilbao 2018 foroaren amaiera-ekitaldia zuzendu dute gaur goizean. Amaiera-ekitaldian, gizarte-ekonomiari buruzko foroaren amaierako adierazpena irakurri dute, tokiko garapen inklusibo eta jasangarria lortzeko gizarte-ekonomiak duen garrantzian oinarritutakoa.

Horrez gain, Bilboko alkateak gizarte-ekonomiari buruzko nazioarteko foro handienaren anfitrioiaren lekukoa eman dio Mexikoi, GSEF 2020 foroaren hurrengo egoitza izango denari.

IKUSI GSEF BILBAO 2018ko ADIERAZPENA

84 HERRIALDETAKO 1.700 PERTSONA BAINO GEHIAGO ETORRI DIRA GSEF BILBAO 2018RA

Urriaren 1etik 3ra bitartean, 84 herrialdetako 1.700 pertsona baino gehiago etorri dira “Gizarte-ekonomia eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna” izenburua izan duen GSEF BILBAO 2018ra. Bertan bildu dira mundu osoko hiri handietako tokiko agintariak, administrazio zein erakunde publikoetako ordezkaritzak, gizarte-ekonomian adituak diren pertsonak eta hirugarren sektorea delakoaren barruan dauden erakundeetako ordezkariak. Nazioarteko foro hori aukera paregabea izan da ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko eta pertsonak helburu dituen berdintasunezko gizarte inklusibo baterantz aurrera egiteko, kalitate oneko enplegua sortuz eta bidezko hazkundearen zein garapen jasangarriaren bitartez. Horretarako, bost osoko bilkura eta hogeita hamar tailer eta bisita tekniko inguru egin dituzte.

BILBO, NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA GIZARTE-EKONOMIAREN ESPARRUAN

Bilbo GSEF 2018ko egoitza izendatu izanak gizarte-ekonomiaren esparruan munduko erreferente den sare batera gehitzea ahalbidetu dio Bizkaiko hiriburuari, azken hiru edizioak hartu dituzten Seulekin eta Montrealekin batera. Foroa Europan egiten den lehen aldia izan da, eta ekitaldiak berme handia eman dio gizarte-premiak aintzat hartzen dituen enpresa-ereduari lotutako politikak bultzatzeko udalaren konpromisoari.

Izan ere, Bizkaiko hiriburuaren lehentasunezko jarduketa-ardatzen artean dago gizarte-ekonomiako politiken lidergoa. Politikak hiri inklusibo eta integratzaile bat eraikitzera bideratuko dira, errotutako espiritu ekintzailearekin eta lan-esparrua demokratizatzearekiko, ardurarekiko, parte-hartzearekiko zein enpleguarekiko konpromiso zein tradizioarekin.

Bestetik, nazioarteko proiekzioa duten ekimen politikoak, kulturalak eta kirol-eremukoak hartzeko unean hiriak pizten duen interesa berresten du aipatutako ekitaldia bertan egiteak.

GIZARTE-EKONOMIAREN FORO GLOBALA

Global Social Economy Forum (GSEF) gizarte zibileko eragileak eta tokiko gobernuak biltzen dituen nazioarteko erakunde bat da, ekonomia sozial eta solidarioaren garapenarekin konprometituta dagoena. Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko erakundeen eta tokiko gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin sortu zen, kalitatezko enpleguaren sorrera, bidezko hazkundea, demokrazia parte-hartzailearen aurrerabidea eta garapen iraunkorra sustatzeko asmoz.

Ekonomia Sozialaren Foro Globaleko (GSEF2016) eskubide osoko kidea da Bilbo. Titulu hori ekonomia sozial eta solidarioaren sareko kideentzat eta tokiko gobernuentzat gordeta dago, eta biltzarrean bozkatzeko eskubidea ematen du. 2015eko abenduan Bizkaiko hiriburua sarean sartu zen ohorezko batzordeko kide gisa, eta, 2016tik aurrera, eskubide osoko kidea da.

  • Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformak laguntza, kontzientziazioa eta etengabe lanean aritzea eskatu du elikagaien xahuketa murrizteko.
  • Kalkulatzen da Euskadin 350.000 tona elikagai baino gehiago xahutzen dela urtean, eta helburua da kopuru hori erdira murriztea 2030. urterako.

Agente publikoek eta pribatuek, besteak beste,  hiru hiriburuko udalen ordezkariek eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen izenean, Josune Irabien, Amurrioko alkateak izenpetu dute gaur manifestua. Ekimen honen helburua da esfortzuak batzea 2030ean alferrik galtzen ditugun elikagaiak %50 gutxiago izan daitezen.

Gaur, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Elika Fundazioko zuzendari nagusi Arantza Madariagak Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma aurkeztu dute, eta erakundeen eta agente sektorialen 60 ordezkari inguruk bat egin dute “Elikagaien Xahuketarik ez Euskadin ” izeneko manifestuarekin.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila eta Elika Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa ez ezik, erakunde eta instituzio publiko eta pribatuek eta euskal elikagaien katea osatzen duten sektoreko hainbat agentek izenpetu dute manifestua, jakin badakite-eta elikagaien xahuketa murrizteko beharrezkoa dela elkarlanean aritzea, kontzientziatuta egotea eta lana etengabe egitea.

Manifestuarekin bat egin duten beste batzuk dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila; Osasun Saila; Bilboko, Donostia/San Sebastiango eta Gasteizko Udalak; Foru Aldundiak; Eudel; Kontsumobide; Ihobe, Euskadiko Kontsumitzaileen Federazioa; Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiba Kooperatiben Federazioa; Euskadiko Elikaduraren Klusterra; hainbat operadore, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako Ostalaritzako Elkartea, Mercabilbao, Eroski, UVESCO, Mercadona, Carrefour, Gastronomia Baska, Askora, Gasca Taldea, Lumagorri enpresa; ENBA eta UAGA sindikatuak; Azti zentro teknologikoa; hainbat prestakuntza zentro, hala nola Leioako Ostalaritza Eskola edo Basque Culinary Centre;  ENEEK kontseilu arautzailea; izaera sozialeko hainbat erakunde, hala nola Euskadiko Elikagaien Bankuen Federazioa, Nevera Solidaria, Aunar Elkartea, Lagun Artea eta beste agente gehiago.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, Elika Fundazioaren bitartez, Elikagaien Xahuketaren aurkako Ekintzen Plan Multidiziplinarra lantzea proposatu du, lantaldeak eratzeaz aparte

MANIFESTUA

Bilbon, 2018ko urriak 1. Imanol Landa, Getxoko alkate eta EUDELen elkarteburua, Bilboko Euskalduna Jauregian izan da gaur goizean, GSEF Bilbao 2018 Ekonomia Sozialeko foro globala delakoaren irekiera-ekitaldian; aipatutako ekimenak Iñigo Urkullu lehendakaria izan du buru. Ekitaldian, honakoek hartu dute parte: Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Seulgo alkate Won-soon Parkek eta Lan ministro Magdalena Valeriok; era berean, erakundeetako eta sektore pribatuko nahiz Hirugarren sektoreko hainbat ordezkarik eta ekonomia sozialeko hainbat eragilek hartu dute parte. Hurrengo hiru egunetan, urriaren 1etik 3ra, Bilbo munduko erdigunea izango da, ekonomia sozialaren etorkizunaren gaineko eztabaidaren esparruan, baita tokiko gobernuek nahiz gainerako administrazio publikoek garapen iraunkorrerako bidean duten zereginaren inguruko eztabaidaren alorrean ere.

Hasiera-ekitaldiaren ostean, alkateen podium bat egin da, eta bertan munduko hainbat tokitako hirurogei agintari goren baino gehiago bildu dira. Guztiak GSEF 2018 ekimenerako etorri dira Bilbora egun hauetan.

Imanol Landak, EUDELen elkarteburuak, balioetsi egin du Ekonomia Sozialaren munduko foro garrantzitsu hau Euskadin antolatzeak dakarren aukera; izan ere, interes handikoa da Euskadiko udalerrietako alkateentzat:

“Udal liderrek udalerrien etorkizuna bermatu behar dugu. Oinarrizko eta lehenengo urratsa guztiontzako anistazunean eta berdintasunean inklusioarako eta bizikidetzarako guneak sortzea da, ekonomia eredu berriak gizarte eta elkartasun ildotik jorratuz.

Udal politiketan  Gizarte Ekonomiaren balioak  eta Gobernantza publiko-pribatu-soziala integratu behar ditugu, gure udalerri eta herritarrentzako garapen adimentsu, inklusibo eta iraunkorra lortzeko.”

GSEF BILBAO 2018

80 herrialdetako 1.400 pertsona baino gehiago etorriko dira “Gizarte-ekonomia eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna” izenburua duen GSEF BILBAO 2018ra, eta bertan bilduko dira mundu osoko hiri handietako tokiko agintariak, administrazio zein erakunde publikoetako ordezkaritzak, gizarte-ekonomian adituak diren pertsonak eta hirugarren sektorea delakoaren barruan dauden erakundetako ordezkariak. Nazioarteko foroa aukera paregabea izango da ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko eta pertsonak helburu dituen berdintasunezko gizarte inklusibo baterantz aurrera egiteko, kalitate oneko enplegua sortuz eta bidezko hazkundearen zein garapen jasangarriaren bitartez.

GSEF Bilbao 2018k hiru egunetan garatuko du egitaraua, eta hiru sektoreetako erreferente garrantzitsuak bilduko dira bertan. Besteak beste, kargu publiko hauek izango dira bertan: Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Iñigo Urkullu, lehendakaria; Won Soon Park, Seuleko alkatea; Gerardo Pisarello, Bartzelonako alkateordea; Emilia Saiz, CGLUko idazkari nagusia (Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak).

Programan hainbat gai jorratuko dira, hala nola gizarte-ekonomia sustatzea, gizarte-ekonomia hirien aroan, kontinenteen arteko hurbilketa, kooperazioko hiria eta garapen jasangarri eta inklusiboa gizarte-ekonomia oinarri hartuta. Bestalde, askotariko tailerrak egingo dira, non honako hauek landuko diren, besteak beste: gizarte-ekonomiako eragileen eta tokiko gobernuen arteko lankidetza-estrategia; hezkuntza, gazteak eta teknologia; Mondragon esperientzia; gizarte-ekonomia politika publikoetan; edo enpresa-eraldaketa gizarte-ekonomiaren bitartez.

GSEF Bilbao 2018 urriaren 3an amaituko da, eta amaitzeko ekitaldian Azken Adierazpena irakurriko da eta GSEF 2020 ekitaldiaren anfitrioia zein den iragarriko da.

INFORMAZIO GEHIAGO: www.gsef2018.org  // www.bilbao.eus

  • Helburua da erkidegoko udalerri handietan modu esanguratsuan murriztea –gutxienez %20– kalean lo egiten duen pertsona-kopurua
  • Gaur egun, euskal erakundeek eta hirugarren gizarte-sektoreak 47 milioi euro bideratzen dituzte urtean etxegabeen arretarako
  • Erakunde sinatzaileek 12 hileko epea dute beren plana diseinatzeko, jarduketa zehatzekin
  • Estrategiak zazpi helburu orokor ditu, eta 50 jarraibide zehatz proposatzen ditu; horiek bederatzi ardatzen inguruan taldekatzen dira

Vitoria-Gasteiz, 2018/04/16

Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Osasun Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, EUDELek eta Bilboko, Vitoria-Gasteizko, Donostia-San Sebastiango, Barakaldoko, Getxoko, Portugaleteko, Irungo, Santurtziko eta Laudioko udalek, gaur, erakunde arteko akordioa sinatu dute, 2018-2021rako Etxegabeentzako Euskal Estrategia garatzeko. Horren bidez, nabarmen murriztuko da –gutxienez % 20– kalean, Euskadiko udalerri handietan, lo egiten duen pertsona-kopuruak, 2020rako. Horretarako, pertsona horiei laguntza emateko politika integralak garatuko dira.

Imanol Landa Getxoko Alkatea eta EUDELeko presidenteak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Natxo Urkixo Laudioko alkateak, Mikel Torres Portugaleteko alkateak eta Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak; Aitziber San Roman Donostiako zinegotziak, Sergio Corchón Irungo zinegotziak; Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Jon Darpón Osasun Sailburuak; Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru-diputatuak, eta Miren Saratxaga Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Zuzendariak; akordioa sinatu dute, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan.

Estrategia horretarako, aurretik Euskadiko etxegabeen ezaugarriak eta beharrak aztertu dira, euskal erkidegoan ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak, eta, halaber, inguruneko herrialdeetan bizitegi-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak hartu dira kontuan.

Dokumentu honi atxikitzea borondatezkoa eta loteslea da. Orientatzailea da dokumentua; izan ere, tartean diren erakundeen jarduketa zentzu jakin batean orientatzeko prestatu da. Gida gisa antolatu nahi da, aurretik adostutako printzipio, helburu eta jarraibide batzuekin; horiek, aurrerantzean, erakundeek adostuko dituzte, jarduketa zehatzetan.

Kalitateko baliabideak

Beatriz Artolazabal sailburuak zera azaldu du: “ez gara hutsetik hasiko; izan ere, hirugarren euskal gizarte-sektoreko erakunde eta entitateok esperientzia dugu, gure erkidegoan handia baita etxegabeentzako arreta emateko sareko baliabideen hornidura. Estatuan buru gara, ostatu-plazak betetzeari dagokionez”.

Euskadik, guztira, 47,5 milioi euro bideratzen ditu urtean etxegabeei arreta ematera; horietatik, 40,2 milioi diru-kutxa publikoetatik. “Ez gara autokonplazienteak, eta, estrategia hau antolatzeko, gure eredua aztertu dugu eta, horretarako, ahulune nagusiak eta hobekuntza-eremuak nabarmendu ditugu. Funtsean gizarte-zerbitzuetan oinarritzen den eredua dugu. Prebentzio-arloko esku-hartzeen garapen urria dugu”, esan du Artolazabalek.

“Inguruneko herrialdeetan bizitoki-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak eta Euskadiko etxegabeen ezaugarri eta beharrak eta gure erkidegoan ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak aztertu ondoren, Bizitegi Bazterketa Larria Prebenitzeko eta Murrizteko Euskal Estrategia zehaztu dugu”, esan du sailburuak.

“Etxegabeak, gaua eta eguna hirietako kaleetan ematen dutenak, bizitegi-bazterketaren modurik agerikoenen eta gordinenen erakusle direlako” ideia partekatzen dute erakundeek eta, ondorioz, estrategia prestatzeko aurretiko lana bateratu dute eta, horretarako, Euskadiko etxegabetasunari buruzko diagnostikoa izan dute.

Ondorio nagusietako bat izan da “oraindik egozten zaien irudi estereotipatua gorabehera, etxegabeak ez direla talde homogeneoa, ez dituztela ezaugarri egonkorrak denboran”. Etxegabetasuna lau kausa-multzo handien arteko elkarreragin dinamikoaren ondorioz sortutako prozesua da –egiturazkoak, instituzionalak, erlazionalak eta pertsonalak–, eta horiek, normalean, aldi berean edo elkarren artean konbinatuta ageri dira.

Estrategia

Euskadi ez da hutsetik hasi; izan ere, esperientzia handia du pertsona horien babeserako ekintzetan, erakunde publikoen inplikazioari esker, bai eta hirugarren euskal gizarte-sektoreko erakundeei esker ere. Horrela, Estatuan, ostatu-plazak betetzeari dagokionez, buru da autonomia-erkidegoen artean; guztira, 47 milioi euro bideratzen ditu urtean, etxegabeei arreta ematera.

Estrategia berri horren bidez, urrats berriak emango dira. Erakunde sinatzaile bakoitzak 12 hileko epea du bere plana diseinatzeko, Estrategian adostutako jarraibideak gauzatzeko jarduketa zehatzekin.

Jarduketa horiek berriak edo beste batzuen jarraipenak izan daitezke, eta tartean den erakunde bakoitzak banaka edo erakunde baten edo gehiagoren arteko lankidetza-akordioen bidez egin daitezke; horrela, besteak beste, osasuneko, enpleguko, etxebizitzako edo diru-sarreren bermerako arloen arteko lankidetzan oinarrituta garatu daitezke jarduketak.

Estrategia honen helburu orokorrak honako hauek dira:

  • Etxegabetasuna prebenitzeko politikak sendotzea.
  • Euskadin etxegabeentzako egungo arreta-eredua berrorientatzea, pertsona oinarri duen eta etxebizitzara orientatzen den arreta-eredua sortzeko.
  • EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen zabalkundearekin amaitzea eta, horretarako, lurraldeetan baliabideen banaketa egokia egiten dela bermatzea, eta, bereziki, gizarte-bazterketarako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuak sendotzea, gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko kasuak eta esku-hartzeak kudeatzeko eginkizunei dagokienez eta ostatu-zerbitzuei eta goizeko eta gaueko harrera-zerbitzuei dagokienez.
  • Etxegabeek, osasun-eremuan, diru-sarrerak bermatzeko eremuan eta lan-aktibazioaren eremuan dituzten eskubideetara jotzen dutela bermatzea, bizitokia edozein dutela ere.
  • Premia bereziak dituzten etxegabeei ematen zaien arreta hobetzea eta, zehazki, bizitegi-bazterketa larrian dauden emakumeei ematen zaiena.
  • Etxegabeen problematikaren inguruko ezagutza koordinatzeko, ebaluatzeko eta kudeatzeko gailuak hobetzea.
  • Fenomeno horren gizarte-pertzepzioan eragitea, eragile komunitarioen inplikazioa sendotzea egoera horiei heltzeko eta pertsona horiek jasan ohi dituzten biktimizazio-egoerak prebenitzea.

Estrategiak 50 jarduketa zehatz proposatzen ditu, eta horiek honako bederatzi ekintza-ardatz nagusi hauen inguruan antolatzen dira:

  1. Bizitegi-bazterketa larriko egoerak prebenitzea.
  2. Etxebizitzan oinarritzen den ikuspegia garatzea.
  3. Gizarte-zerbitzuen eremuan gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonetara orientatutako baliabide eta programak hobetzea.
  4. Bizitegi-bazterketa prebenitzeko eta horri heltzeko politiketan genero-ikuspegia sendotzea.
  5. Etxegabeek herritarren eskubideetara jotzen dutela bermatzea eta, horretarako, beren administrazio-egoera erregularizatzea.
  6. Hobekuntza sektorialak osasunean, diru-sarreren bermean eta enplegura jotzean.
  7. Etxegabeek aisiara, hezkuntzara, gizarte- eta politika-partaidetzara jotzeko bide ematea.
  8. Erkidegoak bizitegi-bazterketako egoerak prebenitzeko eta horiei heltzeko sentsibilizazioaren eta inplikazioaren eremuan hobekuntzak egitea.
  9. Ezagutza koordinatzeko, haren segimendua egiteko, hura ebaluatzeko eta kudeatzeko neurriak hartzea.

Estrategia 2017ko urriaren 11n onetsi zen, eta, gaur, erakundeek hari atxikitzeko akordioa sinatu ondoren, harekiko lotura ezarri da eta, aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzari, aldundiei eta udalei dagozkien jarduketak ezartzen hasiko da.

EUDELek udalen esku jartzen du Udala aldizkariaren edizio berria: “Udal finantzaketa. Udalen partaidetza zerga itunduetan, 2017ko likidazioa”.

Zenbaki honetan, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren (2018ko otsailak 13) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileren ondoren lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsei buruzko hiru lurraldekako Udalen  banantze-datuak daude bilduta.

Argitalpen honekin, EUDELek Euskal Toki erakundei aldizkako informazioa eskaintzeko konpromisoari erantzuten dio, betiere, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-kudeaketaren arloko lana errazteko.

Ikusi 2018ko otsailako-martxoko Udala

 Ikusi udalei bidalita txostena (18/03/09) informazioa aurreratzea  (2017ko likidazioaren buruz)

UDALA aldizkariaren Hemeroteka

 

2018ko martxoaren 21a

Martxoaren 21ean, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailak informazio-jardunaldi baterako deia egiten zuten, xede izanik euskal udalei EUSKARALDIA edo Euskarak 365 egun ekimena aurkeztea, bai halaber 2018ko jardunbideak zehaztea, euskara aktibatzeko ekimen hau toki-mailan garatu dadin.

Berrogeita hamar bat arduradun politiko bertaratu ziren. Beasaingo Alkate Aitor Aldasorok, EUDELeko euskara ordezkari gisa, aurkezpena egin zuen. Aldasorok hainbat alkate eta zinegotzia bertaratu izana eskertu zuen, eta adierazi zuen horrek argi erakusten duela udalek euskararekiko duten konpromisoa. 

EUDELen ordezkariak EUSKARALDIA goraipatu zuen, jarduteko marko komuna den neurrian, maila askotakoa; izan ere, ekimenean barne daude erakundeak, gizarte-eragileak eta norbanakoak. Beasaingo Alkateak azpimarratu zuen ibilbide luzeko dinamika dela, 2018tik haragokoa, eta gogorarazi zuen hizkuntza-aldaketek denbora-ikuspegi zabala eskatzen dutela. Era berean, adierazi zuen ziurtasun osoa duela hizkuntzaren erabilera soziala apurka eta urratsez urrats indartuko dela.

Zentzu honetan, Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Aitor Aldasorok nabarmendu zuen EUDELek prestutasun osoa duela gainerako eragile sozial eta politikoekin batera euskararen erabileraren normalkuntza sustatzeko.

Sarreraren ostean, EUSKARALDIA ekimenaren ezaugarri zehatzak zein diren azaldu zuten honako arduradunek: Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Estibaliz Alkorta, Euskaren Sustatzeko zuzendaria; eta Jasone Mendizabal, TOPAGUNEA elkarteko zuzendaria.

EUSKARALDIA ekimenaren helburua da hizkuntza-ohituretan aldaketa eragitea, nola-eta herritar euskaltzaleak aktibatuz, alegia, euskara sustatzearen aldeko jarrera duten pertsonak. Lana bi esparrutan oinarritzen da: pertsonak eta erakundeak.

 

Informazio gehiago: www.euskaraldia.eus

 

2018rako MUGARRIA:

2018: Euskaraldia: 11 egun euskaraz.

Helburua: pertsonak aktibatzea. Euskaltzaleak aktibatzea, beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten.

Horretarako, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena gauzatuko da Euskal Herri osoan.

Udalen parte-hartzeari begira, izena emateko epea apirilaren 8ra artekoa izango da.

EUSKARAK 365 EGUN DINAMIKAREN HELBURU NAGUSIAK:

  • Hizkuntza-ohiturei astindu bat ematea eta ahalik eta pertsona gehienek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea.
  • Tokian tokiko euskalgintza aktibatzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta herritar euskaldunak martxan jar ditzaten.
  • Era guztietako entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten babes neurriak hartzea eta oztopo diren egoerak arintzea eta bideratzea.
  • Ekimenetik abiatuta emango diren urrats berriak eta sortuko diren euskarazko harremanak ekimenaren ostean mantentzea.

EUSKARALDIA: 11 EGUN EKIMENAREN BOKAZIOA:

  • Osagarritasuna: Euskarak 365 egun dinamikak euskararen erabilera sustatzeko abian dauden horrenbeste ekimen eta programen osagarri izateko bokazioa dauka. Euskararen erabilera programetan txertagarria eta horiekin uztargarria izan daiteke, eta hala egiteko gonbidapena luzatzen dugu.
  • Malgutasuna: Euskarak 365 egun dinamika herri edo eremu bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren eta lehentasunen arabera moldatu behar da.
  • Abiatzea: Proposamena egin nahi diegu herriko euskalgintzako eragileei elkarrekin harremanetan jar daitezen ekimena elkarlanean diseinatu eta garatzeko; izan euskalgintza soziala zein instituzionala.
  • Marko komuna: Euskarak 365 egun dinamikak malgua izan behar du herrien errealitateetara egokitu eta funtzionatuko badu. Hala ere, marko komuna behar du herritarrentzako nahasgarria izan ez dadin. Herrietan oinarrizko ezaugarriak mantentzea komeni da: helburuak, izena eta irudia, ahobizi eta belarriprest figurak izatea eta gauzapen garaia

  • EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatu dute proiektu pilotu bat. Bertan, bederatzi udalek euren maila neurtu dute, kalitate eta eraginkortasun demokratikoari dagokionez. Neurketa Gobernantza Onaren hamabi printzipioetan oinarrituta eta ebaluaziorako 97 adierazleren bitartez egin da.
  • Horrenbestez, bost Euskadiko udalak Gobernantza onaren arloko abangoardiako bereizgarri hau daukaten Europako lehen 200 udalen artean sartu dira.
  • Parte hartu duten gainerako lau udalek (Beasain, Elgoibar, Galdakao eta Mungia) euren konpromisoa berriztu dute, etengabeko hobekuntzarako eta praktika onak elkartrukatzeko tresna honekin.
  • Sortu duen interesa ikusita, proiektua Europako zigilua lortzeko hurrengo deialdiren batean parte hartu nahi duten udal gehiagori ere ireki zaie. Bigarren fase honetarako, EUDELek erakunde arteko ELoGEko batzorde bat eratu du, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak elkarrekin.

Donostia, 2018ko martxoaren 20a. Gaur goizean, Basauri, Leioa, Ermua, Irun eta Urnietako udalek Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren alorreko Bikaintasuneko Europako Zigilua (ELoGE) lortu dute. Zigilua emateko, gobernantza onaren 12 printzipioetan oinarritu dira: gardentasuna, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, eraginkortasuna eta efizientzia, finantza-kudeaketa osasungarria, berrikuntza, berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasuna, besteak beste. Modu horretara, Euskadiko udalak Europako 200 udaleko talde txiki bati batu zaizkio (Estatuan bat bakarrik), non udalek aipatutako bereizgarria duten, abangoardiako posizioan egoteagatik, gobernantza onari eta kalitate demokratikoari dagokienez.

IMANOL LANDAREN HITZAK

PRENTSA OHARRA JEITSI

Zigilua EUDELek 2017an eta 2018an Gipuzkoako eta Bizkaiko 9 udaletan sustatutako proiektu pilotu baten amaierako aintzatespena da, aipatutako bost udalez gain, Beasainen, Elgoibarren, Galdakaon eta Mungian. Denek hartu dute euren gain, euren borondatez, 97 adierazletan eta bi galdeketatan oinarritutako autoebaluazio prozesu zorrotz bat egiteko konpromiso politikoa; galdeketetako bat gobernuko eta oposizioko zinegotzientzat izan da, eta bestea, herritarrentzat.

Donostiako Koldo Mitxelena aretoa agertoki izan da gaur goizean, 2017ko ELoGE Zigilua emateko ekitaldian: kristalezko dodekaedro bat, 12 printzipioen betetze-maila orokorrean kalifikaziorik altuena lortu duten bost udalak dira, adierazle bakoitzarentzat eskatutako puntuazioa beteta. Bost udalen alkateek saria jaso dute: Jose Antonio Santano (Irun), Mikel Pagola (Urnieta), Andoni Busquet (Basauri), Maria del Carmen Urbieta (Leioa) eta Carlos Totorika (Ermua). Peru Bazako, Erakunde Harremanetarako Sailburuordeak, eta beste Foru Aldundien ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Ekitaldia EUDELeko elkarteburu Imanol Landak eta Europako Kontseiluko ordezkari Alina Tatarenkok gidatu dute, eta proiektu pilotuko eta proiektuan interesa duten beste hainbat udaletako ordezkari tekniko eta politiko ugari bertaratu dira.

Europako Zigiluaren xedea “tokiko eragileen ekintzak mobilizatu eta suspertzea” da, “herritarrek gobernantza on eta demokratiko batez goza dezaten, zerbitzu publikoak etengabe hobetuz, herritarren parte-hartzearekin eta espero bezalako ordezkari politikoekin”. (Helburu hau Europako Kontseiluaren 2007ko Valentziako Adierazpenean dago adierazita, eta 2010ean zigiluaren abiapuntu izan zen).

ELoGE Zigilua lortzeko hurrengo deialdiak

Lehenengo aldiz eman dute ELoGE Zigilua Euskadin, eta, sortu duen interesa ikusita, hemendik aurrera, aldizkako deialdiak egitea espero da. Horretarako, EUDELek lurralde plataforma bat sortu du Zigilua emateko eskumenarekin, eta, aurten, 2018an, udalen bigarren talde bat eratzea da asmoa, lanean has daitezen hurrengo deialdietan, urtero ahal baldin bada, banatuko den bereizgarria lortzeko.

Proiektuaren jarraikortasuna sendotu eta bermatzeko, ELoGErako erakunde arteko batzorde bat eratu da, EUDELeko, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko eta lurralde bakoitzeko foru aldundietako ordezkariek osatuta. Xede nagusia Zigilua merezi duten udal hautagaiak onartzea, sor daitezkeen gatazkak konpontzea, eta etorkizunerako hobekuntza planak aztertu eta horien jarraipena egitea izango da.

ELoGE Europako Zigilua ©EuropeanLabelforGovernance’ Excelence

Europako Zigiluak zerbitzu publikoak hobetzea bilatzen du, eta tokiko gobernuak aintzatesten ditu, kudeaketa politikoan euren praktikek duten kalitateagatik eta udalen kudeaketagatik, kanpo harremanei dagokienez, herritarrekin, bereziki.

Zentzu horretan, esaterako, iruzurrari aurre egiteko neurriak ebaluatzen ditu hainbat arlotan –kode etikoen edo jokabide kodeen bitartez–: kontratazio publikoa, baimenak eta lizentziak ematea, gardentasuna eta udaleko informazioaren eskuragarritasuna sustatzea, kontuak ematera bideratutako baliabideak, edota inklusio eta kohesio sozialaren garapen maila. Alderdi horiek guztiek tokiko gobernuen heldutasun maila adierazten dute, bai eta aipatutako helburuak betetzeko bertako ordezkari politikoek duten konpromisoa ere.

Zigilua aintzatespenerako eta etengabeko hobekuntzarako tresna da, inola ere ez tokiko erakundeak kontrolatzeko. 2 urteko denbora-tarte mugaturako emango da. Behin iraungita, Udalak ziurtagiria modu errazean berriztu ahal izango du, adierazleak modu egokiagoan betetzeko hobekuntza planak ezarriz.

Gobernantza Onaren 12 printzipioak

Valentziako (2017) eta Utrecheko (2009) adierazpenen markoan, Europako Kontseiluko 47 estatu kideetako ministroek Zigiluaren oinarri diren tokiko mailako Gobernantza demokratiko onaren 12 printzipio ezarri zituzten.

12 european principles: www.coe.int/good-governance

  1. Hauteskundeak eta ordezkaritza eta parte-hartze bidezkoak
  2. Erantzuteko gaitasuna
  3. Efizientzia eta eraginkortasuna
  4. Irekiera eta gardentasuna
  5. Zuzenbide-estatua
  6. Portaera etikoa
  7. Eskumenak eta gaitasunak
  8. Berrikuntzaeta aldaketaren aurrean irekita egotea
  1. Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa
  2. Finantza-kudeaketa osasungarria
  3. Giza eskubideak, dibertsitate kulturala eta kohesio soziala
  4. Kontu ematearen beharra