Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Kanpaina gaur jarri da martxan; Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos erakusketa ibiltariarekin hasiko da, eta abenduaren 10ean amaitu, René Cassin Sariaren banaketarekin
  • Ekimena sortu zen giza eskubideen balioa zabaltzeko eta haren sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko pedagogia zibikoa sustatzeko

Euskal erakundeek martxan jarriko dute “Eskerrak Giza Eskubideei” kanpaina, horien sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko. Ekimen horren bidez, Euskadik bat egiten du Nazio Batuek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko sustatzen duten “Defenda dezagun giza duintasuna, zuzentasuna eta justizia” kanpainarekin. Horretarako, euskal erakundeek baterako ekitaldi-programa irekia aurreikusi dute; 2018an garatuko da.

Ekimena Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL), hiru hiriburuetako udalek, eta UPV/EHUk sustatu dute, eta gaur goizean aurkeztu da, UPV/EHUren “Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos” erakusketa ibiltariaren inaugurazioarekin hasten den kanpainaren abiaraztearekin batera. Erakusketa hori urtarrilaren 27ra arte egongo da zabalik Bilboko Bizkaia Aretoan.

EUDELeko ordezkari eta Amurrioko alkate, Josune Irabienek aurkeztu du EAEko udalerri guztiei zuzendutako gonbidapena, herriko Musika Eskolaren bitartez kaleko mikrokontzertu bat egiteko kanpainarekin bat egin dezaten. Proposamen xumea da, baina garrantzi handikoa»; izan ere, Irabienek azaldu duenez, «herritarrak eta, batez ere, gazteak sentsibilizatu eta zuzenean inplika daitezen nahi da, musika adierazpide dela eta tokiko mailatik. Gainera, hurbilekoena denez, kalea leku aproposa da lankidetzan eta sarean lan eginez giza eskubideak sustatzen diharduten eragileak elkartzeko”.

Aurkezpenean honako hauek parte hartu dute: Jonan Fernández Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia, María Guijarro BFAko Berdintasuneko, Aniztasuneko eta Lankidetzako zuzendari nagusia, Maribel Vaquero GFAko Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendaria, Nekane Zeberio AFAko Kabineteko zuzendaria, Josune Irabien Amurrioko alkatea eta EUDELeko ordezkaria, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Arloko zinegotzi ordezkaria, Juanra Viles Donostiako Udaleko Presidentetza, Gardentasun, Giza Baliabide eta Berrikuntzako zinegotzi ordezkaria, Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko Udaleko Bizikidetzarako eta Aniztasunerako zinegotzi ordezkaria, eta Jon Landa UPV/EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendaria.

Arduradunek azaldu dutenaren arabera, kanpaina hiru helbururekin sortu zen:

Herrialdeko proiektua. Giza eskubideekiko konpromisoa euskal gizartearen eta nazioarteko erakundeen aurrean herrialdeko proiektu partekatu gisa aurkeztea.

Pluralismoa eta adostasuna. Balio nagusiaren inguruko adostasuna oinarri duen giza eskubideei buruzko adierazpenen aniztasuna sustatzea.

Giza eskubideen kultura. Giza eskubideen balioa zabaltzea eta haren sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko pedagogia zibikoa sustatzea.

Programa horren barruan egin daitezkeen jardueren aniztasunak bi elementu ditu zentzu-batasun. Lehenengo eta behin, gai nagusia eta kanpainarako partekatutako erakunde-irudia; eta, bigarrenik, kanpainaren diskurtsoaren baterako oinarrizko ikuspegia.

Kanpainaren jarduerak batuko dituen mezu nagusia eskerrik asko hitzaren ingurukoa izango da.

Eskerrak giza eskubideei. Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena

Mezu nagusi horren bidez, eduki polisemikoa hiru diskurtso-ildotan batu daiteke:

– Giza eskubideak egoteak dakarren onura azpimarratzen duen eta horrelakorik ez egoteak ekarriko lukeen ziurgabetasuna azpimarratzen duen mezua. Eskerrak giza eskubideak ditugula… Nolakoa izango litzateke mundua, bestela, giza eskubiderik gabe?

– Giza eskubideei esker lortu den guztia eta horiei esker oraindik egiteko dagoela dakigun guztia nabarmentzen duen mezua. Giza eskubideei esker, libre eta berdin jaio diren pertsona guztien giza duintasuna defenda dezakegu.

– Giza eskubideek esan nahi duten guztiagatik eskerrak emateko mezu xumea, besterik gabe eskerrik asko! esateko. Eskerrik asko Giza Eskubideei.

Partekatutako oinarri horretan, jarduerak urte osoan zehar banatuko dira; horrela, erakunde bakoitzak –edo horietako batzuek, proiektu baten inguruan elkartu badira– bere gain hartuko du hura autonomiaz eta aurreikusitako gainerako ekitaldiekin koordinatuta garatzeko erantzukizuna.

Programarekin batera, beste ekimen batzuk antolatu ahalko dira eta, gainera, kanpainaren mezu nagusia partekatu nahi duen beste edozein erakundek edo entitatek egin ahalko du bat.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko hasierako programaren laburpen-koadroa

Erakundea

Jarduera

UPV/EHU .·“Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos” erakusketa.

·“Giza Eskubideei Begiradak / Miradas a los Derechos Humanos” liburuaren argitalpena.

·”Giza eskubideen paseoak” ekimena gure herri eta hirietan; horrela, giza eskubide bakoitzaren sentsibilitate artistikoa sustatuko da.

·Giza eskubideei buruzko diseinu grafikoaren kongresua, Udako Ikastaroen esparruan.

EUDEL ·Udalei, udalerriko musika-eskolarekin lankidetzan, kalean musikako mikrokontzertuak antolatzeko gonbidapena egitea.

·Giza eskubideak sustatzeko eremuarekin bat egin dezakeen beste edozein jarduera, herritarrei zabalik egongo dena.

Arabako Foru Aldundia ·Gazteriaren artean giza eskubideen ezagutza eta garrantzia sustatzea, ikus-entzunezkoen sorkuntzaren, arte bisualen eta zinemaren bidez, 2018ko ZINELEKUren edizioan; bertan, zinemako tailerrak, zinematografiako profesionalen eskolak eta beste arte-diziplina batzuk izango dira.
Bizkaiko Foru Aldundia ·Giza Eskubideen Gizartegune hausnarketarako, eztabaidarako eta eraikuntzarako espazioa, hirugarren sektoreko kolektiboei eta Bizkaiko gizarte-munduari eskainia, bai eta beste erakunde batzuetako ordezkariei ere.

·Garapenerako lankidetzan giza eskubideen ikuspegia txertatzeari buruzko aurrez aurreko ikastaroa, Unesco Etxearekin dagoen hitzarmenaren barruan.

·Giza Eskubideen Saria Zinema Ikusezinaren Jaialdian.

Gipuzkoako Foru Aldundia ·Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko ikasleei zuzendutako programa, gazteek giza eskubideak ezagutu, barneratu, sentitu, zabaldu eta horiekin konpromisoa hartzeko.
Vitoria-Gasteizko Udala ·Udaleko sail desberdinetatik giza eskubideen sustapenarekin, hauen defentsarekin eta hedapenarekin lotzen diren ekintzak, hitzaldien, erakusketen edo heziketa-tailerren bidez, eta hiriko beste erakundeekin koordinatuta. Agerian utziz udal jarduerak giza eskubideei heltzen diela, zeharkako ikuspegia izanik sail eta zerbitzu guztietan.
Bilboko Udala ·Udaberrian Garapeneko Estrategia Positiboen XII. Jardunaldiak egitea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Giza Eskubideen Defentsan oinarrituta.

·Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko antolatzen diren berezko ekimenak edo beste erakunde batzuenak sustatzea.

Donostiako Udala ·Aieteko Baliabide Pedagogikoen Zentroaren inaugurazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan

·Ibilbide bat diseinatzea, Aldarrikapen Unibertsalaren artikuluekin, Aieteko Jauregiaren inguruan kokatzen dena, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen egoitzaren inguruan, bai eta Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroaren inguruan ere.

Eusko Jaurlaritza ·Kanpainaren esparru partekatuaren diseinua eta garapena.

·Udazkenean Giza Eskubideen Nazioarteko Kongresua egitea, UPV/EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin lankidetzan.

·Abenduaren 10a, 2018ko Giza Eskubideen Eguna, ospatzea, eta René Cassin Saria entregatzea.

Datorren otsailetik aurrera, EUDELek, IVAPek eta Foru Aldundiek elkarlanean antolatu duten 2018ko Zeharkako Prestakuntza Plana hasiko da, euskal toki- erakundeeko teknikari, administrari eta idazkaritza, kontuhartzailetza eta zuzendaritzako langileentzat.

  • 2018ko planean 222 ikastaro daude; horietatik 104 aurrez aurrekoak dira; 118, berriz, lineakoak.

Ikastaroak gaika antolatu dira: Administrazioko oinarrizko gaiak (erregimen juridikoa, kontratazioa…); antolakuntza, giza baliabideak eta zerbitzuaren kalitatea; ekonomia eta ogasuna; arreta soziala, enplegua eta lan-antolamendua; hirigintza eta etxebizitza; ingurumena; berrikuntza; biztanleria; berdintasuna, etab.

Urte honetan hizkuntza-prestakuntza jarraitzen da, 71 aurrez aurreko eta 28 lineako ikastaroen eskaintza berriarekin, euskarazko eta  ingelesezko komunikazio-gaitasunak hobetzeko.

Lekuak:  Bilbon, Donostian, Vitoria-Gasteizen eta Tolosaldean.

Izen-emateko: Matrikula egiteko, eskabidea bidali behar zaio Udaleko prestakuntza koordinatzaileari, e-ivap aplikazio informatikoaren bitartez

PROGRAMA (liburuxka)

Ikastaro bakoitzari buruzko FITXAK

 

Gaur goizean EUDELeko elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landaren eta Euskadirako Saharar Herriaren Ordekaritzako lehendakari berri Abdulah Arabi jaunaren arteko bilera izan da. Ordezkaritza hori euskal agintariekin burutzen ari den erakunde arteko harremanen barruan kokatzen da bilera, xede izanik beraien lehendakari berria ofizialki aurkeztea eta, halaber, saharar herriaren egungo egoeraren berri ematea.

EUDELekin izan duen bileran, Ordezkaritza berriak hainbat xehetasun eman ditu saharar herriak euskal udalerrietatik jasotzen duen Lankidetza eta Elkartasunaz.

Donostia-San Sebastián. Asteazkenean, azaroaren 29an, Donostiako San Telmo museoan, EUDELeko ordezkari eta Urnietako alkate Mikel Pagolak Maila askotako gobernantza, paradiplomazia eta estatuz azpiko erakundeen zeregina EBn” gogoeta jardunaldiaren hasiera ekitaldian parte hartu zuen. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako Eskualdeen Batzordeak antolatu zuten jardunaldia, EUDELekin eta hiriburuko udalarekin lankidetzan, Globernance-Gobernantza Demokratikoko Institutuko idazkaritzaren bidez.

Mikel Pagolak, topagune hartan maila askotako erakundeak eta aditu akademikoak elkartu zirela baliatuta, EUDELek eta Europako Batzordeak sustatutako proiektu pilotu berria iragarri zuen, zeinaren bidez hedatuko baitute 9 euskal udalerritara Berrikuntzaren eta Gobernantza Onaren Europar Zigilua (ELOGE).

Urnietarekin batera, hiru lurraldeetako beste 8 udalerrik hartuko dute parte ekimenean, neurri desberdinetakoak biztanleriari dagokionez.

Helburua da udal bakoitzeko talde politiko eta teknikoen artean baterako autoebaluazioa egitea, aztertzeko abiapuntuko egoera zein den tokiko gobernantza onerako oinarrizko 12 printzipioetako bakoitza betetzeari dagokionez, adibidez, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, gardentasuna, berdintasuna, eraginkortasuna eta eragingarritasuna; erreakzio ahalmena, finantza-kudeaketa osasungarria, etab.

Prozesuaren emaitza gisa, udalerri batzuek gobernantza onaren aitortza jasoko dute, EUDELek EAErako Europako Kontseiluaren erakunde baimendu gisa banatzen duen Europar Zigilua eskuratuko baitute.

Urnietako alkateak nabarmendu zuenez, “Prozesua bera da garrantzizkoa. Autoebaluazio honetan parte hartu nahi izatea. Gauzak ongi egiten ari garelako autokonplazentzian ez jaustea, baizik eta lehen eskutik ezagutzeko beste udalerri batzuetako esperientziak eta jardunbide egokiak, horiek emango baitizute zure erakundean neurri horiek ezartzeko eta hobetzeko bidea.”

Autoebaluazioaren ondorengo urratsean (“Benchmarking”) udalerrien arteko konparaketa egingo da, kasuan kasuko indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko, eta erreferentziazko ereduak ateratzeko, beraien lan dinamikak egokitzeari eta udal bakoitzean tokiko gobernantza hobetzeko plangintzetan aurrera egiteari begira.

Zigiluaren proiektuari buruzko INFORMAZIO GEHIAGO

Proiektu hau ere Gobernantza demokratiko eta maila askotakoaren esparruan sartzen da, haren xedea baita erakundeen eta herritarren arteko harremana estutzea udal politikaren bidez, horixe den heinean pertsonengandik hurbilen dagoena. Mikel Pagolaren hitzetan: “Erronka globalek baterako irtenbideak eskatzen dituzte, eta alkateak eta zinegotziak lider izango dituzten tokiko erantzunak. Gu gara hurbilen gaudenak, eta, beraz, herritarren premiak hobekien ezagutzen ditugunak”.

Behetik gorako Europaren aldeko apustua

Jardunaldia ”Herritarrekiko elkarrizketa, Europaren etorkizunari buruzko gogoeta bat” programaren barruan antolatutako hiru eztabaida saioetan bigarrena zen. Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, gizarte zibilak eta Europako Eskualdeen Batzordeak antolatu dituzte eztabaida saioak, hiru hiriburuetan, hainbat esparrutako iritziak biltzeko: unibertsitatea, enpresa, gizarte-harremanak, maila askotako gobernantza eta gazte enplegua.

Hiru saio horietatik ateratzen diren ondorioek Eusko Jaurlaritzak Europaren etorkizunari buruz lantzeko asmoa duen proposamena aberastuko dute. Proposamen hori CdR Eskualdeen Batzordeari, Europako Batzordeari eta haren buru Jean-Claude Junckerri helaraziko zaie, ekarpen gisa. 

Juanjo Álvarez (Globernance) izan zen errelatorea, baina Donostiako ekitaldian izan ziren, orobat, Marian Elorza eta Mikel Antón (Eusko Jaurlaritza), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundia), Juanra Viles (Donostiako Udala), Shaun Riordan britainiar diplomatiko ohia, Patxi Aldekoa eta Henry Labayle katedratikoak, Igor Filibri eta Maite Zelaia.

 

Informazio gehiago: http://globernance.org/

Beldur Barik 2017ko lan irabazleek emakumeen ikusgarritasuna, mutilen erantzukizuna, edertasun kanonak, aniztasuna, ikusten ez diren indarkeriak eta artea ahalduntze feministarako tresna bezalako gaiak jorratu dituzte.

Arrasatetik bidalitako “Hitzetan” lana izan da lehen kategoriako (12 eta 17 urte) lan irabazlea eta “Me dijeron”, Vitoria-Gasteiztik bidalita, bigarren kategoriakoa (18 eta 26 urte). Saritutako lan  guztiak eta informazio guztia prentsa oharrean.

Lan irabazleak deskargatzeko esteka: https://we.tl/cS5KI6pZm1

Informazio gehiago www.beldurbarik.org

Beldur Barik programa, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatutaBerdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

AVS, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Sustatzaile Publikoen Elkarteak antolatzen du Bilbon, abenduak 12 eta 13an egingo dugun “Hiri-Birgaitze, Berritze eta Birsorkuntzaren Erronkak XXI. Mendean” gaiari buruzko II. Kongresura.

Jardunaldi hauen gaineko informazioa atxikita doakizu eta helbidean daukazu: ireki programa.

Parte hartzea dohainekoa den arren, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da tokia antolatzeko: Izena eman

Oharra: IVAP-ek etorri izana ziurtatuko du Kongresua amaitu ondoren. Ziurtagiriak era elektronikoan soilik emango dira.

Info+ 944 058 637

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroak 28. Lantaldeek egindako lanaren berri eman da bileran.  Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga buru dela, gaur elkartu da Polizia eta Larrialdietako Akademiaren Arkauteko egoitzan Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea, eta, besteak beste, udaltzaingoetako agenteen hautaketa-prozesu bateratuari, EUDELekin duen hitzarmenari eta polizia-lankidetzarako Segurtasun Sailaren eta udalen arteko oinarrizko lankidetza-hitzarmenari buruzko informazioa eman du.

Bileran izan dira Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia; Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo; Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde  Prozesuen  zuzendari  Eugenio  Artetxe; Segurtasuneko  zinegotziak, Carlos  Zapatero  (Gasteiz)  eta  Martín  Ibabe  (Donostia);  eta  EUDELen izenean, Mungiako alkate Ager Izagirre, Erandioko alkate Joseba Goikuria, Laudioko alkate Natxo Urkixo eta Amurrioko zinegotzi Alberto Artetxe; eta sindikatuak ordezkatuz ELAko Roland Estebanez.

Udaltzaingoak  Koordinatzeko  Batzordearen  bileran  ekipamenduekin,  berdintasunarekin, informatika eta telekomunikazioekin, eta hautaketa eta prestakuntzarekin zerikusia duten gaiez arduratzen diren lantaldeek egindako lanaren berri eman da, eta aztergai izan dira, besteak beste, EUDELekin duen hitzarmena eta polizien arteko lankidetzarako Segurtasun Sailak eta udalek sinatutako oinarrizko hitzarmena ere, EUDELek onartu zuena eta Gobernu Bilerara eramatekoa dena. Polizia prozeduretan eta eginbideetan egindako azken lege-erreformak ere azaldu dira bileran, bai eta herritarren segurtasunaren arloko zigor-araubidea ezartzeko interpretazio-irizpideak eta jardunbide egokiak ere.

Bestalde, erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren esparruko poliziaren koordinazioaren   balantzea   ere   egin   da   batzordean,   bai   eta   tokiko   polizia-koordinaziorako batzordeen eta jarduera-plan bateratuen balantzea ere. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko elkarlanaren arloan Segurtasun Sailak eta udalek sinatutako lankidetza-hitzarmenen bilakaera ere aztertu da.

 

 

2017.eko azaroak 27

Elkarlana eta aktibazioa euskararen erabilera sustatzeko. Horiexek izan dira herri erakundeek datorren igandean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira onartu eta aditzera eman duten adierazpenaren oinarriak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean irakurri dute adierazpen hori eta, informatu dutenez, datorren igandean ildo horren aldeko apustua berretsiko dute egun hori dela-eta Europa Jauregian izango den ospakizun nagusian.

EUDELen izenean, Aitor Aldasoro, Beasaingo alkateak eta EUDELeko euskara arduradunak parte hartu du gaurko prentsaurrekoan. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusietako ordezkariak izan dira adierazpenaren gaurko aurkezpenean: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Luna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana de Castro; Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate; eta Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zuzendari Jone Unzueta. Haiekin batera izan dira, baita ere, UEMAko presidente Josu Labaka.

Adierazpen honetan “elkarlanaren” garrantzia nabarmendu dute euskararen erabilera sustatze aldera: “Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana”.

Horrela, adierazi dutenez, momentu egokia da lankidetza hori berrikuntzaren bidetik sendotzeko. “Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez”, gehitu dute.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izango da datorren igandeko Europa Jauregiko ekitaldi nagusian; eguerdiko 12.00etan hasiko da eta erakundeetako zein euskalgintzako ordezkariak izango dira han.