Eudel

Author

eudel

Azken berriak

EUDELek eta EMAKUNDEk aurkezten dizute webgune berria:

2012. urteaz geroztik, Euskadiko emakumezko alkate eta zinegotzientzako espazio propioa da eskola, eta sarean lan egitea eta tokiko politikei buruzko esperientziak trukatzea ahalbidetzen du.

Hemendik aurrera, webgune berria informaziorako, komunikaziorako eta euskarrirako gako-kanala izango da sarean Euskadiko tokiko hautetsientzat.

Eskolaren beraren jarduna hedatu eta dinamizatzeko barne-tresna izateaz gain, Basqueskolaren webguneak bozgorailu funtzioa beteko du, udalek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egunerokoan egiten dituzten ekintzak ikusarazteko, eta, zehatzago, emakumeen parte-hartze politikoa sustatzeko.

WEBgune berria: Virginia Woolf BASQUESKOLA

Diseinua: eskolaren neurrira egindakoa, Euskadiko hautetsien artean sare berriak (birtualak ere bai) indartu eta ehuntzeko euskarri digitaleko egiturarekin.

Edukiak: albisteak eta gaurkotasuna, elkarrizketak, prestakuntza eta ikastaroak, nazioartean erreferente diren sareen inguruko informazioa eta tokiko politikan emakumeen jarduna zabaldu eta indartzeko baliabide esanguratsuen biblioteka.

Egitekoa: komunikaziorako eta zabalkunderako kanala; informazio, kontsulta eta aholkularitzarako iturria; argitalpenen eta material didaktikoen biltegia; hautetsien artean eztabaida, kontaktua eta esperientzien eta hausnarketen trukea sustatzeko foroa.

Buletin Digitalera harpidetu, azken albiste eta informazioak jasotzeko.

Basqueskola kontaktua: basqueskola@eudel.eus

2013an etxegabetzeen arloan hasitako erakunde arteko lankidetzaren ildoan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Lankidetza Hitzarmena sinatu dute, neurri sozialak ahalbidetzeko asmoz etxebizitza familiarrak sustatzerakoan izan daitezkeen zaurgarritasun-kasuak antzemateari buruz; hori horrela, orain, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin lankidetza-ildoa abiaraztea proposatu da, aipatutako Sailak hala eskatuta, Alokabide sozietate publikoak kudeatzen dituen etxebizitzen inguruko etxegabetzeen aurreko egoerak jorratzeko; izan ere, Alokabide sail horren menpe dago, eta berau da etxebizitzen alokairu babestuaren arduraduna.

Ondorio horietarako, EUDELen Batzorde Eragileak, 2017ko urtarrilaren 19an egindako saioan, udalengana jotzea erabaki du, hain zuzen ere, Alokabide sozietate publikoarekin lankidetza eskatuz, udal gizarte zerbitzuen bitartez.

Lankidetza hori soilik aktibatuko da Eusko Jaurlaritzako alokairuko parke publikoko etxebizitzen kasuan eta maizterrek alokairua sarritan eta justifikaziorik gabe ordaindu ez duten kasuetan, edo elkarbizitza-arazoak dituztenean edo etxebizitza babestua edukitzearen inguruko betebeharrak modu larrian bete ez direneko edozein kasutan. Hain zuzen ere, lankidetza eraginkorra izan dadin, Alokabidetik dagokion udalerriko Alkatetzarekin jarriko dira harremanetan, eta Alkatetzak zehaztuko du nor izango den gai horren inguruko udal zerbitzuko arduraduna, harekin jarri ahal izateko harremanetan.

Eragindako pertsonaren egoerara egokitutako konponbideren bat eman ahal izateko, eta Alokabidek hartuko duen azken erabakia behar bezala osatu ahal izateko, udal gizarte zerbitzuek sozietate publiko horrekin kolaboratuko dute, kasu zehatz bakoitzeko egoera sozialei buruz duten ezagutzatik.

Kasu bakoitzetik sor daitekeen prozedura judiziala abiarazi aurretik, Alokabide eta prozedura horren ondorioz eragindako pertsona edo pertsonak harremanetan jarriko dira etxegabetzeen aurkako herri bakoitzeko elkarte eta kolektibo sozialekin, informazioa jasotzeko eta, hala badagokio, sustapen-egoerak saihestu ditzaketen konponbideak aurkitu ahal izateko.

Datorren otsailetik aurrera, EUDELek, IVAPek eta Foru Aldundiek elkarlanean antolatu duten 2017ko Zeharkako Prestakuntza Plana hasiko da, euskal toki- erakundeeko teknikari, administrari eta idazkaritza, kontuhartzailetza eta zuzendaritzako langileentzat.

Lekuak:  Bilbon, Donostian, Vitoria-Gasteizen eta Tolosaldean.

Planean 179 ikastaro daude; horietatik 91 aurrez aurrekoak dira; 88, berriz, lineakoak.

Ikastaroak gaika antolatu dira: oinarrizko gaiak (erregimen juridikoa, kontratazioa…); giza baliabideak; gizarte zerbitzuak; hirigintza; ingurumena eta etxebizitza; berrikuntza; biztanleria; berdintasuna, etab. 

2017an prestakuntza planak (ETEL) Euskadiko Toki Erakundeen Legearen ardatzik nagusienak izango ditu kontuan: esparru orokorra, zerbitzu-zorroak, gaitasunak, antolakuntza, gardentasuna eta parte-hartzea.

Euskarazko eta ingelesezko kurtso gehiago

Gainera, urte honetan hizkuntza-prestakuntza indartu egin da, 74 ikastaro presentzialen eta 52 ikastaro on line eskaintza berriarekin, eta horietatik guztietatik 53 ikastaro euskarazko eta 25 ikastaro ingelesezko komunikazio-gaitasunak hobetzeko dira.

Izen-emateko: Matrikula egiteko, eskabidea bidali behar zaio Udaleko prestakuntza koordinatzaileari, eta horrek honako helbide honera bidaliko du: prestakuntza@ivap.eus

Hizkuntza prestakuntza arloko eskaera denean, berriz, ikasivap@ivap.eus helbidera bidali behar da.

EUDELek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, asteburuan Istanbulen eta Bagdad-en izan diren atentatu odoltsuen aurrean, eta erabateko irmotasunez gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria. Era berean, Euskadiko Udalen Elkarteak dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

Euskadiko udaletatik besarkada solidario bat bidaltzen diegu Turkiako eta Irakeko herritarrei, une latz hauetan.