Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Urriaren 14ko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan, 2015erako eta 2016rako itunpeko zergengatiko diru-bilketako aurreikuspenak onartu ziren.

Diru-bilketako aurreikuspenek behera egin dutenez, eragin zuzena izango dute udalek itunpeko zergengatik daukaten partaidetzan, eta, Bizkaiaren kasuan, UDALKUTXA Fondoan dago zehaztuta. Gaur egindako bileran, Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak Udalkutxako 2015erako aurrelikidazioko eta 2016erako aurreikuspenetako zenbakien berri izan du.

2015eko aurrelikidazioko zenbakiek eragin ekonomikorik ez daukaten arren eta 2016ko otsailean egin beharreko likidaziora arte itxaron beharko den arren, oso garrantzitsua da haien berri izatea aurrekontuak errazago kudeatzeko orduan.

Hona hemen 2015. eta 2016. urteei begira udalek egin beharreko konturako entregen banakako zenbakiak eta 2015eko aurrelikidazioa:

Udaletarako jakinarazpena:

Aurreikuspen hori kontuan hartuta, Udalek 2015. urtean jasotzen ari diren konturako entregen zati bat itzuli beharko dute 2016an. Hori dela eta, Bizkaiko Lurralde Batzordeak lurralde historikoko udal guztiei gomendatzen die euren kudeaketa ekonomikoan eta aurrekontuetan zuhurtziaren eta erantzukizunaren irizpideen ezarpena areagotzea

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak (FPEK) 2015eko urriaren 14ko bileran, zerga itunduen bilketa aurreikuspenak onartu zituen 2015erako eta 2016rako. Era berean, FPEK-k diputazioek Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenen aurreikuspenak ere onartu zituen. Aurreikuspen horietan oinarrituta kalkulatu dira, behin behingoz, Udalak Finantzatzeko Foru Fondoarenak ere. Informazioa jakinarazi da urriaren 16, ostirala gaur ospatutako Gipuzkoako Finantzen Kontseiluan udal-ordezkariei.

Datu horiek guztiak jaso ditugu txosten honetan, eta bere eranskinetan

Informazio gehiago (www.gipuzkoa.eus)

Gipuzkoako udalek aurreikusitakoa baino 14 milioi euro gehiago jasoko dituzte aurten Foru Fondotik

Udalerriek 443 milioi jasoko dituzte, aurtengo aurrekontuetan jasotakoa baina %3,22 gehiago

Markel Olano Ahaldun nagusiak eta Imanol Landa EUDELeko Elkarteburuak lehen bilera instituzionala egin dute gaur. Ondoren, Gipuzkoako Finantzen Kontseilua egin da.

EUDELeko ordezkariak Gipuzkoako Finantzen Kontseiluan:

  • Mikel Pagola Tolosa, Urnietako Alkatea
  • Txomin Sagarzazu Ancisar, Hondarribiko Alkatea
  • Koldobike Olabide Huelga, Legazpiko Alkatea
  • Jaime Dominguez-Macaya Laurnaga, Donostiako zinegotzia
  • Miguel Angel Paez Escamendi, Irungo Zinegotzia

Kudeaketa politikorako gaitasunen eta tresnen programaren edizio berri honetan, 500 plazatik gora eskaini dira, eta 50 lagun izango dira batez beste saio bakoitzeko. Guztira, 5 saio izango dira, urritik azarora arte, gaztelaniaz eta euskaraz.

2015eko urriaren 14a. Gaur goizean, Euskadiko udaletako politikariei zuzendutako Prestakuntza eta Gaitasunen Garapenerako Programa berriaren lehen saioa izan da Durangoko Landako gunean. EUDELen Zuzendaritza Batzordeko ordezkari den aldetik, Beasaingo alkate Aitor Aldasoro arduratu da ikasturtea irekitzeaz eta lehen saioan parte hartu duten 80 lagun ingururi ongietorria egiteaz:

“Ausardiaz egin duzue urratsa. Sekula ez da gaur baino garrantzitsuagoa izan tokiko politika eta tokiko gobernantza ona izatea. Eta, hori lortzeko, “ondo egiaztatutako gaitasun politikoak” dituzten pertsonak behar dira, dagozkien zereginak hobeto egin, eta osotasunari eta ereduzkotasunari jarraiki lan egingo dutenak.”

(Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea eta EUDELeko ordezkaria).

EUDELek “2015-2019 UDAL GOBERNUA” izenburuko prestakuntza-programa diseinatu du, IVAPekin lankidetza estuan. Horren bidez, lan politikoa erraztu nahi die alkateei eta zinegotziei, legegintzaldi honen hasieran.

Saioen bidez, gaitasunak eta tresnak eman nahi zaizkie udaletako politikariei, lagungarriak izango baitzaizkie gobernuko zereginak betetzeko. Horrez gain, behar den orientabidea eman nahi zaie, erronka berriei eta herritarren eskaerei dagokienez.

Datozen bi hilabeteetan, urritik azarora bitartean, 5 saio izango dira hizkuntza bakoitzean, gaztelaniaz eta euskaraz. Udal-kudeaketan adituak diren pertsona hautatuek emango dituzte saioak.

Saioetako gaiak

1.- Funtzio politikoa garatzeko oOinarrizko gaitasunak.

2.- Kudeaketa aurreratuko ereduak. Izapideen Eskuliburua eta Herritarren Arretarako Zerbitzuak.

3.- Udal iraunkorrak. Ekonomia- eta finantza-kudeaketa.

4.- Komunikazio politikoa eta negoziatzeko teknikak.

5.- Gobernantza ona: berdintasuna, etika, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea.

EUDELen prestakuntzako beste ildo batzuk

Udaletako politikarien eta teknikarien prestakuntza lehentasunezko ardatza da elkarte honek eskaintzen dituen zerbitzuetan. IVAPekin izandako lankidetzaren bidez, azken urteetan, programen eta mintegien lerro berriak sartu dira, esate baterako, Tokiko Zuzendaritza Publikoko ibilbideak edota Tokiko Zuzenbideko Euskal Mintegia, bai eta udaletako teknikari guztiei urtero eskaintzen zaien EUDEL-Aldundiak-IVAP Zeharkako Plana ere.

Informazio gehiago:
www.eudel.eus/prestakuntza
  • Galdakaoko alkate eta EUDELeko ordezkariak hitzaldia eman du gaur Bruselan ehun pertsona baino gehiagoren aurrean, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) berdintasunerako Batzordearen presidente gisa eskaini duen lehenengo konferentzian.
  • Ibon Uribek dei egin die tokiko gobernuei, lidergoa euren gain hartu dezaten eta Berdintasuna agenda politikoaren erdigunean jartzeko eskura dituzten tresna guztiak aktibatu ditzaten.

Ibon Uribek lehenengo hitzaldia eskaini du gaur goizean Bruselan, CMREk 2015-2017 agintaldirako Berdintasunerako Batzordearen presidente izendatu ostean. EUDELen talde eragilearen kide da Uribe, eta Europako batzorde horren buruan lortu nahi duen helburuetako bat da Euskadi erreferente bihurtzea, Berdintasunerako politika publikoei dagokienez, udalerrien artean sarean lan eginez eta Euskadiko gainerako erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta.

Belgikako hiriburuko topaketan Europako Batzordeko kide diren herrialdeetako tokiko eta eskualdeko agintaritzen ehun bat ordezkari izan dira, baita Europako Parlamentuko eta Batzordeko ordezkariak ere. Ibon Uribe Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin eta Berangoko Alkatea, Maria Isabel Lasarekin, eta Sestaoko gizarte-ongizatearen zinegotzia, Flori Nuñezekin izan da topaketan.

Presidente berriak 2017ra arte beteko duen bi urteko agintaldiaren ardatzen norabidea zehaztuko duten helburuak zein diren azaldu du, berdintasunerako tokiko politikek eragin handiagoa izan dezaten lortzeko azken xedearekin.

“Gure udalerriek gero eta tresna eta aditu gehiago dituzte, berdintasunari tokiko esparruan bultzada emateko (…).

Alabaina, desberdintasunaren zifrek esaten digute hau ez dela nahikoa. Beharrezkoa da tokiko gobernuen buruan gaudenok kontzientzia indibidual eta kolektiboa hartzea, berdintasuna politikaren erdigunean kokatzeko, bai edukiari bai berdintasuna bera betearazteari dagokienez.”

Konferentzia Bruselako udaletxean izango da gaur. Saio nagusian, Berdintasunerako Europako Gutunak tokiko bizimoduan duen eragina neurtzeko proiektu pilotuaren emaitzak aurkeztuko dira. Gainera, programak hiru tailer paralelo hartzen ditu barne, honako gaiak aztertu eta horien gainean eztabaidatzeko: enpleguan dauden desberdintasunak, erabakiak hartzeko orduan emakumeek duten rol politikoa eta genero-indarkeria

EUDELek Suediaren lekukoa hartu du, Europan Berdintasunerako tokiko politikak zuzentzeko

  • Europako udalerri eta eskualdeen (CMRE) topaketan, Galdakaoko alkateak presidente gisa beteko duen agintaldiaren helburuen berri emango du, Berdintasunerako tokiko politikek eragin handiagoa izan dezaten lortzeko asmoz.
  • Uribe Emakunderen zuzendariarekin, Izaskun Landarekin, eta Euskadiko udalen ordezkariekin batera joango da Bruselara.

Bilbon, 2015eko urriaren 13an. Galdakaoko alkate Ibon Uribe Bruselan dago egunotan, bihar, urriak 14, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) presidente gisa Europan eskainiko duen lehenengo konferentzian parte hartzeko. Konferentzia 09:30ean izango da Bruselako udaletxean. Bertan, ehun bat pertsona izango dira gutxi gorabehera, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen ordezkariak barne.

Ibon Uribe Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin eta Berangoko eta Sestaoko udaletako ordezkariekin batera izango da Bruselan. Hitzaldian, Euskadin Berdintasunaren alorrean ditugun zeharkako lan-eredua eta erakundeen arteko lankidetza-eredua azalduko ditu presidente berriak.

Gaur, asteartea, konferentziaren aurreko egunean, Ibon Uribek lanerako barne-saioa dauka finkatuta, Berdintasunerako Batzordeko kideekin. Lehenengo saio horretan, talde berriak Berdintasunerako Batzordearen lanean aurrera egiten jarraitzeko erronkak eta helburuak aztertuko ditu. Ibon Uribek ekintza-plana egiteko oinarrizko ardatzen berri emango du. Ardatz horiek Europako udalerriekin partekatzea eta horien inguruan adostasuna lortzea da Uriberen asmoa.

CMREren Berdintasunerako Batzorde Iraunkorra (Standing Committe for Equality) EBko herrialdeetan Berdintasunerako tokiko politikak koordinatzeko organo gorena da. Europako udalerri eta eskualdeen elkarte nagusietako ordezkariek osatzen dute Batzordea.

Ibon Uribek, EUDELen izenean, presidente kargua beteko du datozen bi urteotan, 2017ko urte amaiera arte, Suediako Elkarteko Ewa Samuelssonen lekukoa jaso ostean. Bi elkarteek esperientzia eta ibilbide luzea dute berdintasunaren aldeko lanean, eta euren helburu eta metodologietako asko bat datoz.