Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’ dela-eta, EUDELek eta Galdakaoko alkate eta CMREko (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua) Berdintasun Batzordeko egungo presidente Ibon Uribek Deklarazio instituzionala aurkeztu dute. Adierazpena kide diren herrialdeetako tokiko agintari guztiekin partekatu da.

Asteartean, martxoaren 8an, Europako hainbat udalerritako gobernuek euren ahotsak batuko dituzte Berdintasunaren aldeko mezu eta konpromiso berean, herritarrengana eta Europako erakunde guztiengana indar handiagoarekin iristeko.

EUDELek, otsailean, Adierazpena Euskadiko Udalei bidali zien, ahalik eta lasterren, udalbatzarretan eta eledunen batzarretan onartu zezaten. Europari dagokionez, dokumentua 150.000 agintari publikori baino gehiagori zabaldu zaie, CMRE osatzen duten 41 herrialdeetako udalerri eta eskualdetako 55 elkarteen bidez.

Berdintasunaren aldeko tokiko konpromisoa

Adierazpenean, Europako tokiko gobernuek, besteak beste, honako ekintza hauek gauzatzeko konpromisoa hartu dute: erabakiak hartzeko prozesuetan gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunezko parte-hartzea sustatzea; mota guztietako indarkeria eta emakumeen giza eskubideen urraketa salatzea; EBko estatu eta erakundeei deia egitea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumezkoei prebentzioa, babesa eta laguntza emateko politika eta araudi komunak hartzeko; eta gerratik eta jazarpenetik ihes egin duten emakumezko eta adingabe errefuxiatuen beharrizan espezifikoak kontuan hartzea.

Europako Gutunari atxikitzeko kanpaina

Europako tokiko eta eskualdeko gobernuei ‘Europako Gutuna. emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako’ bidali zitzaien, sinatu, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioari buruzko jarrera hartu zezaten, bai eta bertan definitutako konpromisoak udalerrietan eta lurraldeetan aplikatzeko ere. Gaur egun, Gutunarekiko atxikimendu-sarean, Europa osoko 33 herrialdetako 1.513 tokiko gobernu inguru daude.

Berdintasunaren Europako Batzordeko presidente den bitartean, EUDELek Europako Gutunari atxikitzeko kanpaina berria sustatuko du, dokumentuarekiko ahalik eta laguntzaile gehiago lortzeko Europako tokiko gobernuen artean.

Europako Gutuna, emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako.

  • Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE), EUDELen proposamena onartu, eta Bizkaiko hiriburua aukeratu du Konferentziaren egoitza moduan.
  • Datorren apirilean egingo da Bilboren izendapenaren aurkezpen ofiziala, Nikosian (Zipre) izango den tokiko gobernuen Kongresuan.
  • 2018ko Konferentziaren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordeak bilera bat egingo du Bilbon; izan ere, bertako Alkate eta EUDELeko elkarteburu Imanol Landa batzorde horretako kidea da.

Bilbon, 2016ko martxoak 2. Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) Bilbo aukeratu du 2018an “berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari” buruzko gaikako konferentziaren egoitza izan dadin. EUDELek eta Bilboko Udalak koordinatuta egingo dute lan, bai programa diseinatzeko, bai ekitaldia prestatzeko beharrezkoak diren baliabideak antolatzeko. Gaia zein den aintzat hartuta, Emakunderen lankidetza ere izango da.

EUDELek proposatu zuen Bilboren hautagaitza, CMREren kidea den aldetik, eta, proposamenari erantzunez, Konferentzia Euskadiko udalerrietako batean egiteko interesa helarazi dio Kontseiluak EUDELi.  Gaur goizen bertan onartu dute Bilboren hautagaitza Bruselan, Kontseiluko idazkari nagusien bileran.

Lau urterik behin, eta ohiko Kongresuez aparte, CMREk konferentzia garrantzitsu bat antolatzen du bere kide eta bazkideekin, toki nahiz eskualde mailako gobernuentzat garrantzitsua den gairen bat garatzeko. Konferentzia horren egoitzen artean Europako hiriburu garrantzitsuak egon dira; 2014ko azken edizioan, esaterako, Erroma aukeratu zuten.

2018ko Konferentziak 2 eguneko iraupena izango du, eta 500 lagunen parte-hartzea espero da; horien artean: zenbait udaletako hautetsiak, toki nahiz eskualde mailako adituak, europar erakunde nahiz gobernuetako ordezkariak, akademikoak, eta gizarte zibileko eta sektore pribatuko kideak.

Bilboren aurkezpen ofiziala datorren apirilean egingo da, 20tik 22ra bitartean Nikosian izango den CMREren Kongresuaren baitan.

Horrez gain, 2018ko Konferentzia horren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordearen urteroko batzarra egingo da; bertan izango da, Batzorde horretako kide den aldetik, EUDELeko elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa ere. Topaketa garrantzitsu hori Bilbon bertan egiteko aukera eskaini die alkateak Europako beste kideei. Zuzendaritza Batzordearen bilera horrek garrantzi handia dauka, foro horretan defendatzen baitira, mailarik gorenean, tokiko gobernuen interesak. Gainera, une benetan garrantzitsua izango da, 2030. urterako Europa mailan finkatu beharreko estrategiei begira.

EUDEL, Europako Berdintasun batzordearen presidentetzan

EUDELek egindako proposamena onartzeko orduan, eragina izan dute Euskadiko udalerriek berdintasuna eta gizarteratzea indartzeko toki mailan gauzatu dituzten politikek. Izan ere, EUDEL da alor horretan udalei aholkua eman eta laguntzeko erreferentziazko elkartea, udalerri txikienetan, batez ere, euren ekimenak garatzeko laguntza eskaintzen baitie; era berean, bestelako programak ere sustatu ditu Emakunderekin eta Euskadiko beste erakunde batzuekin.

Horri guztiari esker, joan den urteko ekainean EUDELeko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe Berdintasun Batzordeko (Standing Committee for Equality) presidente izendatu zuten, hau da, berdintasun arloko tokiko politiken koordinatzaile nagusi.

CMRE, udalerrien ahotsa Europan

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua da (CMRE) tokiko nahiz eskualde mailako gobernuek Europan daukaten ahotsa.  150.000 agintari publiko baino gehiago ordezkatzen ditu, 41 herrialdetako udalerrien eta eskualdeen 55 elkarteren bidez. Horien artean dago EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea.

CMREren egoitza Bruselan dago, eta bere egitekoa bikoitza da:

  • Europar legerian eragitea, hirien eta tokiko nahiz eskualde mailako gobernuen izenean; eta
  • Plataforma bat eskaintzea, erakundeko kideek esperientziak eta praktikak truka ditzaten.

United Cities and Local Governments (UCLG-Ciudades y Gobiernos Locales Unidos) deritzonaren Europako atala da CMRE.

Iruñan, 2016ko otsailaren 26an.

Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) elkarteburuak, Imanol Landak, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) buruak, Pablo Azconak, arlo instituzionalean zein teknikoan bi erakundeen arteko lankidetza-harremanak indartzeko erabakia hartu dute gaur goizean FNMCko Iruñako egoitzan egin duten bileran. Bertan, hain zuzen ere, EUDELeko zuzendari nagusia, Mª del Mar Zabala, eta FNMCko idazkari nagusia, Berta Enrique, egon dira haiekin.

Bi elkarteburuek adierazi dutenez, interes bateratuko arlo zabalak dituzte. Horrela, bada, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrean ari dira Udalei buruzko Legea izapidetzen, eta, aldi berean, helburu bera daukan prozesua ere abian jarri dute Nafarroan.

Alde horretatik, era guztietako lanak partekatzea erabaki dute, bi elkarteentzat nahiz Euskadiko zein Nafarroako tokiko erakundeentzat onuragarriak izan daitezkeelako.
Bileraren esparruan, EUDELeko ordezkariek nafarrei aurkeztu dizkiete Euskadiko Udalei buruzko Legearen funtsezko ardatzak. Bestetik, eurak ere tokiko mapa berrantolatzeko prozesupean daudela azaldu dute ordezkari nafarrek. Bi erakundeak bat datoz bi proiektuak legealdi honetako oinarrizko erronkak direla adieraztean.

EUDEL Asociación de Municipios Vascos www.eudel.eus

FNMC Federación Navarra de Municipios y Concejos www.fnmc.es

Martxoaren 8a. Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8a dela eta, ‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’, EUDELeko Batzorde Eragileak berretsitako Adierazpen Instituzionala bidaltzen zaie Euskadiko Udalei.

Aurten da Toki Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunaren 10. urteurrena. Aldi berean gertatu da EUDELen lehendakaritza Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CCRE-CEMR) Berdintasun Batzordean. Ibon Uribe Galdakaoko Alkateak izango du ordezkaritza, bi urtez.

Testuinguru honetan, martxoaren 8a ospatzea oso une egokian dator Euskadiko udalek berdintasuna inplementatzeko konpromisoa berrindartu dezaten eta, xede horri begira, europar mailako berdintasunerako Gutunari bultzada berria eman diezaioten.

Horregatik guztiagatik, Adierazpen instituzional honen bidez EUDELek dei egiten die udalei ‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’ ospatzeko, nola eta Europako Gutunari atxikiz eta/edo berau garatuz, bai halaber udalerrietan bultzatuko diren ekimenen bitartez.

10. Edizioa martxotik azarora

EAEko toki erakundeetan arlo juridikoan lan egiten dutenei zuzenduriko Tokiko Zuzenbideari buruzko Euskal Mintegia bere 10. Ediziora heldu da.

Aurtengo edizioak 5 saio izango ditu (20 ordu guztira). Saio horiek 2016ko martxoa eta azaroa bitartean egingo dira, Bilboko EUDELen (Erzilla kaleko 13. zenbakian dagoen ekitaldi-aretoan).

Gaiak: enplegua eta funtzio publikoa, tokiko zerbitzu publikoen kudeaketa partekatua, kontrataziorako zuzentarau berriak, zehatzeko ahalmena eta herritarren parte-hartzerako arau-esparrua.

2016eko PROGRAMA 

Bost saio (20 ordu): martxoak 18, maiatzak 6, ekainak 17, irailak 30, azaroak 18

Ordua: 9:30etik 13:30era

Tokia: EUDELeko ekitaldi aretoan (Erzilla kalea, 13 Bilbon)

 

Tokiko Zuzenbideari buruzko Euskal Mintegia 2006az geroztik egiten da, eta, honezkero, zortzi edizio egin dira.

Mintegia gai bakarreko hainbat saiotan egituratuta dago, hurrengo alderdiak barne hartuta:

  • Hitzaldi akademikoak, aditu eta profesionalen eskutik, Tokiko Zuzenbide Publikorako funtsezkoak diren gaiei buruzkoak.
  • Hitzaldi akademikoaren osagarriak diren gaiei buruzko gogoetarako espazioa; edo tokiko gobernuei buruzko esperientzia eta praktika onak.
  • “Tokiko Zuzenbidearen Behatokia”: arauen, jurisprudentziaren, dokumentuen eta bibliografiaren gaineko berrikuntzak aztertzeko espazioa.

*Aldizkari Digitala barne dago: gai orokorrei eta jurisprudentziari buruzko albisteak, arau-aipamenak eta intereseko bibliografia.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen honen helburua, Udaletako profesionalen eta etorkinen arteko komunikazioa erraztea da. Sistema honi esker, herritar guztiek berdintasuna izango dute eskubideei dagokienez.

2015 urtean 53 Tokiko Erakundeek (163 udalerri) zerbitzua erabili dute eta bere erabilerak dituen abantailak ezagutzeko aukera izan dute.

Interesa duten Tokiko Erakunde berriek otsailaren 18a baino lehen atxikimendu orria bidali behar dute hurrengo posta elektronikora: gizartegaiak@eudel.eus

ZERBITZUAREN BALDINTZAK:

  • 51 hizkuntzatara itzultzea bermatuko da, bai eta interesa duten tokiko erakunde guztientzako telefono pack-ak mantenduko ere; era berean, minutuak biztanle kopuruaren arabera banatuko dira.
  • Minutuen guztizko kopurua “solidarioa” izango da; horrenbestez, urte bukaeran, udalerri batek ez baditu esleitutako minutuak kontsumitu, minutuok “minutuen poltsa komun solidario batera” pasatuko dira.
  • Minutuen poltsa nahikoa izango ez balitz, hasieran esleitutako minutuen kontsumoa gainditu duten udalerriek beren gain hartu beharko dute gehiegizko gastua, eta zerbitzua ematen duen enpresari gehiegizko kontsumo hori ordaindu.

Eraso bortitzaren ondorioz Alicia neskatoa atzo hil zenez, eta ikerketek zein bide hartuko eta isilpeko sumarioa noiz kenduko zain gaudelarik, EUDELek gaitzespen irmoena eta arbuio erabatekoa adierazten du edozein indarkeria kasu matxistaren aurka.

Hala, EUDELek bat egiten du gaur, urtarrilak 27, izango den elkarretaratze isilarekin, Vitoria-Gasteizko Udalak deitua, xede duena gertakari anker horiek salatzea eta adin txikiko biktimaren amarekin zein hurrekoekin elkartasuna adieraztea.

EUDELeko Berdintasun ordezkari eta europar udalerrien Berdintasun Batzordeko lehendakaria, Galdakaoko alkate Ibon Uribe,  Vitoria-Gateizen izango den elkarretaratzera bertaratuko da gaur, urtarrilak 27, 12:00etan, Udaletxeko fatxadaren aurreko Plaza Berrian.

 

Euskadiko Udalen ElkarteaEUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak gizarte zerbitzuen zorroari buruzko dekretu berrian jasotako gizarte prestazio eta zerbitzuen lurralde antolamenduaz arduratuko den erakundeen arteko talde bat sortuko dute

2016ko urtarrilak 26.- Udalek gizarte zerbitzuen arloan duten garrantzi handia kontuan hartuta, EUDELek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lan-bilera bat egin dute Bizkaiko alkateekin, gizarte zerbitzuen zorroari buruzko dekretu berria ezartzean gure lurraldean egingo den zerbitzu eta prestazioen inguruko eskumenen banaketa denon artean eztabaidatzeko. EUDELek Bilbon duen egoitzan egin da bilera eta bertan izan dira EUDELeko elkarteburua, Imanol Landa, Gizarte Ekintza Saileko foru diputatua, Isabel Sanchez Robles, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuordea, Lide Amelibia.

Imanol Landa EUDELeko buruak nabarmendu du Bizkaiko Mapa egiteko “beharrezkoa dela koordinatuta lan egitea eta udalen beraien arteko akordioetara iristea”. “Udaloi dagokigu gure zerbitzu berriak non kokatu erabakitzea. Gure artean hitz egin behar dugu, sistema berria udalen errealitatera eta gizarte beharrizan berriei egokitzeko”. Halaber, erakundeen garrantzia azpimarratu du “konturatu gaitezen amaierarik ez duen etengabeko hobekuntzarako bidean abiatzen garela, iraunkorra izango den eta denboran iraungo duen gizarte zerbitzuen benetako sistema bat eraikitzeko”.

Prozesuak dirauen bitartean, EUDELek aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkie udalei, haien kontsulta guztien inguruko laguntza teknikoa eta juridikoa eskainiz.

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza Saileko foru diputatuak gogorarazi du 2008ko Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak eta 2014. urtearen amaiera aldean hitzartutako Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko dekretuak ezartzen dutela gizarte zerbitzuak hiritar guztien eskubide subjektibo bihurtu direla eta, helburu hori lortzeko, “denon artean Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema babestu eta eraikitzen jarraitzeko” erakundeen arteko lan-mahai bat sortzeko lehen urratsa eman da. Sanchez Roblesek azpimarratu du erakundeen arteko inplikazioa eta koordinazioa funtsezkoak direla helburu hori lortzeko: “erakunde bakoitzaren autonomiarekiko begirunetik, erabakitzeko eta koordinatzeko dugun erantzukizunetik eta errealitate printzipiotik, Bizkaiko Foru Aldundia eta udalerriak gidariak izango dira foru zein udalen eskumeneko baliabideak jaso eta lurraldeko zentroen hedatzeari buruzko proposamen bat egingo duen Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa egiteko orduan”.