Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Artium Museoan egin da Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko diputatua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Natividad López de Munain, Burgeluko alkatea eta Eudeleko Batzorde eragileko ordezkaria buru izan dituen ekitaldia, non Arabako 51 udalerriren hausnarketak jaso baitira.

Gasteiz, 2015eko abenduaren 16a. Arabako Foru Aldundiak gaur goizean egin die harrera Arabako udal guztietako alkateei, Gizarte Zerbitzuen Kartera berria aplikatzearen ondorioz egingo den zerbitzuen eta prestazioen eskumen banaketaren berri emateko ekitaldi batean.

Artium Museoan egin da ekitaldia, non Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko diputatuak azaldu baitu zein epe eta lan metodologia proposatzen dituen Arabako Foru Aldundiak “Arabako udal guztien artean bat etortzea eta adostasuna erdiesteko”. “Gizarte zerbitzu eta prestazioak berriz ere antolatu eta homogeneizatuko dira, lehentasuna emango zaiolarik lurralde orekari, eta hori egingo da soilik tartean diren eragile guztiek parte hartuta”, esan du argi eta garbi Artolazabalek lan plana aurkeztean, non gainera Arabako udal eta kuadrillen hausnarketak jaso baitira.

EUDELen partez, Burgeluko alkateak, Natividad Lopéz de Munain, azpimarratu du “Orain, udalok geure zerbitzuak non kokatuko ditugun erabaki, eta ados jarri beharko dugu, mapa hori gure udaletako errealitatearen araberakoa izan dadin”. Inolako zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da berehalako orainari eta, batez ere, gure herritarren etorkizuneko ongizateari begira.” halaber eragin du.

Orain arte bezala, EUDELek ibilbide osoan lagunduko die udalei, hau da, baliabideak koordinatzen eta antolatzen, eta, beharrezkoa denean, orientazioa nahiz aholkularitza tekniko eta juridikoa ematen.

EUDELeko Batzorde Eragilearen Erabakia, 2015/12/10ekoa, negoziazio kolektiboari dagokiona.

Hala, ondorengo dokumentazioa atxikitzen da:

  • Zirkularra. Honakoa dakar:
    • EUDELek Zentral Sindikalei egindako 2015eko azaroaren 11ko Proposamena partzialki ezartzeko gomendioa.
    • Gomendioa onartzeko eta ondorioz ezartzeko jarraitu beharreko prozedura-izapidetzeari buruzko oharra.
  • I. eranskina. EUDELek Zentral Sindikalei egindako 2015eko azaroaren 11ko Proposamen osoa, horren berri izan dezazun.

Joan den ostiralean, 11an, Jorge García Tudela eta Isidro Gabino San Martín polizien, eta hainbat herritar afganiarren bizitzarekin bukatu zuen Afganistaneko Kabulen Espainiako enbaxadaren inguruan egindako atentatuaren aurrean, EUDEL- Euskadiko Udalen Elkarteak udalei eskatu nahi die bihar astelehenean, abenduak 14, eguerdiko 12:00 etan bost minutuko isiletara elkarretaratzeak egiteko udaletxearen aurrean, atentatu berri hau gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko asmoz.

Parisko eta Maliko atentatuei erantzunez, egin zuen bezala, EUDELek erabateko irmotasunaz gaitzesten du atentatu terrorista berri hau. Era berean, biktimen senideei eta adiskideei ere adierazi nahi die elkartasuna.

Bilbon, 2015eko abenduak 13.

  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak UN Women erakundearekin batera “Mujeres y políticas municipales a favor de la Igualdad” izeneko proiektua bultzatu du bertan
  • Emakundek eta EUDELek tokiko eremuan duten eskarmentua aurkeztu dute esperientziak  elkarbanatzeko nazioarteko gunean 

El Salvadorren abenduak 2 eta 3an ospatu den “Promoción e intercambio de buenas prácticas para implementar políticas locales a favor de la igualdad de género” izeneko gunea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Nazio Batuak Emakumeak erakundearekin batera bultzaturik proiektuaren emaitza da. Bertan berdintasunaren aldeko euskal udal politikak eredu bezala aurkeztu dira. Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundea gonbidatua izan da gune honetara alor honetan duen esperientzia aurkezteko, eta udal eremuan bultzatzen dituen berdintasun politikak Eudel-ekin elkarlanean egiten dituenez (Berdinsarea, Berdinbidean edota erakunde arteko hainbat eremuetan), Euskal Udalen Elkarteak ere parte hartu du gonbidatu bezala nazioarteko gune honetan. Era honetara, El Salvadorren izan dira egunotan Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Ibon Uribe Galdakaoko alkatea eta EUDEL-eko berdintasun arduraduna, erakunde bakoitzeko teknikariekin batera.

Gunearen helburua euskal udaletan berdintasunerako tokiko araudian egin diren praktikak azaltzea izan da, baita berdintasuna bultzatzen duten tokiko agendena. Eremu honetako erronka nagusiak eta orain artean ikasitakoak erakutsi ditu El Salvadorren euskal ordezkaritzak. Emakundek Berdintasunerako Euskal Legearen onartu zenetik hamar urte hauetan eman diren aurrerapausoak azpimarratu ditu bertan, eta honekin batera azaldu ditu Euskadiko Berdintasunerako Planak eta araudiari egiten zaion aurretiazko ebaluazioa genero ikuspegitik.  Bai Emakundeko ordezkaritzak zein Eudel-ekoak bi erakundeen arteko hamar urte baino gehiagoko lankidetza estrategikoa azpimarratu dute eta honen fruituak azaldu dituzte, hala nola, gazteen artean sexismoa prebenitzeko Beldur barik programa, Berdinsarearen barruko emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako batzordea, Virginia Wolf Basqueskola euskal emakume hautetsientzako ahalduntze eskola edota berdintasunerako udal ordenantzak.

Gunea Mujeres y políticas municipales a favor de la igualdad en El Salvador proiektuaren barruan kokatzen da, eta proiektu hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bultzatzen du. Proiektuaren helburua udal gestioaren ikuspuntu tradizionala gainditu eta berdintasunean oinarritutako tokiko garapenerako gestioaren alde egitea da, berdintasunaren araudia indartuz, eta genero ikuspegia duten programa eta aurrekontuak sortuz. Helburuen artean, genero errailak gainditzen joatea, emakumeen eskubideetan aurrera egitea (indarkeriarik gabeko bizitza, diskriminaziorik gabekoa, aukera berdintasuna) eta emakumeen behar eta lehentasunak tokiko garapen planetan eta udalen ekintzetan presente egotea.

Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi nagusia gaur ospatu da Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela. Ekitaldian, euskaldun berria omendu da. Euskal gizartearen ordezkaritza zabala hurbildu da gaur arratsaldeko ekitaldira.

EUDELen aldetik, Elkarteburua Imanol Landa (Getxoko alkatea), euskara-ordezkariak Mikel Pagola (Urnietako alkatea) eta Koldo Iturbe (Getxoko zinegotzia) hurbildu dira ekitaldira.

Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala era bateratuan onartu eta idatzi da aurten. Izan ere, HAKOBAko kide diren Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiren, Bilboko Udalaren, Donostiako Udalaren, Gasteizko Udalaren eta EUDEL-en artean adostu eta idatzi da testua.

Ekitaldian, euskaldun berrien ekarpena aitortzeaz gain, Gabriel Aresti euskal idazle eta poeta zena omendu da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek oroigarria eman die Arestiren alargun Amelia Estebani eta Arestiren alaba Andere Arestiri.

Gainera, bideo baten bitartez, gizartean pertsona ezagunak diren eta egun batean euskara ikastea erabaki zuten zenbait euskaldun berriren testigantzak entzuteko aukera ere egon da ekitaldian. Beraiek guztiek euren esperientzia partekatu nahi izan dute. Kukai dantza taldeak eta Oreka TX musika taldeak emanaldiak eskaini dituzte ekitaldi nagusi honetan.

Ordezkaritza instituzional zabal bat ere (Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Donostiako alkate Eneko Goia, Eusko Jaurlaritzako sailburuak) Tabakalera Zentrora hurbildu da gaur arratsaldean. Hauetaz gain, kultura, kirola nahiz gizarteko hainbat ordezkari ere hurbildu dira Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi nagusira.

  • Gaur  ostegunean, abenduaren 3an, Desgaitasuna duten pertsonen Nazioarteko Eguna izango da. FEKOORek kolektibo horren erabateko gizarteratzea eta parte-hartzea aldarrikatu du, sentsibilizazio-ekitaldi baten bitartez; 300 pertsona baino gehiago bildu ditu Bilboko Areatzan, eguerditik aurrera.
  • Bertan izan da EUDELeko elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa.

EUDELeko elkarteburu eta Getxoko Alkateak, Imanol Landak pertsona ezindu guztiekin udalek duten aldekotasuna agertu nahi izan du gaur, eta parte hartu du Bilboko Areatzako jai-ekitaldi batean, beste zenbait erakundetako ordezkariekin batera. Ekitaldi hori FEKOOR-ek antolatu du, eta xede du kolektiboa ikusaraztea, baita laguntzak biltzea inklusioan aurrera egiteko eta pertsona ezinduen gizarte-partehartzea bultzatzeko.

12:00etatik aurrera, sentsibilizazio ekitaldia izan da, eta, bertan, #hazteMOVI kanpaina aurkeztuko da. Kanpaina horren bitartez, pertsona guztiak modu independentean bizi ahal izateko beharra nabarmendu nahi da: bizitzako erabakiak hartzea, gizartean parte hartzea, eskubide eta aukera berberekin, eta, helburu horretarako, babeserako sare osoa eskura edukitzea.

Kanpaina www.haztemovi.org webgunearen bitartez jarrai daiteke, baita sare sozialetan ere: Facebooken, Twitterren, #hazteMOVI #izanMOVI #beingMOVI hashtag-ekin, Google Plusen, Linkedinen, Pinteresten eta YouTuben.

Gaur abenduak 2, asteazkena, Bilbon, Euskadiko Artxibategi Historikoan egiten ari da Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldia. Topaketak bide-segurtasunaren arloko adituak bildu ditu hizlari gisa eta Euskadiko Trafiko Zuzendaritzaren eta udalen arteko lankidetza sakontzeko eta hedatzeko balio izan du, baita udalak euskal udalerrietan mugikortasun seguruago eta iraunkorragoari bide emango dioten tresnez hornitzeko ere.

Mahai-inguru batek eman dio amaiera jardunaldiari, «Mugikortasuna eta segurtasuna herri-barruetan» izenburuarekin. Honako hauek hartu dute parte: Ager Izagirre, Mungiako alkatea, EUDELen ordezkaria, Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Zirkulazio Politiketako koordinatzailea; Pilar Arana, Donostiako Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzia; eta Álvaro Iturritxa, Gasteizko Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Espazio Publikoetako koordinatzaile nagusia. Mahai-ingurua eta osteko eztabaida-saioa Luis Murguiak, RAVCNko Mugikortasun eta Bide-segurtasuneko aholkulariak, moderatu du.

EUDELentzat, oso interesgarria da mugikortasunaren eta segurtasunaren arloa, tokiko esparruaren berezko gaia baita. Politikariontzat, hain zuzen ere, erronka handia da mugikortasunaren arloko ezaugarri zehatzak dituen udalerria edukitzea eta bertako kaleak atseginak, erosoak eta seguruak izatea.” adierazi du Ager Izagirre, Mungiako Alkatea eta Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak.

Izagirrek azaldu du beti ez dela erraza borondate guztiak bateratzea baina  “azkenean, kaleak gure aurkezpen-txartela direla esan daiteke, hau da, gure ezaugarri bereizgarria. Inolako zalantzarik gabe, daukagun onena eman behar dugu herritarren aurreikuspenei erantzun ahal izateko.“


2015(e)ko azaroaren 30a. Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala astelehen honetan aurkeztu da Euskadiko Artxibo Historikoan (Bilbo). Aurkeztu den testua ondorengo erakundeen artean adostu eta idatzi da: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala eta EUDEL (denak dira HAKOBAko kideak). Erakunde hauen guztien Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala gaur aurkeztu dena izango da.

Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala era bateratuan onartu eta idatzi da aurten. Izan ere, HAKOBAko kide diren Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiren, Bilboko Udalaren, Donostiako Udalaren, Gasteizko Udalaren eta EUDEL-en artean adostu eta idatzi da testua. Erakunde hauetako ordezkariek adierazpenaren zati bana irakurri dute gaur goizean. Ordezkari hauek irakurri dute testua:

  • Eusko Jaurlaritzaren izenean: Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
  • Arabako Foru Aldundiaren izenean: Igone Martinez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean: Lorea Bilbao, Euskara eta Kultura saileko foru diputatua.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean: Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusia.
  • Bilboko Udalaren izenean: Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea.
  • Donostiako Udalaren izenean: Miren Azkarate, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria.
  • Gasteizko Udalaren izenean: Iñaki Prusilla, Euskara, Kultura eta Kirol arloko zinegotzia.
  • EUDEL-en izenean: Mikel Pagola, Urnietako Alkatea eta EUDEL-en euskara arduraduna Batzorde eragilean.

Aurtengo adierazpen instituzionalak euskaldun berriak omendu nahi ditu.