Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Bukatu da Udaltopen zortzigarren edizioa

‘Udaltop’ Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak aurtengo edizioa Lasarte-Orian apirilaren 21 eta 22an egin du. Bi egunez, gaztetxoen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko gakoak eman dituzte zenbait adituk, eta Euskal Herrian barrena martxan diren hainbat esperientzia kontatu dizkigute Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritako hizlariek. Udaltop Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen dute, EUDELen, Euskarabidearen eta Uemaren laguntzarekin.

Jarrerak, jokaerak, antolamendua, araubidea –eta bi horietan egin daitezkeen moldaketak–, eskola kirola, kirol eskolak, ikerketak, praktika onak, mahai inguruak… denetarik izan dugu. Eta aurreko edizioan hartutako bideari segika, ondorioak eta proposamenak izan dira.

Ondorioak

Besteak beste, ondorioen tartean honakoa nabarmendu dute: “8-16 urte bitarteko gaztetxoari eskolan euskara ikasi bitartean euskaraz bizi dadin, esparruak euskaraz eskaintzea zor diogu, bestela ez da elebidun oso bihurtuko. Kirola esparru horietako bat da”. Lankidetzaren beharra dagoela ere ondorioztatu dute: “Administrazioa, klubak, federazioak eta bestelako sinergiak beharrezkoak dira, sarea osatu beharra daukagu. Zentzu horretan, Udaltop inflexio puntua izan daiteke, abiapuntua”.

Proposamenak

Udaltopen zortzigarren edizioa etorkizunerako proposamen edo erronkekin amaitu da. Bost gako aipatu dira:

  1. Erakunde guztiek eskola-kirola euskararentzat eremu normalizatua izateko adostasuna bilatzea, bere eskumenen esparruan eta harremana duten eragileekin bereziki.
  2. Lege orokorrak osatzea euskarari segurtasun juridikoa emateko –une honetan EAEn Kirol arloko lanbideetan sartzeari buruzko Lege Proiektua osatzen ari da–.
  3. Foru Aldundi eta Udalek ematen dituzten diru-laguntzetan, sinatzen dituzten hitzarmenetan eta programetan eskola-kirola euskaraz izateko hizkuntza baldintzak ezarri eta betearaztea,
  4. Kirol eskolak sortzeko baimenetan eragin ahal izateko azterketa juridikoarekin jarraitzea.
  5. Neurriak hartzearekin batera, adostasun zabal horretan parte hartuko duten erakundeek eskola-kirola euskaraz egiteak dituen onurak gizarteratzeko sustapen lana osatu eta indartzeko konpromisoa hartzea.

Informazio gehiago: www.udaltop.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeena, euskal autonomia-erkidegoko udalerrien jarduteko araubidea arautzen duen lehen araua dena.

Legea bihar, ostirala, hilak 15, jarriko da indarrean eta, Gernikako Estatutuarekin, Kontzertu Ekonomikoarekin eta Lurralde Historikoen Legearekin batera, Euskadiko barne-arkitektura instituzionala osotuko du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak EUDELen batzar orokorrean hartuko du parte bihar, ostirala, Gasteizko Europa Jauregian. EUDELen presidente Imanol Landa alboan duela, Josu Erkorekak Euskadiko Toki Erakundeen Legearen aurkezpen publikoa egingo du.

EUDELek udalen esku jartzen du Udala aldizkariaren edizio berria: “Udal finantzaketa. Udalen partaidetza zerga itunduetan, 2015eko likidazioa”.

Zenbaki honetan, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren eta Finantzen Lurralde Kontseiluen bileren ondoren lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsei buruzko lurraldekako banantze-datuak daude bilduta.

Argitalpen honekin, EUDELek Euskal Toki erakundei aldizkako informazioa eskaintzeko konpromisoari erantzuten dio, betiere, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-kudeaketaren arloko lana errazteko.

EUDELek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, gaur goizean Bruselan gertatutako atentatuen aurrean; izan ere, aireportuan eta hiriburuko erdiguneko metroan hainbat leherketa izan dira, eta hildako eta zauritu ugari eragin dituzte. EUDELek erabateko irmotasunaz gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria, eta dolumina eta elkartasuna helarazi nahi die biktimen senide eta hurbilekoei.

EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du Lehendakariaren deiarekin eta 5 minutuko elkarretaratze isilak deitzera gonbit egiten die udal guztiei, bihar, martxoak 23 (asteazkena), 12:00etan, udaletxeen aurrean. 

Euskadiko udaletatik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Bruselako hiriari eta Belgikako herritarrei, une latz hauetan.

Bilbon, 2016ko martxoaren 22an.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 8an Foru Arauaren honako proiektuak onartu ditu (zirkular honi atxikita doaz):

  • Ondasun higiezinen gaineko Zergaren Foru Arauari buruzko proiektua.
  • Bizkaiko Lurralde Historikoko Ondasun Higiezinen Foru Katastroaren Foru Arauari buruzko proiektua.

Ondorioz, indarrean sartutakoan, indargabeturik geratuko da Ondasun Higiezinen Zergari buruzko ekainaren 30eko 1989/9 Foru Araua, orain OHZri eta Ondasun Higiezinen Foru Katastroari dagozkien xehetasunak arautzen dituena.

Joan den 2015eko azaroaren 30eko informazio-bileran hartutako konpromisoaren jarraipen gisa, eta Lurralde Historikoko landa- eta hiri-lurreko ondasun higiezinen katastro-berrikuspenaren prozesuari dagokionez, EUDELeko Bizkaiko Lurralde Batzordeak, 2016ko martxoaren 17an eginiko bileran, udal guztiei beherago datorren oharra bidaltzea erabaki du.

Bilbo, 2016ko martxoaren 15a. Gaur goizean, EUDELek Bilbon duen egoitzan, topaketa egin da Euskadiko Udalen Elkartearen Batzorde Eragilearen ordezkarien eta Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntzaren Elkarteen Foroaren Zuzendaritza Batzordearen ordezkaritzaren artean.

Bilera Foroaren beraren eskariz antolatu da, orain dela gutxi Zuzendaritza Batzordea berritu dutela-eta, Euskadiko erakundeekin zein eragile sozial eta politikoekin egiten ari diren topaketen baitan, Foroaren lan-plana aurkezteko eta hurrengo urteetarako ekintza-ildoetarako kontaktu sarea ezartzeko.

Bileran honakoak izan dira:

EUDEL

  • Elkarteburua: Imanol Landa, Getxoko alkatea
  • 2. elkarteburuordea: Josune Irabien, Amurrioko alkatea
  • Kideak: Mikel Torres, Portugaleteko alkatea eta José Luis Navarro, Abadiñoko alkatea
  • Zuzendari nagusia: Mª del Mar Zabala

Foroaren ordezkaritza

  • Presidentea: Iratxe Momoitio (Gernikako Bakearen Museoa)
  •  Presidenteordea: Helena González (Zinhezba)
  •  Idazkaria:  Eduardo Mateo (Fundación Fernando Buesa)
  • Diruzaina: Carlos Romera (Geuz)
  • Kideak: Andreas Schaefter (Gernika Gogoratuz), Maider Martiarena (Bakeola),  Monika Vazquez (Unesco Etxea), Patxi Zubiaur (Fundación Leizaola)

– Koordinatzailea: Anna León

Aurtengo edizioa, Lasarte-Orian apirilaren 21 eta 22an egingo dena, zortzigarrena da. Izen-ematea zabalik da apirilaren 15era arte. Udaltopek Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen dute, EUDELen, Euskarabidearen eta Uemaren laguntzarekin.

Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko? Horixe Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak zortzigarren ediziorako aukeratu duen gaia. Hain zuzen, 8-16 urte artekoen kirola izango da hizpide: antolamendua, araubidea, eskola kirola, kirola eskolak, praktika onak edota etorkizunerako erronkak. Hitzordua Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da, apirilaren 21ean eta 22an.

Izen-ematea dagoeneko zabalik da. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-ematea atalean. Prezioa 65 € da, eta izen ematea apirilaren 15ean itxiko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuk oden materiala, bi egunetako aho-gozagarriak eta osteguneko bazkaria.

Informazio gehiago:

www.udaltop.eus  @udaltop

EUDELeko elkarteburua Donostian izan da terrorismoaren biktimen omenez egindako ekitaldi instituzionalean

EUDELeko elkarteburua, Imanol Landak Donostian terrorismoaren biktimen omenez egindako ekitaldi instituzionalean hartu du parte. Lehendakaria izan da buru Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin lotutako ekitaldi horretan. “Haien hutsunea etorkizuna eraikitzeko funtsezkoa da” lemaren pean, 10 minutuko isilaldia egin da.

Ekitaldiak bi helburu zituen. Batetik, alde batetik, terrorismoaren biktima guztiak oroitzea eta horiei elkartasuna adieraztea, jasandako sufrimendu bidegabea errekonozituz. Bestetik, biktimen eta gizartearen arteko elkartzea sustatzea, iraganaren gaineko ikuspegi kritikoaz eta etorkizunaren gaineko ikuspegi itxaropentsuaz.