Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDELek euskal udalen esku jarri du “UDALA. Udal-finantzaketa ” aldizkariaren ale berria, toki-erakundeek zerga itunduetan duten partaidetzari buruzkoa; zehazki, 2023ko ekitaldiko likidazioari buruzko datuak.

Argitalpen honen bidez, joan den otsailean izandako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazioa eskaintzen da, bai eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen ondorengo bileretan Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datuak ere.

Informazio garrantzitsua:

  • Denetara, EAEn zerga itunduen bidez bildutako dirua aurrekontuan finkatutakoa baino % 0,77 handiagoa izan da. Araban bildutako dirua aurreikusitakoa baino % 0,10 handiagoa izan da, Bizkaian % 1,24 handiagoa eta Gipuzkoan % 0,36 handiagoa.
  • Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran Egokitzapen Funts Orokorraren 2023ko likidazioa 135,6 milioi eurokoa izatea erabaki zen eta kopuru hori Arabaren (58,8 milioi euro) eta Gipuzkoaren (76,8 milioi euro) artean banatuko da.
  • Foru-funtsen likidazioa 1.910 milioi eurokoa da hiru lurraldeetarako, hau da, ekitaldiko konturako ekarpenak baino % 1,65 gehiago.
  • Udalak kreditu- eta energia-erakundeen aldi baterako kargetan parte hartzea ere erabaki zen. Foru aldundiek, 2023ko ekitaldian, lurralde bakoitzari dagokion zenbatekoa kupoaren deskontu gisa jaso dute.

UDALA JAITSI (pdf )

UDALA aldizkaria urtean bitan argitaratzen da (martxoa-apirila eta azaroa) eta EAEko udalerri guztiei inprimatutako formatuan banatzen zaie. Argitalpen hori formatu digitalean ere eskuragarri dago EUDELen webgunean: https://www.eudel.eus/eu/argitalpenak

  • Apirilaren 19ra arte iraungo du programan izena emateko epeak. Aurtengo edizioak 2024ko maiatzetik azarora bitartean egingo da.
  • Mintegiaren bost saioetan gai hauek jorratuko dira: euskara; tokiko enplegu publikoa; dokumentuen kudeaketa eta artxiboak; energia-erkidegoak; eta babesletza, dirulaguntzak eta lankidetza-hitzarmenak udaletan.

Azken udal agintaldi honetan zehar, bostehun pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Tokiko Zuzenbidearen Euskal Mintegian, EUDELek eta IVAPek elkarlanean eskaintzen duten prestakuntza-ekimen finkatuenetako batean.

Prestakuntza-programa hau 2006. urtetik egiten da, eta helburua da euskal toki-erakundeetako langile juridikoei beren eginkizunak kalitate profesional handiagoz garatzeko beharrezko tresnak ematea.

Edizio honek 5 saio izango ditu eta hauek izango dira gaiak:

Euskara, Tokiko enplegu publikoa, Dokumentuen kudeaketa eta artxiboak, Energia-erkidegoak; eta Babesletza, Dirulaguntzak eta lankidetza-hitzarmenak.

Mintegia zenbait saio monografikotan egituratzen da, honako hauek barne:

  • Txosten akademikoak, Tokiko Zuzenbide Publikorako funtsezkoak diren gaiei buruzko adituen eta profesionalen eskutik.
  • “Tokiko zuzenbidearen behatokia”: araudi-, jurisprudentzia-, dokumentu- eta bibliografia-arloko berrikuntzak aztertzeko gunea.

Buletin Digitala barne hartzen du, jurisprudentzia, arau-erreseina eta bibliografia interesgarriarekin.

TZEM 2024

Bost saio (20 ordu): Maiatzaren 3an eta 31n, irailaren 27an, urriaren 25ean eta azaroaren 22an

Ordutegia: 09:30-13:30

Lekua: Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa. BILBO. Maria Diaz Harokoa 11

Antolatzaileak: EUDEL eta IVAP

Saioen programari, matrikulari eta izen-emateari buruzko informazio guztia Mintegiaren LIBURUXKAN eskuratu daiteke.

Informazio gehiago, hemen: www.eudel.eus / www.ivap.eus

SAIOEN LABURPENA

Lehen eta laugarren saioa euskaraz egingo dira, eta bigarrena, hirugarrena eta bosgarrena, gaztelaniaz.

  • Maiatzak 3 : Euskararen eskakizuna enplegu publikoan sartzeko eta esparru juridiko berria, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 DEKRETUA onartu ondoren / Tolosako eta Erandioko udaletako teknikarien esperientzia praktikoak.
  • Maiatzak 31: Plangintza estrategikoa tokiko enplegu publikoan: edukiak eta funtzionaltasunak testuinguru berrian, egonkortze-prozesuen ondoren // Tokiko Administrazio Eraginkorrerantz: Karrera Profesionala bultzatzen, Jardunaren Ebaluazioaren bidez.
  • Irailak 27: Administrazio elektronikoaren ikuspegi artxibistikoa toki-erakundeetan: artxibo-dokumentuen kudeaketa eta administrazio elektronikoa / Vitoria-Gasteizko Udalean Artxibo Elektronikoa ezartzeko proiektua // Digitalizazioa eta bilakaera telematikoa Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako erregistro zibiletan.
  • Urriak 25: Energia-erkidegoa eratzeko alderdi juridikoak. Udalek parte hartzeko Inplikazioak / Orexa, energia burujabetzara bidean erabili izan dugu.
  • Azaroak 22: Babesletza-kontratuak,dirulaguntzak eta lankidetza-hitzarmenak Araubide juridikoa eta desberdintasun nagusiak // Babesletza-kontratuaren, dirulaguntza izenduneko hitzarmenaren eta lankidetza-hitzarmenaren mugaketa.

“EUDEL berdinen arteko lan-mahaia da, alkateena, eta udalen zerbitzura dago, ez alderdien zerbitzura”

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Derioko alkatea elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan, Euskadiko Udalen Elkartearen gobernu berriaren lehen sei hilabeteen balantzea egiteko.

“Lehenengo egunetik ari gara lanean bete-betean; niretzat garrantzitsua izan zen erakundea eta Batzorde Eragileko kideak sakon ezagutzea”. Elkarteburuaren esanetan, “erakunde heldua eta eskarmentuduna” aurkitu du, eta profesional talde handi bat du udalei laguntzeko bokazioarekin, EUDELen akzio koordinatuaren bidez, “zorroztasun juridiko eta teknikotik, alkateok erabakirik onenak har ditzagun”.

Elkartearen zereginak azaltzeko, Esther Apraizek nabarmendu du EUDEL “udalerrien esku dagoen lan-mahaia dela, ez alderdi politikoen esku”, eta gaineratu du, bertan, udalek beraien politikak diseinatu ahal izateko oinarri komunak diseinatzen direla. “Lan-mahai bat izan behar du, eta, bertan, berdinen arteko akordioak, alkateen artekoak, lortu behar ditugu, udalerrien eta herritarren onerako izango direnak”, azpimarratu du.

Bere agintaldiko lehen aurrekontuak onartzeagatik pozik agertu ondoren, elkarteburuak aurrekontu horiek “proiektu estrategikoak eta lehentasunezkoak aurrera ateratzea ahalbidetuko” dutela nabarmendu du. Aurreikusitako ekintzen artean, aipatu du udalek “gehien eskatzen dutenetako bat” “Udalhitz hitzarmena berritzeari buruzko hausnarketari ekitea” dela. Hitzarmen horrek euskal toki-erakundeetako 27.000 langile publiko baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen ditu. Apraizek gaineratu du EUDELek udalei laguntzen jarraituko duela “egunerokotasunean eta sortuko den guztian, gure lana zerbitzua ematea eta udalerrien beharrizanei erantzutea baita”.

Udalen finantza-egoerari dagokionez, EUDELeko elkarteburuak positibotzat jo ditu Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan eta Lurralde Kontseiluetan otsailean egindako diru-bilketaren zifrak. Esther Apraizek argitu du 2023ko likidazioa ekitaldi horretako hasierako aurrekontua baino handiagoa izan zela, eta horrek udalen finantzaketa handitzea ekarri duela. “Diru hori oso ondo etorriko zaigu udal-agintaldiaren hasiera honetan gure proiektu estrategikoak garatzeko”. Aldi berean, elkarteburuak gogorarazi du euskal eredua arrisku partekatuko sistema batean oinarritzen dela, eta, ondorioz, baliabideen “kudeaketa zorrotza” egiten jarraitu behar dela, euskal erakundeek erabiltzen dituzten “zuhurtasun eta arreta” irizpideetan oinarrituta.

Berdintasunaren arloan, Berdinsarearen ekintza-ildo berriak onartu direla eta, Esther Apraizek indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko tokiko protokoloen hurrengo eguneratzea nabarmendu du. Elkarteburuak Emakunderen azken datuei buruz hitz egin du. Datu horien arabera, gora egin dute sexu-erasoen eta familia barruko indarkeriaren salaketek, eta “horrek erakunde guztien eta gizarte osoaren erantzun irmoak eskatzen ditu”; halaber, “berdintasuna lortzeak eta indarkeria matxista desagerrarazteak guztiok inplikatzen gaitu”, gaineratu du.

Tokiko aktualitateari dagokionez, Esther Apraizek Etxebizitzaren Legeari eta Emisio Txikiko Eremuei buruzko galderak erantzun ditu, bai eta eta euskal udalak Errege Kopako hurrengo finalerako nola prestatzen diren ere.

Etxebizitzaren Legea

“Tentsiopean dauden eremuetan alokairuen prezioa kontrolatzearen alde gaude, alkateen kezka bat da, herritarrak kezkatzen dituen gaia delako. Baina geure eskumenen bidez egin behar da. EUDELek udal-autonomia defendatzen duen bezala, Eusko Jaurlaritzak gure autogobernu-esparrua defendatu behar du “.

Kopako finalaren partidua

” Bilbon bezala, hogei bat udalerritan jarri dira pantailak. Udalok ahalegin guztiak egin ditugu herritarrek ilusio osoz goza dezaten”. “Aldi berean, tolerantzia eta errespetu giroa mantentzeko deia egin nahi dut, zalerik onenak, zale eredugarriak garela erakusteko “.

Urtero bezala, Martxoaren 31n, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu gaur. Trans pertsonenganako diskriminazioaren aurka gizartea sentsibilizatzeko eguna.

Genero-autodeterminaziorako eskubidea, Giza Eskubideei buruzko nazioarteko araudian aitortzen da, eta, estatu mailan, 2023ko otsailaren 16an trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI eskubideak bermatzeko Lege berria onartzean islatu zen.

MANIFESTUA DESKARGATU

Ildo horretatik, Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 15eko 4/2024 LEGEA, pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa onartu izana ospatu nahi dugu. Lege horrek zabaldu egiten ditu 2012ko Legean, kolektiboari legez aitortutako eskubideak eta emakume eta gizon transexualez gain, barnean hartzen ditu pertsona intersexualak eta transgeneroak.

Zalantzarik gabe, Berdindu!-rentzat aurrerapauso handia izan da kolektibo horien eskubideen aitortzan, haien identitate pertsonala, gizarte-aitorpena eta, beraz, ikusgarritasuna bermatzeko.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! zerbitzuak euskal gizarte osoa animatu nahi du pertsona horiei begietara begiratzera eta haiekin batera haien aniztasuna eta gizarte gisa dugun aniztasuna ospatzera. Aniztasuna eskubideen gizarte oso baten oinarri gisa eta balio erantsi gisa ulertuta. Aniztasuna diskriminaziorik ezaz, errespetuaz, tolerantziaz edo koexistentziaz haratago. Pertsona guztientzako eskubideen bermeari, aukera-berdintasunari, bizikidetzari eta gizarte-elkarreragin osoari dagokienez bizitako aniztasuna.

 

 

 

  • Tamaina txikiagoko udalerriei laguntzea, erakundeen arteko III. Akordioarekin bat datozen tokiko indarkeria-protokoloak eguneratzea eta 2030 Agendako berdintasun-proiektuak sustatzea dira EUDELek eta Eusko Jaurlaritza-Emakundek sustatutako Berdinsarea udal-sarearen ekintza-lerroetako batzuk.

2024ko martxoaren 25a.

Astelehen arratsalde honetan, EUDELek Bilbon duen egoitzan, BERDINSAREAren osoko bilkura egin da; sare horrek EAEko hiru lurraldeetako 88 euskal udalerri eta Arabako Lautadako eta Aiarako bi kuadrilla biltzen ditu. Lidergo politikoarekin, Udaleko teknikarien elkartrukerako gune komun bat da sare hau. Orain, 18 urteko ibilbidearen ondoren, Berdinsareak berritu eta eguneratu egin nahi du, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko abangoardiaren eta berrikuntzaren bultzatzaile izaten jarraitzeko.

Esther Apraiz, Derioko alkate eta EUDELeko elkarteburua, eta Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, izan dira sareko organo gorenaren bilera honetako buru; bilera horretan, aurtengo ekintza-ildo berriak onartu dira eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 estrategia aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzak sustatua.

Osoko Bilkuran parte hartzen, Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta, eta EUDELeko berdintasun ordezkari hauek ere izan dira: Nati López de Munain, Burgeluko alkatea; Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea; Mª Jose Blanco, Portugaleteko alkatea; eta Joseba Zorrilla, Zallako alkateordea.

BERDINSAREAko udalerriak EAEko biztanleen % 80 dira, eta haien ekintzak eta orientazioak aitzindari dira berdintasun-politiken abangoardia toki-mailan bideratzeko, gainerako euskal erakundeekin lankidetzan arituz.

Hain zuzen ere, udalen arteko aliantzak eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatzea da Osoko Bilkuraren funtsezko eginkizuna; atxikitako udaletako arduradun politikoek osatzen dute.

EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu dute berdintasun-sare horren indargune nagusia direla “udalek berek gobernatua izatea”, koordinazio politiko-tekniko estu batetik, eta sarea osatzen duten lantaldeetan “adostasunean eta lortutako akordioetan” oinarrituta lan egitea.

Bi erakunde bultzatzaileek adierazi dute “aniztasuna” dela sare horren balioetako bat, udalen ezaugarrietara (tamaina, baliabideak, ibilbidea, antolaketa…) egokitu daitezkeen proposamenak bideratzea errazten baitu.

Esther Apraiz elkarteburuak Berdinsareak EAEko 252 udalerriri ematen dien zerbitzua nabarmendu du: “Sareko lan honen bidez, Euskadiko tokiko gobernuek berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloan duten erantzunaren efikazia hobetu nahi da. Berdinsareak berdintasuna transbertsal bihurtzen laguntzen du udaletan, eta gainerako erakundeekiko lotura gisa ere balio du”.

Euskal Udalen “berdintasunarekiko konpromiso irmoaren” ildotik, EUDELeko elkarteburuak udal-arduradunak animatu ditu konpromiso hori eguneroko lanean, urteko 365 egunetan, gauzatzera. “Berdinsareak markatzen du berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko udalerriak lortzeko hurrengo urteetan egin beharreko bidea”.

Bestalde, Nerea Melgosa sailburuak EAEko Berdintasunerako 2030 Estrategiaren hurrengo helburuak aurkeztu dizkie udalei, eta, zehazki, udal-eremuan inplikazio handiena dutenak. Adierazi duenez, “helburu horiek lortzeko, funtsezkoa da toki-erakundeen ekarpena, erronka handiak dituztelako, hala nola bermatzea beren aurrekontuen % 1,5, gutxienez, berdintasun-politiketara bideratuko dela, guztietan berdintasun-unitateak egongo direla, langile eta aurrekontu nahikorekin, edo langile guztiei berdintasunaren arloko prestakuntza emango zaiela”. Melgosak eskerrak eman dizkie udalerrietako teknikari eta politikari guztiei, egunero berdintasunarekin duten konpromisoagatik.

2024ko ekintza-lerroak

Osoko Bilkuraren bigarren blokean, Nati López de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko ordezkariak Berdinsarearen aurtengo ekintza-lerro berriak aurkeztu ditu:

  • Tokiko Indarkeria Protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko erakundeen arteko III. Hitzarmenean ezarritako jarraibide eta printzipioen arabera.
  • Berdintasunerako tokiko politiketan kalitate-estandarrak betetzen diren begiratzea.
  • Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko tokiko politikak zabaltzeko finantzaketa-egituren azterketa eta horiei buruzko hausnarketa.
  • Berdintasunaren arloan eskumena duten erakundeen (EUDEL, Eusko Jaurlaritza-Emakunde eta Foru Aldundiak) arteko koordinazioa indartzea, udalen aldeko jardueren efikazia hobetzeko.
  • Udalaren esperientziak eta praktika onak trukatzea (“Berdintrukeak”).
  • Euskadiko Udaltzaingoetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko orientazio-gida
  • Euskadiko 2030 Agendaren tokiko sustapen-proiektuen aurrerapena eta garapena:

– Ikuspegi feminista duten zaintza erantzunkideetarako tokiko eredua. Udalerrietako “toki-komunitateetan” zaintza-sareak artikulatzeko ibilbide bat hartuko luke.

– Alkateek eta zinegotziek “Virginia Woolf Basqueskola”-n egiten duten lana babestea, emakumeak ahalduntzeko eta udal-politikan eragiteko gunea baita.

– Emakunderen Gizonduz programarekin elkarlanean jarraitzea, tokiko hautetsiak berdintasunaren sustapenean eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatzeko.

Tamaina txikiagoko udalerriak

Aurtengo ildo nagusietako bat da. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan berdintasun-politikak hedatzen laguntzeko estrategiak (EAEren % 77 baino gehiago dira) udalen arteko aliantzak sortu behar ditu, langile espezializatuak eta baliabideak partekatzeko, eskualdeko estrategia bat artikulatuko duten ekintzak elkarrekin bultzatzeko.

Udalerri txiki eta elkartuekin lan teknikoa egiteko eremua indartzeaz gain, aurten Berdintasunerako 2030 Estrategiako orientabideak “herri txiki” eskalan nola lurreratu eta egokitu aztertuko da.

Informazio gehiago: https://berdinsarea.eus/eu/sarea

 

Udalerri txikienek UFFFean jasotzen duten kopurua arautzen duen 15/1994 Foru Arauaren artikulu bat eguneratuko dute, euren egoera berezituari erantzun eta finantziazio egokiago bat izan dezaten

Udal Finantzaketarako Foru Funtsean (UFFF) egokitzapen bat egitea adostu dute EUDELek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek azken urteotan egindako eskaerari erantzun eta udalerri horien finantzaketa indartu asmoz. Azken asteotan udalek eta foru ogasunak burututako elkarlanaren ondorioz, EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak erabaki zuen gaur egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluari eskatzea UFFF arautzen duen 15/1994 foru arauko 3.1 a) artikuluan jasotako banaketa eguneratu eta egokitu dezan. Aldundiak bere egingo du proposamen hori eta, 2024ko lehen seihilekoan bertan, egokitzapen horri bidea emango dion foru arau proiektua onartzeko konpromisoa hartu du. 2025eko UFFFaren banaketan sartuko da indarrean neurri hori.

Adostasunez eta elkarlanean landutako neurri honen berri eman dute, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Izaro Elorza Oñatiko alkate eta Eudelen Lurralde Batzordeko ordezkariak. Erabaki honen bitartez, 1994ko araudia eguneratu egingo da, Gipuzkoako udalerri txikienen mesedetan. Izan ere, azken 30 urte hauetan, biztanleriaren arabera herri guztiek jasotzen duten kuotaz gain, 1.100 biztanle arteko herrietako udalei kopuru gehigarri finko bat esleitu izan zaie, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko. Banaketa gehigarri hori, baina, berrikusi gabe zegoen 1994tik hona. Beraz, bide ematen zaion aldaketa honek UFFFaren garapenak islatuko ditu.

Egokitzapen honen bidez, lurraldeko udalerri txikienetatik azken urteotan egindako eskaerari erantzunez, gainontzeko herriek bezala biztanlegoaren arabera jasotzen duten kuota hortaz gain, urte bakoitzeko UFFFren %1,2 gordeko zaie eta ehuneko hori zati berdinetan banatuko da 1.100 biztanle arteko udalerri horien guztien artean.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, neurri honek oinarrian duen “adostasun eta elkarlan” eredugarria nabarmendu du eta Gipuzkoak “lurralde gisa ezaugarri duen orekan urrats garrantzitsu” moduan definitu du. “Finantzaketaren ikuspegitik azken urteotan udalerri txikienek egindako eskaera horri erantzuten diogu, horrela, beren etorkizunaren alde eginez. Diru banaketa egokiago bat jasoko dutelako aurrerantzean; haien egoera berezituari erantzuteko eta herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzeko balioko die, zalantzarik gabe”, gogoeta egin du.

Mendozak gogoratu du lurralde oreka “funtsezko balioa” dela Gipuzkoaren etorkizunerako, herri txikiak “funtsezkoak” diren bezala. “Ezinbesteko papera jokatzen dute, gipuzkoar askoren bizitoki diren heinean. Gainera, gure hizkuntzaren eta kulturaren arnasgune eta gordailu dira, landa ingurune bizia dute eta berau zaintzen dute, ekonomia aktibitatearen eta enpleguaren ikuspegitik ere oreka bermatuz”, adierazi du eta, horregatik, neurri honekin udalerri txikiekiko herri erakundeok “erantzukizun eta konpromisoari erantzungo dio foru ogasunak.

Izaro Elorza Oñatiko alkateak, EUDELen izenean, aldiz, azpimarratu du akordio honi esker Gipuzkoako 32 udalerri txikienek “baliabide gehiago” izango dituztela “zerbitzuak modu eraginkor eta efizientean emateko eta auzokideen eskaerei hobeto erantzuteko”.

Alkateak Gipuzkoako udalen autonomian eta nahikotasun finantzarioan egindako aurrerapena baloratu du: “gure ustez, bide baten hasiera da, non hausnarketa zabalagoa egin behar den. Gipuzkoaren ordezkaritza EUDELen garenok adostasuna oinarri hartuta bidea urratzen jarraituko dugu eta gainerako erakundeekin elkarlanean”.

Elorzak nabarmendu du proposamena EUDELen Lurralde Batzordean landu dela: “Elkarrekin lan egiten dugun alkateak gara Gipuzkoako herritar guztiei mesede egingo dieten akordioak lortzeko, lurraldeko udalerri guztien aurrerapen sozial eta ekonomikoaren alde, txikienetik handienera”.

150 biztanleko udalerri baten adibidea

Esate baterako, biztanleriaren araberako kuotaz gain, gaur arte 150 biztanleko udal batek atal honetan jasotzen zuen kopuru finkoa 1994tik hona urtero 84.141,69 €koa izan da, UFFFren garapena goranzko edo beheranzko joera kontuan izan gabe. Orain proposatzen den aldaketa honekin, udal honek 244.395,67 euro jasoko lituzke aurten.

1994ko foru arauak kopuru finko bat –momentu hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa– ezartzearen arrazoia izan zen UFFFren balizko jaitsiera batek udalerri txikiak ez kaltetzea. Denboraren poderioz, ordea, Udal Finantzaketa Foru Funtsak gora egiten jarraitu du eta, gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek %0,32 soilik jasotzen dute atal honen bitartez.

Donostia, 2024ko martxoaren 22a.

Ostegunean, Martxoak 21, 19:40ak inguruan, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak Korrikaren 23. edizioaren lekukoa hartu zuen Bilbon, Poza kaleko 65 zenbakian.

Apraiz elkarteburuak, Elkarteko beste ordezkariekin batera, EUDELek erositako 1889. kilometroa bete zuten, euskal udalerrietan euskara sustatzeko eta bultzatzeko erakundearen konpromisoaren eta lanaren esparruan.

KORRIKA joan den martxoaren 14an abiatu zen Irunetik eta martxoaren 24an Baionan amaituko da; ordura arte, “HARRO HERRI” lelopean, milaka pertsona Euskal Herriko hainbat herritan zehar korrika egingo dute, euskarari babesa emateko.