EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Bilbon izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.
EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.
Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.
EUDELekbat egiten du gaitzespena adierazteko Bilboko Udalak deitu duenelkarretaratzearekin, gaur, irailak 12, 12:00etan, udaletxearen aurrean. Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.
Bost udalek “Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigilua” lortu dute, udal-gobernuaren eta udal-kudeaketaren kalitateari ematen zaion Europako saririk handiena.
EUDELek eta Europako Kontseiluak Zigiluaren V. edizioa sustatu dute Euskadin. Europako 300 udalerri inguruk dute aitorpen hori, eta horietako 14 euskaldunak dira.
Azkoitiak eta Donostiak haien lehen ELoGE Zigilua lortu dute; Legazpik bere bigarren zigilua eta Ermuak eta Irunek haien hirugarren zigilua, aurreko edizioetan parte hartu ondoren.
Erandiok, Errenteriak eta Laudiok etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa (ELoGEren azken helburua) egiaztatzen duen diploma jaso dute.
Donostia, 2024ko uztailaren 18a. Gaur goizean, bost euskal udal sartu dira “ELoGE zigiluaren” zerrenda entzutetsuan, hau da, Gobernantzako Bikaintasunagatik aintzatetsitako tokiko gobernuek osatzen duten horretan. Azkoitiak, Donostiak, Legazpik, Irunek eta Ermuak lortu dute Europako ziurtagiririk altuena. Beste hiru hautagaiek, Erandiok, Errenteriak eta Laudiok -azken horrek aurretik zigilu bat zuena- autoebaluazioa burutu dute, eta autoebaluazioarekin euren hobekuntza-planak bultzatu ahal izango dituzte.
Hiru hilabetez, udal hautagaiek Europako Kontseiluak diseinatutako autoebaluazio zorrotza egin dute, eta horrek 72 adierazleko multzo bat onartzea dakar, gobernu onaren hamabi printzipioetan oinarrituta: Partaidetza demokratikoa; Giza eskubideak; Zuzenbide estatua; Etika publikoa; Kontuak ematea; Irekitasuna eta gardentasuna; Kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; Lidergoa, gaitasunak eta ahalmenak; Erreakzio gaitasuna; Ekonomia eta finantza kudeaketa sendoa; Jasangarritasuna eta epe luzerako ikuspegia; Aldaketara eta berrikuntzara irekitzea.
2017an, Europako Kontseiluak Euskadiko toki-erakundeei zigilua emateko akreditazioa duen lehen eskualde-plataforma bihurtu zen EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea. 2024aren hasieran, Kontseiluak bere ebaluazio-metodologia eguneratu zuen, eta V. edizio honetan parte hartu duten zortzi udalak lehenak izan dira metodologia hori ezartzen.
Aintzatespenak emateko ekitaldia gaur goizean izan da, 10:30etik aurrera, Donostia Sustapenak bultzatutako EKINN zentroan, bertan zortzi udalerrietako arduradun politikoek eta teknikoek parte hartu dute. EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek eta Europako Kontseiluko ordezkari eta Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kongresuko tokiko demokrazia sustatzeko saileko buruak, Daniel Popescuk, gidatu dute ekitaldia. Bi ordezkari horiek parte-hartzaile guztiak zoriondu dituzte beren erakundeen berrikuntzarekiko eta etengabeko hobekuntzarekiko “ausardia, anbizioa eta konpromisoa” izateagatik.
EUDELek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek osatutako Erakunde Batzorde batek ELoGE ematea onartzen du. Ekitaldian, Batzordeko kide hauek izan dira: Maria Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua; Irune Berasaluze, Gipuzkoako Gobernantzako foru diputatua; Anartz Gorrotxategi, Arabako Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolaketaren foru diputatua, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendariekin batera, Imanol Landa eta Mikel Pagola, hurrenez hurren.
Ekimen honen azken helburua, zigilua lortzeaz gain, udalak beren udal-gobernantza eta kudeaketa etengabe hobetzeko prozesuan parte hartzera bultzatzea da. ELoGE garaikurra kristalezko dodekaedro bat da, aurpegi bakoitzean 12 printzipioak grabatuta dituena, eta zigilua lortzen den edizio bakoitza aurpegi batean inprimatzen da. Erronka guztiak osatzea da.
ELoGEn parte hartzea etengabeko ikaskuntza da udal-antolaketarako, eta autoebaluazio-prozesuaren oinarria den lidergo politikoaren eta lan teknikoaren arteko koordinazioa indartzen du.
14 ELoGE Euskadin
Orain arte, 23 euskal udalek autoebaluazioa egin dute, eta horietatik 14k zigilua lortu dute, batzuek hainbatetan:
ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
Laudio*
Vitoria-Gasteiz*
Basauri**
Bermeo*
Bilbao*
Ermua***
Leioa*
Andoain*
Azkoitia*
Donostia*
Eibar*
Irun***
Legazpi**
Urnieta**
*zigilu bat / *bi edo hiru zigilu
Europa osoan, ELoGEk 300 udalerri inguru aitortu ditu 21 herrialdetan, 41 behin baino gehiagotan.
ELoGE 2024ko udalerriak
Azkoitiak eta Donostiak ELoGE Zigilua lortu dute haien lehen hautagaitzan.
Legazpik bere bigarren zigilua lortu du, 2018an lehenengoa lortu ondoren.
Irunek eta Ermuak ELoGE zigilua lortu dute hirugarren aldiz, 2017an eta 2020an jaso ondoren.
Ekitaldiko hitzaldian, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek nabarmendu duenez, “euskal udalerriak Europako abangoardian egoteko ahalegina egiten ari dira, balio demokratikoekin eta politika eta zerbitzu publikoen estandar aurreratuenekin bat etorriz”. Apraizek adierazi duenez, “ELoGE ezinbesteko tresna da etengabe eboluzionatzen ari den gizartearen beharrak aseko dituen udal-kudeaketa eraginkorra eta efizientea garatzeko, eta, horrela, haren ongizatearen eta bizi-kalitateari laguntzeko”. Elkarteburuak gaineratu duenez, EUDELek lanean jarraituko du Euskadiko udalerri gehiagok ezar dezaten metodologia hori “Euskadi tokiko gobernantza onaren Europako erreferente bihurtu nahi dugu”.
Bestalde, Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkariak azpimarratu duenez, “ELoGE zigiluak tokiko agintarien gobernantza demokratiko ona aitortzen du. EUDEL 2017tik ari da EAEn, ELoGE ezartzen eta lidergoan eta tokiko administrazioan bikaintasunarekin duen konpromisoa erakutsi du. Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeko Agintarien Kongresuaren izenean, edizio honetan parte hartu duten udalerri guztien ahalegina goresten dut, eta Donostia, Azkoitia, Irun, Ermua eta Legazpi zoriontzen ditut ELoGE zigilua jasotzeagatik. ”
Zigiluaren saria jaso ondoren, ELoGE 2024 jaso duten bost udaletako alkateek beren poztasuna adierazi dute epaia ezagutu ondoren, eta denek eskerrak eman dizkiete beren talde politiko eta teknikoei egindako lanagatik:
Eneko Goia Donostiako alkateak eskerrak eman ditu ELoGE zigiluak dakarren aintzatespenagatik, “udala bere eginkizun nagusia betetzeko egiten ari den ahaleginagatik, hau da, donostiarrei gero eta zerbitzu publiko hobea eskaintzeagatik”. Goiak azpimarratu du ziurtagiria udal-administrazioak duen helburuaren azken emaitza dela, ” eta gizartearen erabilera eta beharretara egokitzeko eta modernizatzen joateko helburua, zeinak harreman estua baitu bere udalarekin eta gero eta eskakizun-maila handiagoa baitu, eta horrek egunez egun hobetzeko erronka dakar berekin”.
Ana Azkoitia, Azkoitiko alkatea: “Barne mailan, prozesu aberasgarria izan da. Hasieratik zigilua lortzeko aukera erronka gisa hartu genuen, ikasketarako eta hobekuntzarako tresna zela ulertuta, eta hala izan da. Udalaren esku-hartze eremuen inguruan, ikuspegi askoz ere zabalagoa izaten lagundu digu. Eraginkortasunaz, gardentasunaz, giza eskubideez edota etikaz ari gara, eta, ondorioz, erantzunkizunagatik eta konpromisoagatik hartu dugu parte. Administrazioa herritarren zerbitzura dago, eta udal ordezkariok exijenteak izan behar dugun lehenak gara. Errekonozimendu ororen atzean lan bat dago, eta barne mailan, prozesu hau nola lan egiten ari garen jabetzeko erraminta baliagarria suertatu zaigu “.
Cristina Laborda, Irungo alkatea: “Irungo Udala izan zen 2018an zigilu horrekin aintzatetsi zen lehenengo euskal hirietako bat, eta, harrezkero, lanean jarraitu dugu aitorpen horren eskakizun-mailari eusteko, bai eta maila hori gainditzeko ere. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet EUDELi eta Europako Kontseiluari ekimen honengatik; izan ere, udalerri guztientzat ikasteko aukera paregabea da, baita ibilbide-orri bat ere, helburu komun bat duena: gobernu ona eta gardentasuna. Bi balio horiek funtsezkoak dira politikan, eta Irun hiria % 100ean identifikatzen da balio horiekin. Hori da hirugarren aintzatespena eta, seguru nago, ez dela azkena izango, hori baita gure filosofia eta identitatea. ”
Juan Carlos Abascal, Ermuko Alkatea: “Poz handia da ELoGE zigilu hau jasotzea, hirugarren aldiz jarraian, gobernu onaren arloan bikaintasunaren Europako zigilua baita. Eskerrak eman nahi dizkiegu EUDELi, Ermuko herritar guztiei eta Ermuko Udalaren antolakuntza osoari zigilu hau osatzen duten gobernu onaren printzipioetako bakoitza hobetzeko egindako lanagatik eta egindako ahaleginagatik, ezinbestekoa baita politikarekiko eta erakundeekiko sinesgarritasunik gabeko uneetan lan egitea “.
Eric Gálvez,Legazpiko alkatea: “Prozesu honetara, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta legazpiarren bizitza hobetzeko helburuarekin aurkeztu gara; ez egiten duguna ebaluatzeko bakarrik, baita zer hobetu genezakeen jakiteko ere. Zalantzarik gabe, oso ebaluazio zorrotza izan da, eta sari hau lortu ondoren, erantzukizun handiagoarekin eta legazpiarrekin konpromiso handiagoarekin ateratzen gara hemendik. Aitortza honek bigarren aldiz kokatzen gaitu gardentasun, eraginkortasun, efizientzia, berrikuntza, kontu-emate edo herritarren parte-hartze maila handienak dituzten Europako udalerrien artean. Eta hori ez da hemen amaitzen, gure herriaren alde egiten, eraikitzen, entzuten eta proposatzen jarraituko baitugu, beti gure onena emanez.”
ELoGE adierazleen tresna
Adierazle bakoitza justifikatzeko, ebidentzia dokumentalak eman behar dira. Udal-tresnak baloratzen dira, bai barne-mailan (agintaldiko plana, finantza-kontroleko plana, GJHekin lerrokatutako aurrekontuak, erosketa publiko arduratsua eta berritzailea…), bai kanporantz, herritarrekiko eta tokiko eragileekiko harremanetan (partaidetza- eta gardentasun-kanalak, etika- edo jokabide-kodea, 2030 Agendaren estrategia…). Adierazle gisa, besteak beste, honako hauek aztertzen dira: epe luzerako plangintza eta ikuspegia, administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, kontuak ematea, berrikuntza publikoa, euskararen sustapena, bai eta giza eskubideena ere, berdintasuna, aniztasuna, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa zeharkako ardatzak izanik.
Idazkaritza tekniko batek egiaztatzen ditu udalen autoebaluazioak, eta emaitzen txostenak konfidentzialak dira. Gainera, udalerriek kontraste-inkestak egiten dituzte hautetsiekin, udaleko langileekin eta herritarrekin, baina ez dira lotesleak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraiz bildu dira gaur XIII. legealdi honen hasierako bilera-sortaren barruan. Bileran izan da, halaber, Cristina Laborda, EUDELeko elkarteburuordea eta Irungo alkatea. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, talde berriko kideak, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabal eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navas izan dira.
Bileran Sailaren eta EUDELen arteko koordinazioari heldu zaio, batez ere udal askok arautu dituzten edo arautzeko asmoa duten erabilera turistikoko etxebizitzen gaiari. 2023ko apirilaren 9an, Legebiltzarrak 9/2023 Mozioa onartu zuen. Mozio hori EUDELek eskatu zuen lantalde bat eratu zedin erabilera turistikoko etxebizitzen erregulazio orokorrerako oinarri komunak eta orientabide orokorrak jorratzeko.
EUDEL, gaur egun, azterlan bat egiten ari da, gida gisa balioko duena beren udalerrietan erabilera turistikorako etxebizitzei buruzko araudi espezifikoa landu nahi duten udalentzat. “Errespetu handia diogu udal-autonomiari; izan ere, udalak dira beren udalerrien errealitatea eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak”, sailburuak azaldu duenez, “eta udalekin lankidetzan jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala, erabilera turistikoko etxebizitzei buruzko informazioa kontrolatzeko eta trukatzeko”.
Esther Apraiz elkarteburuak adierazi duenez, EUDELek kontraste bat egin du hainbat udalekin, etxebizitzen eta logela partikularren erabilera turistikoa hirigintzaren aldetik arautzeko beharraz duten pertzepzioa ezagutzeko. “Udalen errealitatea askotarikoa da, eta EUDELek orientabide orokor batzuk eskaini nahi ditu interesa duten udalerriek hirigintza-erregulazio bat bultza dezaten beren tokiko errealitate espezifikoaren arabera, turismo-ostatu modalitate horrek gainerako tokiko erabilera eta politikekin nolabaiteko distortsioa sortzen duenean (alokairua, hiri-zerbitzuen saturazioa, etab.)”, azaldu duenez. Apraizek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratu du, lantzen diren oinarriek ezin baitute erregulazio autonomikotik at egon, ez eta Estatuko eta Europako arauditik ere.
Era berean, sailburuak azaldu du nola garatu zen aurreko legealdian turismo-egonaldien gaineko zergari buruzko eztabaida eta legealdi honetan garatzeko planak. Gai horiez gain, beste batzuk ere jorratu dira, tartean turismoaren sustapena, etorkizuneko proiektuak eta beste lankidetza-bide posible batzuk.
Azkoitia, Donostia, Irun, Errenteria, Legazpi, Erandio, Ermua eta Laudio dira Gobernu Onaren eta kalitate demokratikoaren arloko Europako bereizgarririk garrantzitsuena lortzeko hautagaiak.
EUDELek eta Europako Kontseiluak Zigiluaren V. edizioa sustatu dute Euskadin. Europako 300 udalerri inguruk dute aitorpena eta horietatik 12 euskaldunak dira.
Aintzatespenak uztailaren 18an jakinarazi eta emango dira, Donostian, EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz eta Europako Kontseiluko ordezkari Daniel Popescu buru izango diren ekitaldian, zortzi udaletako alkateen parte-hartzearekin batera.
2024ko uztailaren 12. Datorren ostegunean, uztailaren 18an, 10:30ean, Donostia Sustapenak bultzatutako EKINN ekintzailetza-zentroan, Donostian, Europako Kontseiluaren kalitate-ziurtagiri gorena duten tokiko gobernuen “top” zerrendan sartzen diren euskal udalen izenak ezagutuko dira: Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigilua (European Label for Governance Excellence).
2017an, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea Europako Kontseiluak zigilua emateko baimendutako lehen eskualde-plataforma bihurtu zen. Aurten, ELoGEren V. edizioa egin da Euskadin. Aurreko lau urteetan, hogei bat udalerrik parte hartu izan dute eta horietatik, 12 euskal udalek jaso dute saria. ELoGE zerrenda, orain arte, Europako 21 herrialdetako 300 udalerri inguruk osatzen dute.
ELoGE lortzeko, udal hautagaiek autoebaluaziorako metodologia zorrotza erabiltzen dute, eta horrek gobernu onaren hamabi printzipioei buruzko 72 adierazle gainditzea dakar: Partaidetza demokratikoa; Giza eskubideak; Zuzenbide estatua; Etika publikoa; Kontuak ematea; Irekitasuna eta gardentasuna; Kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; Lidergoa, gaitasunak eta ahalmenak; Erreakzio gaitasuna; Ekonomia eta finantza kudeaketa sendoa; Jasangarritasuna eta epe luzerako ikuspegia; Aldaketara eta berrikuntzara irekitzea.
Adierazle bakoitza justifikatzeko, dokumentu-ebidentziak eman behar dira. Udal-tresnak baloratzen dira, bai barnera begirakoak (aginte-plana, finantza-kontrolerako plana, GJHrekin lerrokatutako aurrekontuak, erosketa publiko arduratsua eta berritzailea…), bai kanpora begirakoak, horiek guztiak herritarrekiko eta tokiko eragileekiko harremanetan (parte hartzeko eta gardentasunerako bideak, etika- edo jokabide-kodea, 2030 Agenda estrategia…).
EUDELentzat eta Europako Kontseiluarentzat, azken helburua eta benetako “saria” ez da zigilua lortzea soilik, baizik eta udalak beren erakundeen etengabeko hobekuntza-prozesuan inplikatzea. Hori koordinazio politiko-teknikoaren bidez eta bere indarguneen eta garapen-eremuen diagnostikoaren bidez lortzen da.
Edizio berri bakoitzean, akreditazioa berritzera udalerriak gonbidatu nahi dira, eta praktika onak identifikatzen dira hobekuntza-planak bultzatzeko.
2024ko HAUTAGAIAK
Azkoitia, Donostia eta Errenteria lehen aldiz aurkezten dira
Erandiok hautagai gisa errepikatu Irun, Legazpi, Ermuaeta Laudiorekin batera. Azken horiek, zigilu bat edo bi dituzte eta aurten beste bat eskuratzeko aukera izango dute aurten.
2024ko uztailaren 5a. Gaur goizean, Ajuria Enean, Euskadiko Udalen Elkarteak lehen bilera instituzionala egin du Imanol Pradales lehendakariarekin. Bileran, Esther Apraiz elkarteburu eta Derioko alkateak, Nagore Alkorta elkarteburuorde eta Azpeitiko alkateak eta Cristina Laborda elkarteburuorde eta Irungo alkateak parte hartu dute.
EUDELeko arduradunek Eusko Jaurlaritzarekin dirauen elkarlanaren ibilbide historikoarekin jarraitzeko borondatea adierazi diote Lehendakariari. Politika publikoak gizartearekin lotzeko helburu komunetik, udal-ordezkariek “tokiko sentsibilitatea” Jaurlaritzako sail ezberdinetan txertatzea proposatu dute. Ildo horretan, herritarrengandik gertu daudenez eta udal-errealitate askotarikoa dutenez, hiru alkateek udalek Herriaren erronka handiei batera erantzuteko funtsezko zeregina dutela nabarmendu dute.
Azkenik, elkarteburuak eta elkarteburuordeek, legegintzaldi berrirako, EUDELen lankidetzarako borondatea helarazi diote Lehendakariari, Elkartearen eta udalen autonomia oinarri hartuta EAEko 252 udalen ahotsa eta ekintza koordinatzeko bere erakunde-eginkizunetik abiatuta.
Bilbon, 2024ko uztailaren 4an. EUDELeko elkarteburua den Derioko alkatea ACMko presidentea eta La Garrigako alkatea den Meritxell Budórekin bildu da gaur goizean. Bi erakundeen arteko lehenengo topaketa instituzionala da, iazko irailean Euskadiko eta Kataluniako bi elkarteen gobernu-organoak berritu zirenetik.
ACMk eskatutako bileraren arrazoia Euskadiko Udalen Elkartearen egitura eta funtzionamendua zuzenean ezagutzea izan da. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean oinarritutako euskal udalen eskumen-mailako eta udal-finantzaketako eredu propioarekiko interesa agertu du Kataluniako elkarteak.
Era berean, bi udal-erakundeek agintaldi honetako beren ekintza-ildoei buruzko informazioa trukatu dute, puntu komunak aztertzeko eta jardunbide egokiak ezagutzeko. Esther Apraizek bere homologoarekin partekatu ditu euskal udalek gizarte-zerbitzuen, berdintasunaren, jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren edo euskararen sustapenaren arloetan dituzten lan-ardatzak. Erakunde-osotasunari dagokionez, ACMk Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) proiektua hartu du erreferentziatzat eta, aurten, EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatzen duten zigilu horrek V. edizioa izango du euskal udalerrietan.
53 udalerritako ordezkariak bildu dira gaur, Jaietan indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak bultzatzeko gidaren inguruan aholkuak emateko
Era berean, Beldur Barik programaren barruko prebentziorako materiala bidali zaie udal guztiei.
Emakunde eta EUDEL -Euskadiko Udalen Elkartea EAEko udaletako alkate eta zinegotziekin bildu dira gaur, udan jai-guneetan eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko. Topaketan, aurrez aurre eta online, 53 udalerrik hartu dute parte (9 Arabakoak, 32 Bizkaikoak eta 12 Gipuzkoakoak).
Topaketaren helburua informazioa eta aholkularitza eskaintzea izan da, eta, horrez gain, “Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida” bezalako materiala badagoela gogoraraztea. Aldi berean, Mungiako, Azpeitiko eta Arabako Lautadako Kuadrillako prebentzio-ekintzei buruzko hiru jardunbide egoki partekatu dira. Mungiako esperientziari dagokionez, Euskadi mailan lehenetariko udala izan zen jaietan sexu erasoen prebentziorako protokoloak lantzen, eta urte hauetako ibilbideaz aritu dira. Azpetiaren kasuan, nabarmendu dute herriko eragile ezberdinekin, eta batez ere emakumeekin eta neska gazteekin burutu dituzten prozesu partehartzaileak. Eta Lautadako kasuan, udal ezberdinen arteko koordinazioa nola landu duten azaldu dute.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak udalak zoriondu ditu jaietako erasoen prebentzioan gero eta inplikazio handiagoa dutelako, eta azaldu du gaurko topaketa udalek urte osoan egiten duten lanaren ondorioa dela. Elgarrestaren hitzetan, “gaur beste behin ere jai-guneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko konpromisoa agertzen dugu. Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti kontuan izatea nahi dugu “.
Bestalde, Nati López de Munain EUDELeko ordezkariak eta Burgeluko alkateak gogorarazi duenez, “EAEko udalek konpromiso sendoa dugu jaiak berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gune bihurtzeko. Gure lana da erne egotea eta sexu-erasoen aurrean edo indarkeria sexualaren edozein adierazpenen aurrean ‘zero tolerantzia’ jarrera agertzea, hainbat eragileren lankidetza oinarri hartuta”.
Emakundek, urtero bezala, hainbat material bidali ditu udaletara, erasoen aurkako irudi bateratua emateko eta sentsibilizazio-ekintzak errazteko. Hala, Emakundek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta EUDELen babesarekin sustatzen duen Beldur Barik programaren esparruan, honako baliabide hauek jarri ditu udalen eskura:
Ekainaren 28an, LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo honen eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.
Berdindu!tik, Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboari informazioa eta laguntza emateko zerbitzu publikotik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde ahaleginak batu dituzten pertsona eta erakunde guztiei. Bere dedikazioari, konpromisoari eta ausardiari esker, gaur lorpen garrantzitsuak ospa ditzazkegu giza eskubideen eta eskubide sozialen arloan. Pertsona horiek, beren eguneroko lanarekin, funtsezko zutabea izaten jarraitzen dute gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko, eta ingurune inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzen dute.
Hala ere, pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGTBIfobikoen albiste kezkagarriak sortzen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Diskurtso horiek, askotan ezjakintasunak eta gorrotoak elikatzen dituztenak, lortutako aurrerapenak desagerraraztea eta diskriminazioa iraunaraztea bilatzen dute. Funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsan; hala, sexu- eta genero-aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertuko dugu.
Sexu- eta genero-aniztasunaren ikusgarritasunak gizarte gisa aurrera egiteko aukera ematen digu. Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasten gaituen aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.
Horregatik guztiagatik, ekainaren 28ak are garrantzi handiagoa hartu du. Berdindu!tik herritarrak ekintzetara animatzen jarraitzen dugu, gorroto-diskurtsoak eta giza eskubideen urraketak irmo salatzeko. Funtsezkoa da guztiok injustiziaren aurka hitz egitea eta elkarrekin lan egitea diskriminazio mota oro desagerrarazteko. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik lor dezakegu benetako aldaketa iraunkorra.
Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Lan hori funtsezkoa izan da armairurik gabe, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe eta estigmarik gabe bizi ahal izateko, eta komunitatea eraikitzeko. Babes-keinu bakoitzak, ikusarazte-ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du.
Horrenbestez, sentsibilizazio eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatuz. Keinu txiki baina esanguratsu hori elkartasunaren eta babesaren erakusgarri da, eta agerian uzten du gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela. Astintzen dagoen bandera bakoitza erresistentziaren eta itxaropenaren sinboloa da, atzera egiteko prest ez gaudela dioen adierazpena, hain zuzen.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBI eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizun baten alde lan eginez.