Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriaren 15ean Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EAEko udalek honako gai hauei buruzko erabakiak hartu dituzte, besteak beste: 2024ko zerga itunduen bidezko diru-bilketa ixteko aurreikuspenenak, 2025eko diru-bilketaren aurreikuspenenak eta 2024ko Egokitzapenerako Funts Orokorra behin-behinean zehazteari buruzkoak.

Aurten, Auzitegi Gorenaren epaiak betez, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei egindako itzulketek eragina izan dute zerga-bilketan. Itzulketa horiek eragin nabarmena izan dute 2024ko diru-bilketan (800 milioi € inguru hiru lurraldeetan), baina, hala ere, diru-bilketa zertxobait handitu da 2023koarekin alderatuta. Bileran, onartu egin dira zerga itunduen bidezko bilketaren 2024ko ekitaldirako likidazio-aurreikuspenak, eta 18.300,9 m/€ dira.

Hurrengo ekitaldirako diru-bilketaren aurreikuspenei dagokienez, kalkuluen arabera, termino absolutuetan, foru-aldundiek 19.718,6 milioi € bilduko dituzte guztira zerga itunduengatik 2025ean.

HDEKren informazio zabaldua (2024/10/15):

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/96256-consejo-vasco-finanzas-publicas

Udalerrien ordezkariak

EAEko udalerrien aldetik, hiru lurralde historikoetako hiru alkatek hartu dute parte Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan:

  • Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
  • Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea).
  • Natividad López de Munain Alzola, Burgeluko alkatea (EUDELeko Batzorde Eragileko kidea).

Arrisku partekatua eta finantza-nahikotasuna

Bileraren ondoko agerraldian, Esther Apraiz elkarteburuak azpimarratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantza Kontseiluen bilera berehala egiteko egindako deia.Azaldu duenez, “organo horiek dira udalek eta aldundiek Udal Finantzaketarako Foru Funtsak adosteko eta herrialdeko baliabideak EAEko udalerriei banatzeko erabiltzen ditugun topaguneak. Bertan jasoko dugu udal-finantziazioaren “argazkirik” errealena”.

Apraizek bi mezu bidali ditu. Lehenengoa udalei zuzenduta egon da, eta elkarteburuak zorroztasuna eta zuhurtzia eskatu ditu udal-aurrekontuak egiteko. Adierazi duenez, EAEko instituzio-sistema “arrisku eta erantzukizun partekatuko sistema bat da”, eta instituzio guztiek beren gain hartu behar dituzte zerga-bilketan egon daitezkeen desbideratze negatiboak, oraingoan, mutualisten epaien ondoriozkoak.

Beraz, berresten bada diru-bilketak behera egin duela hasierako zenbatespenarekin alderatuta, udalek ere itzuli beharko dute aldea, udal-finantzaketarako foru-funtsen bidez (TEFFF Araban, Udalkutxa Bizkaian eta UFFF Gipuzkoan), horixe baita hiru lurraldeetako udalen finantziaziorako tresna nagusia. Nolanahi ere, behin betiko datuak 2025eko otsailean jakingo dira, 2024ko diru-bilketaren eta ekarpenen benetako zifrak jakin ondoren.

Egoera horrek eragina izan du elkarteburuaren bigarren mezuan. EUDELen izenean, berriz adierazi du garrantzitsua dela udalei “finantza-nahikotasuna” ematea, herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak diren aldetik, beren eskumenak eraginkortasunez eta efizientziaz erabili ahal izan ditzaten. Esther Apraizek nabarmendu duenez, EAEko udalek “erantzukizun berriak eta gero eta ugariagoak dituzte erronka sozial eta ekologiko handiei aurre egiteko, besteak beste, etxebizitzari, aldaketa demografikori eta trantsizio klimatiko-energetikoari”.

Bestalde, gaineratu duenez, erronka handi horiek “udalerrietan gauzatuko dira, eta tokian tokiko erantzunak beharko dituzte”, baina, aldi berean, herrialde-dimentsioa dute, eta, horregatik, “instituzio guztien lankidetza behar dute, ahaleginak eta baliabideak batzeko.

2022an, EUDELek metodologia aitzindari hau jarri zuen euskal udalen esku, udal-aurrekontuak Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatzeko.

Orain, 18. GJHa (Euskara eta Kultura) txertatzeko eguneratu egin da, bai aurrekontuaren lerrokatzean, bai Euskadiko 2030 Agendaren erakundeen arteko lanaren esparruan.

Metodoak hiru urrats ditu: 1) Prozesua bideratzeko gida praktikoa 2) Lerrokatzeko tresna (Excel) 3) Emaitzen txostena

GJHak udal errealitatera “lurreratzen” dituen lehen ekimena da. Horretarako, 92 programa funtzionaletarako GJH bat edo batzuk identifikatu dira, 24 gastu-politikatan multzokatuta.
Tresna hori hainbat tamainatako udalek probatu dute, eta EAEko udalerri guztietan erraza, erabilgarria eta aplikagarria izan dadin diseinatu da. Aldi berean, tokiko errealitate espezifikora egokitu daiteke.

Esteka: “UDAL AURREKONTUAK GJHekin LERROKATZEN HASTEKO GIDA PRAKTIKOA”.

2024ko urriaren 3a. “Zenbat eta hurbilago, hobe” mezu nagusia helarazi du EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek Bruselan deitutako tokiko liderren eta Europako Parlamentu berriko eurodiputatuen arteko eztabaidan, Europako legegintzaldi estreinatu berrian kohesio-politikari beste bultzada bat emateko.

Foroa atzo arratsaldean egin zen, EUDEL kide den Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CEMR) egoitzan. Esther Apraizek lurralde-orekari eta hiri-landa orekari buruzko panelean parte hartu zuen, zehazki, Europako Parlamentuko bi kiderekin batera: Stefano Bonaccini, Emilia-Romaña eskualdeko presidente ohia, eta Vladimir Prebilic, Esloveniako udalerri zabaleneko alkate izandakoa; baita CEMRko presidentekide Christoph Schnaudigel alemaniarrarekin batera ere.

Esther Apaizen hitzak

Eztabaidan zehar, Apraiz deszentralizazioaren alde agertu zen, eta lurralde-ikuspegi bat proposatu zuen, «zuzenean eskualdeen esku utz dezan Europako kohesio-funtsen  kudeaketa, udalerrietatik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, eta, ondorioz, pertsonen esku ere, funtsak sortu ziren helburuei modu eraginkorrean erantzun diezaieten ».

Esther Apraizek defendatu zuen, “lurraldekako kudeaketa” horrek desberdintasunei zehatzago heltzeko aukera emango duela, bai eta “udalerrien berariazko eta askotariko premiei” (landakoak, hirikoak, kostaldekoak…) erantzuteko ere, pertsonen eskubideak bermatzeko, bizi diren lekua edozein dela ere. “Hori da gizarte- eta lurralde-kohesioaren oinarria” azpimarratu zuen.

EUDELeko elkarteburuak argudiatu zuenez, Europako funtsak beti “lurralde batean eta tokiko komunitate batentzat” inbertitzen badira, logikoena da lurraldeetako agintariek haiek planifikatzea eta ezartzea, Europako finantzaketak tokiko proiektu estrategikoei ekarpena egin diezaien. Apraizek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaz (Next Generation EU) hitz egin zuen, eta nabarmendu zuen deialdi arrakastatsuenak euskal erakundeek zuzenean kudeatutakoak izan direla: «Lankidetzari eta jarduera horien banaketari esker, lurraldearen egituraketa handiagoan eta garapen sozial eta ekonomikoan duen eragiten dela» gaineratu zuen.

Azkenik, Derioko alkateak euskal udalen mezua helarazi zien Legebiltzarreko kideei: “Berriro adierazi nahi dugu Europaren finantzaketa-aukerak udalerrietara iritsi behar direla, txikienetik handienera, dagoeneko martxan dauden trantsizioetan guztiok parte hartu ahal izan dezagun: trantsizio sozial-demografikoan, digitalean eta energetiko eta ingurumenekoan”.

Orain arte, EUDELek eta Europako Kontseiluak Gobernantzaren Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) bost edizio deitu dituzte Euskadin. Hogei udal baino gehiagok jaso zuten ziurtagiria autoebaluazioa gainditu ondoren, eta horietatik hamalauk lortu zuten Zigiluaren kalifikazio gorena.

2025ean, ELoGEren 6. edizioa egingo da, eta, probaldi baten antzera, EUDELek interesa duten udalei doako prestakuntza-programa bat eskainiko die, ELoGE autoebaluazio-tresna ezagutzeko eta seigarren ediziora aurkezteko. Bertan, ziurtagiria edo zigilua lortu ahal izango dute.

Prestakuntzak 4 saio (2 ordukoa bakoitza) izango ditu, online formatuan (webinar). Prestakuntza-aldia urriaren 25ean hasiko da eta azaroko hurrengo ostiraletan jarraituko du.

FITXA egitarau eta edukiekin

IZEN-EMATEA: urriaren 11 baino lehen

IZENA EMATEKO ORRIA

ELoGEko webgunea

https://eloge.eudel.eus/eus/eloge.php

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraiz, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta eta Irungo alkate Cristina Laborda bi elkarteburuordeekin batera, Denis Itxaso sailburuarekin eta Javier de los Toyos sailburuordearekin bildu dira legegintzaldi honetan elkarlanari ekiteko. Lehenengo bilera horren helburua Euskadiri eragiten dion etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko beharrezkoa den erakundeen arteko lankidetza indartzea izan da.

Erakundeen arteko lankidetza indartzeko lehen topaketa izan da, Euskadiri eragiten dion etxebizitza eskuratzeko arazoari heldu ahal izateko. Euskal udalen ibilbidea eta Euskadiko etxebizitza-politiken garapenari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak “herri mailako erronka handi baten aurrean gaudela, eta ahalegin eta baliabide guztien bidez partekatu behar dela” nabarmendu du.

Lehenengo topaketa horretan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko eta EUDELeko taldeak bat etorri dira, babestutako etxebizitzak eraikitzeko eta hiri-lurzoruaren erabilgarritasuna hobetzeko plangintza eraginkorragoa ahalbidetuko dituzten ekimenak aztertzeko, eta lankidetzan aritzeko beharrarekin. Bi erakundeek lankidetzan aurrera egiteko asmoa dutela adierazi dute, betiere udal-autonomia errespetatuz, eta, ildo horretan, EUDELek proposatzen diren neurriak aztertuko ditu, udalen iritzia aintzat hartuta. Hori guztia Euskadi osorako erantzun eraginkorrak eta koordinatuak lortzeko, eta arreta berezia jarriz gazteengan eta etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan.

Bileran zehar, Sailak EUDELi jakinarazi dio gutxieneko oinarri partekatu batean oinarritutako neurri posible batzuetan laguntzeko asmoa, besteak beste, tentsio-eremuen arloan, figura horri borondatez heltzea erabakitzen duten udalerriekin; etxebizitza babestutzat kalifikatuta dauden mobilizatu gabeko lursailen azterketa xehatua egitea, eta lurzoruaren eta hirigintzaren arloan egon daitezkeen arau-aldaketak kontuan hartzea.

  • 12 eta 20 urte bitarteko gazteek Azaroaren 8ra arte bidali ahal izango dituzte ikus-entzunezko lanak

  • Lehiaketaren edizio berrirako espreski sortutako Beldur Barik 2024 abestiarekin batera estreinatu da gaur ere

Gasteiz, 2024/09/20

Gaurtik, irailaren 20tik, azaroaren 8ra bitartean, 12 eta 20 urte bitarteko euskal gazteek ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dituzte Beldur Barik lehiaketaren hamabosgarren ediziora. Emakundek sustatzen du lehiaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Beldur Barik programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea da, gazteei gonbitea eginez indarkeria matxistaren aurrean berdintasunarekiko konpromisoa ager dezaten ikus-entzunezko lanen bidez.

Bideo bakoitzak 3 minutuko iraupena izan behar du gehienez, eta nerabeek eta gazteek indarkeria sexistaren mota desberdinen aurrean duten hausnarketa eta jarrera jaso beharko ditu. Hau da, Beldur Barik jarrera irudikatu nahi da, neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko dituzten moduak definitzen dituena eta errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako harremanak eraikitzen dituena.

Parte-hartzea banakakoa edo taldekoa izan daiteke (ikastetxea, gaztelekua…). Lehiaketak 3 kategoria ditu adinaren arabera. Lehenengoa 12-14 urtekoei zuzendua, bigarrena 15-17 urte bitartekoei eta hirugarrena 18-20 urte bitartekoei. Kategoria, lan irabazle eta aipamen berezi bakoitzeko bi lan sarituko dira, 400 eta 200 eurorekin hurrenez hurren, eta 300 euroko beste bi sari egongo dira ikus-entzunezko lan onenarentzat eta bideo bozkatuenarentzat.

Beldur Barik abestia

Lehiaketarekin batera, Beldur Barik abestia estreinatu da, edizio honetarako propio sortua. Hainbat artistak elkarlanean osatutako abesti honek gazteak indarkeria matxistaren aurrean modu aktiboan azaltzera bultzatu nahi ditu. Garazi Zabaleta Mendizabalek konposatu du eta ekoiztu du abestia eta Víctor Sánchezek (Elkar Estudioa) nahasketan eta masteringean parte hartu du. Abeslariak Leire Olariaga (ithaka); Africa, (Miss Afrika Bibang) eta Ane Agirre (Biren) izan dira. Lexlie@wambramorenak sortu du bideokliparen koreografia.

Bideoa esteka honetan ikusi daiteke.

Gaur goizean, EUDELeko elkarteburua elkarrizketan aritu da du Euskadi Irratiko Faktoria saioan Iñaki Guridiren eskutik.

Esther Apraizek EUDELek udalen lehentasun komunen aldeko akordioetan lan egiteko duen zeregina azpimarratu du, adibidez, udalen finantziazioa. Gainera ikasturte hasierako egun-eguneko gai ezberdinez hitz egin du, besteak beste, mugikortasun jasangarriaren aldeko trafiko-neurriak, etxebizitza turistikoen erregulazioa, etxebizitzaren erronka edo udalerrietako segurtasuna.

Elkarrizketaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=rICZtWh3dDg

Estrasburgon, 2024ko irailaren 13an. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak Europako Kontseiluak irailaren 12 eta 13rako deitutako bileran parte hartu du, Demokraziaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, tokiko agintariek “kontinentearen egonkortasun demokratikoari” egindako ekarpena aldarrikatzeko. Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kontseiluak Estrasburgon duen egoitzan tokiko eta eskualdeko gobernuen 110 elkarte inguruk hartu dute parte.

Europako Kontseiluaren mezuen ildotik, Esther Apraizek Europako udalen funtsezko zeregina azpimarratu du, “gure komunitatetan demokraziaren, giza eskubideen eta zuzenbide estatuaren zaindari gisa elkarlanean aritzeko eta elkarrekin lan egiteko, pertsonekiko enpatia eta hurbiltasunetik abiatuta”.

EUDELeko elkarteburuak, beste behin ere, maila anitzeko gobernantzan “tokiko sentsibilitatea” txertatzearen alde egin du, erronka demografiko, sozial, teknologiko eta klimatiko handiei herri eta hirietatik erantzuteko, eta, bereziki, “herritarrek beren erakundeetan duten konfiantza sendotzeko”. EUDELek bultzatutako tresna praktiko bat Gobernantzaren arloko Bikaintasun Zigilua (ELoGE) da, eta dagoeneko EAEko 23 udalerrik bat egin dute ekimen horrekin.

Goi-bilera munizipalista azken adierazpen batekin amaitu da gaur, oinarrizko hautetsiek Europako printzipio eta balio demokratikoekin duten konpromisoa berresteko. Besteak beste, gazteek bizitza publikoan parte-hartze handiagoa izatearen alde egiten du dokumentuak, eta “gizarte demokratikoak, baketsuak, giza eskubideetan oinarritutakoak, jasangarriak, inklusiboak eta erresilienteak” eraikitzen aurrera egitearen alde.

Ekitaldian hainbat eztabaida-foro egin dira tokiko autogobernua hobetzeari buruz, Errusiak Ukrainaren aurka abiatutako eraso-gerraren ondorioei buruz, atzerapen demokratikoari buruz, polarizazio politiko eta sozialari buruz, klima- eta ingurumen-krisiei buruz, injustizia sozialari buruz, migratzaileen eta errefuxiatuen harrerari buruz, eta egungo eta etorkizuneko beste erronka batzuei buruz.