Esther Apraiz, Derioko alkatea, euskal udalerrietako alkateek EUDELeko Elkarteburu izendatu dute. EUDELek hiru herrialdeetako udalak bildu ditu, Tabakaleran, 2023-2027 agintaldiko lehen Batzar Orokorra egiteko.
Munduko Hiri eta Tokiko Gobernu Batuetako (UCGL) idazkari nagusiak EUDEL berria zoriondu du New Yorketik bidalitako bideo-mezu baten
bitartez. Bertan, Nazio Batuek GJHei buruzko goi-bilera egiten ari dira.
Donostian, 2023ko irailaren 19an. Euskadiko Udalen Batzar Orokorreko alkateek gaur goizean aukeratu dituzte, Donostian, hurrengo lau urteetan EUDELen Gobernutik maila instituzionalean udal guztiak ordezkatuko dituzten pertsonak.
Ekitaldia 10:30ean hasi da, Eneko Goia Donostiako alkatearen ongietorri-hitzekin, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Batzar Orokorri hasiera eman dio, jarduneko Elkarteburu gisa.
Hautaketa hautetsontzi batean egindako botazioaren bidez egin da, Elkarteko organoak berritzeko estatutuetako arauen arabera. Udal-sentsibilitate guztien arteko akordioari esker, hautagaitza bakarra bozkatu ahal izan da, bai Batzorde Eragilerako –hamabost kidek osatua–, bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeetarako –bederatzi kidek osatua bakoitza–.
Esther Apraiz, Derioko alkatea, EUDELen Elkarteburu berri izateko hautatu dute, aho batez. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izango ditu lagun Apraizek. Biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa.
ESTHER APRAIZen HITZALDIAREN BIDEOA
Batzorde Eragileko gainerako kideak emakumezko eta gizonezko alkate hauek osatzen dute, hurrenkera honetan: Erlantz Urresti (Maruri Jatabe), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Nati López de Muniain (Elburgo), Txerra Molinuevo (Amurrio), Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar), Izaro Elorza (Oñati), Mikel Torres (Portugalete) eta Zallako zinegotzia, Joseba Andoni Zorrilla Ruiz.

EUDELeko Batzorde eragilea 2023-2027
Erakundearen buru den bederatzigarren Elkarteburua da Esther Apraiz, eta erakundearen buru den bigarren emakumea eta Bizkaiko seigarren udal ordezkaria. Apraiz ekitaldian bertan inbestitu dute, bi elkarteburuordeen eskutik makila eta EUDELen domina jaso ondoren.
Bere inbestidura-hitzaldian, Esther Apraizek izendapenak eragiten dion zirrararen berri eman du: “Ohorea da nire parekideek, alkateok, euskal udalgintza osoa ordezkatzeko ni aukeratu izana”. Apraizek eskertu egin du aurreko Batzorde Eragileak egindako lana, eta bere lehendabiziko hitzak Gorka Urtarani, karguan bere aurretik izan denari, eta EUDELen hurrengo ibilbidean lagunduko dion talde berriari eskaini dizkie.
Derioko alkateak esan du indartsu sentitzen dela, eta badakiela karguak erantzukizun handia eskatzen duela. “EUDEL udalerrien ahotsa da, plurala eta partaidetzazkoa, eta tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme-lana egiten du”.
Barne-mailako mezuen artean, Elkarteburuak elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzea proposatu du, bai Elkartearen gobernu-organoetan, bai foro instituzional eta lan-talde guztietan, “udalerri guztiek batera lan egiteko gure helburu amankomunen, herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde”.
Era berean, alkateak gonbidatu ditu “EUDEL marka” harrotasunez eramatera, udalen barruan eta kanpoan, “Euskal udalgintzaren nortasuna” baita. “EUDEL danok gara” leloarekin burutu du hitzaldia.
Udal-sentsibilitatea
Biztanleria urriko udalerri bateko agintari gisa, Derioko alkateak “pertsonengandik hurbilen dagoen politikaren” balioa defendatu du, eta erantzukizun berritik horri lagundu egingo diola esan, udalen zerbitzuan eta, bereziki, udalerri txikiagoen zerbitzuan. “EUDEL hurbiltasuna da”, nabarmendu du. “Euskadiko herri eta hiri guztietako pertsonak, herritarrak, dira erdigunea eta gure udalen izateko arrazoia. Euskal gizartearen isla onena gara, hark gure bizilagunen aurpegia baitu”.
Demokraziaren lehendabiziko erakundeen zutabeak eraikitzen lagundu zuten euskal hautetsiak omentzeko mezu bat ere izan du Elkarteburuak. Egungo eta iraganeko belaunaldiek “beren udalerrien izenak handi egin zituztenak” ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Tokiko politika demokraziaren sehaska da”, esan du Esther Apraizek.
Tokiko gobernuak, giltzarri eraldaketan

Derioko alkateak, halaber, adierazi du udal-aginte berria gaur egungo ziurgabetasunaren eta abiadura handiko aldaketen testuinguruan jarriko dela abian. Udalen ordezkaria horri aukera gisa aurre egitearen alde agertu da, GJHen eta 2030 Agendaren ildotik, eta eragile guztien arteko lankidetzatik.
“Gure herri eta hiriak trantsizio hirukoitzaren agertoki dira, soziodemografikoa, digitala eta ingurumenekoa; beraz, tokiko gobernuok eraldaketaren eragile nagusiak izan behar dugu beste erakundeekin batera”, Elkarteburuaren hitzetan.
Emilia Saiz UCGLko (Munduko Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak) idazkari nagusiak ere partekatu du mezu hori, eta bideo bat bidali du New Yorketik, EUDELeko Elkarteburua eta gobernu berria zoriontzeko. Idazkari nagusia New Yorken da aste honetan, Nazio Batuek GJHei buruz egiten ari diren goi-bileran parte hartzeko: “EUDEL gure munduko erakundearen bazkide sortzailea da, eta bertatik gizartearen eraldaketa bultzatzen saiatzen gara, belaunaldi horien eta etorkizuneko belaunaldien beharrak kontuan har daitezen erabaki politiko bakoitzean”.
EUDELetik, udalerrientzat sor daitezkeen aukera guztiak aprobetxatzeko xedez, Esther Apraizek hasierako hiru proposamen egin ditu:
– “Udalgintza feminista” baten aldeko apustua egitea, besteak beste, EUDEL indartuz emakume hautetsiek udal-politikan duten lidergo eta eraginerako gune gisa.
- “Herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea”, EUDEL irekiagoa, eraginkorragoa eta parte-hartzaileagoa bultzatuz, erakundearen barruko adostasunetik abiatuta.
– Lankidetza instituzionala bultzatzea, “udalerriek ekarpen handia egin behar duten” politika publikoak lortzeko eta garatzeko, hala nola euskara, gizarte-zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena.
Intereseko datuak
- EUDELen elkarteburuak: 1982an sortu zenetik, Euskadiko Udalen Elkarteak 9 elkarteburu izan ditu, zazpi gizon eta bi emakume:
(1983-87) Iñaki Oregi, Zuiako alkatea /
(87-91) Jose María Gorordo, Bilboko alkatea /
(91-95 eta 95-99) Jose María González Zorrilla, Muskizko alkatea /
(99-03 eta 03-07) Karmelo Sáinz de la Maza, Leioako alkatea /
(07-11) Jokin Bildarratz, Tolosako alkatea /
(11-15) Ibone Bengoetxea, Bilboko alkateordea/
(15-19) Imanol Landa, Getxoko alkatea /
(19-23) Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea /
(23-27) Esther Apraiz, Derioko alkatea
- EAEko hautetsiak: Tokiko agintaldi honetan (2023-2027) 2.661 hautetsi daude, eta % 47 emakumeak dira. Horietatik 84 alkateak dira, aurreko agintaldian baino hamar gehiago.
**Ukraina-“Bridges of Trust”
Bileran, Europako udalerriekin EUDELek duen lankidetza estua aipatu zen, CEMRn aktiboki parte hartuz. Alde horretatik, azken urtean izandako ekimenik nabarmenenen berri eman zitzaien euskal udaletako alkateei. Horien artean, “Bridges of Tust” (Konfiantzazko zubiak) delakoaren onurak azaldu ziren, EBko eta Ukrainako udalerrien arteko elkartasuna eta lankidetza bultzatzeko. EUDEL izan zen Europako ekintza aitzindari horretan parte hartu zuten eta buru-belarri aritu ziren hogeita hamar elkarteetako bat. Euskadin, “matching”a sustatu zen euskal hiru hiriburuen (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) eta Ukrainako hiru hiriren (Novomoskovsk, Kremenchuk eta Nikopol) artean. U-LEADen eta Ukrainako Hirien Elkartearen (AUC) laguntzarekin, aldizkako online bilerak antolatu dira, ur eta saneamendu, hiri-garapenaren eta gizarte-ekonomia arloko lankidetza-proiektuak definitzeko. BoT-ren esparruan, Ukrainako hiru udalerrietako ordezkaritza ukrainar batek bisitatu zituen Euskadiko hiriak, EUDELek, 2023ko ekainean, harrera egin ostean. Bilera instituzional eta teknikoak egin ziren, eta azpiegitura nagusietara bisitak egin ziren: Bilbao Bizkaia eta Gasteizko Ur Partzuergoetara, eta Donostiako Sustapenera. Era berean, ordezkaritza hori tokiko enpresekin harremanetan jarri zen. Informazio gehiago

Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan bildu dira gaur Bizkaiko udaletako politikariak eta teknikariak, udan zehar jai-guneetan eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko xedez.
Bi ordezkariek Emakundek eta EUDELek tailer hauekin dituzten helburuak azaldu dituzte: “Espero dugu udalerri inklusiboagoak eta berdintasunezkoagoak garatzeko toki-mailan egiten ari den etengabeko lana indartzeko balioko dutela, zuen berdintasun-planen, jarduera-protokoloen eta indarkeria matxista prebenitzeko beste tresna batzuen bidez”.
Bestalde, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eta udalek konpromisoa dutela “jai-guneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko”. Elgarrestak nabarmendu duenez, herri askotan “aurrerapauso garrantzitsuak eman dira arlo horretan azken urteetan, baina erasoak gertatzen dira oraindik ere eta oso erne egon behar dugu”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte EAEko udal eratu berrietako politikariekin eta teknikariekin, udan jai-eremuetan eraso sexistak prebenitzea sustatzeko. Lehen bilera gaur egin da Gasteizen, Arabako udalekin, eta ekainaren 26an eta 27an beste bi bilera egingo dira Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren, lurralde bakoitzeko udalekin.
Bilbon, 2023ko ekainaren 19an. Gaur goizean, Kremenchuk, Nikopol y Novomoskovsk hirietako tokiko agintariak batu egin dira EUDELeko elkarteburuarekin eta zuzendari nagusiarekin, Ukrainako ordezkaritzak aste honetan EAEko hiru hiriburuetan egingo duen azterlan-bisitaren aurretik. Bilbao, Donostia eta Vitoria-Gasteiz Europako Bridges of Trust (Konfiantzazko zubiak) proiektuan parte hartzen ari dira. Europako Batzordeak bultzatu du proiektu hori, U-LEAD programaren bidez, Errusiaren inbasioak suntsitutako hiriak berreraikitzen laguntzeko.
EUDELen egindako topaketak aukera eman du gerra egoeran lan egiten duten Ukrainako agintarien esperientzia bertatik bertara ezagutzeko, tokiko komunitateak babesteko eta herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak berreskuratzeko, hala nola, edateko uraren hornidura, energia-hornidura, eraikin eta ekipamenduen berreraikuntza, osasuna, hezkuntza eta abar.
EUDEL euskal hirietan proiektua koordinatzeko hautatutako Europako hamar elkarteetako bat da. Bilbok, Donostiak eta Gasteizek konpromisoa hartu dute ekimen aitzindari eta lankidetzan oinarritutako honekin, “City to City”rekin, bat egin dute. Udal-erakunde bideratzaileen bidez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, AMVISAk eta Donostiako Sustapenak laguntza teknikoa eta adituen aholkularitza emango dute azpiegiturak birgaitzeko eta hobetzeko proiektuak elkarrekin diseinatzeko, bai eta garapen ekonomikorako eta hiri-eraldaketarako proiektuak ere, Errusiaren inbasioak suntsitutako hiru hirietan.
Topaketa telematiko batzuk egin ondoren, ekainaren 19tik 23ra, Novomoskovsk, Kremenchuk eta Nikopoleko tokiko agintarien ordezkaritza Euskadira etorriko da EAEko hiru hiriburuekin eraikitzeke dauden zubien lehen harria jartzeko. Bilbao, Donostia eta Vitoria-Gasteizeko udalak Ukrainako Udalerrien Elkartearekin batera etorriko diren Ukrainako homologoen anfitrioi izango dira.