Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Azken udal agintaldi honetan zehar, bostehun pertsona baino gehiagok parte hartu dute Tokiko Zuzenbidearen Euskal Mintegian, hots, EUDELek eta IVAPek elkarlanean eskaintzen duten prestakuntza barnean, ekimen finkatuenean.

Prestakuntza-programa hau 2006. urtetik egiten da, eta helburua da euskal toki-erakundeetako langile juridikoei beren eginkizunak kalitate profesional handiagoz garatzeko beharrezko tresnak ematea.

Edizio honek 5 saio izango ditu eta hauek izango dira gaiak: Enplegu Publikoa, Administrazio Elektronikoa, Ingurumen Administrazioa, Diru-sarrerak eta Hondakinak Bermatzeko Euskal Sistema eta lurzoru kutsatuak.

Mintegia saio monografiko ezberdinetan egituratzen da, besteak beste:

 

 

  • Tokiko Zuzenbide Publikorako funtsezkoak diren gaiei buruzko txosten akademikoak, adituen eta profesionalen eskutik.
  • Tokiko zuzenbidearen behatokia”: Araudi-, jurisprudentzia-, dokumentu- eta bibliografia-arloko berrikuntzak aztertzeko gunea.

Buletin Digitala barne hartzen du, jurisprudentzia, arau-erreseina eta bibliografia interesgarriarekin.

TZEM 2023

Bost saio (20 ordu): martxoak 17, maiatzak 5, ekainak 2, urriak 6 eta azaroak 10.

Ordutegia: 09:30-13:30

Tokia: Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa BILBO. Maria Diaz Harokoaren kalea 11.

Saioen programari, matrikulari eta izen-emateari buruzko informazioa euskaragarri dago erantsitako LIBURUXKAN

Informazio gehiago: www.eudel.eus / www.ivap.eus

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUDELek antolatuta Martiaren 8a dala eta Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan ezohiko batzarrak, 1979ko lehenengo udal hauteskundeetatik Bizkaiko udalerriren bateko alkate izan diran emakumeak omendu ditu.
  • Gehienbat emakumeek osatu daben hitzorduan, alkate horreetako askok hartu dabe parte, eta euskal alderdi politiko guztietako zinegotziek, batzarkideek, diputaduek, kongresukideek, senatariek, europarlamentariek eta liderrek babestu ditue.

(Gernikan, 2023ko martiaren 3an). Gernikako Batzar Etxeak babesa emon deutso lurraldeko genero bardintasunaren aldeko burrukearen sinboloa dan eta arlo horretan nabarmendu diran emakumeen lana aintzatesten dauen ekitaldiari. Bizkaiko Emakume Hautetsien Ezohiko Batzarra foru-udalerrian alkartu da oraingoan, demokrazia garaian lurraldeko udalerriren bateko alkate izan diran 98 emakumeei omenaldia egiteko.

EUDELen Adirezpenaren Irakurketa

Aintzatespen-ekitaldiak beste batzuetan izandako liturgiari jarraitu deutso. Jai- eta erreibindikazino-giroan, gizonen eta emakumeen arteko bardintasunean aurrera egiteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUDELek (Euskadiko Udalen Alkartea) antolatutako Batzarra Gernikako Arbolaren ondoan hasi da. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Mahaiko kideak eta omenaldia jaso daben emakumeak Batzar Etxera sartu dira, haretx-ostroen eta marra moreen bidez askatasuna eta bardintasuna irudikatzen daben eta aldez aurretik parte-hartzaileei emon jakezan oroitzapenezko zapiakaz alkartuta.

Leku guztiak beteta, pandemiaren ondorioz hainbat urtez leku kopuru mugatua euki ostean, Batzar Nagusietako Lehendakaria oraingo honetan emakumeek bakarrik beteten eben hemizikloko bankadara joan da, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren atarian ezohiko batzarra zabaltzeko. “Hemendik gure espazioa aldarrikatzen dogu eta ahotsa goratzen dogu, argi ixteko bardintasunezko gizartearen alde burrukan ari garala”, esanez hasi da Otadui, eta, ostean, “euren herriaren makila altzau eta udal politikan gorputz eta arima jardun daben” emakumeetan zentrau dau omenaldia. Oroitzapena, beraz, “lanbidea ikasten aitzindariak izan ziran eta euren lanagaz gero etorri ziranentzat eredu izan ziran emakumeentzat”. Bere berbaldian, Otaduik oroitzapen berezia izan dau aitzindari horreetako lehenengoarentzat, 1979an Elantxobeko alkate bihurtu zan eta daborduko gure artean ez dagoan Margarite Arriangarentzat. Berari egokitu jakon “kristalezko sabai handi bat apurtzea”, Bizkaiko udal erakundeena, hain zuzen be.

Horren ostean, Bizkaiko beste horrenbeste udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilitate politiko guztiak ordezkatuz (Onintze Amezaga Bilbao, Gatikako alkatea EAJ-PNVtik; Ainara Otxotorena Iriarte, Mañariko alkatea EH Bildutik; eta Getxoko hirukotea, Carmen Díaz Pérez, Paula Amieva Clemente eta Natalia Aranduy Zuazagoitia, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PPtik, hurrenez hurren), EUDELek prestau dauen, Batzar Nagusiek sinatu daben eta Euskadiko udal guztien eskura jarri dauen Martiaren 8ko Adierazpen Instituzionala irakurri dabe (ikusi erantsitako dokumentua). Aurton, M8ko Adierazpenak emakumeen lidergoak sustetearen alde egiten dau, gobernantza feministako eta lidergo partekatuko eredutik abiauta; izan be, 25 urte baino gehiago igaro dira Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataformea, erabagiak hartzerakoan parte-hartze politikoa eta agintearen banaketa orekatua lortzeko nazinoarteko akordioa, onartu zanetik.

ESKU-HARTZEAK ETA “GERNIKAKO ARBOLA”

Horren ostean, EAEko alderdi politiko bakotxeko Bizkaiko udalerrietako arduradun instituzional batek jaso dau demokraziaren hamaika legegintzaldietan, hau da, 44 urtez, alkatetzan egon diran 98 emakume horreek aintzatesteko saria. Irati Gondra Martínez (EAJ) Mundakako egungo alkateak, Amets Jauregizar Baraiazarra (EH Bildu) Bakioko alkateak, Loly de Juan de Miguel (PSE-EE) Basauriko alkate ohiak, Ana Viñals Blanco Bilboko Udalean Elkarrekin Podemoseko bozeroale eta zinegotziak, eta Raquel González Díez-Andino Bilboko Udaleko PPko bozeroale eta zinegotziak, ohoreak egin ditue, “oraindino egiteko bide luzea dagoala” esatean bat etorri ostean. Bardintasunaren aldeko ahots horreei bideoz gehitu jakez kasu batzuetan lau legealdi jarraian euren udalerrietan gobernetan egon diran beste emakumezko alkate eta zinegotzi batzuk.

Horreen guztien berbak entzun ostean, “Gernikako Arbolaren” akordeek oihartzuna izan dabe osokoen aretoan. Iparragirreren abestiaren interpretazinoa Olatz Saitua Iribar sopranoak egin dau aurton, abestia Batzar Etxetik bertatik entzun dauen Urretxuko bardoaren gitarra historikoa joz. Aurretik, Beti Jai Alai taldeko dantzariek, antxinako jantzi eta burukoakaz, aurreskua dantzatu dabe Bizkaiko alkate eta zinegotzi guztien omenez.

Emakumeen VII. Ezohiko Batzarrari amaierea emoteko, omenduek erretratua atera dabe Gernikako Arbolaren ondoan, erakundeetako arduradunakaz, zinegotziakaz,  batzarkideakaz, euskal legebiltzarkideakaz, kongresukideakaz, senatariakaz, europarlamentariakaz eta lurraldeko politikariakaz batera. Horreen artean egon dira: Itxaso Atutxa Atutxa, Isabel González Rodríguez, Sonia Pérez Ezquerra, Ascensión Pastor Parres eta Idurre Bideguren Gabantxo.

2023ko martxoaren 3a. Urtero bezala, EUDELek EAEko udal guztien eskura jarri du honako Adierazpen hau, eredu moduan erreferentzia izateko, tokiko autonomia errespetatuta. Testua Euskadiko Udalen Elkartearen Batzorde Eragileko alkateek onetsi dute.

EUDELen Adierazpena bat dator “Emakumeak Gora” goiburuarekin euskal erakundeek martxoaren 8rako bultzatu duten kanpaina bateratuko ildoarekin. Aurten, M8ko Adierazpena emakumeen lidergoak bultzatzearen aldekoa da, gobernantza feministaren eta lidergo partekatuaren ereduaren bitartez, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma onetsi zenetik 25 urte baino gehiago igaro diren honetan; erabakiak hartzeko garaian gizonen eta emakumeen artean parte-hartze politikoa eta botere banaketa orekatua lortzeko nazioarteko akordio da hura.

Testuan, landu beharreko zenbait esparru aurkeztu dira, erabakiak hartzeko garaian emakumeek berdintasunean parte hartzeko baldintzak sortzea xede. Horretarako ekintzen artean daude zaintzak modu erantzukidean banatzea, zaintza-lanen sektore profesionalari balioa ematea, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerraraztea, estereotipoei eta aurreiritziei aurre egitea, baita “botere-espazioak partekatzea edo lagatzea” eragozten duten erresistentziei ere, lidergo-eredu androzentrikoak deseraikitzea, eta emakumeen eta nesken eskubideak agenda feminista intersekzionalaren ardatz izatea.

EUDELen Adierazpenak tokiko gobernuen 7 konpromiso zehatz proposatzen ditu, emakumeen lidergoa sustatzeko eta boterea berdintasunean erabiltzeko.

M8ko adierazpena

  • Berdintasun Sailak, Emakunderen eskutik, hiru foru aldundiek, EUDELek eta EAEko hiru hiriburuek bultzatu dute kanpaina
  • Gogorarazten digu gerentzien %6a bakarrik emakumeek betetzea ez dela prestakuntza faltagatik, rol sexistak mantentzen direlako baizik


Gasteiz, 2023/02/27

Emakumeak gora! da Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurtengo kanpainaren leloa. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatu du, Emakunderen eskutik; hiru foru-aldundien, EUDELen eta EAEko hiru hiriburuetako udalen elkarlanaren bitartez. Lelo horrek aldarrikatzen du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki- eta lidergo-postuetan, eta, horretarako, emakumeek beren ahalmen guztia berdintasunean garatu ahal izateko baldintzak sortu behar direla.

Kanpainaren aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Gasteizko alkate eta EUDELeko elkarteburua, Nerea Isasi, Ainhoa Campo eta Patricia Campelo, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Berdintasun zuzendariak, hurrenez hurren; eta Nekane Alonso eta Ane Oyarbide, Bilboko eta Donostiako Berdintasun zinegotziak.

Nerea Melgosaren hitzetan, “Gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan eta kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak”. Hala, kanpainak mito faltsuak eraisten ditu, hala nola emakumeak ez daudela hain prestatuta postu horiek betetzeko. Izan ere, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik, emakumeak ia %60a dira.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, EUDELek bat egiten du kanpaina honekin, euskal udalerri guztien izenean. EUDELeko elkarteburuak azpimarratu duenez, “Kanpaina hauek garrantzitsuak dira, gaurko gizartea berdintasunezkoa ez delako” eta adibide batzuk eman ditu: lan-arrakalak, zaintza banaketa desberdina, gobernuetan eta enpresetan gora egiteko oztopoak, emakumeen aurkako indarkeria…

Gorka Urtaranek nabarmendu du pausuak ematen jarraitu behar dela, eta, “gizonak garen aldetik ere, albora pausua eman behar dugu, emakumeekin lidergo soziala elkarbanatzeko. Guztiok hartu behar dugu konpromiso hori, gizarte gisa elkarrekin hartutako konpromisoa.” esan du elkarteburuak.

Kanpainaren protagonistak hainbat emakume dira, Berdintasun ezari buruzko zenbait datu gogorarazten dizkigutenak eta horiek eragiten dituzten arrazoietako batzuk erakusten dituztenak, hala nola:

  • Emakumeak gerentzia-postuen %6a baino ez izatea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik, erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeak titulazio teknikoetako matrikulen %23a baino ez izatea, ez da bokazio faltagatik. Baizik eta, besteak beste, gure erabakiak mugatzen dituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitza.
  • Zaintzeko eszedentzien %73a emakumeek hartzea ez da emakumeek bakarrik dakitelako zaintzen. Gizarteak rol hori ezartzen digu eta honek gure garapen profesionala mugatzen du.

Sailburuaren hitzetan, emakumeek erabakiak hartzen diren guneetara heltzeko dituzten oztopoetako batzuk dira hauek, batzuetan ikusezinak edo hautematen zailak diren hesiak, hala nola, kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, zaintza-lanen gainkarga, konfiantza-arrakala, rolak eta estereotipoak…

Melgosak zailtasun horietako batzuk zerrendatu ditu, hala nola “boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugula; emakumeei perfekzioa eskatzen zaiela erantzukizun-postuetara iristeko (eta euren buruei eskatzen diete ere); haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen dela; edo anbizioa sozialki zigortuagoa dagoela emakumeen artean”.

www.emakumeakgora.eus Webguneaz gain, kanpainak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta iragarkiak ditu, eta otsailaren 27tik martxoaren 14ra bitartean egingo da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxeetara, osasun-zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara eta liburutegietara, etab. Halaber, sare sozialetan #emakumeakgora traola erabiliko da.

Kanpainaren materialak

Informazio gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/83806-emakumeak-gora-leloarekin-erabaki-eta-lidergo-postuetan-emakume-gehiago-egotea-aldarrikatzen-martxoak-8ko-kanpainak

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik lehen urte bete denez eta Ukraina eta Euskadiren arteko lankidetza aitortu zenez, EUDELek dei egiten die euskal udalei ostiral honetan, otsailaren 24an, 12:00etan, bost minutuko elkarretaratze isila egiteko, udaletxearen edo udalerri bakoitzeko ohiko lekuaren aurrean, gerrako biktimei, desplazatutako pertsonei eta ukraniar herri osoari elkartasuna adierazteko.

2023ko otsailak 16. EUDELn Guatemalako delegazio tekniko baten bisita jaso du, tokiko garapenaren eta gobernu irekian inspirazio-iturri diren esperientziak identifikatzeko interesa duelako eta, bide batez, Euskadiko Udalen Elkarteak, arlo horietan, udalei eskaintzen dien laguntza nola gauzatzen duen ezagutzeko.

EUDELeko zuzendari nagusiak, Mar Zabalak, Guatemalako San Marcos departamentuko ordezkaritzari, otsailaren 14tik 17ra Euskadin bisitan egon den bitartean, proiektuaren zehaztasunak azaldu dizkio, GARAPENen eskutik (Garapen Agentzien Euskal Elkartea). Azterketa-bisitaren buru COPROSGUA da, Guatemalako Proiektuen Koordinatzailea, Pro Verde Fundazioaren eta CONEXX-EUren laguntzarekin. Helburua da praktika onak identifikatzea tokiko garapen ekonomikoan, hondakinen kudeaketan eta gobernantzan, tokiko agintariak EBri eta beste finantzatzaile batzuei instituzioak indartzeko proiektu bat proposatzeko.

Elkartearekin izandako topaketan, Guatemalako ordezkaritzak Europako Kontseiluaren Bikaintasunaren Zigilua (ELoGE) proiektuan interes handia erakutsi du. Ekimen hori, Europako Kontseiluak egiaztatutako eskualdeko plataforma gisa, EUDELek bultzatu zuen, 2017an, tokiko erakundeek Gobernantza Onaren 12 printzipioen hobekuntza hauspotzeko. ELoGeko lau edizioetan, guztira, 22 udalerrik parte hartu dute eta Euskadiko 12 udalek Europako Kontseiluak ematen duen zigiluaren kalifikazio altuena lortu dute.

Topaketan parte hartu dutenak:

Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia

Jorge Fernando Mérida, COPROSGUAko presidentea

Edwin Meyer Vásquez, COPROSGUAko presidenteordea

Kevin Alberto Rivera, Depósito de San Marcoseko ordezkaria. Guatemalako Gazteriaren Kontseilu Nazionala.

Wilson Donaldo Castañeda, Pro Verde fundazioko zuzendari exekutiboa

Alejandro Cantó, CONEXX-EUko zuzendari nagusia

Gipuzkoako udalerriek aurreikusitakoa  baino 20 milioi euro gehiago jasoko dituzte. Bilera otsailaren 16an egin da, Donostian, eta bertan eman da 2022 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren berri.

Gipuzkoako udalerriek 588.224.790 euro jasoko dituzte 2022 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), erakunde hauek finantzaketarako duten diru iturri nagusia. Hau da, pasa den urtean baino 6 milioi euro gehiago eta aurrekontuan jasotakoa baino 20 milioi euro gehiago dira. Ondorioz, lurraldeko udalek UFFFaren hurrengo ordainketan jasoko dituzte aipatutako 20 milioi euro gehigarri hauek.

Bileraren helburua Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri ematea izan da, tartean 2022 urteko UFFFaren likidazioa. Topaketan parte hartu dute, Gipuzkoako udalerrien ordezkatzen, parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko alkateak; Izaro Elorza Oñatiko alkateak; Jon Iraola Eibarko alkateak; Gurutze Etxezabal Orexako alkateak; Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak; eta Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia.

Foru Aldundiaren aldetik, parte hartu dute Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatua; Rafaela Romero, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatua; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.

2022ko UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriaren banaketaren harira, lurraldeko udalerri nagusiak honako zenbateko hauek jasoko dituzte: Donostiak aurrekontuan aurreikusitakoa baino 5,4 milioi euro gehiago; Irunen kasuan, 1,7 milioi euro gehiago; Errenteriak, bere aldetik, 1,1 milioi euro gehiago; Eibarrek 745.000 euro gehiago; Zarautzek 619.000 euro gehiago; Arrasatek 591.000 euro gehiago; Hernanik 547.000 milioi euro gehiago; eta, azkenik, Tolosak, 530.000 euro gehigarri.

UFFF (Taula)

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailaren 15ean Vitoria-Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta euskal udalek 2022ko ekitaldia itxitakoan bildutako diru-kopuruari buruzko behin betiko datuak egiaztatu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko zerga itunduengatik jasotako diru-bilketa handiagoa izan da 2022an, guztira 17.130,7 milioi euro osatzerainokoa (+%7,3). Kopuru horren arabera, joan den urrian egindako azken aurreikuspenarekiko gauzatze-maila %100,1ekoa izan da (urrian aurreikusi baino 21,4 milioi euro gehiago bildu dira), eta aurrekontu-zifrarekiko, berriz, %105,2koa.

Arabak 2022an 2.729,2 milioi euro bildu ditu zerga itunduen bitartez, 2021ean baino %9,7 gehiago; Bizkaiak 8.803,5 milioi euro bildu ditu, 2021ean baino %8,2 gehiago; eta Gipuzkoak 5.598,1 milioi euro bildu ditu 2022an, 2021ean baino %4,8 gehiago.

2022ko diru-bilketaren itxiera ikusita, 98,3 milioi euro erabiliko dira Egokitzapenerako Funts Orokorra hornitzeko, eta Araba eta Gipuzkoaren artean banatuko da, horiei 12.367.769 eta 85.929.333 euro baitagozkie, hurrenez hurren.

Bilera osteko agerraldian, udalen ordezkari Ángela Eguía Gordexolako alkateak azpimarratu du Finantzen Lurralde Kontseiluek duten funtzio garrantzitsua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde kontseiluak bilduko dira hurrengo egunetan, udalen parte-hartzea zerga itunduetan aztertzeko eta EAEko 251 udalerrietako bakoitzerako finantzaketa zehazteko.

(2023/02/15) Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren informazioa