Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Euskal Udalen eta toki erakundeen esku jartzen du EUDELek landutako ‘UDALA. Udal Finantzaketa’ argitalpenaren zenbaki berria (171. zk.), “Udalen parte-hartzea zerga itunduetan. 2022-2023” gaiari buruzkoa.

Argitalpen honen bidez, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urriko bilerari buruzko informazioa ematen da, bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen azken bileretan lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datuak ere.

Aurkibidea

Herri-dirubideen Euskal Kontseilua

Foru Aldundien zerga itunduen bilketa

  • Diru-bilketaren 2022rako aurreikuspenak (aurrelikidazioa)
  • 2023rako aurrekontu-aurreikuspena.
  • Euskal Foru Ogasunen zerga itunduen bilketaren bilakaera (2006 – 2023)
  • Egokitzapenerako Funts Orokorraren 2023ko ekitaldirako behin-behineko zenbatekoa zehaztea.
  • 2023ko ekitaldirako koefiziente horizontalak zehaztea

2023ko ekitaldirako erakundeen arteko akordioa, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzkoa

Finantzen Lurralde kontseiluak

Udal finantzaketarako foru-funtsak

Arabako toki-erakundeak

  • 2022ko aurrelikidazioa
  • 2023ko aurrekontua
  • Aurreko ekitaldietako likidazioak
  • Toki-erakundeen partaidetza egonkortzeko funtsa (TEPEF)
  • Obra eta zerbitzuen foru-plana eta auzo harremanak sustatzeko eta obra txikiak egiteko laguntzen programa.

Bizkaiko udalak

  • 2022ko aurrelikidazioa
  • 2023ko aurrekontua

Gipuzkoako udalak

  • 2022ko aurrelikidazioa
  • 2023ko aurrekontua

Udal finantzaketarako foru-funtsak, euro/biztanletan

Eranskinak

  • TEFFF: 2022ko konturako ekarpenak / aurrelikidazioa eta konturako ekarpenen 2023rako aurreikuspena, udalen arabera
  • UDALKUTXA: 2022ko konturako ekarpenak / aurrelikidazioa eta konturako ekarpenen 2023rako aurreikuspena, udalen arabera
  • UFFF: 2022ko konturako ekarpenak / aurrelikidazioa eta konturako ekarpenen 2023rako aurreikuspena, udalen arabera
  • Atal berria zabaltzeko, EUDELek Eustatekin jardungo du elkarlanean; hala, udalek aurrez aurre ezagutu ahalko dute Udal Informazioaren Atalak duen ahalmena. Horretarako, 2023. urtean, baterako prestakuntza-ekintzak egitea aurreikusten da.

Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak, webean, Udal Informazioaren Atal berria jarri du abian, udalerri bakoitzeko udal-eremuko datu ofizial guztien berri emateko. Espazio berritu horretan, udal-eremuko estatistika-datu ofizial guztiak kontsulta, azter eta erka daitezke, arlo tematikoetan antolatuta, besteak beste: zein da udalerri bateko per capita edo biztanleko errenta? Zenbat pertsona jaio edo hil dira? Nola inbertitzen ditu udalak udal-aurrekontuak? Zein da udalerriko langabezia-tasa?

Hala, zure udalerriari edo Euskal AEko beste edozein udalerriri buruzko edozein galderatarako, Udal Informazioaren Atala kontsulta dezakezu, gaurtik aurrera webean eta EUDELen webean kontsultagai.

https://eu.eustat.eus/municipal/datos_estadisticos/info_territorial.html

 

Informazio gehiago: Eustaten PRENTSA-OHARRA

Zer da Eustaten Udal Informazioaren Atal berria?

Udal Informazioaren Atal berriak Eustaten Euskal AEko 251 udalerrien inguruan eskuragarri dagoen udal-eremuko estatistika-informazio ofiziala jasotzen du. 12 arlotan banatzen da: 11 arlo tematiko –Populazioa, Demografia, Hezkuntza, Lan Merkatua, Euskara, Berdintasuna, Errenta, Etxebizitza-Lurraldea, Aurrekontuak, Ekonomia-Enpresa eta Lehen Sektorea– eta laburpen-arlo bat, udalerri bakoitzeko informazio esanguratsuarekin. Aukeratu zure udalerria, eta haren estatistika-datu guztiak kontsultatu, aztertu eta eskuratu ahalko dituzu.

Zer informazio mota eskaintzen du Udal Informazioaren Atalak?

Arlo tematiko bakoitzean, informazioa 3 mailatan egituratzen da: Adierazleak, grafikoak eta taulak.

  • Adierazleak: udalerri bakoitzaren ezaugarri nagusien informazio laburtua ematen dute.
  • Grafiko tematikoak: udalerriaren ezaugarrien ikus-irudia ematen dute.
  • Taula tematikoak: eskuragarri dauden azken datuen alderdi nagusien hautaketa bat da.

Nahi duzu Udal Informazioaren Atalari buruzko informazio gehiago?

Zure udalerria sakonago ezagutzeko, adierazle, grafiko edo taula bakoitzean Eustaten datu-bankuen taulak ikusteko dauden estekak balia ditzakezu.

Kontsulten adibideak:

Nire udalerrian: hiltzen den pertsona kopurua baino handiagoa jaiotzen da? Zein da gazteen proportzioa?

Zenbat pertsonak lan egiten dute nire udalerrian? Zenbat establezimendutan?

 

  • Ekimenak 2023ko maiatzeko hauteskundeetan boto emateko eskubidea baliatzeko aurretiko lege-urratsak gogorarazten ditu
  • Foroak eginiko azterlan batek dakar 57.412 pertsonak eratzen dutela botoa emateko eskubidea duten atzerritarren erkidegoa
  • Hala ere, txostenak nabarmentzen du, era berean, “EBkoak ez diren pertsonen egoitza-urteen kopurua estatistika-kontroletik kanpo” dagoela, “kontuan hartuta hura dela botoa emateko gaitasuna ematen diena”


Vitoria-Gasteiz, 2022/12/07

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroan Eusko Jaurlaritza izan da buru, beste erakunde batzuekin, EUDELekin eta migratzaileen zenbait elkarterekin batera, besteak beste, eta, gaur goizean, Botoa ematea zure eskubidea da kanpaina aurkeztu du. Hura EAEn bizi diren eta datorren maiatzaren 28an hautetsontzietan botoa emateko eskakizunak betetzen dituzten atzerritarrei zuzentzen zaie. Kanpainak 57.412 pertsona ingururengan du eragina, bai Europar Batasuneko herrialdeetatik datozenetan bai aldebiko sufragio-ituna duten herrialdeetatik datozenetan –hala nola Bolivia, Cabo Verde, Kolonbia, Korea, Ekuador, Txile, Peru, Islandia, Norvegia, Zeelanda Berria, Paraguai, Erresuma Batua edo Trinidad Tobago–.

“Botoa emateko eskubideak ez dakar, nahitaez, sufragioa. Atzerritarrek eskubide hori baliatzeko izaten dituzten oztopo burokratiko handiak eta informaziorik eza direla eta, askok ez dute eskubide hori baliatzen”, nabarmendu du Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak, kanpaina aurkezteko ekitaldian.

Legarretak esan du Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroak uste izan zuela nahitaez areagotu behar zela informazioa, EAEko udalerri guztietara irits zedin.

“Kanpaina prestatzeko eta zabaltzeko, ezinbestekoa izan da EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean eta lankidetzan jardutea”, esan du.

Ekitaldian, era berean, Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkateak eta EUDELek Foroan duen ordezkariak parte hartu du, eta honako hau nabarmendu du: “EAEko udalok kalean bertan egiten dugu lan, eta geuk ezagutzen ditugu ondoen gure herritarrak, eta funtsezko eginkizuna dugu herritartasun osoa eta berdintasunean eta aniztasunean oinarritzen dena gara dezaten; horretarako, eskura ditugun tresnak eskaini behar dizkiegu”.

Hori horrela, honako hau ere nabarmendu du: “ekimen hau bozgorailua ere bada EAEn bizi diren atzerritarren parte-hartze politikoaren garrantzia ikusgai jartzeko; botoa da ongizatean eta bizi-kalitatean eragin zuzena duten erabakietan eragina izateko tresna demokratiko ahaltsuena.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asiloko zuzendariak gogorarazi duenez, “botoa emateko eskubidea duten pertsonek hura baliatzea erabakiko balute, aurretik haien nahia adierazi beharko lukete; izan ere, hautesle-erroldan izena ematea ez da automatikoa, eta, gainera, erroldatuta egon beharko dute eta, kasu askotan, bizi duela bost urte baino gehiago gure herrialdean”.

Botoa ematea zure eskubidea da gida bost hizkuntzatara dago itzulita (euskara, espainiera, ingelesa, frantsesa eta errumaniera), eta Europar Batasuneko herritarra izan ala sufragio-arloan itundutako herrialde batekoa izan bete beharreko eskakizunak azaltzen dira hartan.

Zehazki, aurretik botoa eman izan duten europarrek ez dute ezer egin beharko; izan ere, badaude, dagoeneko, hautesle-erroldan izena emanda.

Hala ere, eskubidea lehen aldiz balia nahi dutenek 2023ko urtarrilaren 30a baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako, erroldatze-egiaztagiria beharko dute eta berariaz adierazi beharko dute botoa emateko eskubidea baliatu nahi dutela. Hura https://sede.ine.gob.es orriaren bidez egin daiteke, bai eta egoitzari dagokion udalean –orrialde horretan eskuragarri dagoen adierazpen formaleko inprimakia bete beharko dute– edo posta arruntez ere.

Erkidegoz kanpoko herritarrentzat, hala ere, hautesle-erroldan izena emateko epea abenduaren 1etik 2023ko urtarrilaren 15era bitartean izango da. Honako hauek dira ezinbesteko eskakizunak: ohiko egoitzari dagokion udalean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria izatea; Espainiako Estatuan egoitzabaimena izatea, eta legez 5 urtez bizitzen eramatea (3 urte, Norvegiaren eta Erresuma Batuaren kasuan). Ondoren, botoa emateko eskubidea baliatzeko nahia adierazten duen dokumentua beharko da.

Botoa emateko eskubidea duten biztanleak

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroak, maiatzean, Atzerriko nazionalitatea eta jatorria duten hautesleei buruzko estatistika-datuak azterlana egin zuen, 2021eko datuekin. Txostenak dakarrenaren arabera, 57.412 pertsona dira; haietatik, 29.060 pertsona EBko zenbait herrialde kidetakoak dira, eta 28.352, Espainiako Estatuarekin botoa emateko eskubidea aitortzeko akordioak dituzten herrialdeetakoak.

Hala ere, erkidegoz kanpoko pertsonen erroldatzeari dagokionez ere legeegoitzako bost urteko eskakizuna betetzen duten zehaztea oso zaila dela azpimarratzen du. “Nabarmendu behar da EBkoak ez diren pertsonen egoitzaurteen kopurua estatistika-kontroletik kanpo” dagoela, “kontuan hartuta hura dela botoa emateko gaitasuna ematen diena”, dakar dokumentuak.

EAEn bizi diren eta Espainiako nazionalitatea duten pertsonak honako udalerri hauetan banatzen dira, nagusiki: Bilbo (14.837), Vitoria-Gasteiz (12.010), Donostia / San Sebastián (7.732), Barakaldo (3.385), Getxo (3.173), Irun (2.919) eta Leioa (1.263).

Bestalde, EBtik datozen pertsonak, honako udalerri hauetan finkatu dira: Bilbo (3.818), Donostia / San Sebastián (2.802) eta Vitoria-Gasteiz (1.771). Eta erkidegoz kanpoko herrialdeetakoak, honako hauetan: Bilbo (7.446), VitoriaGasteiz (4.653), Barakaldo (2.065), Donostia / San Sebastián (1.909), Getxo (1.451) eta Irun (709).

Jatorrizko lekuari dagokionez, Errumaniako 14.479 pertsona, Portugalgo 5.421 eta Kolonbiako 11.899 erregistratu dira.

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa gizarte-eragileen, hirugarren sektoreko entitateen, sindikatuen, enpresaburuen, erakundeen eta administrazio publikoen arteko hausnarketa- eta koordinazio-espazio bat da. Helburua da atzerriko jatorria duten herritarren eta errefuxiatuen integraziorako bide ematen duten ekintzetan eraginkortasuna hobetzea.

Honako ikuspegi hauetatik lan egiten duten hamar bat batzordek eratzen dute: gizarte-baliabideak eta etxebizitza; lana; berme juridikoak eta giza eskubideak; hezkuntza; osasuna; harrera eta elkarbizitza; berdintasuna; asiloa; euskara eta hizkuntza-aniztasuna, eta parte-hartzea, kultura eta sentsibilizazioa. Azken hori da, zehazki, Botoa ematea zure eskubidea da kanpaina abiarazteko batzorde arduraduna.

  • EUDELeko elkarteburua euskal udalak ordezkatzen ari da EUEK-Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko tokiko liderren goi-bileran, abenduaren 5etik 6ra, Frantziako hiriburuan.
  • Erronka globalei aurre egiteko moduari buruzko eztabaida politikoan, Urtaranek mezu bikoitza zabaldu du: Euskadiko udalerrien aliantza Europarekin eta Europako estrategiarekin, eta printzipio eta balio demokratiko komunen defentsa.

2022ko abenduaren 6an. Gorka Urtaran euskal udalen ordezkari ofizial gisa parte hartzen ari da egun hauetan Parisko Udalean egiten ari den tokiko eta eskualdeko gobernuen Europako gailurrean, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (EUEK) zuzendaritza-batzordearen esparruan.

Anne Hidalgo alkatea da Europako topaketaren anfitrioi; Frantziako udalerrien elkarteak antolatu du, eta EUEK-ko 60 elkarte bildu ditu, Europako Kontseiluaren inguruko 41 herrialdetakoak, 150.000 udalerri baino gehiagoren ordezkari.

Goi-bilera atzo hasi da, gaur arratsaldean. Eztabaida politikoa izan da alkateen eta tokiko beste buruzagi batzuen artean, herritarren desafekzioaren eta tentsio sozialen arriskuaren aurrean erantzun koordinatuak proposatzeko, gaur egungoa bezalako ziurgabetasun-testuinguru batean, hainbat krisi gainjarriren presentziarekin.

Elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkateak homologoen arteko truke horretan parte hartu du, euskal munizipalismoari buruzko hausnarketa partekatzeko, udalek maiatzeko hauteskundeen aurretik egindako azken Batzarrean, egin zuen hitzaldiko mezuekin bat etorriz.

Gorka Urtaran agertoki geopolitiko konplexuaz mintzatu da, Ukrainaren inbasio errusiarraren ondoren edo Txinak Taiwanen kontra egindako mehatxu militarraren ondoren sortutakoaz. Esan du erronka global handiak aldi berean “aukera-garai” bat direla, eta bi mezu nagusi zabaldu zuen:

Lehenik, Europan aliantza egitearekiko konpromiso irmoa adierazi du. Elkarteburuak aipatu duenez  “Euskal udalerriok Europako estrategiaren ildo berean gaude. Europarekin dugun harremana joan den mendearen erdialdekoa da, Euskadik Europaren aliatua izaten jarraitzen du eta euskal udalerriok ere oinarri europarra daukaten tokiko kudeaketa- eta koordinazio-organoen aliatuak gara, EUEK-renak adibidez”.

Bigarren mezuan, “Gure bizikidetza baketsua arriskuan jartzen duten” nazioarteko mehatxuen aurrean balio eta printzipio humanista eta demokratikoak babestearen garrantzia azpimarratu du.

Gorka Urtaranek tokiko gobernuen funtsezko papera azpimarratu du, Europako balio komunak defendatzeko eta sustatzeko: elkartasuna, pluralismoa, tolerantzia, berdintasuna, aniztasuna eta desberdintasunekiko errespetua. Gaineratu duenez, “Parte hartzen eta Europarako etorkizun hobea eraikitzen jarraitzeko borondatea dugu, gure identitatetik, gure hizkuntzatik, kulturatik eta ohituratik”.

EUDELeko elkarteburuak “komunitatearen zentzua” indartzera deitu du, “kohesio emozionaletik”, errespetuan eta askatasunean oinarritutako giza harremanetarako behar diren emozio eta afektuetatik abiatuta. Eta nabarmendu zuen balio ukiezin horiek “euskal komunitatea egiten dutela, Euskadin eta Europan”.

Azkenik, Urtaranek udalen “konpromisoa eta lidergoa” balioetsi ditu herritartasun aktiboa bultzatzeko hirietan eta herrietan, “Europaren bihotza” zirela esan du. Urtaranek tokiko gobernuen “rol protagonista” aldarrikatu du, “pertsonen, udalerrien eta herrialdeen arteko konfiantzazko zubiak eraikitzeko, ezinbestekoak baitira gizarte- eta demografia-trantsizio handiei ekiteko, bai berdea eta bai digitala”.

EUEK-ko lehendakaritza berria, Ukraina eta Berdintasunerako Europako Gutuna

EUDELeko elkarteburuak EUEK-ko presidente berria eta bi presidente-kideak zoriondu ditu, hiru urte agintaldirako hautatu baitituzte.

EUEK-ko presidentea (Norvegia): Gunn Marit Helgesen, Vestfoldeko zinegotzia eta Norvegiako udalen elkarteko presidentea.

Presidente-kideak (Frantzia eta Alemania):

Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta Frantziako udalen elkarteko presidentea

Christoph Schanaudigel, Alemaniako Karlsruhe barrutiko presidentea.

Goi-bilerak bihar jarraituko du, abenduaren 6an, eta lehentasunezko bi gai izango ditu: Ukrainako udalerriekin lankidetzan aritzea, herritarrei eta hautetsiei laguntzeko, eta Tokiko bizitzarako emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Europako Gutuna eguneratzea; 2006. urtean onartu zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa.

  • Gorka Urtaranek goi bileraren irekierako eztabaidan parte hartuko du 14:30etik aurrera.
  • EUDELen elkarteburuak Euskadiko udalak ordezkatuko ditu Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko batzorde politikoan; presidente berria aukeratuko dute bi urterako.

2022ko abenduaren 5ean. Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua, Parisera joan da gaur biharko Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko zuzendaritza-batzordearen bileran parte hartzeko. Anne Hidalgo alkatea izango da Frantziako hiriburuko Udalak hartu duen gailur honen anfitrioia. Bertan, 41 herrialdetako toki-gobernuetako ia berrehun hautetsi elkartuko dira.

Gaur, 14:30etan, eztabaida politiko bat zabalduko du bilera:   “Krisia, gizarte-mailako ezegonkortasuna eta gizartearen polarizazioa”. Gorka Urtaranek irekiera-saioan parte hartuko du bertoko beste lider batzuekin batera: “EUDEL ordezkatzen ari gara udalerrien eta eskualdeen goi-bilera honetan, euskal udalerriek Europarekin dugun konpromisoa adierazteko. Eta bereziki, Europako balio eta printzipio demokratiko eta humanistikoak duten garrantzia, bai giza eta bai nazioarteko ordenaren barruko herrialdeen arteko harremanetan.”

Eztabaidaren ostean, bozketa egingo da, EUEKren presidentetza berritzeko bi urteko agintaldirako (2023-2025). Gaur egungo presidentea Emilia-Romagna eskualdeko presidentea da, Stefano Bonaccini, eta ez da kargua berritzeko aurkeztuko. Presidente kargurako bi hautagaitza aurkeztu dira: Gunn Marit Helgesen, Vestfoldeko zinegotzia eta Norvegiako udalerrien elkarteko presidentea; eta Philippe Laurent, Sceauxeko alkatea eta Frantziako udalerrien elkarteko presidentea.

Bigarren eta azken egunean, abenduaren 6an (asteartea), EUEK-k posizionamendu komuneko hainbat dokumentu onetsiko ditu. EUDELek tokiko bizitzan Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren eguneratzean parte hartuko du; 2006an onetsi zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa. Europako Gutun berria Euskadin erdietsitako aurrerapenen ildoan dago eta Berdinsarea sareko udalen lanarekin. Berdinsarea EUDELek koordinatzen du, eta, Emakunderen bidez, Eusko Jaurlaritzaren bultzada du.

EUEK

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak 41 herrialdetako toki-gobernuen 60 elkartetako 150.000 udalerri baino  gehiago ordezkatzen ditu, Europar Batasuneko estatu kide guztiak barne.

 

Zeregin nagusi bi ditu: Europako politika guztietan eragitea udalerriei eragiten dieten esparru guztietan, eta elkarteen arteko eztabaida eta lankidetzarako foroa eratzea.

  • Gorka Urtaranek hasierako eztabaida politikoan parte hartuko du; abenduaren 5ean (astelehena), 14.00etatik aurrera.
  • EUDELen elkarteburuak Euskadiko udalak ordezkatuko ditu Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko batzorde politikoan; presidente berria aukeratuko dute bi urterako.

2022ko abenduaren 1a. Datorren asteko astelehenean eta asteartean, abenduaren 5ean eta 6an, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaran Parisen egongo da abenduaren 5ean eta 6an, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko Zuzendaritza Batzordearen bileran parte hartzeko. Anne Hidalgo alkatea izango da Frantziako hiriburuko Udalak hartuko duen gailur honen anfitrioia. Bertan, 41 herrialdetako toki-gobernuetako ia berrehun hautetsi elkartuko dira.

Gailurra astelehenean, hilaren 5ean, hasiko da, 14:00etan; “Krisia, desegonkortasun soziala eta gizartearen polarizazioa” izeneko maila handiko eztabaida politikoa eginez.

Gorka Urtaran elkarteburuak eztabaidan parte hartuko du bere homologoekin batera, Europan udalerrien arteko kooperazioak duen garrantziaz eta demokrazia eta gizarte-kohesioa babesteko tokiko gobernuen funtsezko zereginaz hitz egiteko, ziurgabetasuneko eta mehatxu globaletako testuinguruan.

Eztabaidaren ostean, bozketa egingo da, EUEKren presidentetza berritzeko bi urteko agintaldirako (2023-2025). Gaur egungo presidentea Emilia-Romagna eskualdeko presidentea da, Stefano Bonaccini, eta ez da kargua berritzeko aurkeztuko.

Bigarren eta azken egunean, abenduaren 6an (asteartea), EUEK-k posizionamendu komuneko hainbat dokumentu onetsiko ditu. EUDELek tokiko bizitzan Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren eguneratzean parte hartuko du; 2016an onetsi zen, berdintasuneko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politiken erreferente gisa. Europako Gutun berria Euskadin erdietsitako aurrerapenen ildoan dago eta Berdinsarea sareko udalen lanarekin. Berdinsarea EUDELek koordinatzen du, eta, Emakunderen bidez, Eusko Jaurlaritzaren bultzada du.

EUEK

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak 41 herrialdetako toki-gobernuen 60 elkartetako 150.000 udalerri baino  gehiago ordezkatzen ditu, Europar Batasuneko estatu kide guztiak barne.

Zeregin nagusi bi ditu: Europako politika guztietan eragitea udalerriei eragiten dieten esparru guztietan, eta elkarteen arteko eztabaida eta lankidetzarako foroa eratzea.

 

Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua eta Vitoria-Gasteizko alkatea

EUDELeko elkarteburuak, Gorka Urtaranek, parte hartu du gaur, asteazkenean, (2022-2036) Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren ekitaldi ofizialean, Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuarekin, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuarekin, eta erakundeetako, enpresetako, hirugarren sektoreko erakundeetako eta gizarte zibileko beste eragile batzuetako edo kolektibo profesionaletako ordezkariekin batera.

Gorka Urtaranek, euskal udalerrien ordezkari eta Vitoria-Gasteizko alkatea den aldetik, akordio hORI sinatu du, eta 88 erakundek egin dute bat, Euskadik arlo horretan dituen erronkei era eraginkorrean aurre egiteko datozen hamabost urteetan. Helburuetako bat da etxebizitzaren esparruan herritarrekin diharduten eragileek modu lerrokatuan, partekatuan eta lankidetzan oinarrituta lan egiten dutela bermatzea, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin.

  • Itunak alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzeko eta 50.000 etxebizitzako parke batera iristeko, babes-etxebizitza iraunkorren kopurua parkearen guztizkoaren % 12ra igotzeko edota 2036. urtea amaitu baino lehen hiru etxetik bat birgaitzeko helburuak ezarri ditu

(Iturria: IREKIA)

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuak ekitaldian azpimarratu duenez, Euskadi erreferentzia da etxebizitza-politiken arloan. Ildo horretan, Autonomia Erkidegoko lege bat du, eta Estatuan inspirazio-iturri diren hainbat neurri zehatz hartu ditu, hala nola gazteei laguntzeko hartutakoak. Sailburuak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza duina eta kalitatekoa izateko aukera eskubide subjektiboa dela, eta, azpimarratu duenez, hain oinarrizkoa da, beste eskubide batzuen lorpena baldintzatzen du.

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozial berrian, gizarte-erakundeak, etxebizitza-kooperatibak, sindikatuak, enpresa pribatuak, profesionalen elkargoak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta klusterrak daude ordezkatuta.

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean, lau xede kuantitatibo ezartzen dira 2036rako, baita lehentasunezko sei jarduketa-ildo ere, helburu horiek lortzeko.  Haien artean, azpimarratu beharra dago 2036. urterako Autonomia Erkidegoko etxebizitza nagusien % 5 alokairu eskuragarriaren eskaintza publikora bideratzeko helburua (50.000 etxebizitza). Halaber, babes publikoko etxebizitza-parke iraunkorra etxebizitza nagusien % 12ra igotzeko helburua nabarmentzen da. Era berean, hamabost urteko epean urtean eraikinen % 3 birgaitu daitezen lortzea planteatzen da (gaur egun % 1,5 birgaitzen dira). Horrela, beraz, 350.000 etxebizitza eraberritu behar dira epe horretan (eraikitako hirutik bat, gutxi gorabehera). Xedeen artean, halaber, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten kolektiboentzat etxebizitza libreen (obra berrikoen zein birgaitutako etxebizitzen) parke bat izateko beharra ezartzen da.

Xede horiek lortzeko, itunak lehentasunezko jarduketa-ildo batzuk eta haiek abian jartzeko jarraibideak aurreikusten ditu:

  • Inbertsio handiagoa etxebizitzan, pizgarri fiskaletan oinarritua. Etxebizitza-arloko gastu publikoa pixkanaka handitzea, BPGaren % 1,5 ingurura iritsi dadin, eta birgaitzeari lotutako inbertsio pribatua BPGaren % 5 ingurukoa izatea, Europako herrialderik aurreratuenen antzera.
  • Etxebizitza-politikaren gizarte-dimentsioan sakontzen jarraitzea. Etxebizitza-politikaren eta gainerako gizarte-politiken (gizarte-zerbitzuak, gazteak, adinekoak, desgaitasuna, berdintasuna, enplegua eta abar) arteko integrazio handiagoa lortzearen aldeko apustua egiten da. Horretarako, hainbat errealitateri (hala nola etxegabetasunari, familia ugariei eta gazteek etxebizitza eskuratzeko aukerari) erantzun integralagoak emango dizkieten zerbitzuak eta programak jarriko dira abian.
  • Udal-agenda estrategikoan etxebizitza txertatzeko aukera zabaltzea, eta, ildo horretan, tokiko etxebizitza-planak lantzeko babes-ildo bat abian jartzea.
  • Eraikuntza-sektore erakargarri, lehiakor eta berritzaile bat osatzea, eta, horretarako, sektoreko talentuaren trebakuntza eta garapena eta haren berrikuntza-proiektuak bultzatzea eta sektorean emakume gehiago sartzeko aukera erraztea.
  • Datu-adimena eta ebaluazio aurreratua; ildo horretan, Etxebizitzako Behatokiaren zeregina indartu eta instituzionalizatu egingo da.
  • Inplikazio eta lankidetza publiko-pribatu-soziala; Etxebizitzaren Foroa abian jarri eta dinamizatuko da (Itunaren bitartez konprometitutako eragileen parte-hartzerako eta haien arteko lankidetzarako gune egonkor gisa), eta herritarrek parte hartzeko prozesuak bultzatuko dira.
  • 576 gizon eta 242 emakume dira, eta gehienak 25 urtetik 34 urtera bitartekoak dira eta Bizkaian bizi dira
  • 158 Euskadiko 21 udaletako udaltzaingoetan eta 660 Ertzaintzan sartuko dira
  • Euskadiko udaltzaingoetako eta Ertzaintzako bigarren agente-promozio bateratua da, baina zeremonia batera egiten duten lehenengo aldia da, aurreko edizioan ekitaldia bertan behera geratu baitzen Covid-19aren ondorioz
  • Lehenengo agente-promozioa 1982ko otsailean irten zen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiatik, eta, ordutik, berrogei urtean, Arkautek 30 promozio sortu ditu
  • Ekitaldi solemnean minutu bateko isilunea egin dute ETAk hil zituen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente guztien omenez

Arkaute, 2022ko azaroak 23

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela egin da datorren abenduaren 1ean Euskadiko polizia-kidegoetako euren postuetan sartuko diren Euskal Poliziako 818 agenteei egiaztagiriak banatzeko zeremonia.  Egiaztagiriak banatzeko ekitaldi solemne horretan izan dira Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburua, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Andres Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaria, Malentxo Arruabarrena Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendaria ere. Poliziaren ordezkari gisa izan dira Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Alfonso Garaikoetxea Herritarren Babeserako Ataleko burua, Jose María Yurrebaso Ikerketa Kriminalaren Ataleko burua, Jon Ziarsolo Inteligentzia Bulego Nagusiaren burua eta Asier Erkoreka AJEPLE-EUBE Udaltzaingoburuen Elkartearen burua.

Euskadiko udaltzaingoetako eta Ertzaintzako bigarren agente-promozio bateratua da, baina diplomak banatzeko zeremonia, kolore ezberdinetako uniformeekin, batera egiten duten lehenengo aldia da, aurreko edizioan ekitaldia bertan behera geratu baitzen Covid-19aren ondorioz.

Ekitaldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako patio nagusian egin da, eta bertan izan dira Euskal Poliziako agente berri hauen 3.000 bat familiarteko eta adiskide. Agenteek, 9 hilabeteko formakuntzaren ondoren, urtebeteko in job praktikaldia hasiko dute orain behin-behineko plaza lortu duten Euskadiko polizia-kidegoan.

Tradizioari jarraituz, agente berrien promozio bakoitzak hegazti bat aukeratzen du enblema moduan. Oraingoan, Euskal Poliziaren bigarren promozioak zingira-mirotza aukeratu du.

Euskal Polizia

Gaur Euskal Poliziako agente-diploma jaso duten 818 pertsona horietatik:

  • 576 gizonak dira eta 242 emakumeak.
  • Gehienak, ia % 70, 25 urtetik 34 urtera bitartekoak dira.
  • % 63 bizkaitarrak dira, % 19,5 gipuzkoarrak eta % 12,5 arabarrak.
  • 660 Euskadiko 33 ertzain-etxetan sartuko dira: 457 gizon eta 203 emakume.
  • 158 udaltzaingoetan, 21 kidegotan, sartuko dira: 119 gizon eta 39 emakume: Astigarraga (1 agente), Azkoitia (3), Basauri (9), Bermeo (3), Bilbo (57), Donostia (9), Durango (1), Etxebarri (4), Getxo (6), Hondarribia (7), Irun (2), Lekeitio (4), Laudio (3), Ondarroa (1), Pasaia (5), Portugalete (2), Tolosa (2), Trapagaran (5), Vitoria-Gasteiz (27), Zarautz (5) eta Zumaia (2).

Ikasle bikainak

Lehenengo agente-promozioa 1982ko otsailean hasi zen Arkauten prestatzen. Ordutik 40 urte igaro dira, eta orain 30. promozioa irten da, aldi berean Euskal Poliziaren 2. promozioa dena; izan ere, Akademiako formakuntza eta hautaketa prozesua bateratua da Ertzaintzarentzat eta nahi duten Euskadiko udaltzaingoentzat.

Promozio bakoitzak aukeratutako hegaztia daraman estandarte propioa du, eta gaurko desfilean promozioko 30 ordezkari eta ordezkariordeek eraman dute, Beatriz Aguirre Sáenz ordezkari gorena buru zela. Ertzaintzako agente honek Ikasle Batzordearen lehendakaria izateko ardura garrantzitsua bete du ikasturte osoan.

Gainera, bikaintasunagatik, agente hauek ere nabarmendu dira desfilean:

  • Ikurrinarekin: Iñigo Ogueta Aldecogaray, promozioko 1. agentea, 9 hilabete hauetan puntuaziorik onena atera duena. Bilboko Udaltzaingoan sartuko da.
  • Ertzaintzaren estandartearekin: Izaskun Martín Alonso, Ertzaintzaren promozioko 1. agentea, 660 ertzainetatik puntuaziorik onena atera duena.
  • Udaltzaingoaren estandartearekin: Koldo Olarte Lorenzo, udaltzaingoen promozioko 1. agentea, Euskadiko 158 udaltzaingoetako puntuaziorik onena atera duena. Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoan sartuko da.

Minutuko isilunea

Zeremoniako beste une berezi bat izan da Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu duenean, gaurko egunez, orain dela 21 urte, ETAk Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo Ertzaintzako agenteak hil zituela Beasaingo biribilgune batean trafikoa arautzen ari zirenean. Ekitaldi solemnean lehendakariak minutu bateko isilunea eskatu du ETAk hil zituen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente guztiak gogoratzeko.