Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Gorka Urtaran elkarteburuak komunikabideen galderei erantzun die gaur goizean, Bilbon EUDEL eta Euskaltzaindiaren arteko Hitzarmena aurkeztu ondoren.

Gorka Urtaranek euskal alkateen “kezka bikoitza”ren berri eman die, pandemiaren egungo egoeraren aurrean. Alde batetik, udalerrietan kutsatze-tasek gora egin dutela-eta, elkarteburuak beste behin ere gizarte osoaren ardura indibidual nahiz kolektiboa eskatu ditu. Gorka Urtaranek herritarrei dei egin die “pazientzia” izan dezaten, “gutxiago falta baita” talde-immunitatea lortzeko. Halaber, “zentzuz eta burua erabilita” jokatzeko eskatu die, indarrean dauden gaur egungo neurriak betez (maskara erabiltzea, distantzia zaintzea eta pilaketak saihestea); birusa ez hedatzeko “neurri eraginkorrak” direla nabarmendu du.

Bigarrenik, EUDELen elkarteburua arduratuta agertu da azken egunetan zenbait euskal udalerritan gertatu diren gizalegerik gabeko ekintzen eta indarkeriazko gertakarien ondorioz; “gutxiengoa” badira ere, atsekabea eta alarma ari dira eragiten gizartean. Urtaran elkarteburuak “gaitzespen irmoa” erakutsi du udalerri batean gazte talde batek gazte bati egindako indarkeriazko erasoaren aurrean. Horri dagokionez, azpimarra jarri du “berdintasunaren, askatasunaren eta giza eskubideen errespetuan, batez ere, pertsonen duintasunaren errespetuan, indarkeriazko gertakari oro saihesteko”.

Azkenik, gogora ekarri du “ezin dela jarri udaltzain edo ertzain bat biztanle bakoitzaren atzean”. Etxeratze-aginduei dagokienez, EUDELen elkarteburuak berretsi du “neurri horiek ez direla Euskadiko ezein arduradun politikoren gustuko”, baina, zenbaitetan, “hori da neurri bakarra biztanleen artean arrisku-egoerak eragozteko”.

  • Euskal Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena berritu dute. Hitzarmenaren xede nagusia da EUDELen kide diren toki erakundeei laguntza teknikoa ematea, batez ere, Onomastika alorrean, eta  2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.
  • Azken hamarkadan, alor horretako ehunka kontsulta jaso ditu Euskaltzaindiak toki-erakundeetatik.
  • Gaurko ekitaldian, EUDELek eta Euskaltzaindiak Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburuaren berrargitalpena aurkeztu dute.

BILBO (2021-07-28). Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Euskaltzaindiak hitzarmena berritu dute gaur, Akademiaren egoitza nagusian. Hitzarmenaren xedea Euskadiko toki erakundeei laguntza teknikoa ematea da, batez ere, Onomastika alorrean. Hau da, industrialdeen, auzo berrien, bizitegi-unitateen, naturaguneen, parkeen, atsedenlekuen, zerbitzuguneen, katalogatutako udal-mendien eta abarren leku-izenei buruzko aholkuak ematea, bai eta toki-erakundeok zeinek bere lurralde-esparruko toponimia-azterketa luze-zabalagoak egiteko baliatu behar diren jarraibide eta irizpide orokorrei buruz ere.

Era berean, udalek hala eskatzen dutenean, onomastika-arloari buruzko etengabeko aholkularitza emango zaie, batez ere, euskal odonimiaren -kale eta antzekoen izenak- arloan.

Toki-erakundeek egiten dituzten eskaerak modu eraginkorrean koordinatu eta bideratzeko, eskaerok EUDELera bidali beharko dira eta elkarteak bideak ezarriko ditu jasotako eskaerak Euskaltzaindiari birbidaltzeko.

Hitzarmen hau 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta esanbidez luzatu ahal izango da urterik urte, gehienez ere, lau urtera arte.

EUDELen ekarpenaren bidez, 15.000 euro urtean, toki erakundeei Euskaltzaindiaren laguntza teknikoa ematea bermatzen du. Hitzarmenak jasotzen duen bezala, Euskaltzaindia izango da lan honetatik sortutako datu-basearen egilea, eta horren jabetza intelektual osoa berea izango da. Hori bai, Euskararen Akademiak datu-basea kontsultatzeko sarbide zuzena bermatu beharko dio EUDELi, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu.

Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak hitzarmenaren onurak azpimarratu ditu prentsaurrekoan: “Euskaltzaindiarekiko eta gainerako erakundeekiko lankidetza funtsezkoa da udal-eskumenak osotasunean garatzeko eta euskararen erabileran aurrera egiten jarraitzeko, bai administrazioaren barruan zein kanpoan. Gure hizkuntza pertsonen arteko topagunea da; beraz, gizarte osoaren zeregina da euskara bizirik eta batuta mantentzea herri eta hiri bakoitzeko txoko guztietan”.

Andres Urrutia euskaltzainburuak ere erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta adierazi du hitzarmen honekin etorkizuneko erronkak bideratzeko “oinarri sendoak” jarri direla: “Aspaldikoa da EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza. Ekitaldi honek berresten du ibilbide hori, eta premia berriei erantzuna ematen zaie, gero eta zeresana eta zeregin handiagoa baitauka euskarak udal eskumenetan, hur-hurreko bizitza euskalduna bermatzeko herritar guztiei. Horra bada, gure hurrengo urteetako helmuga eta xedea, hitzarmen honek ahalbidetuko duena”.

Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak

Gaurko agerpenean Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak eskuliburuaren berrargitalpena ere aurkeztu dute erakundeek, eta ondoko asteetan EUDEL elkarteko kide diren toki-erakundeetan banatuko da.

Liburua 2019an aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, mendeurreneko ospakizunen baitan eginiko Onomastika jardunaldian, Gasteizen.

Gogoratu behar da Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak euskal izenen ikerketa duela helburu, bai antroponimoena (pertsona izenak, deiturak…) bai toponimoena (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak…). Izen horiek bildu, sailkatu, ikertu eta arautu ondotik, beharrezkotzat jotzen da Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskararen erabileran eta normalizazioan eragina izan dezaten. Liburu honen helburuak zeregin horri erantzuten dio: urte askotan metatutako eskarmentua baliaturik, karrika-izenetarako emandako irizpideak agertzen dira bertan, izen horiek eguneratzeko, osatzeko eta xeheago deskribatuta berridazteko baliagarri direnak.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak irmoki gaitzetsi eta arbuiatzen ditu Berrizen emakume batek bikotekidearen eskutik jasandako erasoa eta Xixonen bi emakumek (bat, Bergarakoa) jasandako sexu-erasoa. EUDELek elkartasuna helarazi nahi die biktimei, haien familiei eta inguruko pertsonei.

EUDELek gogorarazten du erasoek eta heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria era guztietan   (psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek babestu egiten ditu Berriz eta Bergarako udalek egin dituzten gaitzespen-adierazpenak, eta eraso horiek gaitzesteko antolatuko diren ekitaldi guztiekin bat egingo du, esate baterako, gaur arratsalderako Berrizko Udalak deitu duen kontzentrazioarekin. 19:00etan izango da, Urtiaga plazan.

2021eko uztailak 27.

  • Metodologia berriak legez ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23 izatea tributu itunduetan, eta gomendio izatetik betebehar izatera igaro da. Gainera, gaur egungo ehunekoaren aldean igoera dakar (% 54,70; % 37,64ren parekoa).
  • Gorka Urtaran elkarteburuaren arabera, “mugarririk garrantzitsuena da, ETELen ondoren. Lege berri honek gainerako erakundeen maila berean jartzen gaitu, eta udalen funtsezko zeregina finkatzen du, herrialdearen egonkortasunean eta erronketan laguntzeko”.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 15ean. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren gaur arratsaldeko bileran, indarrean dagoen Ekarpenen Legearen metodologia berritzeko erabakia berretsi dute Udalek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek; orain, Eusko Legebiltzarrak onetsi beharko du, indarrean sar dadin. Lege berriak erakunde desberdinen eskaerak eta, bereziki, euskal udalgintzaren ikuspegia jasotzen ditu, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen (ETEL) aginduak barnean baititu. Zehazki, lehen aldiz, udal-finantziazioari buruzko berariazko kapitulu bat sartu da.

Bileraren ondorengo prentsaurrekoan, erkidegoko erakunde guztien artean erdietsitako akordioaren garrantzia nabarmendu du EUDELen elkarteburuak, Ekarpenen Legean udalerrien finantziazioa “hobetu eta blindatzeko”. Hain zuzen, Gorka Urtaranek “mugarririk garrantzitsuentzat” jo du akordio hau, ETELen ondoren, “udalak erakunde gisa herrialdearen arkitekturan kontsolidatuko baititu, beste bi mailetako erakundeen pareko”.

Elkarteburuak azaldu du Ekarpenen Legearen zein hiru aurrerapen diren garrantzitsuenak euskal udalgintza indartzeko, eta horiek aurrerapauso handia dira Euskadiko Toki Erakundeen Legea praktikan jartzeko. ETELen garapena lehentasuna da udalentzat; horregatik, EUDELen zeregin nagusia lege horrek agindutakoa benetan gauzatzen dela zaintzea da.

Hiru aurrerapen udalerrientzat, Ekarpenen Legean

1.- Toki-erakundeen finantziazioa hobetu eta blindatzen du: gutxieneko partaidetza-ehuneko handiagoa, eta finantziazio handiagoa gizarte-zerbitzuentzat eta euskararentzat.

20.2 artikuluak % 39,23 ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekotzat, lurralde historikoaren baliabide erabilgarriei dagokienez. Indarrean dagoen 2/2007 Legearen aldean, tributu itunduetan, toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa handitu egiten da, bai eta legez kontsolidatu ere, hau da, lehen gomendio zena, orain nahitaez bete beharrekoa da. Gainera, ehuneko hori indarrean dagoen legeak gomendatutako % 54,70ko ehunekotik gora dago (% 37,64ren baliokidea).

EUDELen elkarteburuak balioa eman dio “aurrerapauso garrantzitsu” horri, udalerrien finantziaziorako bermea areagotzen baitu, Batzar Nagusiek ezin izango dutelako ezarri foru-arauetan ehuneko hori baino finantziazio txikiagorik. Halaber, Gorka Urtaranek esan duenez, “ezkutu gisa balioko du, gure finantziazioa babesteko eta gure herritarrek hurbilen dituzten erakundeengandik behar eta espero duten une nahiz egoera bakoitzari erantzun ahal izateko”.

Bestalde, baliabideak banatzeko ereduan sartu da Gobernuak Lurralde Historikoei ematen dien finantziazioa, gizarte-zerbitzuen politikak finantzatzeko (24.514.000 euro), eta euskara sustatzeko tokiko politikak eta udal-mailako normalizazio-planak egiteko (900.000 euro).

2.- Udalerriak Euskadiko arkitekturako gainerako bi erakundeen maila bereko toki-erakundetzat finkatzen ditu.

Lehen aldiz, udal-finantziazioak kapitulu propio bat (V) du Legearen barruan. Bertan, herrialdeko baliabide ekonomikoen banaketa-egiturako partaidetza ezartzen eta aitortzen zaio.

Udalek Egokitzapenerako Funts Orokorrean ere parte hartuko dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin batera, koefiziente bertikal eta horizontalen arabera. Funts horren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45era igotzen da, egungo legeak finkatutako % 1aren aldean.

3.- Udalen funtsezko zeregina indartzen du gainerako euskal erakundeekin erabaki eta kolaboratzeko herrialdearen egonkortasunaz den bezainbatean, eta gizarte gisa ditugun erronkei elkarrekin erantzuteko.

Gorka Urtaranek baieztatu du Euskadiren erakunde- eta finantza-egonkortasuna “erabakigarria” dela erantzun koordinatu, efiziente eta efikazak emateko suspertze- eta eraldaketa-erronkei, garapen jasangarriari dagokionez. “Eraldaketa lankidetzazko gobernantzaren bitartez egin behar da, behetik gora, udalerri eta lurraldeetatik”, gaineratu du elkarteburuak.

LHEKren bilerari buruzko informazioa (oharra, argazkiak, bideo/audioa) hemen dago eskuragarri: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/departments/105-ekonomia-eta-ogasuna/news#middle

HAEE-EUDEL prestakuntza-planaren esparruan, Osalanek antolatutako ikastaro hau udal edo udalaz gaindiko teknikariei zuzenduta dago, batez ere Hirigintza, Mantentze eta Laneko Arriskuen Prebentzio arloetakoei eta zeharkako beste arlo batzuetakoei.

EGITARAUA

Hiru ikastaro ematen dira, lurralde historiko bakoitzeko bat, honako xehetasunen arabera:

Donostia (irailak 16, 23 eta 29)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_1/eu_def/index.shtml

Bilbo (irailak 16, 22 eta 30)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_2/eu_def/index.shtml

Vitoria-Gasteiz (irailak 16 eta 24 eta urriak 1)
https://www.ivap.euskadi.eus/z16-a2prest/eu/contenidos/evento/2021_2_10_3/eu_def/index.shtml

Ikastaroaren helburu nagusiak parte-hartzaileak kontzientziatzea eta jarraibideak ematea dira:

  • Amiantoaren udal-inbentarioak egitea.
  • Amiantoa kentzeko administrazio-izapideak.

Ikasleentzako helburuak honako hauek izango dira:

  • Amiantoaren ezaugarriak ezagutzea

o  Identifikazioa, kokapena eta erabilera nagusiak;

o  Amiantoa kentzeko administrazio-izapideak.

o  Obra-proiektuen ezaugarriak.

  • Udal inbentarioak egiteko GIS tresnak erabiltzeko jarraibideak izatea.

Amaitu ondoren, ikasleek honako ezagutza hauek eskuratuko dituzte:

  • Amiantoa duten materialen aurretiazko identifikazioa egitea.
  • Bere eskumen-eremuan edo erantzukizun-eremuan amianto-arriskua duten jarduerak identifikatzea.
  • Amiantoaren udal-inbentarioaren ezaugarriak definitzea.
  • Geoeuskadi amiantoaren inbentarioa aztertzeko eta bistaratzeko tresna gisa erabiltzea eta horretan laguntzea.

Donostian, 2021eko uztailaren 9an. Mar Zabala EUDELeko zuzendari nagusiak gaur goizean hartu du parte EUROBASQUEk antolatutako UPV/EHUren udako ikastaroaren amaierako hitzaldi saioan “Europar Batasunaren etorkizuna: ikuspegi bat Euskaditik. Konferentziari egindako ekarpenak”. Bi eguneko topaketa izan da, uztailaren 8an eta 9an egin baita Donostiako Miramar Jauregian, eta hamar adituk baino gehiagok Europar Batasunaren orainari eta etorkizunari buruz dituzten ikuspegien berri eman dute.

Ikastaroaren amaierako blokearen izenburua “Euskadi Batasun Federalean txertatzea” izan da. Mar Zabala arduratu da sarrera egiteaz eta saioa moderatzeaz, eta bertan izan dira, besteak beste, Arola Urdangarin, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko zuzendaria, eta Alberto López Basaguren, UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna.

Saio horretan, EUDELeko zuzendariak ekarpenak egin dizkie hizlariei bere ikuspegiaren eta Euskadiko Udalen Elkartean metatutako esperientziaren bidez. EUDELek 40. urteurrena ospatuko du datorren urtean, lau hamarkada Euskadiko tokiko gobernuetan espiritu europarra sustatuz; eta, era berean, Euskal Herriko tokiko boterearen “ahotsa” proiektatuz Europan, hainbat erakundetan parte hartuz, hala nola Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluan (CEMR) eta Europako Kontseiluko Toki eta Eskualde Botereen Kongresuan.

Misio europazale hau Elkartearen 1982ko estatutuetan jasota dago, eta gaur egun ere erabat indarrean daude. EUDELen eginkizun nagusia udalen eskumen propioak eta finantza-nahikotasuna defendatzea da; izan ere, bi horiek dira euskal udalen bi zutabeak eta Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean biltzen dira. Eta Euskal Autonomia Erkidegoak Gutun hori hartu du inspirazio-iturri gure Toki Erakundeei buruzko Legea Europako arau aurreratuenarekin lerrokatzeko.

Tokiko boterearen indarguneak eta zeregina Europan

“Euskadiko tokiko boterea Europan” izenburupean, Mar Zabalaren hitzaldiak tokiko gobernuen funtsezko zeregina nabarmendu du pandemia osteko gizartearen erronka handiei “irtenbide bizkor, eraginkor eta hurbilak” emateko: gizartea eta ekonomia suspertzea, eraldaketa eta garapen jasangarria 2030 Agendaren barruan.

Erronka horiei erantzuteko, EUDELeko zuzendariak bi indargune aipatu ditu: “Lankidetzako gobernantza“, gobernu-maila desberdinen arteko koordinazio eraginkorrerako, eta “tokiko gobernantza ona“, Europako printzipio eta balio demokratikoak, pertsonengandik hurbilen dauden erakundeen indarra baitira.

Zuzendariak azaldu duenez, tokiko eremuan kezka agertu da birzentralizatzeko ahaleginak daudelako eta egungo pandemiaren krisi-garaian areagotu egin daitezkeelako ahaleginok. Zabalak azpimarratu du beharrezkoa dela “tokiko gobernu indartsuak eta erresilienteak” izatea, “udal-autonomiaren eta erantzukizunak eraginkortasunez eta efizientziaz gauzatzeko finantziazio nahikoaren bidez. Gertueneko gobernu-maila indartzea da helburua, gizarte-premiei hobeto erantzuteko eta pertsonak politika publikoen erdigunean jartzen laguntzeko“.

Europan tokiko boterea indartzen jarraitzeko, EUDELeko zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela udalerrien arteko itunak egitea eta sarean lan egitea, Europako gainerako erakundeei mezu bateratua eta koordinatua helarazteko. Mar Zabalak azaldu duenez, Eskualdeetako Komitearen ardura da tokiko eta eskualdeko gobernuen ekarpenak Europaren etorkizunari buruzko Biltzarrera eramatea, eta, horretarako, ezinbestekoa da EUDELen eta gisa bereko udalerrien elkarteen lankidetza eta lana.

Ondorio gisa, Mar Zabalak mezu hau helarazi du euskal udalerrien izenean: “Subsidiariotasuna, tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna, lankidetzako gobernantza eta gobernu ona dira EAEko tokiko boterearen indarguneak, Europatik datozen indarguneak dira eta horiek kokatuko gaituzte Europan. Indargune horiek lantzen eta garatzen jarraitu behar dugu, atsedenik hartu gabe. Horretan ari gara, kezkatuta eta lanpetuta, eta horregatik ari gara elkarlanean udalerri gisa, EUDELek itunak egiten ditu Europako tokiko gobernuen elkarteekin, eta horiek osatzen dugu CEMR.”

Euskal ekarpena, EuroBasque bidez

Maiatzaren 9an Estrasburgon inauguratu eta EB osoan 12 hilabetez luzatuko den Europako Biltzarrerako euskal ekarpenaren oinarria Eusko Jaurlaritzak eta EuroBasquek bideratzen dute. EuroBasquek, halaber, Bilbon duela bi aste hasitako Bost Erronka, Europa bat hitzaldi-zikloa antolatu du.

Udako ikastaro hau Irune Zuluaga EuroBasqueko presidenteak aurkeztu du, eta Eva Ferreira EHUko errektorearen eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen babesa izan du. Ikastaroaren inaugurazio-blokeak, Europako Biltzarra EBren hausnarketa eta bultzada prozesu gisa izenekoak, Biltzar honen ezaugarriak jorratu ditu, eta ekimenak Europako herritarrei dei egiten die Europaren etorkizunari buruzko eztabaidetan parte har dezaten.

Bi jardunaldietan hainbat erakundek hartu dute parte EUDELez gain, hala nola Europako Parlamentuak, Diputatuen Kongresuak, Espainiako Europako Mugimendu Federalak, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak eta Eusko Ikaskuntzak.

EuroBasque, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua, gizarte zibileko elkartea da eta 40ko hamarkadan sortu zen. Hirurogeita hamar urte geroago, lehengo helburu bera du: Euskadik EBn izango duen etorkizunari buruzko eztabaida bultzatzea. Bere zuzendaritza batzordean EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-PSOE, PP+Cs eta Elkarrekin-Podemos legebiltzar-taldeen ordezkariak ditu.

Bost Erronka, Europa bat hitzaldi-zikloak euskal partaidetza bultzatzen du Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia ekimenean eta ekainaren 22an hasi zen Bilboko Euskalduna Jauregian, ekonomia ardatz duen jardunaldi batekin. “Europa geopolitikoa: mendekotasunetik autonomia estrategikora” izango da hurrengo jardunaldia eta azaroaren 5ean egingo da Donostian.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago https://eurobasque.eus/curso-verano-futuro-la-union-europea-una-vision-desde-euskadi-aportaciones-la-conferencia/

Programa osoa: https://www.uik.eus/es/el-futuro-de-la-union-europea-una-vision-desde-euskadi-aportaciones-la-conferencia

Eurobasqueri buruz: https://eurobasque.eus/

2021eko uztailaren 8a. Lehendakariaren Dekretu berria indarrean sartu eta EUDELen Batzorde Eragilea bildu den honetan, Gorka Urtaran alkateak eta LABIko kideak honako mezu hauek helarazi dizkie gaur goizean, Gasteizko bileraren ondoren, komunikabideei:

Gorka Urtaran, EUDELeko Elkarteburuaren adierazpena

 

  • “Euskal alkate guztiok oso kezkatuta gaude kutsatze kopuruak gora egiten duelako. Udalek neurriak hartuko ditugu orain arte hartu izan ditugun bezala; baina, alkateek ezin dugu herritar bakoitzaren atzetik udaltzain bat jarri. Horregatik diogu neurririk eraginkorrena erantzukizun kolektiboa eta indibiduala bermatzea dela; eta horixe da euskal alkateok herritar guztiei helarazi nahi diegun mezua.
  • Udalek helarazi nahi dugun mezua honakoa da: pixka bat gehiago behar dugu, Euskadi; pixka bat gehiago! Ia-ia egina dugu, helmuga ikusten dugu, hor dago, oso gertu. Eta, beraz, ez dezagun hutsik egin helmuga zeharkatu aurretik. Erantzukizuna behar dugu, maskara erabiltzeko, pilaketak saihesteko, ospakizun masiboak ekiditeko… oso gutxi falta zaigulako.
  • Deia egiten dugu erantzukizun indibiduala eta kolektiboa Talde immunitatea oso gertu dago, itxaron dezagun talde immunitate hori lortzeko eta gero izango dugu aukera ospakizun masiboak eta beste gauza batzuk egiteko.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Nafarroako Murchante udalerrian gertatutako Gasteizko emakumeren hilketa matxistaren aurrean. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du Vitoria-Gasteizko Udalak deitu duen gaitzesteko elkarretaratzearekin. Elkarretaratzea gaur izango dela, 12:00etan, Udaletxearen aurreko plazan. Gorka Urtaranek, Gasteizko alkatea eta EUDELeko elkarteburua, parte hartuko du elkarretaratzean.

2021eko uztailak 8.