Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • EUDELek eta Emakundek sustatzen duten Basqueskola sareak antolatuta, Silvia Soriano ikertzailearekin solasaldia egingo da bihar, urtarrilaren 26an, arratsaldez, emakumezko alkate, zinegotzi eta berdintasun-arloko langileei zuzenduta.
  • EAEko udaletan dauden 1.200dik gora emakume hautetsiei zuzendutako ahalduntze-, truke- eta eragin-gune horrek bere trebakuntza-programaren barruan antolatu du jardunaldia.  
  • Euskadiko hautetsien % 46 eta alkateen % 29 emakumezkoak dira, eta, honenbestez, Europan gizon-emakumeen arteko oreka handiena duten lurraldeetako bat da.

2021eko urtarrilaren 25ean. Emakumezko euskal alkate eta zinegotziak buru dituen Basqueskola sareak gonbidapena egin dio Silvia Soriano irakasle eta ikertzaileari, politikaren eremuan emakumeen aurkako bortizkeriaren kontzeptua ezagutzen hasteko eta hura identifikatzeko gakoak emateko.

Tokiko emakume hautetsien bizipenei buruz Latinoamerikan egin dituen azterketetan oinarriturik, bortxakeria-mota horren adierazpideez jardungo du Sorianok, baita hura agertzen deneko egoera zehatzez ere. Hitzaldian, azpimarratu egingo da zer-nolako oztopoak eta berdintasun faltak jasaten dituzten erakundeen barruan erantzukizun publikoko karguak dituzten emakumeek.

Izan ere, gaia ez da oso ezaguna eta gutxitan aztertzen da udal-eremuan, hau da, herritarrengandik gertukoenean; horrek interesa piztu die Basqueskolaren talde eragileko hautetsiei, eta horregatik prestatu dute trebakuntza-saioa. Antolatzaileen esanetan, indarkeria-moldeak identifikatzea, baita botere-gune eta erabakiguneetan ere, egiteke dagoen lana da, eta lagunduko luke hobekuntza-ekintzak sustatzen, emakumeek politikan parte hartzeko baldintzak lortze aldera.

Lehenbiziko saio horren helburu nagusia bertaratuko diren emakume hautetsien artean hausnarketa eta eztabaida sustatzea da. Hala, parte-hartzaileek aukera izango dute hizlariari galderak egiteko, osteko solasaldian. Sareak asmoa du etorkizunean azterketa bat egiteko emakumezko hautetsiekin, politikan jardutean desberdintasunak nola atzematen dituzten galdetzeko. Izan ere, kontzientzia hartzea da lehenbiziko urratsa berdintasunik ezaren aurka borrokatzeko.

Hizlaria

Silvia Soriano Konstituzio Zuzenbideko irakaslea eta Extremadurako Unibertsitateko berdintasun-bulegoko zuzendaria da. Ikertzaile modura ibilbide luzea egin du hainbat lantaldetan, Konstituzio Zuzenbideko Sare Feministan adibidez, eta espezializatutako artikuluak argitaratu ditu Politikaren eremuan emakumeen aurkako Bortxakeria aztertuz.

Gaur egun, Soriano ikerketa bat egiten dabil Extremadurako landa- eta udal-eremuko genero-berdintasunari buruz, diagnostikoa eta proposamenak barne.

Emakumezko euskal Alkate eta Zinegotzien Sarea

Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (EUEK) 2019ko abenduan egindako azken azterketaren arabera, Euskadi eskualderik aurreratuenetakoa da emakumeek toki-gobernuetan duten ordezkaritzaz den bezainbatean. Emakumezko hautetsien portzentajea % 46koa du Euskadik, eta, horrenbestez, Islandia baizik ez du aurretik (% 47). Aitzitik, Europako (% 29) eta Estatuko (% 32) batezbestekoen oso gainetik dabil.

EUDELek eta Emakundek 2012tik sustatzen duten Virginia Woolf BASQUESKOLA guneak aurrera jarraitzen du, emakumezko alkate eta zinegotzientzat interes handikoak diren gaiei buruzko truke-, analisi- eta elkarrizketa-guneak eratzeko helburua bete nahian.

Basqueskola sarea EAEko udaletako emakume hautetsi guztiei zuzentzen zaie. Egunero tokiko euskal politikan lan egiten duten 1.200 emakume baino gehiago dira; gobernukoak eta oposiziokoak; alderdi politikoetakoak eta herritarren plataformetakoak; udal handietakoak eta txikietakoak.

Basqueskola Sarea estrategiaren helburua politikaren ingurunean aldaketak sortzea da, euskal emakume hautetsien berdintasun erreala errazteko. Horretarako, ezbaian jarri behar dira emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartze soziopolitikoa oztopatzen duten estereotipoak eta rolak.

Joan den 2020/12/31n, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legea argitaratu zen BOEn.

Lege horrek, III. tituluko I. kapituluan, sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuak arautzen ditu, eta, zehazki, 18. artikuluan, 2021eko ekitaldirako ordainsari-igoeren mugei heltzen die, eta honako hau arautzen du:

  1. artikulua. Jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuen arloan.

(…)Bi. 2021. urtean, sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariek ezin izango dute ehuneko 0,9ko igoera baino handiagoa izan 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, bai langile kopuruari, bai antzinatasunari dagokienez, alderaketaren bi aldietarako homogeneotasuna mantenduz. Gizarte-ekintzako gastuak, oro har, ezin izango dira handitu 2020koen aldean. Horri dagokionez, gizarte-ekintzako gastuak egindako lanagatiko kontraprestazioez bestelako onurak, osagarriak edo hobekuntzak direla jotzen da, sektore publikoaren zerbitzura dauden langile horien inguruabar pertsonalen ondoriozko premia jakin batzuk asetzea helburu dutenak.

Aurrekoa ikusita, abenduaren 30eko 11/2020 Legea indarrean sartu ondoren, eta Eudelek aurreko ekitaldietako ordainsari-igoerei dagokienez egin duen bezala, egin ditzakeen interpretazioak argitze aldera, egokitzat jotzen da euskal udalei honako hau egitea:

GOMENDIOA

11/2020 Legearen 18 Bi artikuluaren edukiari dagokionez, Eudelek gomendatzen du sektore publikoko langileen ordainsariak handitzea, 2021/01/01etik aurrerako ondorioekin, legez onartutako gehienekoa, hau da, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko % 0,9, konparazioaren bi aldietarako, bai langile kopuruari, bai antzinatasunari dagokionez, homogeneotasuna mantenduz.

Gomendio horren bidez, Eudelek lege-agindu horren irismen juridikoa argitu nahi du, eta horrek guztiak negoziazio kolektiboaren esparruan etorkizunean aurrera egiteko bidea erraztuko duelakoan, UDALHITZ Akordio arautzaile berri bat lortu ahal izateko.

Era berean, EUDELek berretsi du garrantzitsua dela “UDALHITZ 2008-2010 Akordioa” bere terminoetan betetzea, lortutako akordioak benetan betetzean baitago haren berme nagusia, eta, gainera, sektoreko akordio berri bat lortzeko legitimazio gisa balio du. Ildo horretan, gaur egungo UDALHITZ 2008-2010 betetzeak izan ditzakeen hutsuneak konpontzeko tresnak, azken zirkularretan gogorarazi dizuegun bezala, erakunde bakoitzean gaitutako “jarraipen-mahaiak” izan beharko luke. Gogorarazten dizuegu mahai hauen xedea dela, soil-soilik, egungo UDALHITZ

2008-2010 Akordioan gerta daitezkeen balizko ez-betetze puntualak konpontzeko akordioak erraztea, eta ez dutela ireki behar kanpoko gaiei buruzko edozein negoziazio-prozesu, zeinaren aplikazio-eremua EUDELen eta sindikatuen arteko UDALHITZ Negoziazio Mahai Orokorrean dagoen.

 

Urtarrilaren 12an eguneratutako dokumentua: “Ohiko galderen erantzunak. Koronabirusari aurre egiteko neurri zehatzak”

Dokumentu honen 2021ko urtarrilaren 12ko zazpigarren edizioa da eta herritarrek planteatutako zalantza berriekin eguneratu da. Galdera eta erantzun berriak sartu dira, eta erantzun batzuk zehaztu edo zuzendu dira, hobeto uler daitezen.

Dokumentua egitura honen arabera ordenatuta dago:

  • Oinarrizkoa galderak 3. orr.
  • Mugikortasuna 4. orr.
  • Ostalaritza 7. orr.
  • Kirola 9. orr.
  • Besteak 12. orr.

Herritarren zalantzak, orain arte egin den bezala, ZUZENEAN herritarrentzako zerbitzuaren bidez bideratuko dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/

Jaitsi dokumentua

Bilbon, 2020ko abenduaren 30ean.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak atzo onartutako Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia 2021-2026 Programari (‘Euskadi Next’) dagokionez, Gorka Urtaranek EUDELen elkarteburu den aldetik zer balorazio egiten duen jakinarazi du gaur, hiru mezu hauen bidez:

Gorka Urtaranen, EUDELen Elkarteburuaren, balorazioa

  1. Lehenik, EUDELen elkarteburua pozik dago “Euskadi Next” proiektuak aintzat hartzen duelako EAEko udalek egindako eskaera, alegia, Europako ezohiko funtsetan beraien parte-hartzea bermatuko duten mekanismoak arbitratzeko aukera izatea eta finantzaketa funts horiek Euskadiko udalerri guzti-guztietara iristea.
  2. Bigarrenik, funts horiek eskuratzeko udalek izango dituzten hiru bideak azpimarratu ditu Gorka Urtaranek:
  • Lehenengoa Euskadiko udalerrientzako zuzeneko laguntzen deialdia da. Laguntza horiek zuzenean kudeatuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako foru aldundiek.
  • Bigarrena Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen udal izaerako proiektuak dira, hala nola Uraren Euskal Agentziak egin ditzakeen obrak, bai eta udalerrietan degradazio handiena duten auzoetan etxebizitzak birgaitzeko eta berroneratzeko beste batzuk ere, etab.
  • Hirugarren bidea Estatuko leihatila da; bertan, Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, 1.483 milioi euro emango dira 2021ean Estatuko toki erakunde guztietarako.
  1. Hirugarrenik, Urtaran elkarteburuak oso positibotzat jo du ‘Euskadi Next’ programak jarraipen batzorde bat sortzea eta EUDELek bertan parte hartzea. Izan ere, horrela, EUDELen beraren bitartez emango zaie Euskadiko udalerri guztiei, zuzenean, hemendik aurrera emango den urrats ororen berri.
  • Ertzaintzaren XXX. Promozioko oinarrizko eskalako agenteetarako 700 plaza eta Euskadiko 18 udaletako udaltzaingoetako beste 51 dira
  • Plaza-kopurua handitzeko aukera duen deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek aurrera egin nahi dute Euskadiko polizia-kidegoen belaunaldien txanda bermatzeko eta erroldak gaztetzeko prozesuan
  • Deialdi honen beste helburu estrategiko batzuk dira emakumeek euskal polizian duten presentzia eskasa zuzentzea eta euskararen erabilera sustatzea lanerako eta herritarrekiko harremanetarako hizkuntza gisa

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak eta EUDELeko lehendakari eta Gasteizko alkate Gorta Urtaranek Euskadiko Poliziako agenteentzako deialdi bateratu berria aurkeztu dute gaur. Lehiaketa-oposaketa librea izango da eta Ertzaintzaren XXX. Promoziorako 700 ertzain plaza eta Euskadiko 18 udaltzaingoetako 51 plaza hornituko dira.

Plaza kopurua handitzeko aukera ere onartu da, eta gutxienez, beraz, oinarrizko eskalako agenteetarako 751 plaza berri deituko dira eta prozesu bateratu bakarrean hautatu eta prestatuko dira. Horrela, bateratuta, egiteak eraginkorragoak izaten, baliabide publikoak aurrezten eta Euskadiko Polizia osatzen duten kidegoen artean beharrezkoa den koordinazioa hobetzen lagunduko die Eusko Jaurlaritzari eta Euskadiko udalei. Bestalde, positiboa da formakuntza eta hautaketa irizpideak bateratu ahal izatea ere, herritarrei Euskadin zerbitzu publiko homogeneoa eman ahal izateko.

HELBURU HIRUKOITZA:

Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek adierazi dutenez, deialdiak helburu hirukoitza du:

  • Euskadiko poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea. Deialdi honekin aurrera egingo da belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea bermatzeko konpromisoan.
  • Emakumeak deialdi honetara aurkez daitezen sustatzea, emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, esate baterako delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako.
  • Polizien erroldaren % 100 euskalduna izateko azken helburura iristeko bidean aurrera egitea, euskara ohiko harremanetarako hizkuntza izan dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.

DATAK ETA BETEKIZUNAK

Deialdi bateratu berri hau datorren urteko urtarrilaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Izena emateko epea hurrengo egunean, urtarrilaren 12an, hasiko da, eta 20 egun balioduneko iraupena izango du. Formularioa, ofiziala eta normalizatua, www.arkauteakademia.eus webgune ofizialean egongo da eskuragarri.

Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen kalkuluen arabera, lehenengo probak 2021eko udaberrian egingo dira. Aurreikusten da promozio berri honetako agenteek datorren urteko udazkenean hastea prestakuntza, eta Euskadiko Polizian praktiketan lanean 2022ko bigarren seihilekoan hastea.

Adierazitako 751 plaza horietako bat betetzeko aukera izateko, izangaiek honako baldintzak bete behar dituzte:

  • 18 urte beteta eta 38 urte bete gabe izatea,
  • Gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa,
  • Batxilergoko titulua, kidekoa edo goragoko mailako beste edozein izatea,
  • Kidegoaren arabera, bete nahi den plazaren baldintza guztiak betetzea: euskara-maila, eskatutako gidabaimenak indarrean, eta abar.

POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA

Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratuko da Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri honetaz. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala izaten da, eta izena emateko epea irekitzen denean hasten da eta agente berriak behin betiko karrerako funtzionario izatera iristen direnean amaitzen da. Prozesuak pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da.
  • Praktikaldia: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskadiko Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.

Deialdi hau erronka berezia izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat, une hauetan dugun osasun-krisi globalaren ondorioz egoera zalantzazkoa baita. Pandemia-egoeraren eta birusa hedatzea geldiarazteko neurrien ondorioz, kutsatzea eragozteko protokolo zorrotzak sortu behar izan dira eta Akademiaren aurrekontua 3,2 milioian gehitu da prestakuntza-garaian lansariak ordaintzeko, obrak egiteko eta eremuak higienizatzeko beharrezko materiala erosteko, azpiegiturak distantzia berrietara egokitzeko, prestakuntza-gela birtualak abian jartzeko, eta abar.

ERTZAINTZAREN XXX. PROMOZIOA

Ertzaintzari dagokionez, 700 plazak XXX. Promoziorako dira. Ertzaintzaren egiturazko errolda 8.000 agentekoa da. Une hauetan, 7.419 daude jardunean, eta 581 profesionaleko defizita dago, beraz.  Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 779 agentek hartuko dutela erretiroa, eta lehentasunezkoa da, beraz, belaunaldien arteko txanda bermatzea behar diren efektiboak izan ahal izateko. Alde horretatik, Josu Erkorekak zehaztu duenez, helburua da 2021 eta 2025 artean 4 hautaketa-prozesu deitzea, urtean bat.

Ertzaintzako 700 plaza berri horiei dagokienez, honakoa da helburua:

  • 3 plazatik 1 emakumeek betetzea, era horretara gizonen eta emakumeen arteko berdintasun errealera iristeko konpromisoa betetzeko.
  • 3 plazatik 2k derrigorrezko B2 hizkuntza-eskakizuna izatea, era horretara hurrengo promozioan 462 agente euskaldun sar daitezen Ertzaintzaren erroldan.

UDALTZAINGORAKO DEIALDIA

Udaltzaingoari dagokionez, Gorka Urtaranek azaldu du udaltzaingoetako 51 plazak honako udaletan lan egiteko direla:

  • Azkoitia
  • Basauri
  • Bermeo
  • Bilbo
  • Donostia
  • Durango
  • Etxebarri
  • Getxo
  • Hondarribia
  • Irun
  • Laudio
  • Lekeitio
  • Pasaia
  • Portugalete
  • Tolosa
  • Vitoria-Gasteiz
  • Zarautz
  • Zumaia
  • Arduradun politikoek ELoGE zigiluaren bereizgarria jaso dute gaur goizean, hain zuzen, EUDELek eta Europako Kontseiluak ematen duten kristalezko dodekaedroa.
  • Irunek eta Ermuak lortu dute 2017an eskuratutako Europako aintzatespena
  • Laudio da ELoGE zigilua jaso duen Arabako lehenengo udalerria; guztira zortzi udalek jaso dute kalitate eta bikaintasunaren tokiko gobernuentzako Europako bereizgarririk handiena.
  • Berangok, Elgoibarrek eta Erandiok diploma bana jaso dute finalista gisa ELoGEren ebaluazioan.

Ekitaldiko Bideoa

Bilbon, 2020ko abenduaren 16an. Gaur goizeko 11:00etan, Bilboko EUDELen egoitzan egindako ekitaldian, Laudio, Irun eta Ermuko udalei Gobernantzaren Bikaintasunerako  Europako Zigilua (ELoGE 2020) eman zaie. ELoGE zigilua kristalezko dodekaedro batek irudikatzen du eta Gobernu Onari buruzko hamabi printzipioko zerrenda batean bikaintasunaren kalifikazioa egiaztatuta duten tokiko gobernuentzako Europako bereizketarik handiena da. Printzipio horiek kalitate gorenaren eta berrikuntza demokratikoaren estandar gisa ezarri zituen Europako Kontseiluak.

EUDEL da Euskadiko udalerrietan zigilua emateko 2017tik egiaztatutako eskualdeko plataforma. ELoGE ebaluazioa 97 adierazleko tresna batean oinarritzen da. Tresna horri esker, herritarrentzako zerbitzu publikoen eskaintzak dituen indargune eta hobekuntza-arloak identifikatzeko aukera dute tokiko agintariek. Pandemia garaian, ELoGE zigiluak

tresna baliotsua da udalentzat, haren printzipioak  garapen jasangarriaren helburuekin (GIH) bat datozelako. Hala, etorkizuneko erronkei eta eraldaketa sozialei begira, toki-erakundeak sendotzeko tresna lagungarria da.

Europako zigulua bi urtean behin berritu behar da. Zigilua lortzeaz gain, EUDELen proiektuak udalei gobernantza onaren etengabeko ebaluazio-prozesuan laguntzeko balio da eta, horrela, etengabeko hobekuntzaren pizgarri izan nahi du.

Ekimen hori udalentzako garrantzi handiagoa du pandemia-garaian. EUDELeko ordezkari eta Mungiako alkate Ager Izagirreren hitzetan, “ELoGE funtsezko proiektua da udalerrientzat eta EUDELentzat berarentzat eta garrantzi handiagoa hartzen du gaur egungo garaian. Tresna horrek gure erakundeen osasuna sendotzen laguntzen du, etorkizuneko krisiei eta susperraldi jasangarri eta erresilienteak dakartzan erronkei dagokienez”.

Ager Izagirrek nabarmendu duenez, “EUDELek udal gobernantza berritzeko lan egiten du, Euskadin eta Europan lankidetzan arituz, gero eta udal trebeagoak, eraginkorragoak eta efizienteagoak izateko eta gizarte-ongizatea nahiz bizi-kalitatea bermatzen duten zerbitzu publikoak izateko”.

Gaurko ekitaldian Europako Kontseiluko Gobernantza zuzendaria den Snežana Samardžic-Markovic andreak  ere parte hartu du, bideo mezu baten bidez, eta sei euskal hautagaiak zoriondu ditu. Izan ere, pandemiak markatutako testuinguru batean eta, beraz, aurreko edizioetan baino konplexuagoa den egoeran, proiektua garatu dutelako. Europako ordezkariak azaldu duenez, zigiluaren balioa “udalek gobernu ona lortzeko eman behar dituzten urratsei buruz Europa mailan ikuspegi bera lortzea da. Garrantzitsua da euskal agintariek, norvegiarrek, greziarrek, frantsesek edo italiarrek irizpide berberekin lan egitea. “

ELoGE zigiluaren hirugarren deialdia da EAEko udalerrietan. 2017an, Europako Kontseiluak EUDEL egiaztatu zuen, Euskadiko udalerrietan Bikaintasun Zigilua emateko. 2017an eta 2018an lehenengo bi edizioak egin ziren eta, hirugarrenarekin, aurten, guztira 16 udalek parte hartu dute; horietatik, dagoeneko zigilua duten 7 udalek.

Orain arte, Europa osoko 100 udalerrik baino ez dute Europako Kontseiluaren zigilua. Euskadiko udalerriez gain, Kataluniako udalerri bat ere badago, Parets del Vallés.

ELoGE zigilua duten euskal udalerriak

ELoGE zigilua duten EAEko udalak biztanle-tamaina guztietako udalerriak dira:

  • 10.000 biztanle baino gutxiago: Legazpi eta Urnieta
  • 10.000-20.000 bizt.: Laudio, Ermua eta Bermeo
  • 30.000-50.000 bizt.: Basauri eta Leioa.
  • 60.000 bizt baino gehiago.: Irun.

ELoGE zigilua duten EAEko udalen aniztasunak erakusten duenez, Europako tresna horrek funtzionatzen du, baliozkoa da eta Euskadiko udaletara zabal daiteke.

Udal jardunbide egokien bankua

Ager Izagirrek aurreratu duenez, EUDELen hurrengo helburua proiektu honetan Europako Kontseiluarekin lankidetzan jarraitzea da, EUDELen zerbitzu-gutunaren barruan eskaintzeko, oro har, EAEko udalei. Aldi berean, Gobernu onaren arloko udaletako praktika egokiak eta esperientzia aurreratuenak bilduko dira,  ELOGEren EAEko webgunean argitaratzeko: https://eloge.eudel.eus/buenas-practicas.php

Metodologia: autoebaluazioa, herritarrei eta tokiko hautetsiei egindako inkestak

Euskal ELoGE zigiluaren 2017ko eta 2018ko bi proiektu pilotuetarako, EUDELek egokitu egin zuen Europako metodologia estandarra EAEko udalerrien egoera espezifikora, 5.000 biztanletik beherakoak barne, eta gobernantzaren arloan izandako ibilbide desberdina kontuan hartuta (gardentasun-atariak, jokabide-kodeak, parte hartzeko organo eta sistemak).

Lehenengo pilotaje horren emaitza autoebaluaziorako tresna bat izan zen, 97 adierazlerekin, Europako Kontseiluak zehaztutako Gobernu onaren hamabi printzipioei dagokienez.

Autoebaluazioarekin batera, udalerri bakoitzak inkestak egin behar izan dizkie bere herritarrei, bai eta udal ordezkari politikoei ere. Horietan, agindu horiek betetzen diren eta aurrerapenak norainokoak diren baloratu behar dute.

ELoGE 2020 balantze-txostenak etorkizuneko ELoGE edizioetarako zenbait hobekuntza dakartza, besteak beste: udal webguneetan informazio publikoa eguneratuta edukitzea (gardentasun-atariak), kargu politiko eta zuzendarientzako Jokabide Kodeak garatzea, herritarren eskubideak eta prestazioaren kalitate-konpromisoak jasotzen dituzten Zerbitzu Gutunak argitaratzea, hainbat arlotan ikuskaritza independenteak egitea (kalitatea, berdintasuna, DBLO, sustapena eta abar), edo Prestakuntza Planak bultzatzea, udal langileak haien errendimendua etengabe hobetzera motibatzeko eta orientatzeko.

Gobernantza Onaren 12 printzipioak:

Gobernantza Onaren Europako 12 printzipioek honako gai hauek biltzen dituzte: ordezkaritza eta parte-hartzea, giza eskubideen errespetua, aniztasuna eta gizarte-kohesioa, hautetsien jokabide etikoa, gardentasuna eta berrikuntzaren aldeko apustua.

  1. Hauteskundeak eta bidezko ordezkaritza nahiz parte-hartzea
  2. Erantzuteko gaitasuna
  3. Efizientzia eta efikazia
  4. Irekia izatea eta gardentasuna
  5. Zuzenbide-estatua
  6. Jokabide etikoa
  7. Eskumenak eta gaitasunak
  8. Berrikuntza eta aldaketen aurrean irekita egoteko joera
  9. Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa
  10. Finantza-kudeaketa osasuntsua
  11. 11. Giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa
  12. Kontuak emateko betebeharra

Bilbo, abenduaren 15a. Arratsalde honetan bertan, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, Batzorde Eragilearen ordezkariak, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk, antolakuntza-buru Joseba Intxaustirekin batera, Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriaren eskutik jaso du BIKAIN ziurtagiria, hizkuntza-kudeaketaren kalitateagatik aurten aintzatetsitako erakundeei emandako ziurtagiria.

Gorka Urtaran EUDELen elkarteburua oso pozik dago euskal udalei EUDELek egunero ematen dien zerbitzurako hain garrantzitsua eta beharrezkoa den ziurtagiri hori lortzeagatik.

“Euskal udalerrien lana ziurtagiri honetarako akuilu izan da; udal konpromisoarekin bat eginez, horri esker eta horri erantzunez. EUDELek udalekin batera euskara sendotu ahal izan du, lan-hizkuntzaren erronkaren bidean, gainerakoetan bezala udalei zerbitzu onena eman ahal izateko, eta areago euskaran, gure izateko arrazoian” Gorka Urtaran, elkarteburua.

Bikain ziurtagiria

BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.

Azaroan zehar, EUDELeko antolakuntzak eta talde teknikoak BIKAIN ebaluazio-prozesuan parte hartu dute, eta horren bidez oinarrizko maila lortu da.

Ebaluazio horretan, ezarritako neurri-unitatea Erreferentzia Marko Estandarra (EME) izan da, ebaluaziorako 2 ardatzek eta 6 elementuk osatuta:

Zerbitzu-hizkuntza

1.-Komunikazioa eta erakundearen irudia (informazioa, web eta sare sozialak, errotuluak eta kartelak, ekitaldiak eta jardunaldiak, …).

2.-Udalekiko harremanak, politikariak eta teknikariak.

Lan-hizkuntza

3.-Barne-komunikazioa eta lan-tresnak (baliabide informatikoak, kudeaketa-sistemak…).

4.-Pertsonen kudeaketa (giza baliabideak, prestakuntza…)

5.-Kanpo-harremanak (erakundeak, eragileak eta erakunde laguntzaileak, enpresak, herritarrak…).

6.-Kudeaketa-sistema (hizkuntza-politika, pertsonak eta baliabideak).

Erantsian bidaltzen da abenduaren 14ean eguneratutako dokumentua: “Ohiko galderen erantzunak. Koronabirusari aurre egiteko neurri zehatzak”

DOKUMENTUA JAITSI

Dokumentu honen helburua da, ohiko galdera-erantzunen zerrenda baten bidez, honako Dekretuen edukia hobeto ulertzea eta interpretatzea:

  • 926/2020 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, SARS-CoV-2 sistemak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duena (2020ko urriaren 25eko BOE, 282. zk.).
  • 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. (248. zk., ostirala, 2020ko abenduaren 11).

Dokumentua egitura honen arabera ordenatuta dago:

  • Oinarrizkoa galderak 3. orr.
  • Mugikortasuna 4. orr.
  • Ostalaritza 8. orr.
  • Kirola 10. orr.
  • Besteak 13. orr.